2014/06/17 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzari 2020 Zientzia eta Teknologiako euskal estrategian lagunduko dion Zientzia Aholkularitza Batzordearen lehen bilera.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Jaurlaritzak aldeko iritzia azaldu du Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari diren lege proposamenetako biren gainean.
Erabakia, Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Publikoaren Plana -2014-2016- onartzeko dena.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, zeinaren bidez Elgoibarko Udalari zuzeneko diru-laguntza bat esleitzen baitzaio, Elgoibarren Makina Tresnaren Mendeurreneko ospakizunean lagundu eta hura bultzatzeko.
Erabakia: 2014. urtean Euskal Herriko bertako abere-arraza mantendu, sustatu, zabaldu eta ikertzeko ekintzak burutu ditzan Euskal Abereak Elkarteari diru-laguntza zuzena emateari buruzkoa.
Ebazpena, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, 2014ko ekitaldiari dagokionez merkataritza-banaketaren dinamizatzaileen prestakuntzarako bekak emateko deialdi publikoa egiteko dena.
Agindua; honen bitartez, Euskadiko turismo-lehiakortasuna sustatzeko laguntza-programa arautzen da.
Dekretua, enpresal finantzatzeko abal publikoak emateko programa berezi bat garatzeko dena.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
300.00 euro lan arriskuen prebentziorako delegatuen oinarrizko trebakuntzarako.
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Euskadiren 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorraren aurreproiektua prestatzeko Gidalerro Ekonomikoak onetsi ditu Jaurlaritzak.
Erabakia, baimena ematen duena 4312 "Etxebizitza" programaren konpromiso-kredituak aldatu, 5.785.928,91 eurorekin.
Erabakia, Sociedad para la Transformación Competitiva - Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. konpromiso-kredituak hartzeko, 20.362.000 euroko zenbatekoarekin.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua. Honen bidez, diru-laguntzetarako deialdia egiten zaie Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak irakasten dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei, 2014-2015 ikasturtean prestakuntza-jarduerak egin ditzaten.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Helburua: 2014-2015 ikasturtean hasierako lanbide-prestakuntzako programak gara ditzaten udal, mankomunitate edo horiek sorturiko entitate eta entitate pribatuentzako diru-laguntzak finantzatzea.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako aurrekontua duen kontratua baimentzen duena, G038/10 espedientea, Donostian, Aiete LHI, Lehen Hezkuntzako 9 unitate dituen ikastetxe berria eraikitzeko obrak finantzatzeko.
Erabakia, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilbao Ekintza, E.P.E.L-ekin. sozietatearekin lankidetza-hitzarmen bat izenpetzeko baimena emateko dena. Hitzarmenaren bidez, Mundobasket 2014 txapelketaren lehen fasea antolatu nahi da, Bilbon.
OSASUN SAILA X. LEG.
Agindua, 2014ko ekitaldian talde teknikoak mantentzeko, adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko, arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko proiektuak egiteko laguntza ekonomikoetarako deialdia egiten duena.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Erabaki-proposamena, Euskadiko Kirol Portua S.A. baltzuari portuetako tasak biltzeko kudeaketa-enkargua egiteko baimena ematen dueña, kirol-portu hauetan: Hondarribia, Orio, Donostia, Getaria, Bermeo eta Mutriku.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZARI 2020 ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIAKO EUSKAL ESTRATEGIAN LAGUNDUKO DION ZIENTZIA AHOLKULARITZA BATZORDEAREN LEHEN BILERA.

LABURPENA

Gaur egingo da 2020 Zientzia eta Teknologiako Euskal Estrategia definitu eta ezartzeko lanetan Eusko Jaurlaritzari laguntza eta aholkularitza emateko asmoz lehendakariak izendatutako batzorde zientifikoaren lehen bilera.

Eusko Jaurlaritzak Zientzia eta Teknologiako Euskal Kontseilua indartu nahi du legegintzaldi honetan, eta, horretarako, aholkularitza batzorde zientifiko bat sortu du. Hain zuzen ere, prestigio handiko hamar pertsonek ostatuko dute batzordea, guztiak ere lehendakariak berak zuzenean izendatutakoak.

Batzordea osatzen duten hamar kideak gaur biluko dira lehen aldiz bai lehendakariarekin berarekin bai I+G+B arloko politiken garapenarekin lotutako Eusko Jaurlaritzako gainontzeok kideekin ere. Ogasun eta Finantza sailburua, Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasun sailburua, Osasun sailburua, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua.

Gaurko bileran aztertuko dira 2020 Zientzia eta Teknologia Euskal Estrategia, egun lanketa fasean dena, baita Euskadiren espezializazio adimentsua lantzen duen eta hiru lehentasun estrategiko ezartzen dituen RIS3 agiria ere: fabrikazio aurreratua, energía eta biozientzia eta osasuna binomioa.

Zientzia Aholkularitza Batzordeko kideak honakoak dira.

IÑIGO URKULLU, Lehendakaria
ARANTZA TAPIA, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua.
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA, Ogasun eta Finantza sailburua.
CRISTINA URIARTE, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua.
JON DARPON, Osasun sailburua.
MARIBEL ARRIORTUA, Kimikaria. Zientzia Aholkularitza Batzordeko kidea.
JAVIER ECHEVERRIA, Filosofo eta matematikaria. Zientzia Aholkularitza Batzordeko kidea.
MARIA JESUS ESTEBAN, Matematikaria. Zientzia Aholkularitza Batzordeko kidea.
ANA GONZALEZ PINTO, Psikiatra. Zientzia Aholkularitza Batzordeko kidea.
ANGEL HERNANDEZ, Informatika Ingeniaria. Zientzia Aholkularitza Batzordeko kidea.
GINÉS MORATA, Biologoa. Zientzia Aholkularitza Batzordeko kidea.
JORGE POSADA. Ingenieri Mekanikoa. Zientzia Aholkularitza Batzordeko kidea.
AGUSTIN J. SÁENZ, Industria Ingeniaria. Zientzia Aholkularitza Batzordeko kidea.
ITZIAR URRUTIA, Arkitektoa. Zientzia Aholkularitza Batzordeko kidea.
ALFONSO URZAINKI, Ingeniari Tek. Industriala. Zientzia Aholkularitza Batzordeko kidea.
JESÚS PEÑA, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Idazkari Nagusia.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

JAURLARITZAK ALDEKO IRITZIA AZALDU DU EUSKO LEGEBILTZARREAN IZAPIDETZEN ARI DIREN LEGE PROPOSAMENETAKO BIREN GAINEAN.

Erabakia, bizitzaren azken prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna bermatzeko, EH Bildu legebiltzar-taldeak aurkeztutako lege-proposamena aintzat hartzearen inguruan Jaurlaritzak duen irizpidea adierazteko.

Erabakia, zeinaren bidez Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak legebiltzar-taldeek aurkeztutako lege-proposamena aintzat hartzearen inguruan Jaurlaritzak duen irizpidea adierazten baita; Lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legea aldatzeko lege-proposamena da.

LABURPENA

• Batetik, Jaurlaritzak aldeko iritzia eman du Eusko Abertzaleen Taldearen eta Euskal Sozialisten Taldearen ekimenari buruz; alegia, euskal udaletxeei 2021era arteko epe-luzapena ematea, araudia eta hirigintza-planak Lurzoruaren eta Hirigintzako Euskal Legeak ezarritakora egokitzeko.

• Gainera, Jaurlaritzak begi onez ikusi du EH Bildu Taldeak proposatutako bizitzaren amaieran giza eskubideak eta duintasuna bermatzeari buruzko lege-proposamena. Hala, kontuzko gaia denez, gogoeta sakon bat egiteko gonbita luzatu du.

Lehenik, Eusko Abertzaleen Taldeak eta Euskal Sozialisten Taldeak Lurzoruaren eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legea aldatzeari buruz eginiko lege-proposamena aintzat hartzearen alde agertu da. Proposamenaren egileek, aldaketa horren bidez, 2021era arte luzatu nahi dute euskal udalerriek beren plan orokorrak eta hirigintzako arauak euskal legera egokitzeko epea.

Lurzoruaren eta Hirigintzako legeak, gaur gaurkoz, 2014ko irailera arteko epea ematen die udalerri aipatutako legera egokitzeko.

Proposamenaren egileek esandakoaren arabera, udalbatzek ahalegin handia egin dute epearen barruan legediari egokitzeko, baina prozesua osatzeko betekizun zorrotz eta izapide luze asko dagoenez, ezin dute garaiz osatu. Hala, gaur-gaurkoz, Euskal Autonomia Erkidegoko 251 udalerritatik 56 baino ez dira egokitu. Beste 65ek abian dute prozesua.

Jaurlaritzaren iritzian, saihestezina da udalerriek epea ez betetzea. Ondorioz, luzapenik gabe, gehienak segurtasun-gabezia juridikoan egongo dira.

GIZA ESKUBIDEAK ETA DUINTASUNA BERMATZEA

Era berean, gobernu-kontseiluak begi onez hartu du EH Bildu Taldearen lege-proposamena: «giza eskubideak eta duintasuna bermatzea bizitzaren amaierako prozesuan».

Jaurlaritzaren iritzian, heldu da unea bizitzaren amaierako prozesuko behar fisiko, emozional eta sozialei erantzun hobea emateko. Horretarako, pertsonen bizitzaren, osasunaren eta gaixotasunaren errespetuan oinarritutako lege bat onartu behar da. Hala ere, Jaurlaritzak gogoeta sakonago bat egiteko gonbidapena luzatu die taldeei, kontuzko gaia delako, eragin instituzionalak, juridikoak, zibilak, zigor-arlokoak eta etikoak dituenez.
 

 

ERABAKIA, EUSKO JAURLARITZAREN BERRIKUNTZA PUBLIKOAREN PLANA -2014-2016- ONARTZEKO DENA.

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK BIDEA EMAN DIO 36,5 MILIOI EUROKO AURREKONTUA DUEN 2014-2016 BERRIKUNTZA PUBLIKOAREN PLANARI

• Planak sei jarduera-ardatz, 28 proiektu zehatz eta 46 ekintza ditu, Herri-administrazio garden, eraginkor eta berritzailea xede dutenak.

• Plan estrategiko honetan, herritarrak dira aldaketaren protagonista, eragiten dieten politika publiko guztietan parte-hartzea sustatuko denez.

• Planaren proiektu eta ekintza zehatzen artean, telefono mugikorren bidez erabilgarri dauden aplikazioak eta zerbitzuak hobetzera bideratutakoak nabarmendu behar dira, horien bidez gauzatuko baita administrazioaren eta herritarren arteko komunikazioa.

Gobernu-kontseiluak gaur onartu du 2014-2016 aldiko Berrikuntza Publikoaren Plana. Eusko Jaurlaritzak diseinatu du plan estrategiko hori, euskal Herri-administrazioa modernizatzeko. Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak, agerraldi-eskaera eskaera erregistratu du berak eskatuta, dagokion Legebiltzarreko Batzordearen aurrean aurkezteko.

2014-2016 aldiko Berrikuntza Publikoaren Plana izena du gobernuaren apustuak eta euskal Herri-administrazio berritzaile eta irekia eraiki nahi du, gizartearen kalitatezko zerbitzu eraginkorrak eta seguruak eskaintzeko. Planak herritarren parte-hartze aktiboa bultzatuko du, pertsonak bihurtuta aldaketaren protagonista. Horren guztiaren oinarrian dauden gobernantzaren balio berriak: irekitasuna, emaitzetara begira egotea, gardentasuna eta berrikuntza.

4 HELBURU ESTRATEGIKO

Esan bezala, 2014-2016 aldiko Berrikuntza Publikoaren Planak 4 helburu estrategiko ditu:

• Administrazio irekia: gardentasuna, parte-hartzea eta lankidetza sustatzea Herri-administrazioan.

• Administrazio efikaza: kalitatezko zerbitzu-eskaintza garatzea, hainbat bideren bitartez irisgarria (presentziala, telefonoa eta Internet) izango dena.

• Administrazio efizientea: kudeaketa administratiboaren eraginkortasuna hobetuta, antolaketa egokituta, kudeaketa-eredu berriak ezarrita eta teknologia modu burutsuan erabilita.

• Administrazio berritzailea: Administrazioan berrikuntza ezarri, eta herritarrak eta profesional publikoak zerbitzu eta politika publikoen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan inplikatuta.

Helburu horiek lortzeko, Berrikuntza Publikoaren Plana sei jarduera-ardatzetan, 28 proiektu zehatzetan eta 46 ekintzetan egituratuko da. Lanak gauzatzeko eta ebaluatzeko epemuga 2016 urtea izango da.

Honako hauek dira 6 jarduera-ardatzak:

• Gardentasuna eta gobernu ona.
• Herritarrekiko interakzioa.
• Antolakuntza-egokitzapena.
• Kudeaketa hobetzea.
• Administrazio elektronikoa.
• Berrikuntza gobernuaren eta herritarren arteko sorrera erabiliz.

Proiektu eta ekintza zehatzen artean, aipatzekoak dira mugikorren aplikazioak garatzera bideratutakoak, bitarteko hurbil bizkor eta eraginkorrak direnez herritarrei erantzuteko. Hala, 2014ean, gobernuak Whatsapp bidezko telefono-kanala jarriko du abian, herritarrei arreta, erantzunak eta informazioa emateko. Jaurlaritzak mugikorretarako aplikazio bat sortuko du, telefono mugikorraren bitartez sarean dauden zerbitzu publikoetan sartzeko.

Gainera, 2014-2016 aldiko Berrikuntza Publikoaren Planak ezarritakoaren arabera, 2016tik aurrera, euskal Herri-administraziora sartuko den dokumentazio guztia digitala izan beharko da. Hala, arreta presentzialean herritarrek paperezko dokumentuak eman arren, administrazioak eskaneatu egingo ditu izapidetzeko, ondoren erabiltzaileari itzuliz.

Aipatu behar da politika publikoetan gardentasuna, parte-hartzea eta herritarren lankidetza sustatzeko, planak parte hartzeko web gune bat sortzea aurreikusten duela, politika publikoak ebaluatzeko baliagarria izango dena.

Jaurlaritzak gobernantzaren arloko Europar Batasuneko 25 eskualde onenen zerrendan sartu nahi du, eta bide horretan dago, Euskal Autonomia Erkidegoa estatuko lehena baita.

2014-2016 AURREKONTUA

Eusko Jaurlaritzak 36,5 milioi euro bideratuko ditu plana betetzera:  

                                 Aurrekontua 
                 Ardatz estrategikoa  2014  2015  2016  Guztira
 1. ARDATZA: Gardentasuna eta gobernu ona  100.000  81.600  83.232  264.832
 2. ARDATZA: Herritarrekiko interakzioa  1.532.417  1.563.065  1.594.327  4.689.809
 3. ARDATZA: Antolakuntza-egokitzapena  100.000  122.400  124.848  347.248
 4. ARDATZA: Kudeaketa hobetzea  150.000  153.000  156.060  459.060
 5. ARDATZA: Administrazio elektronikoa  10.070.141  10.153.643  10.238.814  30.462.598
 6. ARDATZA: Berrikuntza gobernuaren eta herritarren arteko sorrera erabiliz  100.000  102.000  104.040  306.040
 Guztira  12.052.558  12.175.708  12.301.321  36.529.587

 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ELGOIBARKO UDALARI ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA BAT ESLEITZEN BAITZAIO, ELGOIBARREN MAKINA TRESNAREN MENDEURRENEKO OSPAKIZUNEAN LAGUNDU ETA HURA BULTZATZEKO.

LABURPENA

ELGOIBARKO UDALARI DIRU-LAGUNTZA ZUZEN BAT EMATEKO AKORDIOAREN PROPOSAMENA, ELGOIBARKO MAKINA ERREMINTAREN MENDEURRENAREN OROIPENARI LAGUNTZA ETA BULTZADA GISA.

Gobernuaren Kontseiluak Elgoibarko Udalari diru-laguntza zuzen bat ematea erabaki du, 10.000,00 eurorainokoa, Elgoibarko Makina Erremintaren mendeurrenaren oroipenari laguntza eta bultzada gisa, 2014ko apirilaren eta abenduaren artean garatuko dena.

Zentzu horretan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak hurrengo jarduerak egiten lagunduko du:

- Mendeurrenari lotutako ibilbide turistikoak sortzea eta seinaleak jartzea
- Konferentziak eta foroak
- Makina Erreminta zaharren erakusketa
- Ikus-entzunezko erreportajea
- Musika-konposizioa eta performance
- Makina Erremintaren historiaren argitalpena
- Lekuko industrian emakumearen paperari buruzko erakusketa
- Enpresa-ideien lehiaketa gazteentzat
 

 

ERABAKIA: 2014. URTEAN EUSKAL HERRIKO BERTAKO ABERE-ARRAZA MANTENDU, SUSTATU, ZABALDU ETA IKERTZEKO EKINTZAK BURUTU DITZAN EUSKAL ABEREAK ELKARTEARI DIRU-LAGUNTZA ZUZENA EMATEARI BURUZKOA.

LABURPENA

2014. LEGEGINTZALDIRAKO EUSKAL ABEREAK ELKARTEARI DIRU-LAGUNTZA ZUZEN BAT EMATEKO AKORDIORAKO PROPOSAMENA, EUSKAL ANIMALIA-ARRAZA AUTOKTONOEN KONTSERBAZIO, PROMOZIO, HEDAPEN ETA IKERKETA LANETARAKO.

Gobernu Batzordeak ASOCIACIÓN EUSKAL ABEREAK ELKARTEAri 25.000,00€ko diru-laguntza zuzena eskaintzea onartu du, 2014. legegintzaldian euskal animalia-arraza autoktonoen kontserbazio, promozio, hedapen eta ikerketa lanetarako.
 

 

EBAZPENA, MERKATARITZA ETA TURISMOKO SAILBURUORDEARENA, 2014KO EKITALDIARI DAGOKIONEZ MERKATARITZA-BANAKETAREN DINAMIZATZAILEEN PRESTAKUNTZARAKO BEKAK EMATEKO DEIALDI PUBLIKOA EGITEKO DENA.

LABURPENA

GAZTEAK MERKATARITZAREN DINAMIZAZIOAN TREBATZEKO ETA AKTIBATZEKO BEKA-PROGRAMARA 465.000 € ZUZENDUKO DIRA

Eusko Jaurlaritzak gazteei merkataritza-dinamizazioan trebatzea eta horretan eragile gisa lan egitea ahalbidetuko dien beka-deialdia onartu du. Programak 465.000 €-ko partida izango du, urteko 15.000 €-ko beketan banatuta. Onuradunek merkataritza-inguruneak dinamizatzeko gaitasuna emango dien trebakuntza-ikastaro bat jasoko dute, eta EAEko hiru lurraldeetan banatutako merkataritza-plataforma, elkarte, federazio edo udal jardungo dute.

Aurten, gehieneko trebakuntza-beken kopurua 31koa da, iraupena 12 hilabetekoa eta interesdunek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Bizileku administratiboa Euskal Autonomia Erkidegoan izan, 12 hilabetetik gorako antzinatasunekoa, edo txikiagoa, ikasketak direla-eta aldi batez kanpoan egon direla frogatuz gero.

b) Goi mailako unibertsitate-titulua eduki –Ekonomia Zientzietakoa edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzakoa eta Merkatuen Ikerketa eta Tekniketakoa lehenetsiko dira–, enpresen nahiz merkataritzaren kudeaketarekin zerikusia daukaten gradu-tituluak edo merkataritza eta ekonomia arloetako trebakuntza barne hartzen duten zuzenbide-tituluak.

c) Aurretik helburu eta eduki berdineko edo antzekoko bekarik jaso ez izana.

d) Gehienez ere 32 urte izatea.

Eskaera eskuratu eta betetzeko, Euskadi.net webgunea erabili beharko da. Hauxe da helbidea: https://www.euskadi.net/. Eskatzaileak sinadura elektroniko aitortua jarri beharko du eskaeran, eta sinadura digitala erabili nahi ez badu, http://www.euskadi.net webgunean eskaera bete, informatikoki grabatutako eskaera inprimatu, sinatu eta Merkataritza Zuzendaritzara helarazi beharko du. Horretarako, dagokion Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkaritzan, Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Zuzenean) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko, azaroaren 26ko, 38.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan aurkeztu ahal izango du, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Eskaerak aurkezteko epea Uztailaren 30ean amaituko da.
 

 

AGINDUA; HONEN BITARTEZ, EUSKADIKO TURISMO-LEHIAKORTASUNA SUSTATZEKO LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK 1.334.286 € BIDERATU DITU BERRIKUNTZA-HELBURUAK EGUNERATUZ TURISMO ARLOKO LEHIAKORTASUNA BULTZATZEKO LAGUNTZETARA

Eusko Jaurlaritzak 1.334.286 € bideratu ditu berrikuntza sustatzeko eta orientatzeko helburuak eguneratuz 2014an turismo arloko lehiakortasuna bultzatzeko laguntzetara. Diru-laguntza programa honen bidez, Euskadi erreferentziazko helmuga turistiko bilakatu nahi du; turistak bere berezitasun eta kalitateagatik erakarri ahal izango dituen helmuga.

Ondokoak izango dira diru-laguntzen erakunde onuradunak: udalak eta udal sozietate publikoak, enpresa-entitate publikoak, kuadrilla eta mankomunitateak, tokiko eta eskualdeetako garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak, turismo-partzuergoak edo turismoa sustatzen duten izaera juridiko propiodun bestelako eskualde-erakundeak eta Euskadin kokatuta egonik turismo-jarduera bultzatzea helburu duten irabazi asmorik gabeko entitate pribatuak.

Laguntza horien bitartez, zera egin nahi du Eusko Jaurlaritzak:

• Helmuga turistikoetako enpresen eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa hobetu.
• Sektore pribatuan parte hartzen duten eta lurraldea turistikoki egituratzeko eta kudeatzeko ahalmena daukaten turismo arloko erakunde eta egiturei babesa eman.
• Turismo-eskaintzaren dibertsitatea eta kalitatea areagotu.
• Kalitatearen eta ingurumenaren kudeaketan erreferentziazkoak diren ereduak ezartzea ahalbidetuko duten turismo-baliabideak ugaritu.
• Turismo arloko Helmugak Kudeatzeko Programetan eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) Programetan parte hartzen duten helmugen kopurua handitu.
• Baliabide turistiko erabilgarrien kopurua handitu.
• Sustapen- eta komunikazio-ekintzei dagokienez, lurralde historikoekiko eta hiriburuekiko koordinazio maila areagotu.
• Produktuak eta bizipenak Euskadiko Turismo Marketin Planean definitutako jarrerara egokitu.

Diru-laguntza ez-itzulgarriak izango dira eta eskaerak aurkezteko epea uztailaren 5ean hasi eta abuztuaren 6ra artekoa izango da. Interesdunek Internet bidez egin ditzakete eskaerak, edo, behin eskaera informatikoki http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/cte.html web orrialdean grabatu eta gero, inprimatu eta eskudunak sinatutaTurismo Zuzendaritzara bidal dezakete, ondorengo lekuetan aurkeztuz: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (Zuzenean) bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko, azaroaren 26ko, 38.4 artikuluan zehaztutako edozein tokitan.
 

 

DEKRETUA, ENPRESAL FINANTZATZEKO ABAL PUBLIKOAK EMATEKO PROGRAMA BEREZI BAT GARATZEKO DENA.

LABURPENA

DEKRETUA, 2014. URTEAN ENPRESA-FINANTZIAZIORAKO ABAL PUBLIKOTAN 100 MILIOI EUROKO ZENBATEKOA EMATEKO PROGRAMARI BURUZKOA

Euskal enpresak finantzatzeko helburuz, abal publikotan 100 milioi euroko zenbatekoa emateko programa arautzen duen dekretua onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen arauak, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi hau hasi zenetik hartutako beste neurri batzuek bezalaxe, euskal enpresa-sektorearen finantzaketarako abal publikoak emateko programa bati heltzeko beharrari erantzuten dio, inbertsioak egiteko, baina baita merkataritza-trafiko arrunterako.

Eusko Jaurlaritzak euskal enpresen finantziazio falta arintzeko laguntzak ezarri ditu, batez ere ekonomia eta enpleguarentzat ezinbestekoak diren enpresa-taldeari begira. Laguntzak jasotzeko lehentasuna izango dute bakarrik edo beste enpresekin lankidetzan proiektu garrantzitsuak (gehienak nazioarteko merkatuan) egiteko aukera zuten enpresek, hain zuzen ere proiektuak garatzeko eta gauzatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko hornitzaileei eskari berriak egiten zizkietenek.

Eusko Jaurlaritzak gure autonomia-erkidegoaren oinarrizko euskarria enpresa-sektorea izaten jarraitzea nahi du, eta horren aldeko apustu aktiboa eginez, programa hau onartu du, sektorean, eskualde-mailan, ekonomikoki edo gizarteari begira daukaten garrantziarengatik neurri-mota hau justifikatzen duten enpresa-proiektuei laguntzeko.

Laguntza hauek ETEen edo ETE-taldeen inbertsioak finantzatzeko abal publikoak emanez gauzatuko dira, garrantzi berezia emango zaiolarik industria- eta enplegu-ehundura mantentzeari.

Dekretuak biltzen duen laguntza-erregimenak alderdi hauek hartzen ditu kontuan:

Berme edo abala krisian ez dauden ETEei bakarrik emango zaie.

Abalaren zenbatekoa behar bezala ebaluatuko da, ematen den unean; finantza-transakzio espezifikoei lotuta egongo da, gehieneko zenbateko finko bat izango du, eta denbora mugatu baterako emango da.

Abalaren zenbatekoa, oro har, inbertsio-proiektuari, eskaerari edo kontratuari lotutako finantza-eragiketaren kapital nominalaren % 30ekoa izango da; gehienez ere zenbateko nominal abalatuaren zenbatekoa emango da, 6 hilabeteko interes-mugarekin.

Azken batean, laguntza-programa hau gure enpresak finantzatzeko gainontzeko laguntza-ildoei batzen zaie eta, zentzu horretan, Gobernu Programaren helburuetako bat betetzera dator: kreditu-lerroak sendotuz, abal publikoen programak definituz eta proiektu estrategikoei lagunduz ekonomia produktiboaren aldeko finantza-tresnak sendotzea, euskal enpresen finantza-ahalmena areagotzeko.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

300.00 EURO LAN ARRISKUEN PREBENTZIORAKO DELEGATUEN OINARRIZKO TREBAKUNTZARAKO.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 300.000 euroko diru-laguntza bideratu du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako arriskuen prebentziorako delegatuen oinarrizko trebakuntzarako ikastaroetara.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok hala eskatuta, Jaurlaritzak gaur onartu du Osalanen deialdia, trebakuntza modalitate horren garapenerako. Modalitate hori erakunde hauen esku dago: trebakuntza-zentroak, publikoak zein pribatuak, erakunde sindikalak, Gizarte Segurantzako lan-arriskuen eta gaixotasun profesionalen mutuak eta onetsitako prebentziorako zerbitzuak.

Prebentzio delegatuen oinarrizko trebakuntza emateko deialdiaren baimena eta diru-laguntza EAEko Lanbidearteko Lan Osasun eta Arriskuen Prebentziorako Akordioaren ondorio da; esandako hitzarmena 1997ko abenduaren 11n sinatu zuten CONBEBASK elkarteak eta sindikatu nagusiek, ELAk, LABek, CCOOek eta UGTk.

2013an, lan-arriskuen prebentziorako delegatuen trebakuntzari buruzko 34 ikastaro egin ziren. Guztira, 500 pertsonak baino gehiagok jaso zuten trebakuntza, bi alorretan: araudia eta eremu teknikoa.
 

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

EUSKADIREN 2015EKO EKITALDIRAKO AURREKONTU OROKORRAREN AURREPROIEKTUA PRESTATZEKO GIDALERRO EKONOMIKOAK ONETSI DITU JAURLARITZAK.

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak onartzen dira, eta sail guztietako titularrei agintzen zaie sail hauei atxikitako erakundeei horren berri eta Ogasun eta Finantza Sailak prestatutako Jarraibide Teknikoen berri eman diezaietela.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorra egiteko Gidalerro Ekonomikoak.

2015erako Aurrekontu Proiektua egiteko Gidalerro Ekonomikoen aurkezpenak atarikoa eta lau atal nagusi ditu. Lehendabiziko atalak Jaurlaritzaren ekintza zer ingurutan garatzen den aztertzen du, 2015eko politikak eta aurrekontuak baldintzatuko baitituzte. Atal horren barruan, Euskadik 2014-2015 aldian izango duen testuinguru makroekonomikoa zehaztuko dute, eta, ondoren, aurrekontu-egonkortasunaren inplikazioei helduko diete. Bigarren atalean, Jaurlaritzaren ekintzaren helburu estrategikoak azalduko dira, jarduera-eremuz eremu. Hirugarren atalak fiskalitatea aipatzen du, politika ekonomikorako erreminta gisa. Azkenik, laugarrenean, 2015eko ekitaldirako Kontuak lantzeko aurrekontu-irizpide zehatzak zehazten dira.

1.- Euskadiren 2014-2015erako agertoki makroekonomikoa

Aurreikuspenek diote mundu mailako hazkunde ekonomikoa handixeagoa izango dela 2015ean aurreko bi urteetan baino. Bulkada ekonomia aurreratuenek emango diote nagusiki, fiskalitatearen sendotzea moteltzearen eta moneta-kondizioek hedakoi atxikitzearen ondorioz. Gauzak horrela, aurreikusi da 2015ean Espainiako ekonomia bigarren urtez jarraian haziko dela, Europako batez besteko balioaren azpitik izanagatik ere.

Oraindik ahula da mundu mailako biziberritzea. Egoerak onera egin badu ere, berean diraute zenbait ziurgabetasunek. Hala, gorabidean diren merkatuei lotutako arriskuek okerrera egin dute, ekonomia aurreratuetako inflazio-tasa txikiek ere arriskua dakarkiote jarduerari eta arrisku geopolitiko berriak agertu dira.

Nazioarteko agertoki horrek hazkunde neurritsuko agertoki makroekonomiko batera darama euskal ekonomia. Aurreikusi da BPGa % 1 handituko dela 2014an eta % 1,7 berriz 2015ean, enplegu mailak 2014an bere horretan jarraituko duelarik eta % 0,6 handituta 2015ean (lanaldi osoko lanpostutan neurtua, urte osoko batez beste).

2.- Aurrekontu-egonkortasunaren esparrua eta 2015eko aurrekonturako inplikazioak

2015eko Aurrekontuak bat etorri behar du deskribatutako agertoki ekonomikoarekin, eta aldi berean Eusko Jaurlaritzaren bi helburuei erantzun, alegia, pertsonen oinarrizko beharrak asetzea eta ekonomia eta enplegua hazteko tresnarena egin.

Dena den, aurrekontu-egonkortasunari buruzko Europako eta Estatuko erregulazio-esparru berritu horrek herri-administrazio guztien aurrekontuak baldintzatzen ditu, derrigor bete beharreko hiru eskakizun baitituzte egitura-defizita, zor publikoa eta gastu-arau gehigarria direla eta. Euskadiren kasuan, hitzarmen honetan jasotako bideak BPGaren % 0,7 finkatzen du defizit-muga gisa 2015erako.

3.- Jaurlaritzaren estrategia eta jarduteko helburuak

2015eko aurrekontuari gehitutako ekintzek lerrokaturik egon beharko dute gobernuaren lehentasun bikoitzarekin, hots, hazkundearen eta enplegu-sorreraren katalizatzailearena egitearekin eta pertsonen oinarrizko beharren asearen bermatzaile izatearekin.

3.1. Hazkundea eta enplegu-sorrera bultzatzera bideratutako ekintzak.

Lehiakortasuna da hazkunderako eta enplegua sortzeko oinarririk behinena.

Eta lehiakortasunaren oinarrietako bat, berriz, nazioartekotzea. Hori dela eta, ipini du Eusko Jaurlaritzak abian Euskadi oro har nazioartekotzeko prozesu bat: Nazioartekotzeko 2020rako Esparru Estrategia (Basque Country Estrategia), Euskadiren interes multisektorialak aintzat hartzen dituen estrategia integrala. Estrategia horren esparruan enpresen nazioartekotzeari aparteko tokia eman zaio, ikuspegi sistemiko baten barruan haatik, non hezkuntza, osasungintza, kultura eta ingurumena ere ageri baitira.

Lehiakortasunaren beste oinarrietako bat, berriz, berrikuntza da. Hori dela eta, berrikuntza-estrategia berrian (2015-2020 aldiko Zientzia eta teknologia Plana) ari da lanean Jaurlaritza, aurten burututa ikusteko asmoz, hartara 2015ean has daitezen indarrean bere baitako programa berriak.

Lehiakortasuneko politika estrukturalek industria dute protagonista nagusi. Eta politika estruktural horiek aplikatzeko, horiek zuzenean bideratzen dituzten hiru plan abiarazi ditu Eusko Jaurlaritzak: lehenago aipatua dugun 2014-2016 aldirako Enpresak Nazioartekotzeko Plana, 2014-2016 Industrializazio Plana eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plana 2020, aurten onetsiko dena.

2013-2016 Ekintzaileen Jarduerari Laguntzeko Erakundearteko Planak ekintzaileari laguntzeko dauden tresnak sistematizatzen ditu.

Enpresa-bilbeari laguntzeko finantza-neurriak diseinatzen jarraituko du Jaurlaritzak, bai enplegua sortuko duten inbertsio-proiektuetarako, bai zirkulagarrirako, kanpo-merkataritza finantzatzeko eta egoera zailean dauden enpresa bideragarriak berregituratzeko, erakundeei laguntzen lankidetza-inguruak diseinatzen eta langileen parte-hartzea sustatuz.

Datorren urtean 2014-2016 emplegu planaren esparruan arreta berezia eskainiko zaie gazteak eta gizartean aukera gutxien duten kolektiboak lan-merkatuan sartzen laguntzen duten politika publikoei, baita lana eta familia uztartzen laguntzen duten neurrien sustapenari ere.

3.2. Gizarte-babeseko euskal ereduari laguntzera bideratutako ekintzak

Osasungintza da gizarte-babeseko euskal ereduaren oinarrietako bat. Legegintzaldi honetan, herritarra osasun-sistema publikoaren erdiko ardatzean kokatzea izango da osasun-politikaren helburua. Gaixoen elkarteekin eta hirugarren sektorearekin batera lankidetzan jarduteko esparruak eta tresnak diseinatzen ari dira. Eta osasun-zerbitzuak definitzen, antolatzen eta hobetzen parte hartzeko bideak antolatzen ari dira.

Hezkuntza da gizarte-babeseko euskal ereduaren funtsezko bigarren oinarria. Lanbide-heziketaren eta unibertsitatearen arloetan hezkuntza-estrategiak, bai eta hizkuntza-politika eta kulturaren sustapena ere, garatzea bultzatuko du 2015eko aurrekontuak.

Gizarte-zerbitzuak dira, bestetik, gizarte-babeseko euskal ereduaren funtsezko hirugarren oinarria. Gizarte-laguntzei eustea aurreikusten du 2015eko aurrekontuak, bai diru-sarrerak bermatzeko sisteman, bai gainerako zerbitzuei dagokienez.

4.- Aurrekontu Irizpideak

Sarrera korronteak kalkulatzeko aintzat hartuko dira Foru Aldundien ekarpenak, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan dirubilketa aurreikusian oinarrituta erabakiak.

Langile funtzionarioen ordainsariak Euskadiko 2015eko aurrekontu orokorraren Legeak dioena izango dira.

Funtzionamendu-gastuek finantzatuko dute oinarrizko zerbitzu publikoei eusteko modua.

Inbertsio-gastuen dagokienez aintzat hartuko dira zer kreditu behar diren iraganean gain hartutako eta 2015ean ere indarrean jarraitzen duten obligazioei erantzuteko. Halaber esleituko dira kredituak ziklo ekonomikoaren aldaketa sendotzeko, enplegua sortzeko aukera ematen duten ekintzak egin ahal izateko.

Ez dago aurreikusita organismo autonomo, zuzenbide pribatuko erakunde publiko, sozietate publiko, fundazio edo partzuergo berririk sortzea.
 

 

ERABAKIA, BAIMENA EMATEN DUENA 4312 "ETXEBIZITZA" PROGRAMAREN KONPROMISO-KREDITUAK ALDATU, 5.785.928,91 EUROREKIN.

LABURPENA

ERABAKI-PROPOSAMENA, ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKA SAILAREN 4312 «ETXEBIZITZA» PROGRAMAN 5.785.928,91 EUROKO KONPROMISO-KREDITUA ALDATZEA BAIMENTZEN DUENA

Gobernu Kontseiluak Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren Etxebizitza programarako konpromiso-kreditua aldatzea adostu du, 5.785.928,91 euroko zenbatekoarekin; horietatik 3.327.280,23 euro 2016rako dira eta 2.458.648,68 euro, berriz, 2017rako, Sailaren eta VISESA elkartearen programa-kontratuari lotuta. Hartara, kredituen urteko banaketa egin beharreko inbertsioen erritmora egokituko da.
 

 

ERABAKIA, SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA - ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A. KONPROMISO-KREDITUAK HARTZEKO, 20.362.000 EUROKO ZENBATEKOAREKIN.

LABURPENA

HITZARMEN-PROPOSAMENA, ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, SAN KONPROMISO-KREDITUAK SORTZEARI BURUZKOA, 20.362.000 EUROKO ZENBATEKOAREKIN

Gobernu Kontseiluak urte anitzeko konpromiso-kredituak sortzea hitzartu du SPRIn 2015. ekitaldirako, 20.362.000 euroko zenbatekoarekin, enpresa-ehunera bideratutako diru-laguntzen lerroak abian ipintzea estaltzeko.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA. HONEN BIDEZ, DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDIA EGITEN ZAIE LANBIDE HEZIKETAKO PRESTAKUNTZA-ZIKLOAK IRAKASTEN DITUZTEN ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUEI, 2014-2015 IKASTURTEAN PRESTAKUNTZA-JARDUERAK EGIN DITZATEN.

LABURPENA

169.600 EURO LANBIDE HEZIKETAKO ITUNPEKO ZENTRO PRIBATUETAKO IRAKASLEEN FORMAZIO IKASTAROETARAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuek euren irakasleentzat burutzen dituzten prestakuntza-jarduerak diruz laguntzen dituen Agindua onartu du. Prestakuntza-jarduera horiek 2014-2015 ikasturtean burutuak izan beharko dute.

Laguntza hauek eskatzeko interesa duten ikastetxeek, eskaintzen dituzten heziketa-zikloekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak aurkeztu beharko dituzte deialdira. Prestakuntza-jarduera bakoitzak gutxienik 10 orduko iraupena izan beharko du, eta 35 ordukoa gehienez. Deialdian parte hartu ahal izango dute, Euskadin Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzeko baimenduta dauden itunpeko ikastetxe pribatuek.

Deialdi honek 169.600 euroko diru kopurua du. Ikastetxe bakoitzak jaso dezakeen diru-laguntzarik handiena 32.000 eurokoa da, hautatutako prestakuntza-jarduera guztiengatik. Jasotako diru-laguntzak bateraezinak izango dira helburu berbera duten beste deialdi batzuetatik jasotako laguntzekin. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA EGITEKO BAIMENA EMATEKOA. HELBURUA: 2014-2015 IKASTURTEAN HASIERAKO LANBIDE-PRESTAKUNTZAKO PROGRAMAK GARA DITZATEN UDAL, MANKOMUNITATE EDO HORIEK SORTURIKO ENTITATE ETA ENTITATE PRIBATUENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK FINANTZATZEA.

LABURPENA

7,2 MILOI EURO HASIERAKO LANBIDE TREBAKUNTZA PROGRAMAK GARATZEKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran agindu bat onartu du. Agindu horren bidez, Udalei, Mankomunitateei edota beraiek sortutako Erakundeei eta pribatu Erakundeei diru-laguntza emateko deialdia egitea onartu du Hasierako Lanbide Trebakuntza Programako bigarren mailako programak garatu ahal izateko emango dira diru-laguntzok, 2014-2015 ikasturtean zehar

Hasierako Lanbide Trebakuntza Programek Oinarrizko Bigarren Hezkuntzaren funtsezko gaitasunak eskuratzen ez dituzten ikasleei oinarrizko lanbide-prestakuntza ematea dute helburu. Prestakuntza horri esker, kalitatearen aldetik ondo trebatuta sartu ahal izango dira lan-mundura eta izango dute araututako irakaskuntzetan ikasketak egiten jarraitzeko aukera. Gauzak horrela, programa hauek gizartean txertatzeko lagungarri izango dituzte.
 

 

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO AURREKONTUA DUEN KONTRATUA BAIMENTZEN DUENA, G038/10 ESPEDIENTEA, DONOSTIAN, AIETE LHI, LEHEN HEZKUNTZAKO 9 UNITATE DITUEN IKASTETXE BERRIA ERAIKITZEKO OBRAK FINANTZATZEKO.

LABURPENA

6,078 MILIOI EURO AIETE LHI IKASTETXE BERRIA ERAIKITZEKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du 6.077.812 euroko kontratu bat baimentzeko erabakia, DonostiaN (Gipuzkoa) Aiete L.H.I. Lehen Hezkuntzako 9 unitate dituen ikastetxe berria eraikitzeko.
 

 

ERABAKIA, BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREKIN ETA BILBAO EKINTZA, E.P.E.L-EKIN. SOZIETATEAREKIN LANKIDETZA-HITZARMEN BAT IZENPETZEKO BAIMENA EMATEKO DENA. HITZARMENAREN BIDEZ, MUNDOBASKET 2014 TXAPELKETAREN LEHEN FASEA ANTOLATU NAHI DA, BILBON.

LABURPENA

BILBON MUNDOBASKET 2014 ANTOLATZEKO HITZARMENA SINATZEKO AKORDIOA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez onartu du, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao Ekintza E.P.E.L. eta Euskadiko Administrazio Nagusiaren artean hitzarmena sinatzea, Bilboko egoitzan Mundobasket 2014-ren lehen fasea antolatzeko (gizonezkoen saskibaloi selekzio nazionalen Munduko Txapelketa). Era berean, Euskadiko Administrazio Nagusia baimentzen da aipaturiko kirol lehiaketa horretarako 601.065,67 euroko diru-laguntza emateko.
 

 

OSASUN SAILA X. LEG.

AGINDUA, 2014KO EKITALDIAN TALDE TEKNIKOAK MANTENTZEKO, ADIKZIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIOKO PROGRAMAK GARATZEKO, ARRISKUAK ETA KALTEAK PREBENITZEKO ETA GUTXITZEKO PROIEKTUAK EGITEKO LAGUNTZA EKONOMIKOETARAKO DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

OSASUN SAILAK 2,2 MILIOI EURO BIDERATU DITU AURTEN MENDEKOTASUNEN ESPARRUAN HAINBAT EKINTZA GARATZEKO

Osasun sailburu Jon Darpónek laguntza-agindua aurkeztu du gaur Gobernu-kontseiluan. Agindu horren arabera, Osasun Sailak 2.200.000 euro xedatuko ditu aurten Euskadin diharduten irabazi asmorik gabeko tokiko elkarteak eta erakundeak lagundu, eta komunitate-prebentzioko programak nahiz arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta murrizteko proiektuak garatzeko mendekotasunen esparruan. Halaber, mendekotasunen alorreko tokiko erakundeetako komunitate-prebentzioko teknikari taldeak mantentzera xedatuko dira laguntzok.

Laguntza ekonomiko hauek Euskadin mendekotasun arloan egiten den lanerako ezinbesteko euskarri dira. Era berean, nabarmendu beharra dago lan horretan erakundeen arteko koordinazio eta elkarlana oinarrizkoa dela, baita hirugarren sektorearekin eta elkarteekin lankidetza ere. Laguntzen helburua VI. Mendekotasun Planaren oinarrizko jarduera ildoekin bat egiten duten programa eta proiektuak mantentzea, behar berriak azalaraztea eta egitasmo berriak laguntza da, baita egun indarrean diren programa eta proiektuak hobetzen laguntzea ere.

Hain zuzen, laguntza ekonomikoa hiru diru-laguntza lerrotan banakatuta dago:

  • Mendekotasunen komunitate-prebentziorako teknikari taldeak mantentzea: 986.601 €.
  • Mendekotasunen komunitate-prebentziorako tokiko planei loturiko proiektuak garatzea: 472.040 €.
  • Arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko programak egitea: 741.359 €.

Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak mendekotasunen fenomenoari esparru instituzionaletik aurre egiteko konpromisoari eutsiko diote, esparru horretan diharduten beste erakunde eta kolektibo batzuekin elkarlanean eta koordinatuta, eta bizimodu osasungarriak sustatzeko neurriak barne hartzen dituen 2013-2020 aldirako Osasun Planean jasotakoarekin bat etorriz. Horretarako, sektore arteko lankidetza ezinbestekoa izango da, bai toki-mailan, bai komunitate-mailan, eta lehentasuna emango zaie tabakoaren, alkoholaren eta gainerako substantzien presentzia eta eskaintza murriztera bideratutako ekintzei.

Hala, Osasun Sailak Adingabeak eta alkohola programa jarri du abian, adingabeen artean alkohol-kontsumoa murriztera bideratutako ekintza barne hartzen dituena. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean aurkeztuko du mendekotasunen lege berria urtea amaitu aurretik, araudia gizarte-errealitate eta behar berrietara egokitzeko helburuarekin.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

ERABAKI-PROPOSAMENA, EUSKADIKO KIROL PORTUA S.A. BALTZUARI PORTUETAKO TASAK BILTZEKO KUDEAKETA-ENKARGUA EGITEKO BAIMENA EMATEN DUEÑA, KIROL-PORTU HAUETAN: HONDARRIBIA, ORIO, DONOSTIA, GETARIA, BERMEO ETA MUTRIKU.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK HONDARRIBI, ORIO, DONOSTIA, GETARIA, BERMEO ETA MUTRIKUKO KIROL PORTUEN TASEN KUDEAKETA EUSKADIKO KIROL PORTUA (EKP) ERAKUNDEAREN ESKU UTZI DU

Gobernu Kontseiluak Hondarribi, Orio, Donostia, Getari, Bermeo eta Mutrikuko kirol portuen tasen bilketaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portua (EKP) erakunde publikoaren esku uztea onartu du.

Tasen bilketaren kudeaketa hala erakunde publikoen nola pribatuen esku utz daiteke, Gobernu Kontseiluak onartu eta EHAAn argitaratu ondoren.

Euskadiko Kirol Portua, SA-k Hondarribi, Orio, Donostia, Getaria, Bermeo eta Mutrikuko kirol portuetan ematen duen zerbitzuaren funtzionamenduari bere horretan eusteko asmoz, eta eraginkortasun handiagoa lortzeko helburuarekin, EKPren esku utziko da Hondarribi, Orio, Donostia, Getaria, Bermeo eta Mutrikuko kirol portuetako tasen bilketa kudeatzea.

T-5 («kirol eta aisialdirako ontzien zerbitzua»), T-8 («energia-produktuen hornidura») eta T-9 («askotariko zerbitzuak») tarifen borondatezko epeko bilketaren kudeaketara mugatzen da agindua. Euskadiko Kirol Portua, SA erakunde publikoak lortutako bilketaren % 10 jasoko du bere esku utzitako bilketaren kudeaketaren ordain gisa.