2014/04/29 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, zerbitzuen kontratazioko jardunbide egokiei buruzko jarraibideak onartzen dituena.
Erabakia, eskumen-gatazka positiboa planteatu aurreko eskumengabetasun-errekerimendua egitekoa, Ministro Kontseiluak indargabetu ditzan Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma ezartzen duen 2014ko otsailaren 28ko 126/2014 Dekretuko zenbait artikulu.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, 2014-2016ko Industrializiazio Plana onartzeko dena.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua: Honen bidez, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da.
Dekretua, Komunikazio grafikoa eta ikus-entzunezko komunikazioa lanbide arlo artistikoko animazioaren alorreko arte plastiko eta diseinuko goi mailako teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.
Dekretua, Komunikazio grafikoa eta ikus-entzunezko komunikazioa lanbide arlo artistikoko Ilustrazioaren alorreko arte plastiko eta diseinuko goi mailako teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.
Dekretua, Komunikazio grafikoa eta ikus-entzunezko komunikazioa lanbide arlo artistikoko Publizitate Grafikoaren alorreko arte plastiko eta diseinuko goi mailako teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.
Dekretua, Komunikazio grafikoa eta ikus-entzunezko komunikazioa lanbide arlo artistikoko argazkigintzaren alorreko arte plastiko eta diseinuko goi mailako teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Dekretua, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: Lemosa ezkerraldeko kolektorea berritzea (Sopela), PR-26tik PR-35era bitarteko zatia proiektua burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, ZERBITZUEN KONTRATAZIOKO JARDUNBIDE EGOKIEI BURUZKO JARRAIBIDEAK ONARTZEN DITUENA.

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK «ZERBITZUAK KONTRATATZEKO JARDUNBIDE EGOKIEN JARRAIBIDEAK» ONARTU DITU

• Kontratu guztiak, edozein zenbatekotakoak direla ere, Kontratuen Erregistro Publikoan erregistratu beharko dira herritarrek nahi dutenean kontsulta ahal izan ditzaten.
• Administrazioaren eta Euskadiko sektore publikoa osatzen duten erakundeen baliabideak erabiltzearen alde egin da, zerbitzuak esternalizatzea baztertuta.
• Hainbat irizpide eman dira, Eusko Jaurlaritzak sustatutako etika, gardentasun eta gobernantza alorreko irizpideekin bat ez datozen jardunbideak saihesteko.

Gobernu-kontseiluak gaur onartu ditu «Zerbitzuak kontratatzeko jardunbide egokien jarraibideak», Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakunde guztietan aplikatu beharko direnak.

Jardunbide horiek Eusko Jaurlaritzak gardentasunarekin eta gobernu onarekin duen konpromisoaren erakusle dira. Horren erakusle, testuak argi jasotzen du kontratu guztiak, «edozein zenbatekotakoak direla ere», kontratazioaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren Kontratuen Erregistro Publikoan erregistratu beharko direla, argitaratuta eta guztion esku izan daitezen. Horrela, herritarrek hala nahi dutenean kontsultatu ahal izango dituzte.

Gainera, onartutako jarraibideekin Eusko Jaurlaritzak pauso bat gehiago eman du herri-administrazio modernoago, arrazionalizatuago eta eraginkorrago baten alde.

Testuan jasota dagoenez, «lehentasuna izango du administrazioaren baliabideen erabilerak (giza-baliabideak eta materialak)», eta, era berean, «behar arrunt eta iraunkorrak, laguntzakoak edo osagarriak direnak salbu, ez esternalizatzeko» konpromisoa hartu da.

Gainera, zerbitzua kontratatzea ezinbestekoa den kasuetan, jarraibideetan ezarrita dago zeintzuk diren Eusko Jaurlaritzak sustatutako etika-, gardentasun- eta gobernantza-irizpideekin bat ez datozen jardunbideak.

• Kontratuetan berme-klausulak ere ezarriko ditu Administrazioak kontratatutako enpresak edo bertako langileek hitzartutako betebeharrek bete ez izanak eragindako zigorrei aurre egiteko.

• Enpresa esleipendunek langileen betebehar soziolaboralak egunean izateko konpromisoa bete beharko dute: negoziazio kolektiboa, soldaten ordainketa, kotizazioak, prestazioak, zerbitzuak, baimenak, eta abar.

• Administrazioak ezingo du hautatu esleipendunak zein langile bideratu behar duen zerbitzua betetzera. Langile horien gaineko antolaketa- eta zuzendaritza-eginkizunik ere ezingo du bere gain hartu.

• Kontratatutako enpresak bere lantaldeko kide izango den pertsona bat, gutxienez, izendatu beharko du Administrazioarekin izan beharreko harremanen koordinatzaile edo arduradun gisa. Pertsona horrek izango du lanen ardura eta bera izango da bai Administrazioarekin bai kontratuaren betearazpenarekin lotutako pertsona guztiekin izan beharreko harremanetarako edo/eta komunikazioetarako solaskidea.

• Kontratatutako enpresentzat lan egingo duten langileek enpresaren instalazioetan egin beharko dute lan. Zerbitzuak Euskadiko Herri Administrazioan modu jarraituan eskaintzekoak badira, behar hori justifikatu egin beharko da eta langile horiei sektore publikoko langileengandik bereizitako lan-eremuak eskaini beharko zaizkie.

• Esleipendunaren langileek ezingo dute inola ere ez kalte-ordainik zein pizgarririk jaso Administrazioaren aldetik.

• Kontratatutako enpresa arduratu beharko da zerbitzua gauzatzeko kontratatutako langileei beharrezko baliabideak emateaz. Herri Administrazioaren baliabideak erabiliko dira, baldin eta zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzeko bada.

Bai kontratua indarrean den bitartean bai behin amaituta dagoenean ere, Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jotako jarduera guztiak aurrera eraman ahalko ditu kontratuaren hasierako planteamendua eta bere betearazpena honako jarraibide hauek errespetatuz burutu direla egiaztatzeko.

Une honetatik aurrera, Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko erakundeetako kontratazio-arloan gaituta dauden langileei prestakuntza-saioak eskainiko dizkie, jardunbide egoki hauen ezagutza zabaltzeko.
 

 

ERABAKIA, ESKUMEN-GATAZKA POSITIBOA PLANTEATU AURREKO ESKUMENGABETASUN-ERREKERIMENDUA EGITEKOA, MINISTRO KONTSEILUAK INDARGABETU DITZAN LEHEN HEZKUNTZAKO OINARRIZKO CURRICULUMA EZARTZEN DUEN 2014KO OTSAILAREN 28KO 126/2014 DEKRETUKO ZENBAIT ARTIKULU.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK ESPAINIAKO GOBERNUARI ESKATU DIO LEHEN HEZKUNTZAKO OINARRIZKO CURRICULUMA ARAUTZEN DUEN LOMCE-REN ERREGELAMENDUAREN ZATI BAT INDARGABETZEKO

• Hilabeteko epean Espainiako Gobernuak ez badu horrelakorik egiten, Eusko Jaurlaritzak eskumen-gatazka positibo bat aurkeztuko du Konstituzio Auzitegian, Gernikako Estatutuan hezkuntza arloan jasotako eskumenak urratzeagatik.
• Eusko Jaurlaritzak, gainera, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko estatu-idazkariaren ebazpen baten aurkako errekurtsoa ere jarriko du ikasleei Erasmus bekak eskaintzeko laguntzetatik kanpo uzten dituelako LHko zentroak.

Espainiako Gobernuari Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma ezartzen duen otsailaren 28ko 126/2014 Errege Dekretuaren artikulu batzuk, eskumenik ezagatik, indargabetzeko eskatzea onartu du Gobernu Kontseiluak. Eusko Jaurlaritzaren ustez ikasgai guztien edukietan, helburuetan, ebaluazio-irizpideetan eta ikaskuntza-estandarretan esku hartzeko Euskadik dituen eskumenak ez ditu errespetatzen Espainiako Gobernuak.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren iritziz Espainiako Gobernuak muga gainditu du Lehen Hezkuntzaren oinarrizko curriculumaren erregulazio xehekatua egitean, praktikan eragotzi egiten baitio Euskal Autonomia Erkidegoari berezko hezkuntza-politika garatzea.

Hala, Espainiako Gobernuak, esate baterako, xehe-xehe arautu ditu enborreko ikasgaien edukia, ebaluazio-irizpideak eta ikasteko estandarrak, eta ondorioz, indargabetu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoak haien edukiak taxutzeko ahalmena. Berariazko ikasgaiei dagokienez, guztiz baldintzatuta gelditzen da haien edukiak zehazteko ahalmena. Gauza bera gertatzen da konfigurazio askeko ikasgaiekin; izan ere, berezko hizkuntzan eta literaturan izan ezik, hezkuntza-administrazioaren ahalmena garrantzirik gabeko posizio batean gelditzen da.

Gainera, Espainiako Gobernuak ikasleak Lehen Hezkuntzaren amaieran ebaluatzeko probak eta irizpideak finkatzeko eskumena ere hartu du beretzat. Kontzepzio monopolista horrek talka egiten du hezkuntza-sistema zehazteko eta ebaluatzeko EAEk duen ahalmenarekin.

Espainiako araudiak, bestalde, xedatzen du berezko hizkuntzak eta literaturak gaztelaniaren eta literaturaren tratamendu bera izango dutela. Eusko Jaurlaritzaren iritziz hori gehiegikeria onartezina da, euskara ikasgaia arautzea EAEren eskumen esklusiboa baita, eta EAEk baino ezin ditu ezarri koofizialtasunaren irismena zein euskarak irakaskuntzako ikasgai eta hizkuntza gisa duen agerpena. Espainiako Gobernuak muga ere gainditu du hizkuntza eta literatura koofizialaren ikasgaia nola eta noiz ebaluatu behar den ezartzen duenean.

ESKUMEN GATAZKA POSITIBOA

Eusko Jaurlaritzak aurkeztuko duen eskaeraren bidez honako artikulu hauek indargabetzeko eskatuko zaio Espainiako Gobernuari:

• 3.1 a) 1., 2. eta 3. eta 3.1 b) 6. eta 7.,
• 4. eta 5. eta I. eta II. eranskinak,
• 8.4, lehen lerrokada, azken tartekia,
• 12.4, lehen lerrokada, azken tartekia,
• eta bosgarren xedapen gehigarria, 1. eta 2. paragrafoak.

Espainiako Gobernuak entzungor egiten badio errekerimendu honi, edo berau baztertzen badu, otsailaren 28ko 126/2014 Errege Dekretuaren aurkako errekurtsoa jarriko du Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegiaren aurrean. Araudi bat denez, «Eskumen Gatazka Positibo» bat (Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 63. art.) aurkeztuko da konstituziokontrakotasun-errekurtsoaren ordez (azken hau Lege eta Lege Dekretuen kasuan erabiltzen da).
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, 2014-2016KO INDUSTRIALIZIAZIO PLANA ONARTZEKO DENA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK 2014-2016 ALDIRAKO INDUSTRIALIZAZIO PLANA ONARTU DU, INDUSTRIA AURRERATUAN OINARRITUTAKO LEHIAKORTASUNA INDARTZE ALDERA

• 2014-2016 aldirako 575 milioi euroko aurrekontu propioa du, eta 2014an, aurrekontuz kanpoko 1.275 milioi euro bideratuko dira enpresa-proiektuak finantzatzera.

• Euskadik industria berpiztearen alde egin nahi du, euskal ekonomian ekoizpen-ekonomiako gainerako sektoreengan izan duen eragile-eginkizuna berreskura dezan.

• Eusko Jaurlaritzak plan berriak proposatzen dituen ekintzen % 80 inguru aktibatu du, gero eta nazioartekotuago dagoen industriari bultzada bizia eta berehalakoa emateko.

• ETEen finantzazioa, fabrikazio aurreratua eta kudeaketa-eredu berrien bidezko berrikuntza teknologikoa, besteak beste, Industrializazio Plan berrian lehenetsitako ardatzak dira.

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak aurkeztu dute 2014-2016 urteetarako Industria Plana, Gobernu Batzordeak gaur bertan onartua eta Eusko Legebiltzarrera igorriko dena tramitatu eta eztabaidatu dadin.

Planak, 575 milioi euroko aurrekontu zuzkidura duenak 2014-2016 urteetarako, gure herriaren industri esperientzia hartzen du oinarritzat, uneko premia larrienei erantzuten die eta euskal industriaren etorkizuneko lehiakortasuna prestatzen du.

Araudiaren ikuspegitik, Industria Plan berriak jarraipena emango dio 2010-2013 Enpresen Lehiakortasunerako Planari, eta Eusko Jaurlaritzak 2014ko urtarrilean onartutako Enplegu eta Suspertze Ekonomikorako Programa Markoan kokatuta dago. Hala, bistan da Europako Batzordeak onartutako Horizon 2020 Programa Markoaren barruan ere kokatzen dela, non industri arloko lidergoa lehentasunezko ekintza-ildoa baita herrialde eta eskualde kideentzat.

Kontuan izanik azken 5 urteotan industriak nabarmen galdu duela euskal ekonomian zuen garrantzia, plan honek hainbat laguntza neurri aurreikusi eta konbinatu ditu, berriro suspertu daitezen krisi luze hau dela-medio zailtasunak izaten ari diren enpresak, eta eraldaketa politikak ere planifikatu ditu, industria aurreratu baterantz abiatu gaitezen; industria bat, merkatu globalean txertatuko dena, etengabeko berrikuntzaren aldeko apustua egingo duena eta eskaintzaren balio erantsia indartuko duena.

Kontuan hartuta nazioartean indarrean dauden industri arloko politikaren joera berriak, Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi du Euskadik “bat egingo duela mundu mailako potentziek, hala nola AEBek, Japoniak edo Suediak, defendatzen duten berpizkunde industrialarekin. Herrialde horietan manufaktura industriaren aldeko apustua egiten dute, ahalegin horri esker sortutako lehiakortasunak eta enpleguak eragina izan dezaten herrialde mailan, gure kasuan Euskadin".

Aurreikusitako ekintzen %80 inguru jada hedatuta dago
2014-2016 Industrializazio Plana honela egituratua dago: 5 ekintza ardatz, 7 helburu estrategiko eta 20 ekintza-ildo.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak Plan berriaren edukia azaldu du eta azpimarratu du “Plan hau ez dela gaur sortua, badituelako iraganeko politika arrakastatsuen ezaugarriak, baina profil berri bat eta ñabardura berriak txertatu ditu, euskal industria eman beharreko jauzi horretara bideratzeko, eta profil eta ñabardura horiek dagoeneko hedatzen ari dira Industria sailburuordetzak SPRIrekin batera garatzen dituen politiken bitartez”.

Era berean, Eusko Jaurlaritza jada hasi da planean aurreikusitako neurriak bultzatzen eta ekintzen %80 dagoeneko gauzatzen ari dira.

INDUSTRIALIZAZIO PLANA 2014-2016, PRENTSA TXOSTENA

2014-2016 Industrializazio Planaren helburu nagusia da euskal industriak merkatu globalean duen lehiakortasuna indartzea. Horretarako, enpresa proiektu bideragarriak berregituratu eta horien biziraupena bultzatuko du, industriak euskal ekonomian duen garrantzia mantendu eta berrindartuko du, industria-sarearen eskura dauden finantzaketa iturri eta tresnak dibertsifikatuko ditu, eta bizi dugun krisi egoera hau kontuan harturik, laguntza marko bat ezarriko du industria-sarearen gaitasun eta premiei egokiturik, berrikuntza teknologikoa nahiz ez-teknologikoa eta aukera handiko sektore berrietaranzko dibertsifikazioa sustatzeko.

Zazpi helburu estrategiko ezarri dira:

• 1. HELBURUA. Enpresa proiektu bideragarrien berregituratze eta biziraupen prozesuak bultzatzea.

• 2. HELBURUA. Industria-sarearen eskura jarritako finantzaketa iturri eta tresnak indartzea, dibertsifikatzea eta segmentatzea.

• 3. HELBURUA. Gaur egungo egitura aukera-sektore berrietarantz dibertsifikatzea.

• 4. HELBURUA. Enpresen jarduera handitzea, kontuan harturik ekimen ekintzaile berriak sortzeko dauden modalitate desberdinak, bereziki barne-ekintzailetza.

• 5. HELBURUA. Industriak euskal ekonomian duen garrantzia mantentzea eta berrindartzea eta enpresa produktiboen lehiakortasuna sustatzeko testuingurua sortzea. Horrela, industria produktiboak garrantzitsu izaten jarraituko du Euskadiko ekonomian, aberastasun eta enplegu eragile izango delarik.

• 6. HELBURUA. Politika energetikoaren garapena bultzatzea 3E2020 Estrategiarekin lerrokaturik.

• 7. HELBURUA. Giza kapitala garatzea eta bultzatzea enplegua sustatzeko eta enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzeko.

Helburu estrategiko horiei beste helburu batzuk ere gehitu behar zaizkie: I+G+b-ren aldeko apustuari eustea, euskal enpresen garapen sostengarria akuilatzea, Berrikuntza Teknologikoa eta Ez-teknologikoa sustatuz eta euskal ekonomia kanporantz gehiago zabalduz. Badira beste plan batzuk helburu horiek lantzen dituztenak: besteak beste, berriki onartu den Nazioartekotze Plana, Espezializazio Adimenduneko Estrategia, PCTI 2020 berriaren oinarriak edota Ekintzailetza Sustatzeko Erakunde Arteko Plana.

Aurreikusitako ekintzak jarduera ardatz batzuen bidez garatuko dira:
1. ETEen finantzaketa eta berregituraketa
2. Industri arloko proiektu estrategikoak bultzatzea
3. Industria aurreratua sendotzea
4. Testuinguru lehiakorragoa sortzea industria eta energia arloetan Giza Kapitala, edo pertsonen aldeko apustua.

Ekintza azpimarragarriak biltzen dituzten 20 lan-ildo
Hala, aipatutako ardatzei jarraiki eta ezarritako helburuak betetzeko, hogei lan-ildo zehaztu dira, eta ildo horietako bakoitzean ekintza espezifikoak finkatu dira; horietako zenbait 2013an hasi ziren, eta besteak beste aipatzekoak dira ondoko hauek:

1. ardatza. ETEen finantzaketa eta berregituraketa

Gaur egungo testuinguruan Eusko Jaurlaritzak laguntasuna eman nahi die enpresei, beren izaerari eta enpresa-zikloari egokitutako finantzaketa eta berregituraketa arloko konponbideak eskura ditzaten eta, bideragarriak badira, desagertu ez daitezen edo lehiakortasunik galdu ez dezaten horrelako mekanismorik ez izateagatik.

a) Zailtasunak dituzten enpresa bideragarriei berregituratzen laguntzeko ekintza koordinatua
BideratuBerria. Bideratu programa berreskuratu eta bultzatu da, egunean jarriz Europako ordenamenduaren eskakizunetan. BideratuBerria programarako deialdia maiatzean egingo da, proiektu bideragarria duten eta zailtasunak dituzten enpresetan ko-inbertitzeko tresna gisa.

b) ETEen finantzaketarako laguntza tresnak berrindartzea eta zabaltzea
• 284,3 milioi euroko finantzaketa eman da 1.745 operaziotarako.
• 4,9 milioi euro banatu ziren ez-ohiko abaletan eta beste deialdi bat egin da 2014ko maiatzerako.
• Gauzatu Programa: 25,9 milioi euro berri banatu ziren 2013an 58 proiektu bultzatzeko; 678 lanpostu berri sortu ziren eta 1.489 mantendu ziren. 2014ko deialdia ekainean izango da.

c) Pertsonek enpresaren jabetzan parte har dezaten sustatzea
• LANPAR Funtsa sortu da 2,5 milioi euroko zuzkidurarekin, langileek kapitalean parte har dezaten. Ekimena ASLE-rekin batera gauzatuko da.

2. ardatza. Industri arloko proiektu estrategikoak bultzatzea

Ekonomikoki suspertu nahi badugu industriaren bidez, suspertze horren eragile bihurtuko diren industria arloko proiektu berriak behar ditugu. Horregatik, bat egingo dugu Foru Aldundiekin, erakunde arteko ahaleginaren bitartez industri arloko proiektu berriak bultzatzeko eta proiektu horien bidez Euskadiko industria sareari tira egiteko. Jaurlaritzak bere eskura dauzkan zenbait tresna eta programa egokitu eta berrindartuko ditu proiektu horiek babesteko.

a) Finantza laguntzak arraste-indarra duten proiektuentzat eta herrialde proiektuentzat
Ekarpen programa eta SGECR funtsak garatzea, enpresa estrategikoen/herrialdekoen kapitalean aldi-baterako partaidetzak egiteko tresna gisa.
• Eragin handia izango duten finantzaketako ekintza sektorialak ebaluatzea klusterrekin batera: RENOVE Makineria Programak hasierako igurikapenak gainditu ditu eta laster ebatziko dira 9,5 milioi euroko laguntzak.

b) Kluster politika berrindartzea, gure enpresa-sarearekiko lotura eta Jaurlaritzaren sustapen ekonomikoko ekintzen tresna biderkatzailea izan dadin
• Hobeto lerrokatzea klusterrak eta industria planaren lehentasunak
• Herrialde proiektuen inguruko lankidetza hobetzea sektore bereko edo sektore desberdinetako enpresen artean.
Gaur onartutako laguntzak Klusterrentzat. Gaur bi ebazpen onartu dira laguntzak emateko Lehentasunezko Klusterren eta Aurre-kluster gisa sailkatutakoen jarduerari. Lehenengoak 1,8 milioi euro banatuko ditu eta bigarrenak 0,6 milioi.

c) Garapen industrial eta teknologikoari laguntzea etorkizun handiko esparruetan Euskadiko Energia Erakundearen bitartez: ekonomia berdea – offshore eta smartgrid-ak (3E2020 – Energibasque). Ekonomia Berdea:
Bimep. Aipatzekoa da BIMEP proiektua oso aurreratuta dagoela eta uda honetan martxan jartzea aurreikusten dela.

• Biomasa Arabako herrietan. Hemendik gutxira emango dugu ezagutzera EEEk eta HAZIk egin duten Biomasa Arabako herrietan proiektua. Biomasa plantak egiteko proiektu honen bidez ur beroa eta berogailua eramango zaie etxeetara eta eraikin publikoetara.

• Energia aurrezteko eta eraginkortasuna lortzeko diru-laguntzak. 2013an 25 milioi euro bideratu ziren eta 20.000tik gora espediente subentzionatu ziren. 2014an ere jarraituko da programarekin eta deialdia uda hasieran egingo da.

d) Barne-ekintzailetzaren aldeko apustu diferentziala (PIPAEk onartua)
• Prestatze fasean dagoen programa berria.
Programa berri, oso eta espezifiko bat diseinatuko da euskal enpresa industrialetan barne-ekintzailetza bultzatzeko eta 2014ko bigarren seihilekoan jarriko da martxan.

• Barnekintzaile. 2014an ere indarrean dago barne-ekintzailetza proiektuei laguntzeko programa hau 630.000 euroko deialdiarekin. 2013an guztira 39 barne-ekintzailetza proiektu garatu ziren euskal enpresetan, aurreikusitako 25ak gaindituz.

3. ardatza. Industria aurreratua sendotzea (teknologian eta kudeaketan)

Gure enpresek gainditu egin behar dute puntako herrialdeetako enpresekin duten produktibitate etena, baldin eta balioaren esparruan lehiatu nahi badute eta ez kostuenenan. Enpresei lagundu behar diegu beren lehiakortasun palankak garatzen nazioarteko lehiaren testuinguruan. Ingurune horrek behartu egiten gaitu industri lehiaren maila berri batean sartzera, “manufaktura aurreratuaren” mailan hain zuzen.

a) Manufaktura Aurreratuko Estrategia transbertsala martxan jartzea
• Eibarko FAZ berria sektore eolikorako. Aurkeztua. (martxan)
• Zamudioko FAZ berria sektore aeronautikorako (berehala jarriko da martxan).

b) Enpresetan langileen parte hartzeari bultzada
• Aipatutako Lanpar Funtsaz gain (martxan)
• INNOBIDEAK estrategia (martxan)
- Innobideak-Lehiabide Programa: 52 proiektuk jaso dute estrategian eta bezero/merkatuetan berritzeko laguntza
- Innobideak-Kudeabide Programa: martxoan egin zen deialdia, kudeaketa-ereduak berritzeko proiektuei laguntzeko. 2,3 milioi euroko diru-laguntzak emango dira.

c) Enpresa azpiegituren sustapena: Fabrikazio Aurreratuen zentroak eta Bimep plataforma, bereziki.

d) Esportatzeko eta nazioartean zabaltzeko laguntzak indartzea
• Nazioartekotze Plan berria (onartua eta martxan)
• Sektoreei eta klusterrei laguntzeko ekintzak. Elkartzen programa: gaur onartu da 2014ko deialdia. 2013an 342 jarduera babestu ziren guztira, 32 Sektore Elkartek antolatuak. Besteak beste, aipatzekoa da laguntza eman zela 92 proiektuk stand bat jar zezaten atzerriko azoketan, eta baita ere zuzeneko 138 merkataritza misio eta alderantzizko 51 merkataritza misio gauzatzeko.

e) Espezializazio adimenduna bultzatzeko eta sare ekonomikoa aukera handiko sektore berrietara dibertsifikatzeko laguntzak
• CVCTIk Espezializazio Adimenduneko Estrategia onartu du apirilaren 9n (martxan)

f) Euskal enpresen garapen sostengarria akuilatzea berrikuntza teknologiko eta ez-teknologikoko estrategien bitartez
• CVCTIk onartuta dauzka apirilaren 9n PCTI 2020 berriaren oinarriak (martxan)

4. ardatza. Testuinguru lehiakorragoa sortzea industria eta energia arloetan

Gure industriak badu eragozpen bat nazioarteko lehiakideekin alderatuta, haiek baino energia kostu handiagoak dituelako. Horrela beraz, gure asmoa da gure politika energetikoaren garapenak bultzatu ditzala euskal enpresa-sarearen hazkundea, lehiakortasuna eta sostengarritasuna, aurrera eginez energia sistema lehiakor eta sostengarri baterantz.

a) Argindarraren araudi berriaren eragin negatiboa arintzeko neurriak
• EEEren laguntza teknikoa etengarritasunaren nahiz ko-sorkuntzaren eragina jasango duten eta 6.1 tarifa (2013 amaieratik aktibatutako zerbitzua) baliatzen duten enpresentzat.

b) Politika energetikoa hedatzea eta egitura energetikoa berrindartzea
• Gas naturalaren hornikuntza-sistema sendotzea eta energia eskaintza hobetzea (Treto-Bilboko gas-bidea eta Frantziarekin lotura martxan da.
• Energia aurrezteko, eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko ekintza segmentatuak hedatzea; eraikin publikoetan energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko plana.
• Eusko Jaurlaritzarako Energia Sostengarritasuneko Dekretua. Laster onartzekoa.

c) Tramite administratiboak arintzea eta jarraipena berrindartzea industria-guneetan
• Sortu da Energia Eraginkortasuneko Ziurtagirien Erregistroa. 2013ko uztailaz geroztik 14.826 energia ziurtagiri erregistratu dira.
• 5/2014 Dekretu berria, igogailuen mantenimenduaren kontrolari buruzkoa (onartua eta indarrean)

5. ardatza. Pertsonen aldeko apustua / Giza Kapitala

Pertsonak dira enpresen funtsezko aktiboa. Bere 1, 2 eta 3. ardatzetan Industrializazio Planak hainbat lan ildo jasotzen ditu, giza kapitalaren gaikuntza eta dinamizazioa hobetzera zuzenduta daudenak, besteak beste, dagoeneko aipatu diren hauek: pertsonek enpresaren jabetzan parte har dezatela, barne-ekintzailetzaren aldeko apustu diferentziala eta antolakuntza eta kudeaketa eredu berriei buruzko sentsibilizazioa eta prestakuntza.

Ekonomiari eta aurrekontuei dagozkien alderdiak
2014-2016 Industrializazio Planaren aurrekontua zuzenean loturik dago Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko aurrekontuekin eta haren ekimen anitzetan inplikatuta dauden sozietate publikoetakoekin (SPRI, EEE, Sprilur, Teknologi Parkeak, Arrisku Kapitaleko Sozietatea eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroak).

Zehazki, Administrazio Orokorrak eta haren menpeko erakundeek 187 milioi euroko aurrekontua bideratu dute Plan honentzat 2014an. Asmoa da etorkizunean inbertsio ildo berari eustea, eta hipotesi hori kontuan hartuta, Plana 2014-2016 aldirako estrapolatzen badugu 575 milioi euro inguruko zuzeneko aurrekontua esleitu beharko litzaioke.

Administrazio Orokorraren 2014ko aurrekontua lehen azaldutako tresna eta ekintzetan gorpuzten da eta horiekin batera Industriari laguntzeko aurrekontuz kanpoko 1.275 milioi eurotik gorako baliabideak eskainiko dira, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bultzatuak, partaidetuak edota kudeatuak (eta aurrekontu ekarpenetan oinarritzen direnak, esaterako, Finantzen Euskal Institutuari egiten zaion zuzkidura).

ETEentzako zirkulatzailearen finantzaketa hitzarmena Elkarrekiko Berme Sozietateekin, 600 milioi euroko zuzkidura duena; ETEentzako finantzaketa hitzarmena finantza erakundeekin, 400 milioi euroko zuzkidura duena; Luzaro kreditu parte-hartzaileak eta Socade bidez eginiko maileguak, 160 milioi euroko zuzkidurarekin; ETE trakziogileentzako abal estrategikoen programa, 100 milioi euroko zuzkidurarekin, Itsas-Bermeen Funtsa, Eusko Jaurlaritzak eginiko 14,6 milioi euroko ekarpenarekin eta Lanpar Funtsa, 2013an eginiko 2 milioi euroko zuzkidurarekin.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA: HONEN BIDEZ, ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO LANBIDE-IRAKASKUNTZAKO IKASTETXE BAIMENDUEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIA EGITEN DA.

LABURPENA

82.197 EURO ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO IKASTETXEETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran agindu bat onartu du. Agindu horien bidez, Plastikoetako eta Diseinuko ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da.

Agindu honek, 82.197 euroko zenbateko globala hartzen duena, araubide bereziko irakaskuntzen barruko Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikastetxe baimenduentzako langile-kostuak finantzatzeko laguntza ekonomikoak ematea du helburu, betiere, 2013-2014 ikasturtean diru-laguntzarik ez badute jaso Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultu Sailetik.
 

 

DEKRETUA, KOMUNIKAZIO GRAFIKOA ETA IKUS-ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIOA LANBIDE ARLO ARTISTIKOKO ANIMAZIOAREN ALORREKO ARTE PLASTIKO ETA DISEINUKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUARI DAGOKION CURRICULUMA EZARRIKO DUENA.

LABURPENA

ANIMAZIOAREN ALORREKO ARTE PLASTIKO ETA DISEINUKO GOI MAILAKO TEKNIKARIA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Animazioaren Alorreko Arte Plastiko eta Diseinuko Goi Mailako Teknikariaren tituluaren curriculuma zehazten duen dekretua.

Dekretu horren bidez Animazioaren Alorreko Arte Plastiko eta Diseinuko Goi Mailako Teknikariaren tituluari, Komunikazio Grafikoa eta Ikus-Entzunezko lanbide-artistiko arloan, dagozkion goi mailako Lanbide Arlo Artistikoko Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehaztearen ardura. Proiektu horretan behar diren erabakiak hartuko ditu ikastetxeak, irakaskuntzan egin beharreko lanari begira haren ezaugarriak eta identitatea konkretatzeko, baita prestakuntza-moduluen programazioak egiteko irizpideak finkatzeko ere.

Ikastetxearen curriculum-proiektuaren barruan, irakasle-taldeak, zikloko arduradunek eta irakasle bakoitzak egin beharko dituzte programazioak, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuz, lanbide-modulu bakoitzak dituen ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatuz eta, oso inportantea dena, irakaskuntzen erreferentzia den perfil profesionala euskarri gisa erabiliz.
 

 

DEKRETUA, KOMUNIKAZIO GRAFIKOA ETA IKUS-ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIOA LANBIDE ARLO ARTISTIKOKO ILUSTRAZIOAREN ALORREKO ARTE PLASTIKO ETA DISEINUKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUARI DAGOKION CURRICULUMA EZARRIKO DUENA.

LABURPENA

ILUSTRAZIOAREN ALORREKO ARTE PLASTIKO ETA DISEINUKO GOI MAILAKO TEKNIKARIA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Ilustrazioaren Alorreko Arte Plastiko eta Diseinuko Goi Mailako Teknikariaren tituluaren curriculuma zehazten duen dekretua.

Dekretu horren bidez Ilustrazioaren Alorreko Arte Plastiko eta Diseinuko Goi Mailako Teknikariaren tituluari, Komunikazio Grafikoa eta Ikus-Entzunezko lanbide-artistiko arloan, dagozkion goi mailako Lanbide Arlo Artistikoko Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehaztearen ardura. Proiektu horretan behar diren erabakiak hartuko ditu ikastetxeak, irakaskuntzan egin beharreko lanari begira haren ezaugarriak eta identitatea konkretatzeko, baita prestakuntza-moduluen programazioak egiteko irizpideak finkatzeko ere.

Ikastetxearen curriculum-proiektuaren barruan, irakasle-taldeak, zikloko arduradunek eta irakasle bakoitzak egin beharko dituzte programazioak, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuz, lanbide-modulu bakoitzak dituen ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatuz eta, oso inportantea dena, irakaskuntzen erreferentzia den perfil profesionala euskarri gisa erabiliz.
 

 

DEKRETUA, KOMUNIKAZIO GRAFIKOA ETA IKUS-ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIOA LANBIDE ARLO ARTISTIKOKO PUBLIZITATE GRAFIKOAREN ALORREKO ARTE PLASTIKO ETA DISEINUKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUARI DAGOKION CURRICULUMA EZARRIKO DUENA.

LABURPENA

PUBLIZITATE GRAFIKOAREN ALORREKO ARTE PLASTIKO ETA DISEINUKO GOI MAILAKO TEKNIKARIA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Publizitate Grafikoaren Alorreko Arte Plastiko eta Diseinuko Goi Mailako Teknikariaren tituluaren curriculuma zehazten duen dekretua.

Dekretu horren bidez Publizitate Grafikoaren Alorreko Arte Plastiko eta Diseinuko Goi Mailako Teknikariaren tituluari, Komunikazio Grafikoa eta Ikus-Entzunezko lanbide-artistiko arloan, dagozkion goi mailako Lanbide Arlo Artistikoko Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehaztearen ardura. Proiektu horretan behar diren erabakiak hartuko ditu ikastetxeak, irakaskuntzan egin beharreko lanari begira haren ezaugarriak eta identitatea konkretatzeko, baita prestakuntza-moduluen programazioak egiteko irizpideak finkatzeko ere.

Ikastetxearen curriculum-proiektuaren barruan, irakasle-taldeak, zikloko arduradunek eta irakasle bakoitzak egin beharko dituzte programazioak, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuz, lanbide-modulu bakoitzak dituen ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatuz eta, oso inportantea dena, irakaskuntzen erreferentzia den perfil profesionala euskarri gisa erabiliz.
 

 

DEKRETUA, KOMUNIKAZIO GRAFIKOA ETA IKUS-ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIOA LANBIDE ARLO ARTISTIKOKO ARGAZKIGINTZAREN ALORREKO ARTE PLASTIKO ETA DISEINUKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUARI DAGOKION CURRICULUMA EZARRIKO DUENA.

LABURPENA

ARGAZKIGINTZAREN ALORREKO ARTE PLASTIKO ETA DISEINUKO GOI MAILAKO TEKNIKARIA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Argazkigintzaren Alorreko Arte Plastiko eta Diseinuko Goi Mailako Teknikariaren tituluaren curriculuma zehazten duen dekretua.

Dekretu horren bidez Argazkigintzaren Alorreko Arte Plastiko eta Diseinuko Goi Mailako Teknikariaren tituluari, Komunikazio Grafikoa eta Ikus-Entzunezko lanbide-artistiko arloan, dagozkion goi mailako Lanbide Arlo Artistikoko Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehaztearen ardura. Proiektu horretan behar diren erabakiak hartuko ditu ikastetxeak, irakaskuntzan egin beharreko lanari begira haren ezaugarriak eta identitatea konkretatzeko, baita prestakuntza-moduluen programazioak egiteko irizpideak finkatzeko ere.

Ikastetxearen curriculum-proiektuaren barruan, irakasle-taldeak, zikloko arduradunek eta irakasle bakoitzak egin beharko dituzte programazioak, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuz, lanbide-modulu bakoitzak dituen ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatuz eta, oso inportantea dena, irakaskuntzen erreferentzia den perfil profesionala euskarri gisa erabiliz.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

DEKRETUA, ZEINAREN BIDEZ URGENTZIAKO DEKLARATZEN BAITA BILBAO BIZKAIA UR PATZUERGOAK, NAHITAEZ DESJABETZEKO, HONAKO ESKUBIDE ETA ONDASUNAK OKUPATZEA: LEMOSA EZKERRALDEKO KOLEKTOREA BERRITZEA (SOPELA), PR-26TIK PR-35ERA BITARTEKO ZATIA PROIEKTUA BURUTZEKO BEHARREZKO ONDASUN ETA ESKUBIDEAK.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK PREMIAZKOTZAT JO DU LURRAK EGOKITZEA “LEMOSASKO KOLEKTOREA ALDATZEA” PROIEKTURAKO

• Helburua da Sopelako hiriguneko iparraldeko saneamendua hobetzea

Eusko Jaurlaritzak premiazkotzat jo du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak lehenbailehen hartzea "Lemosasko kolektorea aldatzea” proiektua ezkerraldean burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzea egiteko.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, “Lemosasko kolektorea aldatzea, ezkerraldea, PR-26tik PR-35erako tartea” proiektuaren espedientea egin eta onartu ondoren, aditzera eman zuen beharrezkoa zela proiektua burutzeko behar diren lur guztiak eskuragarri izatea.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko zerbitzu teknikoek ikusi dute ez dagoela espedientea izapidetzeko hirigintza-arloko inolako oztoporik eta atzeraezintzat jo dute ondasun eta eskubide horiek hartzea, Sopelako hiriguneko iparraldeko saneamendua hobetu eta Lemosas errekako isurtze desegokiak eragozteko orain dagoen kolektorea aldatuz.