2014/05/20 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak 438.259 euro onartu ditu laguntza humanitarioko hiru proiektutarako.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, Lege honen zenbait arauren aurka konstituzio kontrako errekurtsoa jartzea baimentzeko: 1/2014 Legea, otsailaren 28koa.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
10 milioi euro laneratzeko enpresak sortzeko eta desgaituen edo bazterketa arriskuan dauden pertsonen enplegua sustatzeko.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gasturako baimentzeko 2014/15 ikasturteko 2014ko irailatik abendua bitarteko aldirako ikastetxe pribatuen hezkuntza-itunen finantziatzeko.
Erabakia, 2014. urteko Auzolandegiak programa garatzeko zenbait udalekin elkarlan hitzarmena izenpetu ahal izateko baimena jasotzen dena.
Erabakia, "Gregorio Ybarra" Gorren aldeko elkarteari diru-laguntza zuzena ematen duena, 2013/2014ko ikasturtean Bizkaiko ohiko ikastetxeetan eskolatuta dauden eta entzuteko ezgaitasuna edo gorreria duten ikasleei arreta emateko logopedia ibiltariaren jarduerak finantzatzeko.
EARLALL, bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntzarako Eskualde eta Toki mailako Agintarien Elkarte Europarra.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Larrialdiak Kudeatzeko Legea Aldatzeko Aurreproiektua jakinarazi dute.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK 438.259 EURO ONARTU DITU LAGUNTZA HUMANITARIOKO HIRU PROIEKTUTARAKO.

Ebazpena, Garapen Lankidetza Sustatzeko 2014rako Fondoaren kontura ekintza humanitario bati diru-laguntza ematen diona, Asociación Taupadak erakundearen alde (PRE-2014BA/0004).

Ebazpena, Garapen Lankidetza Sustatzeko 2014rako Fondoaren kontura ekintza humanitario bati diru-laguntza ematen diona, Asociación ACNUR Euskal Batzordea erakundearen alde (PRE-2014BA/0006).

Ebazpena, Garapen Lankidetza Sustatzeko 2014rako Fondoaren kontura ekintza humanitario bati diru-laguntza ematen diona, Bizkaiko Asociación Ayuda en carretera DYA erakundearen alde (PRE-2014BA/0007).

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak erabaki du 438.259 euroko diru-laguntza bideratzea larrialdietako eta laguntza humanitarioko hiru proiektutara, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ematen dituen diru-laguntzen barruan.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur egin duen bileran argi berdea eman die hiru euskal GGKEri dirulaguntzak emateko ebazpenei; Sirian, Bolivian eta Kongoko Errepubika Demokratikoan proiektu humanitarioak egin ditzaten.

Zehazki, 190.000 euroko diru-laguntza eman zaio ACNUR Euskal Batzordeari Sirian errefuxiatuta bizi diren biztanleen oinarrizko beharrei erantzuteko.

Era berean, 174.602 euroko diru-laguntza onartu zaio Taupadak elkarteari, Boliviako bertoko biztanleek azkeneko uholdeen ondorioz elikaduran galdutako autosufizientzia berreskuratzeko proiekturako; eta 73.656 euroko beste laguntza bat, Bizkaiko DYA Errepidean Laguntzeko Elkartearen proiektu baterako, Kongoko Errepublika Demokratikoko Ipar Kivuko indarkeria sexualaren biktimen eskubideak berreskuratzeko.

Gaur onartutako diru-laguntzak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak emandakoak dira eta larrialdietarako eta laguntza humanitarioetako etengabeko finantziazioaren ildoan kokatzen dira. Aurten 1,6 milioiko aurrekontu hedagarria dute.

Aldez aurretik, Eusko Jaurlaritzak apirilean Siria, Filipinak eta Tanzaniako laguntza humanitarioko beste hiru proiekturi laguntza ematea onartu zuen, guztira 589.196 euro.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, LEGE HONEN ZENBAIT ARAUREN AURKA KONSTITUZIO KONTRAKO ERREKURTSOA JARTZEA BAIMENTZEKO: 1/2014 LEGEA, OTSAILAREN 28KOA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK LANALDI PARTZIALEKO LANGILEAK BABESTEKO ESPAINIAKO LEGEAREN AURKAKO ERREKURTSOA JARRI DU KONSTITUZIO AUZITEGIAN

• Jaurlaritzaren ustez, Euskadik Gizarte Segurantzaren arloan dituen eskumenak urratzen ditu Legearen 7. eta 8. artikuluen idazketaren zati batek, zehatzeko prozesuaren hasiera eta garapena beretzat hartzen baititu langabeziagatiko prestazioen edo subsidioen onuradunek arau-hauste arinak egiten dituztenean.

• Eusko Jaurlaritzak desadostasun-iturri diren artikuluak Estatuaren eta Euskadiren arteko aldebiko batzordean negoziatzea proposatuko dio Espainiako gobernuari.

Konstituzio Auzitegian 1/2014 Legearen, otsailaren 28koaren, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoaren 7. eta 8. artikuluaren zati batzuen aurkako errekurtsoa jartzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak, Euskadik Gizarte Segurantzaren arloan dituen eskumenak urratzen dituztela iritzita.

Arau-hauste arin jakin batzuk egiten dituzten langabeziagatiko prestazioen edo subsidioen onuradunak zehatzeko prozesuari dagokionez Espainiako gobernuak egindako aldaketa batzuek Gizarte Segurantzaren arloko Euskadiren eskumenak, Gernikako Estatutuaren 18. artikuluan jasotakoak, urratzen dituela ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek.

Batetik, Espainiako gobernuak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo Itsasoko Gizarte Institutuaren bitartez, zehatzeko prozedurak hasteko edo garatzeko ahalmena beretzat hartzen du baldin eta, langabeziagatiko prestazioaren edo subsidioaren onuradunek, lanaldi partzialeko kontratua amaitzean, enplegu-eskaria ez badute berritzen justifikatutako kausarik gabe. Era horretan, muga gainditu du arauak erregulazioan, eta Lanbide arau-haustearen jakinarazle hutsa bihurtzen du, zehatzeko prozesua hasteko edo izapidetzeko ahalmenik gabe, Konstituzio Auzitegiaren dotrinaren aurka.

Gauza bera gertatzen da langabeziagatiko prestazioen edo subsidioen onuradunek arau-hauste arinak egiten dituztenean, jakinarazpenak eta komunikazioak jasotzea bermatzeko behar den informazioa ez ematea, adibidez.

ALDEBIKO NEGOZIAZIOA

Errekurtsoa jarri aurretik, bere ustez eskumenak inbaditzen dituzten 7. eta 8. artikuluak sei hilabetez «Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean» negoziatzea proposatuko du Eusko Jaurlaritzak, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako moduan.

Uneotan Euskadiko eta Espainiako gobernuak beste hiru lege negoziatzen ari dira «Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean»:

o 8/2013 Legea, abenduaren 9koa, Hezkuntza Kalitatea hobetzekoa. (LOMCE)
o 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa.
o 20/2013 Legea, abenduaren 9koa, Merkatu Batasuna bermatzekoa.

Legegintzaldi honetan, batzorde horrek zazpi akordio lortu ditu guztira, Konstituzio Auzitegira jotzea saihestuta:

• Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretua. (Hitzarmen partziala)
• Osasunari buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretua. (Hitzarmen partziala)
• Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko Legea.
• Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legea.
• Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea.
• 2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta uztailaren 28ko Kostaldeei buruzko 22/1988 Legea aldatzen duena.
8/2013 Legea, ekainaren 26koa, hirien birgaitze, biziberritze eta berrikuntzari buruzkoa.

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

10 MILIOI EURO LANERATZEKO ENPRESAK SORTZEKO ETA DESGAITUEN EDO BAZTERKETA ARRISKUAN DAUDEN PERTSONEN ENPLEGUA SUSTATZEKO.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euro xedatuko ditu laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko eta bazterketa arriskuan dauden pertsonen enplegurako sarbidea errazteko.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburto sailburuak hala proposatuta, gobernuak 8,65 milioi euroko lehen laguntza-lerroa onartu du, laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko. Iazkoaren aldean, Lanbidek kudeatuko duen aurrekontu-saila 650.000 euro handiagoa izango da.

Laneratzeko enpresak merkataritza-sozietateak edo kooperatiba-sozietateak dira, eta gizarte-bazterketa pairatzen duten pertsonen laneratzea eta prestakuntza soziolaborala dute gizarte-helburu, bai eta enplegu arruntera igarotzea ere. Mota honetako laguntzak arautzen ditu 2009ko maiatzaren 4ko Aginduak.

Laneratzeko enpresek hiru urterako kontratatzen dituzte pertsona horiek. Hiru urte horietan, bada, lanbide bat irakasten diete, merkatu arruntean lan egiteko gai diren arte.

Laneratze-esparruan, halaber, gobernuak bi laguntza-lerro onartu ditu desgaituen enplegua sustatzeko. Orotara, 1,3 milioi euro xedatu ditu xede horretarako. Lehen laguntza-lerroa, 850.000 eurokoa, laneratzeko zailtasun handieneko desgaituak (enplegu lagundua) lan-merkatu arruntean txertatzera dago bideratuta. Laguntza-deialdi honetan hautagai izan ahalko dira irabazi asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta bestelako erakundeak, hala nola EAEko enplegu-zentro bereziak. Hautagaitza aurkezteko hilabete epea izango dute EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarren laguntza-lerroa, 450.000 eurokoa, lan-merkatu arruntean desgaituen enplegua sustatzera dago bideratuta. Horretarako, bi diru-laguntza mota emango dira: bata, kontratu mugagabeengatik; bestea, lanpostuak egokitzeagatik, norbera babesteko ekipoak erosteagatik eta desgaituen lana eragozten edo zailtzen duten hesiak eta trabak desagerrazteagatik.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTURAKO BAIMENTZEKO 2014/15 IKASTURTEKO 2014KO IRAILATIK ABENDUA BITARTEKO ALDIRAKO IKASTETXE PRIBATUEN HEZKUNTZA-ITUNEN FINANTZIATZEKO.

LABURPENA

183,412 MILIOI EURO HEZKUNTZA ITUNETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du 2014-2015eko ikasturtean 2014ko irailetik abendurako aldian itunpeko ikastetxe pribatuen hezkuntza-itunak finantzatzeko 183.412.310 euroko gastua baimentzeko erabakia.

Halaber, aipatutako hezkuntza-itunei buruzko agindu hauek onartu ditu:

Agindua, hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeek 2015-2016ko ikasturterako planifikazioa aldatzea eta 2014-2015eko ikasturterako itundu beharreko gelen kopurua zehazteko eskaera-inprimakiak eskatzeko inprimakiak onartu eta argitara ematen dituena. Halaber, eskaerak aurkezteko egutegia onartu eta argitara ematen da.

Agindua, 2014-2015eko eta 2015-2016ko ikasturteetarako itun berriak izenpetzeko eta 2014-2015eko ikasturterako itundu beharreko unitateen kopurua zehazteko prozesua deitzen duena.

Eta agindua, hezkuntza-itunak berritzeko, 2012-2013ko, 2013-2014ko, 2014-2015eko eta 2015-2016ko ikasturteetarako itun berriak adosteko eta 2012-2013ko ikasturterako itundu beharreko unitateen kopurua zehazteko prozesua deitzen duen agindua aldatzen duena.
 

 

ERABAKIA, 2014. URTEKO AUZOLANDEGIAK PROGRAMA GARATZEKO ZENBAIT UDALEKIN ELKARLAN HITZARMENA IZENPETU AHAL IZATEKO BAIMENA JASOTZEN DENA.

LABURPENA

AUZOLANDEGIAK PROGRAMA GARATZEKO EUSKO JAURLARITZAREN ETA UDALEN ARTEKO ELKARLANERAKO HITZARMEN PROPOSAMENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila baimendu du, 2014ko Auzolandegiak egitaraua garatzeko, zenbait udalekin elkarlanerako hitzarmenak sinatu ahal izan ditzan.

Aurten Euskadin gauzatuko diren zazpi auzolandegiak burutu ahal izateko, Saila sei udalekin ari da elkarlanean: Elgoibar eta Bergara Gipuzkoan, Lekeitio eta Lemoa Bizkaian eta Tertanga-Amurrio Araban.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak urtero antolatu ohi du gazteentzako Auzolandegiak egitaraua, eta berau garatu ahal izateko egoki jotzen da udalekin elkarlana gauzatzea, materialak, langileak edo instalazioen erabilera baimentzeko xedez. Sailaren ardurakoak izaten dira antolakuntza, izen emateak, sustapena, langileak kontratatzea, mantenua eta gerta litezkeen arriskuen gaineko estaldura.
 

 

ERABAKIA, "GREGORIO YBARRA" GORREN ALDEKO ELKARTEARI DIRU-LAGUNTZA ZUZENA EMATEN DUENA, 2013/2014KO IKASTURTEAN BIZKAIKO OHIKO IKASTETXEETAN ESKOLATUTA DAUDEN ETA ENTZUTEKO EZGAITASUNA EDO GORRERIA DUTEN IKASLEEI ARRETA EMATEKO LOGOPEDIA IBILTARIAREN JARDUERAK FINANTZATZEKO.

LABURPENA

GORTASUNA DUTEN PERTSONEI ARRETA EMATEA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du pertsona gorrei arreta emateko GREGORIO IBARRA pertsona gorren aldeko elkarteari diru-laguntza zuzen bat, 63.855 euroko zenbatekoan, emateko erabakia. Laguntza, 2013-14 ikasturteko iraila-abendua epean Bizkaiko ikastetxeetan eskolatuta dauden eta ezintasun auditiboa edo gorreria duten ikasleentzako logopedia jarduera ibiltariak finantzatzeko bideratuko da.
 

 

EARLALL, BIZITZAN ZEHAR EGIN BEHARREKO IKASKUNTZARAKO ESKUALDE ETA TOKI MAILAKO AGINTARIEN ELKARTE EUROPARRA.

Erabakia, Zuzendaritza Batzordean parte hartzeko hautagaitza aurkezteko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari baimena ematen diona eta EARLALL, European Association of Regional and Local Authorities for Lifelong Learning, bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntzarako Eskualde eta Toki mailako Agintarien Elkarte Europarreko Presidentziari baimena ematen diona.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran hartu du, Euskal Autonomia Erkidegoa Zuzendaritza Batzordeko kidea izateko eta EARLALLeko- Bizitzan Zehar Egin Beharreko Ikaskuntzarako Eskualde eta Toki Mailako Agintarien Elkarte Europarreko- Presidentziarako hautagai gisa aurkez dezan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari baimena emateko erabakia.

Bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntzari buruzko politiken eremuan kideen arteko lankidetza-maila bat lortzea eta Europako Batasuneko instituzioekin eta mundu osoko erakunde publiko eta nazioartekoekin lankidetza estua finkatzea ditu Elkarteak helburu.

Estatuen arabera, Elkartearen jarduerek ardatz hauek izan dituzte: proiektu europarrak sustatu eta kudeatzea; bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntzaren eremuan instituzio publikoekin eta mundu osoko erakundeekin lankidetza-ekimen bateratuak sustatzea; bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntzaren eremuko zenbait arlori begira esperientziak eta praktika onak trukatzeko eta berriztapena sustatzeko Elkarteko kideen artean lan-talde telematikoak bultzatzea.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

LARRIALDIAK KUDEATZEKO LEGEA ALDATZEKO AURREPROIEKTUA JAKINARAZI DUTE.

LABURPENA

• Babes zibilaren euskal sistema eguneratu eta indarreko erregulazioaren gabezia batzuk bete ditu

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Larrialdiak Kudeatzeko Lege-aldaketaren berri eman du Gobernu Kontseiluaren aurrean, Euskadiko Babes Zibileko Batzordearen aldeko txostena jaso eta gero. Eusko Jaurlaritzaren Lege Aholkularitzako Batzordearen izapide administratiboa gainditu ondoren, Kontseiluak onarpena eman eta Legebiltzarrean izapidetzeko prozesua hasiko da.

Gaur aurkeztutako aurreproiektuak Larrialdiak Kudeatzeko 1/1996 Legearen zenbait alderdi eguneratu nahi ditu. Arau aitzindari haren lorpen handiena izan zen sistema bakar batean larrialdi arrunten ohiko kudeaketa eta hondamendien aurreko erantzuna integratzea.

Onartu zenetik hemezortzi urte igaro diren honetan, beharrezkoa iritzi zaio zenbait alderdi eguneratzeari, oraingo baldintzetara eta teknologietara egokitu eta larrialdien kudeaketa hobetzeko.

Larrialdien eta babes zibilaren euskal sistema eguneratzeko, larrialdiko eta babes zibileko azpiegiturak eta zerbitzuak sendotu behar dira, baita herritarrekiko elkarreragina ere. Gainera, indarreko legediaren hainbat gabezia bete behar dira; esaterako, aurreikuspenaren eta alertaren antolamendua, herritarren eskubideak eta betebeharrak eta zigor-erregimena.

Herritarren eskubideen eta betebeharren erregulazioa dago eginiko hobekuntzen artean. Arriskuen eta horien aurreko babes-neurrien gaineko herritarren prestakuntza eta informazioa da eginiko hobekuntzetako bat, eta, aldi berean, herritarrak larrialdiei erantzuteko mekanismoetan inplikatzea sustatu da.

Larrialdien aurreko aurreikuspen- eta prebentzio-mekanismoak sendotu dira aurreproiektu honetan, alerta-sarea eta meteorologia-zerbitzuak babes zibilarekin lotzea erregulatuta. Halaber, lurralde-antolamendurako tresnek eta hirigintza-planek arriskuen inbentarioa eta mapa aintzat hartzea aurreikusi da, arriskuak prebenitzeko neurriak ezar ditzaten. Gainera, enpresen edo arrisku larriak sortzen dituzten erakundeen edota bereziki zaurgarrien autobabeserako betebeharrak sartu dira legean.

Bestalde, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren gaineko erregulazioa gaurkotu da, izaerari eta funtzioei dagokienez. Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa Euskadiko larrialdi- eta segurtasun-zerbitzuetara konektatutako komunikazio-plataforma da. Eusko Jaurlaritzak onartutako babes zibileko planen koordinazio operatiborako zentroa da, larrialdian larrialdiko teoria operatiboen arabera mugiarazitako zerbitzuen esku-hartzea errazten duena.

Aurreproiektuak arautzen dituen 112 zerbitzuaren alderdien artean daude honako hauek: larrialdiari loturiko datu pertsonalak jasotzea, lagatzea, babestea eta gordetzea, larrialdiaren kudeaketa eta datu pertsonalak babesteko betebeharra bateragarri egin ahal izateko.

Errekonozimenduak eta zehapenak

Larrialdien aurreko esku-hartze zerbitzuetako langileen ekintza azpimarragarriak eta egoera horietan herritarren inplikazioa eta lankidetza errekonozitzea ezartzen du legeak.

Aldatutako testuak larrialdiak koordinatzen dituzten langileen aginte-maila areagotu du, agintaritzako agentearen adinako bihurtuz.

Era berean, zehapen-erregimena arautzen du aurreproiektuak. Hala, Larrialdiak Kudeatzeko Legean jasotako betebeharren betearazpena gogortu da, batez ere autobabesaren esparruan: besteak beste, isunak 600.000 eurokoak izan ahalko dira.

Hondamendietan laguntzeko unitatea sortzea aipatzen du aurreproiektuak. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren mendeko erakundea izango da, EAEko larrialdietan edo EAEz kanpokoetan, hala eskatuz gero, pertsonak eta ondasunak babesteko xedea izango duena. Gainera, nazioarteko lankidetzako misioak egin ahalko ditu aipatutako unitateak.