2014/01/28 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Erabakia, Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko Esparru-programa onartzekoa.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak 1.614,5 orduko lanaldia ezarri du, eta aldi baterako ezintasuneko kasuen osagarriak hobetu ditu.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, baimena ematen diona Castmetal Vitoria, S.L. enpresari partaidetza-mailegu bat harpidetzeko, Proiektu Estrategikoen Funtsean dauden gerakinen kontura.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa. Gastuaren xedea: hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programetarako zein -egintzetarako abenduaren 22ko 630/2009 Dekretuan aurreikusitako laguntzak ematea.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, lankidetza-hitzarmena EAE eta UPV/EHUn artean Kriminologiako eskola praktikoak izateko.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

ERABAKIA, ENPLEGUAREN ETA SUSPERTZE EKONOMIKOAREN ALDEKO ESPARRU-PROGRAMA ONARTZEKOA.

LABURPENA

EKONOMIAREN SUSPERRALDIAREN ETA ENPLEGUAREN ALDEKO ESPARRU PROGRAMA ONARTU DU GAUR JAURLARITZAK

Programak 2014-2016 aldirako aurreikusitakoaren arabera 6.475 milioi euroko aurrekontua izango du eta 32.000 enplegu berri sortuko ditu.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko Esparru programa onartu du. Programa horrek Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako hartutako lehentasunezko konpromisoei erantzuten die, Iñigo Urkullu lehendakariak inbestidura-hitzaldian esan zuen bezala.

Programak bi jarduera ardatz nagusi ditu 2014-2016rako: hazkundea berreskuratzea eta enplegua, gaur bertan Jaurlaritzaren Kontseiluan gaur bertan onartu duen Enplegu Planaren bitartez, eta ekonomiaren susperraldia Estrategia 4i (Inbertsioa, Berrikuntza, Nazioartekotzea eta Industrializazioa) izeneko estrategiaren bitartez.

Gaur onartu den esparru programak erantzuten dio, baita ere, irailean EAJk, PSE-EEk eta Eusko Jaurlaritzak izenpetu zen Akordio Politikoari eta jarraipena ematen die 1.945 milioi euroko aurrekontuarekin Jaurlaritzak 2013an zehar enpleguaren alorrean, zein nazioartekotzean, berrikuntzan eta industrializazioan garatu dituen jarduerei. Aro berri honetan programak 6.475 milioi euroko aurrekontua du eta euskal ekonomian eragingo du 32.000 enplegu berri, 8.000 enpresa berri eta autonomo, 1.750 ETE esportzaile berri eta ikerketarako 75 proiektu estrategiko berri sortuz.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK 1.614,5 ORDUKO LANALDIA EZARRI DU, ETA ALDI BATERAKO EZINTASUNEKO KASUEN OSAGARRIAK HOBETU DITU.

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoko langile publikoek aldi baterako ezintasun-egoeran daudenean eta jakineko baimen batzuk dituzten aldietan jasoko dituzten lansariak eta borondatezko hobekuntzak onartzeko dena.

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioentzako, estatutupeko langileentzako eta langile lan-kontratudunentzako 2014ko lanaldia zehazten duena.

LABURPENA

• Euskadiko Herri Administrazioko ia 70.000 langileek 4 egun libre izango dituzte 2014an, iaz baino bat gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak «Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langile publikoen aldi baterako ezintasun kasuetarako eta baimen jakin batzuetarako ordainsariak eta borondatezko hobekuntzak onartzen dituen Dekretua» onartu du gaur.

Horrela, Euskadiko Herri Administrazioko ia 70.000 langileen ordainsari-osagarriak horrela geratuko dira:

• Lehen egunetik hirugarren egunera, % 50 kobratuko dute beti. (Gaur egun, lehen bajan bakarrik kobratzen dute hori).
• Laugarren egunetik hogeigarren egunera, % 75 kobratuko dute baja guztietan.
• Hogeita batgarren egunetik aurrera, % 100 kobratuko dute. (gaur egun 45. egunetik aurrera soilik kobratzen dute % 100)

Gainera, ondorengo kasuetan, herri-administrazioko langileek ordainsarien % 100a kobratuko dute beti:

• Erditze, adopzio, harrera, aitatasun, haurdunaldiko arrisku edo edoskitzaroko arriskuekin lotutako baimenak hartzen dituztenean.
• Aldi baterako ezintasuna laneko gertakizunen ondoriozkoa denean.
• Haurdunaldi-egoerak zuzenean eragindako aldi baterako ezintasun prozesuetan.
• Ospitaleratzea edo ebakuntza kirurgiko bat egitea eragiten duten gertakari arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasun prozesuetan.

Dekretu honetan aurreikusitako ehunekoek edo osagarriak 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako aldi baterako ezintasun egoerei lotuta ordainduko dira.

LANALDIA

Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran, «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioentzako, estatutupeko langileentzako eta langile lan-kontratudunentzako 2014ko lanaldia zehazten duen Dekretua» ere onartu da.

Euskadiko Herri Administrazioko langileen urteko lanaldiak 2013ko ordu berak izango ditu 2014an: urteko 1614,5 ordu. Kopuru horri norberak hartzeko egunak, lan-ordutegiaren barruan funtzionarioen eskubideko atseden-guneak, bestelako baimenak... kendu behar zaizkio.

Ildo horretatik, Euskal Herriko Administrazioko langileek 4 egun librerako eskubidea izango dute, 2013an baino bat gehiago; guztira 30 ordu urtean.
Urteko ordu horiek asteko lanaldian zer-nola banatuko diren eta langileek zer ordutegi izango duten Euskadiko Herri Administrazioko mahai sektorialetan negoziatu beharko da.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, BAIMENA EMATEN DIONA CASTMETAL VITORIA, S.L. ENPRESARI PARTAIDETZA-MAILEGU BAT HARPIDETZEKO, PROIEKTU ESTRATEGIKOEN FUNTSEAN DAUDEN GERAKINEN KONTURA.

LABURPENA

CASTMETAL VITORIA, SL-ri PARTAIDETZA MAILEGU BAT HARPIDETZEKO BAIMENA

Eusko Jaurlaritzak Proiektu Estrategikoen Funtsaren kontura 1 milioi euroko partaidetza-mailegu bat harpidetzeko baimena eman dio CASTMETAL VITORIA, SL enpresari.

SOCADE, SA-ren (Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea) ardurapean utziko du proposatutako esku-hartze publikoa gauzatzea, Proiektu Estrategikoen Funtsaren kontura, baita finkatutako baldintzen kontrola eta jarraipena egitea ere.

Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Industria sailburuordetzaren bitartez –erakunde kudeatzailea–, akordio hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko ditu, baita ondo beteko dela bermatzeko baldintza gehigarriak ezartzeko ere.
 

 

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA BAIMENTZEKOA. GASTUAREN XEDEA: HIRUGARREN HERRIALDEETAN ARDOGINTZAKO PRODUKTUEI BURUZKO SUSTAPEN- ETA INFORMAZIO-PROGRAMETARAKO ZEIN -EGINTZETARAKO ABENDUAREN 22KO 630/2009 DEKRETUAN AURREIKUSITAKO LAGUNTZAK EMATEA.

LABURPENA

8 MILIOI, HIRUGARREN HERRIALDEETAN MAHASTIZAINTZA ETA ARDOGINTZA SUSTATZEKO EKINTZETARAKO ETA PROGRAMETARAKO LAGUNTZA GISA

Europar Batasuneko mahastizaintza eta ardogintza arloko ekoizleen lehiakortasuna handitzeko eta haien ardoen kalitatea sendotzeko helburuarekin, Mahastizaintza eta Ardogintzaren Merkatu Antolakunde Bateratuak hirugarren herrialdeetako merkatuetan EBko ardogintzako produktuak sustatzeko laguntza-neurriak ezarri ditu.

Diru-laguntzen inguruko erabaki hori betetzeko, Eusko Jaurlaritzak arlo horretara 8 milioi euro bideratzea baimendu du, eta laguntzak eskatzeko deialdia egiteko argi berdea eman. Laguntzen deialdia urtarrilaren 30eko EHAAn argitaratuko da.

– Eskabideak aurkeztea:

1.  Laguntza-eskaerak 2014ko otsailaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailean (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz), edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein tokitan.

2.  Diru-laguntzen eskabide-eredua onartuta dago, eta webgune honetan eskuratu ahal izango da: http://www.euskadi.net. Eskaera-orria bete, http://www.euskadi.net webgunean informatikoki grabatu, eta ondoren, sinatuta aurkeztu beharko da.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, LANKIDETZA-HITZARMENA EAE ETA UPV/EHUN ARTEAN KRIMINOLOGIAKO ESKOLA PRAKTIKOAK IZATEKO.

LABURPENA

LANKIDETZA HITZARMEN BAT ONARTU DUTE SEGURTASUN SAILAK ETA EHUK KRIMINOLOGIAKO IKASLEEN PRESTAKUNTZAN ELKARREKIN LAN EGITEKO

Ertzaintzak unibertsitate-espezialitate horretako laugarren mailako ikasleak hartuko ditu bere instalazioetan

Segurtasun Sailaren eta EHUko Zuzenbide Fakultatearen artean Lankidetza Hitzarmen bat sinatzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak, Kriminologiako graduko laugarren mailako ikasleen prestakuntzan elkarlanean aritzeko. Segurtasuneko sailburuak eta Zuzenbide Fakultateko jarduneko dekanoak izenpetuko duten hitzarmen horri esker, unibertsitate-adar horretako etorkizuneko profesional batzuk hartuko ditu Ertzaintzak bere instalazioetan, eta haien prestakuntza praktikoan parte hartuko du.

Kriminologiako ikasleen prestakuntza praktikoa hobetu nahi du hitzarmenak, Ertzaintzaren lantokien egiazko egoerara egokituta; ikasketen zuzeneko xedearekin zerikusia duen errealitatearekin jarriko dira harremanetan ikasleak modu horretan. Horrek lanbide-prestakuntza hobetzea ekarriko du, hitzarmena sinatuko duten bi erakundeen iritziz.

Gaur onartutako hitzarmenaren testuan lankidetza zein ikasleen prestakuntza gauzatzeko alderdi zehatzak ageri dira; hala, bina irakasle izango dituzte ikasleek, Unibertsitateak eta Ertzaintzako Zuzendaritzak bana izendatuta, prestakuntza zaintzeko.

Praktiketan parte hartuko duten ikasleak izendatuko ditu EHUk; horretaz gain, ebaluatzeko eta kontrolatzeko sistemak zein egutegiak eta ordutegiak zehaztuko ditu. Azkenik, programaren eta jardueren helburuak proposatu ere egingo ditu.

Ertzaintzako Zuzendaritza, bestalde, zeregin hauetaz arduratuko da: jarduerak ikuskatu eta antolatuko ditu; Ertzaintzaren antolaketa eta funtzionamendua erakutsiko dizkie ikasleei; dagokion irakaskuntza praktikoaz arduratuko da, eta, praktiken amaieran, ebaluazio-txosten bat ere egingo du.

Hitzarmenak, azkenik, Jarraipen Batzorde bat ere aurreikusten du; EHUko eta Ertzaintza Zuzendaritzako bina ordezkarik osatuta egongo da batzordea, eta aldian behin bilduko da esperientzia akademiko honen garapena eta funtzionamendua aztertzeko.