2013/07/30 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoa berrantolatzeko eta arrazionalizatzeko estrategia onartzen duena.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, baimena ematen duena lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarekin, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien gaineko Estatistikei buruzko 2013ko Programa gauzatzeko eta Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharreko helburuetarako.
Erabakia, 2012ko abenduaren 12ko Erabakia aldatzeko. Erabaki hori, hain zuzen ere, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari zuzeneko diru-laguntza bat emateko dena, "Bide Proiektua" bultzatzeko jarduerak finantzatzeko.
Erabakia, diru-laguntza zuzena emateko EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteari, 2013ko ekitaldian tokiko agenda digitalak zabaltzeari ekiteko 2015eko Agenda Digitalaren barruan.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza- eta akuikultura-sektorerako 2013ko diru-laguntzetarako deialdia finantzatzea.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Gobernuak 2,83 milioi euro bideratuko ditu gizarte ekonomia sustatzeko.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa. Gastuak finantzatuko duena: RENOVE planaren laguntza-deialdia, xedetzat dituena etxebizitza eta eraikinen birgaitze eraginkorra, Euskal Autonomia Erkidegoko ondare eraikian esku hartzeko proiektuak prestatzea, eta horien ondoriozko obrak egitea.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Dekretua, Irudi Pertsonaleko Aholkularitzako eta Aholkularitza Korporatiboko Goi Mailako Teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.
Agindua, laguntzetarako deia egiten duena, hain zuzen, Helduen Hezkuntzako ikasleen elkarteentzat eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteentzat.
Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei 2013-2014 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialean irakasteko baimena eska dezaten dei egin eta horien finantzaketa arautzen duena.
Dekretua, Merkataritza Jardueretako Teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.
235.000 euro goi mailako kirol lehiaketak antolatzeko.
Erabakia, Oñatiko José de Azpiazu musika-eskolari zuzeneko diru-laguntza bat emateko, 2013ko Musikaldia egiteko (musika-eskolen musika-jaia).
80.000 euro material arkeologiko eta paleontologikoaren inbentarioa egiteko
Agindua, ikastetxeetako Ulibarri programak 2013-2014 ikasturtean izango dituen gehienezko diru-baliabideak, programan sartzeko eta jarraitzeko baldintzak eta ikastetxe bakoitzak programarako izango dituen dedikazio-orduak zehaztuz.
Ikastetxeetako giroa euskalduntzeko diru-languntzak.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, hainbat administrazio publikorekin larrialdiak kudeatzearen alorrean sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenerako eredua baimentzeko dena.
Dekretua, artifizio piroteknikoak erabiliz egindako ikuskizunak Euskal Autonomia Erkidegoan arautzeari buruzkoa.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOA BERRANTOLATZEKO ETA ARRAZIONALIZATZEKO ESTRATEGIA ONARTZEN DUENA.

Dokumentuak
Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoa berrantolatzeko eta arrazionalizatzeko estrategia

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, BAIMENA EMATEN DUENA LANKIDETZA-HITZARMEN BAT SINATZEKO NEKAZARITZA, ELIKADURA ETA INGURUMEN MINISTERIOAREKIN, NEKAZARITZA, ARRANTZA ETA ELIKAGAIEN GAINEKO ESTATISTIKEI BURUZKO 2013KO PROGRAMA GAUZATZEKO ETA ESTATUAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN GARATU BEHARREKO HELBURUETARAKO.

LABURPENA

LANKIDETZA-HITZARMENA NEKAZARITZA-ESTATISTIKAK EGITEKO

Gobernuak baimena eman dio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari hitzarmen bat sina dezan Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarekin, nekazaritza-, arrantza- eta elikadura-estatistikak egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean 2013an.

Euskadi arduratuko da informazioaren bilketa eta azterketa zuzentzeaz eta exekutatzeaz, 2013 Programaren estatistika-lanen emaitzak lortzeaz, lortutako emaitzak, ezarritako metodologia eta egutegia betez, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari emateaz, eta aipatutako estatistika-lanak 40.000,00 eurorekin finantzatzeaz.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa arduratuko da 2013 Programaren lanak planifikatzeaz, kontrolatzeaz eta integratzeaz, bai eta lan horiek 61.925,60 eurorekin finantzatzeaz ere.
 

 

ERABAKIA, 2012KO ABENDUAREN 12KO ERABAKIA ALDATZEKO. ERABAKI HORI, HAIN ZUZEN ERE, ARABAKO MERKATARITZA ETA INDUSTRIA GANBERA OFIZIALARI ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA BAT EMATEKO DENA, "BIDE PROIEKTUA" BULTZATZEKO JARDUERAK FINANTZATZEKO.

LABURPENA

ARABAKO MERKATARITZA GANBERAREKIN “VIAL PROIEKTU”RAKO SINATUTAKO HITZARMENA ALDATZEA

Jaurlaritzak baimena eman du Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberak “Vial Proiektua” izenekoa bultzatzeari begira sinatutako lankidetza-hitzarmena aldatzeko.

Bi alderdiok bat etorri dira aurreikusitako ekintzen abiada aldatzeko. Hortaz, egitekoak diren ekintzen ordainketari eta egiaztapenari buruzko erredakzioa egokitu da.

Aldakuntza honek ez du aldatuko ematekoa den ekarpena. Honen zenbatekoa, gehienez ere, 1.000.000 eurokoa da. Kopuru horretatik 400.000 euro 2013ko ekitaldiari egotziko zaizkio eta 600.000 euro 2014 ekitaldiari.
 

 

ERABAKIA, DIRU-LAGUNTZA ZUZENA EMATEKO EUDEL EUSKADIKO UDALEN ELKARTEARI, 2013KO EKITALDIAN TOKIKO AGENDA DIGITALAK ZABALTZEARI EKITEKO 2015EKO AGENDA DIGITALAREN BARRUAN.

LABURPENA

EUDELENTZAKO DIRU-LAGUNTZA, TOKIKO AGENDA DIGITALAK HEDATZEKO, AGENDA DIGITALA 2015 PLANAREN BARNEAN

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Udalen Elkarteari (EUDEL) 91.035,00 €-ko diru-laguntza eman dio, tokiko agenda digitalak 2013an hedatzeko, Agenda Digitala 2015 planaren barnean.

Laguntza hori lankidetza-hitzarmen baten bitartez ematen da, eta Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizartearen Zuzendaritzak helburuak bete diren ebaluatuko du.
 

 

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA EGITEKO BAIMENA EMATEKOA. HELBURUA: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ARRANTZA- ETA AKUIKULTURA-SEKTORERAKO 2013KO DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDIA FINANTZATZEA.

LABURPENA

ARRANTZA-SEKTORERAKO LAGUNTZAK ONARTU DIRA (9.490.000 €)

Eusko Jaurlaritzak 9.490.000 €-ko laguntza esleitu du, Europako Arrantza Funtsatik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretik datozenak, arrantza-sektoreari laguntzeko. Laguntza horiek zenbait sailetan egituratzen dira: 1.490.000 euro 2013ko ekitaldiko ordainketa-kreditua da, 4.000.000 euro 2014ko ekitaldirako konpromiso-kreditua da, eta 4.000.000 euro 2015ko ekitaldirako konpromiso-kreditua da.

Hauek dira onartutako laguntza-lerroak:

a) Inbertsioak arrantza-ontzietan
b) Arrantza-ontziak behin betiko gelditzea
c) Konpentsazio sozioekonomikoak
d) Akuikultura
e) Ekintza kolektiboak
f) Merkatu berriak eta sustapen-kanpainak garatzea
g) Proiektu pilotuak
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

GOBERNUAK 2,83 MILIOI EURO BIDERATUKO DITU GIZARTE EKONOMIA SUSTATZEKO.

LABURPENA

Gaur, Gobernu Kontseiluak gizarte-ekonomia sustatzeko bost diru-laguntza lerro onartu ditu. Guztira 2,83 milioi euro emango ditu horretarako.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak gizarte-ekonomiari lotutako ekintzailetza indartzeko eta lurraldean sektore horretako enpresak modu planifikatuan sustatzeko lehenengo diru-laguntzen lerroa onartu du. Bi helburu horiek erdiesteko, gobernuak 1,54 milioi euro bideratuko ditu. Lehenengo lerro horrek ondokoetarako diru-laguntzak hartzen ditu baitan:

1. Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea, bai eta jada sortutako enpresak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzea.
2. Gizarte-ekonomiako enpresa baten eraketarekin zuzenean lotuta dauden sustapen-ekintzak egitea.
3. Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa zehazteko ikerketak egitea. 

Atal horren barruan, halaber, ekintza-planak gauzatzea, lankidetzan, sortzean eta aberastasunaren banaketa ekitatiboan oinarritutako kultura ekintzailea hedatzea eta enplegua sortzea diruz lagunduko dira.

Bigarren lerroak beste xede bat izango du, EAEn garatzen diren gizarte-ekonomiaren alderdi jakinei buruzko prestakuntza- eta hedapen-ekintzak finantzatzea, alegia. Horretarako 402.000 euro bideratuko ditu gobernuak.

Hirugarrenez, kooperatiba eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzeko laguntza teknikoko ekintzak egiteko 170.000 euro emango ditu gobernuak. Horren barruan sartzen dira, alde batetik, urteko kudeaketa plana garatzea eta ezartzea, eta, bestetik, kidetutako entitateei bermeak eman ahal izateko gizarte-ekonomiaren entitate gorenek aurrez gauzatu behar duten ikerketa ekonomiko finantzarioa egitea.

Laugarren lerroaren zenbatekoa 610.000 euro izango dira, eta EAEko gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeen elkartze-egiturak sendotzea izango du helburu.

1995an martxan jarri zirenetik, laguntzok oso garrantzitsuak izan dira gizarte-ekonomiako entitate eta horien bitartekari diren erakundeentzat. Izan ere, euren kanpoko harremanetan eragiteko ahalmena bermatzen eta beren sektorea erakunde mailan eraginkortasunez ordezkatzen lagundu diete, eta, orokorrean, kidetuen eskubide legitimoak hobeto babesteko ekintzak sustatzeko laguntza eman diete.

Azkenik, jaurlaritzak gizarte-ekonomiako enpresa-kideak hartzeko laguntza-programa mantentzea onartu, eta 115.000 euro zuzenduko ditu. Urteetan zehar, langabetuak, desgaituak eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenen jabeak laneratzea lortzeko oso eraginkorra izan da programa hori.
 

 

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA BAIMENTZEKOA. GASTUAK FINANTZATUKO DUENA: RENOVE PLANAREN LAGUNTZA-DEIALDIA, XEDETZAT DITUENA ETXEBIZITZA ETA ERAIKINEN BIRGAITZE ERAGINKORRA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ONDARE ERAIKIAN ESKU HARTZEKO PROIEKTUAK PRESTATZEA, ETA HORIEN ONDORIOZKO OBRAK EGITEA.

LABURPENA

ZORTZI MILIOI EURO INGURU BANATUKO DITU EUSKO JAURLARITZAK ETXE-JABEEK ZEIN UDALEK ETXEBIZITZA ETA ERAIKINAK IRISGARRITASUN- ETA ENERGIA-ERAGINKORTASUN IRIZPIDEAK APLIKATUTA BIRGAITU DITZATEN

Jabekide-elkarteen eta udalen esku 7,86 milioi euro ipiniko ditu Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eta eraikinak irisgarritasun-, bizigarritasun- eta energia-eraginkortasun irizpideak aplikatuta birgaitzeko lanak finantzatzeko.

Neurri hori Etxebizitzak Berritzeko 2013-2016 planean aurreikusita dago, Jaurlaritzak Enplegua Berrindartzeko joan den maiatzean onetsitako Programaren esparruan. Plan berri horren laguntza ekonomikoak medio, EAEko 52.000 etxebizitza berritu ahal izango dira hurrengo hiru urteetan.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Mari Aburtok hala proposatuta, laguntza-programa bat onetsi du gaur Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak EAEko etxebizitza eta eraikinak leheneratzeko, 6,06 milioi euroz hornitua.

Programara biltzen diren proiektuek erabilera nagusia etxebizitza duten eraikinak zein eraikin-multzoak birgaitzea izan behar dute helburu, bloketan bilduak eta 1980 baino lehenago eraikiak. Eraikinen irisgarritasun-, bizigarritasun- eta energia-eraginkortasun kondizioak hobetzeko izan beharko dute, egiten diren esku-hartzeetan jasangarritasun-irizpideak aplikatuta betiere.

Laguntza-programan parte hartzeko, esku-hartze proposamenek hainbat ezaugarri izan beharko dute, hala nola eraikinen eskaera termikoa urritzea (hartara kontsumoa ere murrizteko), eraikinen irisgarritasuna hobetzea kaletik etxebizitza guztietarako irisgarritasuna bermatuta, segurtasun- eta bizigarritasun-kondizioak hobetzea eta energia-kontsumoa monitorizatzea.

Laguntzen onuradunak jabekideen elkarteak eta etxebizitzen erakunde publikoak (munizipalak) izan ahal izango dira, betiere eraikinen jabeak direlarik, osorik zein zati batena, eta helburua alokairua baldin bada.

Plan beraren baitan, udalek zein toki-erakunde txikiek nahiz herri-onurako helburu soziala duten erakunde pribatuek irisgarritasun-planak egiteko nahiz eguneratzeko diru-laguntzak ere onetsi ditu gobernu-kontseiluak. Kapitulu horretarako 1,8 milioi euro inbertitzea erabaki du Jaurlaritzak.

Laguntza horien helburua da dagoeneko existitzen diren hiri-inguruetan, espazio publikoetan, eraikinetan, garraiobideetan ea informazio-sistemetan egokitzapen progresiboak ezartzeko planak egitea. Halaber izango da helburua hiriguneetan irisgarritasuna bermatzeko eta horretarako behar diren igogailuak oro har erosteko eta instalatzeko hobekuntza-lanak egitea.

Renove planaren barruko esandako neurri horiek gehitu egiten zaizkio Jaurlaritzak uztailaren 16an onetsitakoei, herri-babeseko etxebizitzen araubide juridikoaren inguruko jarduerak egiteari eta etxebizitza eta lurraren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 40,32 milioi euroko aurrekontua zutenak.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

DEKRETUA, IRUDI PERTSONALEKO AHOLKULARITZAKO ETA AHOLKULARITZA KORPORATIBOKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUARI DAGOKION CURRICULUMA EZARRIKO DUENA.

LABURPENA

IRUDI PERTSONALEKO AHOLKULARITZAKO ETA AHOLKULARITZA KORPORATIBOKO GOI TEKNIKARIA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Irudi Pertsonaleko Aholkularitzako eta Aholkularitza Korporatiboko goi mailako teknikariaren tituluaren curriculuma zehazten duen dekretua.

Dekretu horren bidez Irudi Pertsonaleko Aholkularitzako eta Aholkularitza Korporatiboko goi mailako teknikariaren tituluari, Irudi Pertsonala lanbide-arloan, dagozkion goi mailako Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehaztearen ardura. Proiektu horretan behar diren erabakiak hartuko ditu ikastetxeak, irakaskuntzan egin beharreko lanari begira haren ezaugarriak eta identitatea konkretatzeko, baita modulu profesionalen programazioak egiteko irizpideak finkatzeko ere.

Ikastetxearen curriculum-proiektuaren barruan, irakasle-taldeak, zikloko arduradunek eta irakasle bakoitzak egin beharko dituzte programazioak, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuz, lanbide-modulu bakoitzak dituen ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatuz eta, oso inportantea dena, irakaskuntzen erreferentzia den perfil profesionala euskarri gisa erabiliz.
 

 

AGINDUA, LAGUNTZETARAKO DEIA EGITEN DUENA, HAIN ZUZEN, HELDUEN HEZKUNTZAKO IKASLEEN ELKARTEENTZAT ETA UNIBERTSITATE-MAILAKOAK EZ DIREN IKASTETXEETAKO IKASLEEN GURASO-ELKARTEENTZAT.

LABURPENA

500.000 EURO GURASO ELKARTEETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko egunean onartu du Helduen Hezkuntzako ikasleen elkarteentzako eta unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeetako ikasleen guraso elkarteentzako dirulaguntzak deitzen dituen agindu bat.

500.000 euroko zenbateko globalean dirulaguntzak deitzea du agindu honek helburu, ondorengo gastuak finantzatzen laguntzeko: HHIko ikasleen elkarteek eta guraso elkarteek funtzionatzeko jarduerek eta azpiegiturek eragindakoak; ikastetxe desberdinetako guraso eta ikasleei zuzendutako jarduerek eragindakoak.
 

 

AGINDUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUEI 2013-2014 IKASTURTEAN LANBIDE HEZIKETAKO HEZIKETA-ZIKLOAK ESKAINTZA PARTZIALEAN IRAKASTEKO BAIMENA ESKA DEZATEN DEI EGIN ETA HORIEN FINANTZAKETA ARAUTZEN DUENA.

LABURPENA

LANBIDE HEZIKETAKO HEZIKETA-ZIKLOAK ESKAINTZA PARTZIALA

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, agindu bat onartu du gaur izandako bileran, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei 2013-14 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialean irakasteko baimena eska dezaten eta horian finantzaketa arautzen duena.

 

DEKRETUA, MERKATARITZA JARDUERETAKO TEKNIKARI TITULUARI DAGOKION CURRICULUMA EZARRIKO DUENA.

LABURPENA

MERKATARITZA JARDUERAKO TEKNIKARIA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Merkataritza Jarduerako teknikariaren tituluaren curriculuma zehazten duen dekretua.

Dekretu horren bidez Merkataritza Jarduerako teknikariaren tituluari, Merkataritza eta Markentinga lanbide-arloan, dagozkion erdi mailako Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehaztearen ardura. Proiektu horretan behar diren erabakiak hartuko ditu ikastetxeak, irakaskuntzan egin beharreko lanari begira haren ezaugarriak eta identitatea konkretatzeko, baita modulu profesionalen programazioak egiteko irizpideak finkatzeko ere.

Ikastetxearen curriculum-proiektuaren barruan, irakasle-taldeak, zikloko arduradunek eta irakasle bakoitzak egin beharko dituzte programazioak, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuz, lanbide-modulu bakoitzak dituen ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatuz eta, oso inportantea dena, irakaskuntzen erreferentzia den perfil profesionala euskarri gisa erabiliz.
 

 

235.000 EURO GOI MAILAKO KIROL LEHIAKETAK ANTOLATZEKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2013an hasi edo burutzen diren goi mailako kirol lehiaketen antolakuntzarako diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du.

Deialdiak 235.000 euroko diru kopurua du, eta ezin izango dira bertara aurkeztu kirol erakustaldiak edo ikuskizunak. Lehiaketaren kategoriaren arabera, hiru diru-laguntza bide jasotzen dira: Munduko Txapelketak, Europakoak, Munduko Kopak edo bestelako lehiaketak, formatuaren arabera: zirkuitua edo liga, edo ekinaldi bakarrekoak. Lehiaketa guztiek Nazioarteko Federazio edo Nazioarteko Liga Profesional baten egutegi ofizialaren baitan sartuak egon beharko dute. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

ERABAKIA, OÑATIKO JOSÉ DE AZPIAZU MUSIKA-ESKOLARI ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA BAT EMATEKO, 2013KO MUSIKALDIA EGITEKO (MUSIKA-ESKOLEN MUSIKA-JAIA).

LABURPENA

2013ko MUSIKALDI

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Oñatiko EMPR José de Aspiazu MEPRi dirulaguntza zuzen bat emateko erabakia, 2013ko Musikaldiri laguntza ematen diola aditzera emateko.

EAEko musika-eskola guztietako ikasle eta irakasleen arteko jai-topaketa finantzatzen laguntzea du 23.000 euroko zenbateko globaleko dirulaguntza honek helburu. Jai-topaketa horri Musikaldi esaten zaio, aurten Oñatin izan zen maiatzaren 27an eta “José de Aspiazu” Musika Eskola antolaketaz arduratu zen.
 

 

80.000 EURO MATERIAL ARKEOLOGIKO ETA PALEONTOLOGIKOAREN INBENTARIOA EGITEKO

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2013 urtean material arkeologiko eta paleontologikoaren inbentarioa egiteko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen Agindua onartu du.

Deialdiak 80.000 euroko diru kopurua du, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako aztarnategi arkeologikoetan, baimendutako esku-hartzeetan aurkitutako material arkeologiko eta paleontologikoaren inbentarioa egitera bideratua. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

AGINDUA, IKASTETXEETAKO ULIBARRI PROGRAMAK 2013-2014 IKASTURTEAN IZANGO DITUEN GEHIENEZKO DIRU-BALIABIDEAK, PROGRAMAN SARTZEKO ETA JARRAITZEKO BALDINTZAK ETA IKASTETXE BAKOITZAK PROGRAMARAKO IZANGO DITUEN DEDIKAZIO-ORDUAK ZEHAZTUZ.

LABURPENA

1 MILIOI ULIBARRI HIZKUNTZ NORMALKUNTZARAKO PROGRAMARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, onartu du 2013-2014ko ikasturterako gehienezko dirulaguntzak zehazten dituen Agindua, hizkuntz normalkuntzarako Ulibarri Programan parte hartzen duten edo hartu nahi duten ikastetxeei zuzendutakoak. Halaber, Programan sartzeko edo jarraitzeko baldintzak zehaztu eta dedikazio-orduak finkatzen dira.

Agindu honek ondorengo dirulaguntzak onartzen ditu: 16.000 euro ikastetxe gehiago sartzeko eta 984.000 euro parte hartzen duten ikastetxeek jarraitzeko.

Hezkuntza-Administrazioak, ikastetxeek eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko edo itunpekoetako hizkuntz normalkuntzarako proiektuen garapenean parte hartzen duen beste edozein erakundek batera egindako jardueraren bidez osatuko dute Ulibarri Programa.

Ulibarri Programako ikastetxeetako hizkuntz normalkuntzarako proiektuek euskararen erabilpena sustatzea dute helburu nagusia.
 

 

IKASTETXEETAKO GIROA EUSKALDUNTZEKO DIRU-LANGUNTZAK.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Ikastetxeetako giroa euskalduntzeko 2013-2014 ikasturtean zehar itunpeko ikastetxe pribatuetarako laguntza zabaltzen duen agindua.

Ahozko adierazmena lantzeko eta indartzeko ikastetxeek egin ditzaten saioak bultzatzea eta babestea du helburu 150.000 euroko diru-laguntza honek. Eskola-umeek arlo hauek jorratzea eta emanaldiak eskaintzea lagundu nahia da.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, HAINBAT ADMINISTRAZIO PUBLIKOREKIN LARRIALDIAK KUDEATZEAREN ALORREAN SINATU BEHARREKO LANKIDETZA-HITZARMENERAKO EREDUA BAIMENTZEKO DENA.

LABURPENA

IZENPETZEN DUTEN FORU-ALDUNDIEK ETA UDALEK IRRATI MUGIKORREKO SARE DIGITALA (TETRA) BALIATUKO DUTE DOAN

Gobernu Kontseiluak larrialdiak kudeatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmen eredua baimendu du

Gobernu Kontseiluak foru-aldundiek eta udalek Segurtasun Sailaren mendekoa den Irrati Mugikorreko Sare Digitala (TETRA) doan eskuratzeko lankidetza-hitzarmen eredua onartu du, larrialdien kudeaketa optimizatze aldera.

Larrialdiak Kudeatzeko Legearen 5. artikuluan adierazten den bezala, Segurtasun Saila da babes zibileko politikaren arduraduna, Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburuekin bat. Gainera, indarrean den araudiak babes zibileko, suteak prebenitu eta itzaltzeko eta salbamenduko eskumenak ematen dizkie bai udalei, bai foru-aldundiei.

Hiru euskal hiriburuetako suteak prebenitu eta itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuek beren langileak kudeatzeko eta mugitzeko komunikazio-zentralak badituzte ere, Gobernu Kontseiluak uste du TETRA azpiegitura erabiltzeak administrazio publikoek larrialdien kudeaketaren arloan barne komunikazio etengabea izatea ekarriko duela.
 

 

DEKRETUA, ARTIFIZIO PIROTEKNIKOAK ERABILIZ EGINDAKO IKUSKIZUNAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ARAUTZEARI BURUZKOA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAREN SEGURTASUN SAILAREN JOKO ETA IKUSKIZUNEN ZUZENDARITZAREN BAIMENA BEHARREZKOA IZANGO DA DEKRETUAK ARAUTUTAKO ARTIFIZIO PIROTEKNIKOEKIN IKUSKIZUNAK EGIN AHAL IZATEKO

Gobernu Kontseiluak gaur onartutako dekretuak helburu hau izango du nagusiki: artifizio piroteknikoak jaurtitzeko edo erretzeko ikuskizun publikoei dagozkien segurtasun-neurriak arautzea; horrelakoak adituek egin beharko dituzte beti, eta jarduera hori egiteko gaitzen dituen lanbide-txartela eduki beharko dute. Ondorio horietarako, ez da artifiziodun ikuskizuntzat hartuko guztira araututako gaiaren 10 kilogramotik behera erabiltzen dituzten ekitaldiak; halere, udal agintariek xedatutako segurtasun-neurriak, baldintzak eta eskakizun bereziak bete beharko dira horrelakoetan.

Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak eta Estefanía Beltrán de Heredia sailburuak bi arrazoi izan dituzte Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen Gobernu Kontseiluak gaur eztabaidatu eta onartu duen dekretu arautzailea aurkezteko. Batetik, Estatuaren eskumena den artikulu piroteknikoen eta kartutxoen Estatuko araudiaren ondoriozko 8. jarraibide tekniko osagarria berriki indarrean jarri izana. Eta bestetik, artifizio piroteknikoen garapena bera eta adituek egindako era horretako ikuskizunetan teknologia modernoak sartu izana; bilakaera hori dela-eta Euskal araudi autonomiko berri bat beharrezkoa izan da hainbat konturi dagokienez Estatuko araudian ezarritakora egokitzeko, hala nola segurtasun-tarteei, garraioari, artifizioak muntatzeari eta jaurtitzeari dagokienez.

Zezensuzkoa, ikuskizun pirotekniko modura, autonomia mailako izaera tradizionaleko jai-adierazpentzat hartzen du dekretuak xedapen gehigarri batean. Adingabeek armazoi zoomorfikoak eramatea debekatzen du eta, orobat, egitura hori eramaten duten pertsonek trebakuntza berezi bat egiaztatu behar dutela eskatzen du; trebakuntza hori Arkautin jasoko dute, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.

Halaber, dekretuak arautzen dituen alderdiak hauexek dira: antolatzaileak; ikuskizunaz arduratzen diren enpresa piroteknikoak; muntatzeko eta jaurtitzeko jardueraren profesionalak; segurtasun eta larrialdietako planak; segurtasun-tarteak eta eremuak; materiala muntatzea, jaurtitzea eta kentzea, bai eta horiek debekatzea, bertan behera uztea edo etetea ekar dezaketen arrazoiak eta araudia ez betetzeak ekar ditzakeen zehatzeko moduko arau-hausteak.