2014/02/11 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Dekretua, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea" aitorpena arautzen duena.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia; Ekintzaileen Jarduera Sustatzeko Erakundeen arteko Plana komunikatzeko.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
30 milioi euro pertsona ezinduak lan munduan txertatzea sustatzeko.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Dekretua, jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ezartzen dituen Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duena.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

DEKRETUA, "EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO LANKIDETZA ERAKUNDEA" AITORPENA ARAUTZEN DUENA.

LABURPENA

“EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO LANKIDETZA ERAKUNDEA” AITORPENA ARAUTU DA

Gobernu Kontseiluak “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea” aitorpena arautzen duen dekretua onartu du. Aitorpen hau 1994an sortu zen eta Emakundek-Emakumearen Euskal erakundeak eman die euren antolakuntzan berdintasun politikak aurrera eraman dituzten empresa eta entitate ezberdinei. Orain arte 87 enpresek jaso dute aitorpena.

2014ko Dekretuak honek arlo honetako aitorpena eguneratzen eta indartzen du. Azken urteetan berdintasun politiken alorrarekin zerikusia duten araudia eta orain arte egindako aurrerapenak gehitu dira eta beste euskal administrazio publikoetako araudiekin dauden sinergiak erabili dira —diru laguntzen eta kontratu publikoen araudia, esaterako—, izan ere, horietan gero eta gehiagotan jasotzen dira berdintasun klausulak.

Dekretu honen xedea da, lan eta gizarte arloan aukera-berdintasunaren alde sor daitezkeen ekimenei bultzada ematea. Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko erakunde laguntzailetzat hartu ahal izango ditu berdintasunerako politikak garatzen dituzten erakundeak, erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera. Gutxienez, berdintasunari buruz diagnostiko bat eta jarduera-plan bat egitea eskatzen da, bai eta plan hori egikaritzeko konpromisoa hartzea ere. Planak, beste neurri batzuen artean, lan-baldintzetan eta enpleguaren kalitatean emakumeen eta gizonen tratu-berdintasuna bermatzeko neurriak jaso beharko ditu.

Dekretu berriaren ekarpen nagusietako bat da zenbait gai argitzen dituela, hala nola, Berdintasunerako Planak zer islatu behar duen, onarpena emateko eta onarpen horri eusteko zein irizpide hartuko diren kontuan, baita onarpena baliogabetzeko arrazoiak zeintzuk diren ere.

Aurreko dekretuan jasotzen zen legez, onarpena edozein erakunde publiko edo pribatuk eskatu ahal du administrazio publikoek izan ezik. Horretarako, erakundearen Berdintasunaren Alorreko Egoeraren Diagnostikoa eta Jarduera Plana aurkeztu behar dute, beste dokumentu batzuen artean. Dekretu berrian prozedura ere aldatu da, argitzeko.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA; EKINTZAILEEN JARDUERA SUSTATZEKO ERAKUNDEEN ARTEKO PLANA KOMUNIKATZEKO.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK JARDUERA EKINTZAILEA BABESTEKO ERAKUNDE ARTEKO PLANA ONARTU DU

• Kultura ekintzailea indartzea, enplegagarritasuna handitzea eta ekonomia eragiteko gaitasuna hobetzea du helburu, batez ere, barne-ekintzailetzarena.

• Plan honen bidez, 266 milioi euro bideratuko dituzte ekintzailetzara, 2013-2016 Legegintzaldian.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Jarduera ekintzailea babesteko erakunde arteko plana onartu du, eta Legebiltzarrera bidaliko du.
Hala, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko 16/2012 Legea, ekainaren 28koa bete du. Horren arabera, Eusko Jaurlaritzak jarduera ekintzailea babesteko plan bat prestatuko du, erakunde artekoa eta lau urtekoa, Euskadiko erakundeek ekintzailetza bultzatzeko eta sustatzeko gauzatuko dituzten programak eta jarduerak modu koordinatuan eta orokorrean biltzen dituena.

Eusko Jaurlaritzak zuzenduko duen planean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek ere hartuko dute parte. Laster ezagutaraziko dituzte abiaraziko dituzte programak eta ekintzak.

Jarduera ekintzailea babesteko plana, halaber, duela gutxi Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu duen Enplegu eta ekonomia suspertzearen aldeko Programaren eta 2013ko uztailean EAEko erakundeek sinatu zuten Ekintzailetzaren euskal sistema garatzeko lankidetza-hitzarmenaren barruan sortu dute.

Hona hemen planaren helburu estrategikoak eta jarduera-esparruak:

- Ekintzailetzaren kultura eta balioak bultzatzea gizartearen maila eta bizitzaren etapa guztietan, gure herrialdeak iraganean zuen pentsaera ekintzailea berpizteko.
- Merkatura iristen diren ideien eta ekimen berrien bolumena handitzea, enplegua sortzeko eta jarduera ekonomikoa indartzeko.
- Euskadiko enpresa berrien hazkundea, sendotzea eta transmisioa (beharrezkoa izanez gero) bultzatzea.
- Barne-ekintzailetzaren edo ekintzailetza korporatiboaren aldeko apustu nabarmena egitea, enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko gaitasun handia duelako.
- Egun, EAEn ekintzailetza bultzatzen duten erremintak, tresnak eta politikak bateratzea.

Planak 2013-2016 aldian 266 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du

Ekintzailetza babesteko erakunde arteko 2013-2016 aldiko planaren aurrekontuak lotura zuzena du hainbat erakunderen aurrekontuekin, besteak beste: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarenak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarenak eta Enplegu eta Gizarte Politika Sailarenak, hiru foru aldundietako ekonomia sustatzeko eta berrikuntzako departamentuenak eta hainbat sozietate publikoenak (enpresa eta berrikuntza zentroak, Lanbide, EHU, etab.).

Etorkizunean arlo horretara inbertsio-lerro iraunkorra bideratzea aurreikusi dute. 2013-2016 aldian, hau da, X. legegintzaldian, ordea, 266 milioi euroko aurrekontua emango diote.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

30 MILIOI EURO PERTSONA EZINDUAK LAN MUNDUAN TXERTATZEA SUSTATZEKO.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Maria Aburtoren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 30 milioi euroko partida baimendu du, ezgaitasunak dituzten pertsonak enplegu-zentro berezietan txertatzea sustatzeko.

Ezgaitasunak dituzten pertsonek laneko eskubidea baliatu ahal izango dute: enpresetako eta herri-administrazioetako ohiko enplegua, baita babestutako enplegu-zerbitzuetan ere; enplegu babestua, enplegu-zerbitzu berezietan eta lan-inguruetan, eta enplegu autonomoaren bidez.

Laguntza horiek bigarren modalitateari egiten diote erreferentzia eta Lanbidek kudeatzen ditu. Ezgaitasuna duten pertsonek betetzen dituzten lanpostuen soldatak finantzatzeko bideratzen dira.

Eszedentziagatik ematen diren laguntzak

Bilera berean, Aburto sailburuak Lanbideko zuzendari nagusiaren beste ebazpen baten berri eman dio Jaurlaritzari: ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. Kapituluan aurreikusitako laguntzak, familia eta lana bateragarri egitekoak.

Zehazki, 2,2 milioi euro aurreikusi dituzte mendetasun-egoeran edota osasun-egoera larrian dauden seme-alabak eta familiartekoak zaintzeko lanaldi murriztuan edota eszedentzian dauden langileak ordezkatzeko.

Diru-laguntzak honako hauek eskatu ahal izango dituzte: norbere kontura lan egiten duten pertsona fisikoek eta pertsona juridiko pribatuek, lan-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan badute, sozietate publikoek salbu.

Gizarte Segurantzako kuotak

Era berean, sailburuak Lanbideko zuzendari nagusiaren beste ebazpen baten berri ere eman du: Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko diru-laguntzak ematea, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, langabeziagatiko prestazioa ordainketa bakarrean jasotzen dutenei. Laguntzen zenbatekoa 500.000 € da.

Laguntzok langabeziagatiko prestazioaren % 100 ordainketa bakarrean jaso dutenek eskatu ahal izango dituzte.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

DEKRETUA, JENDAURREKO IKUSKIZUNEN ETA JOLAS JARDUEREN ORDUTEGIAK ETA JARDUERA HORIEI BURUZKO BESTE ALDERDI BATZUK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN EREMUAN EZARTZEN DITUEN DEKRETUA HIRUGARREN ALDIZ ALDATZEN DUENA.

LABURPENA

JENDAURREKO IKUSKIZUNEN ORDUTEGIAK ARAUTZEN DITUEN DEKRETUAREN ALDAKETA ONARTU DUTE

• Udalek arautzen dituzten ikuskizunak arinago eta errazago izapidetzeko

Gobernu Kontseiluak Euskadiko jendaurreko ikuskizunen ordutegiak arautzen dituen Dekretua aldatzea onartu du gaur. Arauan sartutako aldaketen helburua euskal udalek baimentzen eta arautzen dituzten ikuskizunak arrazago izapidetzea da.

Eusko Jaurlaritzak 1997ko jatorrizko Dekretuari, jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk Euskal Autonomi Elkartearen eremuan ezartzen dituenari, egiten dion hirugarren aldaketa izan da.

Azkeneko aldaketa 2012an egin zion, eta arau hau ordutegiak arautzeko tresna eraginkortzat jo zuen. Nolanahi ere, aplikazio praktikoaren esperientziak aldaketa txiki batzuk egiteko beharra mahaigaineratu du. Aldaketokin, bada, eraginkortasun handiagoa izango dute udalek ordutegia aplikatzeko mekanismoek.

Ildo horretatik, neurri zehatzetara etorrita, gaur onartutako aldaketak, batetik, udalek onartu behar zuten urteko egutegia ezabatu du, ordutegi bereziak baimentzeko malgutasun handiagoa ezarriz, eta, bestetik, udal-agintaritzek eskatzen diren ordutegi-handitzeak ebazteko duten epea malgutu du.

Dekretuaren aldaketak Batzorde Juridiko Aholkulariaren eta Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jardueren Kontseiluaren aurretiko onarpena du.