2012/09/18 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
Aurten ere, Arkautek Segurtasunean eta Larrialdietan Graduatua izeneko unibertsitate-titulua emango du UPV/EHUrekin lankidetzan
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Garraioaren arloko laguntzak
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Enpresa kooperatibo eta lan-sozietateak eratzeko laguntzak
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Indikoan dauden euskal atunontzietako arrantzaleen babeserako konpromisoa 2012. urterako berritu da 1.396.500 euroko kopuruarekin
HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

AURTEN ERE, ARKAUTEK SEGURTASUNEAN ETA LARRIALDIETAN GRADUATUA IZENEKO UNIBERTSITATE-TITULUA EMANGO DU UPV/EHUREKIN LANKIDETZAN

Erabakia, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko baimena ematen duena. Lankidetza-hitzarmen hori Segurtasunaren eta Larrialdien Kudeaketako gradu titulua, Unibertsitatearen berezko titulua, lortzera bideratutako azterlanak garatzeko egingo da.

Akademiaren eta Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena datozen hiru ikasturte akademikoetara hedatzen da

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena berritzea onetsi du gaur Gobernu Kontseiluak. Horren arabera, datozen hiru urteetan Segurtasunaren eta Larrialdien Kudeaketan Graduatua izeneko unibertsitate-titulua emango da. Tituluaren lehenengo promozioa iaz jarri zen abian, eta esperientzia berria da segurtasuneko prestakuntza-zentroetarako. Segurtasun publikoaren arlo ezberdinetan lan egiten dutenen trebakuntza profesionala hobetzera zuzenduta dago, eta arlo horrekin lotutako unibertsitate-titulazio espezifikoa lortzeko aukera ematen zaie.

Segurtasunaren eta Larrialdien Kudeaketan Graduatua izeneko titulua lortzeko, guztira, hiru ikasturte behar dira. Lehenengo maila gainditzen bada, titulazio hauek lortzeko aukera dago: Segurtasun Zuzendaria eta Segurtasun Aholkularia; horrez gain, lan-arriskuak prebenitzeari buruzko oinarrizko titulazio ofiziala ere lor daiteke. Lehenengo maila komuna gainditu ostean, hurrengo bi mailetako prestakuntza bi adarretan espezializatzen da: segurtasuna edo larrialdiak. Hiru mailetako bakoitza gainditzean, 60 unibertsitate-kreditu lortzen dira; titulazio osoak 180 kreditu ditu.

Tituluaren xedea honakoa da: segurtasun-arloko profesionalei (ertzainei, udaltzaingoko agenteei, segurtasun pribatuko langileei edota, oro har, larrialdietako sektoreko langileei) euren trebakuntza profesionala hobetzeko aukera ematea. Horrez gain, unibertsitate-titulazioa lortuko dute, eta, horri esker, aukera gehiago izango dituzte lanpostu tekniko edo erantzukizuneko lanpostu batzuetara sartzeko. Ekimen hau sustatu duen Arkauteko Akademia, aitzindaria horretan, Tituluaren Batzorde Akademikoko kidea da.

Eskolak Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Eskolan ematen dira, eta erdipresentzialak dira. Horri esker, dagoeneko lanean ari diren profesionalak eskoletara joan ahal izango dira. Egun presentzialak ostirala eta larunbata dira. Gainerako egunetan, ikasturtea urrunetik jarraitzen da, UPV/EHUko Campus Birtualaren bitartez. Ikastaroak emateko, guztira, maila goreneko laurogei irakasle inguru dituzte UPV/EHUk eta Arkauteko Akademiak, eta ia horien erdiak unibertsitate-doktoreak dira. Ikasturte berri honetan, guztira, berrogei plaza eskaintzen dira. Horiei gehitu egin behar zaizkie lehenengo edizioan izena eman zuten berrogei ikasleak.

Eusko Jaurlaritzak gaur onetsi duen hitzarmenak hau jasotzen du: Akademiak 169.500 euroko inbertsioa egingo du datozen hiru ikasturteak finantzatzeko: 49.500 euro aurtengo ikasturterako eta urteko 60.000 euro hurrengo bi ikasturteetarako. Aurrekontu-partida horiek honako hauek jasotzen dituzte: irakasleen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordainsariak, beharrezko material didaktikoa erostea, aseguruak eta bestelako gastuak.

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

GARRAIOAREN ARLOKO LAGUNTZAK

Jaurlaritzaren Kontseiluak garraioen arloko hainbat laguntza-programa onartu ditu. Honako hauek dira:

Nazioartekotzea

Nazioartekotze planak egiteko eta planak atzerrian ezartzeko laguntza-programak. 2012an zehar gauzatu beharko dira eta 50.000 euro jarriko dira xede horretarako.

Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte salgaien eta bidaiarien errepideko garraio, trafikoa eta mugimenduaren arloan diharduten eta Euskal Autonomia Erkidegoan helbidea duten pertsona fisiko zein juridikoak.
 

Enpresa-kontzentrazioa

Salgaien errepideko garraio publikoaren arloko enpresen kontzentrazioa bultzatzea helburu duten 2012ko laguntza-programak. 300.000 euro jarriko dira programa horietarako. Euskal Autonomia Erkidegoan helbidea duten pertsona fisiko zein juridikoak jaso ahal izango dituzte, salgaien garraio publikoan jarduteko gutxienez urte beteko antzinatasuna duen baimena baldin badute.

Elkartegintza

Euskal Autonomia Erkidegoan errepideko garraioaren arloko elkarte profesional eta enpresarialen artean elkartegintza sustatzeko laguntza-programetarako 80.000 euro jarriko dira.

Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren eta jarduera osagarrien arloko elkarte profesional eta enpresarialek, horien federazio eta konfederazioek eta kooperatiben federazio eta konfederazioek.

Teknologia berriak

Laguntza-programa hauen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien garraiorako ibilgailuetan teknologia berriak jartzea bultzatuko da (lokalizazio eta kontrolerako ekipamenduak eta elementuak –satelite bidezkoak edo antzekoak– eta segurtasun-elementuak), zerbitzu seguruagoa, hobea, gardenagoa eta arinagoa emateko. 300.000 euro bideratuko dira helburu horietarako.

Kalitatea kudeatzeko eta ingurumen-kalitatea kudeatzeko sistemak

Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien garraio publikorako enpresetan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeko laguntzak, zerbitzu seguruagoa, hobea, gardenagoa eta arinagoa emateko. 30.000 euro jarriko dira horretarako.

Salgaien garraio konbinatua

Laguntza-programa honen bitartez errepideko salgaien ibilgailu astunetatik karga itsasora eta trenbidera eraman nahi da, ahal den neurrian euskal errepide-sarea kamioi astunetatik arintzeko. 200.000 euro jarriko dira programa horretarako.


 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

ENPRESA KOOPERATIBO ETA LAN-SOZIETATEAK ERATZEKO LAGUNTZAK

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 1,38 milioi euro bideratuko ditu guztira 2012an eratzen diren gizarte-ekonomiako enpresa-proiektuak (KOOPERATIBA ETA LAN-SOZIETATEAK) finantzatzera, bai eta sektore horretako enpresek planifikatzen duten lurralde-sustapenera ere. Gobernu Kontseiluak gaur onartu du horrelako diru-laguntzak ematea arautzen duen agindua.

Gizarte-ekonomian ekiteko laguntzak, hain zuzen ere, enpresa-erronka bazkide gisa eta nork bere lana sortzeko modu gisa beren gain hartzen duten langileek eurek eratutako enpresa-ekimenak sustatzera zuzenduta daude, honako honen bitartez: elkarrekiko autolaguntza, erantzukizun, elkartasun eta parte-hartzean oinarritutako enpresa bat sortuz. Aurtengo ekitaldian, eratutako enpresa kopurua 80ra iritsi da, eta guztira 400 enplegu sortu dira. Era berean, lurralde-sustapeneko 3 plan onartu dira.

Azken 15 urte hauetan, laguntza-programa honek eraginkortasun frogatua erakutsi du enpresa-sorkuntzan; izan ere, kalitateko enplegua sortzeaz gain, enpresa-jarduera eta enpresa-izpiritua sustatzen ditu, Europar Erkidegoak aldezten duen bezala.

2011n, laguntzek aukera eman zuten 94 enpresa-proiektu sortzeko. 341 pertsonari eman zieten enplegua, eta haietatik, 98 emakumeak ziren.

Berritasun nagusi moduan, 2012an laguntza-prozesu guztiaren tramitazio telematikoa egiteko aukera sartu da, eta hori nahitaezkoa izango da lurralde-sustapen planifikatuko lerroaren onuradunentzat. Atal horren barruan, laguntza eskatzen duten erakundeek gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatu beharko dute horrelako lurralde-sustapenean, laguntza horien onuradun izan ahal izateko.
 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

INDIKOAN DAUDEN EUSKAL ATUNONTZIETAKO ARRANTZALEEN BABESERAKO KONPROMISOA 2012. URTERAKO BERRITU DA 1.396.500 EUROKO KOPURUAREKIN

Erabakia, Echebastar Fleet, Atunsa, Pevasa, Inpesca eta Albacorari zuzeneko diru-laguntza bat ematekoa. Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoan portu basea duten atunketari izozkailuen segurtasuna bermatzen laguntzea.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran, 1.396.500 euroko dirulaguntza ematea erabaki du 2012. urtean Indiako Ozeanoan lanean dauden euskal atun-ontzietako arrantzaleak babesteko.

Gobernu Kontseiluak horrela, Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aginduari bide eman dio, zeinen bitartez, Eusko Jaurlaritzak, Indiako Ozeanoan lanean dabiltzan eta egoitza-portua Euskadin izan eta Espainiako bandera duten atun-ontzietako arrantzaleak babesteko neurrien kostuaren %25 ordainduko duen.

2012. urteko kanpainarako, Indiako Ozeanoko uretan aritzen diren barkuetako armadoreek 5.586.000 euroko aurrekontua aurkeztu dute babes-neurrien kostuari aurre egiteko (10 atun-ontzi eta 3 itsasontzi laguntzaile). Horietatik Eusko Jaurlaritzak 1.396.500 euro ordainduko ditu.

Gobernu Kontseiluak 2012. urterako 1.395.500 euroko kreditu gehigarria bideratu zuen joan den uztailean, Indiako Ozeanoan lanean dauden euskal atun-ontzietako arrantzaleak babesten dituen segurtasun pribatua ordaindu ahal izateko.

Aurreko urtean bezala, hitzarmena sinatzearekin batera emango da kopuru osoaren %25 eta, gainontzeko %75, gastu guztiak justifikatzen dituzten faktura, memoria, ziurtagiri eta bestelakoak aurkezten direnean.