2013/09/17 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegian helegitea egin dio Euskadiko Trenbideak Estatuaren Interes Orokorreko Katalogoaren barruan sartzeari
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
2.400.000 euro kultur ondarea zaindu eta babesteko
326.000 euro ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza-jardueretarako
OSASUN SAILA X. LEG.
Dekretu-proiektua, neurrira egindako osasun-produktuen fabrikatzaileei funtzionamendu-lizentziak emateko baldintzei eta prozedurari buruzkoa.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

JAURLARITZAK KONSTITUZIO AUZITEGIAN HELEGITEA EGIN DIO EUSKADIKO TRENBIDEAK ESTATUAREN INTERES OROKORREKO KATALOGOAREN BARRUAN SARTZEARI

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, uztailaren 26ko 11/2013 Legean finkatutako «Estatuko Interes Orokorreko Trenbide Sareko Linea eta Zatien Katalogoak» Euskadiko eskumenak urratzen ditu trenbideei dagokienez.

Eusko Jaularitzak helegitea jarriko du Konstituzio Auzitegian Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean hitzarmenik lortu ez duelako.

Konstituzioaren aurkakotasun-helegite bat jartzea baimendu du gaur Gobernu Kontseiluak uztailaren 26ko 11/2013 Legearen aurka (otsailaren 22ko 4/2013 Errege Lege Dekretutik deribatua); izan ere, izenak izen (ekintzaileari laguntzeko, hazkundea sustatzeko eta enplegua sortzeko neurriak), haren 38. artikuluan eta eranskinean «Estatuaren Interes Orokorreko Trenbide Sarearen Linea eta Zatien Katalogo» bat jasota dago, zeinak EAEren eskumenak (Gernikako Estatutuaren 10.32 artikuluan aurreikusiak) urratzen dituen trenbideei dagokienez.

Katalogo horren barruan Espainiako Gobernuak interes orokorrekotzat jo dituen trenbideen zerrenda bat ageri da, eta Eusko Jaurlaritzak hura egiaztatu duenean konturatu da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide guztiak ageri direla bertan.

Euskaditik igarotzen diren trenbide guztiak interes orokorrekotzat hartzean Estatuko Administrazio Orokorraren kudeaketa betikotzea bermatu nahi dute, horrela etorkizunean Euskadiri eskualdatu ahal izatea galarazteko.

Hamaika linea eta zati dira, eta haietatik sei autonomia-erkidegoko lurraldekoak dira zeharo. Hauexek dira, besteak beste: Hendaiatik Irunerako 106 linea, oraindik RENFErena den Santurtzi-Abando linea, Muskiz-Barakaldo arteko 722 linea, Ariz eta Basurto ospitale arteko 782, Lutxana-Barakaldo eta Irauregi arteko 784 linea, eta abar. Eusko Jaurlaritzak askotan eskatu du linea horiek EAEri eskualdatzeko.

Konstituzio Auzitegian aurkeztutako errekurtsoak

Eusko Jaularitzak Konstituzio Auzitegian helegitea jartzea erabaki du, Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean hitzarmenik lortu ez duelako.

Gobernu Kontseiluak legegintzaldi honetan onartu duen laugarren konstituzioaren aurkakotasun-helegitea da. Helegite honetaz gain, honako lege hauei egin zaie helegitea eskumenak urratzeagatik:

  • 2012rako eta 2013rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei.
  • Uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuari, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoari (funtzionarioen eta merkataritzarekin lotutako gaiekin).

Gainera, Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean ondoko hauek negoziatzen ari dira oraindik:

  • 1/2013 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena. (Prepara Plana, 400 €-en kudeaketa)
  • 2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta uztailaren 28ko Kostaldeei buruzko 22/1988 Legea aldatzen duena.

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

2.400.000 EURO KULTUR ONDAREA ZAINDU ETA BABESTEKO

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2013-2015 urteen tartean euskal kultur ondarea zaindu, aberastu, babestu eta sustatzeko jardueretarako diru laguntzak arautzen dituen Agindua onartu du. Agindu honek, era berean, ondare horri eragiten dioten hiri antolaketarako instrumentuak idatzi eta aldatzeko diru-laguntzak ere arautzen ditu.

Bi diru-laguntza mota bereizten dira: bata, euskal kultur ondarea zaindu, aberastu, babestu eta sustatzekoa, 2.250.000 euroko diru kopurua duena; eta bigarrena, aipaturiko ondare horri eragiten dioten hiri antolaketarako instrumentuak idatzi eta aldatzekoa, 150.000 euroko diru kopuruarekin (2.400.000 euro orotara).

Diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke Euskadiko pertsona fisiko edo juridikoak, publiko nahiz pribatuak, toki entitateak edo euren menpeko organoak, bai eta hiri birgaikuntzarako sozietateak ere. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn agertu eta hurrengo egunean hasita.

 

326.000 EURO IKASLE IJITOEI ZUZENDUTAKO HEZKUNTZA-JARDUERETARAKO

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran agindu bat onartu du eta agindu horren bidez irabazi asmorik gabeko zenbait erankunderi dei egiten baitzaie, hain zuzen ere, eskolaren esparruan ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza-jarduerak garatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin elkarlanean aritu nahi dutenei 2013-2014 kurtsoan.

Agindu honek, 326.000 euroko aurrekontu bat duenak, ondorengo helburuak, batez ere, lortzeko 2013-2014 kurtsoan. egingo diren jarduerak diruz laguntzea du helburu: ikasle ijitoen eskola-arrakasta areagotzea eta kulturen arteko elkarbizitza hobetzea.

 

OSASUN SAILA X. LEG.

DEKRETU-PROIEKTUA, NEURRIRA EGINDAKO OSASUN-PRODUKTUEN FABRIKATZAILEEI FUNTZIONAMENDU-LIZENTZIAK EMATEKO BALDINTZEI ETA PROZEDURARI BURUZKOA.

Neurrira egiten diren osasun produktuen ekoizleek eta saltokiek zer baldintza bete behar dituzten arautu du Osasun Sailak, gaixoaren segurtasuna handitzearren

LABUPENA

Osasun-produktuak neurrira egiten dituzten saltokiek zer baldintza bete behar dituzten eta halako produktuak ekoizten jarduteko baimena lortzeko zer prozedurari jarraitu behar dioten arautu duen dekretua onetsi du gaur Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak.

Arau berriaren bitartez, pertsonen segurtasuna handitu eta haien osasuna zaindu nahi du Osasun Sailak, produktu horiek ahalik eta berme handienaz iritsita erabiltzailearen eskuetara. Gaixoaren segurtasuna da Osasun Sailaren ildo estrategikoetako bat, eta horren ondorioz haren lehentasun bihurtu da hura bermatuko duten programak indartzea, Jon Darpón osasun-sailburuak legegintzaldiaren hasieran adierazi zuen bezala.

Neurrira egindako osasun-produktu bat da espezialista baten idatzizko aginduz gaixo jakin batentzat bakarrik eta berariaz egiten dena. Gehien bat hortz-protesiak, ortodontziakoak, plantillak, ortopediako bestelako protesi eta ortesiak, lente bereziak, begi artifizialak eta protesi ezargarriak.

Dekretu horrek, halaber, Osasun Artikuluen Saltokien Erregistro Ofiziala sortu du, bertan antolatu dadin osasun-produktuei eta horiek banatzeko eta saltzeko jarduerei eta osasun-baimen arrunta behar duten jarduerei buruzko informazio guztia.