2012/10/16 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Irakasle diren langileak (RPT)
Ordainsari-osagarri
Unibertsitate tituluak
HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
Ertzaintzaren ohorezko kondekorazio eta sarien erregimena eguneratu da
Onartu egin dute Euskadiko Udaltzaingoen Erregistroa eta Udaltzainen akreditazio profesionalerako sistemak arautzen dituen Dekretua
Ertzaintzan bigarren jarduerara igarotzeko alderdiak aldatzen dituen Dekretua onartu da
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Jaurlaritzak Bizkaiko Garraio Partzuergoari esleitu dio Bilboko alde zaharreko tren-geltokiari erantsita dagoen eraikina
Gobernuak 4,2 milioi emango dizkio Etxegintzari, alokairuko 105 etxebizitza egiteko Donostian
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Euskadik lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75eko diru laguntza mantentzen du urritasuna duten pertsonen enplegurako
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetako sendagaien gordailuei buruzko dekretua
Agindua, osasunaren alorreko lana Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen duten eta gaixoen kolektiboen eta haien familien bizi kalitatea hobetzera bideratutako jarduerak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko erakundeei zuzendutako laguntzen deialdia egiten duena, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzeko
Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzko dekretua aldatzeko dekretu proiektua
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Euskal Autonomi Erkidegoko hots-kutsaduraren Dekretua
Euskadiko ehizarako espezieen zerrendak ezartzen dituen dekretua onartu da
Vitoria-Gasteizen nekazaritza ekologikoa bultzatzen duen Basaldea proiektua garatzeko akordioa onartu da
Arnoko, Izarraitzeko, Pagoetako, Garate-Santa Barbarako eta Ernio-Gazumeko Zaintzeko Eremu Bereziak hautatzen dituzten dekretuak onartu dituzte
Euskadiko ingurumen lankidetzarako erakundeak arautzen dituen dekretua onartu da
Mindaren banaketarako zerbitzuaren kudeaketa eta koordinazio kostuen finantzaziorako dirulaguntza zuzen gehiagarriak onartu dira
Euskadiko itsas-ur eta erkidego arteko arroetako gune sentikorrak zehazten dituen dekretua onartu da
Euskal Autonomia Erkidegoko 14 ibai eta estuario zaintzeko eremu berezi hautatzen dituen dekretua onartu da
Plan eta programa publikoen ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen dekretua onartu dute
KULTURA SAILA
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) arautuko duen dekretua onartu da
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

IRAKASLE DIREN LANGILEAK (RPT)

Dekretua, haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoetako maisu-maistren lanpostuen nahiz helduen hezkuntzako ikastetxeetako eta patronatuetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-ordezkaritzetako lanpostuen zerrendak onartzeko 2012-2013 ikasturterako.
Dekretua, Honen bidez onartu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako lanpostu-zerrenda. Lanpostuok lan-kontratuko irakasleentzat eta Bigarren Hezkuntzako Katedradunen, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Irakaskuntza Ertainen Institutu Teknikoetakoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen, Musika eta Arte Eszenikoko Irakasleen, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat dira.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran ondorengo dekretu-proiektuak onartu ditu:

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Helduen Hezkuntzako ikastetxetan maisu-maistren lanpostuen zerrendak onartzen dituena.

Eta 2.- Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako lanpostuok lan-kontratuko irakasleentzat eta Bigarren Hezkuntzako Katedrunen, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Irakaskuntza Ertainen Institutu Teknikoetakoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen, Musika eta Arte Eszenikoko Irakasleen, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen kidegoetako funzionarioentzat erreserbaturako lanpustuen zerrenda onartzen duena
 

 

ORDAINSARI-OSAGARRI

Dekretua, unibertsitatekoak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako zuzendari-karguari dagokion ordainsari-osagarri espezifikoaren zati baten finkapenari buruzkoa.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du unibertsitatekoak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako zuzendari-karguari dagokion ordainsari-osagarri espezifikoaren zati baten finkapenari buruzko dekretua.

 

  

UNIBERTSITATE TITULUAK

Graduko, Masterreko eta Doktoretzako unibertsitate-tituluen egiaztatzea berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dituen dekretua.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate tituluen egiaztapena berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dituen dekretua.  

HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

ERTZAINTZAREN OHOREZKO KONDEKORAZIO ETA SARIEN ERREGIMENA EGUNERATU DA

Dekretua, Ertzaintzako kondekorazio eta ohorezko sari erregimenari buruzkoa.

"Zerbitzu-egintzaren" izaera ezarri eta eguneratu da eta kondekorazio eta sari mota desberdinak arautu dira

Gobernu Kontseiluak gaurko batzarrean onartu du indarrean dagoen Ertzaintzaren ohorezko kondekorazio eta sarien erregimena aldatu eta eguneratzen duen Dekretua. Aldakuntza 2008an araua onartu zenetik bildutako esperientziaren eta ordutik azaldutako beste lege-mailako xedapenen eransketaren emaitza da. Aldaketa honi esker, "zerbitzu-egintzaren" izaera eguneratu eta hobetu da eta bai ertzainei baita beste profesional eta erakundeei ohorezko domina eta sari mota desberdinak ematea aratu da.

"Zerbitzu-egintzaren" aitorpena Euskal Herriko Poliziaren Legean bilduta dago, ezohizko izaeradun polizia-jardunak onartze aldera. 2004ko geroagoko Dekretu batek aipatutako zerbitzu-egintzaren ondorioz emandako kondekorazio eta sarien erregimena zehazten du, aitorpen horri lotutako alderdi juridiko eta ekonomikoak zehaztearekin batera.

Zortzi urte hauetan bildutako eskarmentu praktikoak eta berehalakoan gertatutako legezko xedapen berrien eragin arauemaileak gomendatzen dute gaur egun Dekretu hura aldatzea, honako alderdiak hobetuz: zerbitzu-egintzatzat hartzen denaren interpretazio juridikoa zein arrazoi desberdinek eragindako balizko heriotza-, baliaezintasun- edo lesio-kasuen objektibazioa. Horrez gain, beharrezkoa da ohorezko kondekorazio eta sariak berriro ere definitzea eta sailkatzea, urte hauetan antzemandako beharrizanekin bat etorriz.

Hortaz, Herrizaingo, Justizia eta Herri-administrazio Sailak horrela proposatuta gaur onartutako Dekretuaren bitartez ondorengoak ere kontuan hartuko dira zerbitzu-egintzatzat: atentatu terroristek edo indarkeriazko bestelako ekintzek eragindako heriotza, baliaezintasun zein lesio iraunkorrak. Zerbitzu-egintzatzat hartuko da baita ere istripu baten eraginezko heriotza edo zerbitzuan zehar gertatutako beste edozein heriotza bortitz.

Atal ekonomikoari dagokionez, Dekretu berriak ezartzen du heriotzagatiko zerbitzu-egintzaren aitorpenak eragingo duela oinordekoek funtzionarioaren soldatari dagozkion bi urteroko jasotzea. Eurena baino maila altuagoko kategorian diharduten funtzionarioen kasuan, kategoria horretara igotzeko aukera ere jasotzen du Dekretuak. Zerbitzu-egintzatzat hartutakoek eragindako nahitaezko erretiroaren kasuan, funtzionarioak bere pentsioari gehituko zaion prestazio ekonomikoa jasoko du. Lesioen kasuan, hirurteko bati dagokion aldian behingo hileroko prestazio ekonomikoa jasoko da.

Kondekorazioak eta sariak

Dekretuak jasotako ohorezko kondekorazio eta sarien arauketa berriak domina eta sari mota desberdinak ordenatzen ditu berriro ere, hauek ematerako orduan uniformeagoak eta homogeneoagoak diren irizpideak baliatuz. Horretarako, polizien lana aitortzeko dominen barnean hiru maila ezarri dira: bereizgarri gorri, berde edo zuriak, hurrenez hurren. Gainera, bi diploma mota bereizi dira baita ere: bereizgarri gorri edo zuriekin.

Polizien lana aitortuko duen bereizgarri gorria daukan domina ezohizkoak diren ekintzak edo ertzainaren bizitza arriskuan jarri duten ekintzak aitortzeko emango da. Aldiz, bereizgarri berdea duen dominak bizitza arriskuan jartzen ez dituzten gertaera aipagarriak sarituko ditu. Bereizgarri zuria daukan domina emango zaie ereduzko jarrera izan duen ertzainari, polizien egitekoetan nabarmentzen diren ertzainei edota Ertzaintzaren izen onerako mesedegarriak diren lan zein ikerketa zientifikoak burutzen dituzten ertzainei. Bereizgarri gorri zein berdea daukaten dominak jasotzearekin batera, hirurteko baten balio bereko hileroko prestazio ekonomikoa jasoko da.

Polizia zerbitzuari emandako diplomak, bere aldetik, ertzainen jardunbide profesionala sarituko du. Bereizgarri zuria duen diploma zerbitzu eraginkorreko hogei urte betetzean emango da, diziplinazko faltarik egin ez bada. Bereizgarri gorria duen diploma emango da zerbitzu eraginkorreko hogeita hamar urte betetzean.

Polizien lana aitortze aldera emango diren domina eta diplomak merezimendutzat hartuko dira lanpostuak betetzeko eta barne-promoziorako deialdietan.

Dekretuak ezartzen du saritu ahal izango direla baita ere beste polizia kidego batzuk, larrialdi-zerbitzuak, segurtasun pribatua eta abar, Ertzaintzaren helburuekin bat datozen merezimendu handiko lanak burutzeagatik. Ekintza hauek saritzeko polizien lana aitortzen duen bereizgarri urdina daukan domina ezarri da. Erakunde, elkarte edota zerbitzu publiko zein pribatuen kasuan, ohorezko plaka bat emango da.

Dekretuak ondorengo hauek ere jasotzen ditu: zerbitzu-egintza aitortzeko prozedura, egintzak egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa, epeak, bete beharreko baldintzak eta bildutako inguruabarrak.
 

 

ONARTU EGIN DUTE EUSKADIKO UDALTZAINGOEN ERREGISTROA ETA UDALTZAINEN AKREDITAZIO PROFESIONALERAKO SISTEMAK ARAUTZEN DITUEN DEKRETUA

Dekretua, Euskadiko Udaltzainen Erregistroa eta Udaltzaingoaren kideen egiaztapen profesionala arautzen duena.

Udaltzaingoen baliabideen errolda eguneratua eta kideentzako akreditazio profesionaleko modelo bateratua edukitzeko aukera emango du

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren dekretu hori onartzeari, Euskadiko Udaltzaingoen Erregistroa eta polizia kidego horietako agenteen akreditazio profesionalen sistemak arautzeko.

Euskadiko udaltzaingo kidegoak haien artean eta Ertzaintzarekin koordinatzea funtsezkoa da herritarrei segurtasun publikoko zerbitzu eraginkorra eskaintzeko. Prestakuntza prozedurak, lan protokoloak, ekipamendu informatikoak, materialak edota komunikazio sistemak homogeneizatzea ezinbestekoa da modu koordinatuan lan egiteko, baita datu-base komunetarako sarbidea ere; hala, baliabideak bikoiztea eta esku-hartzeak luzatzea saihestuko da.

Hortaz, aipatutako homogeneizazioa lortzeko, funtsezkoa da erregistro global bat izatea, udal administrazio desberdinen mendeko segurtasun publikoko baliabideak jasoko dituena; horrez gain, Euskadiko udaltzaingoetako kideentzako akreditazio profesionaleko modelo bateratua finkatu behar da. Bi ekimenak abiarazteko esfortzu garrantzitsua egin da, koordinazioa hobetzeko, modernizatzeko eta udaltzaingoak gizartearen eskakizunetara egokitzeko; hala, udaltzaingoen jarduna hobetu egingo da, eta korporazioa errazago identifikatzea ahalbidetuko da.

Udaltzainen erregistroa

Euskadiko Segurtasun Publikoko Sistemaren Antolamenduari buruzko Legeak udaltzainak koordinatzeko eremua definitzen du; bidenabar, udal polizia kidegoen antolamendu eta funtzionamendu araudietarako arau marko bat finkatzean Eusko Jaurlaritzak duen erantzukizuna ere zehaztu du, plantillak, baliabide teknikoak, uniformeak eta akreditazio sistemak homogeneizatuz, eta irizpideak, prozedurak eta bitartekoak ezarriz elkarri informazioa helarazteko edo beharrezko ikuskaritza sistemak aplikatzeko, besteak beste.

Legearen 40. artikuluak Udaltzaingoen Erregistroa sortzea aurrez ikusten du, koordinazio lanak betetzeko, akreditazio profesionalerako dokumentuak emateko eta denok erabiltzeko sare eta sistema informatikoetara jo ahal izateko.

Erregistroaren xedea errolda bat izatea da, kidegoetako kideen datuak eta udal polizia erakunde bakoitzak dituen baliabideei buruzko informazio garrantzitsu guztia jasoko duena; hala, Eusko Jaurlaritzari koordinazio arloan dagozkion eskumenak baliatzea ahalbidetuko da, bereziki akreditazio profesionaleko dokumentua ematea erraztea, eta denok erabiltzeko sare eta sistema informatikoetara jo ahal izatea.

Erregistro horrek udaltzaingoetako kide guztiak eta udal langileak bilduko ditu, esaterako udal jagoleak, zaintzaileak, aguazilak edo antzekoak; erregistroa ez da publikoa izango, eta datu horietarako sarbidea soilik Udaltzaingoak Koordinatzeko Zuzendaritzak eta udalek izango dute, haien zerbitzura dauden langileei dagokienez; datuak etengabe eguneratu beharko dira. Martxan jarri ondoren, bi atal izango ditu, elkarren arteko osagarriak eta automatizatuak; lehena, profesionalen datuak jasotzeko, eta bigarrena, udal bakoitzak segurtasun arloan dituen bitartekoei buruzko informazioa partekatzeko erabiliko dena.

Gaur onartutako dekretuak erregistrora sartzeko mekanismoak eta mantentzea ere aipatzen ditu, baita bertan jasotako datuen konfidentzialtasunerako nahitaezko lege bermeak ere.

Akreditazio profesionalaren egiaztagiria

Segurtasun Publikoko Sistemaren Antolamenduari buruzko Legearen 41. artikuluak, bestalde, udaltzaingoetako kide guztiek akreditazio profesionalaren agiria aldean eraman beharko dutela xedatzen du, kasuan kasuko udal organoak emandakoa.

Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako dekretuak betebehar hori arautzen du, eta ezarri duenez, Euskadiko udaltzaingoetako kide guztiek, zerbitzu aktiboan badaude, bigarren jarduera gisa badute eta segurtasun arloko postuetan zerbitzu bereziak betetzen badituzte, akreditazio profesionalaren agiri bana izango dute, funtzionarioa identifikatzeko elementu gisa baliatuko dena.

Agiriak hiru elementu izango ditu: txartel profesionala, plaka ikurra, eta paper zorro trokelatua. Bertan jasoko dira udalerria, funtzionarioaren izena eta kategoria profesionala, identifikazio zenbakia, igorpen data, eta titularraren argazkia. Eusko Jaurlaritzak prestatuko du, eta udal bakoitzak igorriko du.
 

 

ERTZAINTZAN BIGARREN JARDUERARA IGAROTZEKO ALDERDIAK ALDATZEN DITUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Euskadiko Polizia Kidegoko funtzionarioak bigarren jarduerako egoera administratibora pasatzeari buruzko hainbat kontu garatzen dituen Dekretua aldatzeko.

Sindikatuen ordezkaritzarekin egindako hitzarmenaren ondorioz administrazio egoera honetarako aldaketa prozedura eguneratu eta arindu ahalko da

Gobernu Kontseiluak Ertzaintzako funtzionarioak bigarren jarduerako administrazio egoerara igarotzeari buruzko hainbat alderdi aldatzen dituen dekretu bat onartu du gaur. Gaur onartutako aldaketak kalte fisiko edo psikikoko arrazoiengatik administrazio egoera horretarako igarotzea arautzen zuen 1998ko aurreko dekretu baten edukiaren gainean egin dira. Aldaketak sindikatuen ordezkaritzarekin lortutako erabakien ondorio dira eta euren helburua administrazio egoeraren aldaketa hori arautzen duten prozedurak arintzea eta eguneratzea da.

Gaineratutako aldaketak Ertzaintzako agenteak bigarren jarduerara igarotzeko prozeduren araudia eguneratzera bideratuta daude (aldaketek ez dute eraginik tokiko polizien bigarren jardueraren araudian).

Prozedura horiek, gaitasun fisiko edo psikikoen galeragatiko bigarren jardueraren egoera aipatzen dutenak, 1998ko urtarrilean onartutako dekretu batean araututa daude baina dekretu hori zati batean desfasatuta geratu da Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta Ertzaintzako gehiengo sindikatuen ordezkaritzaren arteko ondoz ondoko erabakien bidez, beraz, berriro ere idazteko beharra zegoen edukiari dagokionez.

Araudi berrian funtzionarioa aldi baterako bigarren jarduera gisa sailkatutako beste lanpostu batera atxikitzeari buruzko edo jatorrizko lanpostua agentearen gaitasunetara egokitzeari buruzko berritasunak ezartzen dira, helburu berriak garatu ahal izateko beharrezkoa den prestakuntza arautzen da, ordainketen eta beste konpentsazio ekonomikoen egokitzapena zehazten da eta bigarren jarduerara sartzeko mekanika, dagokion irizpen medikuaren ondoren, zein, denborarekin agentearen egoera pertsonalak, fisikoak edo psikikoak aldatuko balira, berriro ere zerbitzu aktiboko egoerara ezartzeko mekanika ezartzen dira.

Era berean, dekretuak, administrazio egoera aldaketa baten prozeduraren hasieran gaineratu beharreko agiri ofizialen zerrenda eguneratzen duenak, ezartzen du ertzain bat bigarren jarduerara igaro ahal izateko prozeduraren ebazpena ezingo dela sei hilabete baino gehiago luzatu eta ebazpen horrek, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren eskura, agenteak egoera berrian garatu beharko ez dituen zereginak jasotzen dituen txostena -epaitegi medikuaren irizpenean oinarrituta- gaineratu beharko du.
 

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

JAURLARITZAK BIZKAIKO GARRAIO PARTZUERGOARI ESLEITU DIO BILBOKO ALDE ZAHARREKO TREN-GELTOKIARI ERANTSITA DAGOEN ERAIKINA

Erabakia, zeinaren bidez Bilboko alde zaharreko geltokira erantsita dagoen eraikin bat jabaritza publikotik desafektatuta geratzen baita (San Nikolas plazako 3.ean dago), eta haren besterentzea onartzen baita. Zuzenean Bizkaiko Garraio Partzuergora esleituz besterenduko da.

Gobernu Kontseiluak erabaki du Bilboko alde zaharreko geltokiari erantsita dagoen eraikin bat (San Nikolas plazako 3.ean dago), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoa dena, jabaritza publikotik desafektatzeko baimena ematea.

Halaber, baimena eman dio Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailari eraikin hori esleipen zuzenaren bidez Bizkaiko Garraio Partzuergoa erakunde publikoari esleitzeko 1,9 milioiren truke.

Eraikinak 5 solairu ditu eta alde zaharreko geltokiari erantsita dago, baina ez du geltokiarekin inolako loturarik.

Euskal Trenbide Sareak (ETS) ez du aurreikusi Bilboko metroaren 3. linea garatzen denean eraikin hori erabiltzerik. Halaber, erakinak ez du erabilera definiturik eta martxan dauden azterlan eta proiektuetan ere ez da definituko. ETSk abian dituen azterlan, proiektu edo bestelako aurreikuspenen arabera, eraikin horri ez zaio trenaren inguruko erabilerarik emango eta, ondorioz, Jaurlaritzak erabaki du espazio hori bestelako erabileretara bideratzea.

Bertan Bilboko Metroak aginte postu bat jarriko du.
 

 

GOBERNUAK 4,2 MILIOI EMANGO DIZKIO ETXEGINTZARI, ALOKAIRUKO 105 ETXEBIZITZA EGITEKO DONOSTIAN

Etxebizitzaren arloko 4312 Programaren konpromiso-kredituak aldatzeko eta banatzeko akordioa, hain zuzen ere alokairuko etxebizitzak sustatzen dituztenei laguntzak eman ahal izateko. Kopurua 500.000 eurokoa da.

Alokairuko etxeen sustapenak finantzatzeko programarako jarrita zeuden 2013 eta 2014 urteetako konpromiso kredituak moldatzea erabaki du Gobernu Kontseiluak 2012ko alokairuzko promozioen laguntzen tramitazio guztiak bideratzeko.

Kreditua aldatuz gero, Donostiako Etxegintzari emateko dauden bi dirulaguntza izapidetzen hasteko moduan egongo dira, Donostiako Intxaurrondo eta Pagola auzoetan 55 eta 50 etxebizitzako (apartamentuko) bloke bana egiteko. Guztira, 4,2 milioi euro jarriko ditu Jaurlaritzak sustapen horri laguntzeko.

Hala bada, Eusko Jaurlaritzak, hemen aipautako horiez aparte, 160 bizitoki eta alokairuko babes ofizialeko 80 lagunduko ditu Bilbon; 25 ADAS Tolosan, eta erakunde pribatuen 26 etxebizitza, 25 Hondarribiko Muliate auzoan, eta bestea, Usurbilen.
  

Udalerria  Sustatzailea Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza ADAS BOE Librea Guztira
Bilbo Bilboko udal-bizitokiak 9,8 160 80   240
Tolosa Udala 1 25     25
Donostia Etxegintza 4,2 105     105
Hondarribia Pribatua 675.000   25   25
Usurbil Pribatua 43.000     1 1
Guztira   15.758.000 290 105 1 396

 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

EUSKADIK LANBIDE ARTEKO GUTXIENEKO SOLDATAREN % 75EKO DIRU LAGUNTZA MANTENTZEN DU URRITASUNA DUTEN PERTSONEN ENPLEGURAKO

Lanbidek beste 4,9 milioi euro zuzentzen ditu lan-munduratzeko zailtasun bereziak dituzten ahalmen urriko pertsonen soldata-kostua finantzatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa dira gizarteratzeko neurri hori luzatu duten estatuko autonomia-erkidego bakarrak.

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak 4,9 milioi euroko kontu-sail ekonomikoa onartu du lan-munduratzeko zailtasun bereziak dituzten ahalmen urriko pertsonen soldata-kostua finantzatzeko. Horrela, Euskadi da, Nafarroarekin batera, urritasun sentsorial, fisiko edo psikikoren bat duten pertsonen enplegua mantentzeko lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) % 75eko diru-laguntza luzatu duen estatuko autonomia-erkidego bakarra.

“Jasaten ari garen krisialdi larria euskal ekonomia osoaren ahulezia ekartzen ari da, eta eragin handia du euskal herritarren enpleguan eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuan gehienbat enplegu-zentro berezietan lan egiten duten ahalmen urriko pertsonen enplegagarritasunean. Sektore horretan eragin handiagoa du egungo krisialdiak. Izan ere, arrisku larrian dago sektorearen iraupena bera eta, horrenbestez, zentro horietan lan egiten duten ahalmen urriko pertsonen enplegua" Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak adierazi duenez. “Horregatik, ezinbestekoa da gaur, inoiz baino gehiago, pertsona horiei lan-munduratzen laguntzea”.

Horretarako, deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzera zuzendutako baliabide ekonomikoak 4.990.000 eurokoak dira, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2012ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura. Izan ere, ekitaldi honetan guztira 31 milioi euro zuzenduko ditu Lanbidek ahalmen urriko pertsonen enpleguari sostengu ematera.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzek Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro berezietan kontratatutako lan-munduratzeko zailtasun bereziak dituzten ahalmen urriko pertsonen soldata-kostua finantzatzea dute helburu, 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitartekoa.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu duen laguntza-deialdi berri honen ondorioetarako, lan-munduratzeko zailtasun bereziak dituzten ahalmen urriko pertsonatzat joko dira garun-paralisia dutenak, gaixotasun mentala dutenak, % 33ko urritasun-maila edo handiagoa aitortuta duten adimen urrikoak, eta % 65eko urritasun-maila edo handiagoa aitortuta duten urritu fisiko edo sentsorialak.

Aurten, Lanbidek 31 milioi euro baino gehixeago zuzendu ditu urritasunen bat duten pertsonak lan-munduratzera. Diru-laguntzen lerro horri esker, urritasunen bat duten 7.000 euskal herritar baino gehiago ari dira lanean enplegu-zentro berezietan.

Deialdi honetako diru-laguntzak lortzeko eskaerak Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren enpleguko lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dira, www.lanbide.net webgunean eskura egongo den eredu ofizialaren bidez.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ESPETXEETAKO SENDAGAIEN GORDAILUEI BURUZKO DEKRETUA

Dekretu honen helburua da 894/2011 Errege Dekretuaren bitartez espetxe-osasunaren eginkizunak eskualdatu zitzaizkien Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan egin behar diren jarduketak antolatzea eta ordenatzea.

Baimendutako sendagaien gordailu bana izango dute espetxeek. Hona zer hartzen den gordailutzat: espetxeetako osasun-laguntzako zerbitzuek guztira duten giza baliabideen eta baliabide materialen multzoa.
Osasun-sisteman txertatutako espetxe-osasuneko zerbitzuen mendean geldituko da gordailua, eta atxikita egongo da Osakidetzak erabakitzen duen erreferentziako ospitale publikoko ospitaleko farmazia-zerbitzuan.

Gordailuaren antolaketak eta funtzionamenduak aukera eman behar du urteko egun guztietan 24 orduz sendagaiak eskura izateko. Gainera, farmazialari profesional bat, gutxienez, izan beharko du. Sendagaien gordailuak gehienez ere bost urteko iraunaldia izango du.
 

 

AGINDUA, OSASUNAREN ALORREKO LANA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN GARATZEN DUTEN ETA GAIXOEN KOLEKTIBOEN ETA HAIEN FAMILIEN BIZI KALITATEA HOBETZERA BIDERATUTAKO JARDUERAK EGITEN DITUZTEN IRABAZI ASMORIK GABEKO GIZARTE EKIMENEKO ERAKUNDEEI ZUZENDUTAKO LAGUNTZEN DEIALDIA EGITEN DUENA, INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIEN ERABILERA SUSTATZEKO

Laguntzek 400.000 € ko diru-hornidura dute, eta bi modalitatetara zuzenduta daude:

- Sare sozialaren formatuko komunikazio-sistema digital interaktiboak diagnostikatzeko, diseinatzeko, ezartzeko eta hedatzeko laguntzak. Sistema horiek lizentzia libreko kode irekiko softwarean garatuko dira eta erakundearen egitura osatzen duten eragile guztiak hartuko dituzte beren baitan: bazkideak, boluntarioak, osasunaren esparruko profesionalak, hezitzaileak eta herritarrak oro har. Zenbatekoa: 350.000 €.

- Ezarrita dauden sistema digitalen bitartez egiten diren jarduerak eta proposatutako helburuen lorpen-maila ebaluatzeko sistemak diseinatzeko eta aplikatzeko laguntzak. Guztizko zenbatekoa: 50.000 €.

Laguntza horiek Osasun eta Kontsumo Sailaren Kronikotasun Estrategiaren barruan kokatzen dira, herritarren osasuna informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) bitartez hobetzea zein garrantzitsua den azpimarratzen duen estrategia horretan hain zuzen. Horregatik, honako helburu orokor hauek lortzeko aurrera egitea ahalbidetuko duten eraginpeko pertsonen eta haien senideen erakundeen ekimenak babestuko dira:

- Pazienteen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako IKTetan oinarritutako sistemak sortzea.

- Erakundeak berritzen eta modernizatzen laguntzea, eta, horretarako, IKTak haien eguneroko bizitzan sartzea.

- Teknologia horien erabileraren bidez, erakundeek osasun-sistemarekin eta haren ildo estrategikoekin lankidetzan eta elkarlanean modu eraginkorragoan jardun dezaten sustatzea.

Laguntza horiek lortzeko aukera izan nahi duten erakundeek legez eratuta eta behar bezala erregistratuta egon beharko dute, gutxienez deialdi hau egin baino urtebete lehenago.

Oraingo laguntzok, Osasun eta Kontsumo sailak arlo honi eskainitako bigarrenak dira, guztira 1.000.000€ko inbertsioa egin duelarik.

Iazko deialdian, berriz, 44 izan ziren laguntza jaso zuten elkarteak.
 

 

ZENTRO, ZERBITZU ETA ESTABLEZIMENDU SANITARIOAK BAIMENTZEARI BURUZKO DEKRETUA ALDATZEKO DEKRETU PROIEKTUA

Dekretua, osasun-arloko zentro, zerbitzu eta establezimenduei baimena emateko.

Dekretu honen helburua da gure autonomia-erkidegoan egiten diren eta sailkapen formala duten erakundeen tipologia hertsian jasota ez dauden jarduera zehatzen arautzea baimen sanitarioen araubide orokorrean sartzea.

Hots, osasun-laguntzako zerbitzuak ematen dituzten eta instalazio finkorik ez duten jarduerak dira. Pazienteak etxean zaindu edo tratatzen dituzten zerbitzu profesionalak dira gehienbat. Pertsona fisiko edo juridiko publiko zein pribatuei egoki dakieke haien titulartasuna.

Indarrean dagoen 31/2006 Dekretuaren gaineko aldaketa honek haren aplikazio-esparrua handitzea aurreikusten du, eta, ezartzen duenez, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitariotzat jotzen direnen artean sartuko dira, zentro sanitario batenak edo erakunde ez-sanitario batenak ez izan arren, pazientearen etxean egiten diren kanpoko zerbitzu hauek:

- Gaixotasunak etxean diagnostikatu edo tratatzen dituzten eta laguntza gainbegiratzen duten zerbitzu mediko programatuak edo larrialdikoak.

- Zainketak etxean edo pertsona hartzaileen esparru esklusiboan egiten dituzten erizaintza-zerbitzuak (sendaketak, osasuna sustatzeko jarduerak eta errehabilitaziokoak, gaixotasunen jarraipena eta kontrola…).

- Etxeko terapia-zerbitzuak, hala nola arnas terapiak edo dialisia.

- Errehabilitazio- eta fisioterapia-zerbitzuak.

- Psikologia-zerbitzuak.

- Logopedia-zerbitzuak.

- Podologia-zerbitzuak.

- Arrisku obstetriko txikiko emakumeei etxean erditzen laguntzea.

- Osasun arloko telelaguntza-zerbitzuak.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

EUSKAL AUTONOMI ERKIDEGOKO HOTS-KUTSADURAREN DEKRETUA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan hots-kutsadura arautuko duena.

Euskal Autonomi Erkidegoko hots-kutsaduraren Dekretuak, azaroaren 17ko 37/2003 Legean jasotzen den ingurumen hotsaren kudeaketa eta ebaluazioa garatzen duen hotsaren eta bere ondorengo garapena (abenduaren 16ko 1513/2005 Erret Dekretua) eta urriaren 19ko 2007/1367 Erret dekretua, hotsaren zonaldetzea, kalitate helburuak eta hots isurketak arautzen dituena osatu eta garatzen du.

Helburuak:

  • Estatu mailako araudiko kontzeptuak argitu: Estatu mailako araudiak elementu ez argi eta garatu gabeak ditu eta beharrezkoa da hori egitea.
  • Estatu mailako araudiak dituen gabeziak osatu: EAEko hots kalitatearen aurka joan daitezkeen aukerak zabalik uzten ditu Estatuko araudiak
  • Parte diren erakundeen konpententzietatik abaiturik kudeaketa eredua ezarri: EAEko hots-kutsaduraren kudeaketa erraztu asmoz.

Hori guztia, prebentzio eta ingurune-hotsak eragiten dituen ondorio ezkorrak erregulatu eta hobetu asmoz.

Hots kalitatea hiritarrek gero eta gehiago eskatzen duten beharra da, besteak beste, euren ongizaterako eta lasaitasunerako beharrezkotzat jotzen dutelako. Gainera, Osasun Mundu Mailako Erakundearen eta Ingurumenerako Europako Agentziaren txostenen arabera, hots-kutsadura (ingurune-hotsa) gizartearen osasun publikorako elementu nagusienetakoan bihurtu da, osasun baliabideak eta galera ekonomiko altuak eragineta produkzio maila jaitsi arazten dituelako.

Gainera, lurralde garapenerako eta hirietako azpiegituren kokapenerako elementu baldintzatzailea da.

Euskal Autonomi Erkidegoa, dentsitate handiko, azpiegitura askoko eta bizileku inguruetan jarduera industrialeko azpiegitura ugari dituen lurraldea izanik, beharrezkoa da marku argi eta egonkorra zehaztea, batez ere, hiritarrek oinarrizko duten ongizatea eta lurralde eta hirien plangintza orekaz garatu ahal izateko.

Hotsaren arautzea, lurraldearen antolamenduarekin eta hirigintzarekin zerikusia duten politikekin (esparru bakoitzaren erabilera mailak baldintzatzen baititu hotsaren kalitate helburuak), baita azpiegituren garapenekin (garraioak eragiten dituen hotsak gehien direlako) bat etorri behar da. Eta, beraz, aipatu politika horiek araudi berri horrekin baldintzatu egiten dira.

Horretarako, Dekretu horren indarrean jartzeak, administrazio ezberdinen arteko lankidetza ahalegin handia eskatzen du, ezarri behar diren neurriak, diseinatu behar diren Euskadiko herriak eta hiriak, hots-kalitatea kontuan hartu behar dute euren planteamenduetan.

Berrikuntza nabarmenenak hauek dira:

1- Aplikaziorako araudi markoa zehazten da erkidegoak eta aldundiek dituzten eskumenen kutsadura fokoetarako, horren barne, garraio azpiegituretarako Zorpeko Hotsarena.
2- Bizitegi-lurzoruetan ezartzen diren jardueren eta lokalen gutxieneko baldintzak zehazten dira, hiritarrei arazoak ez sortzeko eta tokian tokiko erakundeek egoera horien kudeaketan zer egin behar duten laguntzeko araudi markoa izan dezaten.
3- Egungo Ingurumen Komisioan, Euskadiko Hots Ebaluaziorako Komisio Teknikoa sortzen da. Horren helburua, administrazio eta agente ezberdinek araudia betetzeko garaian izan ditzaketen arazo eta gaizki ulertzeak konpontzeko.

Ondorioz, onartu den Euskal Autonomi Erkidegoko Hots-kutsaduraren Dekretuak eta hortik eratorritako araudi marko argiagoak eta egonkorragoak hiritarrei ongizatea eta jarduera ekonomiko ezberdinei segurtasun juridikoa bermatzen die.
 

 

EUSKADIKO EHIZARAKO ESPEZIEEN ZERRENDAK EZARTZEN DITUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan ehiza daitezkeen espezieak ezartzekoa.

Gobernu Batzordeak onartu du gaurko bileran Euskadiko ehizarako espezieen zerrendak ezartzen dituen dekretua.

Ehizaren martxoaren 17ko 2/2011 Legeak zera dio bere 11. artikuluan, “Eusko Jaurlaritzak ehizarako baliogarriak izango diren espezieak, azpi-espezieak eta basafauna edo basatiak arautuko ditu”, eta, zera gehitzen du, “lurralde historikoetako aldundiek gutxitu bai baina ehizatu daitezkeen espezien zerrendak ezin izango dituzte handitu”.

Zerrenda horretan, eta ehiza larriari dagokionez: Basurdea, oreina eta orkatza. Ehiza xehean (ugaztunak), berriz, azeria, untxia, erbia; (Egoneko hegaztiak) arabazozo pikarta, belabeltza, belatxikia, mika, eper gorria, faisaia, haitz-usoa; (hegazti migratzaileak) Birigarroa, birigarro txikia, durdula, garraztarroa, galeperra, hegabera, istingor arrunta, istingor txikia, oilagorra, pagauso, txoloma, usapala, (hegazti urtarrak) ahate buztanluzea, ahate txistularia, ahate gorrizta, antzara hankagorrizta, ahate mokozabala, ahate urdinxka, ipar-ahatea, kopetazuri arrunta, murgilari arrunta, murgilari mottoduna, zertzeta arrunta eta Udako Zertzeta

Aldundien debekualdi ordenek Eusko Jaurlaritzaren zerrenda honetan aipaturiko espezieak ehizatzeko edo ez erabakia berea izango dute, baita ere arrisku egoerak egon ez daitezen ehiza kopurua finkatzeko ere, beti ere, aipatutako espezien populazioak egoera egoki batean mantentzen badira.

Dekretu horren langintzan Foru aldundietako ehizari dagokion departamentuetara jo da euren iritzia jakin asmoz, baita, sektorekoak diren erakunde eta elkarteetara.
 

 

VITORIA-GASTEIZEN NEKAZARITZA EKOLOGIKOA BULTZATZEN DUEN BASALDEA PROIEKTUA GARATZEKO AKORDIOA ONARTU DA

Akordioa, Gasteizko Udalarekin Basaldea proiektua garatzeko lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena emateko dena.

Gobernu Batzordeak gaur goizean egin duen bileran, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza, eta Arrantza sailaren eta Vitoria-Gasteizko udalaren artean landutako Nekazaritza ekologikoa bultzatzen duen Basaldea proiektuaren hitzarmena onartu du. Akordio horri esker Basaldea proiekturako 160.000 euro bideratuko dira.

Pilar Unzalu sailburuak bide eman dion Hitzarmenaren helburua, ekintzaile berriek zuzenduriko nekazal ustiaketa berriak sortzea eta gero eta bertako produktu ekologikoekin handiagoa den eskaria asetzea da. Baita ere, produktu ekologikoen banaketa eta merkaturatze egitura sortzea eta bezeroenganako arreta egitura eta banaketa ezartzea.

Aldi berean, Basaldea hitzarmenari esker, nekazaritza ekologikoaren azpisektorean enplegua sortu; ingurumenarekin errespetuzkoa den eta ondarea babesten eta zerbitzua ematen duen nekazaritza ekologikoa indartu; nekazal paisaia eta dibertsitate biologikoa mantentze lanean nekazaritzaren balioa zabaldu; eta dibertsifikazioa lortu ahal izateko nekazal ustiaketa eta ekoizpen eredua aldatu nahi da.

Eusko Jaurlaritzaren eta Vitoria-Gasteizko udalaren arteko hitzarmenari esker, azken horrek 160.000 euroko dirulaguntza jasoko du. Horietatik, 60.000 euro 2012ko kreditu ordainketatik aterako da eta gainontzeko 100.000 euroak 2013. urteko konpromisozko kredituetatik

Hitzarmena 2012 eta 2013 urteetarako da, nahiz eta, krediturik izanez gero eta hurrengo urtetan egin behar diren ekimenen programa eta memoria egon badago, hitzarmenak berak luzapenezko klausulak aurreikusi ditu.
 

 

ARNOKO, IZARRAITZEKO, PAGOETAKO, GARATE-SANTA BARBARAKO ETA ERNIO-GAZUMEKO ZAINTZEKO EREMU BEREZIAK HAUTATZEN DITUZTEN DEKRETUAK ONARTU DITUZTE

Dekretua, Izarraitz (ES2120003) Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu eta hura babesteko neurriak ezartzekoa.
Dekretua, Pagoeta (ES2120006) Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu eta hura babesteko neurriak ezartzekoa.
Dekretua, Hernio-Gazume (ES2120008) Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu eta hura babesteko neurriak ezartzekoa.
Dekretua, Arno (ES2120001) Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu eta hura babesteko neurriak ezartzekoa.
Dekretua, Garate-Santa Barbara (ES2120007) Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu eta hura babesteko neurriak ezartzekoa.

Gaurko bileran onartu ditu Jaurlaritzaren Kontseiluak Arnori, Izarraitzi, Pagoetari, Garate-Santa Barbarari eta Ernio-Gazumeri dagozkion Zaintzeko Eremu Bereziak hautatzen dituzten dekretuak, baita Natura 2000 Sarean bilduriko gune horiek zaintzeko neurriak ere.

Jaurlaritzaren Kontseiluaren 1997ko abenduaren 23ko, 2000ko azaroaren 28ko eta 2003ko ekainaren 10eko erabakien bidez Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu deklaratu ziren eta Garrantzi Komunitarioko Leku gisa hautatuak izateko 52 gune proposatu ziren. Europako Batzordeari helarazi zitzaion proposamen hori, eta Garrantzi Komunitarioko Lekuen Zerrenda onartu zuen 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez, hurrenez hurren eskualde geografiko atlantiko eta mediterraneoei dagozkienez, horietan bilduta baitago Euskal Autonomia Erkidegoa.

Autonomia Erkidegoei dagokie Garrantzi Komunitarioko Leku guztiak Zaintzeko Eremu Berezi deklaratzea, baita Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak ere beren lurralde-esparruan, eta zaintzeko beharrezkoak diren neurriak finkatzea, habitat naturalen moten eta eremu horietan biltzen diren espezien eskakizun ekologikoei erantzungo dietenak. Zaintzeko neurrien kudeaketa-plan edo -tresnak eta arauzko neurri eta administrazio- eta kontratu-neurriak bilduko dituzte.

Habitaten Zuzentarauan eskaturiko lehentasunak finkatu egin dira halaber, hiru mailatan: lehenik lehentasuna eman zaie Zaintzeko Eremu Bereziak hautatzeko garaian beste ezein babes-figurak babespean hartzen ez dituen guneak eta presio eta mehatxu handienak pairatzen dituztenak; bigarren mailan, gune bakoitzaren barruan zaindu beharrekoen artean, funtsezkotzat jo direnak hautatu dira; eta hirugarren mailan, zaintzeko neurri aktiboak lehenetsi dira, garrantzia handiagoa emanez ustez presakakoenak direnei edo dagokion egikaritzapenaren bidez zaindu beharrekoen eta oro har gune osoaren zaintza-egoeraren hobekuntza ustez nabariagoa izango dutenei.

Arno (ES2120001)
Arno izeneko Natura 2000 Sareko guneak interes komunitarioko habitat eta espezieak biltzen ditu.

Kare-mendigune malkarra da, ia osorik artadi kantauriarraren jantzi ilunak eta haren etapa azpiserialek estaltzen dutena. Artadi hori da Zaintzeko Eremu Berezia Natura 2000 Sarearen leku gisa hautatzearen arrazoia. Jatorri karstikoa duen Olatzeko haran txikiak berezitasun eta kalitate aipagarria du paisaiari gagozkiola, lurzoru sakonagoak biltzen ditu eta bertan ageri dira interes komunitarioko larre eta bazka erdinaturalak, abeltzaintza estentsiboak erabili eta mantendutakoak. Oinarrizko arrokei loturiko landare-komunitateen ordezkaritza zabala ere biltzen du, eta interes handiko espezie ugari daude bertan.

Pagoeta (ES2120006)
Kostaldetik hurbil dagoen mendigunea da Pagoeta, eta landazabal atlantikoak eta basoak dira bertan nagusi, habitat-aniztasun handiarekin. Hariztiak eta pagadiak dira nagusi Pagoeta mendiaren iparraldeko hegaletako paisaian. Baso helduen unadak eta interes ekologiko handiko zuhaitz motzak biltzen dituzte baso horiek, eta interes komunitarioko xilofagoak eta kiropteroak ere daude bertan. Hegoaldeko hegalean, aldiz, pre-txilardien, otadien, albitz-belardien eta mendi-larreen mosaikoa da nagusi, Altzolarasko erroitz esturaino jaisten dena, bertan kare-harkaitzak kaduzifolioen baso misto ikusgarriarekin nahasten direla. Euskal haran atlantikoen landa-paisaiaren adierazgarri dira mendigunearen hegaletako baso eta larreak.

Haltzadi kantauriarren erreka-basoek Woodwardiaradicans eta Vandenboschiaspeciosa iratzeak biltzen dituzte, Habitaten Zuzentarauan bilduriko espezieak, baita Narcissus pseudonarcissus nartzisoa ere, larre eta bazketan ageri dena, hori ere interes komunitariokoa.

Bestalde, 165 fauna-espezie identifikatu dira guztira, Pagoetako fauna-aberastasunaren adierazgarri.

Garate-Santa Bárbara (ES2120007)
Santa Barbara zaintzeko irizpide nagusia da bertan basotxoak, unadak eta artelatzaren ale solteak (Quercus suber) ageri direla, eta izan ere, betiere beste formazio batzuekin tartekatuta, hemen dute banaketagune nagusia artelatzek Euskal Autonomia Erkidegoan, gure inguruan oso espezie bakana dela kontuan izanda. Izan ere, artelatzak gure Erkidegoan duen eremu espontaneoa Gipuzkoako gune horretara mugatzen da. Horrenbestez, gunearen balio nagusia testuinguru atlantikoaren barruan duen berezitasuna eta bakantasuna da, eta ziur asko oraindik aztertu gabeko bere aldakortasun genotipikoa.

Izarraitz (ES2120003)
Zati handi batean pagadiek estalitako kare-mendigunea da Izarraitz, eta bertan aurkitzen ditugu, halaber, kareharrizko haitzebakien oineko baso misto eta unada azidofilo aipagarriak. Giza jardueraren historiaurreko aztarna nabarmenak geratu dira, eta giza jarduera horren eraginez, hain zuzen ere, gune irekiak sortu dira, eta horien artean aipatzekoak dira zenbait mendi-larre eta txilardi lehor atlantiko eta mediterraneoen azalera garrantzitsu bat. Gune ireki horietan ikus daitezke antzandobia, arrano sugezalea eta zapelatz liztorjalea. Ikuspuntu botanikotik begiratuta, azeri-mahatsa (París cuadrifolia) eta Narcissus pseudonarcissus dira nabarmentzekoak.

Gunearen fauna-garrantzia, landazabal atlantikoaren hegazti bereizgarri horietaz gain, haitzuloei loturiko kiropteroen komunitateetan datza batez ere. Oinarrizko arrokei loturiko landare-komunitateen ordezkaritza zabala ere biltzen du, eta interes handiko espezie ugari daude bertan.

Ernio-Gazume (ES2120008)
Kare-mendigunea da Ernio-Gazume, eta nabarmentzekoak dira Ernio-Gazume mendi-kateko harkaitz-gailurrak eta zorupeko zuloen garapena.

Baso kaduzifolioak biltzen ditu batez ere, abeltzaintza-jarduerak interes komunitarioko larre eta sastrakadien azalera ireki zabalak eragin baditu ere; basoen artean pagadiak dira nagusi eta horien artean azidofiloak nabarmentzen dira. Baso helduen unadak eta interes ekologiko handiko zuhaitz motzak biltzen ditu, eta interes komunitarioko xilofagoak eta kiropteroak ere daude bertan.
 

 

EUSKADIKO INGURUMEN LANKIDETZARAKO ERAKUNDEAK ARAUTZEN DITUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, ingurumen lankidetzarako entitateak arautu eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen lankidetzarako entitateen erregistroa sortuko duena.

Gobernu Batzordeak gaur goizeko saioan ingurumen lankidetzarako erakundeak arautzen dituen dekretua eta Euskadiko Ingurumen lankidetzarako erakundeen erregistroa onartu ditu.

EAEko Ingurumenaren Babeserako Otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak, Erakunde Publikoek Ikuskaritza eta kontrol eskumenak beste erakunde publiko edo pribatuak diren bitartekariei ematea aurreikusten du.

Hori horrela izanik eta, Pilar Unzalu sailburuak egindako proposamena medio, ingurumen alorreko funtzionamendu administratibo publiko-pribatua arautu eta egokitu da. Eta hori guztia ingurumen administrazioan espedienteen kudeaketa errazteko.

Horrela, Ingurumen Lankidetza Erakundeak ingurumen prozeduren giltzarri bihurtzen dira eta ikuskaritza, onespen eta jarduera kontrolak eiteko eskumenak izango dituzte, beti ere, euren jarduera ziurtatuko duen baliabideak badituzte.

Ingurumen Lankidetzarako Erakunde horiek ingurumen jardueratarako baimen eskaerak bete ahal izateko informazioa kontrolatzen dutenak dira. Baita ere baliabideak eta instalazioak egiaztatzen dituztenak eta laginak, neurketak, analisiak eta jarduera bati dagozkion funtzionamenduari loturiko beste kontrol batzuk egiten dituztenak.

Bere jarduera esparrua kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratua da, ingurumen inpaktu ebaluazioa, hondakinena, atmosferarako kutsadurarena, urena, negutegi efektuko gasen isurketarena edo ekoetiketena.

Erakunde horien erregistroari dagokionez, lan hori egin nahi duten guztiek izena eman beharra daukate eta, bai udaletxe zein ingurumen konpetentziak dituzten beste erakundeek erabili ahal izango dituzte euren konpetentzietako esparruan ematen diren ingurumen istripu edo gertaeraren ikuskaritza, kontrola edo onespenak egin ahal izateko.
 

 

MINDAREN BANAKETARAKO ZERBITZUAREN KUDEAKETA ETA KOORDINAZIO KOSTUEN FINANTZAZIORAKO DIRULAGUNTZA ZUZEN GEHIAGARRIAK ONARTU DIRA

Erabakia, Gipuzkoan mindak banatzeko zerbitzua koordinatzeak, zerbitzuaren kudeaketa teknikoa egiteak eta zerbitzua emateak sortutako gastuak finantza ditzan Abelur kooperatiba-sozietateari diru-laguntza bat emateko dena.
Erabakia, Karrantzan mindak banatzeko zerbitzua koordinatzeak, zerbitzuaren kudeaketa teknikoa egiteak eta zerbitzua emateak sortutako gastuak finantza ditzan Lorra kooperatiba-sozietateari diru-laguntza bat emateko dena.

Gobernu Batzordeak onartu du gaurko bileran mindaren banaketarako zerbitzuaren kudeaketa eta koordinaziorako kostuen finantzaziorako ABELUR KOOPERATIBAri (89.726€) eta LORRA KOOPERATIBAri (90.955€) 180.000 euroko dirulaguntza ematea.

Pilar Unzalu sailburuak aurkeztutako proposamenak mindaren banaketarako zerbitzuaren kudeaketa eta koordinazioak dituen behar finantzarioak eta kostuak estaltzera dator, 2012. urterako egin zituzten aurreikuspenak gutxi izan baitira Bizkaian (Karrantza) eta Gipuzkoan zerbitzuaren arrakastari eta abeltzainen eta ustiategietako eskariari aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzak mindaren bilketa eta banaketarako zerbitzua azpiproduktu horren kudeaketa eta aprobetxamendua egiteko jarri zuen, besteak beste, eskuragarri ez dauden lursailetan, aspaldi ongarritu ez diren lursailetan edota baserrietako soroetan ongarri gisa erabiltzen delako eta, modu horretan, aurrezpen ekonomikoa lortzen delako eta produktu kimikoekin ongarritzen den bazkaren kalitatea baino askoz hobea delako.

Mindaren koordinazio eta kudeaketa zerbitzuak eragiten duen kostuaren % 75 Eusko Jaurlaritzak ordaintzen du eta beste % 25 zerbitzua eskatzen duten abeltzainek.
 

 

EUSKADIKO ITSAS-UR ETA ERKIDEGO ARTEKO ARROETAKO GUNE SENTIKORRAK ZEHAZTEN DITUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko itsas uretako eta erkidego barruko arroetako inguru kalteberak izendatzen dituena.

Gobernu Batzordeak onartu du gaurko bileran Euskal Autonomi Erkidegoko itsas-ur eta erkidego arteko arroetako gune sentikorrak zehazten dituen Dekretua.

Irailaren 7ko 168/2004 Dekretuaren bitartez, beti ere, hirietako hondakin-uren tratamendu arauek diotena indarrean jarriz, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomi Erkidegoko itsas-ur eta erkidego arteko arroetako gune sentikorren babes maila arautu zuen.

Aipatu Dekretuak egindako deklarazioen ikuskaritza jarraitua zehazten zuen, batik bat, zerrenda horretan ziren zonaldeak kendu edo beste berri batzuk sartu ahal izateko. Alegia, zerrenda berriztatzeko.

Ikuskaritza eta berritze epeak beterik, Pilar Unzaluren departamentuak, Ur Agentziaren bitartez, AZTI-Tecnalia Fundazioari eskatu zion eutrofia maila, urean dagoen nitrogeno eta fosforo kopurua, neurtzeko ikerketa egin zezan Euskadiko estuarioetan

Ikerketa horren arabera, 2004ko Dekretuak babesten zituen eta Euskadiko Itsas-ur eta erkidego arteko arroetako gune sentikorrak direnak bere horretan mantentzea eta azken bat gehitzea erabaki da, Artibaiko estuarioa.

Beraz, egun babesturik dauden eta hirietako hondakin-uren eragina jasan dezaketen esparruak edo zonaldeak, hauek dira:

Urkuluko urtegia
Aixolako urtegia
Ibaiederreko urtegia
Barrendiolako urtegia
Butroeko estuarioa
Okako estuarioa
Leako estuarioa
Inunitzako estuarioa
Oiartzungo estuarioa
Bidasoako estuarioa
Artibaiko estuarioa
 

 

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO 14 IBAI ETA ESTUARIO ZAINTZEKO EREMU BEREZI HAUTATZEN DITUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, biogeografia eskualde atlantikoko hamalau ibai eta estuario Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu eta hura babesteko neurriak ezartzekoa.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuario Zaintzeko Eremu Berezi hautatzen dituen eta ibai eta estuario horiek zaintzeko neurriak onartzen dituen Dekretua.

Dekretu horren helburua honako hau da: alde batetik, Zaintzeko Eremu Berezian bermatzea habitat naturalen motak eta interes komunitariokoak diren faunako eta florako espezie basatien habitatak mantendu edo suspertuko direla, kontserbazio-egoera onean; eta bestetik, hegazti-espezieek beren banaketa-eremuan biziraungo dutela eta ugalduko direla bermatzea, Europako lurraldeko biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzen laguntzeko.

Natura-gune horietan interes komunitarioko habitatak eta espezieak daude, eta atseden hartzeko eta elikatzeko lekuak dira Euskal Autonomia Erkidegora etorri ohi diren hegazti migratzaileentzat.

Ibaiek eta estuarioek zeregin oso garrantzitsua betetzen dute Natura 2000 Sarearen koherentzian, ibai-korridorea eta horren hurbileko ingurune osoa lotzen dituztelako.

Habitat horiei lotutako interes komunitarioko hainbat espezieren populazioak oso mehatxatuak daude, eta kasu gehienetan erregresioan, esate baterako Mustrela Lutreola (bisoi europarra), Galemys pyrenaicus (Piriniar muturluzea), igaraba (Lutra lutra), Salmo salar (izokina), Austropotamobius pallipes (ibai-karramarroa), eta flora-espezieak, hala nola Woodwardia radicans, Soldanella villosa eta Trichomanes speciosum.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez Europako Batzordeak 2004. eta 2006. urteetan onartu zuen Garrantzi Komunitarioko Lekuen izapidetze-esparruan, orain deklaratzen dituzte Zaintzeko Eremu Berezi Natura 2000 Sareko honako ibai eta estuario hauek:

ES2130003 Barbadungo itsasadarra/Ría del Barbadun ES2130004 Astondoko haremunak/Dunas de Astondo ES2130010 Lea ibaia/Río Lea
ES2130011 Artibai/Río Artibai
ES2120004 Urolako itsasadarra/Ría del Urola
ES2120009 Iñurritza
ES2120010 Oriako itsasadarra/Ría del Oria
ES2120005 Oria garaia/Alto Oria
ES2120012 Araxes ibaia/Río Araxes
ES2120013 Leitzaran ibaia/Río Leitzaran
ES2120015 Urumea ibaia/Río Urumea
ES2110017 Barrundia ibaia/Río Barrundia
ES2110023 Arakil ibaia/Río Arakil
ES2110020 Ega-Berron ibaia/Río Ega-Berron
 

 

PLAN ETA PROGRAMA PUBLIKOEN INGURUMEN EBALUAZIO ESTRATEGIKOAREN PROZEDURA ARAUTZEN DUEN DEKRETUA ONARTU DUTE

Dekretua, plan eta programa publikoen ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura arautuko duena.

Gaurko bileran, Jaurlaritzaren Kontseiluak Dekretu bat onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoek lantzen eta/edo onartzen dituzten plan eta programen ingurumen-ebaluazioko prozedura arautzeko, baldin eta plan eta programa horiek ingurumenean nabarmen eragiteko aukera badute.

Plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa prebentzio-tresna bat da, baliabide naturalak kontserbatzeko eta ingurumena babesteko oso aproposa. Tresna horren bitartez ingurumen-aldagaia sartu da, ingurumenean eragin nabaria duten plan eta programen gaineko erabakiak hartzerakoan.

Dekretua behar-beharrezkoa da plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoari buruzko autonomia-erkidegoko araudia Europako Erkidegoko araudi eta zuzentarau berriagoetara egokitzeko, eta, horrela, sustatzaile eta administrazioei segurtasun juridikoa emateko.

Besteak beste, ingurumen-alderdiak administrazio publikoek plan eta programei buruz hartu beharreko erabakietan integratu nahi dira, plan eta programa horien lehen prestakuntza-faseetatik eta horiek abian jarri aurretik, garapen iraunkorra sustatzeko eta ondorioei buruzko azterketa egiteko, ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz, azken batean ingurumenari kalte txikiena egingo dion alternatibarik egokiena hautatzeko.

Gainera, ingurumenarentzat oso kaltegarriak diren ondorioen prebentzioari lehentasuna eman nahi zaio, kalte horiek zuzendu eta konpentsatu beharrean; gardentasuna eta parte-hartze publiko eta pribatua sustatu nahi dira; eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura lurralde- eta hirigintza-antolamenduko prozeduran txertatu nahi da.

Hortaz, garapen iraunkorrean oinarritutako printzipioen arabera, jadanik artifizial bihurtutako lurren erabilera intentsiboari lehentasuna emango zaio, balio agrologiko handiko lurren eta lur naturalen urbanizazioa saihestuz; hiri-segregazioa eta -barreiadura saihestuko da; lurrak zigilatzeko ekimenak murriztuko dira, lurrei erabilera eraginkorragoa emanez eta ahalik eta funtzio gehien manten ditzaten ahalbidetuz; edo baliabide naturalen (ura, energia, lurrak eta materialak) erabilera iraunkorra sustatuko da.

Printzipio horietan oinarrituta, halaber, habitatak eta espezieak, ingurune naturala eta konektibitate ekologikoa babestu eta hobetu behar dira; paisaiak eta kultura-ondarea kontserbatu eta hobetu behar dira; energia-aurreztea, energia berriztagarrien efizientzia eta erabilera eta kogenerazioa sustatu behar dira; aire garbia bermatu behar da; zarata-maila handien eta argi-kutsaduraren eraginpean jarritako biztanleria murriztu behar da; ur-masen egoera ekologiko egokia eta uraren erabilera iraunkorra lortu behar da; klima-aldaketaren ondorioak murrizten ahalegindu behar da, ondorio horiek arintzeko eta egokitzeko neurriak hartuz; eta arrisku naturalak murriztu behar dira.
 

 

KULTURA SAILA

EUSKARA TITULUEN ETA ZIURTAGIRIEN ERREGISTRO BATERATUA (ETZEB) ARAUTUKO DUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautzekoa.

Gobernu Kontseiluak Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautuko duen Dekretua onartu du. Era horretan, 297/2010 Dekretuak, euskararen ezagutza-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko denak, aurreikusitakoa betetzen da; hark lehen azken xedapenean ondorengoa jasotzen du: kontuan hartuz Sail edo Erakunde bakoitzak euskara tituluen eta ziurtagirien erregistro propioa duela, hartuko diren neurriak erregistro horiek era uniformean jaso ahal izateko bideratuko direla eta erakunde publikoek erraz kontsulta ditzaten. Hala, euskara tituluen eta ziurtagirien erregistro bateratua kudeatzeko ardura hizkuntza politikan eskumena duen sailari dagokio.

Horrenbestez, Dekretu horren helburua Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautzea da, eta haren kudeaketa hizkuntza politikan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio. Erregistro berriak aurrez bazeuden erregistro jakin batzuen datuak jasoko ditu, herri-administrazioei, erakundeei, eskubide pribatuko erakunde publikoei nahiz arau honen aplikazio-eremuaren barneko erakundeei, eta baita herritarrei oro har ere, honako hau errazteko xedearekin: pertsonen euskararen ezagutza-mailari buruzko informazio ofiziala eta eguneratua, egiaztatuta dituzten titulu nahiz egiaztagirietan oinarrituta. Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) doako funtzionamenduko zerbitzu publikoa da.

Une honetan, euskara-ezagutzen frogagiria Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP), Hezkuntza Sailak, Unibertsitate eta Ikerketak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak kudeatutako erregistroetan dago. Jatorrizko erregistroek existitzen jarraituko dute eta beraien eginkizuna betetzen. Erakunde eskudun bakoitzak bere erregistroa kudeatzen jarraituko du, eta erregistro horiek Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) elikatuko dute, azken horrek eguneratutako informazioa izan dezan. Jatorrizko erregistroen arduradun diren erakunde guztiek Erregistro Bateratuari igorritako datuen zuzenketa bermatuko dute.