2013/09/24 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Dekretua, memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak arautzekoa.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Dekretua, 2013. Urtean enpresa-finantziaziorako abal publikotan 100 milioi euroko zenbatekoa emateko programari buruzkoa
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako aurrekontua daukan kontratua baimentzen dena, Euskal Autonomia Erkidegoan 2014-2016 urteen artean izan daitezkeen arriskuen asegurua kontratatzeko.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
350.000 euro kultur jaialdi, ziklo, lehiaketa eta jarduera bereziak antolatzeko
Bikain euskararen kalitate ziurtagiria eskuratzeko eskatzaile kopuruari muga kentzea
23,63 milioi euro 0-3 urtera arteko haur-eskolentzat
Helduen hezkuntzan garatutako jardueretarako dirulaguntzak
LEHENDAKARITZA X. LEG.

DEKRETUA, MEMORIA HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA, BAKEA, BIZIKIDETZA ETA GIZA ESKUBIDEAK JORRATZEN DITUZTEN PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEKOA.

Jaurlaritzak memoria historikoa, bakea, bizikidetza eta giza eskubideei buruzko proiektuetarako diru-laguntzak arautzen dituen esparrua onartu du.

LABURPENA

Biktima eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak laster zehaztuko ditu zeintzuk diren diru-laguntzetara biltzeko epeak, diruz lagundu daitezkeen proiektuak eta laguntza-ildo bakoitzaren diru-kopurua

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur argi berdea eman dio memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak arautzen dituen dekretuari.

Diru-laguntzok Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak izapidetuko ditu -Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiari atxikita dago zuzendaritza hori- eta horien helburua da memoria historikoa ohoratu eta aitortzea eta bakea eta giza eskubideen aldeko konpromiso irmoan oinarritutako bizikidetza demokratikoa sustatuko dituzten ekimenak bultzatzea.

Horrela, gaur onartutako dekretuak hiru laguntza-ildo sustatuko ditu, proiektu-mota hauek finantzatzeko:

  • Memoria historikoa berreskuratu eta gordetzeko proiektuak. Horien bidez, gaur egungo gizartean bizikidetzaren oinarri diren balio eta printzipio demokratikoak bultzatu nahi dira. Helburu nagusia da Gerra Zibilaren biktima guztiak eta haren ondorengo diktaduraren errepresio politiko, sozial eta kulturalari aurre egin zioten pertsona guztiak ohoratzea eta oroitzea. Eta haiekin batera, beren familiak. Laguntza-ildo honetan, legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi asmorik gabekoak izan daitezke onuradunak, betiere lortu nahi dituzten helburuak, beren estatutuetan jasotakoaren arabera, memoria historikoa berreskuratzearen ingurukoak badira.
  • Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzeko proiektuak, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek eta gainerako toki erakundeek gauzatzekoak.
  • Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzeko proiektuak, gizarte-erakunde eta -mugimenduek gauzatzekoak.

Dekretu honen bitartez diru-laguntzen esparru nagusia onartu ondoren, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak ebazpen bat emango du laster aurtengo diru-laguntzen deialdia egiteko. Deialdi horretan honako hauek zehaztuko dira: diruz laguntzeko moduko proiektuek zer-nolakoak izan behar dituzten; laguntza-ildo bakoitzeko diru-kopurua; ordaintzeko modua; proiektuak baloratu eta hautatzeko erabiliko diren irizpideak, eta horien haztapena; eskaerak aurkezteko lekua eta epea eta horiek formalizatzeko eredua; baliabide elektronikoak erabiltzeko prozedurak eta argibideak; eta Ebaluazio Batzordeko kideen izendapena.

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

DEKRETUA, 2013. URTEAN ENPRESA-FINANTZIAZIORAKO ABAL PUBLIKOTAN 100 MILIOI EUROKO ZENBATEKOA EMATEKO PROGRAMARI BURUZKOA

LABURPENA

Euskal enpresak finantzatzeko helburuz, abal publikotan 100 milioi euroko zenbatekoa emateko programa arautzen duen dekretua onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartutako arauak —legegintzaldi honen hasieratik Eusko Jaurlaritzak hartutako beste neurriek bezala— egungo krisi ekonomikoaren ezaugarri garrantzitsu bati erantzutea du helburu: euskal enpresa-sektoreko finantziazio-iturriek izandako uzkurtze handiari, alegia; ez bakarrik inbertsioei ekiteko, baita ohiko merkataritza-trafikoari laguntzeko ere.

Eusko Jaurlaritzak euskal enpresen finantziazio falta arintzeko laguntzak ezarri ditu, batez ere ekonomia eta enpleguarentzat ezinbestekoak diren enpresa-taldeari begira. Laguntzak jasotzeko lehentasuna izango dute bakarrik edo beste enpresekin lankidetzan proiektu garrantzitsuak (gehienak nazioarteko merkatuan) egiteko aukera zuten enpresek, hain zuzen ere proiektuak garatzeko eta gauzatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko hornitzaileei eskari berriak egiten zizkietenek.

Eusko Jaurlaritzak gure autonomia-erkidegoaren oinarrizko euskarria enpresa-sektorea izaten jarraitzea nahi du, eta horren aldeko apustu aktiboa eginez, programa hau onartu du, sektorean, eskualde-mailan, ekonomikoki edo gizarteari begira daukaten garrantziarengatik neurri-mota hau justifikatzen duten enpresa-proiektuei laguntzeko.

Laguntza hauek ETEen edo ETE-taldeen inbertsioak finantzatzeko abal publikoak emanez gauzatuko dira, garrantzi berezia emango zaiolarik industria- eta enplegu-ehundura mantentzeari.

Dekretuak biltzen duen laguntza-erregimenak alderdi hauek hartzen ditu kontuan:
 

  • Berme edo abala krisian ez dauden ETEei bakarrik emango zaie.
  • Abalaren zenbatekoa behar bezala ebaluatuko da, ematen den unean; finantza-transakzio espezifikoei lotuta egongo da, gehieneko zenbateko finko bat izango du, eta denbora mugatu baterako emango da.
  • Abalaren zenbatekoa, oro har, inbertsio-proiektuari, eskaerari edo kontratuari lotutako finantza-eragiketaren kapital nominalaren % 30ekoa izango da; gehienez ere zenbateko nominal abalatuaren zenbatekoa emango da, 6 hilabeteko interes-mugarekin.

Azken batean, laguntza-programa hau gure enpresak finantzatzeko gainontzeko laguntza-ildoei batzen zaie eta, zentzu horretan, Gobernu Programaren helburuetako bat betetzera dator: kreditu-lerroak sendotuz, abal publikoen programak definituz eta proiektu estrategikoei lagunduz ekonomia produktiboaren aldeko finantza-tresnak sendotzea, euskal enpresen finantza-ahalmena areagotzeko.

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO AURREKONTUA DAUKAN KONTRATUA BAIMENTZEN DENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN 2014-2016 URTEEN ARTEAN IZAN DAITEZKEEN ARRISKUEN ASEGURUA KONTRATATZEKO.

LABURPENA

Aseguru-polizak kontratatuz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2014-2016 urteetako arriskuak aseguratzeko kontratazioa eta horrek dakarren 33.533.600 euroko gastua baimendu ditu Jaurlaritzaren Kontseiluak.

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

350.000 EURO KULTUR JAIALDI, ZIKLO, LEHIAKETA ETA JARDUERA BEREZIAK ANTOLATZEKO

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2013 urtean kultur arloko jaialdi, ziklo, lehiaketa eta jarduera bereziak antolatzeko diru-laguntzak ematen dituen Agindua onartu du. Espezializazio maila handia izan eta euskal kultur esparruarentzat interes berezikotzat jotzen diren kultur jarduerei zuzendua da deialdi hau.

350.000 euroko diru kopurua du deialdiak, eta beronen onuradun izan daitezke aurrez aipaturiko kultur jarduerak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, pribatu nahiz publikoak izan. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn agertu eta hurrengo egunean hasita.

 

BIKAIN EUSKARAREN KALITATE ZIURTAGIRIA ESKURATZEKO ESKATZAILE KOPURUARI MUGA KENTZEA

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren 2013ko edizioan parte hartu ahal izateko dei egiten duen Agindua aldatu du, eta eskatzaile kopuruari gehieneko muga kendu dio. Aldaketa egin aurretik, eskatzaile-kopurua mugatua zen, gehienez 30 eskatzaile deialdi bakoitzeko. Aurtengo deialdian parte hartzeko 46 eskaera izan direnez, 16 kanpoan gelditu dira balorazio-irizpideak aplikatu ondoren. Beraz, Agindua aldatuta, muga hori kendu eta deialdia ireki egin da, kanpoan gelditu diren 16 horiek nahiz hala nahi lukeen beste edonork parte hartu ahal izan dezan.

Eskaera egiteko epea 15 egunekoa izango da, Agindua aldatzen duen Agindu berria EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita. Kanpoan gelditu ziren 16 eskatzaile horiek ez dute berriro dokumentaziorik aurkeztu beharko.

 

23,63 MILIOI EURO 0-3 URTERA ARTEKO HAUR-ESKOLENTZAT

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Política eta Kulturako Sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2013/2014 ikasturterako titularitate pribatuko zerotik hiru artera bitarteko haur-eskolentzat dirulaguntzak deitzen dituen Agindua.

Dirulaguntza horiek, 23,63 milioi euroko zenbateko globala dutenek, titularitate pribatuko haur-eskolak mantentzen laguntzea, familien kuotak gutxitu eta bateratzea eta zerotik hiru urtera arteko haurrentzako eskola horietan ematen diren hezkuntza eta laguntzea hobetzea dituzte helburu, dagoen eskaintza finkatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, handitzeko asmoz.

 

HELDUEN HEZKUNTZAN GARATUTAKO JARDUERETARAKO DIRULAGUNTZAK

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Política eta Kulturako sailburuaren proposamenez, agindu bat onartu du gaur izandako bileran, hain zuzen, irabazizko xederik ez duten erakundeek helduen hezkuntzaren arloan garatutako jarduerak egiteko dirulaguntzetarako deialdirako.

Deialdi horren xede da dirulaguntzak ematea, guztira 39.000 eurokoak, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egonik irabazizko xederik ez duten eta 2012/2013 ikasturtean helduen hezkuntzan oinarrizko heziketaren arloan jarduten zuten erakundeei.