2014/03/04 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak argitu gabeko atentatuen egoera aztertuko du.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak bi laguntza deialdi egin ditu administrazio publikoari, zuzenbide publikoari edo administrazioaren zientziari buruzko ikerlanetarako.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Gobernu Kontseiluak ebatzi du Corrugadosi 2012an emandako 5 milioiko partaidetza-mailegua itzultzea galdatzen duen txostena.
Erabakia, EXIB MÚSICA Kultura Elkarteari zuzeneko diru-laguntza ematea. Helburua: "Expo Iberoamericana de Música" bultzatzeko.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Genero indarkeria jasaten duten emakumeentzako laguntzak emateko 700.000 euroko partida.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko ¿Gure Artea¿ sariak arautu eta horietarako deialdia egiteko dena.
Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko antzokietan egoitza-proiektuetarako 2014. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.
Agindua, antzerkiko profesionalak prestatzeko egitarau eta jarduerak 2014. urtean garatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.
Erabakia diru-laguntza zuzena ematen zaiona itundutako irakaskuntza pribatuko ikastetxeei aholkulari eta orientatzaile figurak izateagatik 2012ko urtarrila-abenduko epealdian.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK ARGITU GABEKO ATENTATUEN EGOERA AZTERTUKO DU.

LABURPENA

• Eusko Jaurlaritzak txosten bat agindu du talde terroristen argitu gabeko atentatuen egoera aztertzeko, egia, justizia eta ordainerako eskubideak laguntzearren.

• Lau adituk egingo duten txosten hori Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren 1. ekimenaren esparruan sartzen da, eta 2013ko ekainean aurkeztutako Giza Eskubideen Urraketen Txostenaren gomendioen ondorioz sortu da.

Eusko Jaurlaritzak talde terroristen argitu gabeko atentatuen egoera aztertuko du, dagokien moduko tratamendua jaso ez dutenak zenbat diren, zer prozesu jarraitu duten eta egun zer egoeratan dauden jakiteko. Egia, justizia eta ordainerako eskubideak laguntzeko bere eskumenen barruan zer neurri har ditzakeen baloratzea du helburutzat Eusko Jaurlaritzak.

Hartarako, Eusko Jaurlaritzak, Bake eta Bizikidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez, txosten bat agindu du argitu gabe dauden kasu horiek zenbat diren ezagutzeko, bai eta haien sailkapen ezberdinak jakiteko ere. Eusko Jaurlaritzak txostena 2014ko udazkenean amaituta egotea aurreikusten du. 16.850 euroko kostua izango du.

Txosten hau egiteko erreferentzia-esparrua Nazio Batuen Biltzar Nagusiak 2005eko abenduaren 16an onartutako dokumentu hau da: «Giza eskubideen urraketen nazioarteko arauen ageriko urraketen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien biktimek errekurtsoak aurkezteko eta ordaina lortzeko duten eskubidearen gaineko oinarrizko printzipioak eta zuzentarauak». Herri-administrazioak biktimei dagozkien egia, justizia eta ordainerako eskubideak betetzeari dagokionez hartu behar dituen betebeharrak zehazten ditu dokumentu horrek.

Pertsona adituen eta entzutetsuen talde batek egingo du dokumentua. Carlos Fonseca kazetaria arduratuko da txostena idazteaz eta koordinatzeaz; hiru lagun hauek osatutako Aholku Talde bat ere izango du: Enara Garrok, EHUko Zuzenbide Penaleko irakasleak eta kriminologian lizentziadunak; José Manuel Rodríguez Uribesek, Barne Ministerioko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendari nagusi ohiak eta Madrilgo Carlos III. Unibertsitateko Oinarrizko Eskubiden Masterreko zuzendariak, eta José Antonio Martín Pallínek, Auzitegi Goreneko fiskal eta magistratu emerituak.

Iragana argitzea da Bake eta Bizikidetza Planaren hiru konpromiso handietan lehena. Eusko Jaurlaritzaren ustez ez dago etorkizuna eraikitzerik iraganean ezer gertatu izan ez balitz bezala. Indarkeria eta giza eskubideen urraketak argitu behar dira egia, justizia eta ordaineko printzipioak gauzatu ahal izateko.

Helburu hori bilatzen du Bake eta Bizikidetza Planaren 1. ekimenak. Ekimen horren barruan garatu beharreko jardueren artean, 1960 eta 2013 artean gertatutako Giza Eskubideen Urraketen Egiaztapen Txostena egin zen 2013ko ekainean. Eusko Jaurlaritzak azterlan hau agindu du orain txosten haren gomendioei jarraituta; izan ere, beste jarduera batzuk garatzea proposatzen zuen, iragana argitzeko, orain arte argitu gabe dauden atentatuei eta giza eskubideen urraketei dagokienez.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK BI LAGUNTZA DEIALDI EGIN DITU ADMINISTRAZIO PUBLIKOARI, ZUZENBIDE PUBLIKOARI EDO ADMINISTRAZIOAREN ZIENTZIARI BURUZKO IKERLANETARAKO.

LABURPENA

• Laguntzen zenbatekoa, orotara, 15.000 eurokoa izango da; 5.000 euro bakarkako ikerlarientzat eta 10.000, aldiz, ikerlari-taldeentzat.

Gaurko Gobernu Kontseiluak administrazio publikoaren, zuzenbide publikoaren edo administrazioaren zientziaren arloko gaien ikerketa sustatzera bideratutako 2014-2015 aldirako diru-laguntzak esleitzeko merezimendu-lehiaketa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen bidez deitzea erabaki du.

Laguntzotarako, orotara, 15.000 euro bideratuko dituzte. Hain zuzen ere, 5.000 euro bideratuko dira bakarkako ikerlarientzat eta 10.000 euro, berriz, ikerlari-taldeentzat.

Eskakizunak aurkezteko epea deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bat hasiko da, martxoan, aurreikusitakoaren arabera, eta 32 egun natural geroago amaituko da.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

GOBERNU KONTSEILUAK EBATZI DU CORRUGADOSI 2012AN EMANDAKO 5 MILIOIKO PARTAIDETZA-MAILEGUA ITZULTZEA GALDATZEN DUEN TXOSTENA.

Erabakia, Corrugados Azpeitia, S.L., Grupo Alfonso Gallardoren kidea, irekitako ez-betetze espedientea ebazteko dena, hain zuzen ere, hasierako inbertsioak egiteko eta, proiektu estrategikoa izanik, inbertsio horiekin lotutako enplegua sortzeko programaren barruan onartutako itzuli beharrik gabeko diru-laguntza dela-eta (2006ko deialdia).

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, 2012ko urtarrilaren 24an, ALFONSO GALLARDO taldeko CORRUGADOS AZPEITIA, SL enpresari partaidetza-mailegua ematea baimendu zuen, proiektu estrategikoei ekin ahal izateko hasierako inbertsioetarako eta inbertsiooi loturiko enplegua sortzeko laguntza-programaren esparruan.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eginiko segimenduan laguntza eskaini zeneko baldintzak bete ez izanaren zantzuak topatu zirenez, 2013ko uztailaren 24an ez-betetzeagatiko espedientea hastea erabaki zen ALFONSO GALLARDO taldeko CORRUGADOS AZPEITIA, SL enpresaren aurka. Ez-betetzearen arrazoien artean, azkentzeko EEE bat aurkeztu izana aipatu behar da, aurrez finkatutako helburuak lortzea eragozten duelako.

Mailegua emateko ezinbestekoa zen bideragarritasun-plana betetzea. Plan horren xedea kudeaketa hobetzea eta nazioartekotzearen alde egitea zen, bata zein bestea Proiektu Estrategikoen Funtsaren filosofiarekin bat zetozen ekintzak zirenak. Halaber, enpleguari eta jarduerari eutsi behar zion enpresak.

Proposatutako partaidetza-maileguaren bitartez, Alfonso Gallardo taldeak mailegu-hartzailearen (CORRUGADOS AZPEITIA, SL) Bideragarritasun-plana betetzeko eta jarduerari eta enpleguari eusteko behar beste merkataritza-eragiketa bultzatu behar zuen nahitaez 2012-2019 aldian.
 

 

ERABAKIA, EXIB MÚSICA KULTURA ELKARTEARI ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA EMATEA. HELBURUA: "EXPO IBEROAMERICANA DE MÚSICA" BULTZATZEKO.

LABURPENA

EXIB MUSICA ELKARTE KULTURALARI BABESA, MUSIKAREN ERAKUSKETA IBEROAMERIKARRARI LAGUNTZEKO

Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena izenpetuko du EXIB MUSICA elkarte kulturalarekin, EXIB MUSICA Musikaren Erakusketa Iberoamerikarrari 35.000 eurorekin laguntzeko. Hori Bilboko Alhondigan egingo da maiatzaren 8an, 9an eta 10ean, Estatuko eta nazioarteko entzutearekin eta turismoa erakartzeko elementu gisa.

40 herrialdek baino gehiagok parte hartuko dute eta Euskadiren irudia promozionatuko da, bai Latinoamerikako eta bai Europako irrati eta telebistetan, argitalpen espezializatuetan, sare sozialetan edo online kateetan, kanporanzko proiekzio positiboa sortuz.

EXIB MUSICAren hartzaileen artean hauek nabarmentzen dira:

• Dohainik joateko aukera eskainiko duten kontzertu, erakusketa eta foroetara joango den publiko orokorra.

• Musikariak, interpreteak edo autoreak, partaidetzaren bidez beren kontaktu-agenda zabaldu ahalko baitute, orobat bilera produktiboak izan eta litezkeen programatzaileekiko, zigiluekiko edo hedabide espezializatuekiko ekintzak esploratu.

• Management enpresak, agentziak, ekoizleak, areto publiko edo pribatuak, jaialdiak, merkatu espezializatuak eta espazio eszenikoak.

• Gobernuen ordezkaritza ziurtatuak, orobat instituzio publiko eta pribatuak, urteroko hitzordu honetan, nork bere herrialdearen ekintzak sustatzeko espazio hobezina aurkituko dutenak.

• Musika-ikertzaileak, dokumentazio-zentroetarako jarduten dutenak, orobat Latinoamerikako musikaren errealitatea kontserbatzeko helburua duten ekimenak.

• Musikako profesionalak eta teknikariak. Plataforma honetatik, beren sormena erakutsi, ezagutzak batu edo alternatiba eszenikoak aurkitu ahalko dituzte.

• EXIB MUSICAk zigilu diskografikoen agertoki ere izan nahi du, baita musika modu independenteak kudeatzeko modu berriena ere.

• Prentsa espezializatuak ekitaldi hori mundu osoan proiektatuko du.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

GENERO INDARKERIA JASATEN DUTEN EMAKUMEENTZAKO LAGUNTZAK EMATEKO 700.000 EUROKO PARTIDA.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die Lan eta Gizarte Politiketako Sailak genero indarkeria jasaten duten emakumeei ematen dien laguntzei.

Honako laguntzok Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Integralerako Neurrien gaineko abenduak 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusita daude, eta errenta maila jakin bat duten genero indarkeriako biktimei ematen zaizkie. Eusko Jaurlaritzak 700.000 euroko partida bideratuko du guztira, eta, biktimek 2.556 eta 10.224 euro arteko laguntzak jasoko dituzte, betiere euren egoera pertsonal eta familiarraren arabera.

Laguntzok adinagatik, prestakuntza orokor edo espezializatu faltagatik edota bestelako gizarte arrazoiengatik lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten emakumeei bideratuta daude.

Baldintza hauek bete behar dira laguntzok eskuratu ahal izateko:

a) Eskaera egiterako orduan gutxienez sei hilabete eramatea Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta.

b) Indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75etik gorako errentarik ez izatea (hilabeteko zenbaketan), bi aparteko ordainsariren zati proportzionala kontuan izan gabe.

c) Lana bilatzeko zailtasun bereizia izatea, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez egiaztatuko dena.

d) Aurretik 1/2004 Lege Organikoaren gerizpean ezarritako laguntza hau jaso ez izana, ez Euskal Autonomia Erkidegoan ez Estatu espainiarreko beste edozein erkidegotan.

e) Aurreikusita dagoen bezala egiaztatzea genero indarkeria egoera eta babes neurriak indarrean jarri zirenetik eskaera egin arte urtebete baino gehiago igaro ez izana:

- Genero-indarkeriatzat hartzen diren egintzak zigortzen dituen epaia; bertan, biktima babesteko neurriak jaso behar dira.
- Biktima babesteko agindua, eskabidea aurkeztean indarrean dagoena.
- Salbuespen gisa, eta harik eta babes agindua eman arte, salatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela dioen Fiskaltzaren txostena aurkeztu ahal izango da indarkeria mota hori egon dela egiaztatzeko.

f) Erasotzailearen ez bizitzea.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA, ARTE PLASTIKOAK ETA IKUSIZKOAK SUSTATZEKO ¿GURE ARTEA¿ SARIAK ARAUTU ETA HORIETARAKO DEIALDIA EGITEKO DENA.

LABURPENA

GURE ARTEA SARIETARAKO DEIALDIA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Gure Artea Sariak arautu eta horietarako deialdia egiten duen Agindua onartu du. Sariok, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzea dute helburu.

2014ko deialdi honetan, Gure Artea Sariak hiru ataletan deitzen dira:
• Ibilbide artistikoa aitortzeko saria, 25.000 eurokoa eta pertsona fisikoei zuzendua.
• Sorkuntza lana aitortzeko saria, 25.000 eurokoa eta pertsona fisikoei zuzendua.
• Ikusizko arteen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria, 15.000 eurokoa, eta pertsona fisiko nahiz juridikoei zuzendua.

Huatagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

AGINDUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ANTZOKIETAN EGOITZA-PROIEKTUETARAKO 2014. URTEAN DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO ARAUAK EZARRI ETA DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

ANTZERKI KONPAINIEN ETA GUNE ESZENIKOEN ARTEKO LANKIDETZA PROGRAMETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, antzerki talde egoiliarren eta udal titulartasun publikoa duten gune eszenikoen arteko lankidetza proiektuentzat diru laguntzak arautzen dituen Agindua onartu du.

Gune eszenikoaren titularrek (Euskadiko udalak edo udalen mendeko erakundeek) eta konpainia egoiliarrek elkarrekin aurkezten dituzten proiektuei daude zuzenduta diru-laguntza hauek, elkarlan horrek sortzen dituen gastuak zati batean ordaintzeko. 2014an garatutako proiektuetara mugatuko da deialdi hau.

Diru-laguntza hauetarako, guztira, 60.000 euro erabiliko dira eta proiektu bakoitzari gehienez 25.000 euroko laguntza eman ahal izango zaio. Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

AGINDUA, ANTZERKIKO PROFESIONALAK PRESTATZEKO EGITARAU ETA JARDUERAK 2014. URTEAN GARATZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO ARAUAK EZARRI ETA DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

ANTZERKIKO PROFESIONEALEN FORMAZIORAKO DIRU-LAGUNTZAK

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2014 urtean antzerkiko profesionalen formaziorako programak eta jarduerak diruz laguntzen dituen Agindua onartu du.

Deialdi honek 88.000 euroko diru kopurua du, eta pertsona fisiko nahiz juridikoei zuzendua dago. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasita.
 

 

ERABAKIA DIRU-LAGUNTZA ZUZENA EMATEN ZAIONA ITUNDUTAKO IRAKASKUNTZA PRIBATUKO IKASTETXEEI AHOLKULARI ETA ORIENTATZAILE FIGURAK IZATEAGATIK 2012KO URTARRILA-ABENDUKO EPEALDIAN.

LABURPENA

IKASTETXEEI EMAN BEHARREKO DIRULAGUNTZA ZUZENAK

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du ondorengo dirulaguntza zuzenak baimentzeko erabakia:

4,052 milioi euro, 2013. urterako (urtarrila-abendua), Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei, aholkulariaren eta orientatzailearen karguak finantzatzeko asmoz.