2014/07/15 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako abokatu-elkargoei diru-laguntza emateko dena.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
6 milioi euro enplegu bila dabiltzan hainbat giza talde laneratzen laguntzeko.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua, azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan zehaztutako diru-laguntzen 2014ko deialdia egiteko dena. Dekretu horren bitartez, bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzaren inguruko jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak arautu ziren.
Erabakia. Musika koralaren gaineko munduko x. Sinposioan parte hartzeko Leioako Kantika Haur-Koralari diru-laguntza zuzena emateko.
Dekretua, Trapagarango (Bizkaia) La Reineta Funikularra, Monumentu Multzoko kategoriarekin, Kultura Ondasun Kalifikatu deklaratzeko dena.
305.000 euro ¿SARE_HEZKUNTZA GELAN ¿ proiekturako.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plana -2014-2019- onartzeko dena.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Erabakia, Getariako Udalarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea baimentzekoa. Helburua: portuan dagoen Menditxoko ezponda egonkortzeko.
Dekretua, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: Meabe auzoko (Markina-Xemein) hornikuntza proiektua burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, ARABA, BIZKAI ETA GIPUZKOAKO ABOKATU-ELKARGOEI DIRU-LAGUNTZA EMATEKO DENA.

LABURPENA

JAURLARITZAK 40.000 EURO BIDERATZEN DITU EUSKADIKO DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOAREN PROFESIONALAK TREBATZEKO

• Laguntzak Hiru Lurralde Historikoetako abokatuen elkargoen bitartez kudeatuko dituzte; xedea Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen zerbitzu publiko horren kalitatea hobetzea da, baldintza txarrenetan bizi diren giza-taldeei doako laguntza ematea helburu duena.
• 2014ko lehen seihilekoan, Euskadiko Doako Justiziak 7,4 milioi euroko kostua izan du.

Gobernu Kontseiluak 40.000 euroko diru-laguntza zuzena onartu du gaur; horrela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen elkargoek doako laguntza juridikoa ematen duten zuzenbideko profesionalen trebakuntza eta espezializazioa finantzatuko dute.

Diru-laguntza honela banatuko da: 

Arabako Abokatuen Elkargoa 8.200 euro
Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkuna 19.200 euro
Gipuzkoako Abokatuen Elkargoa 12.600 euro
OROTARA 40.000 euro

 

Laguntza horiekin, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko doako laguntza juridikoaren kalitatea hobetzearen aldeko apustua egiten du. Aldi berean, Jaurlaritzak baldintza txarrenetan bizi diren giza-taldeei eskaintzen dien zerbitzu publiko hori bermatzen du.

DOAKO JUSTIZIA 2014

2014ko lehen seihilekoan, Eusko Jaurlaritzak 7.438.339 euro inbertitu ditu Euskadiko Doako Justiziaren finantzaketan. Kopuru horren bitartez, abokatu eta prokuradoreen elkargo profesionalen jarduera guztiak finantzatzen dituzte:

  • Baliabide ekonomikorik ez duten eta ondorioz Doako Justiziarako eskubidea duten inputatu, atxilotu edo espetxeratu guztiei zuzenbide-arreta ematea.
  • Prozesu judizialaren aurretik doako aholkularitza eta orientazioa eskaintzen dituzten Orientazio Juridikoko Zerbitzuen (OJZ) funtzionamendu-gastuak finantzatzea.
  • Arauetan jasotako arrazoi bereziengatik (hala nola genero-indarkeria, sexu-erasoak, etxearen barruko indarkeria, terrorismoaren biktimak, adingabeak, atzerritartasuna, tratu txar edo abusuaren biktima izan diren ezgaitu psikikoak...) Doako Laguntza Juridikoko txanda espezializatuak behar dituzten pertsona guztiei laguntza juridikoa ematea.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

6 MILIOI EURO ENPLEGU BILA DABILTZAN HAINBAT GIZA TALDE LANERATZEN LAGUNTZEKO.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez (Euskal Enplegu Zerbitzua), 2013-2016 aldirako Enplegua Suspertzeko Planean jasotako hiru jarduera-ildo finantzatzeko sei milioi euro (5.898.000 euro) erabiliko ditu. Jarduera horien guztiez bidez, enplegu bila dabiltzan pertsonei lana lortzen lagunduko zaie.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Maria Aburtok kabineteko gainerako kideei jakinarazi dienez, laster, EHAAn, Lanbideko ondorengo diru-laguntza deialdiak argitaratuko dira:

1. EAEko enpresen kanpoko lan-zentroetan titulazio edo kualifikazioren bat duten baina aurretiko lan-esperientziarik ez duten gazte langabeak praktiketan kontratatzea, etorkizunean laneratzen laguntzeko. (Zenbatekoa: 3,05 milioi euro).

Diru-laguntzak eskatu ahal izango dituztenak:

• Lan-zentroren bat duten enpresa pribatu edo publiko-pribatuek, partaidetutako enpresek edo enpresa-talde bereko enpresek, baldin eta kanpoan kokatuta badaude.
• kanpoan kokatutako enpresekin lankidetza-hitzarmenak edo zerbitzu-emate kontratuak sinatu dituzten enpresak
• Kanpoan ezartzeko prozesuan diren enpresek.

Honako baldintzak bete beharko dituzte:

• Helbide soziala edo fiskala EAEn izatea edo lan-zentroa EAEN egotea.
• Herri-administrazio batek edo gehiagok enpresa horren % 50ean baino gehiagoan ez parte-hartzea, ez zuzenean ez zeharka
• Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea.

Diru-laguntza hauek herritar gazteen lan-perspektibak hobetzeko aukera ematen dute. Bereziki, Lanbideren bulegoetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda duten 34 urtetik beherako pertsonentzat dira; unibertsitateko titulu bat, goi- edo erdi-mailako lanbide-heziketako titulua, horien baliokide den bestelako titulu ofizial bat edo profesionaltasun-ziurtagiri bat dutenentzat, hain zuzen. Pertsona horiek lana behar bezala gauzatzeko enpresek eskatzen dituzten hizkuntza-gaitasunak izan beharko dituzte.

Enpresei dagokienez, laguntzak batez ere nazioartekotzeko ahalegin handia egiten ari diren eta, gainera, beste sektore batzuen jarduna bultzatzen duten enpresetara (sektore aeronautikoa, automozioa edo ingeniaritzak) bideratuta daude. Kontratazio berriaren ondorioz, lanpostu horretan aritzen zen langilerik kaleratu ez dutela egiaztatu beharko dute enpresa horiek.

Kontratuaren gutxieneko iraupena hamabi hilabetekoa izango da, eta jardunaldi osokoa. Kontratatutako pertsonak Estatutik kanpoko lantokietan arituko dira lanean, eta gutxienez bederatzi hilabeteko egonaldia bermatuko zaie.

Soldata eta gizarte-segurantzako kostuak ez ezik, langilea atzerrian dagoen bitartean, enpresak hilero ostatu- eta mantenu-dieta gisa emango dizkion 350 euroak –enpresaren hitzarmen kolektiboan ezarritako zenbatekoa alde batera utzita– ere diruz lagunduko dira.

2013an, 34 urtetik beherako 82 gazte eta 44 enpresa izan ziren atzerrian praktikak kontratatzeko laguntzen onuradunak. Mexiko, Brasil eta Txina izan ziren helmuga nagusiak, ordena horretan.

2. Enplegu Zentroen Zerbitzuaren garapena. (Zenbatekoa: 1.848.000 euro)

Orientazio-zerbitzuek (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren barruan 2011tik) informazioa, laguntza, motibazioa eta aholkularitza emateko ekintzak egiten dituzte, eta pertsona bakoitzaren egoera hartzen dute kontuan ikasteko, enplegua bilatzeko edota enpresa-ekimenak gauzatzeko ibilbidea kudeatzeko orduan.

Interesa duten pertsonek kontsultatzeko tresnak dituzte eskura Enplegu Zentroaren bulegoetan enplegua bilatzeko prozesuan erabil ditzaten, baita orientatzaileen laguntza ere.

Programa honetako laguntzek zerbitzu hori emateko orduan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean aritzen diren erakundeak hautatzeko prozedura bat egiteko balio dute, baita finantzatzeko ere.

Enplegu-zentroek taldeko ekintzak egin behar dituzte hamabost egunean behin –gutxienez lau pertsonarekin eta 3 ordukoak– norberak erabiltzeko eta enplegua bilatzeko tresnak ezagutarazteko.

Enplegu-zentroek ibilbide luzea dute Euskadin. Eusko Jaurlaritzak duela hamar urte ezarri zituen, enplegu-politika aktiboen eskumena autonomia-erkidegoari eman aurretik.

Gaur egun dauden 42 zentroek 30.000 lagun baino gehiago hartzen dituzte urtean; horietatik, hiru zentrok mugitzeko eta/edo komunikatzeko zailtasuna duten pertsonen irisgarritasuna bermatzen dute, gainera.

3. HEZIBI programa). (Zenbatekoa: 1.000.000 euro)

Enplegu eta Hezkuntza sailek lanbide-heziketa suspertzeko elkarrekin garatutako programa, enpleguarekin txandakatuta LHko titulu bat edo profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzeko prestakuntza eta ikaskuntzako modalitatearen bidez.

Lanik gabe dauden eta Hezibi modalitatearen bidez LHko titulu bat edo profesionaltasun-ziurtagiri bat, enpleguarekin txandakatuta, ikasten ari diren 30 urtetik beherako gazteei dago zuzenduta programa hori; 2012ko urriaren 3ko baterako Aginduak onartu zuen modalitate hori (EHAA, 2012ko urriak 5).

Honako hauek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntzak: EAEn lan-zentroren bat duten enpresek, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek, bai eta Hezibi modalitatean enpleguarekin txandakatuta profesionaltasun-ziurtagiriak ematen dituzten Prestakuntza Zentroek ere.

Hezibi modalitatean enpleguarekin txandakatuta 258 gaztek jaso zuten prestakuntza 2013an; horietatik 205, LHko titulu bat lortzeko, eta 53 profesionaltasun-ziurtagiri bat eskuratzeko.

Proiektuek, oro har, urtebeteko iraupena izaten dute, baina hiru urtera arte ere irits daitezke.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA, AZAROAREN 27KO 248/2012 DEKRETUAN ZEHAZTUTAKO DIRU-LAGUNTZEN 2014KO DEIALDIA EGITEKO DENA. DEKRETU HORREN BITARTEZ, BIZITZA OSOAN ZEHAR EGITEN DEN IKASKUNTZAREN INGURUKO JARDUERAK GAUZATZEKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTU ZIREN.

LABURPENA

550.000 EURO ETENGABEKO IKASKUNTZA-JARDUERETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2014. urterako bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntzari lotutako jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak deitzen dituen agindua.

Finantzatu ahal izango diren etengabeko ikaskuntza-jarduerak hiru motakoak izango dira:

Prestakuntzarako jarduera espezifikoak, 200.000 euroko gehienezko zenbatekoan, pertsonen kolektibo konkretu baten prestakuntza-premiei erantzuna emateko diseinatu eta planifikatuak.

Ikaskuntzarako bitartekaritza-zerbitzuak, 250.000 euroko gehienezko zenbatekoan.

Esperimentazio-proiektuak, 100.000 euroko gehienezko zenbatekoan, prestakuntza eta ikaskuntzarako metodologia berriei, ezagutza belaunaldien artean transferitzeari eta prestakuntza pertsonei hurbiltzeko eta bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntza sustatzeko dauden oztopoak kentzeari buruzkoak.
 

 

ERABAKIA. MUSIKA KORALAREN GAINEKO MUNDUKO X. SINPOSIOAN PARTE HARTZEKO LEIOAKO KANTIKA HAUR-KORALARI DIRU-LAGUNTZA ZUZENA EMATEKO.

LABURPENA

KORU MUSIKAREN NAZIOARTEKO X. SINPOSIUMA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Leioa Kantika Korala haur-koruari 5.000 euroko diru-laguntza emateko erabakia, Korean izango den Koru Musikaren Nazioarteko X. Sinposiumera joateko.

Koru Musikaren Nazioarteko Sinposiuma 3 urtean behin munduko hiri batean abuztuan egiten den gertakari handi bat da eta koru-proposamen eta joera interesgarri eta abangoardiakoenak biltzen ditu: zuzendariak, txostenak, foroak eta errepikatuko ez diren aparteko kontzertuen egutegi bat, munduko koru eta ahots-talde ospetsuenetako batzuen eskutik.
 

 

DEKRETUA, TRAPAGARANGO (BIZKAIA) LA REINETA FUNIKULARRA, MONUMENTU MULTZOKO KATEGORIAREKIN, KULTURA ONDASUN KALIFIKATU DEKLARATZEKO DENA.

LABURPENA

LA REINETAKO FUNIKULARRA, KULTUR ONDASUNTZAT, MONUMENTU KONPLEXUAREN KATEGORIAREKIN, JOTZEN DENA.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, onartu du Trapagara haranean (Bizkaia) La Reineta Funikularra kultur ondasuntzat, monumentu-konplexuaren kategoriarekin, jotzen duen dekretua.

La Reineta funikularra Euskal Herriko luzeena da eta, estatu mailan, bigarrena, 2000ko abenduaren 21ean inauguratu zen Bulneseko (Asturias) funikularraren ondoren. Francisco Guinea ingeniariak, Diego Basterra arkitektoaren estazioen proiektuen arabera, zuzendu zituen obrak. Sustapen Ministerioak 1926ko azaroaren 16an eman zuen zerbitzuan jartzeko behin-betiko baimena baina, behin-behinekoz, 1926ko irailarena 24an inauguratu zen. Von Roll enpresa suitzarrak, sektoreko espezialistak, guztira 1179 metro luze den lerroaren trakzio-sistemaren elementuak ekipatu zituen.

Funikularraren instalazioa trakzio elektrikokoa da eta plataforma horizontaleko bi ibilgailu ditu. Bi ibilgailu horiek metalezko trebesen gainetik ibiltzen dira eta dibidieta motorreko poleak aktibatutako kable traktore batek elkarrekin lotzen ditu.
 

 

305.000 EURO ¿SARE_HEZKUNTZA GELAN ¿ PROIEKTURAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du itunpeko sareko ikastetxeak eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateaz kanpoko ikastetxeekin estatu- edo arauzko harremanak dituzten elkarte eta federazioak 2014-2015eko ikasturtean SARE_HEZKUNTZA GELAN berriztapen-proiektuan, irakatsi eta ikasteko prozesuan eta baliabide digitalekin, parte hartzera deitzen dituen agindua.

Irakatsi eta ikasteko prozesuan material eta baliabide digitalak egiteko prozesua sustatzea,material eta baliabide horiek gelan erabiltzea eta gauzatzeko behar den prestakuntza teknologikoa eta pedagogikoa erraztea ditu agindu honek, 305.000 euroko zenbateko globalekoak, helburu.

Ildo hauetako bati edo batzuei aurre egiten dien proiektu batek, eskatzen duen ikastetxean edo federazio edo elkarteen bidez parte hartzen duten ikastetxeetan ezartzeko, jasoko ditu deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak:

1) Teknologia berriak eta material eta baliabide digitalak gelan erabiltzea irakatsi eta ikasteko prozesuan.

2) Irakasleen prestakuntza teknologikoa eta pedagogikoa, material eta baliabide digitalak egin eta irakatsi eta ikasteko prozesuan erabiltzeko.

3) Ikasgelan erabiltzeko material digitalak sortzea.

Sare_Hezkuntza Gelan Ebazpena Agindu hau osatzera dator. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako titulartasun publikoko 25 ikastetxeri zuzenduta dago: 225.000 euroko diru-laguntza da, eta beste partida batzuk hezkuntza-berrikuntza mota honetan aritzeko irakasleei dagozkie.

25 ikastetxe publiko hauei irakasle baten jardunaren herenetik erdira esleituko zaie, guztira 8,33 eta 12,5 jardun oso eskainita, eta egindako inbertsioa 360.000 eta 540.000 euro bitartekoa izango da.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, EUSKADIKO SEGURTASUN PUBLIKOAREN PLANA -2014-2019- ONARTZEKO DENA.

LABURPENA

EUSKADIKO SEGURTASUN PUBLIKOKO PLANA ONARTU DUTE

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Segurtasun Publikoko Plana onartu du gaur; plan horrek herritarren segurtasunaren, larrialdien, bide-segurtasunaren eta beste arlo batzuetako arriskuen, jardueren eta bitartekoen analisi eta aurreikuspen orokorrak hartzen ditu, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren elkarbizitzari eta pertsonen eta ondasunen segurtasunari eragiten dioten beste batzuk ere.

Plana ikuspegi integral batean oinarrituta eratu da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren lan koordinatua islatuz, zeinak segurtasun arloko zehar-politika lerrokatu, koordinatu eta lehenetsiak antolatzen dituen, eta Euskadiko Segurtasun Publiko Integralerako paradigma berri bat planteatuz.

Dokumentua zati hauetan dago egituratuta: lehenik, euskal biztanleek dituzten arrisku eta mehatxuen analisia egiten da, eragin handiagoa izateko aukerak dituztenak azpimarratzeko, hala nola uholdeak, elurteak eta izozteak, arrisku kimikoa, bide-istripuak, salgai arriskutsuen garraioan istripuak, ondasunaren eta pertsonen aurkako delituak, delitu informatikoak, jendetza handien eraginez sortutako arriskuak, baso-suteak eta azpiegitura kritikoei eragiten dieten arrisku singularrak.

Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko segurtasunaren egungo egoera aztertzen da, dituen neurri eta baliabideak kontsideratuz, aztertutako arrisku eta mehatxuei aurre egiteko. Zati horretan, polizia eta poliziaren alor hauek aipatzen dira: herritarren segurtasuna, larrialdiak eta babes zibila. Horrek ez die administrazioaren beste alor batzuei kalterik eragingo, hala nola trafikoarekin eta bide segurtasunarekin harremana dutenei, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari eta instituzioen arteko koordinazio eta elkarlan organo desberdinei.

Behin arriskuak identifikatuta eta segurtasunaren egoera analizatuta, Planak egin beharreko ekintzak biltzen ditu, planteatutako lerro eta helburuak betetzeko; hauekin batera egin behar dira ekintza horiek: Eusko Jaurlaritzako sail desberdinak, Foru Aldundiak, tokiko entitateak eta euskal gizartearen ordezkari desberdinak. Aldi berean, Planaren aurrerapen-maila eta betetzea neurtzea ahalbidetzen duten adierazleetan oinarritutako jarraipen-sistema bat ezartzen da.

Azkenik, planak aurreikuspen zehatzak ditu ziurtatzeko bere helburuen eta aurreikuspenen integragarritasuna eta koherentzia sektoreen arteko beste planifikazio batean aurreikusitakoarekin bat etorriko dela, hala nola babes zibilerako planak edo bide segurtasunerako plan estrategikoa, segurtasunaren planifikazioaz gainera.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak joan den apirilean horren berri eman ostean, eta Ekonomia eta Plangintza eta Aurrekontu Zuzendaritzen eta euskal Gobernuaren Ekonomiaren Kontrolerako Bulegoaren txostenak izanik, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du, ondoren, Eusko Legebiltzarrak igor dezan.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, GETARIAKO UDALAREKIN LANKIDETZA-HITZARMEN BAT SINATZEA BAIMENTZEKOA. HELBURUA: PORTUAN DAGOEN MENDITXOKO EZPONDA EGONKORTZEKO.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK BAIEZKOA EMAN DIO GETARIAREKIN PORTUKO ITSAS LABARRA OREKATZEA HITZARTZEARI

• Obrak premiaz egin ziren auzokoen itzulera errazteko

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Getariako Udalarekin hitzarmena sinatzeko. Hitzarmenaren xedea Iribarrenako etxebizitzen eta Viveros San Antonen parean dagoen portuko itsas-labarra orekatzea da, 2013ko maiatzean jausi zena. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku-hartzeari esker gauzatu ziren premiazko konponketa- eta egokitzapen-lanak, etxebizitzen segurtasun-prozesua eta auzokoak beren etxeetara itzultzea bizkortzeko. Kostuen laurden bat ordainduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak. Gainerako hiru laurdenak, Getariako Udalak. Horretarako, Espainiako Administrazio Orokorraren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa jasoko du.

Etengabeko euri-jasen ondorioz, 2013ko maiatzean, Iribarrena kaleko 9. eta 11. zenbakidun etxebizitzen eta Getariako portuko Viveros San Antón enpresaren arteko labarraren zati handi bat erori egin zen. Horren ondorioz, labarraren gaineko 12 etxebizitza berehala hustu egin behar izan ziren.

Aste hartan egin ziren premiazko behin-behineko lanak, Getariako Udalak eskatuta. Lan haiek 33.752,95 euro (BEZ barne) kostatu ziren eta Eusko Jaurlaritzak txosten geotekniko bat agindu zuen, itsas labarraren egonkortasuna bermatzeko egin beharreko lanak zehaztasunez ebazteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak proiektua onartu ondoren, honako jarduera hauek gauzatu dira: 1. eta 2. eremuetan aurreikusitako jarduerak barne hartzen dituen Menditxoko itsas labarra egonkortzeko, indartzeko eta eusteko kontratua, 450.636,89 euro (BEZ barne) kostatu dena; eta 3. eremuari dagokion Menditxoko hegala egonkortzeko premiazko lanak, 308.987,90 euro (BEZ barne) kostatu direnak.

Hitzarmena sinatuta, Eusko Jaurlaritzak gainerako administrazioek baino lehenago jasoko du jarritako zenbatekoa; izan ere, oraingoz, lanak ordaindu dituen erakunde bakarra Eusko Jaurlaritza da. Lana udan amaituko dira. Gainera, Menditxoko auzotarrekin bilerak egin dira, saneamendu-kolektorea berreskuratzeari buruz.
 

 

DEKRETUA, ZEINAREN BIDEZ URGENTZIAKO DEKLARATZEN BAITA BILBAO BIZKAIA UR PATZUERGOAK, NAHITAEZ DESJABETZEKO, HONAKO ESKUBIDE ETA ONDASUNAK OKUPATZEA: MEABE AUZOKO (MARKINA-XEMEIN) HORNIKUNTZA PROIEKTUA BURUTZEKO BEHARREZKO ONDASUN ETA ESKUBIDEAK.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK PREMIAZKOTZAT JO DU BILBO BIZKAIA UREN PARTZUERGOAK ZENBAIT ONDASUN OKUPATZEA, MARKINA-XEMEINGO MEABE AUZOKO HORNIDURA-PROIEKTUA GAUZATZEKO

• Kolektorea ipiniko du Artibai ibaiaren arroan isurpen desegokirik ez dadin gauzatu

Eusko Jaurlaritzak premiazko izaera aitortu dio Bilbo Bizkaia Uren Partzuergoak egin beharreko ondasunen eta eskubideen okupazioari, Markina-Xemeingo Meabe auzoko hornidura-proiektua gauzatzeko. Eragindako ondasunen eta eskubideen okupazioa Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren arabera egingo da.

Bilbo Bizkaia Uren Partzuergoak Meabe auzoaren hornidura-proiektuaren espedientea osatu eta onartu ostean, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabilgarri izatea beharrezkoa zuela adierazi zuen.

Nahitaezko desjabetze-espedientea abiatu ondoren, 2014ko martxoaren 25ean egindako saioan, Bilbo Bizkaia Uren Partzuergoak adostu zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragindako ondasunen eta eskubideen okupazioa premiazkotzat har zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluari jarraiki. Izan ere, atzeraezina deritzo okupazioari, Markina-Xemeingo Meabe auzoaren ur-hornidura hobetzeko eta, kolektore bat ipinita, Artibai ibaiaren arroan isurpen desegokiak saihesteko. Zerbitzu teknikoek ondorioztatu dutenez, ez dago hirigintza arloko oztoporik espedientea izapidetzeko.