2012/07/24 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Euskal Unibertsitateetako Ikerketa taldeak finantzatzeko 26 milioi erabiliko ditu hezkuntza sailak
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
Onartu da administrazio publikoetako aplikazio informatikoen irekitze eta berrerabilpenaren dekretua
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Jaurlaritzak 27 etxebizitza erosiko ditu Hernanin alokairu babestura bideratzeko
Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Donostialdeko metroko Kontxa-Morlans zatiko obrak enkantean eskaintzeari
Azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen lurzorua erosteko hirugarren fasea onartu du Jaurlaritzak
Jaurlaritzak etxebizitza bat erosiko du Leioan bizitokia emateko
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Gizarte zerbitzuen erregistroa arautzen duen dekretua onartu da
Lanbidek prestakuntza ikastaroak emango dizkie beste 19.361 enplegu eskatzaileri
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Eusko Jaurlaritzaren osasun eta kontsumo sailak 2,6 milioi euro bideratuko ditu 2012an droga mendetasunen arloan hainbat jarduera egitera
KULTURA SAILA
Oñatiko Herrigune Historikoa Monumentu Multzoaren kategorian kultura ondare izendatu dute
Jaurlaritzak 200.000 euro bideratuko ditu kultura sormenera
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

EUSKAL UNIBERTSITATEETAKO IKERKETA TALDEAK FINANTZATZEKO 26 MILIOI ERABILIKO DITU HEZKUNTZA SAILAK

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa, euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeek 2013-2018 aldian egiten dituzten jardueretarako laguntzak finantzatzeko.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, eman dio euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeak finantzatzeko 26 milioi euro, guztira, erabiliko dituen agindu bati oniritzia. Ekimen honekin oinarrizko ikerketa sustatzeko politikan, joan den legealdian abiatu zena eta legealdi honetan bultzatu dena, sakontzen saiatuko da Eusko Jaurlaritza. Politika horren helburua argia da: ezagutza sortzen jarraitzea eta ezagutza hori produkzio-sistemari ahalik eta lasterren helaraztea. Horrela gure enpresen lehiakortasuna sustatuko da.

Nahi horiek betetzeko, ikerketa-taldeak, normalean gertatzen denaren kontra, sakabanatu ezin izateko modukoak izatea eta esparru desberdinetako zientzialariek osatzea izango dituzte, batez ere, dirulaguntzek helburu. Espezialista horiek prestakuntza handia izan beharko dute eta murgilduta dauden proiektu zientifikoei eta gradu ondoko prestakuntza-programei dedikazio handia eskaini beharko diete. Gainera, ezagutza produkzio-sistemara transferitzeko prozesuan nabarmentzen diren ekipoei emango zaie lehentasuna ere beste irizpide batzuen artean.

2015eko Zientzia eta Teknologia Planaren barruan (PCTI 2015) guztiz dagoen ekimena da hau eta helburu hau du: i + G + i-n gastua Euskadin BPGren % 3koa izatea 2015. urterako. Aurten, eta hau bezalako ekimenei esker, gastuak, lehen aldiz, % 2ko adierazlea gainditu du, hamarren bat zehatzago (% 2,1), eta dagoeneko Europako batezbestekoaren mailan dago, baina oraindik buru diren herrialdeetatik urrun. Halaber, zientzia- eta teknologia-sistema ororen oinarrian sakontzen du: ezagutza berria sortzeko beti behar den oinarrizko ikerketan. Ezagutza-transferentzia horren onuradunak izango diren euskal enpresentzat berme bat, egiazko berrikuntza sakonak egin ahal izango baitituzte, haien produktuei balio erantsi esanguratsua emango dietenak edo produkzio-kostuak nabarmen gutxituko dituztenak.

Dirulaguntzak datozen sei aurrekontu-ekitaldietan emango dira, hiru eta sei urteko hainbat urtetarako planetan. Haien finantziazioa 2013tik 2019ra arteko aurrekontuen kontura egingo da. Taldeak osatzen dituzten ikertzaileak atxikita dauden euskal unibertsitateak izan ahal izango dira dirulaguntzen onuradunak eta talde horiek, halaber, unibertsitateetako, Ikerbasque-ko (Zientziarako Euskal Fundazioa) edo Osakidetzako pertsonalak osatu ahal izango ditu.

Funtsean, prestigioko edo prestigioa lortzeko prozesuan ari diren ikerketa-taldeentzat pentsatutako dirulaguntzak dira. Horregatik, 2006. urtetik eskaera egiten den datara arte lan-ibilbide bateratu bat erakutsi beharko dute onuradunek eta argitara emandako eta kontrastatutako gutxienezko produkzio zientifiko bat izan beharko dute. 2006. urtetik kontatzen hasita, bi argitalpen zientifiko, bukatuta eta defendituta dauden bi doktore-tesi eta 2010-2012ko aldian lehiaketa-deialdietan ari den ikerketa-proiektu bat izan beharko du taldea osatzen duen doktore bakoitzak.


Dirulaguntzen urteko taula eta finantziazioa:

 

Urtea Dirulaguntza (Euroak) Finantziazioa (Euroak)
2013 5.500.000 2.275.000
2014 6.000.000 5.750.000
2015 5.500.000 5.750.000
2016 3.000.000 4.250.000
2017 3.000.000 3.000.000
2018 3.000.000 3.000.000
2019   1.500.000
Guztira 26.000.000 26.000.000

 

 

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

ONARTU DA ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO APLIKAZIO INFORMATIKOEN IREKITZE ETA BERRERABILPENAREN DEKRETUA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko aplikazio informatikoak ireki eta berrerabiltzea arautzen duena.

Euskal administrazio publikoek beren kabuz edo beste batzuen bitartez garatzen dituzten aplikazio informatikoak beste batzuen eskura jartzea ahalbidetzen duen dekretua onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak. Horrela, Euskadik punta-puntako lekua hartu du software librearen garapenean, eta irekieraren printzipio orokorra ezarri du, ez bakarrik administrazio elektronikoaren esparruan, baita euskal administrazioaren jabetzapeko edozein aplikazio informatikorenean ere.

Orain arte, edozein erakundek, oro har, garatutako aplikazio informatikoak jabeak besterik ez zituen ezagutzen eta hark erabiltzeko moduan besterik ez ziren egoten; beste edozeinek erabiltzeko aukerak oso murritzak ziren.

Hemendik aurrera, paradigma aldatuko da, aplikazio guztiak irekiak izango baitira eta, hortaz, berrerabilgarriak, segurtasun-arrazoiak edo sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-akordioak tartean ez baldin badaude.

Dekretu hau onartuta, Eusko Jaurlaritza birziklatzearen 3 urrezko arauak informatikari aplikatzen ari dela esan dezakegu:

   - Murriztu egingo da antzeko aplikazioen kopurua.
   - Berrerabili egingo dira aplikazio informatikoak edo haien osagaiak.
   - Birziklatu egingo dira osagai horiek, beste helburu batzuetarako aplikazioak sortzeko edo, baita beste sektore ekonomiko batzuetarako ere.

Halaber, euskal administrazioak areagotu egingo du baliabide publikoak modu arrazionalean erabiltzeko hartutako erabakia, dagoeneko badagoena erabiltzera behartuko baitu bere burua, helburu hauekin: kostuak murriztea eta baliabide horiek kudeaketa publikoari benetako balio erantsia ematen dioten prozesuetan erabili ahal izatea.

Dekretuak, sektore publikoarentzako aplikazio informatikoak egiten dituztenen lehiakortasuna, kalitatea eta eraginkortasuna sustatzeaz gain, produktu eta zerbitzu berriak garatzea eta, hortaz, enplegua sortzea ahalbidetuko du epe ertain eta luzera.

Dekretu hau egiteko, hainbat erakunderen lankidetza izan du Eusko Jaurlaritzak: Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakunde guztiena, Euskadiko IKTen sektoreko sona handiko solaskideena (GAIA-IKTen klusterra eta ESLE-Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea. Hain zuzen ere elkarte horrekin lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen legegintzaldiaren hasieran), eta, batez ere, CENATIC fundazioarena (iturri irekietako IKTen erreferentziazko zentro nazionala da, eta Eusko Jaurlaritza da bertako patronatukideetako bat).
 

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

JAURLARITZAK 27 ETXEBIZITZA EROSIKO DITU HERNANIN ALOKAIRU BABESTURA BIDERATZEKO

Erabakia, zuzeneko kontratazioaren prozeduraren bidez Hernaniko (Gipuzkoa) udalerriko Sagastiya auzoko 27 etxebizitza sozialen eta haien eranskinen azalera-eskubidea eskuratzeko baimena ematekoa, gero alokairu babestuan eskaintzeko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Hernaniko Sagastiya auzoan 27 etxebizitza sozial eta haien eranskinak erostea onartu du. Etxebizitza eta eranskin horiek zuzeneko kontratazioaren prozeduraren bitartez erosiko ditu eta, ondoren, errentamendu babestura bideratuko ditu.

Jaurlaritzak 2,1 euroren truke erosiko ditu etxebizitza horiek. Etxebizitzak 2013an egongo dira eraikita.
 

 

 

EUSKO JAURLARITZAK ONIRITZIA EMAN DIO DONOSTIALDEKO METROKO KONTXA-MORLANS ZATIKO OBRAK ENKANTEAN ESKAINTZEARI

Erabakia, Donostialdeko hiri-trenbidea (Tartea: La Concha-Morlans) eraikitzeko obrak egiteko 5.000.000 euro baino gehiagoko kontratua egiteko baimena emateko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak oniritzia eman dio 55,5 milioi euroko aurrekontuarekin Donostialdeko metroko Kontxa-Morlans zatia eraikitzeko obrak enkantean eskaintzeari.

Hau da gobernu honek enkantean eskaintzen duen bigarren zatia Donostia erdialdetik pasatzen dena, lehengo hilean Lugaritz-Kontxa zatia eskaini baitzuen.

Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Donostialdeko metroaren proiektuan beste aurrerapauso bat da hau, izan ere proiektuaren %43,13 gauzatze bidean baita, obrak bukatuta edo bukatzear daudelarik. Gauzatze-maila horren adierazgarri dira Eusko Jaurlaritzak proiektuan dagoeneko inbertitu dituen 313,6 milioi euroak ordain eta konpromiso kredituen bidez.

Kontxa-Morlans zatiak 1,9 km-ko luzera du eta Kontxako pasealekuko La Perlaren instalazioen ondotik Morlans ingururaino doa.

Zati hau bide bikoitzekoa izango da eta, azkeneko puska kenduta, gainontzeko guztia meatze gisakoa izango da. Azkeneko puska horretan argitara aterako da, Euskotrenek lurrazpiko zatia baino lehen Morlansen duen bidearekin bat egiteko.

Zati honetan leize-gisako bi geltoki egingo dira:

     Erdialdea-Kontxako geltokia, Kontxako pasealekua eta Artzain Onaren plaza inguruan kokatuko dena. Geltoki honek metroa Donostiako hiri-zabalgunearekin lotuko du. Sarbide-ahoak Xabier Zubiri plazan eta Loiola kalean egongo dira. Igogailua, berriz, Easo kalean jarriko da.

     Easoko geltokia: gaur egun Amarako geltokia dagoen inguruetan egongo da. Sarbide-ahoak Easo plazan eta Autonomia kalean egongo dira. Igogailua, berriz, Osasun Iturriaren kalean egongo da eta hiru geraleku izango ditu: Osasun Iturriaren kalean, Autonomia kalean eta geltokian.

Obrak egiten diren bitartean, tunelera sartzeko bi arranpa jarriko dira: bat Kontxa inguruan eta bestea Morlanseko ibarbidean. Lanak gauzatzeko epea 40 hilabetekoa da.

Donostialdeko metroaren garapena

Udazkenean obra hauek hasten direnean, Donostialdeko metroaren proiektuaren % 43 baino gehiago gauzatzen ariko da. Zati batzuk dagoeneko irekita daude eta, beste batzuk, bukatzear.

Donostialdeko metroa aurrekaririk gabeko trenbide-eragiketa da. Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak sustatzen du eta lau geltoki berri izango ditu Donostiaren erdialdean: Bentaberri-Unibertsitatea, Matia-Antiguo, Kontxa eta Easo. Horiez gaien, beste hauek izango ditu: Intxaurrondo, Añorga, Herrera, Altza eta Loiolako Erriberak. Bestalde, azpiegitura berriak izango ditu Lasarte-Orian, Errenterian, Hondarribian, Aireportuan eta Irunen.

Azken hamabost hilabeteetan Lasarte-Errekalde, Errekalde-Añorga eta Fanderia-Oiartzun zati bikoiztuak zerbitzuan sartu dira. Hiru zati horien artean, trenbide bikoitzeko 5,4 kilometro osatzen dute; bidaiak egiteko zein itxoiteko denborak murrizteko aukera ematen duten zati seguruagoak dira. Gainera, trena erabiltzen dutenek hiru geltoki berri dituzte: Añorga, Fanderia (orain arte bertan ez zegoen geltokirik) eta Oiartzun.

Bestalde, urrian Loiola-Herrera zatia inauguratuko da (2,7 km). Bi geltoki berri izango ditu (Intxaurrondo eta Herrera).

Gauzatze-bidean den beste puntu estrategiko bat Arasoko tailerrek eta kotxetegiek osatzen dute, behar-beharrezko instalazioak baitira daukaten edukierarengatik eta Donostialdeko metroarentzat duten erabilgarritasunarengatik.

Ekainean, Altza trenbidez hirigunearekin eta beste eskualde batzuekin lotuko duen linearen eraikuntza-lanak hasi ziren eta Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda eraikitzeko proiektua idazteko enkantea egin da dagoeneko. Proiektu horrek jarraipena emango dio Herrera-Altza zatiari.

Euskotreneko tren berriak 7 minutu eta erdiko maiztasunarekin ibiliko dira. Hain zuzen ere, irekita dauden zati berrietan (Fanderia-Oiartzun eta Lasarte-Errekalde-Añorga) bidaiariak bidaia-denbora txikiagoak dauzkate dagoeneko.

Azpiegitura berriak hiru helburu handi ditu:

     Eskualdetik eta hiriko gainerako tokietatik Donostiako hirigunean dauden zerbitzu- eta enplegu-gune nagusietarako sarbidea erraztea.

     Une honetan zerbitzu hori ez duten auzoetarako eta herrietarako tren bidezko sarbideak hobetzea (Intxaurrondo, Altza, Hondarribia, etab.).

     Intermodaltasuna sustatzea, garraio publiko-mota desberdinen arteko bidaiari-trukaketako sistemak hobetuz, garraio-mota guztiek era osagarrian eta koordinatuan jardun dezaten.

Egindako mugikortasun-ikerketek aurreikusten dutenaren arabera, etorkizunean Donostialdeko metroa urtean 33 milioi pertsona inguruk erabiliko dute. Hortaz, laukoiztu egingo da gaur egun "satorrak" mugitzen duen bidaiari-kopurua (urtean 7 milioi bidaiari ditu orain). Hau da, egunean 23.000 bidaiari izatetik 116.000 izatera pasatuko da.

Azpiegitura osatzen duten jarduketa guztietatik, Donostiako lurpeko saihesbidea da errentagarritasun ekonomiko, sozial eta finantzario handiena ekarriko duena, –horretarako egindako azterlan baten argitan–; tarte horretan barne-errendimenduaren tasa positiboa izango litzateke.

Donostialdeko metroak zuzeneko zerbitzua emango die Gipuzkoako herritarren % 65i.
 

 

AZALERA-ESKUBIDEAN ERAIKITAKO ETXEBIZITZEN LURZORUA EROSTEKO HIRUGARREN FASEA ONARTU DU JAURLARITZAK

Erabakia, azalera-eskubidean eraikita dauden babes ofizialeko hainbat etxebizitza hartzen duen lurzorua kostu bidez besterantzea baimentzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak baimendu egin du erosketa erregimenean esleituta dauden azalera-eskubideko babes ofizialeko etxebizitzen titularrek lurzorua erosteko hirugarren fasea.

Prozedura hori 19.735 etxebizitza, merkataritzako lokal eta eranskinei dago irekia. Lurzorua erosi ahal izateko gehieneko diru-sarrera haztatuak ez dira izango 50.000 eurotik gorakoak.

Eskabideak aurkezteko epea 2012ko irailaren 3an hasi eta azaroaren 30ean amaituko da.

Gaur onetsi den erabaki horren bitartez, azalera-eskubideko etxebizitzen jabeek etxebizitzen jabetza osoa eskuratu ahal izango dute; hori dela-eta, ez dituzte etxebizitzak galduko 75 urteren buruan, eta horrekin batera, etxebizitzaren balioa ez da urteak igaro ahala murriztuko.

Lurzoruaren balioa zehazteko, eraikinaren balio osoa kalkulatuko da, eta gero zenbateko horri %10 gehituko zaio, lurzoruaren eragin-balioa dela-eta. Ordaindu beharreko azken prezioa jabetza horizontalaren partaidetza-kuoten arabera esleituko da, eta kuotari BEZa gehituko zaio. Lurzoruaren batez besteko prezioa 16.000 eta 7.600 euro artekoa izango da etxebizitzen titularrentzat. Atxiki gabeko garajeen titularrentzat 1.500 eta 1.400 artekoa izango da, eta merkataritzako lokalen titularrentzat 13.000 eta 11.300 artekoa.

Honen aurretik deialdi bi egin dira azalera-eskubideko etxebizitzen lurzorua erosteko: lehenengoa 2003ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko eta behin-behineko kalifikaziodun etxebizitza eta lokalentzat, eta bigarrena 2003a baino geroagoko behin betiko kalifikaziodunentzat.

Aurreko bi fase horietan eraginpean hartutako higiezinen portzentajeak azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen %90a erraz gainditzen badu ere, badaude oraindik zenbait sustapen aukera hori eskaini ez zaiena. Honako hauek dira, hain zuzen: 2003ko urtarrilaren 1a eta gero behin-behinean kalifikatutako aldi baterako babes ofizialeko etxebizitza sustapenak, azalera-eskubidean eraikitako merkataritzako lokalen eta atxiki gabeko eranskinen sustapen bat –hirigintzako jarduketa eremu berean eraikitako etxebizitzei emandako babes ofizialeko kalifikazioa zabaltzeak babestutakoak-, eta 2011ko ekainaren 1etik aurrera kalifikatutako sustapenak.

Badira, bestalde, zenbait etxebizitza jabetza osoko erregimenean baina aldi baterako – 75 urtez- eskualdatuak izan zirenak. Euskal Autonomia Erkidegoak du etxebizitza horien jabariaren gaineko itzultze-eskubidea eta epea amaitutakoan, automatikoki itzuliko dira bere ondarera, etxebizitzetan egin ahal izan diren hobekuntzengatik ezer ordaindu gabe. Itzultze-eskubidea eta azalera-eskubidea eskubide erreal oso desberdinak dira. Azkenean baina, titularrek bietan galtzen dituzte etxebizitzak. Beraz, logikoa da aldi baterako jabeek azalera-eskubideko jabeek duten tratu bera edukitzea, eta horregatik ematen zaie jabetza mugagaberako aukera itzultze-eskubidearen balio ekonomikoa ordainduta.

Hirugarren fase hau aipatutako sustapenei begira ireki da eta legealdi honetan mota honetako azken eragiketa izango denez, irekita egongo da, halaber, arrazoi ezberdinengatik aurreko faseetan erosi ez zuten jabeei ere, baita denbora igarota kalifikaziotik kanpo geratu diren sustapenei ere. Guztira, 19.735 etxebizitza, merkataritzako lokal eta eranskin izango dira (1.031 elementu berriak dira eta 18.704 aurreko 1. eta 2. faseetan erosi ez zirenak).

Bi fase horietan, lurzoruaren jabetza erosi ahal izateko betekizuna zen etxebizitzen jabeen diru-sarrerak ez izatea 25.000 edo 39.000 eurotik gorakoak, etxebizitza soziala edo erregimen orokorrekoa izan. Oraingo honetan, lurzorua erosteko, babes ofizialeko etxebizitzen titularren diru-sarrera haztatuak ezingo dira 50.000 eurotik gorakoak izan. Eta, aldi baterako kalifikaziodun etxebizitzak edota kalifikazio epealdia igarota babes ofiziala galdu duten etxebizitzak badira, titularrek behin betiko kalifikazioa eskatu beharko dute aldi berean.

Aurreko faseetan egin zen bezala, ordaintzeko erraztasunak emango zaizkie lurzorua erosi nahi dutenei. Epe luzeko finantzazioa, interes-tasa txikia, eta eragiketaren eta izapidetzeko gastuen %100 eskatzeko aukera izango dute.

Kontuan hartu behar da, prezioen gaineko agindua 2010eko irailean onartu zenetik aurrera, etxebizitzen azalera-eskubidearen balioa murrizten joango dela denbora pasa ahala, eta etxebizitzak 75 urte betetzetik gertuago dauden heinean.

Gobernuak alokairua bultzatzeko erabiliko ditu horrela lortutako diru-sarrerak.

Prozesu horri ekiteko aukera Etxebizitzaren aldeko Itunean adostu ziren ekintzetako bat izan zen, eta Itun hori 79 erakunde sozialek eta ekonomikok sinatu dute dagoeneko.

Elementuen banantzea

Honela bananduko dira elementuak, motaren (etxebizitzak eta atxikitako eranskinak, merkataritzako lokalak eta atxiki gabeko eranskinak) eta kokapenaren arabera:
 

        Elementu mota Kokapena
Etxebizitzak eta atxikitako eranskinak 15.227 Araba 3.587
Atxiki gabeko garajeak 3.089 Bizkaia 9.218
Atxiki gabeko trastelekuak 235 Gipuzkoa 6.930
Merkataritzako lokalak 1.184    
Guztira 19.735 Guztira 19.735

 

Etxebizitzei eta haiei atxikitako eranskinei dagokionez, hona tipologien arabera banatuta:

 

Etxebizitzen tipologia Guztira %
Etxebizitza sozialak 2.884 18,9%
Erregimen orokorreko BOE 12.343 81,1%
  15.227 100%

Aurreko bi faseak

Orain arte gauzatutako bi faseetan 2.949 elementuren titularrek erosi dute lurzorua eta Jaurlaritzak 32 milioi euro baino zertxobait gehiago (BEZ barne) ingresatu du.

Prozedura

Lurzorua erosteko interesa dutenek Etxebizitzako lurralde ordezkariari zuzendu beharko diote eskabidea, dagokion dokumentazioarekin batera. Eskabidea horretarako egokitu diren erregistro publiko guztietan erregistratu ahal izango dute.

Babes ofizialeko etxebizitzen jabeek lurzorua erosteko finantzazio kualifikatua lortu nahi badute, eskabide-orrian horretarako dagoen atalean adierazi beharko dute.

Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak honako hauek jakinaraziko dizkio eskatzaileari: eragiketaren azken prezioa, dagokion BEZa barne, bai eta ordaintzeko modua eta epea ere. Ordaintzeko epea hilabetekoa da, gehienez ere.

Interesdunak finantza-neurriak eskatu baditu, azken prezioarekin batera jakinaraziko diote neurri horiek emateko edo ukatzeko ebazpena.

Izapide guztiak amaitutakoan, Etxebizitzako lurralde ordezkariak erosteko eskabidearen ebazpen baieslea emango du. Ebazpenean, eskualdatzea formalizatu eta erregistratu ahal izateko datu guztiak jasoko dira, eta interesdunei eskritura publikoa egiteko deituko zaie.

Erosleen kontura izango dira eskualdatzeak eragindako eskritura-, erregistro-, eta zerga-gastu guztiak.
 

 

JAURLARITZAK ETXEBIZITZA BAT EROSIKO DU LEIOAN BIZITOKIA EMATEKO

Erabakia, horren bidez, Leioako Pinosolo 43 eremuan dagoen babes ofizialeko etxebizitza bat eta bere eranskinak erosiko dira, zuzeneko kontratazio bidez, ondoren birkokapenerako erabilia izateko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak babes ofizialeko etxebizitza bat erostea onartu du, zuzeneko kontratazioaren prozeduraren bitartez erostea onartu ere. Etxebizitza Leioako Pinosoloko 43. hiri-eremuan dago, eta, erositakoan, Jaurlaritzak alokairuan esleituko du etxebizitzarik gabe geratutako norbaitek bizitokiren bat izateko.

Jaurlaritzak 132.539 euroren truke erosiko du etxebizitza hori.

Jardun hori Eusko Jaurlaritzak eta Leioako Udalak Leioandin etxebizitzak sustatzeko egindako akordioaren garapenaren esparruan egingo da. Akordio horretan, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen Elexalde etorbideko 2 eta 7 zenbakietan zeuden etxebizitzen eraispenak eraginpean hartutako bizitoki berria emateko espedienteak kudeatzeko eta horren inguruko kalte-ordainak emateko.
 

 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

GIZARTE ZERBITZUEN ERREGISTROA ARAUTZEN DUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Gizarte Zerbitzuen Erregistroei buruzkoa.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu du gizarte-zerbitzuen erregistroen egitura, antolamendua eta erregistratze-prozedura arautzen duen dekretua. Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 legean jasotzen den nahitaezko baldintza bat da, eta eraginpean hartzen ditu gizarte-zerbitzuetako erakunde publiko eta pribatu guztiak, eta horien mende dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten zerbitzu eta zentro guztiak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan egon ala ez.

Erregistroak ezagutza eta publizitaterako tresnak dira, eta, beraz, honako funtzio hauek dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan gizarte-zerbitzuen eremuan jarduten duten erakunde, zerbitzu eta zentroei buruzko ezagutza zehatza ematea, baita, hala badagokio, euskal herri-administrazioekin duten harremanari buruzkoa ere, Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 legean araututako kontzertu-erregimenean kokatzen diren kontzertuak jasoz, baita Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan bildutako zerbitzuen kudeaketarako hitzarmenak eta kontratuak ere.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan jarduten duten gizarte-zerbitzuen publizitate-tresna izatea.
 

 

LANBIDEK PRESTAKUNTZA IKASTAROAK EMANGO DIZKIE BESTE 19.361 ENPLEGU ESKATZAILERI

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa, enplegurako lanbide-heziketako azpisistemaren esparruan eskaintza-prestakuntzarekin zerikusia duten gaietarako diru-laguntzak finantzatzeko. Diru-laguntza horiek batik bat Euskal Autonomia Erkidegoko langileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko erabiliko da.

Euskal Enplegu Zerbitzuak 1.418 prestakuntza ekintza emango ditu urteko bigarren seihileko honetan

Lan merkatuan eskaerarik handiena duten lanbideetara bideratuko dira plaza guztiak. Era berean, profesionaltasun ziurtagirien eskaintza zabalduko da

Izen ematea lanbide.net webgune ofizialaren bitartez egin daiteke, baita Lanbideren bulego sarean ere

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak beste prestakuntza deialdi bat onartu du. Deialdiak 19.361 plaza hartuko ditu barnean urteko bigarren seihileko honetan zehar. Guztira, prestakuntzarako aukera berri honetan, 1.418 ikastaro emango dira, eta horietako askok lan merkatuan eskaerarik handiena duten lanbideekin izango dute lotura. Halaber, profesionaltasun ziurtagirien eskaera gehitu egingo da eta 200ra iritsiko da.

“Gure ereduan, ‘Euskadi ereduan’ alegia, ez dago enplegu prestakuntzarako inbertsioan doikuntzak egiteko tokirik. Horregatik, aurrekontua % 14 gehitu dugu aurten, gobernu zentralak % 53 murriztu duenean” eman du aditzera Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak.

Aurreko deialdietan bezala, Lanbidek Euskal Autonomia Erkidegoko eragile sozioekonomikoengana jo du, egungo egoera ekonomikoan irteerarik handiena duten ogibideak zein diren hobeto jakiteko. “Ez dugu prestakuntzan gastatu nahi, baizik eta prestakuntzan inbertitu nahi dugu. Hori bereiztea oso garrantzizkoa da. Langabea lan merkatuan aktibatzea ahalbidetuko duen prestakuntza ibilbidea egin nahi dugu langabearentzat”, azaldu du Zabaletak.

Ikastaro kanpaina berri hau Enplegurako Lanbide Heziketa emateko homologatuta dauden prestakuntza zentroetan emango da. Eskaintzak espezialitate ugari hartzen ditu barnean, hala nola eguzki instalazioak mantentzea, turismoa sustatzea, sistema mikroinformatikoak muntatzea, Alzheimer gaixoentzako arreta espezializatua eta pertsonei etxean gizarte eta osasun arreta ematea, besteak beste.

Deialdi honek, gainera, kontratazio konpromisoa lotuta duen prestakuntzarako partida bat ere hartzen du barnean. Formula berritzaile horretarako, berrehun enpresak baino gehiagok proiektuarekin bat egitea lortu du Lanbidek, eta, beraz, enpresa horiek enplegua eskainiko diete, prestakuntzaldia amaitutakoan, bertan parte hartu dutenei. Oraingoan, 430 plaza baino gehiago izango dira.

  Profesionaltasun ziutagiriak

Iaztik gertatzen denez, Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzentzen duen sustapen berri honek profesionaltasun ziurtagiri berriak lortzeko aukera ematen du. Espainia osoan ofiziala den eta indarrean dagoen dokumentu horrek langintza jakin bat baliozkotzen du.

Hain zuzen ere, 200 prestakuntza ekintzak baino gehiagok profesionaltasun ziurtagiri bat lortzeko aukera bilduko dute. Besteak beste, aditzera eman behar dira Giza baliabideen kudeaketa integratua, Saiakuntza mikrobiologikoak, Mendeko pertsonei gizarte eta osasun arreta ematea, Fabrikazio mekanikoko produktuak diseinatzea eta tokiko turismoa sustatzea eta bisitaria informatzea modalitateak.

Profesionaltasun ziurtagiria modulu programa bat burututa lortzen da. “Sistema honi esker, ikasleak aurrera egiten du egiaztatze ofiziala lortzeko bidean. Prestakuntza koherente eta osoaren aldeko apustua egin dugu, parte hartzaileak aktibatzeko balio duen eta enpresen premiei erantzuten dien prestakuntzaren alde egin ere” esan du Lanbideren Administrazio Kontseiluko presidenteak.

“Formula horrek abantaila gehigarri bat du; pertsonak profesionaltasuna egiaztatuta duen eremuan lan esperientzia badu eta hori frogatzen badu, ez da beharrezkoa izango prestakuntza prozesu honetako zenbait zati egitea”, esan du Zabaletak, amaitzeko. Adibidez, erakunde batean mendeko pertsonei arreta ematen lan esperientzia metatua duen titulurik gabeko pertsona batek.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

EUSKO JAURLARITZAREN OSASUN ETA KONTSUMO SAILAK 2,6 MILIOI EURO BIDERATUKO DITU 2012AN DROGA MENDETASUNEN ARLOAN HAINBAT JARDUERA EGITERA

Agindua, 2012ko ekitaldian talde teknikoak mantentzeko, drogamendekotasunen prebentzio komunitariorako programak garatzeko eta arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko proiektuak egiteko laguntza ekonomikoetarako deialdia egiten duena.

Osasun eta Kontsumo Sailak 2.681.075,15 euro bideratuko ditu 2012. urtean, toki erakunde eta irabazi asmorik gabeko erakundeentzako diru laguntza gisa. Laguntza horiek droga mendetasunaren arriskuak eta droga mendetasunak eragiten dituen kalteak prebenitzeko eta murrizteko jarduera eta ekimenak garatzeko izango dira.

Laguntzaren helburua da programa eta proiektuak EAEko Mendetasunei buruzko VI. Planaren jardun ildoetan hobeto txertatuta edukitzea, premia berriak azaleratzea eta premia horiei erantzungo dieten proiektu berrien alde egitea, baita proiektuak eta programak hobetzen laguntzea ere. Bestalde, laguntzak hainbat lerro ditu.

Alde batetik, tokiko erakundeetara (udalak, mankomunitateak edo partzuergoak) bideratutakoa, 1.757.752 euroko zenbatekoa izango duena, udaletako prebentzio lantalde teknikoei eusteko eta droga mendetasunei buruzko tokiko planei atxikitako prebentzio komunitarioko programak eta esku hartzeak egiteko. Eta, bestetik, irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko erakundeetara bideratutakoa, arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta murrizteko proiektuak egiteko; lerro horrek 923.323 euroko zenbatekoa izango du.

Diru laguntza horiek arautzen dituen agindua abuztuaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da. Eskabideak aurkezteko epea abuztuaren 17an hasiko da eta hilabete iraungo du, egun horretatik aurrera.
 

 

KULTURA SAILA

OÑATIKO HERRIGUNE HISTORIKOA MONUMENTU MULTZOAREN KATEGORIAN KULTURA ONDARE IZENDATU DUTE

Dekretua, Oñatiko herrigune historikoa (Gipuzkoa) kultur ondasun, monumentu-multzo kategoriarekin, kalifikatzeko eta haren babes-araubidea ezartzeko dena.

Gobernu Kontseiluak, Oñatiko Herrigune Historikoa (Gipuzkoka) Kultura Ondasuntzat sailkatu du Monumentu Multzoaren kategorian, Blanca Urgellek zuzentzen duen Kultura Sailak proposatuta, eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroan sartu dute.

Sailkatutako Ondasuna mugatzeko kontuan hartu da zein aldetan garatu den herrigunea hazkunde aldi bakoitzean, hau da, Kale Zaharra, Kale Barria, Atzeko Atea eta zenbait herri-eremu (“Sistevientos", Santa Maria Plaza eta Santa Ana komentua) lortzen dituzten luzapenekin osatutako ardatza. Halaber, muga naturalak ere kontuan izan dira, hala nola ibaien ibilgu naturalak eta eraikuntzen atzeko aldeei dagozkien inguruak eta parkeak, baita Lazarraga Jauregiko eremu berde pribatuak eta Unibertsitateko mendebaldeko eremu publikoak ere, baina kanpoan utz idira errekaren hegoaldeko errabalak, aldaketa handikoak batira.

Jatorriak

Oñati Gipuzkoako probintziako udalerri zabalena da eta bertan egin zen Euskal Herriko lehen Unibertsitatea 1543. urtean. Unibertsitateak monumentu-ondare garrantzitsua du. Gaur egungo Herrigune Historikoaren egungo kokalekuaren jatorria zehazteko moduko agiririk ez dago, baina badago jatorrizko herriaren inguruko eta Guebara etxearen inguruko bibliografia (1148. urtekoa da etxea baina gaur egun badakigu testu hori ez dela hain zaharra); gainera zenbait agiritan 1200eko urteko San Miguel elizaren inguruan osatzen zela herria agertzen da.

Ondoko berezitasuna dauka: jaurgoko udalerri gutxietako bat zen eta gero Konderri izatera pasa zen (XIII. mendeko dokumentu batzuen arabera, titulu hori Guebaratarrek erabiltzen zuten, geroago Oñatiko Konde izan zirenek). Hori dela-eta, Gaztelako erregeak zenbait eskubide eta pribilegio eman zizkien eta haien bidez botere politikoa, judiziala, ekonomikoa eta erlijiosoa kontrolatu zuten. Herritarrek jauntxoen boteretik askatzeko saio asko egin bazituzten ere 1388tik 1540ra, 1845. urtean gertatu zen Gipuzkoarekiko behin betiko anexioa.

Oñatiko Herrigune Historikoa ibilbide historiko baten ondorioa da eta monumentu kopuru handia ditu: jauregiak, jauretxeak, etxetzarrak eta, tartean hainbat erlijio eraikin bikain, hiri bizitzako ehunka urte biltzen dituen egitura batean.

Ibar erdian kokatutako Monumentu Multzo bitxia da. Jatorrizko herria XIII. mendekoa da eta inguru honetan egituratu zen: Kale Zaharraren zati bat –San Migel elizaren ondoan igarotzen da, eta Erret Bideak Oñatitik pasatzean egiten duen trazatua markatuz–, San Anton kalea, Santa Marina plaza eta Mendiko kalea, hau da, Zumeltzegi muinoaren inguruan, Arrano-aitz errekaren eskuineko ertzean, Santa Marina izan ezik.

XIII. mendearen amaieran edo XIV. mendearen hasieran zabalgunea sortu zen, hiriaren hiri-bilbea beste aldera zabaldu, eta banaketa eta okupazioko modu ordenatu . Kale Barria eta Atzeko Kale dira, non herri eraikuntzak dira nagusi, material onekin eta lerro soilekin egindakoak. XV. mendean, San Miguel parrokian beste bi nabe gotiko egin ziren eta haren inguruan “Sietevientos” ingurunea osatu zen.

XVI. mendean Unibertsitatea instalatu zenez eta merkataritzaren eta eskulangintzaren garapena gertatu zenez, hazkundeko dinamikarekin jarraitu ahal izan zuen, eta ondoz ondo beste hiri espazio batzuk egituratu ziren. XVII- XCIII mendeetan urbanizatzeko prozesuak aurrera jarraitu zuen eta Kale Barria eta Kale Zaharra zenbait zubirekin batu ziren. Gainera, XIX. mendearen amaieran, Foru plaza eta Santa Maria sortu ziren.

Eskema lineala nagusitzen da, Kale Zaharraren, Kale Barriaren eta Atzeko Kalean inguruan, eraikuntza atxikiko orube estu eta sakonak dituena. Foruen plazako eremua topaleku moduan sortu zen, «Sietevientos» aldeko bilgune txikia hobetzeko. Eskema lineal horren adarkatzeak ibilbide irregular batzuetan gauzatzen dira, Kale Zaharra Kale Barriarekin batuz, eta hego-ekialdean bide-zati isolatu batzuetan, errebalek zati batean desitxuratu egiten baitute egitura hori. Hala ere, ardatzen indarrak eta adarkatzeak egituratzen dituen Foruen plazaren eskalak irakurketa argia ematen diote hiri-bilbearen multzoari.

Dekretuak, gainera, Herrigune Historikoa osatzen duten elementu guztiak babesteko mailen eta neurrien inguruko zehaztasuna jaso du, bai arkitektura, historia edo arte balioa duten eraikin eta higiezinena, bai kale, kantoi, plaza, parke edo patio zein karkabena.
 

 

JAURLARITZAK 200.000 EURO BIDERATUKO DITU KULTURA SORMENERA

Gobernu Kontseiluak Kultura sailburuaren Agindu bat onetsi du, 2012. ekitaldian kultura sormenari diru-laguntzak emateko erregimena arautuko duena. Diru-laguntza horren zenbateko osoa 200.000 euroko dira.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak uste du interesgarria dela antzerki testuen, zine gidoien eta musika osaketen sorrera sustatzen jarraitzea, eta horretarako, zenbait laguntza ekonomiko eman beharko dira sortzaile horien lana, euskaraz egindakoa zein gazteleraz egindakoa, saritzeko. Azken helburua, gure herrialdean kultura ikuspegitik abiatuta antzerkiko, ikus-entzunezko eta musikako sektoreak sendotzea da, oso garrantzitsuak eta beharrezkoak baitira.

Hori dela-eta, Agindu honen bidez, antzerki testuak eta zine gidoiak egiteko zein musika sortzeko 2012an laguntzak emateko deialdia egin eta baldintzak ezarriko dira. Aurrekontua 200.000 eurokoa da. Kopuru osoa, deialdi honetan sartu diren modalitateen artean banatuko da ondoko modu honetara:

a) 39.600 euro antzerki testuak burutzeko.

Laguntza horien bidez, 2012. ekitaldian jatorrizko antzerki testuen sorrera sustatu nahi da; testu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bietako batean egon beharko dira. Antzerki testuak sortzeko diru-laguntzen zenbatekoa 39.600 euro dira; 6.600 euroko sei laguntza emango dira: hiru laguntza euskaraz idatzitako antzerki testuetarako eta beste hiru gazteleraz idatzitako testuetarako.

b) 127.400 euro zine gidoiak egiteko.

Laguntza horiek, fikzioko, animazioko edo eta dokumentaleko zine eta telebista gidoiak egiteko dira, euskarria edozein izan daiteke eta Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bietako batean idatzita egongo dira. Atal honetan aurreikusi den gehienezko kopurua 127.400 euro dira, eta modu honetara banatuko da kopuru hori:

- 13.700 euroko zazpi laguntza 30 urtetik gorako gidoi-egileentzat edo zinema areto komertzialetan erakusteko moduko film luzeren bat duten 30 urtetik beherakoentzat. Behintzat hiru laguntza euskaraz idatzitako gidoientzat izango dira, eta behintzat hiru laguntza gazteleraz idatzitako testuentzat izango dira.

- 10.500 euroko hiru laguntza zinema areto komertzialetan erakusteko moduko film luzeren batean gidoi-egile moduan agertzen ez diren 30 urtetik beherakoentzat. Behintzat hiru gidoi euskaraz izango dira, eta behintzat hiru gazteleraz izango dira.

 c) 33.000 euro musika osaketak egiteko.

Laguntza horiek musika osaketak egiteko da. Musika osaketa, partitura batean jasotako jatorrizko musika obra da, eta musika elektroakustikaren kasuan, grabazioa izango da. Atal honetan aurreikusi den gehienezko kopurua 33.000 euro dira, eta modu honetara banatuko da kopuru hori:

- 6.000 euroko bi laguntza obra sinfonikoetarako; hamabost minutuko iraupena baino gehiago izan beharko dute.

- 3.000 euroko lau laguntza hamabost minutu baino gutxiagoko obra sinfonikoetarako eta ganbera taldeentzat egindako obretarako (taldean behintzat hiru kide izango dira eta edozein iraupena izan dezake), edo 10 minutu baino gehiagoko bi musika-tresnetarako.

- 1.500 euroko sei laguntza hamar minutu baino gutxiagoko obrentzat, betiere gehienez bi egile badira.

Elektroakustikako musikako proiektuak, bigarren edo hirugarren kategorian sartuko dira iraupenaren arabera (10 minutu baino gehiago edo gutxiago).

Laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotako pertsona fisikoek eska ditzakete, baita Agindu hau argitaratzen den egunean, behientzat urtebete badaramatenek hemen bizitzen ere. Jatorriz euskaraz idatziko dituzten proiektuak aurkezten dituztenek, ez dute aurreko paragrafoan jasotako baldintzak bete beharko. Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez badezake ere, onuradun bakoitzak eta laguntzen modalitate bakoitzean diru-laguntza bakarra jaso daiteke.

Eskaerak aurkezteko epea Agindua honek ondorioak sortzen dituenean hasi eta 2012ko irailaren 28an amaituko da.