2012/06/26 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Herrizaingo Sailak hamar milioi euro bideratu ditu mehatxatutako pertsonak babesteko
Ertzaintzak berritu egin du Oiartzungo bere baseko polizia-praktikarako galeria
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Ikerketa eta berriztapen teknologikoa
11,53 milioi euro pertsonal ikertzailearen prestakuntza eta hobekuntzarako beketarako
1.627.850 euro Leonardo da Vinci eta Erasmus Etengabeko Ikaskuntzaren Programarako
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Gobernu-Kontseiluak E.A.E.ko Administrazioaren eta Finantza-erakundeen arteko finantza-lankidetzarako hitzarmen bat onetsi du. Horren bitartez, enpresentzako aparteko finantzaketa-lerroa prestatu da, 666 milio euro mobilizatu ahal izateko
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Egazelain 49 zuzkidura-bizitoki sustatzeko Eibarko Udalarekin akordioa izenpetzea onartu du Jaurlaritzak
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Zahartze aktiboari buruzko lankidetza-hitzarmena Ingema Fundazioarekin
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak, hirugarren urtez jarraian, lankidetza hitzarmen bat sinatu du Lan eta Immigrazio Ministerioarekin (GSIN), aldi baterako ezintasuna hobetzeko programarekin jarraitzeko
Osasun eta kontsumo Sailak 300.000 euro bideratuko ditu GIB/HIESaren prebentzioaren eta kontrolaren arloan lan egiten duten irabazi asmorik gabeko erakundeentzako laguntzetara
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Emakume Nekazarien Estatutuaren Lege proiektua onartu da
Eraikuntza eta eraispen hondakinen ekoizpen eta kudeaketa arautzen duen Dekretua onartu da
KULTURA SAILA
Kultura Sailak ondoko diru-laguntzak eskatzeko epea ireki du: museoak sustatzekoak eta kultura ondarearekin eta zabalkuntzarekin lotura duten museoetako jarduerak burutzekoak. 500.000 euro daude diru-laguntza horietarako
Jaurlaritzak 200.000 euro bideratuko ditu toki-mailako gazte-ekipamenduetarako
LEHENDAKARITZA
Eusko Jaurlaritza, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legea aldatzearen alde
HERRIZAINGO SAILA

HERRIZAINGO SAILAK HAMAR MILIOI EURO BIDERATU DITU MEHATXATUTAKO PERTSONAK BABESTEKO

Erabakia, pertsonak babesteko zerbitzuetako lanak egiteko 5.000.000 eurotik gorako kontratuaren luzapena baimentzeko.

Segurtasun pribatuko enpresekin gaur egun indarrean dagoen kontratuaren luzapena da, urte amaierara arte

Gaur, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du mehatxatutako kolektiboetako pertsonen eskolta-zerbitzuak finantzatzen dituen kontratua luzatzea. Kontratu hori abenduaren 31ra arte mantentzera bideratutako partida hamar milioi eurokoa da.

Mehatxatutako kolektiboetako pertsonak babesteko lana, batez ere, segurtasun pribatuko langileak kontratatuta egin duten Barne Ministerioak eta Herrizaingo Sailak. Euskal Administrazioaren kasuan, horretarako, ondoz ondoko kontratazio-espedienteak onetsi dira, 2001etik gaur egunera arte, enpresa horiei atxikitako eskolten zerbitzuak ordaindu ahal izateko.

Gaur egun indarrean dagoen espedientea hamazortzi hilabeteko aldirako onetsi zen, eta aldi hori aurtengo maiatzean amaitu da. Horregatik, oraindik ere espediente hori martxan jartzea ekarri zuten arrazoiek partzialki jarraitzen dutenez, gaur espediente horren luzapena onetsi da aurtengo abenduaren 31ra arte. Data horretan, beste adjudikazio bat egin ahal izango litzateke. Luzapena finantzatzeko aurrekontu-kontsignazioa hamar milioi eurokoa da.
 

 

ERTZAINTZAK BERRITU EGIN DU OIARTZUNGO BERE BASEKO POLIZIA-PRAKTIKARAKO GALERIA

Komunikazioa, Ertzaintzak Oiartzunen (Gipuzkoan) duen egoitzako praktika polizialetarako galeria egokitzeko ekipamendua hornitu, instalatu eta martxan jartzeko kontraturako larrialdi-espedienteari buruzkoa.

Ertzainek eta udaltzainek tiro-praktikak egitea ahalbidetuko du

Herrizaingo Sailak espedientearen berri eman dio gaur Gobernu Kontseiluari. Espediente horren bidez, 120.136,46 euroko partida bideratu da Oiartzungo Ertzaintzaren zentraleko polizia-praktikarako galeria konpontzeko. Instalazioak berritzeari esker, Gipuzkoako udaltzaingoetako agenteek eta Ertzaintzako agenteek Oiartzunen egin ahal izango dituzte ariketak eta entrenamenduak. Izan ere, gaur egun, ariketa eta entrenamendu horiek beste egoitza batzuetan egin behar dituzte, hala nola, Arkauten.

Sailak aurrera eraman duen espedienteari esker, beharrezko ekipamendua hornitu, instalatu eta martxan jarriko da, polizia-praktikarako Oiartzungo galeria egokitzeko. Horrela, azpiegitura egokitzeko obrak amaitzen direnean, irailaren amaiera aldera, Gipuzkoako Udaltzaingoetako agenteak eta Ertzaintzako agenteak tiro-ariketak eta birziklatzeak egiten hasi ahal izango dira Oiartzunen. Izan ere, gaur egun, horretarako, beste instalazio batzuetara joan behar dute, hala nola, Arkauteko Ikastegira. Ondorioz, dirua eta denbora aurreztuko dute.

Oiartzunen egin ahal izango diren ariketa praktikoen barruan, hauek daude: Ertzaintzako herritarren segurtasunerako agenteak ordena publikoko zereginetan erabili beharreko pilota-jaurtigailu berrietara egokitzeko ariketak. Prozesu hori azkar egiten ari da Ertzaintzako unitate guztietan, sistema horiek ahalik eta arinen jartzeko zerbitzuan. Izan ere, aurrekoak baino zehatzagoak eta seguruagoak dira. Agenteen prestakuntza azkar hori bultzatzeko beharraren ondorioz, obrak finantzatzeko espedientea premiaz izapidetu da.

Espedientearen enpresa adjudikazioduna GTS Electrónica S.L. da.
 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

IKERKETA ETA BERRIZTAPEN TEKNOLOGIKOA

Agindua, Unibertsitatea-Enpresa egintzetarako aurreikusitako funtsen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena (2013-2014).

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindu bat onartu du gaurko bileran. Agindu horren bidez deitzen dira ikerketa eta berriztapen teknologikorako dirulaguntzak, 2013-2014 ikasturtean unibertsitatearen eta enpresen arteko jardueretarako aurreikusitako fondoen kontura.

Deialdi honek 229.472 euroko aurrekontu globala du 2013-2014ko ekitaldirako eta ekoizpen-enpresentzat erabilgarri izango diren Ikerketa Aplikatu eta Teknologikoko proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak deitzea du helburu. Unibertsitate-ikertzaileek, Zientzia, Teknologia eta Ikerketaren Euskal Sareko eragile batzuek eta enpresa eta erakundeetako Ikerketa eta Garapeneko unitateek hartuko dute proiektu horietan parte, aplikazio sozial, industrial edo teknologikoko gaiak garatzeko gizarte- edota industria-jarduerak eginez.
 

 

11,53 MILIOI EURO PERTSONAL IKERTZAILEAREN PRESTAKUNTZA ETA HOBEKUNTZARAKO BEKETARAKO

Erabakia, 5.000.000,00 eurotik gorako gastua baimentzeko dena, 2012/13 ikasturtean doktoreak ez diren ikertzaileen doktoretza aurreko prestakuntza programa berritzeko eta beka berrien deialdia egiteko finantzaziorako, hain zuzen.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2012/2013ko ikasturtean doktorea ez den pertsonal ikertzailearen prestakuntzarako doktoretza aurreko programan beka berriak deitu eta zeudenak berritzen dituen agindua.

Agindu honek, 11.531.854 euroko zenbateko globalean, 2012-2013ko ikasturtean doktorea ez den pertsonal ikertzailearentzako bekak finkatu eta deitzea ditu helburu. Deialdiak beka berriak ematea eta 2011/2012ko ikasturterako eman zirenak berritzea hartzen ditu.

Doktoretza aurreko programak ikertzaileen prestakuntza sustatu nahi du, doktorearen titulua lortzeko eta kalitateko ikerketa zientifikoari lotutako gaitasun eta trebetasunak eskuratzeko doktoretza-programa baten barruan, ondorengo bi azpiprograma hauen bidez:

Doktorea ez den pertsonal ikertzailearen prestakuntzarako beken azpiprograma Euskal Autonomia Erkidegoko aplikazio-zentroetan: A modalitatea.

Doktorea ez den pertsonal ikertzailearen prestakuntzarako beken azpiprograma Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko aplikazio-zentroetan, bai Espainiako estatuan (B modalitatea) bai atzerrian (C modalitatea).
 

 

1.627.850 EURO LEONARDO DA VINCI ETA ERASMUS ETENGABEKO IKASKUNTZAREN PROGRAMARAKO

Agindua: honen bidez diru-laguntzetarako deialdia egiten da Leonardo da Vinci eta Erasmus azpiprogramak antolatu eta garatzeko Etengabeko Ikaskuntzako Programaren esparruan.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, Leonardo da Vinci eta Erasmus Lanbide Heziketako azpiprogramak Etengabeko Ikaskuntzaren programa esparruan, proiektuak antolatu eta garatzeko dirulaguntzak deitzen dituen agindu bat.

Dirulaguntzen deialdi honek, 1.627.850 euroko zenbateko globalean, Etengabeko Ikaskuntzaren programa europarren barruan onartutako proiektuak Europako Erkidegoarekin batera finantzatzea du helburu, Leonardo da Vinci eta Erasmus azpiprogramei dagozkien gaietan eta Hirugarren Mailako Lanbide Heziketari (Goi Mailako Heziketa Zikloak) eta unibertsitate-ikasketei dagozkien gaietan.
 

 

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

GOBERNU-KONTSEILUAK E.A.E.KO ADMINISTRAZIOAREN ETA FINANTZA-ERAKUNDEEN ARTEKO FINANTZA-LANKIDETZARAKO HITZARMEN BAT ONETSI DU. HORREN BITARTEZ, ENPRESENTZAKO APARTEKO FINANTZAKETA-LERROA PRESTATU DA, 666 MILIO EURO MOBILIZATU AHAL IZATEKO

Erabakia, finantza-entitate batzuekin hitzarmen bat izenpetzeko baimena emateko dena. Helburua: berme publikoko aparteko finantzazio-lerro bat gaitzea.

Gobernu Kontseiluak onetsi egin du beste finantzaketa-bide bat sustatzen duen hitzarmen bat sinatzea. Horrela, finantza-erakundeei EAEko Administrazioaren bermeak ematearen bitartez, ekoizpen-jarduerari eustea eta enplegua mantentzea sustatuko da.

Hitzarmenarekin, 666 milioi eurora arteko ekarpena egingo da abaletan. Eusko Jaurlaritzak mailegu eta kredituetarako abal batzuk emango dizkie (400 miloi euro gehienez), arrisku partekatuan (% 60 Eusko Jaurlaritzak, eta gainerako % 40a finantza-erakundeek), finantza-erakundeek emandako finantzaketaren onuradunei.

Maileguen zenbatekoei dagokienez, 50.000 eta 750.000 euro bitartekoa izango da enpresa txiki eta ertainentzat, eta 10.000 eta 100.000 euro bitartekoa banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.

Hitzarmen honekin arriskuak ez dira, guztiz edo zati batean, finantza-erakundeetatik administraziora lekualdatuko. Aldiz, beste finantzaketa bat eta beste baldintza batzuk eman beharko zaizkie hitzarmenarekin bat egingo duten onuradunei. Horixe da babes publikoaren justifikazioa.

Europako Batzordeak hitzarmenaren baldintzak gainbegiratu ditu, estatuko laguntzen inguruko erkidegoko arauak bete ditzaten. Gauzak horrela, Europako Batzordeak adierazi du onetsiko diren eragiketa guztiek berriak izan beharko dutela, hau da, ezin izango direla erabili aurreko kredituak berreskuratu edo birnegoziatzeko.

Finantza-erakundeekin egindako hitzarmena tresna berrienetako bat da iragan martxoan onetsi zen aparteko programaren barruan, eta 2.180 milioi eurora arteko kopurua mobilizatzen du ekonomia sustatzeko eta Euskadiko enpresek dituzten finantzaketa-arazoetarako irtenbideak bilatzeko.

Hazkundea eta jarduera ekonomikoa suspertuko duten talka-neurri antiziklikoak sustatzeko abiarazi zen neurrien paketea.
 

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

EGAZELAIN 49 ZUZKIDURA-BIZITOKI SUSTATZEKO EIBARKO UDALAREKIN AKORDIOA IZENPETZEA ONARTU DU JAURLARITZAK

Jaurlaritzaren Kontseiluak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren eta Eibarko Udalaren arteko akordioa onartu du gaur Egazelain 49 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko.

Horretarako, Eibarko Udalak lursaila laga du Egazelai arean eta Etxebizitza Sailak lehen etxebizitza-multzoa eraikitzeko proiektua egiteko lizitazioa egin du.
Jarduketa hau gazteei zuzendutakoa da, batez ere, eta behe solairua, bost altuera eta atikoa izango duen eraikinean gauzatuko da. Alokairu-prezioak 225 euro ingurukoak izango dira hilean, esleitutako etxebizitzaren arabera.

Zuzkidura-bizitokiena esperientzia berria da (oso hiri gutxitan daude honelako etxebizitza-motak), eta bizi-egoera dela-eta hainbat logeladun etxebizitza handia behar ez dutenei aldi baterako soluzioa emateko balio du. Hori dela-eta, kontratuaren iraupena 5 urtekoa da eta etxebizitzaren azalera 25 eta 60m2 artekoa. Horrez gain, eraikinetan errentari guztiek erabiltzeko guneak daude.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

ZAHARTZE AKTIBOARI BURUZKO LANKIDETZA-HITZARMENA INGEMA FUNDAZIOAREKIN

Erabakia Fundación Instituto Gerontológico Matía (INGEMA) fundazioari zuzeneko diru-laguntza bat emateko. Helburua: adineko pertsonentzako I+G ekimenen, etxez etxeko arreta-eredu integralaren eta heziketa-jardueren garapenari bultzada ematea.

Jaurlaritzaren Kontseiluak oniritzia eman dio lankidetza-hitzarmen bat sinatzeari Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eta “Instituto Gerontológico Matía (INGEMA)” fundazioaren artean, zahartze aktiboaren eta menpekotasun-egoeran dauden pertsonen arretaren arloan ikerketak egin ahal izateko. Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du (2012 eta 2013), eta zenbatekoa 4 milioi eurokoa izango da.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bere helburuen artean dauka gizarte-zerbitzuen esparruan berrikuntza sustatzea, erkidegoan oinarritutako zaintza-eredu iraunkorrerantz aurrera egiteko, autonomia funtzionala mugatuta duten pertsonen duintasuna, nahiak eta bizi-kalitatea errespetatuz eta sustatuz. Hortxe kokatzen da “Etxean ondo” izeneko esperientzia pilotua, zeina, Gipuzkoako bost udalerritan egindako lehenengo fase arrakastatsuaren ondoren, euskal geografiaren gainerako lekuetara zabaltzea aurreikusten baita.

Hitzarmenak, era berean, jardunbide egokiak sortu eta garatu nahi ditu zentro gerontologikoetako bizikidetza-unitateen inguruan, pertsonetan eta housing paradigmaren printzipioetan oinarritutako arreta-eredua eskaintzeko eta eredu horren inguruan eguneko zentroetan esperientzia berriak sortzeko eta daudenekin jarraitzeko, bereziki eguneroko bizitzan jarduera terapeutikoak sartuz.

Hitzarmen honen esparruan, I+Gko jarduerak burutuko dira, autonomia sustatzearen eta adinekoen artean menpekotasuna prebenitzearen inguruan jakintza areagotzeko. Jarduera horien artean dago Legacy proiektua, AEBetako Cornell Unibertsitatearekin lankidetzan egingo dena. Esperientzia honetan, zahartzen ari diren pertsonen bizitzan erreferente izan diren alderdiak zabalduko dira, beste belaunaldi batzuei jakinaraztea komenigarria dela iritzita.

Esparru honetan, lankidetzari esker, azterketa bat egingo da, CSIC zentroarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan adinekoek egiten dituzten lan ordaindu gabeek BPGan duten eraginari buruz; horretarako, Stiglitz metodologia erabiliko da.

Azkenik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren finantziazioak aukera emango du, batetik, zenbait irakaskuntza-proiektu egiteko pertsonetan oinarritutako arreta gerontologikoaren ereduari lotutako zenbait alderdiren inguruan eta, bestetik, prestakuntza-jarduerak burutzeko tratu onari eta tratu txarren prebentzioari buruz, “Zahartzen diren pertsonen ongizatean eta tratu onean aurrera egiteko 100 proposamen” izeneko dokumentuan egindako proposamenak betetzeko. Era berean, ikastaro pilotuak egingo dira laguntzaile pertsonalek (Menpekotasunari buruzko Legean aurreikusiak) eta kasu soziosanitarioen kudeatzaileek behar dituzten gaitasunak eta trebetasunak identifikatzeko.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

EUSKO JAURLARITZAREN OSASUN ETA KONTSUMO SAILAK, HIRUGARREN URTEZ JARRAIAN, LANKIDETZA HITZARMEN BAT SINATU DU LAN ETA IMMIGRAZIO MINISTERIOAREKIN (GSIN), ALDI BATERAKO EZINTASUNA HOBETZEKO PROGRAMAREKIN JARRAITZEKO

Erabakia, Lan eta Immigrazio Ministerioarekin lankidetza-hitzarmena sinatzeko baimena emateko. Helburua: aldi baterako ezgaitasunaren prestazioa hobetzeko kudeaketa-estrategia batzuk bideratzeko eta iraupen motzeko prozesuen jokabidea aztertzeko programarekin jarraitzea 2012an.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Lan eta Immigrazio Ministerioarekin, aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa hobetzeko kudeaketa-estrategia batzuk garatzeko.

Aldi baterako ezintasunaren kudeaketaren emaitzak hobetzeko nahitaezkoa da arlo horretan eskumena duten organismo eta erakundeen (Osasun eta Kontsumo Saila eta GSIN) arteko lankidetza-bitartekoak ezartzea, eragindako langileei zerbitzu hobea emateko eta kostu ekonomikoen arrazionalizazioa eta eustea bultzatzeko, sistemaren jasangarritasuna lagunduko bada. Hori dela eta, 2010ean ezarri zen esparru horretako lehen hitzarmena, eta 2011n ere jarraipena izan zuen. Emaitzak onak izan zirenez, erakunde biek erabaki dute duela bi urte ekindako lankidetzaren eta koordinazioaren bideari eustea eta 2012rako berriz ere hitzarmena sinatzea.

2012rako lankidetza-hitzarmenaren helburua da Osasun eta Kontsumo Sailaren eta GSINen artean lankidetza-neurriak ezartzea aldi baterako ezintasunaren inguruan, EAEn aldi baterako ezintasunaren kudeaketa arindu, modernizatu, koordinatu eta kontrolatzeko neurriak ezartzera bideratutako berariazko programa baten bidez. Osasun eta Kontsumo Sailak bere gain hartzen dituen konpromisoen artean dago iraupen laburreko aldi baterako ezintasunen patroia aztertzea.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILAK 300.000 EURO BIDERATUKO DITU GIB/HIESAREN PREBENTZIOAREN ETA KONTROLAREN ARLOAN LAN EGITEN DUTEN IRABAZI ASMORIK GABEKO ERAKUNDEENTZAKO LAGUNTZETARA

Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak, aurten, 300.000 euro bideratuko ditu Euskadin GIB/HIESa prebenitu eta kontrolatzeko jarduerak burutzen dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei zuzendutako laguntzetara.

Laguntza horien helburua da aurten burututako hainbat ekintza finantzatzea, hala nola, GIBarekiko bereziki ahulak diren kolektiboen inguruan (gizonekin sexua duten gizonak, immigranteak, prostituzioan jarduten direnak eta drogak bide parenteraletik hartzen dituztenak) prebentziorako esku-hartzeen estrategiak burutzea.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

EMAKUME NEKAZARIEN ESTATUTUAREN LEGE PROIEKTUA ONARTU DA

Lege-proiektua, emakume nekazarien estatutoari buruzkoa.

Nekazaritza ustiategien %32ren jabegoa dute emakumeek eta, ustiategien %31k bakarrik dute emakume bat buru.

Gobernu Batzordearen gaurko bileran Emakume Nekazarien Estatutuaren Lege proiektua onartu da, landa eremuan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harremanak eta aukera berdintasuna bultzatzeko eta sektoreko alor guztietan genero ikuspuntua gehitzeko neurrien dokumentua.

Gobernu Batzordeak, Pilar Unzalu sailburuak aurkeztutako proiektuari bide eman dio eta horrela, emakumezkoek nekazaritza sektorean jasaten dituzten desberdintasun egoerak desagerrarazi nahi dira. Besteak beste, euren onarpen profesionala, estima soziala eta eskubide fiskal, profesional eta sozialak erabilgarri izatea.

Estatutuak 31 artikulu ditu, 2 xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile 1 eta 4 azken xedapen. 6 titulutan egituratua dago: Xedapen Orokorrak, ustiategien jabetza, sektorean emakumeak duten ordezkaritza, giza-eskubideak, euren lanaren errekonozimendua eta zabaltzea, eta azkenik, Estatutuaren Jarraipen Komisioari dagokiona.

Dokumentuak, ustiategien jabetza partekaturako emakumeen aukera aldarrikatzen du baita belaunaldi errelebua lortzea eta horrela nahiko balute, emakumeek landa ingurunean bizitzen jarraitu ahal izateko lan aukerak izatea. Era berean, ikastaroetan eta formazio programetan izena emateko preferentzia aitortzen zaie.

Sektoreko erabaki organoetan gero eta emakume gehiago egon daitezen neurriak proposatzen dira baita emakumezkoenak bereziki diren lan arriskuak ekiditen saiatzekoak eta jasan dezaketen sexu-jazarpenari aurre egitekoak.

Emakume nekazariaren Estatutu horrek ez du inolako araudi aurrekaririk, nahiz eta gizon eta emakumeen arteko berdintasun lortzeko asmoz horrelako politika bateratzaileak eta diskriminazio positibozko ekimen, gomendio eta mandatu ugari egon –nazio zein nazioartekoak-.

Gaur egun, indarrean dauden 15.000 ustiategietatik, %32etan bakarrik dago jabegoa emakumeen eskuetan eta ustiategien %31ean emakume bat dago buru.

Bestetik, ustiategietan kontratatzen den langileriaren artean, kontratatutako emakumeen (233) batez bestekoa %21 da. Gainera, erabaki postuetan emakumeen presentzia oso urria da, bai landa sindikatuetan baita Landa Garapenerako Erakundetan ere.
 

 

ERAIKUNTZA ETA ERAISPEN HONDAKINEN EKOIZPEN ETA KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Eraikuntza eta eraispen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautuko dituena.

Gobernu Batzordeak gaurko bileran, eraikuntza eta eraispen hondakinen ekoizpen eta kudeaketa erregimen juridikoa arautzen duen dekretua onartu du. Horrekin, eraikinen funtzionaltasuna eta kalitatea gutxitzen ez duten eraikuntza jasangarriari bultzada ematen zaio. Eraikuntza mota horrek hondakinen sortzea nabarmen gutxitzen du.

Otsailaren 1eko 105/2008 Erret Dekretua erregulatzen duen Dekretu horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzten du arau betetzea eta obra larrietan ematen diren eraispen eta eraikuntza material eta hondakinak sortu edo dituzten enpresek eta langileen betebeharrak finkatzen ditu. Hori dela eta, edozein obra proiektuetan derrigorrezkoa izango da eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketarako ikerketa.

Hondakinak dituzten enpresa eta langileek, bere aldetik, hondakinen kudeaketa ikerketaren alde ezberdinak biltzen dituen plana aurkeztu beharko dute baita betetze maila egokia izan dezan arduradunaren edo arduradunen identifikazio zehatza ere.

Era berean, hondakinak sortzen dituen pertsonak obra lizentzia lortzeko fidantza bat jarri beharko du. Horren helburua, obra larrietan sortzen diren eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketa egokia ziurtatzea da.

Azkenik, Dekretuak eraikuntza eta eraispen hondakinen desagertze eta balioztatze jarduerak erregulatzen ditu. Horretarako ingurumen organoaren baimena eskatuko da.

Finean, dekretu horren helburuak hauek dira:

• Ingurumen egoera seguruetan eraikuntza eta eraispen materialen berrerabilpena sustatzea.
• Ingurumen egoera egokietan, prebentzioa, birziklapena eta edozein motatako eraikuntza eta eraispen hondakinen balorazioa sustatzea.
• Eraikuntza eta eraispen hondakinen desagertzea gutxitzea.
• Eraikuntza eta eraispen hondakinen desagertze egokia ziurtatzea.
• Eraikuntza jasangarriaren alde egitea, beti ere, eraikinen kalitatea eta funtzionaltasunari eutsiz.
 

 

KULTURA SAILA

KULTURA SAILAK ONDOKO DIRU-LAGUNTZAK ESKATZEKO EPEA IREKI DU: MUSEOAK SUSTATZEKOAK ETA KULTURA ONDAREAREKIN ETA ZABALKUNTZAREKIN LOTURA DUTEN MUSEOETAKO JARDUERAK BURUTZEKOAK. 500.000 EURO DAUDE DIRU-LAGUNTZA HORIETARAKO

Agindua, museoak sustatzeko eta kultur ondarearekin eta zabalkundearekin zerikusia duten museo-jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Gobernu Kontseiluak gaur Kultura sailburuaren Agindu bat onetsi du eta Agindu horren bidez, 2012. urtean ondoko diru-laguntzak emateko deialdia ireki da: museoak sustatzekoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko museoak eta bildumak zaintzeko eta zabaltzeko jarduera jakin batzuk finantzatzekoak. Diru-laguntza horiek jaso ditzakete Euskadin dauden museoetako edo bildumetako jabeak diren pertsona fisiko edo juridikoek, publiko zein pribatuek; baina Euskadiko Museoen eta Bildumen Erregistroan izena emanda egon behar dute edo izena emateko eskaera egina eduki beharko dute diru-laguntza eskatzeko epea amaitu baino lehen.

Kanpoan geldituko dira aldundiaren museoak edo bildumak, zenbait fundazioren museoak eta bildumak (Jaurlaritzako Kultura Sailak fundazio horien gobernu-organoetan parte hartzen badu) eta zenbait merkataritza-entitateko museoak eta bildumak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak entitate horien kapitalean partaidetza baldin badu), baita 2012. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan diru-laguntza izendunak dituzten museoak eta bildumak ere.

Ondokoetarako diru-laguntzak emango dira:
    a) Erakusketak eta argitalpenak: erakusketa iraunkorra berritzea, aldi baterako erakusketak eta zenbait euskarritan egindako argitalpenak.
     b) Hezkuntza eta kultura-ekintza: zenbait programa eta material didaktiko egitea, jardunaldiak /hitzaldiak, web orriak sortzea.
    c) Dokumentazioa: inbentarioko eta katalogazioko lanak, museoko edo bildumak funtsak EMSIME sisteman digitalizatzea.
    d) Azterketak: ikerketa lanak, zerbitzuen gutuna, plan zuzentzailea, kalitate plana, merkatu azterketak, bezeroei buruzko azterketak egitea.

Deialdirako 500.000 euro daude eta diru-laguntzek aurrekontuaren zenbatekoaren % 85ekoak izan daitezke gehien jota, gehienez 45.000 eurokoak jarduera bakoitzagatik. Onuradun bakoitzak gehien jota bi jarduera eska ditzake.
 

 

JAURLARITZAK 200.000 EURO BIDERATUKO DITU TOKI-MAILAKO GAZTE-EKIPAMENDUETARAKO

Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei beren gazte-ekipamenduen sarea bultzatzeko 2012erako diru-laguntzak emateko modua arautu eta deitzen duena.

Gobernu Kontseiluak Kulturako sailburuaren agindu bat onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei beren gazte-ekipamenduen sarea bultzatzeko 2012rako diru-laguntzak emateko modua arautzeko. Horretarako, 200.000 euro erabiliko ditu.

Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteria eta gizarte-ekintzaren esparruan jarduerak suspertzeko lanetan dihardu beste zenbait erakunderekin batera. Helburu hori lortu nahian, Euskadiko Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei beren gazte-ekipamenduen sarea bultzatzeko laguntzak eskaintzeko bideak ezartzen dira agindu horren bitartez, bai ekipamendu berriak eraikitzeko, bai orain daudenak handitzeko edo hobetzeko.

Laguntzotarako 200.000 euro bideratuko dira. Euskadiko Autonomia Erkidegoan berezko izaera juridikoa duten toki-erakundeek eta berezko nortasun juridikoa duten udalaz gaindiko mankomunitate edo erakundeek —indarreko legeriaren arabera udal batek baino gehiagok eratuta egon eta nortasun juridiko berezkoa dutenak— jaso ahal izango dituzte soil-soilik agindu horretan adierazten diren diru-laguntzak. Udalaz gaindiko erakunde horiek, bakoitzaren estatutuetan aurreikusitakoaren arabera, bidezko gaitasuna eta egokitasuna erakutsi behar dute, beren jardun-esparruaren barruan, haien proiektuak behar bezala aurrera eramateko. Ez dira onuraduntzat joko beren estatutuetan gazte-politika erakundearen eskumenekoa dela jasota ez duten hainbat udalerriz osaturiko udalaz gaindiko erakundeak.

Diru-laguntza jasotzeko modukoak izango dira berariaz 12 eta 30 urte bitarteko gazteentzako ekipamenduak izango dituzten higiezinak eraiki, eraberritu, egokitu edo handitzeko lanak egiteko profesional gaituek landutako proiektuen erredakzio-laneko gastuak, bai eta lan horiek 2012ko ekitaldian exekutatzeko gastu edota kostuak ere. Kasu guztietan, erakunde eskatzaileak gutxienez kostu osoaren % 30 finantzatu beharko du bere funts propioekin.

Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua indarrean jartzen denetik aurrera.
 

 

LEHENDAKARITZA

EUSKO JAURLARITZA, TERRORISMOAREN BIKTIMEI AITORPENA ETA ERREPARAZIOA EGITEKO LEGEA ALDATZEAREN ALDE

Erabakia, Euskal Sozialistak, Euskal Talde Popularrak eta Mistoa-UPyD legebiltzar- taldeek aurkeztu duten lege-proposamen bat aintzakotzat hartu ala ez erabakitzean Jaurlaritzak erabili duen irizpidea jakinarazteko. Lege-proposamen hori Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Ordaina egiteko Legea aldatzeko da.

Eusko Jaurlaritzak gaur erabaki du Euskal Sozialistak, Euskal Talde Popularra eta Mistoa-UPyD legebiltzar-taldeek Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legea aldatzeari buruz egindako lege-proposamena aintzakotzat hartzearen aldeko irizpidea agertzea

Eusko Jaurlaritzen iritzian, proposatutako aldaketak laguntza, prestazio eta zerbitzu batzuk eskuratzeko euskal araudian galda daitezkeen erroldatze baldintzak modulatzen ditu eta, ondorioz, mehatxu terroristagatik Euskaditik alde egin behar izan zutenak itzul daitezen laguntzen du.