2013/08/30 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Erabakia, "New Yorkeko Euzko Etxea-New York Basque Club" euskal etxeari zuzeneko diru-laguntza bat ematekoa, 2013. urtean haren ehungarren urteurrenaren ospakizunetarako beharrezko gastuak ordaintzeko eta Estatu Batuetan Basque Country marka sustatzeko.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Jaurlaritza, Trebiñu eta Argantzun Arabako lurralde historikoan batzearen alde
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Ebazpena, HABEren zuzendari nagusiarena, 2013ko urria eta 2014ko iraila bitarteko euskara-ikastaroengatik, Euskal Etxeei esleituko zaizkien diru-laguntzak arautzen dituena.
Agindua, atzerrian alemaneko, frantseseko eta ingeleseko ikastaroak egiteko plazetarako deialdia egiten duena, Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoz finantzatzen diren ikastetxetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleentzat.
Agindua, unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial digitalak egiteko laguntza-bideetara dei egiten duena (EIMA 2.0).
Dekretua, Dantzako oinarrizko irakaskuntzen curriculuma ezarri eta horietara sartzea arautuko duena.
Agindua, unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteen federazioentzako eta konfederazioentzako laguntzetarako deia egiten duena.
Agindua, diru-laguntzetarako deia egiten duena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatu itunpekoek prestakuntza-jarduerak egin ditzaten 2013-2014 ikasturtean.
Akordioa, euskara sustatzeko ekintza plana (ESEP) Eusko Legebiltzarrera igortzeko dena.
Dekretua, Argiztapeneko, Irudien Jasotze eta Tratamenduko Goi Mailako Teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.
Dekretua, Estilismoko eta Ile-apainketa Zuzendaritzako Goi Mailako Teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Helburua: 2013-2014 ikasturtean hasierako lanbide-prestakuntzako programak gara ditzaten udal, mankomunitate edo horiek sorturiko entitate eta entitate pribatuentzako diru-laguntzak finantzatzea.
Agindua, 2013-2014 ikasturtean Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloetarako sarbide-probak prestatzeko ikastaroak emateko laguntzetarako dei egiten duena.
Agindua, Unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizioari zuzendutako diru-laguntzetara biltzeko deia egiten duena (EIMA 1).
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa diruz lagunduko du Butroe erdialdeko eta beheko hodi biltzaileen proiektuan.
Dekretua, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: «Cotorrioko etengailuaren proiektua, Sopeña tartea eta kolektore osagarriak» burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

ERABAKIA, "NEW YORKEKO EUZKO ETXEA-NEW YORK BASQUE CLUB" EUSKAL ETXEARI ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA BAT EMATEKOA, 2013. URTEAN HAREN EHUNGARREN URTEURRENAREN OSPAKIZUNETARAKO BEHARREZKO GASTUAK ORDAINTZEKO ETA ESTATU BATUETAN BASQUE COUNTRY MARKA SUSTATZEKO.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK BASQUE COUNTRY ESTRATEGIA SUSTATUKO DU AEBetan NEW YORKEKO EUSKAL ETXEAREN MENDEURRENAREN TESTUINGURUAN

Eusko Jaurlaritzak New Yorkeko Euskal Etxearentzat 30.000 euroko diru laguntza onartu du Gobernu Kontseiluan, Estatu Batuetan Basque Country estrategia sustatu eta NYeko Euskal Etxearen mendeurrena ospatzeko helburuz.

Basque Country marka New Yorken ezagutzera emango da, hiri honek, nazioarteko erakusleihoa izanik, euskal baloreen eta produktuen sustapenari oihartzun eta indar handia ematen dionez gero, eta Estatu Batuak munduko merkatu handienetako dela kontuan harturik. Honekin batera, New Yorkeko Euskal Etxeak historikoki jokatu duen paper garrantzitsua azpimarratu behar da, 1913an sortua, bertara iristen ziren euskaldunei harrera egin izan diona, iraganean zein orainean.

Basque Country estrategia Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztu zuen ekainean, eta lau ekintza ardatz ditu: ekonomia eta industria; kultura eta hezkuntza; turismoa; eta kanpo harremanak. Eusko Jaurlaritzak 120 milioi euro bideratuko ditu datozen 4 urteetan estrategia hau bultzatzera. Helburua ekonomiaren eta enpleguaren suspertzea lortzea da, industria eta inbertsioaren nazioartekotzearen eta berrikuntzaren bitartez, besteak beste.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

JAURLARITZA, TREBIÑU ETA ARGANTZUN ARABAKO LURRALDE HISTORIKOAN BATZEAREN ALDE

Erabakia, gobernuak gai honen inguruan duen irizpidea adierazteari buruzkoa: probintzia-mugak aldatuz Trebiñuko Konderria eta Argantzun udalerriak Burgoseko probintziatik banandu eta Arabako Lurralde Historikoan sartzeko helburuarekin Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu legebiltzar-taldeek Gorte Nagusietan aurkeztu duten ekimeneko lege-proposamenak aintzat hartzea.

LABURPENA

Trebiñuko eta Argantzungo herritarrek behin eta berriz azaldu dute Arabako zati izateko borondatea; modu askean adierazitako eskubidea izanik, ezin dakieke uka.

Legebiltzarreko Euskal Nazionalistak, EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeek formulatutako Lege Organiko Proposamenak kontuan hartzearen aldeko irizpena eman du Gobernu Kontseiluak, Trebiñu eta Argantzun udalerriak Burgos probintziatik bereizi eta Arabako Lurralde Historikoan biltzeko.

Gaur onartutako akordioak dioenez, bi udalerrietako biztanleek behin eta berriz adierazi dute Arabako Lurralde Historikoko zati izateko borondatea. Akordioaren arabera, ezin dakieke uka herritarrei modu askean adierazitako borondatea, kontuan izanik, gainera, borondate hori handitzen joan dela urteek aurrera egin ahala. Legearen arabera herritarrek adierazi duten eskubidea ezin daiteke zalantzan ipini, eta aldeetako batek, Gaztela eta Leonek, ezin dezake prozesu osoa zapuztu bere borondate hutsagatik.

Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzak aldeko irizpena eman dio Eusko Legebiltzarreko ordezkariak Gorte Nagusietara bidaltzeari, legegintza-ekimenok defenda ditzaten.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

EBAZPENA, HABEREN ZUZENDARI NAGUSIARENA, 2013KO URRIA ETA 2014KO IRAILA BITARTEKO EUSKARA-IKASTAROENGATIK, EUSKAL ETXEEI ESLEITUKO ZAIZKIEN DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA.

LABURPENA

200.000 EURO EUSKAL ETXEETAKO EUSKARA IKASTAROETARAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Euskal Etxeei esleituko zaizkien diru-laguntzak arautzen dituen Ebazpena onartu du. Ebazpenaren xedea da, 2013ko urria eta 2014ko iraila bitarteko euskara ikastaroengatik Euskal-Etxeei diru-laguntzak ematea.

Xede horretarako 200.000 euro bideratu dira. Diru-laguntza eskatu nahi duten Euskal Etxeek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen erregistroan inskribatuta egotea, helduen euskalduntze eta alfabetatzerako HABEk ezarritako curriculuma izatea jardueren erreferente, astean gutxienik 3 eskola-ordu ematea eta gutxienik talde bakoitzak 6 ikasle izatea ( eta bataz beste, gutxienik 8 ikasle taldeko, talde guztien artean)

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
 

 

AGINDUA, ATZERRIAN ALEMANEKO, FRANTSESEKO ETA INGELESEKO IKASTAROAK EGITEKO PLAZETARAKO DEIALDIA EGITEN DUENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN FUNTS PUBLIKOZ FINANTZATZEN DIREN IKASTETXETAN, DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO 3. ETA 4. MAILETAN ETA BATXILERGOKO 1. ETA 2. MAILETAN MATRIKULATUTAKO IKASLEENTZAT.

LABURPENA

533 PLAZA ATZERRIAN INGELES, FRANTSES ETA ALEMAN IKASTAROAK EGITEKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2014ko udan Alemanian, Frantzian, Irlandan eta Erresuma Batuan hizkuntza ikastaroak egiteko egonaldietarako deialdia egiten duen Agindua onartu du. 533 plaza deitzen dira, DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzenduta.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak 847. 038 euro bideratuko ditu deialdi honetarako. Osatutako plaza bakoitzak, ondorengo gastuak hartzen ditu barnean: joan etorriko bidaia, Euskadiko hiru hiriburuetatik egonaldia burutuko den herrialdeko hiriraino, bidaia asegurua, matrikula eta ikasketa materiala, ostatua, jatorduak eta ikastaroa burutuko den ikastetxerako hiri-garraioa.

Plaza hauek eskuratu ahal izateko betebeharrak, ondorengo hauek dira: aukeratutako hizkuntzan edo hizkuntzetan gutxienik 6ko nota eskuratu izana aurreko ikasturtean, eta aurreko ikasturteko bataz besteko nota eta hautatutako hizkuntzaren arteko batuketan 15 puntu edo gehiago lortu izana; 2014an gehienez ere 19 urte betetzea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

AGINDUA, UNIBERTSITATE AURREKO IRAKASMAILETARAKO EUSKARAZKO IKASMATERIAL DIGITALAK EGITEKO LAGUNTZA-BIDEETARA DEI EGITEN DUENA (EIMA 2.0).

LABURPENA

200.000 € EUSKARAZKO IKASMATERIAL DIGITALETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, U Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko egunez agindu bat onartu du, Unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial digitalak egiteko laguntza-bideetara dei egiten duena (EIMA 2.0).

Agindu honen xedea zera da: euskarazko ikasmaterial digitalak, oinarrizkoak zein osagarriak, prestatu edo egokitzeko eta hezkuntza-komunitatearen eskura jartzeko diru-laguntzak, 200.000 euro, arautzea eta horietarako dei egitea.

Unibertsitate aurreko irakasmailetarako ikasmaterialak hartzen ditu deialdi honek kontuan. Helburu nagusia arlo horretan irakaskuntzan dagoen hutsunea betetzea da eta ikasle-irakasleei beren jardunerako ikasmaterialak eskaintzeko bideak jartzea.
 

 

DEKRETUA, DANTZAKO OINARRIZKO IRAKASKUNTZEN CURRICULUMA EZARRI ETA HORIETARA SARTZEA ARAUTUKO DUENA.

LABURPENA

DANTZAKO OINARRIZKO IRAKASKUNTZEN CURRICULUMA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, dantzako oinarrizko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen eta horietara sartzea arautzen duen Dekretua onartu du gaurko bileran.

Dekretuak ebaluaziorako, promoziorako eta ikasketetan jarraitu ahal izateko irizpideak ere jasotzen ditu, eta dantza ikasketak emateko baimenduta dauden Euskadiko ikastetxe eta kontserbatorioetan izango da aplikagarri. Lau ikasturteko iraupena izango dute ikaskuntzok, eta dantza ikasketa profesionalen formaziora, hezkuntzara, orientaziora eta prestaketara bideratuta egongo dira. Dantzako oinarrizko ikaskuntzak zortzi eta hamahiru urte bitarteko ikasleek burutuko dituzte.

Ikastetxeko irakasleek dantzaren oinarrizko ikasketei dagokien curriculuma zehaztu eta osatuko dute, euren ikastetxearen hezkuntza proiektuaren bidez, eta Dekretuak ezartzen duen curriculumarekin bat datozen irakaskuntza-egitarauak garatuko dituzte.

Irakaskuntza hauen lau ikasturteetako curriculuma osatzen duten ikasgaiak, honako hauek dira: Dantza akademikoa, Musika eta Euskal Dantza tradizionala. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak urtero egingo du dantzako oinarrizko irakaskuntzetara sartzeko proben deialdia.
 

 

AGINDUA, UNIBERTSITATE-MAILAKOAK EZ DIREN IKASTETXEETAKO IKASLEEN GURASO-ELKARTEEN FEDERAZIOENTZAKO ETA KONFEDERAZIOENTZAKO LAGUNTZETARAKO DEIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

350.000 EURO IKASLEEN GURASO ELKARTEEN FEDERAZIO ETA KONFEDERAZIOEN LAGUNTZETARAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, unibertsitatez besteko ikasleen guraso elkarteen Federazio eta Konfederazioentzako diru-laguntzetarako deia egiten duen Agindua onartu du.

Laguntzak Federazio eta Konfederazioek beharrezko dituzten azpiegitura gastuei aurre egiteko emango dira, elkarteen laguntza eta aholkularitza gastuei aurre egiteko, eta gurasoen formakuntza ekintzen gastuei aurre egiteko. Ekintza hauek guztiek 2013an burutuak izan beharko dute. Deialdi honek 350.000 euroko diru kopurua du.

Deialdi honetara aurkeztu nahi duten elkarteek Euskadiko dagokion erregistroan izena emanda eta alta hartuta egon beharko dute.
 

 

AGINDUA, DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIA EGITEN DUENA, LANBIDE HEZIKETAKO HEZIKETA-ZIKLOAK EMATEN DITUZTEN IKASTETXE PRIBATU ITUNPEKOEK PRESTAKUNTZA-JARDUERAK EGIN DITZATEN 2013-2014 IKASTURTEAN.

LABURPENA

169.600 EURO LANBIDE HEZIKETAKO ITUNPEKO ZENTRO PRIBATUETAKO IRAKASLEEN FORMAZIO IKASTAROETARAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuek euren irakasleentzat burutzen dituzten prestakuntza-jarduerak diruz laguntzen dituen Agindua onartu du. Prestakuntza-jarduera horiek 2013-2014 ikasturtean burutuak izan beharko dute.

Laguntza hauek eskatzeko interesa duten ikastetxeek, eskaintzen dituzten heziketa-zikloekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak aurkeztu beharko dituzte deialdira. Prestakuntza-jarduera bakoitzak gutxienik 10 orduko iraupena izan beharko du, eta 35 ordukoa gehienez. Deialdian parte hartu ahal izango dute, Euskadin Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzeko baimenduta dauden itunpeko ikastetxe pribatuek.

Deialdi honek 169.600 euroko diru kopurua du. Ikastetxe bakoitzak jaso dezakeen diru-laguntzarik handiena 32.000 eurokoa da, hautatutako prestakuntza-jarduera guztiengatik. Jasotako diru-laguntzak bateraezinak izango dira helburu berbera duten beste deialdi batzuetatik jasotako laguntzekin. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

AKORDIOA, EUSKARA SUSTATZEKO EKINTZA PLANA (ESEP) EUSKO LEGEBILTZARRERA IGORTZEKO DENA.

LABURPENA

EUSKARA SUSTATZEKO EKINTZA PLANA (ESEP) EUSKO LEGEBILTZARRERA BIDALTZEA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez onartu du, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) Eusko Legebiltzarrera bidaltzea Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean izapidetua izan dadin. Aipatutako planak, euskararen erabilera sustatzeko adostasuna sendotzea du helburu.

 

 

DEKRETUA, ARGIZTAPENEKO, IRUDIEN JASOTZE ETA TRATAMENDUKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUARI DAGOKION CURRICULUMA EZARRIKO DUENA.

LABURPENA

ARGIZTAPENEKO, IRUDIEN JASOTZE ETA TRATAMENDUKO GOI TEKNIKARIA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Argiztapeneko, Irudien Jasotze eta Tratamenduko goi mailako teknikariaren tituluaren curriculuma zehazten duen dekretua.

Dekretu horren bidez Argiztapeneko, Irudien Jasotze eta Tratamenduko goi mailako teknikariaren tituluari, Irudi eta Soinua lanbide-arloan, dagozkion goi mailako Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehaztearen ardura. Proiektu horretan behar diren erabakiak hartuko ditu ikastetxeak, irakaskuntzan egin beharreko lanari begira haren ezaugarriak eta identitatea konkretatzeko, baita modulu profesionalen programazioak egiteko irizpideak finkatzeko ere.

Ikastetxearen curriculum-proiektuaren barruan, irakasle-taldeak, zikloko arduradunek eta irakasle bakoitzak egin beharko dituzte programazioak, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuz, lanbide-modulu bakoitzak dituen ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatuz eta, oso inportantea dena, irakaskuntzen erreferentzia den perfil profesionala euskarri gisa erabiliz.
 

 

DEKRETUA, ESTILISMOKO ETA ILE-APAINKETA ZUZENDARITZAKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUARI DAGOKION CURRICULUMA EZARRIKO DUENA.

LABURPENA

ESTILISMOKO ETA ILE-APAINKETA ZUZENDARITZAKO GOI TEKNIKARIA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Estilismoko eta Ile-apainketa Zuzendaritzako goi mailako teknikariaren tituluaren curriculuma zehazten duen dekretua.

Dekretu horren bidez Estilismoko eta Ile-apainketa Zuzendaritzako goi mailako teknikariaren tituluari, Irudi Pertsonala lanbide-arloan, dagozkion goi mailako Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehaztearen ardura. Proiektu horretan behar diren erabakiak hartuko ditu ikastetxeak, irakaskuntzan egin beharreko lanari begira haren ezaugarriak eta identitatea konkretatzeko, baita modulu profesionalen programazioak egiteko irizpideak finkatzeko ere.

Ikastetxearen curriculum-proiektuaren barruan, irakasle-taldeak, zikloko arduradunek eta irakasle bakoitzak egin beharko dituzte programazioak, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuz, lanbide-modulu bakoitzak dituen ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatuz eta, oso inportantea dena, irakaskuntzen erreferentzia den perfil profesionala euskarri gisa erabiliz.
 

 

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA EGITEKO BAIMENA EMATEKOA. HELBURUA: 2013-2014 IKASTURTEAN HASIERAKO LANBIDE-PRESTAKUNTZAKO PROGRAMAK GARA DITZATEN UDAL, MANKOMUNITATE EDO HORIEK SORTURIKO ENTITATE ETA ENTITATE PRIBATUENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK FINANTZATZEA.

LABURPENA

15,18 MILIOI EURO HASIERAKO LANBIDE TREBAKUNTZA PROGRAMAK GARATZEKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran agindu bat onartu du. Agindu horren bidez, Udalei, Mankomunitateei edota beraiek sortutako Erakundeei eta pribatu Erakundeei diru-laguntza emateko deialdia egitea onartu du Hasierako Lanbide Trebakuntza Programak garatu ahal izateko emango dira diru-laguntzok, 2013-2014 ikasturtean zehar

Hasierako Lanbide Trebakuntza Programek Oinarrizko Bigarren Hezkuntzaren funtsezko gaitasunak eskuratzen ez dituzten ikasleei oinarrizko lanbide-prestakuntza ematea dute helburu. Prestakuntza horri esker, kalitatearen aldetik ondo trebatuta sartu ahal izango dira lan-mundura eta izango dute araututako irakaskuntzetan ikasketak egiten jarraitzeko aukera. Gauzak horrela, programa hauek gizartean txertatzeko lagungarri izango dituzte.
 

 

AGINDUA, 2013-2014 IKASTURTEAN LANBIDE HEZIKETAKO PRESTAKUNTZA-ZIKLOETARAKO SARBIDE-PROBAK PRESTATZEKO IKASTAROAK EMATEKO LAGUNTZETARAKO DEI EGITEN DUENA.

LABURPENA

LANBIDE HEZIKETARAKO SARBIDE-PROBAK

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, 2013-2014 ikasturtean Lanbide heziketarako sarbide-probak prestatzeko ikastaroak irakasteko laguntzerako dei egiten duen agindua.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastexe pribatuentzako dirulaguntza, 233.350 euroko zenbatekoa, deialdia egitea Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetarako sarbide probak prestatzeko ikastaroak antolatu eta irakatsi ditzaten 2013-14 ikasturtean. Ikastaroak 18 urtetik gorako herritarrei zuzendurik egongo dira, hain zuzen ere, lanbide hezikatako zikloak Ikasi nahi baina horretarako titulaziorik ez dutenentzat.
 

 

AGINDUA, UNIBERTSITATE AURREKO IRAKASMAILETAKO EUSKARAZKO IKASMATERIAL INPRIMATUEN EDIZIOARI ZUZENDUTAKO DIRU-LAGUNTZETARA BILTZEKO DEIA EGITEN DUENA (EIMA 1).

LABURPENA

461.464 EUSKARAZKO IKASMATERIALETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, gaurko bileran Agindu bat onartu du, eta agindu horren bidez dirulaguntzak deitzen dira unibertsitateaz kanpoko mailetako euskarazko liburu eta gainontzeko ikasmateriala erosteko (EIMA I).

Guztira 461.464 euroko zenbatekoa duten dirulaguntza horiek euskarazko irakaskuntzak ikasleei gastu gehiago ez sortzea dute helburu, erabilitako ikasmaterialaren arabera.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK BILBAO BIZKAIA UR PARTZUERGOA DIRUZ LAGUNDUKO DU BUTROE ERDIALDEKO ETA BEHEKO HODI BILTZAILEEN PROIEKTUAN.

Erabakia, 2006ko abenduaren 26ko Erabakia aldatzeko. Erabaki hori, hain zuzen ere, Bilboko Uren Partzuergoari (Bizkaia) diru-laguntza ematekoa. Helburua: Butroi Beheko eta Erdiko kolektoreen eraikitze proiektuaren, Butroi Erdiko (EDAR) oinarrizko proiektuaren (Gatika) eta Butroi Gazteluaren aldeko kolektoreen aurreproiektuaren exekuzioa finantzatzea.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa diruz lagunduko du, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bidez, Butroeren erdialdearen saneamenduari dagozkion obrak gauza ditzan. Horretarako, ordainketak hilero egingo dizkio, partzuergoak obren ziurtagiriak aurkeztu ondoren, hasieran aurreikusitako moduan egin beharrean, zenbateko osoa amaieran ordaindu ordez.

2006ko abenduan, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Butroe erdialdearen saneamenduko obrak finantzatzeko diru-laguntza jaso zuen. Orain, Partzuergoak hasieran aurreikusitako ordainketa modua, bukaeran ordainketa bakarra jasotzea, alegia, aldatzeko eskatu du eta Eusko Jaurlaritzak egokitzat jo du. Horrenbestez, obrak gauzatu ahala egingo dira ordainketak, formula hau zuzenagoa delako aurrekontua betetzeko, 2012ko ekainaren 26an partzuergoak onartu zuen Butroe Erdialdearen eta Behearen saneamendu sistemaren eskemari jarraiki. Proiektua hiru fase edo eremutan banatu zuten.

Eusko Jaurlaritzak 10.118.196,20 € bideratuko ditu obra finantzatzera, «BBUP-RENTZAKO DIRU LAGUNTZA BUTROE ERDIALDEAREN SANEAMENDU OBRAK GAUZATZEKO» kontzeptuaren bidez. Gaur izandako Gobernu Kontseiluaren hitzarmen berriari jarraiki, zenbatekoa hileko ordainketen bidez emango da, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Ura Uraren Agentziari diruz lagundutako obrei dagozkion ordainagiriak aurkeztu ondoren.
 

 

DEKRETUA, ZEINAREN BIDEZ URGENTZIAKO DEKLARATZEN BAITA BILBAO BIZKAIA UR PATZUERGOAK, NAHITAEZ DESJABETZEKO, HONAKO ESKUBIDE ETA ONDASUNAK OKUPATZEA: «COTORRIOKO ETENGAILUAREN PROIEKTUA, SOPEÑA TARTEA ETA KOLEKTORE OSAGARRIAK» BURUTZEKO BEHARREZKO ONDASUN ETA ESKUBIDEAK.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAREN ARABERA, PREMIAZKOA DA BILBAO BIZKAIA UR PARTZUERGOAK «COTORRIOKO HODI BILTZAILEA, SOPEÑA TARTEA ETA HODI BILTZAILE OSAGARRIAK» PROIEKTUAK BARNE HARTZEN DUEN INGURUA HARTZEA


Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren arabera, premiazkoa da Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak «Cotorrioko hodi biltzailea, Sopeña tartea eta hodi biltzaile osagarriak» proiektuaren espedientean zerrendatutako eta proiektua aurrera eramateko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak hartzea, hau da, nahitaez desjabetzea.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak «Cotorrio hodi biltzailea, Sopeña tartea eta hodi biltzaile osagarriak» proiektuaren espedientea onartu ondoren, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabilgarri izatea beharrezkoa zuela adierazi zuen. Proiektuaren helburua Putxeta inguruaren saneamendua hobetzea eta Cotorrio ibaira egindako isurpen desegokiak saihestea da, hodi biltzaileak eta hodi biltzaile osagarriak sortuz. Zerbitzu teknikoek egiaztatu dute ez dagoela espedientea izapidetzea galarazten duen hirigintzako oztoporik.

Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluari eta Euskal Herriko. Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluari jarraiki, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren arabera, premiazkoa da Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak «Cotorrioko hodi biltzailea, Sopeña tartea eta hodi biltzaile osagarriak» proiektuaren espedientean zerrendatutako eta proiektua aurrera eramateko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak hartzea, hau da, nahitaez desjabetzea.