2012/09/04 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
1,5 milioi euro, sare pribatuan hirueletasuna sustatzeko.
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko ikertzaile eta teknologoak prestatzeko 2012ko laguntzetarako deialdia onartu da
KULTURA SAILA
Eusko Jaurlaritzak 19,7 miloi euro onetsi ditu euskaltegi pribatuei eta euskara ikasteko zentro homologatuei laguntzeko
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

1,5 MILIOI EURO, SARE PRIBATUAN HIRUELETASUNA SUSTATZEKO.

Erabakia, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxeekiko arauzko edota estatutu-harremanak dituzten elkarte eta federazioentzat diru-laguntza zuzena ematen duena. Diru-laguntza 2012-13 ikasturtean sare pribatuan hirueletasuna bultzatzeko izango da. Aldi berean laguntza jasotzeko bermea osatzeko beharraz salbuespena egiten da Kristau Eskola eta Euskal Herriko Ikastolak (S. Coop. Europea) izenekoaren kasuetan.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuekin estatutu- edo arauzko harremanak dituzten federazioei eta elkarteei dirulaguntza zuzen bat emateko erabakia, 2012-2013 ikasturtean itunpeko sare pribatuan hirueletasuna sustatzeko.

Dirulaguntzak, 1.513.989 euroko zenbateko globalekoak, ondorengo eremuetan jarduera espezifikoak egitea du helburu: Oinarrizko Irakaskuntzako eta Batxilergoko irakasleen prestakuntza, 800.000 euro emango dira eremu horretarako, eta hezkuntza hirueledunaren markoaren esperimentazioa, 731.989 euro emango dira eremu horretarako.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

NEKAZARITZA, ARRANTZA ETA ELIKADURAREN SEKTOREKO IKERTZAILE ETA TEKNOLOGOAK PRESTATZEKO 2012KO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA ONARTU DA

Agindua, urriaren 23ko 185/2007 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzetarako deialdia egin duena 2012. urterako. Izan ere, Dekretu horrek euskal nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako zientzia, teknologia eta enpresaren inguruan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzak ezarri ditu.

Jaurlaritzaren Kontseiluak euskal nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko zientzia, teknologia eta enpresaren inguruan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko 2012eko laguntzen programa onartu du.

Jaurlaritzak, horrenbestez, bide eman dio Pilar Unzalu sailburuak laguntza-lerro honetarako deialdia egiteko emandako aginduari. Laguntzen zenbatekoa 807.093 eurokoa izango da guztira; horietatik, 53.900 euro 2012eko ekitaldiari dagozkio, eta 753.193 datozen ekitaldietarako konpromiso-kredituak dira.

Programa honetan, diru-laguntzak emango dira teknologo berriak bi urte enpresa batean aritu daitezen eta beren prestakuntza-prozesuari lotutako ikerketa-proiektu bat egin dezaten. Horretaz gainera, bekak emango dira, arloari lotutako doktore-tesiak egiten lau urtean zehar lan egiteko.
 

 

KULTURA SAILA

EUSKO JAURLARITZAK 19,7 MILOI EURO ONETSI DITU EUSKALTEGI PRIBATUEI ETA EUSKARA IKASTEKO ZENTRO HOMOLOGATUEI LAGUNTZEKO

Eusko Jaurlaritzak, gaur egin duen bileran, 19.720.000 euroko partida bat onetsi du; horren bitartez, laguntza ekonomikoa emango die euskaltegi pribatuei eta euskara ikastaroen bidez norberak bere kasa ikasteko aukera ematen duten zentro homologatuei 2012/2013 ikasturterako.

Kopuru hori ondoko moduan banatuko da: 16,6 miloi euskaltegira joanez ematen diren ikastaroetarako; 1,1 miloi euskaltegietan eta zentro homologatuetan eskaintzen diren norberak bere kasa ikasteko ikastaroetarako; 620.000 euro barnetegietarako; eta miloi bat euro eta 400.000 euro, hurrenez hurren, administrazioarekiko hitzarmenen arabera taldeak eskolatzen dituzten euskaltegietarako. Kasu guztietan, finantzaketa publikoa diruz lagundutako jardueraren aurrekontu osoaren %70koa izango da.

Laguntza horren onuradunek HABEren erregistroan izena emanda egon beharko dute, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izan beharko dituzte eta giza eskubideak zein pertsonen arteko bizikidetza baloreak errespetatu beharko dituzte. Hori dela-eta, ezingo dute ikusteko moduan jarri herritarrentzat iraungarri izan daitekeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezakeen edo indarkeria nolabait justifika dezakeen sinbolo edo elementurik.

Ebazpena urtea amaitu baino lehen emango da jakitera eta laguntza horiek beste batzuekin bateragarri izango dira, betiere diruz lagundutako jarduera gehiegi finantzatzen ez bada. Honako hauek nabarmendu ditzakegu: langile gastuak, lokalak alokatzea, mantenu gastuak (barnetegien kasuan), garbiketa, didaktikoak, etab. Halaber, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko helburuarekin, entitate onuradunek justifikatu behar dute gutxienez diru-laguntzaren %3 hobetzeko prozesuetarako erabili dutela (irakasleak trebatzeko, Informazioaren eta Komunikazioaren teknologietarako, material pedagogikoa sortzeko, kudeaketa hobetzeko, etab.erako).