2012/11/27 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
LHren titulazio berriak
Bizialdi osoko ikaskuntza sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen dekretua
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Gobernu Kontseiluak 3.200.000 euroko diru laguntza emango die Elkargi eta Oinarri BGAE-ei, Euskadiko Autonomoak eta ETE-ak abala ditzaten
HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
Izapidetze elektronikoa
Protesien koordainketaren kontrako errekurtsoa
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Naturaren Kontserbatziorako Legetik eratorritako meategi ustiaketarako mugak direla eta Micronizados Naturales S.A. enpresari kalte ordainketa ezetsi zaio
Euskal abeltzaintza sektorerako 1,8 milioi euroko mínimis laguntzak onartu dira
Kostako Zuzendaritzaren jabari publikoko ondasunaren kontzesioa onartu da Okako ibai ertzean oinezkoentzako pasabidea egiteko
Nekazarien sindikatuak gizarte solaskide gisa aritzeko dirulaguntzen deialdia
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

LHREN TITULAZIO BERRIAK

Dekretua, zentral elektrikoetako goi mailako teknikari curriculuma ezarriko duena.

Dekretua, mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.

Dekretua, estetika integraleko eta ongizateko goi mailako teknikari curriculuma ezarriko duena.

Dekretua, makineriako elektromekanikako teknikari tituluari curriculuma ezarriko duena.

Dekretua, garraio eta logistikako goi mailako teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.

Dekretua, automatizazio eta industria-robotikako goi mailako teknikari tituluari curriculuma ezarriko duena.

Dekretua, diseinu eta altzarien arloko goi mailako teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.

Dekretua, zuzendaritza laguntzako goi mailako teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.

Dekretua, administrazio eta finantzetako goi mailako teknikari tituluari curriculuma ezarriko duena.

Gobernu Kontseiluak, Isabel Celaá Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eskariz, bederatzi dekretu, Lanbide Heziketako titulazio berrien curriculumak finkatzen dituztenak, onartu ditu. Onartutako tituluak hauek dira: Zentral Elektrikoetako goi teknikaria, Makineriaren Elektromekanikoko teknikaria, Estetika Integraleko eta Ongizateko goi teknikaria, Administrazio eta Finantzetako goi teknikaria, Zuzendaritzari Laguntzeko goi teknikaria, Mendeko Egoeran dauden Pertsonei Arreta Emateko teknikaria, Diseinu eta Altzarietako goi teknikaria eta Automatizazioko eta Industria Robotikako goi teknikaria.

 

 

BIZIALDI OSOKO IKASKUNTZA SUSTATZEKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN DEKRETUA

Gobernu Kontseiluak, Isabel Celaá Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eskariz, bizitzan zehar ikasteko zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeei eman beharreko dirulaguntzak arautzen dituen akordio bat onartu du gaur. Udalek, elkarteek, ikastetxe pribatuek, prestakuntzan ari diren merkataritza-elkarteek eta irabazi asmorik gabeko beste instituzio batzuek izango dute bizitzan zehar ikasteko egiten dituzten jarduerak, aurrekontuaren % 100era arte, diruz laguntzeko aukera, betiere zerbitzuak herritarrei dohainik eskaintzen badizkiete.

Bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntza-jardueretan 2020. urterako helduen % 15ek parte hartzea da Europako Batasunak Europa 2020 estrategian adierazten duen helburua. 2008an Euskadin ehuneko hori % 13,5ekoa izan zen eta, horregatik, bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntzan euskal herritarrek parte hartzea indartzen jarraitzeko neurriak sustatu behar dira oraindik. Dekretu hau Eusko Jaurlaritzarekin zerikusirik ez duten erakundeen eskaintza sustatzen saiatzen da.

Kolektibo konkretuen prestakuntza-premiei erantzuna emateko diseinatu eta planifikatutako jarduerak izango dira diruz lagundu ahal izango direnak, enplegurako prestakuntzari lotutakoak eta, beraz, LANBIDE- Enplegurako Euskal Zerbitzuaren deialdien bidez finantzatu ahal direnak izan ezik. Halaber, ikaskuntzarako bitartekaritza-zerbitzuek eta irakatsi eta ikasteko, ezagutza belaunaldien artean transmititzeko eta prestakuntza hurbildu eta ikaskuntza sustatzeko oztopoak kentzeko proiektuek ere jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.

Dirulaguntzak jaso nahi dituzten elkarteek Hezkuntza Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari aurkeztu beharko dizkiote beren eskaerak, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Eskaera horiekin batera, aurreikusten diren jarduera guztien azalpen-memoria batek eta haietarako aurrekontu batek joan beharko dute. Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak izendatutako ebaluazio-batzorde batek baloratuko du dokumentazio hori, dirulaguntzak eman aurretik. Ebaluazio-irizpideen artean, besteak beste, aurkeztutako proiektuak kokatzen diren zonaldean bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntza-planaren baliokideak izatea nabarmenduko da. Edonola ere, dirulaguntzen zenbateko osoa ezin izango da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako idatzita dagoen kopurua baino handiagoa izan.
 

 

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

GOBERNU KONTSEILUAK 3.200.000 EUROKO DIRU LAGUNTZA EMANGO DIE ELKARGI ETA OINARRI BGAE-EI, EUSKADIKO AUTONOMOAK ETA ETE-AK ABALA DITZATEN

Erabakia, Elkargi S.G.R. eta Oinarri S.G.R.ri diru-laguntza ematekoa. Helburua da elkarren bermerako sozietate horiek EAEko ETE eta autonomoei abalak eman diezazkieten bultzatzea, haien hornidura teknikoko funtsak indartuz.

Eusko Jaurlaritzak EAEko enpresa-sektorearen lehiakortasuna hobetzen lagundu du: hainbat finantza-erakunderekin hitzarmenak sinatu ditu, inbertsio-eragiketak eta zirkulatzailea lehentasunezko baldintzetan finantzatzeko.

Euskadiko enpresa-ehundura finantzatzen laguntzeko politikaren barruan, hiru milioi eta berrehun mila euroko diru-laguntza eman die Elkargi eta Oinarri elkarren bermerako sozietateei. Diru-laguntza honen xedea elkarren bermerako sozietateok abal finantzarioak eman ditzaten sustatzea da, Hornidura Teknikoetako Funtsak indartuta. Diru-laguntza honekin, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txiki eta ertainen finantzazio-aukerak nabarmen handituko dira, eta, halaber, finantzazio horren kostua ere murriztuko da, alor horretan gure inguru ekonomikoan diren zailtasunak kontuan izanda.

Hornidura Teknikoetarako Funtsak elkarren bermerako sozietateen funts propioen ezaugarri berberak ditu, eta beren jardunetik eratorritako zuzkiduren edota kobraezinen kostua aplikatzeko erabiltzen dute. Eusko Jaurlaritzak, funts hau indartzen lagunduta, abalak ematea erraztuko du. Izan ere, elkarren bermerako sozietateen emaitzen kontuen inpaktua murrizten lagunduko du; zorroak narriatu izanagatik sortutako inpaktua txikitzen, hain zuzen. Hala, bi erakundeek beren negozio-plana prestatu ahal izango dute eta behar bezala artatuko dituzte enpresa txikiek eta ertainek egindako berme-eskaerak, guztia ere elkarren bermerako sozietate bati araudiak eskatzen dizkion kaudimen-beharrak beteta.

Diru-laguntzaren zenbatekoa 3.200.000 euro izango da: 2.700.000 euroko laguntza Elkargirentzat, eta 500.000 eurokoa Oinarrirentzat. Esleipenaren truke sozietateok 2012an abalak modu efektiboan eman beharko dituzte.
 

 

HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

IZAPIDETZE ELEKTRONIKOA

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren zenbait prozeduraren izapidetze elektronikorako jarraibideak onartzen dituena.

Legegintzaldiaren hasieran ekin genion proiektu honi, eta horren asmoa, hasiera batean, dekretuen izapidetzea bizkortzea zen.

Hortik aurrera, izapidetzeko prozedura bat prestatu zen, eta prozedura hori, dekretuetarako ez ezik, lege eta araugintza-xedapen orokor guztietarako ere izango zela erabaki zen.

Gobernu Kontseiluaren 2010eko abenduaren 28ko erabakiaren bidez, araugintza-xedapen orokorrak era elektronikoan izapidetzeko betebeharra ezarri zen horretarako garatutako aplikazioaren bidez.

Harrezkero, 400 espediente baino gehiago izapidetu dira, hau da, aldi horretan izapidetu diren araugintza-xedapen orokor ia guztiak.

Aldi berean, lanean aritu gara barneko izapidetze elektronikoa administrazio publikoaren eskariz izapidetzen diren prozedura gehienetara zabaltzeko, zehapen-prozeduretara izan ezik.

Prozedura horien zerrendan daude, besteak beste, kudeaketa-gomendioak, era guztietako hitzarmenak, protokoloak, programa-kontratuak, ondarezko erantzukizuneko espedienteak, laguntza eta diru-laguntzen deialdiak, izendapenak, etab.

Horrela bada, legegintzaldi honen amaieran, barneko izapidetze elektronikoak ezarpen zabala izango du Eusko Jaurlaritzan.
 

 

PROTESIEN KOORDAINKETAREN KONTRAKO ERREKURTSOA

Erabakia, eskumen-gatazka positiboa planteatu aurreko eskumengabetasun-errekerimendua egitekoa, Ministro Kontseiluak azaroaren 2ko 1506/2012 Errege Dekretuaren 1., 5., 6. eta 9. artikuluak indargabetu ditzan. Errege-dekretu horrek Osasun Sistema Nazionaleko prestazio ortoprotesikoaren zorro erkide osagarria arautzen du eta prestazio ortoprotesikoan finantziaziorako gehieneko zenbatekoak ezartzeko oinarriak ezartzen ditu.

Jaurlaritzaren Kontseiluak azaroaren 2ko 1506/2012 Errege Dekretuaren kontra eskumen-gatazka positiboa planteatu aurreko urratsa egin du. Errege Dekretu horrek protesien koordainketa ezartzen du, Osasun Sistema Nazionalean.

Eusko Jaurlaritza osasun-arloko koordainketa berri horren kontra dago erabat, protesi horiek (beheko nahiz goiko gorputz-adarretarako protesiak eta gurpil-aulkiak) guztiz beharrezkoak baitira horiek erabili beharrean gertatzen direnentzat.

Uste dugu erabat bidegabea dela pertsona horiei koordainketa ezartzea, eta, are gehiago, kontuan izanda protesi horiek garestiak direla. Protesi horien % 10 ordaintzea milaka euroko gastua izan daiteke.

Oraingoz, ortoprotesiei buruzko araudia ez da aplikatzen hasi, ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez beste erkidegoetan, araudia aplikatu baino lehen Osasun Sistema Nazional osorako katalogo berri bat argitaratu behar baita, finantzatzeko gehieneko prezioekin.

Osasun Ministerioa horretan ari da, baina oraindik denbora beharko du.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

NATURAREN KONTSERBATZIORAKO LEGETIK ERATORRITAKO MEATEGI USTIAKETARAKO MUGAK DIRELA ETA MICRONIZADOS NATURALES S.A. ENPRESARI KALTE ORDAINKETA EZETSI ZAIO

Erabakia, Micronizados Naturales, S.A.k egindako ondare-erantzukizunaren erreklamazioa ezesten duena. Martxoaren 11ko Legea, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzekoa, argitaratzeak eragindako kalte-galerengatik egin du erreklamazioa.

Gobernu Batzordeak egin duen gaurko bileran ezetsi egin du Micronizados Naturales S.A. enpresak Euskal Autonomia Administrazio Orokorraren kontra aurkeztu zuen ondare-erantzukizun erreklamazioa, Naturaren Kontserbaziorako Legearen aldaketak Trutziosen (Bizkaian) eta Asparrenan (Araba-Alava) dituen meategietako ustiategietan jasan dituzten kalteengatik.

Micronizados Naturales S.A.-k 4.154.610 euroko kalte-ordaina eskatu zuen 2011ko martxoan, Euskadiko Naturaren Kontserbaziorako ekainaren 30eko 16/1994 legea aldatzen zuen martxoaren 11ko 1/2010 legearen ondorioz sortarazi zizkien galerengatik.

Lege horren arabera, “babesturiko gune naturalen mugen barruan” –hau izanik egoera, Armañoneko eta Aitzgorri-Aratzeko natura-parkeetan baitaude- “ezin izango da meategi ustiategi jarduerarik egin, ez atari zabalekorik ez eta lur azpikorik”.
 

 

EUSKAL ABELTZAINTZA SEKTORERAKO 1,8 MILIOI EUROKO MÍNIMIS LAGUNTZAK ONARTU DIRA

Agindua, 2012rako EAEko abeltzaintzako ustiategi jakin batzuetarako de mínimis araubidearen menpeko dirulaguntzak ezartzen dituena.

Gobernu Batzordeak gaur goizean egin duen bileran 1.800.000 euroko dirulaguntza deialdia egitea erabaki du Euskadiko abeltzaintza ustiategiek animalien pentsuen eta bestelako elikagaien prezio igoerari aurre egiteko.

2010. urtetik gaurdaino hainbat arrazoi direla eta – zerealaren mundu mailako stockaren jaitsieragatik, uzta kaxkarrak, giza kontsumoaren erruz zerealen kontsumo handitzeagatik eta bio-erregaietarako erabiltzen direlako- zerealaren prezioak, animaliak elikatzeko behar-beharrezko lehengaiak, gorakada nabarmenak izan du.

Kasu askotan, zerealen prezioa –abeltzainentzako kosturik altuena- ehuneko 50ean garestitu da eta igoera hori ezin izan da produktuaren amaierako salmentako preziora gehitu.

Egoera horri erantzuteko, Pilar Unzalu sailburuak minimis dirulaguntzak banatzeko ordena sinatu du. Hori dela eta, hurrengo 3 urtetan bide honetatik bertatik gehienez 7.500 euro jaso ahal izango dituzte laguntzetara gehitzen diren abeltzainek.

Laguntza horietara lotu daitezkeen onuradunak, ustiategietako nagusi diren abeltzainak izango dira, abeltzain jarduera dutenak eta hurrengo azpisektoreko jardueretan aritzen direnak: okeletarako behiak, esnetarako behiak, ardi eta ahuntzak, txerriak, zaldi eta behorrak, hegaztiak eta untxi hazkuntza.
 

 

KOSTAKO ZUZENDARITZAREN JABARI PUBLIKOKO ONDASUNAREN KONTZESIOA ONARTU DA OKAKO IBAI ERTZEAN OINEZKOENTZAKO PASABIDEA EGITEKO

Erabakia, Itsasertzaren eta Itsasoaren Iraunkortasunaren Zuzendaritza Nagusiak emandako honako emakida honen onarpena baimentzekoa: Oka itsasadarrean alde biak lotzeko oinezkoentzako pasabide bat kokatzeko eta Baldatika errekan itsasadarraren ubide zaharra berbideratzeko ezponda bat egiteko emakida.

Gobernu Batzordeak onartu du bere gaurko bileran, Eusko Jaurlaritzaren aldeko Oka ibaiaren ertzeko jabari publikoko ondasunen kontzesioa. Horrekin, oinezkoentzako pasabidea egin ahal izango da eta ingurune natural honetako bi erriberak lotu.

Gobernu Batzordeak onartu du gaurko bileran, Nekazaritza, Elikagai eta Inguruneko Ministerioko (MAGRAMA) Kostaldeko eta Itsas Jasangarritasunerako Zuzendaritza Nagusiak emandako jabari publikoko ondasunen ematea onartu du ibaiko berreskuratze lanak egiteko eta natura gune hori balioan jartzeko.

Jabari Publikoko Ondasunen emateak bi erriberak lotuko dituen oinezkoentzako pasabidea eraikitzea ahalbidetuko du, baita Baldatikako errekan azud bat eraikitzeko ere. Pasabideak 576 m2 izango ditu eta azud-ak 2.003 m2.

Ekintza horiekin, 2011. urtetik ingurune horretan egiten ari diren lanak jarraitu eta 2014. urtera arte luzatuko dira, besteak beste, pasabide bat eraikitzeko edota belar garbiketa edota entresaka egiteko eta bi hezeguneak egokitzeko. Lan horiek guztiak 2,3 milioi euroko kostua dute.

Jabari Publikoaren Ondasunen ematea behar-beharrezko pausoa zen lan horiek hasteko, MAGRAMAko Kostaldeko eta Itsasoko Jasangarritasun Zuzendaritza Nagusiaren jabego publikoko lurretan egin behar baitira.
 

 

NEKAZARIEN SINDIKATUAK GIZARTE SOLASKIDE GISA ARITZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatu-izaerako nekazaritzako erakunde profesionalentzako laguntzetarako 2012ko ekitaldiko deialdia egiten duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako erakunde profesionalaren izaerako sindikatuentzako dirulaguntzen 2012erako deialdia. Guztira, 202.808 euroko dirulaguntzak eskainiko dira.

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluren aginduari, zeinaren bidez, nekazarien sindikatuak gizarte solaskide aritzeko dirulaguntzen deialdia egin baita.

Dirulaguntzon xedea, administrazioarekiko harremanetan nekazarien sindikatuak gizarte solaskideak izatea errazteaz gain, ekoizle txikiak taldeka antola eta babes ditzaketen erakunde handiagoen funtzionamendua indartzea da.