2013/07/23 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak 3,6 milioi euroko laguntza onartu du baliabiderik gabeko pertsonek doako justizia eskura izan dezaten
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
2,5 milioi euro IRALE programari atxikitako langileak dituzten ikastetxe pribatuentzat
92,8 milioi euro ikastetxe publikoetako jantokietarako
800.000 euro irakasleak euskalduntzeko
320.000 euro agiritegi publikoetarako
250.000 euro agiritegi ez publikoentzat
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak asoziazionismoa babestuko du, eta teknologia berriak sustatuko ditu garraio sektorean
Eusko Jaurlaritzak enpresarien ingurumen arloko inbertsio pribatuak babestuko ditu
Eusko Jaurlaritzak kostaldeei buruzko legearen azken erreforma errekurritu du eskumenak inbaditzen dituelako toki araubidean, lurraldearen antolamenduan, hirigintzan, araubidean eta ingurumenean
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK 3,6 MILIOI EUROKO LAGUNTZA ONARTU DU BALIABIDERIK GABEKO PERTSONEK DOAKO JUSTIZIA ESKURA IZAN DEZATEN

LABURPENA

• Onartutako diru kopurua 2013ko lehen hiruhilekoan guardia eta ofiziozko txandetako zein Orientazio Juridikoko Zerbitzuko abokatu eta prokuradoreek emandako zerbitzua ordaintzeko erabiliko da.

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko abokatu eta prokuradore elkargoei 2.477.398,28 milioi euroko laguntza zuzena ematea onartu du gaur baliabiderik gabeko pertsonek doako justizia eskura izateak eragindako gastuei aurre egiteko.

Onartutako ia 2,5 milioi euroko laguntza abokatu eta prokuradore elkargoek 2013ko lehen hiruhilekoan egindako guardia eta ofiziozko txandak ordaintzeko erabiliko da.

ABOKATU ELKARGOAK
ELKARGO PROFESIONALA GUARDIAZKO TXANDA OFIZIOZKO TXANDA GUZTIRA
Arabako Abokatu Elkargoa 124.966,87 € 320.562,94 € 445.529,81 €
Bizkaiko Abokatu Elkargoa 416.556,25 € 790.551,35 € 1.207.107,60 €
Gipuzkoako Abokatu Elkargoa 312.417,18 € 418.929,87 € 731.347,05 €
GUZTIRA 853.940,3 € 1.530.044,16 € 2.383.984,46 €

 

PROKURADORE ELKARGOAK
ELKARGO PROFESIONALA OFIZIOZKO TXANDA
Arabako Prokuradore Elkargoa 18.137,81 €
Bizkaiko Prokuradore Elkargoa 64.498,50 €
Gipuzkoako Prokuradore Elkargoa 10.777,51 €
GUZTIRA 93.413,82 €

 

2013KO LEHEN HIRUHILEKOA

Baliabiderik gabeko pertsonek doako justizia eskura izan dezaten ahalbidetzea da Eusko Jaurlaritzaren konpromisoetako bat, oinarrizko gizarte zerbitzua dela uste baitu.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak 3.668.348,81 euro bideratu ditu dagoeneko aurten helburu horrekin, 2013ko maiatzaren 21ean Gobernu Kontseiluak 1.190.950,53 euroko beste aurrekontu sail bat onartu baitzuen Orientazio Juridikoko Zerbitzuko abokatu eta prokuradoreen zein abokatu eta produradore elkarteek beraiek abian jarritako Doako Laguntza Juridikoko Zerbitzuko gastuak ordaintzeko.
 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

2,5 MILIOI EURO IRALE PROGRAMARI ATXIKITAKO LANGILEAK DITUZTEN IKASTETXE PRIBATUENTZAT

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaur egindako bilkuran, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, agindu bat onartu du jendaurrean jartzeko dirulaguntzetarako deia, hain zuzen, 2013 urtean zehar irakastorduetan IRALE programaren euskara ikastaroetan parte hartzeko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatu edo ekimen sozialeko zentroentzat.

2.500.000 euroko diru kopurua duten dirulaguntza horien helburua euskara ikasteko liberatzen diren irakasleen ordezkapenek sortutako gastuak ordaintzea da.
 

 

92,8 MILIOI EURO IKASTETXE PUBLIKOETAKO JANTOKIETARAKO

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran bazkari prestatuetarako, lehengaietarako eta hornidura horren moduko zerbitzuetarako 92,77 milioi euroko gastu-baimena onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden kudeaketa zuzeneko jantokiak dituzten ikastetxe publikoetarako.

2013/2014 ikasturtean euren jantokiak zuzenean kudeatuko dituzten ikastetxe publikoak 490 izango dira.

 

800.000 EURO IRAKASLEAK EUSKALDUNTZEKO

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bilkuran onartu duen Aginduak deialdia zabaltzen du IRALE programako jardueretan, Hezkuntza Sailak zuzenean burutzen ez dituenetan, parte hartzeko.

Agindu honen helburua irakasleak euskalduntzeko, alfabetatzeko eta hobetzeko programako (IRALE) jardueretan, Hezkuntza Sailak zuzenean burutzen ez dituenetan, parte hartzeko interesa duten erakundeei dei egitea da. Jarduera horiek 2013ko udan eta 2013/2014 ikasturtean egingo direnak dira.

Jarduera horiek irakasleen hizkuntza gaitasuna lortzeko ikastaroak izango dira eta irakasorduetatik kanpo emango dira. Deialdi honek 800.000 euroko diru kopurua du.
 

 

320.000 EURO AGIRITEGI PUBLIKOETARAKO

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, agiritegi sistema propioa martxan jarri edo sendotzeko diru-laguntzak arautzen dituen Agindua onartu du. Diru-laguntzok, Euskadiko toki erakundeentzat edo toki erakundeek osatutako elkarteentzat dira.

Aginduak, diru-laguntzatan 320.000 euro emateko araubidea ezartzen du, 2013 urtean agiritegi sistema propioa ezartzeko edo sendotzeko programak gauzatzeko, edo agiritegi sistema propioa ezartzeko proiektuak garatzeko. Programa edo proiektu horiek toki erakundeek garatu beharko dituzte – udalerriak nahiz udalerriz azpiko toki erakundeek - edo udalerriz gaindiko toki erakundeek.
 

250.000 EURO AGIRITEGI EZ PUBLIKOENTZAT

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Agiritegi ez publikoen antolaketa, zabalkunde eta digitalizaziorako diru-laguntzak arautzen dituen Agindua onartu du.

Aginduak, diru-laguntzatan 250.000 euro emateko araubidea ezartzen du, ondorengo programak garatzeko: artxibo-agiri, artxibo-funts nahiz agiri-bilduma ez publikoen programak, beti ere Euskal Herriaren Agiri Ondarea osatzen badute. Programak, gainera, helburutzat izan beharko du artxibo-funtsak antolatzea eta agiritegien tratamendua hobetzea, aurrez datu base batean jasotako artxibo-funtsak digitalizatzea, informazioa zabaltzea eta BADATOR informazio sisteman integratzea.

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK ASOZIAZIONISMOA BABESTUKO DU, ETA TEKNOLOGIA BERRIAK SUSTATUKO DITU GARRAIO SEKTOREAN

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak garraio-sektoreko profesionalen eta enpresarien elkarteetarako laguntzen deialdia egin du, asoziazionismoa sustatzeko, adinekoek jarduera profesionala uztea sustatzeko eta teknologia berriak ezartzea bultzatzeko. Horretarako, 260.000 euro bideratuko ditu aurten.

Euskal Autonomia Erkidegoko errepide bidezko garraioaren sektoreko profesionalen eta enpresarien elkarteetarako laguntzek asoziazionismoa sustatzen dute; izan ere, salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraioaren sektoreko profesionalen eta enpresarien elkarteak lagunduko dituzte 2013an.

Profesionalen eta enpresarien elkarteak izango dira hartzaileak, bai eta beren federazioak eta konfederazioak ere, eta Euskal Autonomia Erkidegoko errepide bidezko garraioaren sektoreko eta jarduera osagarrietako kooperatiben federazioak eta kooperatibak. 60.000,00 euro bideratuko dira xede horretara 2013an.

Lanbidea uztea

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak salgaien eta bidaiarien garraio publikoaren sektorerako laguntza-programa ere ezarri du, jarduera uztearen harira. Ekimenak salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektoreko adineko garraiolariek lanbidea uztea sustatu nahi du 2013an, 2000az geroztik dagoen laguntza-programarekin jarraituz. Salgaien eta bidaiarien 63 edo 64 urteko garraiolariak izango dira hartzaileak. 150.000,00 euro bideratuko dira xede horretara.

Teknologia berriak

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektorerako teknologia berrien sistemetarako eta segurtasun-sistemetarako laguntza-programa bat ezarri du. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien garraio publikora bideratutako ibilgailuetan SaaS (Software as a Service) edo antzeko bat oinarri duten floten kudeaketa, lokalizazio eta kontrolerako sistemak eta segurtasun-sistemak ezartzea sustatuko du, zerbitzu-ematean segurtasun, kalitate, gardentasun eta arintasun handiagoa lortzeko, 2005ean hasitako laguntza-programa honekin jarraituz.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren eta salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio, zirkulazio eta mugimenduaren sektorean diharduten pertsona fisiko eta juridikoak izango dira hartzaileak, baldin eta deialdiko betekizunak betetzen badituzte. 50.000,00 euro bideratuko dira xede horretara.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK ENPRESARIEN INGURUMEN ARLOKO INBERTSIO PRIBATUAK BABESTUKO DITU

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak ematea arautzen duen urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzen 2013rako deialdia egin du.

Jarduera industrialak, merkataritzakoak edo zerbitzuak ematekoak egiten dituzten eta irabazi-asmoa duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izango dira hartzaileak, eta kanpo geldituko dira irabazi-asmorik gabeko elkarteak edo fundazioak, aurreko paragrafoan adierazitako pertsona fisiko edo juridikoek osatzen dituzten elkarteak salbu, baldin eta horien interes orokor eta komunak ordezkatzen badituzte.

Honako hauek ere laguntza-programa honen esparrutik kanpo geldituko dira: tokiko erakundeak, organismo autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak, bai eta sektore publikoko beste erakunde batzuk ere, esaterako, fundazioak eta partzuergo publikoak. 1.300.000 euro bideratuko da xede horretara.

 

EUSKO JAURLARITZAK KOSTALDEEI BURUZKO LEGEAREN AZKEN ERREFORMA ERREKURRITU DU ESKUMENAK INBADITZEN DITUELAKO TOKI ARAUBIDEAN, LURRALDEAREN ANTOLAMENDUAN, HIRIGINTZAN, ARAUBIDEAN ETA INGURUMENEAN

LABURPENA

• Espainiako gobernuak udalbatzen hirigintza-egintzak indargabetzeko ahalmena beretzen du, hartarako larritasun handiko kasuetarako bakarrik aurreikusitako salbuespenezko bide bat erabiliz.

• Aurreikusitako autonomiako ingurumen-organoaren aurretiko txostena kontuan ez hartzea ahalbidetzen du industria kutsatzaileen jardueretarako.

• Eusko Jaurlaritzak lehenik «Estatuaren eta Euskadiren arteko Aldebiko Batzordera» jotzea proposatu du 6 hilabeteko negoziazio-aldi bat irekitzeko.

Itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzko eta uztailaren 28ko 22/1988 Legea, Kostaldeei buruzkoa, aldatzen duen maiatzaren 29ko 2/2013 Legearen aurkako konstituziokontrakotasun-errekurtsoa aurkeztea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak.

Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek ohartarazi dute Espainiako Gobernuaren Kostaldeei buruzko Legearen azken erreformak Euskadiren eskumenak urratzen dituela arlo hauetan: toki-araubidean, lurralde- eta itsasbazter-antolamenduan, hirigintzan eta etxebizitzan; baita ingurumenaren eta ekologiaren arloko eskumena ere.

Batetik, udalbatzek hartutako hirigintza-arloko zenbait egintza indargabetzeko ahalmena ematen dio Estatuari Kostaldeei buruzko Lege berriak. Manu hori salatu du Eusko Jaurlaritzak; izan ere, gogora ekarri duenez, Estatuak ez du eskumenik hirigintza-arloan eta, horrenbestez, ez du haiek indargabetzeko ahalmenik, are gutxiago larritasun eta premia handiko kasuetarako salbuespenezko bide bat erabiliz (Toki-araubideko oinarriei buruzko Legearen 67. artikuluan xedatuta).

Horretaz gain, Espainiako Gobernuak zabalegi egin du legea ingurumen- eta ekologia-arloan, eta ez du tarterik uzten autonomiek legedi hori gara dezaten. Halaber, kutsaduragatik prebentzio eta kontrol pean dauden industrien jarduerari buruz autonomia-erkidegoek ingurumen-arloan aurretik egindako txosten erabakigarriak Estatuak kontuan ez hartzea ahalbidetzen du.

Bestetik, lurralde- eta itsasbazter-antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloko euskal eskumena urratzen du Espainiako gobernuak, Euskadiko administrazioari baitagokio eraginkortasun energetikoko eta ura aurrezteko irizpideak betetzeko izapide egokiak finkatzea itsasbazterreko eremuan kokaturiko higiezinetan egiten diren lanetan. Eta ez Estatuari azken erreforman xedatutako moduan.

Gainera, Kostaldeei buruzko Legearen erreformak Espainiako itsasbazterreko 12 gune uzten ditu itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikotik kanpo, eta horri esker, gainerakoei ez bezalako tratamendu juridikoa eman ahal zaie.

ERREKURRITURIKO ARTIKULUAK

Errekurtsoa jarri aurretik, bere ustez eskumenak inbaditzen dituzten artikuluak sei hilabetez «Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean» negoziatzea proposatuko du Eusko Jaurlaritzak, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako moduan.

1. artikulua, 38. paragrafoa, Kostaldeei buruzko 22/1988 Legearen 119. artikulua aldatzen duena.
• 1. artikulua, 39. paragrafoa, Kostaldeei buruzko 22/1988 Legearen Lehen Xedapen Iragankorra aldatzen duena, zehazki 2. eta 3. paragrafoetan eta 5. paragrafo berrian.
• 1. artikulua, 40. paragrafoa, Kostaldeei buruzko 22/1988 Legearen Laugarren Xedapen Iragankorraren 2. paragrafoaren a), b) eta c) idatz-zatiak aldatzen dituena eta beste 3. paragrafo bat eransten duena.
• 2. artikulua, aurreko araudiaren babesean egindako emakidak luzatzen dituena.
• Zazpigarren xedapen gehigarria eta eranskina, biztanlegune jakin batzuk itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikotik kanpo uzten dituztenak.
Lehen xedapen iragankorra, Kostaldeei buruzko 22/1988 Legearen hirugarren xedapen iragankorraren 3. paragrafoa aplikatzekoa.

ALDEBIKO NEGOZIAZIOAK
«Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordea» eskumenen gaineko bi gatazka gehiago negoziatzen ari da uneotan:
1. 1/2013 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena. (Prepara Plana, 400 €-en kudeaketa)
2. 4/2013 Errege Lege Dekretua, otsailaren 22koa, ekintzaileari laguntzeko eta hazkundea eta enpleguaren sorrera bultzatzeko neurriei buruzkoa. (Interes orokorrekotzat jotako trenbideak)

Legegintzaldia hasi zenetik, Aldebiko Batzordeak 5 hitzarmen lortu ditu, Konstituzio Auzitegira jotzea saihestuta, hurrengo arau hauen manu jakin batzuei dagokienez:

1. Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretua.
2. Osasunari buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretua.
3. Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko 14/2012 Legea.
4. Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legea.
5. Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea.


KONSTITUZIO AUZITEGIAN AURKEZTUTAKO ERREKURTSOAK

Legegintzaldia hasi denetik 5 aldiz, ordea, ez da akordiorik lortu eta Konstituzio Auzitegira jo da:

1. 2012rako eta 2013rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko legeak.

2. Estatuaren 20/2012 Errege Lege Dekretua, uztailaren 13koa, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzkoa (funtzionarioen eta merkataritzako gaiekin).

3. Espainiako Gobernuak Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko EAEko Legea errekurritu du.

4. Eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen EAEko Legea.