2013/06/04 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Gobernu Kontseiluaren Erakunde-Adierazpena, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko zigortuentzako eta presoentzako gizarteratze eta laneratze proiektuetarako diru-laguntzak emateko deialdia egiten duena.
Erabakia, Vitoria-Gasteizko Udalarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko baimena ematen dena. Horren bidez, Vitoria-Gasteiz hiria sustatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egoitza sustatzeko.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
5.000.000 euro atzerrian enpresak ezarri eta garatzeko
Europako Espalazio bidezko Neutroi Iturriaren proiekturako (European Spallation Source) Partzuergoko Kontseilu Errektoreko ordezkariak
Ebazpena, 2013ko ekainaren 5ekoa, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasunezko klusterretako enpresa-taldeentzako laguntzak emateko 2013ko deialdi publikoa egiten da.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Erabakia, Bilboko Udalarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea baimentzekoa, aipatu udalerrian etxebizitza babestu publikoak eta zuzkidura-bizitokiak sustatzeko politika gauzatu ahal izateko.
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Erabakia, Ogasun eta Finantza Sailaren "Zerbitzu orokorrak" 1212 programan 7.347.150,36 euroko konpromiso-kreditua sortzea baimentzekoa.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua, 2013-2014 ikasturtean nazioarteko unibertsitate-mugikortasunerako laguntzak eskatzeko deialdia egiten duena unibertsitateko eta goi-mailako arte-ikasketak egiten ari diren ikasleentzat.
Agindua, Dantza sustatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzeko dena.
Agindua, kultur sormena bultzatzeko 2013an esleitzekoak diren diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duena.
Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei beren gazte-ekipamenduen sarea bultzatzeko 2013rako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena eta horretarako deialdia egiten duena.
Agindua, musika jarduera profesionaletarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena. 2013ko ekitaldia.
Dekretua, Navaridasko (Araba) Alto de Castejón herrixka Gune Arkeologikoa, monumento-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratu zuen Dekretua aldatzeko dena.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako eta Bizkaiko hamar gune naturalak izendatu ditu Natura 2000 Sarean
Erabakia: Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetza-hitzarmen bat izenpetzeko baimena ematen duena Lurraldea, Paisaia eta Ondarea Katedra sortu, garatu eta bultzatzeko dena.
Agindua, zeinen bidez iragartzen baitira, 2013. urterako, EAEko eremuan lur-zaintzailetzailetza akordioetan diren ondare naturala aktiboki kontserbatzeko ekintzetarako diru-laguntzak.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

GOBERNU KONTSEILUAREN ERAKUNDE-ADIERAZPENA, INGURUMENAREN NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA.

Bihar, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. Eusko Jaurlaritza ingurumenarekin konprometituta dago, urteko egun guztietan eta herrialdeko txoko guztietan. Izan ere, ingurumenarekin lotutako konpromiso eta helburu argiak ditugu zehaztuta Gobernu Programan.

Lehenik eta behin, gure ekosistemak kontserbatzea sustatzen ari gara, eta, horri esker, gure natura-kapitala babesten eta berreskuratzen ari gara. Horretarako, honako hauek egiten ari gara: Biodibertsitate eta Geodibertsitate Estrategia onartzeko lan egin, BGLen mugak ezarri, Natura 2000 Sarea kudeatzeko tresnak garatu, korridore ekologikoen sarea amaitu, gure espazioen arteko lotura hobetu, espezie inbaditzaileen garapena geldiarazi, espezie mehatxatuak kontserbatzeko kudeaketa-planetan aktiboki lan egin eta Euskadiko bertako espezieentzako jarduketa-plan bat izan.

Horren adibide, gaur Madariaga Dorrean egin den Gobernu Kontseiluak habitat, espezie eta hegaztiak Kontserbatzeko 10 Eremu Berezi kudeatzeko adierazpena eta tresnak onartu ditu. Hona hemen eremuak: Aiako Harriak, Txingudi-Bidasoa (eta hegaztiak Babesteko Eremu Berezia Txingudin), Ulia, Jaizkibel, Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuko Batasunaren Garrantzizko 4 Lekuak eta hegaztiak Babesteko Eremu Bereziak Txingudin eta Urdaibain.

Bigarrenik, gure ingurumen-kalitatea areagotzea sustatzen dugu. Horretarako, ibaien ibilguak hobetzen ditugu, uren kalitatearen eta tratamenduaren alde lan egiten dugu, uren saneamendu- eta arazketa-sareetan inbertitzen dugu eta uholde-arriskua murrizteko proiektuak eta ekimenak lantzen ditugu. Gainera, soinu-kutsadura murrizteko ahaleginak egiten ari gara, eta, hori lortzeko, zarata murrizteko ekintza-planak babesten ditugu eta arau-neurriak hartzen ditugu. Horrez gain, airea gero eta hobea izateko lanean dihardugu eta atmosferara egiten diren isurpenen eta klima-aldaketaren kontra borrokatzeko neurriak ezartzen ditugu.

Hirugarrenik, natura-ingurunearen jasangarritasuna eta kontserbazioa bultzatzen ditugu, eta Europako araudiak Euskadiko eremurako zehaztutako aurreikuspenak txertatzen ditugu. Ildo horretatik, Agenda 21en eta berariazko programen bidezko ingurumen arloko heziketa ezinbesteko tresna da gizarte-ereduan aldaketa lortzeko, eta honako hauek saihesteko: energia- eta material-baliabideak xahutzea, biodibertsitatea galtzea, kutsatzaileak atmosferara isurtzea, natura-baliabideak gaizki kudeatzea eta zoriontasuna kontsumoarekin identifikatzen duen garapen-eredua indartzea. Ingurumen-arloko boluntariotzarekin konprometituta gaude; izan ere, ingurumen-babesarekin eta -hobekuntzarekin sentsibilizatuta dauden pertsonak behar ditugu.

Beste ikuspuntu batetik, ingurumenean eragiten duten politika publikoen koordinazioa handitzen dugu, bai sailen artean, bai erakunde artean, eta sektore pribatuen integrazioa eta herritarren partaidetza sustatzen ditugu. Betiere, administrazio bakoitzaren eskumenak eta pertsonekiko konpromisoa errespetatuta.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak jasangarritasunaren ikuspegia txertatzen du Euskadiri dagozkion politiketan, eta IV. Ingurumen Esparru Programa egin du hori oinarri hartuta, Garapen Jasangarriari buruzko Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020) aurreikusitako konpromisoak garatzeko.

Azkenik, Eusko Jaularitzak bat egin du Nazio Batuen Erakundearen ekainaren 5erako proposamenarekin; hots, janaria barra-barra gastatzeari eta janaria ekoizteko beharrezkoak diren energiari eta natura-baliabideei buruz hausnartuko du.

Kanpaina horrek («Pentsatu. Elikatu. Aurreztu») jardutera deitzen gaitu, eta gogorarazten digu elikagaien ekoizpen globalak bizitzeko egokia den azaleraren % 25 hartzen duela, ur-kontsumoaren % 70 behar duela, baso-soiltzea % 80 eragiten duela eta gasen % 30 isurtzen duela. Jarduera horrek biodibertsitatea galtzea eta lurzoruko erabilerak aldatzea eragiten du.

Euskadiko sukaldaritza kalitatezkoa da, gure arrantza-, nekazaritza- eta abere-produktuak bikainak dira, eta kultura gastronomikoa are hobea. Egia da. Baina, hemen ere badugu beharrik, eta, askotan, Europa aurreratueneko beste herrialde batzuetan bezala, elikagaiak xahutzen ditugu. Gure ohituren zentzu etikoa eta kritikoa berreskuratu behar dugu, eta kontsumo arduratsua bermatu.

Ingurumenarekiko konpromisoak, bai pertsona gisa, bai gizarte gisa, anbizio handikoa izan behar du. Euskadik ingurumenarekiko, hau da, gure inguruaren biodibertsitateari eta kalitateari eustearekiko konpromiso berritua eta handitua ospatuko du ekainaren 5ean, indarrez eta ilusioz ospatu ere.

Eusko Jaurlaritzaren partez, eskerrik asko egunero horren alde lan egiten duzuenoi.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

AGINDUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ZIGORTUENTZAKO ETA PRESOENTZAKO GIZARTERATZE ETA LANERATZE PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

GOBERNUAK 400 MILA EUROKO DIRU LAGUNTZA BIDERATUKO DU 2013AN PRESOAK GIZARTERATZEKO ETA LANERATZEKO XEDEA DUTEN PROIEKTUETARA

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko presoak gizarteratzeko eta laneratzeko xedea duten proiektuei diru-laguntzak emateko erabakia hartu du gaur bertan. Aurtengo deialdiak 400.000 euroko zuzkidura du, eta askatasuna erregimen irekian gabetuta daukatenak gizartearen nahiz enpleguaren esparruetan txertatzeko proiektuak laguntzea du helburu, espetxeratuek bizimodua berregiteko eta gizartean integratzeko aukera izan dezaten.

Irabazi-asmorik gabeko erakundeek gehienez ere 80 mila euro eskuratu ahal izango dituzte; guztizko horretatik, % 10 administrazio- eta funtzionamendu-gastuetara bideratzeko izango da, soldatak salbuetsita. Ekarpen ekonomiko horri esker, erakundeek ondoko aukera hauek izango dituzte:

   -Programatutako irteeretan eta landa-lanetan: desplazamendu-gastuak (erregaia, bidesariak, aparkalekua eta garraio publikoa), mantenu-gastuak eta ostatu-gastuak.

   -Egoitza- eta ostatu-baliabideetan eta drogazaleen mendekotasuna gainditzeko baliabideetan: higiezinak eta lokalak mantentzeko gastuak, horiek alokatzeko gastuak, presoak mantentzeko gastuak eta baliabideetara atxikitako langileen soldatak.

   -Prestakuntza- eta trebakuntza-zentroetan eta enpleguaren arloan orientatzeko nahiz laguntzeko zentroetan: higiezinak eta lokalak mantentzeko gastuak, horiek alokatzeko gastuak, material informatikoa, material suntsikorra, ikastaro zein tailerretako materiala eta baliabideetara atxikitako langileen soldatak.

Gobernuak, horrela, laguntza eman nahi die espetxeratuak egiaz eta eraginkortasunez gizarteratzearen alde lanean ari diren irabazi-asmorik gabeko erakundeei gehien-gehienek hogei urtetik gora daramatzate zeregin horretan; izan ere, profesionaltasunez eta modu koordinatuan egiten dute lan Euskadiko espetxeekin, eta eraginkortasunez eta gardentasunez Gobernuarekin.

Berritasun gisa, nabarmentzekoa da urte honetatik aurrera Euskadiko Herri Administrazioaren bitarteko telematikoak erabiliko direla aipatutako diru-laguntzen eskabideak izapidetzeko.
 

 

ERABAKIA, VITORIA-GASTEIZKO UDALAREKIN LANKIDETZA-HITZARMEN BAT SINATZEKO BAIMENA EMATEN DENA. HORREN BIDEZ, VITORIA-GASTEIZ HIRIA SUSTATUKO DA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDE KOMUNEN EGOITZA SUSTATZEKO.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK 20 MILIOI EURO EMANGO DIZKIO GASTEIZKO UDALARI EUSKADIKO ERAKUNDE KOMUNEN EGOITZA IZATEAGATIK

Gasteizko Udalak X. legealdiko urte bakoitzeko 5 milioi euro jasoko ditu.

Gasteizko Udalak hiria baldintza egokietan edukitzeko, herritarren eta bisitarien segurtasuna bermatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko erabili beharko du dirua.

Gobernu Kontseiluak Gasteizko Udalari EAEko erakunde komunen egoitza izateagatik zuzeneko diru-laguntza bat ematea onartuko du, egokitzat jotzen badu.

Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak eta Gasteizko Udalak hitzarmen bat sinatuko dute laster. Horren bidez, Jaurlaritzak legealdiko lau urteetako bakoitzean bost milioi euro emango dizkio Gasteizko Udalari.

Diru horrekin, Gasteizko Udalak ohiko gastuak estali beharko ditu, adibidez, hiria baldintza egokietan edukitzea, herritarren eta bisitarien segurtasuna bermatzea eta hiriko zerbitzu publikoak hobetzeko udal aurrekontuko I. eta II. kapituluetako gastuak.

Laster sinatuko den hitzarmenaren arabera, Gasteiz EAEko erakunde komunen (Eusko Jaurlaritza, Legebiltzarra, Arartekoa, Kontu Auzitegia, etab.) egoitza izateak gastu batzuk eragiten ditu: ekitaldi publikoetako segurtasunarekin, espazioen zaintzarekin, hirigintzako obrekin, ondare historikoaren babesarekin eta hiriaren irudia hobetzearekin lotutakoak, besteak beste. Eta horrek ondorioak ditu udal aurrekontuetan.

Hitzarmena sinatzearen bidez, Eusko Jaurlaritzak erakutsi nahi du X. legealdian Gasteiz EAEko erakunde komunen egoitza izatearekin konpromisoa duela.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

5.000.000 EURO ATZERRIAN ENPRESAK EZARRI ETA GARATZEKO

Ebazpena, 2013ko ekainaren 5ekoa, Industriako sailburuordearena. Horren bidez, argitara eman da Euskadiko enpresak kanpoan sortu, ezarri eta garatzea bultzatzeko Kanpo Ezarpenetarako GAUZATU Programa arautzen duen Aginduak ezarritako esparruko laguntzak 2013ko ekitaldirako emateko deialdia.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 5.000.000 euro onartu ditu laguntzetan euskal enpresak atzerrian ezartzea eta garatzea sustatzeko. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egingo du laguntzetarako deialdia, Industriaren bitartez, Kanpo Ezarpenetarako GAUZATU programaren esparruan.

GAUZATUk finantza-laguntza ematen du euskal enpresek atzerrian inbertsioak egin eta lantegi-instalazio berriak ireki edota jada existitzen diren enpresak eros ditzaten. Honako hauek lortu nahi dira horrela:
1.- Esportazio-oinarria handitzea.
2.- Euskal enpresen nazioarteko dimentsioa garatzea.
3.- Atzerriarekiko ekonomia-merkataritza harremanak dibertsifikatzen laguntzea, hala lurraldeei nola sektoreei dagokienez.
.
Helburua gure enpresen nazioarteko jarduera finkatzea eta sendotzea da, eta ez bakarrik atzerrian salmentak areagotzen lagunduz, baita esportazioa ez den beste formula batzuen bitartez –atzerrian produkzioa ezartzea, esate baterako– beren nazioartekotze-prozesuan urrats kualitatibo bat egin nahi duten enpresak sustatuz eta sostengatuz ere:

Epeak eta nori zuzenduak dauden

Eskabideak aurkezteko epea 2013ko ekainaren 8an hasiko da eta uztailaren 8an amaituko, horretarako izendatutako kreditua amaitzen den arte; ebazpenak sei hilabeteko epean erabakiko dira.

Kanpo Ezarpenetarako GAUZATU programak zehazten du EAEn egoitza duten Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) eskuratu ahal izango dituztela laguntza horiek, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

    - 250 langile baino gutxiago edukitzea.
    - Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

Enpresa beste batzuekin kidetuta edo lotuta badago, enpresa-talde osoak bete beharko ditu aurrez aipatu diren baldintzak.

Eskabideak SPRI taldera aurkeztu beharko dira, zuzenean, edota legean aurreikusitako beste zeinahi bitartekoren bidez.
 

 

EUROPAKO ESPALAZIO BIDEZKO NEUTROI ITURRIAREN PROIEKTURAKO (EUROPEAN SPALLATION SOURCE) PARTZUERGOKO KONTSEILU ERREKTOREKO ORDEZKARIAK

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak ondorengo hauek izendatu ditu Europako Espalazio bidezko Neutroi Iturriaren proiekturako (European Spallation Source) Partzuergoko Kontseilu Errektoreko kide gisa:

• Cristina Uriarte Toledo, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua.

• Arantza Tapia Otaegi, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua.

• Estibaliz Hernáez Laviña, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea.

• Itziar Alkorta Idiakez, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea.

Izendapenak Partzuergoa sortzeko Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin sinatutako hitzarmenean oinarrituta egin dira, Euskadin eraikitzekoa den Europako Espalazio bidezko Neutroi Iturriaren (European Spallation Source) proiektua prestatzeko fasearen barruan.
 

 

EBAZPENA, 2013KO EKAINAREN 5EKOA, TEKNOLOGIA, BERRIKUNTZA ETA LEHIAKORTASUNEKO SAILBURUORDEARENA. HONEN BIDEZ, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LEHENTASUNEZKO KLUSTERRETAKO ENPRESA-TALDEENTZAKO LAGUNTZAK EMATEKO 2013KO DEIALDI PUBLIKOA EGITEN DA.

LABURPENA

1.800.000 EUROKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA KLUSTERRETAKO ENPRESA-TALDEENTZAT

Gobernu Kontseiluak laguntzetarako deialdia egin du Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasunezko klusterretakoak diren enpresa-taldeentzat. 1.800.000 euroko laguntzak onartu ditu 2013ko ekitaldirako.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzaren bitartez, enpresen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du industria-politikarako oinarrizko estrategia gisa; horregatik eskaintzen ditu laguntzak lankidetza-proiektuetarako.

Klusterren eginkizunaren garapenak hainbat fase hartzen ditu barnean: erronka estrategikoak identifikatzeko bidea emateko bezain aberatsa izango den gogoeta-aldi bat irekitzea; kideen arteko komunikazio- eta gardentasun-harremanak sortzea; elkartzen dituen aukera eta interes komunak identifikatzea; interesatuen arteko harremanak ezartzea, eta elkarren arteko lana sostengatzea enpresen arteko akordio bat lortu arte.

Epeak eta nori zuzenduak dauden

Programa Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egiaztaturik dituen Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasunezko klusterretakoak diren enpresa-taldeei zuzendua dago.

Eskabideak ekainaren 5etik uztailaren 12ra artean aurkez daitezke, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean, Teknologia eta Estrategia helbidean, eta sei hilabeteko epean emango dira ebazpenak.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

ERABAKIA, BILBOKO UDALAREKIN LANKIDETZA-HITZARMEN BAT SINATZEA BAIMENTZEKOA, AIPATU UDALERRIAN ETXEBIZITZA BABESTU PUBLIKOAK ETA ZUZKIDURA-BIZITOKIAK SUSTATZEKO POLITIKA GAUZATU AHAL IZATEKO.

LABURPENA

BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZAK ETA ZUZKIDURA BIZITOKIAK SUSTATZEKO HITZARMENA BILBOKO UDALAREKIN

Gaurko bileran, Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Bilboko Udalak Bizkaiko hiriburuan babes ofizialeko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak sustatzeko hitzarmen bat sinatzeari.

Zehazki, bi erakundeen arteko hitzarmenak hiru eremuri eragingo die: Iturrigorri-Gardeazabal Armotxabidea-Peñaskal bidea, Arangoiti eta Txurdinagari.

Iturrigorri-Gardeazabal Armotxabidea-Peñaskal bidean:

- UE-740.01

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eremua garatzeko beharrezkoak diren hirigintzako dokumentuak idazteko eta izapidetzeko konpromisoa hartuko du, baita urbanizazioa gauzatzeko eta hiru eraikin eraikitzeko konpromisoa ere. Eraikin horietan, guztira, sustapen eta babes publikoko 45 etxebizitza berri egongo dira.

- 734 banaketa eremua

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eremua garatzeko beharrezkoak diren hirigintzako dokumentuak idazteko eta izapidetzeko konpromisoa hartuko du, baita urbanizazioa gauzatzeko eta proiektatutako eraikina, 38 etxebizitzaz osatutakoa, eraikitzeko konpromisoa ere.

Eremu horretan aurrera eramango den desjabetzea Euskal Autonomia Erkidegoak kudeatuko du eta, helburu horretarako, Udalak desjabetze egintza horren kostu osoa bere gain hartzeko konpromisoa hartuko du.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eremua garatzeko beharrezkoak diren hirigintzako dokumentuak idazteko eta izapidetzeko konpromisoa hartuko du, baita urbanizazioa gauzatzeko eta 85 etxebizitzako eraikina eraikitzeko konpromisoa ere.

Bilboko Udalak kalban jokatzera bideratutako lurzoru horien zati batean kokatuta dauden instalazioen birjartze edo lekualdatzea kudeatzeko eta ordaintzeko konpromisoa hartuko du; Euskal Autonomia Erkidegoaren konpromisoa, berriz, instalazio horiek esparruaren ingurunean ezartzeko lurzoru bat lautzea izango da.

Arangoitin, 130.02 gauzatze-unitatea

- Bilboko Udalak 60 zuzkidura-bizitoki eta aurreikusitako sustapen publikoko 53 eta 73 etxebizitza artean, gutxi gorabehera, egitera bideratuta dauden bi eraikinak eraiki ahal izateko beharrezkoak diren lurzoruak eta hirigintzako eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoari doan lagatzeko konpromisoa hartuko du.

- Euskal Autonomia Erkidegoak hirigintzako dokumentuak idazteko eta izapidetzeko konpromisoa hartuko du, baita urbanizazioa gauzatzeko eta proiektatutako eraikinak eraikitzeko konpromisoa ere. Eraikin horiek babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak egitera bideratuta egongo dira.

- Euskal Autonomia Erkidegoak han dagoen ekipamendu publikoaren birjartzea finantzatzeko konpromisoa hartuko du. Horretarako, Ur Biltegitik gertu dagoen eraikina erabilera horretara egokitzeko kostua –hau da, 311.824,09 €-ko zenbatekoa, BEZa barne– bere gain hartuko du. Kopuru horretan, aipatutako ekipamenduko instalazioak botatzeko zenbatekoa ere barne hartzen da.

Txurdinagan:

- Euskal Autonomia Erkidegoak eremua garatzeko beharrezkoak diren hirigintzako dokumentuak idazteko eta izapidetzeko konpromisoa hartuko du, baita urbanizazio lanak gauzatzeko eta etxebizitza babestuen (144 eta 216 artean) eta 66 zuzkidura-bizitokien eraikinak eraikitzeko konpromisoa ere.

- Halaber, Jesus Galindez kalea Sagardotegirekin eta Zubisiku bidearekin lotzeko oinezkoentzako bigarren sarbidea gauzatzeko konpromisoa hartuko du.

Hauxe da hitzarmenean aurreikusi den etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxi gorabeherako programa:  

EREMUA Zuzkidura-bizitokiak Etxebizitza sozialak Babes ofizialeko etxebizitzak, araubide orokorrekoak
Iturrigorri         45
      38
      85
 
Arangoiti       60         53-73
Txurdinaga       66         96-144
GUZTIRA     126     168     149-217

 

 

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, OGASUN ETA FINANTZA SAILAREN "ZERBITZU OROKORRAK" 1212 PROGRAMAN 7.347.150,36 EUROKO KONPROMISO-KREDITUA SORTZEA BAIMENTZEKOA.

LABURPENA

7.347.150 EUROKO KONPROMISO-KREDITUA OGASUN ETA FINANTZA SAILEKO «ZERBITZU OROKORRAK» IZENEKO 1212 PROGRAMARAKO

Gobernu Kontseiluak konpromiso-kreditu bat sortzea onartu du, Korrespondentzia Zerbitzuaren kreditu premiei erantzutearren, Eusko Jaurlaritzaren posta zerbitzuak kontrata ditzan 2014 eta 2015 ekitaldietarako. Lehen kasuan, 3.036.666,82 euroko kreditua izango da eta, bigarrenean, 4.010.483,53 eurokoa.

Era berean, programa beroren barruan sartzen dira Bilboko Ertzilla kaleko eraikina egokitzeko lanak, 300.000 euroko aurrekontuarekin, 2014ko ekitaldirako.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA, 2013-2014 IKASTURTEAN NAZIOARTEKO UNIBERTSITATE-MUGIKORTASUNERAKO LAGUNTZAK ESKATZEKO DEIALDIA EGITEN DUENA UNIBERTSITATEKO ETA GOI-MAILAKO ARTE-IKASKETAK EGITEN ARI DIREN IKASLEENTZAT.

LABURPENA

1,07 MILIOI EURO NAZIOARTE MAILAKO UNIBERTSITATE-MUGIKORTASUNERAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko egunez onartu du 2013-2014 ikasturtean unibertsitate- eta goi mailako arte-irakaskuntzetako ikasleentzat nazioarte mailako unibertsitate-mugikortasunerako bekak deitzen dituen agindua.

Euskal Herriko Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean, Donostian egoitza duen Nafarroako Unibertsitateko Ingeniarien Goi Eskolan (TECNUN) eta Euskal Autonomia Erkidegoko goi mailako arte-irakaskuntzetako ikastegietan matrikulatuta dauden unibertsitate- eta goi mailako arte-irakaskuntzetako ikasleentzat 2013-2014 ikasturtean nazioarte mailako unibertsitate-mugikortasunerako bekak deitzea du agindu honek, 1.071.200 euroko zenbateko globalekoak, helburu.
 

 

AGINDUA, DANTZA SUSTATZEKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO ARAUBIDEA EZARTZEKO DENA.

LABURPENA

300.000 EURO DANTZA SUSTATZEKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, 2013 urtean dantza sustatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du.

Deialdi honek 300.000 euroko diru kopurua du, eta ondorengo modalitateetako jarduerei dago zuzendua: koreografia sorkuntza, dantza konpainiak sendotzea, lanen ekoizpena eta dantza irakasleen etengabeko prestakuntza. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasita.
 

 

AGINDUA, KULTUR SORMENA BULTZATZEKO 2013AN ESLEITZEKOAK DIREN DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO ARAUBIDEA EZARTZEN DUENA.

LABURPENA

240.000 EURO KULTUR SORKUNTZARAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, 2013 urtean kultur sorkuntzarako diru laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du. Zehatzago, deialdia antzerki testuak, zinemarako gidoiak eta musika konposizioak sortzeko bideratua dago.

Deialdi honek 240.000 euroko diru kopurua du, eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 6ra arte dago zabalik.
 

 

AGINDUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TOKI-ERAKUNDEEI ETA TOKI-IZAERAKO UDALAZ GAINDIKO ERAKUNDEEI BEREN GAZTE-EKIPAMENDUEN SAREA BULTZATZEKO 2013RAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO MODUA ARAUTZEN DUENA ETA HORRETARAKO DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

290.000 EURO TOKI-ERAKUNDEENTZAT, GAZTE- EKIPAMENDUEN SAREA BULTZATU DEZATEN

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, 2013 urtean Euskadiko toki-erakundeei eta toki izaerazko udalez gaindiko erakundeei diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du. Diru-laguntza horiek, herrietan gazteentzako ekipamenduen sarea bultzatzera daude bideratuta.

Deialdi honek 290.000 euroko diru kopurua du, eta eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

AGINDUA, MUSIKA JARDUERA PROFESIONALETARAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO MODUA ARAUTZEN DUENA. 2013KO EKITALDIA.

LABURPENA

416.000 EURO MUSIKA JARDUERA PROFESIONALETARAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, 2013 urtean musika jarduera profesionala diruz laguntzeko baldintzak arautzen dituen Agindua onartu du. Deialdi honek, ondorengo modalitateetan biltzen diren jarduerak lagundu nahi ditu diruz: musika partiturak paperean argitaratzea; musika proiektu bateratuk; enpresa ekimen musikalak eta musika programazioa.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Deialdi honek 416.000 euroko diru kopurua du.
 

 

 

DEKRETUA, NAVARIDASKO (ARABA) ALTO DE CASTEJÓN HERRIXKA GUNE ARKEOLOGIKOA, MONUMENTO-MULTZO IZENDAPENAZ, SAILKATUTAKO KULTURA-ONDASUN DEKLARATU ZUEN DEKRETUA ALDATZEKO DENA.

LABURPENA

NAVARIDASKO ALTO DE CASTEJON HERRIXKA GUNE ARKEOLOGIKOA SAILKATUTAKO KULTURA-ONDASUN IZENDATZEN DUEN DEKRETUA ALDATZEA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez onartu du, Navaridasko (Araba) Alto de Castejon Herrixka Gune Arkeologikoa, monumento-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun izendatzenduen Dekretua (225/2002, urriaren 1ekoa) aldatzea.

Aldaketak aipaturiko Dekretuaren 8. artikuluaren erredakzioari eragiten dio, eta babes handiagoa ematen dio gune arkeologikoko 2. eremuari, A-3212 errepideak zeharkatzen baitu 4,9 eta 5,2 kilometroen artean. Artikuluan egindako aldaketaren ondoren, errepide hori zabltzeko egin beharreko edozien lanek ikerketa arkeologikoa izan beharko du, eta ager litekeen edozein hondar arkeologiko gizarteratzeko eta balioztatzeko aukera eman beharko du. Balizko zabaltze lan horiek inola ere gainditu ezingo dituzten gehienezko zabalerak ere ezartzen dira. Ez da baimenduko errepidearen trazaketa aldatzea, eta ezta inguruko soroetara sartzeko bide berririk egitea ere. Egun dauden landa bideak ere ezingo dira berritu, aldatu edo zabaldu, ez eta beraietan lurra harrotu ere.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK GIPUZKOAKO ETA BIZKAIKO HAMAR GUNE NATURALAK IZENDATU DITU NATURA 2000 SAREAN

Txingudi eta Urdaibaiko hegaztiak ondo babestuta egongo dira.

Dekretua, Aiako harria (ES2120016) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu, eta hura kontserbatzeko neurriak ezartzekoa.

Dekretua, "Txingudi-Bidasoa" (ES2120018) Kontserbatzeko Eremu Berezi izendatu, eta hura kontserbatzeko neurriak ezartzekoa, bai eta "Txingudi" (ES0000243) Hegaztientzako Kontserbatzeko Eremu Berezia kontserbatzeko neurriak ezartzekoa ere.

Dekretua, Ulia (ES2120014) eta Jaizkibel (ES2120017) Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatu eta haiek babesteko neurriak ezartzekoa.

Dekretua, Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko Garrantzi Komunitarioko lau Leku Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta KBE horiek eta Urdaibaiko Itsasadarra HBBE babesteko neurriak onartuko dituena.

LABURPENA

Aurretik, Arno, Izarraitz, Pagoeta, Garate-Santa Barbara, Hernio-Gazume eta hamalau ibai zein itsasadarrek dute izendapen hori.

Natura 2000 Sareak euskal lurzoruaren % 20 hartzen du.


Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko zortzi gune natural izendatu ditu Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa: Aiako Harriak, San Joan Gaztelugatxekoa, Urdaibaiko ibai-sarea, Urdaibaiko itsasertzak eta padurak, Urdaibaiko Kantauriko artadiak, Ulia, Jaizkibel eta Txingudi-Bidasoa. Era berean, Urdaibaiko itsasadarra eta Txingudiko badia Hegaztiak Babesteko Eremu Berezi (HBEB) izendatu ditu. Erabakiak euskal gobernuak –Iñigo Urkullu lehendakaria barne– Madariaga Dorretxeko Biodibertsitate Zentroan (Busturia) egindako bileran hartu dituzte.

Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeko Europako Erkidegoko hainbat zuzentarauk (Habitaten Zuzentaraua –Europako Parlamentua– eta Hegaztien Zuzentaraua) ezarritako atariko ikerketak eta lanak egin ondoren, Natura 2000 Sarea sortu da Euskadin. Europako sare ekologiko horren helburua biodibertsitatea mantentzea da, Europar Batasunaren intereseko basoko fauna eta flora eta habitatak kontserbatzeko esparru komun bat zehaztuz. Zuzentarauok Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak zehaztu dituzte, bai eta horiek lehenetsi ere.

Natura 2000 Sarea EAEn ezartzeko lehenengo pausoak honako Gobernu erabaki hauen bidez eman ziren: 1997ko abenduaren 23koa, 2000ko azaroaren 28koa eta 2003ko ekainaren 10ekoa. Horietan sei gune izendatu zituzten Hegaztiak Babesteko Eremu Berezi, eta 52 gune proposatu Garrantzi Komunitarioko Leku (GKL) gisa aitortzeko. GKL horiek Europako Batzordera eraman ziren, eta guztiak onartu ostean, GKL izendatu zituzten, Euskadi barne hartzen duten Atlantikoko nahiz Mediterraneoko eskualde biogeografikoen barruan. Europako Batzordearen erabakiok eguneratuak izan dira, eta gaur egun, Natura 200 Sareak Euskadiko azaleraren % 20 baino gehiago hartzen du.

Ana Oregik gogoratu duenez, «Europako Batzordeak aurrerapauso hura eman ondoren, Habitaten Zuzentarauan bertan sei urteko epea aurreikusi zen leku horiek berberak Kontserbazio Bereziko Eremu gisa hartzeko. Izendapenarekin batera, beharrezko kontserbazio-neurriak eta kudeaketa-tresnak onartu behar ziren. 2010eko irailean EAEko 46 GKL (guztira 52 proposatu ziren) eta sei HBEB aitortzeko eta dagozkien neurriak onartzeko prozesua adostu zen. Horietako batzuk dagoeneko izendapena jaso dute eta halaxe argitaratu da Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean. KBE hauek izan dira: Arno, Izarraitz, Pagoeta eta Hernio-Gazume».

Kontserbazio Bereziko Eremuen inguruko prozeduraren barruan interes sozial eta ekonomikoen zenbait eragile garrantzitsurekin batera egin den partaidetzazko prozesua aurrera eraman da.

Aiako Harriak Irun eta Oiartzun arteko mendigune bat da, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan kokatuta. Artzaintzarako zoru lauak dituzten basoez osatuta dago neurri handi batean, eta harri-irtengune ugari ditu. Horretaz aparte, pagadi azidofilo eta harizti heldu daude, eta horien kontserbazio-egoera dela eta, Batasunaren intereseko basoko fauna ere aurki dezakegu bertan; aipagarrienak mehatxatutako saguzarrak eta ornogabe saproxilikoak dira. Leku garaietan bazkalekuak eta sastrakak ditugu, bai eta esfagnale batzuk eta bestelako landare interesgarriak ere.

Harri-irtenguneetan harkaiztegi silizeoetako flora kasmofita hazten da, guztiz ezohikoa Europa zein EAEn. Flora horren barruan oso interesgarriak diren hainbat espezie daude. Aipatzekoa da Soldanella villosa, eremu oso mugatuan hazten den endemismoa. Era berean, mendiguneak kalitate handiko ibarbasoak biltzen ditu. Horietan, urarekin lotutako faunak presentzia handia du, izokinen (Salmo salar) arrabalekuak, Pirinioetako desmanak (Galemys pyrenaicus) eta bisoi europarra (Mustela lutreola) ezartzeko gune egokiak baitaude.

Ulia eta Jaizkibel mendiak Kantauri itsasoko itsasertzean daude, eta Donostia, Pasaia, Lezo eta Irun mendean hartzen dituzte. Itsaslabar eta itsasbazterrak aurki ditzakegu, baina horiez gain, ingurune gazi eta haizetsuetako fruticosa eta landareen komunitateak eta flora kasmofitika silizikolaren zenbait espezie bizi dira. Jaizkibelek mikrohabitat ugari hartzen ditu, zeinetan EAEn oso arraroak diren espezieek babes hartzen baitute. Ulian, aldiz, Armeria euskadiensis endemismoa aurki dezakegu. Itsas-hegaztien presentzia handia da –habiagile bitxiak ere badaude– guneotan, eta biak oso garrantzitsuak dira hegaztien migrazioan. Arrazoi horiek direla medio, Natura 2000 sareko gune gisa izendatu dituzte.

Txingudi-Bidasoa Bidasoa ibaiaren bokalean kokatutako Hegaztiak Babesteko Eremu Berezi bat da, nazioarte mailako garrantzia duten hezeguneen Ramsar zerrendaren barruan dagoena. Fauna eta floraren aldetik balio eta interes handikoak diren padurak ditu, Batasunaren intereseko habitatekin erlazionatuta daudenak –horietako batzuk oso arraroak EAEn–. Horrez gain, habitatoi lotutako Batasunaren intereseko espezie mehatxatuak bizi dira, hala nola Zoostera noltii, Gasterosteus aculeatus (arrain hiruarantza), Salmo salar (izokin arrunta), Alosa alosa (kolaka) eta Bufo calamita (apo lasterkaria). Halaber, gune estrategiko baliotsua da hegaztientzat, migrazioan negu- eta atseden-toki gisa erabiltzen baitute, eta EAEko hezegunerik garrantzitsuena, Urdaibairen atzetik. Estuario horrek 290 hegazti-espezie baino gehiago hartzen ditu, horietatik 63 Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskinean jasota daudenak. Besteak beste, aliotak (Gavia sp.), mokozabala (Platalea leucorodia), koartzatxo txikia (Egretta garzetta), arrano arrantzalea, (Pandion haliaetus) eta ur-benarriza (Acrocephalus paludicola).

KBE eta HBEB izendatu berri dituzten Urdaibai eta San Joan Gaztelugatxeko eremuek Batasunaren intereseko habitat eta espezieak dituzte, eta atseden hartzeko eta elikatzeko tokiak dira aldizka EAEra iristen diren hegazti migratzaileentzat. Gune horietan, ibai-sareak berebiziko eginkizuna du Natura 2000 Sarearen koherentziaren barruan, lotura ekologikoarentzat oso garrantzitsua baita. Funtzio hori luzetara –sare hidrografikoan zehar– nahiz zeharka adierazten da, ibaiertzeko basoen eta harizti eta artadien arteko loturetan, baina baita eremu menditsuagoetan ere, estuarioan eta kostaldean.
 

 

ERABAKIA: EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIN LANKIDETZA-HITZARMEN BAT IZENPETZEKO BAIMENA EMATEN DUENA LURRALDEA, PAISAIA ETA ONDAREA KATEDRA SORTU, GARATU ETA BULTZATZEKO DENA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAK «LURRALDEA, PAISAIA ETA ONDAREA» KATEDRA SORTUKO DUTE

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Lurraldea, Paisaia eta Ondarea izeneko unibertsitate-katedra sortzeko hitzarmena izenpetuko dute. Helburua ondare naturalaren eta garapen jasangarriaren alde jardutea da, EAEn antolatuko diren jardueren bidez.

EAEko Administrazio Orokorrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak urteak daramatzate paisaiaren eta lurraldearen esparruan elkarlanean, ikerketa eta prestakuntzaren arloko zenbait lankidetza-hitzarmenaren bidez.

Horrekin jarraituz, hitzarmenak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eta EHUren arteko lankidetza arautuko du, EHUko Lurraldea, Paisaia eta Ondarea Katedra sortu, garatu eta babeste aldera. Administrazioak bere gain hartuko dituen erantzukizunen artean, aipatzekoa da katedrari dagozkion ikerketa-, prestakuntza-, dibulgazio- eta sentsibilizazio-jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren jardueren aurreikusitako kostua finantzatuko duela, 225.000 euro, hain zuzen.
 

 

AGINDUA, ZEINEN BIDEZ IRAGARTZEN BAITIRA, 2013. URTERAKO, EAEKO EREMUAN LUR-ZAINTZAILETZAILETZA AKORDIOETAN DIREN ONDARE NATURALA AKTIBOKI KONTSERBATZEKO EKINTZETARAKO DIRU-LAGUNTZAK.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK ONDARE NATURALA AKTIBOKI KONTSERBATZEKO JARDUKETAK DIRUZ LAGUNDUKO DITU

2013ko ekitaldian zehar, Eusko Jaurlaritzak hainbat diru-laguntza bideratuko ditu zaintzailetza-erakundeen eta ondare naturala hartzen duten lekuen jabe eta erabiltzaileen arteko akordioetan ezarritako jardueretara. Entitateak irabazi-asmorik gabeko gizarte-eragileak, fundazioak, partzuergoak edo pertsona juridikoak izan daitezke, eta ondare naturalaren eta garapen jasangarriaren alde jardutea izan behar dute xede, EAEn egingo dituzten jardueren bidez.

Zaintzailetza-akordioak zaintzailetza-erakundeek eta jabego publiko zein pribatuko finken jabeek izenpetzen dituzten akordioak dira, ondare naturala eta biodibertsitatea kontserbatzeko asmoz. Diru-laguntzen programa 2010ean hasi zen, eta esperientzia pilotu gisa Urdaibai hartu zen. Hurrengo urtean, 2011n, EAE osoan hedatu eta abian jarri zen. Aurtengo ekitaldirako berrehun mila euro bideratuko dira.