2013/05/14 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Abokatuen Elkargoei etxeko bortizkeriaren eta/edo sexu erasoen biktimentzako laguntza juridikoko zerbitzuari eta ofizioko txandari 2012ko uztailaren 1etik 2013ko ekainaren 30era bitarteko epean eusteko diru-laguntza bat emateko dena.
Erabakia, errege lege-dekretu honen zenbait arauren aurka konstituziokontrakotasun-errekurtsoa jartzea baimentzeko: 4/2013 Errege Lege Dekretua, otsailaren 22koa, ekintzaileei laguntzeko eta enpleguaren sorrera eta hazkundea suspertzeko neurriei buruzkoa.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Turismo Bulegoekiko lankidetza-eredu berria - ITOURBASK
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
41,8 milioi euro laneko prestakuntza sustatzeko
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua, literatura-argitalpenetarako laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duena.
Agindua, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko ¿Gure Artea¿ sariak arautu eta horietarako deialdia egiteko dena.
Agindua, Euskadiko kirol-federazioen 2013ko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia arautzen duena.
Agindua, 2013ko ekitaldia ikus-entzunezkoen arloan sortu, garatu eta ekoizteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.
Agindua, «Sormen Lantegiak» programaren barruan 2013. urtean diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duena.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ABOKATUEN ELKARGOEI ETXEKO BORTIZKERIAREN ETA/EDO SEXU ERASOEN BIKTIMENTZAKO LAGUNTZA JURIDIKOKO ZERBITZUARI ETA OFIZIOKO TXANDARI 2012KO UZTAILAREN 1ETIK 2013KO EKAINAREN 30ERA BITARTEKO EPEAN EUSTEKO DIRU-LAGUNTZA BAT EMATEKO DENA.

LABURPENA

JAURLARITZAK DOAKO ARRETA JURIDIKORAKO ZERBITZUA INDARTUKO DU GENERO ETA SEXU-INDARKERIAREN BIKTIMENTZAT

Diru-partida 1,1 milioi eurokoa izango da; hau da, 8.695,8 euro gehiago, iaz baino % 0,8 handiago.

Doako zerbitzu hau 3.686 pertsonak baliatu zuten 2012an, genero-indarkeriako edo sexu-erasoen biktimak guztiak ere; 2011n baino % 4,7 handiagoa.

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru abokatuen elkargoei diru-laguntza zuzena ematea onartu du gaur, 2012ko uztailaren 1etik 2013ko ekainaren 30era bitartean sexu-erasoen edo genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonei Laguntza Juridikoa eta Ofiziozko Txanda zerbitzua ematen jarraitzeko.

Orotara 1.111.209,72 emango ditu Jaurlaritzak bi alditan. Lehendabizikoa, 554.407,18 euro, 2012ko uztailaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra bitarteari dagokiona. Bigarrena, 556.802,30 euro, 2013ko urtarrilaren 1etik 2013ko ekainaren 30era bitarteko aldiari dagokio.

Partida % 0,8 handitu dute iazko denbora-tarte berarekin alderatuta; hau da, 8.695,9 euro gehiago.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru abokatuen elkargoetako hamabost profesionalek artatzen dute genero- edo sexu-indarkeria jaso duten biktimentzako zerbitzu hau. Iaz, 2012an, 3.686 pertsonari eman zien arreta. Kopuru hori % 4,7 handitu da 2011rekin alderatuta; guztira, orain bi urte baino 147 kasu gehiago.

Lurraldeka, honela banatu dute laguntza:
 

  LEHEN ORDAINKETA
(2012ko uztailak 1-abenduak 31)
 
BIGARREN ORDAINKETA
(2013ko urtarrilak 1- ekainak 30)
 
GUZTIRA (euro)
ARABA/ÁLAVA 93.120,32 92.900,40 186.020,72
BIZKAIA 271.830,18 273.101,10 544.931,28
GIPUZKOA 189.456,68 190.800,80 380.257,48
GUZTIRA 554.407,18 556.802,30 1.111.209,48

 

 

ERABAKIA, ERREGE LEGE-DEKRETU HONEN ZENBAIT ARAUREN AURKA KONSTITUZIOKONTRAKOTASUN-ERREKURTSOA JARTZEA BAIMENTZEKO: 4/2013 ERREGE LEGE DEKRETUA, OTSAILAREN 22KOA, EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO ETA ENPLEGUAREN SORRERA ETA HAZKUNDEA SUSPERTZEKO NEURRIEI BURUZKOA.

LABURPENA

JAURLARITZAK ALDE BIKO BATZORDEAN HELEGITEA EGIN DIO EUSKADIKO TRENBIDEAK ESTATUAREN INTERES OROKORREKO KATALOGOAREN BARRUAN SARTZEARI

 Eusko Jaurlaritzaren iritziz otsailaren 22ko 4/2013 Errege Lege Dekretuan finkatutako «Estatuko Interes Orokorreko Trenbide Sareko Linea eta Zatien Katalogoak» Euskadiko eskumenak urratzen ditu trenbideei dagokienez.

Espainiako Gobernuak gaia Euskadiren eta Estatuaren arteko Alde Biko Batzordean eztabaidatzea onartuz gero, 6 hilabeteko negoziazio-epea hasiko da auzia ebazteko Konstituzio Auzitegira jo aurretik.

Konstituzioaren aurkakotasun-helegite bat jartzea baimendu du gaur Gobernu Kontseiluak otsailaren 22ko 4/2013 Errege Lege Dekretuaren aurka; izan ere, izenak izen (ekintzaileari laguntzeko, hazkundea sustatzeko eta enplegua sortzeko neurriak), haren 38. artikuluan eta eranskinean «Estatuaren Interes Orokorreko Trenbide Sarearen Linea eta Zatien Katalogo» bat jasota dago, zeinak EAEren eskumenak (Gernikako Estatutuaren 10.32 artikuluan aurreikusiak) urratzen dituen trenbideei dagokienez.

Katalogo horren barruan Espainiako Gobernuak interes orokorrekotzat jo dituen trenbideen zerrenda bat ageri da, eta Eusko Jaurlaritzak hura egiaztatu duenean konturatu da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide guztiak ageri direla bertan.

Euskaditik igarotzen diren trenbide guztiak interes orokorrekotzat hartzean Estatuko Administrazio Orokorraren kudeaketa betikotzea bermatu nahi dute, horrela etorkizunean Euskadiri eskualdatu ahal izatea galarazteko.

11 linea eta zati dira, eta haietatik 6 autonomia-erkidegoko lurraldekoak dira zeharo. Hauexek dira, besteak beste: Hendaiatik Irunerako 106 linea, oraindik RENFErena den Santurtzi-Abando linea, Muskiz-Barakaldo arteko 722 linea, Ariz eta Basurto ospitale arteko 782, Lutxana-Barakaldo eta Irauregi arteko 784 linea eta abar. Eusko Jaurlaritzak hamaika aldiz eskatu du linea horiek EAEri eskualdatzeko.

KONSTITUZIO AUZITEGIAREN OHARTARAZPENA

Eusko Jaurlaritzaren ustez Espainiako Gobernuaren maniobra hori gardentasunaren eta leialtasun instituzionalaren aurkakoa da, ezkutuan egiten saiatu baitira trenbideei buruzkoa ez den errege lege-dekretu baten bitartez.

Horrela bada, Espainiako Gobernuari gogorarazten zaio Konstituzio Auzitegiak iruzurrezko praktika horretaz ohartarazi ziola 2012ko abenduaren 18ko epai batean; haren bidez azpiegitura guztiak «Estatuko Interes Orokorraren Katalogoan» betikotzeko aurreko ahalegin bat indargabetu zuen, legediak xedatzen baitu han ezin direla jaso autonomia-erkidego bateko lurralde batetik osotasunean igarotzen badira.

ALDEBIKO NEGOZIAZIOAK

Eusko Jaurlaritzak auzi hori «Estatuaren eta Euskadiren arteko Alde Biko Batzordean» ebaztea aukeratu du; hortaz, Espainiako Gobernuak hori onartuz gero, sei hilabeteko epea irekiko da eskumen-inbasioagatik gatazkan dauden puntuak negoziatzeko.

Alde biko batzorde hori, gainera, beste eskumen-gatazka bat negoziatzen ari da uneotan urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren inguruan, Prepara planak iraupen luzeko langabetuentzako 400 €-ak kudeatzeari dagokionez.

Legegintzaldia hasi zenetik, Alde Biko Batzordeak 5 hitzarmen lortu ditu, Konstituzio Auzitegira jotzea saihestuta, hurrengo arau hauen manu jakin batzuei dagokienez:
    1. Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretua.
    2. Osasunari buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretua.
    3. Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko 14/2012 Legea.
    4. Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legea.
    5. Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea.

KONSTITUZIO AUZITEGIAN AURKEZTUTAKO ERREKURTSOAK

Legegintzaldia hasi denetik 5 aldiz, ordea, ez da akordiorik lortu eta Konstituzio Auzitegira jo da:

    1. 2012rako eta 2013rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko legeak.
    2. Estatuaren 20/2012 Errege Lege Dekretua, uztailaren 13koa, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzkoa (funtzionarioen eta merkataritzako gaiekin).
    3. Espainiako Gobernuak Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko EAEko Legea errekurritu du.
    4. Eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen EAEko Legea.

 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

TURISMO BULEGOEKIKO LANKIDETZA-EREDU BERRIA - ITOURBASK

Erabakia: Turismoko Bulegoen Euskal Sarean (ITOURBASK) integratutako zerbitzuak -turismoko informazioari buruzkoak- eskaintzeko eredua -toki erakundeekiko lankidetza hitzarmenari dagokiona- bigarren aldiz aldatzen duena.

Erabakia: Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia Sozietate Publikoa SAren 2012. ekitaldiko kontuak, kudeaketa-txostena eta emaitzen aplikazioa onartzeari buruzkoa.

LABURPENA

ITOURBASK Turismo Bulegoen Euskal Sarean integratutako turismo-informazioko zerbitzuak emateko toki-erakundeekin lankidetza-hitzarmenak sinatzeko baimena ematen duen Erabakia.

Bi helburu ditu: hitzarmenen kudeaketa administratiboa arrazionalizatzea, eta horien izapidetzea berdintzea. Epeak eta erritmoak berdintzea eta eguneraketak bat egitea lortuko da.

ITOURBASK Turismo Bulegoen Euskal Sarearen helburua honako hauxe da: Euskal Autonomia Erkidego osoan diren Turismo Informazioko zerbitzu guztiek informazio turistiko bera, eguneratua eta homogeneoa eskaintzea, hartara Euskadi helmugari buruzko informazio turistiko globala emateko.

Aurten 803.951,23 € inbertituta, Eusko Jaurlaritzak 46 bulego biltzen dituen sare honen aldeko laguntza-mailari eutsi dio. Zerbitzu hauek ematen ditu sareak:

■DOKUMENTAZIO ETA INFORMAZIO ZERBITZUA. Euskadiko baliabide turistiko guztiak biltzea datu-biltegi komunetan, zeinak kide diren bulegoek eguneratuko baitituzte.

■EBALUAZIO ETA ESTATISTIKA ZERBITZUA. Honi esker kide diren bulegoen kalitate atxiki eta haien erabiltzaileei buruzko datuak biltzen dira.

■PRESTAKUNTZA ZERBITZUA. Bulegoak artatzen dituzten langileen prestakuntza-beharrei erantzuten die, urteroko prestakuntza-plan baten bidez.

■HEDATZE ETA KOMUNIKAZIO ZERBITZUA. Irudi korporatiboa zaintzea du ardura.

Basquetourren urteko kontuak onestea

Basquetour Sozietatearen 2012. urteko kontuak onetsi ditu Gobernu Kontseiluak. Emaitza, 7.184 euroko galera, Aurreko ekitaldietako emaitza negatiboen kontuari aplikatuko zaio.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

41,8 MILIOI EURO LANEKO PRESTAKUNTZA SUSTATZEKO

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa, enplegurako lanbide-heziketako azpisistemaren esparruan eskaintza-prestakuntzarekin zerikusia duten gaietarako diru-laguntzak finantzatzeko. Diru-laguntza horiek batik bat Euskal Autonomia Erkidegoko langileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko erabiliko da.

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzeko dena. Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko lana duten langileei batez ere zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoak finantzatzeko, 2013ko ekitaldirako.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 41,8 milioi eurorekin lagunduko du langabeak trebatzeko (lanerako prestakuntza) eta dagoeneko enplegua duten pertsonak trebatzeko (etengabeko prestakuntza) jarduera-multzoa.

Gaurko bilkuran, Gobernu Kontseiluak lanerako prestakuntza-jarduerak eta etengabeko prestakuntzakoak egiteko deialdiak onartu ditu. Akordioa Euskal Enplegu Zerbitzu Lanbideko Administrazio Kontseiluak berretsi du aldez aurretik.

Lehenengo kasuko prestakuntza-jarduerak enplegurako prestakuntza-azpisistemaren barruan sartzen dira. Orotara, gobernuak 24,9 milioi euro bideratuko ditu langabeak gaitasun eta kualifikazio profesionalez jabetzeko eta haiek hobetzeko nahiz etengabe eguneratzeko jardueretara.

Diru-laguntzen hartzaileak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mende ez dauden prestakuntza-zentro publiko edo pribatuak izango dira. Era berean, bere kasa nahiz mendeko zentro eta entitateen bidez enplegurako prestakuntza profesionala eskaintzen duten enpresa-erakunde eta sindikatuek ere jaso ahal izango dituzte laguntza horiek.

Ezingo dira diruz lagundu enpresa jakin bateko lanpostua lortzera bideratutako irakaskuntzak hartzen dituzten prestakuntza-jarduerak –beste enpresa batzuetara zabaldu ezin diren kualifikazioak dituztenak–, ez eta oinarrizko osagai gisa prestakuntza-prozesu baten garapena (irakaskuntza-ikaskuntza) ez dutenak ere.

Enplegurako prestakuntza-profesionala enplegua sortzeko politika aktiboen artean tresnarik osoena da. Honako alderdi guztiak modu global eta integratuan hartzen ditu: orientazio- eta aholkularitza-lana, prestakuntza-jarduera eraginkortasunez ematea –ikuspegi teorikoa eta praktikoa barne hartuta–, lanez kanpoko praktika profesionalak egitea, kontratazio-konpromisoak eskaintzea, eta, batez ere, prestakuntza profesionalaren azpisisteman enplegua duten eta ez duten pertsonekin aurrera eramaten den ibilbide profesionala eta trebakuntzakoa.

Etengabeko prestakuntza

Bilkura horretan bertan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak proposatuta, enplegua duten pertsonei zuzendutako prestakuntza-planak sustatzeko laguntza-programara 16,9 milioi euro bideratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak.

Gaitasun eta kualifikazio profesionalak hobetzea xede duten prestakuntza-jarduerak eskaintzen dituzten EAEko entitate guztiek jaso ahal izango dituzte aipatu laguntzak, Hobetuz fundazioaren bitartez. Besteak beste, unibertsitateek eta enpresa-erakundeek, 1995ean EAEko Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa sinatu zuten prestakuntza-entitateek eta sindikatuek eta laneko kooperatiba eta sozietateen konfederazio eta federazioek.

Programak diruz lagunduko dituen prestakuntza-ekintzak EAEko langileei eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten langile ez profesionalei zuzenduta daude.

Era berean, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emandako langileek ere parte hartu ahal izango dute. Kasu horretan, hala ere, horien partaidetza , prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten pertsonen % 20 eta % 40 bitartekoa izango da plan bakoitzean. Zentzu horretan, parte-hartzaileak langabetzat hartuko dira baldin eta trebakuntza-ekintza hastean egoera horretan badaude. Halaber, prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izateko, langabeak Lanbideko Orientazio Zerbitzuak proposatutakoak izatea gomendatzen da.

Lanbidek aitortzen ez dituen prestakuntza-entitate pribatuei emango zaizkien laguntzak prestakuntza-behar espezifikoak edo laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako berariazko programak finantzatzera bideratuko dira. Hala, partaideen % 70 gutxienez talde hauetako batekoak izan beharko dira: enpresa txiki eta ertainetako langileak, emakumeak, terrorismoaren nahiz genero-indarkeriaren biktimak, 45 urtetik gorakoak, kualifikazio txikiko langileak, desgaitasunen bat duten pertsonak eta langabe gazteak, iraupen luzekoak edota gizarte-bazterketako arriskua dutenak.

Ekimenak 2013ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasiko dira, eta 2014ko ekainaren 30ean gehienez ere bukatu.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA, LITERATURA-ARGITALPENETARAKO LAGUNTZAK EMATEKO ARAUBIDEA EZARRI ETA DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

536.000 EURO ARGITALPENEN EKOIZPENERAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, literatur izaera duten argitalpenentzat laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du.

Deialdi honek 536.000 euroko diru kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

AGINDUA, ARTE PLASTIKOAK ETA IKUSIZKOAK SUSTATZEKO ¿GURE ARTEA¿ SARIAK ARAUTU ETA HORIETARAKO DEIALDIA EGITEKO DENA.

LABURPENA

"GURE ARTEA" SARIETARAKO DEIALADIA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Gure Artea sarientzat araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du. Sari hauek arte plastiko eta bisualen sustapena dute helburu.

Deialdiak bi modalitate bereizten ditu sariketan. Bata, ibilbide artistikoaren aitorpena egiten duena, eta bestea sormen-jarduera aitortzen duena. Deialdi honek 65.000 euroko diru kopurua du.
 

 

AGINDUA, EUSKADIKO KIROL-FEDERAZIOEN 2013KO KIROL-PROGRAMAK FINANTZATZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTZEN DUENA.

LABURPENA

2.350.000 EURO EUSKAL KIROL FEDERAZIOEN EGITAUETARAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, euskal kirol federazioen 2013 urteko kirol egitarauak diruz laguntzeko deialdia arautzen duen Agindua onartu du.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasita. Deialdi honek 2.350.000 euroko diru kopurua du.
 

 

AGINDUA, 2013KO EKITALDIA IKUS-ENTZUNEZKOEN ARLOAN SORTU, GARATU ETA EKOIZTEKO DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

1.496.000 EURO IKUSENTZUNEZKOAK SORTU, GARATU ETA EKOIZTEKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2013 urtean ikusentzunezkoak sortu, garatu eta ekoizteko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du.

Deialdiaren modalitateen barnean sartzen dira, proiektuen garapena, bai eta fikziozko film luze, animaziozko film luze, sormen dokumental eta film laburren ekoizpena ere.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasita. Deialdi honek 1.496.000 euroko diru kopurua du.
 

 

AGINDUA, «SORMEN LANTEGIAK» PROGRAMAREN BARRUAN 2013. URTEAN DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO ARAUBIDEA EZARTZEN DUENA.

LABURPENA

1.020.000 EURO “SORMEN LANTEGIAK” EGITARAURAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2013ko “Sormen Lantegiak” egitarauaren barnean laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du.

Diru-laguntza hauen helburua da kultur edukiak sortzeko formetan, egituretan eta moduetan berrikuntza sustatzea, beti ere sormena, ikerketa, esperimentazioa eta diziplinartekotasuna oinarri hartuta.

Deialdiak hiru modalitate ditu: “Sorgune”, sormen zentroentzat laguntzak ematen dituena; “Ikertu”, proiektuen diseinurako laguntzak; eta “Arragoa”, kultur produktuak gauzatzeko laguntzak ematen dituena.

Deialdi honek 1.020.000 euroko diru kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.