2014/06/10 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Masterra egiteko eta indarkeria prebenitzeko eta gaiz sentsibilizatzeko proiektuentzako diru laguntzak.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, CONFEBASK-i, horren kide diren erakundeei (ADEGI, CEBEK eta SEA) bere diru-laguntza zuzena ematekoa, 2014an, Enpresa Lehiakortasunerako Plana garatzeko.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa, laneratzerako prestakuntza-baliabideei buruzko abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren II. kapituluan aurreikusitako hainbat laguntza finantzatzeko.
Jaurlaritzak interes sozialeko lehen hamahiru erakundeak izendatu ditu, gizarte zerbitzuen garapenari egindako ekarpenagatik.
Erabakia, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren arteko hezkuntza-lankidetzako hitzarmena sinatzeko baimena emateko dena. Lan Harremanetako graduko ikasleek kanpoko jarduera akademikoak (graduko curriculumetik kanpokoak) egitea du helburu hitzarmenak.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastu baten kontratua baimentzeko, kudeaketa zuzeneko jantokia duten Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxe publikoei prestatutako bazkariak, lehengaiak eta antzeko zerbitzuak ematearen kontzeptuan, 2014/15 ikasturterako.
Agindua. Horren bidez 2014-2015 ikasturtean dei egiten da ikertzaile doktoreen doktoretza-ondoko hobekuntza-programa laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko. Bertan ere laguntza horiek arautzen dira.
Agindua, unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibentzako diru-laguntzen deialdia egiten duena.
Agindua, Helduen Hezkuntzako ikasleen elkarteentzako eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteentzako laguntzetarako deia egiten duena.
Agindua, unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteen federazioentzako eta konfederazioentzako laguntzetarako deia egiten duena.
Azkoitiko hirigune historikoan bi higiezin desafektatzea.
OSASUN SAILA X. LEG.
Mendekotasunen legearen aurreproiektua.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Agindua, salgaien eta bidaiarien garraio publikoaren arloan lanbidea uzteko laguntza-programa bat ezartzen duena.
Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan teknologia berrien eta segurtasunaren sistemak ezartzeko laguntza-programa bat sortzen duena.
Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan kalitatezko kudeaketarako eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak ezartzeko laguntza-programa bat sortzen duena.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIAREN MASTERRA EGITEKO ETA INDARKERIA PREBENITZEKO ETA GAIZ SENTSIBILIZATZEKO PROIEKTUENTZAKO DIRU LAGUNTZAK.

Ebazpena, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, indarkeria-portaerei buruzko sentsibilizazio eta prebentziorako jarduerak eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta eta babesa emateko jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten erakunde, elkarte eta fundazioei 2014. urtean zehar diru-laguntzak emateko aukera arautu eta laguntza horietara biltzeko deia egiten duena.

Ebazpena, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, Emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko unibertsitate-master ofiziala egiteko laguntzen deialdia egiten duena.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak irabazte asmorik gabeko erakunde, elkarte eta fundazioei emateko diru-laguntzen deialdia onartu du, emakumeen aurkako indarkeriazko portaerak prebenitzeko eta haiekiko sentsibilizatzeko proiektuak, programak edo ekintza konkretuak gauza ditzaten, 2014. urtean zehar. Diru laguntzaren guztizko zenbatekoa 230.000 eurokoa da, eta proiektu eta erakunde bakoitzak 12.000 euro jasoko ditu, gehienez ere.

Honekin batera, emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko unibertsitate master ofiziala egiteko laguntzen deia egin da, zeina Deustuko Unibertsitatean emango baita, 2013-2014 ikasturtean. 27.291,60 euroko baliabide ekonomikoak daude honetarako, eta diru laguntza bakoitzak matrikularen %28a ordaintzeko balioko du, gehienez 1.819,44 euro.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, CONFEBASK-I, HORREN KIDE DIREN ERAKUNDEEI (ADEGI, CEBEK ETA SEA) BERE DIRU-LAGUNTZA ZUZENA EMATEKOA, 2014AN, ENPRESA LEHIAKORTASUNERAKO PLANA GARATZEKO.

LABURPENA

CONFEBASK ELKARTEAREKIN ETA KIDE DIREN ERAKUNDEEKIN (ADEGI, CEBEK, SEA) 2014KO INDUSTRIALIZAZIO PLANA GARATZEKO EGINIKO HITZARMENA

Jaurlaritzak CONFEBASKekin eta kide diren erakundeekin (ADEGI, CEBEK eta SEA) lankidetzan aritzeko hitzarmen bat egitea baimendu du. Horri jarraiki, 680.802 euroko ditu-laguntza emango da 2014-2016 aldirako Industrializazio Planaren barruan 2014ko ekitaldian garatu beharreko proiektuak finantzatzeko.

Laguntza honela banatuko da:

- CONFEBASK, 231.173,00 €
- ADEGI, 165.150,00 €
- CEBEK, 184.434,00 €
- SEA, 100.045,00 €

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta CONFEBASKen eta kide diren erakundeen arteko Lankidetza Hitzarmenean, 2014-2016 aldirako Industrializazio Planaren esparruan, zehaztuko dira laguntzak kudeatuko dituen organoa, proiektuetarako diru-laguntzen epeak eta ordainketa-moduak, jarduera osagarriak eta aldaketak.

Plan horrek lehentasunezko bost helburu ditu: Enplegua, Inbertsioa, Berrikuntza, Nazioartekotzea eta Industrializazioa. Bai eta bi jarduera-ardatz ere: Enplegu Estrategia eta Suspertzea (4i estrategia). Hala, zailtasunak dituzten enpresak, Industria Aurreratua eta proiektu berriak lagunduko dira, testuinguru lehiakorrago bat bultzatuta. Gaur onartutako laguntzak lankidetza publiko-pribatuaren estrategia orokor honen parte dira.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA BAIMENTZEKOA, LANERATZERAKO PRESTAKUNTZA-BALIABIDEEI BURUZKO ABENDUAREN 23KO 327/2003 DEKRETUAREN II. KAPITULUAN AURREIKUSITAKO HAINBAT LAGUNTZA FINANTZATZEKO.

LABURPENA

36 MILIOI EURO BIDERATUKO DIRA 15.000 LANGABETUREN TREBAKUNTZA PROFESIONALA HOBETZEKO

Eusko Jaurlaritzak 36 milioi euro baliatuko ditu Lanbiden erregistratuta dauden 15.000 bat lagunen laneratzea erraztuko duten trebakuntza-ekintzak finantzatzeko.

Ondoko hauek eskatu ahalko dituzte: lanbide-heziketa arautuko zikloak ematen dituzten baimenduriko zentro publiko eta pribatuak, bestelako prestakuntza-zentro pribatu eta publikoak (lanbide-heziketako zentro pribatuak, lanbide-hastapeneko zentroak, beste trebakuntza-erakunde batzuen hezkuntza-zentroak oro har) eta enpresak eta enpresa-taldeak (kontratazio-konpromisoei loturiko prestakuntza-proiektuak egiteko soilik).

Hurrengo hauek ere eskatu ahalko dituzte: udalerriak, mankomunitateak, koadrilak, toki-garapeneko agentziak eta horien mendeko sozietate publikoak; lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten taldeak babesteko elkarteak, fundazioak eta gobernuz kanpoko erakundeak; eta jarduera-eremu bezala laneratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeekiko giza baliabideen arloa duten kontsulta-entitateak.

Prestakuntza-ikastaroek, iaz 12.360 pertsonak jaso zituztenek 817 kurtsotan, arlo hauei emango diete lehentasuna:

- Ekoizpen-merkatuaren uneko beharretara egokitutako eskumenak eskuratzea ahalbidetuko duen prestakuntza egiaztagarria, ikasleei laneratze-aukera handia ematen dien titulu batean islatuta, oso praktikoa den prestakuntza batekin, eta sektoreko enpresekin harreman zuzena izanda. Horietan egingo da, bada, lanekoak ez diren praktiken nahitaezko modulua.

- Espezializazio adimendunaren prozesuetan, enpresen beharrei erantzuten dien prestakuntza berritzailea, produktibitatea eta lehiakortasuna handitzeko beharrezkoa dena.

- Laneratzeko zailtasunak dituzten taldeei egokitutako prestakuntza, oinarrizko edo lan egin aurreko prestakuntza gisa, kualifikazio-ikastaroetara eta ezgaitasunari egokitutako prestakuntzara sartzeko beharrezko ezagutzarik gabe.

- Kontratazio-konpromisoei eta lantokietan lanekoak ez diren praktikak egiteko konpromisoei lotutako prestakuntza, prestakuntza-zentro batean eskuratutako gaitasun teorikoak eta praktikoak enpresek eskaintzen dituzten postuetan garatzen diren benetako gaitasunekin doitzea, eta langabeen enplegagarritasuna hobetzea ahalbidetzen duena.
 

 

JAURLARITZAK INTERES SOZIALEKO LEHEN HAMAHIRU ERAKUNDEAK IZENDATU DITU, GIZARTE ZERBITZUEN GARAPENARI EGINDAKO EKARPENAGATIK.

Dekretua, Etorkintza Fundazioa gizarte-interesekotzat aitortzen dena.

Dekretua, Gizakia Fundazioa gizarte-interesekotzat aitortzen dena.

Dekretua, Goiztiri elkartea gizarte-interesekotzat aitortzen dena.

Dekretua, "Asociación Centro de Acogida Lagun Artean" elkartea gizarte-interesekotzat aitortzen dena

Dekretua, "Asociación Nagusilan, Voluntariado Social de Mayores" elkartea gizarte-interesekotzat aitortzen dena.

Dekretua, "Asociación Erroak, para la incorporación social y laboral de colectivos en situación y/o riesgo de exclusión" elkartea gizarte-interesekotzat aitortzen dena

Dekretua, "Asociación Uribe Costa" elkartea gizarte-interesekotzat aitortzen dena.

Dekretua, "Asociación de Reinserción Social Sartu-Álava" elkartea gizarte-interesekotzat aitortzen dena.

Dekretua, "Gorabide, Asociación vizcaína en favor de la personas con discapacidad intelectual" elkartea gizarte-interesekotzat aitortzen dena.

Dekretua, "Asociación Etorkinekin bat" elkartea gizarte-interesekotzat aitortzen dena.

Dekretua, "Asociación Zubietxe" elkartea gizarte-interesekotzat aitortzen dena.

Dekretua, "Asociación Módulo de Asistencia Psico-Social Auzolan" elkartea gizarte-interesekotzat aitortzen dena.

Dekretua, "Asociación Comisión Ciudadana Anti Sida de Bizkaia" elkartea gizarte-interesekotzat aitortzen dena.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzak, gaur bilduta, interes sozialeko izendatu ditu autonomia-erkidegoan diharduten irabazi asmorik gabeko 13 erakunde.

Figura hori izango duten lehen erakundeak dira; izan ere, Gizarte-zerbitzuen legean jasota egon arren, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren urriaren 7ko 424/2013 DEKRETUA onartu arte, araudia ez zegoen gauzatuta.

Interes sozialeko izendatuta, erakunde horiek autonomia-erkidegoko gizarte-zerbitzuen esparruan izandako ibilbidea eta egindako lana errekonozitu da. Hala, lehentasuna izango dute euskal administrazio publikoen diru-laguntzetan.

Gizarte-zerbitzuak eskaintzeko eta irabazi asmorik gabekoak izateko betekizunez gain, araudiak zehaztutakoaren arabera, interes sozialeko izendatzeko, langileen % 40k kontratu mugagabea izan behar dute.

Gaur interes sozialeko izendatu dituzten hamabi erakundeak honako hauek dira:

• AUZOLAN ASISTENTZIA PSIKOSOZIALEKO MODULUA ELKARTEA. Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 1986an eratu zen, pertsonen osasun fisikoa, psikikoa eta soziala sustatzeko eta garatzeko helburu nagusiarekin. Batez ere, Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• ETORKINTZA FUNDAZIOA. 1984an sortutako irabazi asmorik gabeko erakunde honen helburua da pertsonen bizi-kalitatea hobetzea osasun mentalaren, mendekotasunen eta gizarte zaurgarritasunaren esparruetan, prebentzioa, laguntza eta gizarteratzea baliatuta. Batez ere, Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• GORABIDE (Bizkaiko adimen urritasuna duten pertsonen aldeko erakundea). Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 1962an sortu zen, helburu nagusi hauekin: adimen-desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea beren bizitzako fase guztietan, beren gaitasunen gehienezko garapena eta bizi-segurtasuna lortzea eta desgaitasun psikikoak dituzten pertsonen laneratzea lortzea, beren ahalmenen neurrian.

• ERROAK ELKARTEA (bazterketa egoeran dauden eta/edo bazterketa-mehatxua duten kolektiboen gizarteratzea eta laneratzea). Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 1988an sortu zen. Bere helburu nagusia da mendekotasun-, desgaitasun-, pobrezia- eta gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen eta/edo taldeen gizarteratze eta/edo laneratze osoa lortzera bideratutako jarduerak eta zerbitzuak sustatzea eta garatzea. Batez ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoan egiten du lan.

• GIZAKIA FUNDAZIOA. Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 1993an sortu zen. Bere helburu nagusia da maila guztietako emakumeen eta gizonen droga-mendekotasunaren zein bestelako toxikomanien aurreko defentsara bideratutako jarduerak eta zerbitzuak sustatzea eta garatzea. Batez ere, Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• LAGUN ARTEAN HARRERA ZENTROA ELKARTEA. Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 1984an sortu zen. Bere helburu nagusia da hainbat baldintza direla medio (ekonomikoak, sozialak, kulturalak, pertsonalak, etab.) beren ohiko gizarte-dinamikan txertatuta ez dauden eta, ondorioz, egiazko marjinatu sozialak diren pertsonei arreta integrala, karitatezkoa, humanitarioa eta solidarioa ematea. Batez ere, Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• ETORKINEKIN BAT ELKARTEA. Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 1996an sortu zen. Bere helburu nagusia da elkartasuna sustatzea, etorkinen gizarteratzearen, laneratzearen eta kulturaratzearen alde lan eginez, kultura-arteko jardueran oinarrituta. Batez ere, Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• GOIZTIRI ELKARTEA. Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 1993an sortu zen. Bere helburu nagusia da pobrezian eta/edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonak eta kolektiboak laguntzea, kausei aurre eginez, eraginak arinduz, gizartea sentsibilizatuz eta, horretarako, ekintza eta zerbitzu egokiak eskainiz eta garatuz. Batez ere, Bilbo Handia eskualdean egiten du lan.

• NAGUSILAN ELKARTEA (adindunen gizarte-boluntariotza). Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 1995ean sortu zen. Bere helburu nagusia erretiratuen eta adindunen ekintzak sustatzea, programatzea, antolatzea, gauzatzea eta kontrolatzea da, kolektibo horren eta gizarte osoaren mesedetan, behartsuenei arreta ematea lehenetsita. Batez ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoan egiten du lan.

• SARTU GIZARTERATZE ELKARTEA (Araba). Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 1988an sortu zen. Bere helburu nagusia da mendekotasun-, babesgabetasun-, desgaitasun-, pobrezia- eta gizarte-bazterketako egoeran edo egoteko arriskuan dauden pertsonen eta/edo taldeen gizarteratze eta/edo laneratze osoa lortzera bideratutako jarduerak eta zerbitzuak sustatzea eta garatzea.

• URIBE KOSTA ELKARTEA. Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 1976an sortu zen. Bere helburu nagusia da adimen-desgaitasuna duten pertsonen eta beren familien bizi-kalitatea hobetzera bideratutako jarduerak eta zerbitzuak sustatzea eta garatzea. Batez ere, Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• ZUBIETXE ELKARTEA, gizarte-bazterketako egoeran edo egoteko arriskuan dauden pertsonei zuzendua. Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 1992an sortu zen. Bere helburu nagusia da gizarte-bazterketako egoeran edo egoteko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea erraztea, horretarako aukerak eskainita pertsona bakoitzari, hiritartasun osoa eskuratu, eta bizi-kalitate hobea izan dezan. Batez ere, Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• BIZKAIKO HIESAREN KONTRAKO HERRITARREN BATZORDEA. Irabazi asmorik gabeko erakundea da, 1987. urtean sortua, eta helburu nagusi dauka HIESa (GIB) prebenitzeko zenbait lan, horren inguruko ikerketa, eta fenomeno horretatik eratorriko giza-eraginak.
 

 

ERABAKIA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ARTEKO HEZKUNTZA-LANKIDETZAKO HITZARMENA SINATZEKO BAIMENA EMATEKO DENA. LAN HARREMANETAKO GRADUKO IKASLEEK KANPOKO JARDUERA AKADEMIKOAK (GRADUKO CURRICULUMETIK KANPOKOAK) EGITEA DU HELBURU HITZARMENAK.

LABURPENA

LAN HARREMANETAKO GRADUKO IKASLEEK LANBIDEN EGIN AHAL IZANGO DUTE BEREN PRAKTIKALDIA

Eusko Jaurlaritzak, bere Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Mari Aburtok proposatuta, baimena eman du Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Lanbideren artean, hezkuntzaren arloko lankidetzako esparru-hitzarmen bat sinatzeko, kanpo-praktikaldi akademikoa Lanbiden egiteko aukera izan dadin.

Unibertsitate mailako irakaskuntzaren egungo antolamenduak azpimarratzen du praktikaldia kanpoan egin beharra, graduatuak gero aiseago har ditzaten enpresek lanerako. Beraz, hitzarmen hau sinatzeak aukera emango die Euskal Herriko Unibertsitatearen Lan harremanetako Eskolako ikasleei halako praktikaldi akademikoa –gutxienez lau praktika– Enpleguko Euskal Zerbitzuan, Lanbiden hain zuzen, egiteko. Hala, prestakuntza akademikoan ikasitakoak aplikatu ahal izango dituzte eta etorkizunean profesional gisa lan egiten dutenerako trebetasunak bereganatu. Praktikaldiaren iraupena 150 eta 300 ordu artekoa izango da.

EHUrekin sinatutako hitzarmenak Lanbideren konpromisoa du esparru: enplegu egonkor eta kalitatekoa lortzeko eskubidea benetako izan dadin lan egitekoa eta langileen enpleagarritasuna bermatzen eta enplegua enpresen beharren araberako langilez betetzen eraginkor laguntzen duen lan-merkatu bat konfiguratzearren lan egitekoa.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTU BATEN KONTRATUA BAIMENTZEKO, KUDEAKETA ZUZENEKO JANTOKIA DUTEN HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILAREN MENPEKO IKASTETXE PUBLIKOEI PRESTATUTAKO BAZKARIAK, LEHENGAIAK ETA ANTZEKO ZERBITZUAK EMATEAREN KONTZEPTUAN, 2014/15 IKASTURTERAKO.

LABURPENA

92,8 MILIOI EURO IKASTETXE PUBLIKOETAKO JANTOKIETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran bazkari prestatuetarako, lehengaietarako eta hornidura horren moduko zerbitzuetarako 92,77 milioi euroko gastu-baimena onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden kudeaketa zuzeneko jantokiak dituzten ikastetxe publikoetarako.

2014/2015 ikasturtean euren jantokiak zuzenean kudeatuko dituzten ikastetxe publikoak 490 izango dira.
 

 

AGINDUA. HORREN BIDEZ 2014-2015 IKASTURTEAN DEI EGITEN DA IKERTZAILE DOKTOREEN DOKTORETZA-ONDOKO HOBEKUNTZA-PROGRAMA LAGUNTZAK BERRITZEKO ETA LAGUNTZA BERRIAK EMATEKO. BERTAN ERE LAGUNTZA HORIEK ARAUTZEN DIRA.

LABURPENA

2,67 MILIOI EURO, PERTSONAL IKERTZAILE DOKTOREAREN HOBEKUNTZA-BEKETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politica eta Kulturako sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2014/2015eko ikasturtean pertsonal ikertzaile doktorearen doktoretza-ondoko Hobekuntza-programarako laguntzak, berriak eta lehen zeudenak berritzea, arautu eta deitzen dituen agindua.

2014-2015eko ikasturtean EAEko aplikazio-ikastegietan dauden ikertzaile doktoreentzako, baita aldi baterako atzerrira joaten direnentzako ere, hobekuntza-bekak, berriak eta zeudenak berritzea, arautu eta deitzea ditu agindu honek, 2.670.870 euroko zenbatekoa duenak, helburu.
 

 

AGINDUA, UNIBERTSITATEAZ BESTEKO IRAKASKUNTZA-KOOPERATIBENTZAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

IRAKASKUNTZA-KOOPERATIBEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Política eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko egunean onartu du unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titularrak diren kooperatibentzat dirulaguntzak deitzen dituen agindu bat.

Irakaskuntza-kooperatibentzat dirulaguntzak deitzea, 33.000 euroko zenbateko globalean, du agindu honek helburu, ikastetxe desberdinetako ikasleentzako jarduerak egiteagatik dituzten gastuetan laguntzeko eta ikasleen gurasoen prestakuntzarako.
 

 

AGINDUA, HELDUEN HEZKUNTZAKO IKASLEEN ELKARTEENTZAKO ETA UNIBERTSITATE-MAILAKOAK EZ DIREN IKASTETXEETAKO IKASLEEN GURASO-ELKARTEENTZAKO LAGUNTZETARAKO DEIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

500.000 EURO GURASO ELKARTEETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko egunean onartu du Helduen Hezkuntzako ikasleen elkarteentzako eta unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeetako ikasleen guraso elkarteentzako dirulaguntzak deitzen dituen agindu bat.

500.000 euroko zenbateko globalean dirulaguntzak deitzea du agindu honek helburu, ondorengo gastuak finantzatzen laguntzeko: HHIko ikasleen elkarteek eta guraso elkarteek funtzionatzeko jarduerek eta azpiegiturek eragindakoak; ikastetxe desberdinetako guraso eta ikasleei zuzendutako jarduerek eragindakoak.
 

 

AGINDUA, UNIBERTSITATE-MAILAKOAK EZ DIREN IKASTETXEETAKO IKASLEEN GURASO-ELKARTEEN FEDERAZIOENTZAKO ETA KONFEDERAZIOENTZAKO LAGUNTZETARAKO DEIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

350.000 EURO IKASLEEN GURASO ELKARTEEN FEDERAZIO ETA KONFEDERAZIOEN LAGUNTZETARAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, unibertsitatez besteko ikasleen guraso elkarteen Federazio eta Konfederazioentzako diru-laguntzetarako deia egiten duen Agindua onartu du.

Laguntzak Federazio eta Konfederazioek beharrezko dituzten azpiegitura gastuei aurre egiteko emango dira, elkarteen laguntza eta aholkularitza gastuei aurre egiteko, eta gurasoen formakuntza ekintzen gastuei aurre egiteko. Ekintza hauek guztiek 2014an burutuak izan beharko dute. Deialdi honek 350.000 euroko diru kopurua du.
 

 

AZKOITIKO HIRIGUNE HISTORIKOAN BI HIGIEZIN DESAFEKTATZEA.

Dekretua, aurri-egoerako deklarazio-prozeduraren barne dauden Azkoitiko (Gipuzkoa) Kale Nagusiko 6. eta 8. zenbakian diren higiezinak desafektatzea ebazten duena. Ondasun higiezin horiek Azkoitiko Hirigune Historikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa izendatu, eta hura zaintzeko babes araubidea ezartzen duen urtarrilaren 25eko 17/2005 Dekretuaren eraginpean daude.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Azkoitiko Kale Nagusiko 6. eta 8. zenbakietan dauden higiezinak desafektatzea adosten duen Dekretua onartu du, aurri-egoerako deklarazio-prozeduraren barne baitaude. Aipaturiko higiezinak, Azkoitiko Gune Historikoa Kultura Ondasun Kalifikatu izendatzen duen urtarrilaren 25eko 17/2005 Dekretuan daude jasoak, oinarrizko babesarekin.

Jaso diren txosten teknikoak, aurri-espedientea eta orain arteko jarraibideak ikusita, Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordeak aipatutako higiezinak desafektatzea adostu zuen. Dekretuak EHAAn argitaratzen den egun beran hasita izango ditu ondorioak.
 

 

OSASUN SAILA X. LEG.

MENDEKOTASUNEN LEGEAREN AURREPROIEKTUA.

LABURPENA

PREBENTZIOA, MENDEKOTASUNAREN EREMUKO ERREALITATE BERRIENTZAKO KONPONBIDEAK AURKITZEA XEDE DUEN ARAUAREN OINARRI NAGUSIA

• Adingabeen eta gizatalde ahulenen osasunari erreparatuko dio, bereziki, urtea amaitu baino lehen Legebiltzarrera eraman nahi den legea

Mendekotasunen legearen aurreproiektuaren berri eman dio gaur goizean Osasun sailburu Jon Darponek Gobernu Kontseiluari.

Osasun sailburuak komunikabideen aurreko agerraldian adierazi duen bezalaxe, «helburua da urtea amaitu aurretik mendekotasunen legea Legebiltzarrera eramatea; legea zabalagoa izango da eta egungo gizartearen beharrekin bat etorriko da, eta batez ere adingabekoen eta gizarte-egoera ahulenean dauden taldeetako pertsonen osasuna zainduko du».

Lege berriak hurrengo alderdietan sakonduko du: erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak, prebentzioa eta adingabekoen alkohol-kontsumoa; jakina, substantziarik gabeko mendekotasunei helduko die, bai eta azken boladan ugaritu diren produktu berriei ere, nikotina aska dezaketen gailuak kasu. Zehazki, hauek dira xedeak, Osasun sailburuaren arabera:

- Mendekotasunei aurre egitea ikuspegi globalagoa erabilita, mendekotasun klasikoak (substantzia batekikoak) zein substantziarik gabekoak barne hartuta. Hortaz, drogazaletasunak izendapen klasikotik mendekotasunak izendapenera igaroko gara, eta inguruko araudi eta estrategien aurrerapen eta bilakaerara egokituko dugu gure araudia.

- Osasun-estilo osasungarrien sustapena eta prebentzioa nabarmentzea, administrazioaren jarduketen ardatz nagusiak diren aldetik.

- Mendekotasunen fenomenoa zeharkakotasuna eta dimentsio-aniztasuna oinarri hartuta lantzea, erlazionatutako edo eraginpeko esparru guztietatik (komunitatea, familia, hezkuntza, lana, justizia, polizia...), ikuspegi globalizatzaile, oso eta planifikatua baliatuta eta era normalizatuan.

- Eskumen-alor eta erakunde bakoitzaren erantzukizunak zehaztea, eta erakunde-, partaidetza- eta koordinazio-egitura egokitzea.

96 artikuluren bidez, esku-hartzeko zenbait esparru nagusi planteatzen ditu arauak, zehazki: osasunaren sustapena eta mendekotasunen prebentzioa, eskaintzaren murriztapena, gizarteratzea eta arreta sanitario eta soziosanitarioa, ezagutzaren garapena eta kudeaketa, eta, amaitzeko, gaiaren inguruko erakunde-antolakuntza.

Ikuspegi integrala hartu da oinarri proposatutako testua idazteko. Era horretan, gure inguruan gehien kontsumitzen diren substantzia mendekotasun-sortzaileak jasotzen ditu, alegia, alkohola, tabakoa, substantzia estupefaziente eta psikotropikoak eta mendekotasuna sor dezaketen industria-produktuak. Berritasun moduan, nikotina aska dezaketen gailuak arautzen ditu legeak. Horretaz aparte, eta lehendabiziko aldiz, jokaera-mendekotasunak edo substantziarik gabeko mendekotasunak (adibidez, ludopatia) barne hartuko ditu araudiak.

Eta, gainera, prebentzioan arreta handia jarriko duenez gero, legean leku izango dute ere mendekotasunen jatorri diren arrisku-faktoreek, substantzien kontsumo arazotsuek, eta jokaera-mendekotasunak sor ditzaketen gehiegizko jarrerek, errealitate berri hauen ondoriozkoak direnak, besteak beste: sare sozialak, teknologia digitalak eta horietarako diseinatutako aplikazio berriak, telefono mugikorrak eta bideojokoak.

Legeak 96 artikulu izango ditu, honela banatuta egongo direnak: zazpi titulu edukiko ditu, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen (araudi-garapenari eta indarrean sartzeari buruzkoak).

Atariko tituluak indarreko legeak baino esparru teoriko osoagoa ematen du. Bertan landuko dira legearen esparru materiala, xedeak, definizioak, printzipio orokorrak, prebentzio- eta arreta-ereduaren oinarrizko alderdiak eta pertsonen eskubide eta betebeharrak. Zentzu horretan, bereziki berritzaileak dira pertsonen eskubideen aitorpena eta betebeharren ezarpena, gizarte- edo osasun-zerbitzuen erabiltzaile diren neurrian, baina baita beren askatasun pertsonalaren onarpen gisa.

Legearen lehenengo tituluan, osasun publikoa, osasunaren sustapena eta mendekotasunen prebentzioa jotzen dira lehentasunezko jarduketa-arlo moduan. Hala, berritasun azpimarragarri gisa, kapitulu oso bat eskaintzen zaio osasunaren sustapenari. Osasuna sustatzeko eta mendekotasunak prebenitzeko neurriak biztanleria osoari eta arrisku-egoeran edo egoera ahulean dauden pertsona zein taldeei zuzenduta daude, eta osagarri gisa, jokaerazkoak ez diren mendekotasunak xede dituzten neurri espezifikoak ezarri dira (egur, zientziak ez ditu mendekotasun gisa hartzen), horretarako ahal adina esparru inplikatuz; horien barruan, komunitateak, familiak eta hezkuntzak dute lehentasuna.

Bigarren tituluak eskaintza-murriztapena du hizpide. Prebentziotik bereizi da, eta substantzien arabera egituratuta dago. Horietako bakoitzaren barruan, publizitatea, salmenta, horniketa eta kontsumoa arautzen ditu. Tabakoari dagokionez, gaur egungo zenbait xedapen mantendu dira (nahitaez bete beharreko estatuko araudia); alkoholaren kasuan, berriz, muga handiagoak planteatu dira publizitate, salmenta eta kontsumoari dagokienez (adingabeak babeste aldera); zigarreta elektronikoa tabakoaren pare jarri da, eta kontzientziazio-neurriak ere ezarri dira, ausazko jokoen erabilgarritasuna murrizteko eta teknologia digitalen zentzuzko erabilera bultzatzeko.

Hirugarren tituluak arreta sanitario eta soziosanitarioari heltzen dio eta pertsonen beharretan oinarritutako arreta osoa planteatzen du, normalizazioa eta gizartearatzea xede.

Gizarteratzea laugarren tituluan lantzen da, arreta sanitario eta soziosanitariotik bereizita. Izan ere, osasunekoa ez beste sistema publiko batek gauzatuko du jarduketa kasu horretan, jarduteko printzipio propioekin.

Bosgarren tituluak, ezagutzaren kudeaketari buruzkoak, indarreko legean bananduta eta sakabanatuta dauden alderdiak bateratzen ditu. Mendekotasunen esparruko informazio-lanak aurreikusita daude, osasun-, gizarte-, hezkuntza- eta lan-administrazioak aurrera eramango dituenak. Jarduerak ezartzen dira, ikerketa sustatzen da, eta mendekotasunen inguruko programen ebaluazioa ere barne hartzen da. Horretaz aparte, sariak edo besteko merezimenduak sortzeko aukera irekitzen da, alor horretan lan aipagarria egin duten pertsona publiko nahiz pribatuei aintzatespen publikoa emateko.

Seigarren tituluak erakunde-antolakuntzarekin, plangintzarekin, gizarte-ekimenarekin, koordinazioarekin eta partaidetzarekin lotutako alderdiak ditu hizpide. Horrela, erakundeen eskumenak eta erantzukizunak katalogatu ez ezik, erakunde-egitura egokitzen du. Horren bidez, gaur egungo Sail Arteko Batzordea (Gobernuko sailek bakarrik parte hartzen dute bertan) Gobernuak, foru-aldundiek eta udalek osatutako erakunde arteko batzordea izatera igaroko litzateke.

Amaitzeko, azken tituluak, arau-hauste eta zehapenen ingurukoak, zehapen-araubide berria ezartzen du, eta arau-hausteak argiago sailkatzen, araua eraginkortasunez betetzea lortzeko. Zehapen-eskumenak dituzten organoei dagokienez, honako hauek dira: Gobernu Kontseilua, mendekotasunen alorreko eskumena duen saileko organoa, eta Udalerriak.

Zehapenekin lotuta, berriz, isun errealagoak ezarri dira, zenbatekoak arau-haustearen benetako larritasunera egokituz: arau-hauste arinen kasuan, 600 eurora artekoak izango dira isunak; larriak baldin badira, 10.000 eurora artekoak, eta oso larrien kasuan gehienez ere 600.000 euro ezarri ahalko dira. Egitateak adingabe batek gauzatzen baditu, zehapen ekonomikoa berreziketako neurriekin ordeztu ahalko da, esaterako, arau-hausleak gizartearentzako lanak edo ekintzak egitea, edo mendekotasunekin lotutako prestakuntza- edo informazio-programetan parte hartzea.

INFORMAZIO GEHIGARRIA

Eusko Jaurlaritzak, sorreratik bertatik ia-ia, erakunde arteko ikuspegia baliatuta mendekotasunen fenomenoari heltzeko eta erantzuna emateko konpromiso sendoa hartu zuen. Horretarako, besteak beste hurrengo ekintza hauek gauzatu zituen:

- Droga Arazo Koordinakundearen sorrera, 1981ean.

- Drogazaletasunen esparruko lehenengo Jarduketa Planaren onarpena, 1982an.

- Sail Arteko Batzordea eta Legebiltzar Batzordea martxan jartzea, 1984an.

- Drogamenpekotasunen Aholku Kontseiluaren sorrera, 1991n.

Azken urteotan, bi lege izan ditu Euskadik, 1988koa eta 1998koa (hori hiru aldiz aldatu da).

Drogomendekotasunen lehenengo legea 1988an onartu zen, aldaketa sozial eta politiko sakonak gertatu ziren testuinguruan. Garai hartan, euskal gizartearen arazoen artean lehendabizikoa zen droga. Legeak asmo pedagogiko argia izan zuen, eta droga-mendekotasunen prebentzioan, arretan eta gizarteratzean jarri zuen arreta dagoeneko.

Hamar urte beranduago testu berri bat onartu zen, ekainaren 25eko 18/1998 Legea, hain zuzen, legeria errealitate berrira egokitzeko asmoa zuena, inplikatutako administrazio eta sektore guztien erantzukizun partekatuan eta koordinazioan sakonduko zuen ikuspegia baliatuta. Lege kontinuista izan zen funtsean, eta prebentzio-politikek eraginkortasun handiagoa izatea bilatzen zuen, prebentzio komunitarioko udal-talde teknikoak sortu eta ezartzearen bidez.

18/1998 Legea hiru aldiz aldatu da. Azkenekoa, 2011n, OMEk, Europar Batasunak eta estatuko oinarrizko legeriak planteatutako betekizunetara egokitzeko, osasun publikoaren babesari eta tabakoari dagokienez.

Urte horietan, era berean, planifikazioari garrantzi handia eman zaio erakunde guztietan: droga-mendekotasun edo zaletasunei buruzko sei euskal plan egin dira, bai eta foru- eta toki-planak ere.

Mendekotasunen alorrean, arauek nahiz planek egituratu dute Eusko Jaurlaritzaren politika, eta aukera eman dute prebentzio, arreta eta gizarteratzearekin lotutako programak, babesak eta lorpenak gauzatzeko, guztia ere eraginpeko pertsonei arreta egokia ematea bermatzeko eta substantzien kontsumoak eta abusuak eragindako arazo soziosanitarioei aurre egiteko.

Gainera, 26 urte hauetan zehar asistentzia-sare publiko, dibertsifikatu eta profesionalizatu indartsua sendotuz joan gara: prebentzio-lanak eta osasuna sustatzekoak gauzatzen ditu, baina, era berean, arreta ematea eta gizarteratzea ere ditu helburu, mendekotasunak dituzten pertsonei eta beren senideei arreta osoa eta integratua emanez. Asistentzia-baliabide publiko horien (osasunekoak, sozialak eta soziosanitarioak) osagarri gisa, irabazi asmorik gabeko hainbat elkarte eta erakundek eskainitakoak ditugu; administrazioarekin elkarlan estuan arituz, mendekotasunen eraginpeko pertsonen alde lan egin dute, eta egun ere horretan dihardute.

Halaber, informazioa eta datuak lortzeko eta analisiak egiteko tresna garrantzitsuak ditu Euskadik, mendekotasunekin lotutako politikak diseinatu, ezarri eta ebaluatzeko ezinbestekoak direnak. Hala, Droga Mendekotasunen Behatokiak bildutako ikerketak, Euskadi eta Drogak txosten-multzoa eta Drogak eta Eskola txostenak ere oinarrizkoak izan dira 2014a amaitu baino lehen onartuko den mendekotasunen lege berria egiteko.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

AGINDUA, SALGAIEN ETA BIDAIARIEN GARRAIO PUBLIKOAREN ARLOAN LANBIDEA UZTEKO LAGUNTZA-PROGRAMA BAT EZARTZEN DUENA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK SALGAIEN ETA BIDAIARIEN GARRAIO PUBLIKOAREN SEKTOREAN JARDUERA UZTEKO LAGUNTZA-PROGRAMA BAT EZARRI DU

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektorerako laguntza-programa bat ezarri du; zehazki, sektore horretan diharduten adin handiko garraiolariak jarduera uztera bultzatzeko.

Gobernu Kontseiluak, 2000ko irailaren 19ko Akordioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko errepide bidezko salgaien garraioaren sektorea antolatzeko plana onartu zuen, eta, bertan, lanbidea uztea bultzatzeko neurriak hartzea planteatu zuen; izan ere, salgaien errepide bidezko garraio publikoaren arloan den arazoetako bat garraiolari autonomoen adin handia da. Horrenbestez, urte horretatik aurrera, laguntzen deialdia egin izan da, hainbat aldaketarekin.

Edizio honetan, aurrekontua 150.000,00 eurokoa da, eta laguntzen gehiengoak honako hauek dira: Lau mila eta ehun (4.100,00) euro, garraiolariari 65 urte betetzera iristeko falta zaion seihileko bakoitzeko, baldin eta ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoa egiten badu, edota bidaiarien autobus bidezko garraio publikoa egiten badu; Bi mila eta seiehun (2.600,00) euro, garraiolariari 65 urte betetzera iristeko falta zaion seihileko bakoitzeko, salgaien garraio publikoa ibilgailu arinetan egiten badu; eta hamar mila (10.000,00) euro, lanerako ezintasun iraunkor absolutua edo ezintasun iraunkor osoa aitortu zaion garraiolariari.
 

 

AGINDUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SALGAIEN ETA BIDAIARIEN ERREPIDEKO GARRAIO PUBLIKOAN TEKNOLOGIA BERRIEN ETA SEGURTASUNAREN SISTEMAK EZARTZEKO LAGUNTZA-PROGRAMA BAT SORTZEN DUENA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK LAGUNTZAK EMANGO DITU, SALGAIEN ETA BIDAIARIEN ERREPIDE BIDEZKO GARRAIO PUBLIKOAN SEGURTASUNA HOBETZEKO TEKNOLOGIA BERRIAK INSTALATZEKO

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, Gobernu Kontseiluan onartutako agindu baten bidez, laguntza-programa bat ezarri du, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektorean segurtasuna areagotzeko teknologia berriak ezartzeko.

Ana Oregi sailburuak esan duenez, «horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien garraio publikora bideratutako ibilgailuetan SaaS (Software as a Service) edo antzeko bat oinarri duten floten kudeaketa, lokalizazio eta kontrolerako sistemak eta segurtasun-sistemak ezartzea sustatuko dugu, zerbitzu ematean segurtasun, kalitate, gardentasun eta arintasun handiagoa lortzeko».

Lan horietarako aurrekontua 50.000,00 eurokoa da. Eusko Jaurlaritza 2005ean hasi zen laguntzen deialdi hori egiten. Aurtengoan, deialdiak berritasun bat izango du: kudeaketa eta kontrolerako zentro batera konektatutako floten lokalizazio eta kudeaketarako sistemak (GPS edo antzekoetan oinarritutakoak) instalatzeari ere laguntzak emango zaizkio. Floten kontrolerako eta kudeaketarako sistema baten barruan ez dauden lokalizazio-elementuen erosketa indibidualari ez zaio laguntzarik emango.

Ekimen horrekin, kudeaketa-sistema osoen ezarpena bultzatu nahi du Jaurlaritzak, eta ez lokalizazio-aparatu edo -elementuen erosketa esklusiboa.
 

 

AGINDUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SALGAIEN ETA BIDAIARIEN ERREPIDEKO GARRAIO PUBLIKOAN KALITATEZKO KUDEAKETARAKO ETA INGURUMENAREN KUDEAKETARAKO SISTEMAK EZARTZEKO LAGUNTZA-PROGRAMA BAT SORTZEN DUENA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAKO INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILAK KALITATE-KUDEAKETARAKO ETA INGURUMEN-KUDEAKETARAKO SISTEMEN EZARPENA BULTZATU NAHI DU SALGAIEN ETA BIDAIARIEN ERREPIDE BIDEZKO GARRAIO PUBLIKOAREN SEKTOREAN

Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bitartez, laguntza multzo bat ezarri du Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektorean kalitate-kudeaketarako eta ingurumen-kudeaketarako sistemak ezartzeko.

«Programa horrek Euskal Autonomia Erkidegoan salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektorean kalitate-kudeaketarako eta ingurumen-kudeaketarako sistemak ezartzeko laguntzak eskaintzen ditu, segurtasun, kalitate, gardentasun eta arintasun handiagoa lortzeko helburuarekin. Ingurumen-kalitaterako sistemen ezarpena bultzatzen du: ISO 9000 eta 14001, EMAS araudia edo Ekoescan», azaldu du Ana Oregi sailburuak

Aurtengorako aurrekontua 30.000,00 eurokoa da. Eusko Jaurlaritza 2005ean hasi zen deialdia egiten, eta urtero egin du geroztik, 2013an salbu, urte horretan ez baitzuen deialdirik egin.

Aurreikusitako laguntzen zenbatekoa itzuli ezingo den abonu baten bitartez egingo da, ziurtatutako gastuen % 25 hartuko duena, eta % 30era igoko da eskatzaileak hurrengoa badu: eraginkorra den eta ekonomiarekiko eta ingurumenarekiko jasangarria den floten kudeaketarako egiaztagiri bat. Onuradun bakoitzak 2.000,00 euro jaso ahalko ditu gehienez.