2014/09/02 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Jaurlaritzak 30era igo du karrera judizialerako, fiskaltzarako eta idazkaritza judizialerako sarbidea bultzatzeko beken kopurua
Jaurlaritzak eta EHU-K zuzenbide eta kriminologiako ikasleak Justizia Administrazioan trebatzeko hitzarmena sinatu dute
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak Bilboko 2015 urteko merkataritza-ordutegia xedatu du estatuko erabateko liberalizazioa sahiestuko duena
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
5,48 milioi euro langabetuentzako prestakuntza ikastaroak finantzatzeko
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
552 plaza atzerrian, bigarren hezkuntzako ikasleentzat, hizkuntza ikastaroak egiteko
Material arkeologiko eta paleontologikoen inbentarioa egiteko diru-laguntzak
245.000 euro goi mailako kirol lehiaketak antolatzeko
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Erabakia, Añako Udalari diru laguntza zuzena ematea onartzeko dena, udalerri osoan paisaiaren gaineko jardunak sustatzeko.
Eusko Jaurlaritzak deklaratu du premiazkoa dela Bilbo Bizkaia Uren Partzuergoak okupatzea "Markina-Xemeingo Ibazeta-A zundaketaren eraikuntza-proiektuak" eragindako ondasunak
Eusko Jaurlaritzak deklaratu du premiazkoa dela Añarbeko Uren Mankomunitateak Okupatzea "Zubieta (Donostia) altan hornitzeko sistema berriko trazadura" izeneko proiektuko ondasunak
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

JAURLARITZAK 30ERA IGO DU KARRERA JUDIZIALERAKO, FISKALTZARAKO ETA IDAZKARITZA JUDIZIALERAKO SARBIDEA BULTZATZEKO BEKEN KOPURUA

LABURPENA

  • 198.000 euro bideratuko dira 2015erako deialdira.
  • Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia Euskadiko Justizia Administrazioko giza baliabideen ordezkapena eta egonkortasuna lortzea da, eraginkortasuna eta kalitatea zein herritarren gogobetetze-maila areagotzeko.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2015eko ekitaldirako deialdia. 30 beka eskainiko dira, karrera judizialerako, fiskaltzarako eta idazkaritza judizialerako oposizioak prestatzeko. Deialdiaren diru-hornidura 198.000 eurokoa izango da. Aurreko ekitaldian baino 10 beka gehiago eskainiko dira; alegia, 30. Bekako 6.600 euro emango dira; hau da, onuradunek hilean 550 euro jasoko dituzte.

Eskatzaile bakoitzak karrera judizialeko, fiskaltzako eta idazkaritza judizialeko prestatzaile profesional bat izan beharko du, hiru hilean behin bilakaerari buruzko txostena osatu beharko duena.

Beken iraunaldia urtebetekoa izango da. Hala ere, onuradunak epea amaitu baino lehen gaindituko balu bere hautaketa-prozesua, Espainiako Aldizkari Ofizialean izendapena argitaratzen den datan amaituko da beka. Eskola judizialean sartzen deneko datan amaituko da beka, aldiz, izendapena baino lehenago gertatzen bada.

Eskaerak egiteko epea hilabete batekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Aurreikuspenen arabera, irailean argitaratuko da. Interesdunek Eusko Jaurlaritzak hiru hiriburuetan dituen ZUZENEAN bulegoetan bertan egin dezakete eskaera. Halaber, justizia kudeatzeko unitateetan (EAT) eta Jaurlaritzaren webgunean ere egin ahalko dute eskaera: www.euskadi.net.

EGONKORTASUNA JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAN

Diru-laguntzen deialdi horren bidez, Eusko Jaurlaritzak Zuzenbide tituludunek beren ibilbide profesionala karrera judizialera, fiskaltzara eta idazkaritza judizialera bideratzea lortu nahi du. Hala, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Justizia Administrazioko giza baliabideen ordezkapena eta egonkortasuna lortuko ditu, eraginkortasuna eta kalitatea zein herritarren gogobetetze-maila areagotzeko.

 

JAURLARITZAK ETA EHU-K ZUZENBIDE ETA KRIMINOLOGIAKO IKASLEAK JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAN TREBATZEKO HITZARMENA SINATU DUTE

Erabakia, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzako hitzarmen bat sinatzeko baimena emateko dena, Zuzenbidea eta Kriminologia titulazioko ikasleek kanpo-praktika akademikoak egin ditzaten.

LABURPENA

  • Zuzenbide eta Kriminologiako ikasleek aukera izango dute beren prestakuntza teorikoa osatzeko, besteak beste, epaitegietan, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan, espetxeetan eta adingabeen zentroetan.
  • Era horretan, ikasleen prestakuntza integralari bultzada eman diote Jaurlaritzak eta EHUk, ikasketak amaitu berritan ikasleek enplegagarritasun handiagoa eta laneratzeko aukera gehiago izan ditzaten.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko Hezkuntza Lankidetzarako hitzarmena, Zuzenbide eta Kriminologiako tituluko ikasleek Herri Administrazio eta Justizia Sailean kanpo-praktika akademikoak egiteko.

Hitzarmen horri esker, EHUren Zuzenbide eta Kriminologiako fakultateetako ikasleek beren prestakuntza teorikoa Eusko Jaurlaritzak kudeatzen eta finantzatzen dituen Euskadiko Justizia Administrazioari loturiko zerbitzu publikoetan tutorepeko praktika ez-ordainduak eginez osatu ahalko dute. Besteak beste, honako hauetan egingo dituzte praktikak: Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren laborategietan, biktimei laguntzen epaitegietan, gizarteratzeko eta laneratzeko programetan parte hartzen espetxeetan eta esku-hartzeak gauzatzen adingabeen zentroetan.

Praktikok behar bezala gauzatzeko, Herri Administrazio eta Justizia Sailak bere instalazioak eta beharrezko baliabide materialak erabili ahal izatea bermatuko du. Gainera, ikasle bakoitzari tutore bat esleituko dio, egin beharreko prestakuntza-jarduerak praktika-programaren arduradunarekin eta ikaslearen tutore akademikoarekin elkarlanean antolatzeko ardura izango duena.

Hitzarmena indarraldi mugagabekoa da, eta ez du aurrekontu ekonomikorik; izan ere, hezkuntza-praktikak direnez, eduki akademiko hutsekoak, aldeetako batek ere ez du kontraprestazio ekonomikorik xedatu.

ENPLEGAGARRITASUNA HOBETZEKO NEURRIAK

Horrela, Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren ekarpenari esker, unibertsitateko ikasleek beren ezagutza teorikoei praktikoak gehitu ahalko dizkiote. Ondorioz, gaitasun gehiago eta trebetasun handiagoa eskuratuta, laneratzeko aukera hobeak izango dituzte ikasketak amaitu berritan.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren iritzian, hitzarmen honek zuzenbideko eta kriminologiako profesionalen gaikuntza egokia bermatzen du, Justizia Administrazioan zerbitzu publiko profesional eta kalitatezkoa eskaini ahal izateari dagokionez.

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK BILBOKO 2015 URTEKO MERKATARITZA-ORDUTEGIA XEDATU DU ESTATUKO ERABATEKO LIBERALIZAZIOA SAHIESTUKO DUENA

LABURPENA

Bilboko Abando-Indautxu-Garellano, Zazpi Kaleak eta Deustu, merkataritza-ordutegiei dagokienez, turismo handiko eremu izendatzeko adierazpena jakinarazi da:

  • Neurri horrek gune horietan askatasunez irekitzeko aukera ahalik eta gehien murrizten du, eta denbora-aldi jakin batzuetara mugatzen. Neurriak uztailaren 1etik 2015eko abuztuaren 31ra arte izango ditu ondorioak.
  • Adierazpen horren ondorioz, irailaren 5ean ez dira erabat liberalizatuko merkataritzako ordutegiak udalerri osoan.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da gaur Bilboko eremu hauek turismo handiko eremu izendatzeko adierazpena: Abando-Indautxu-Garellano, Zazpi Kaleak eta Deustu; nolanahi ere, merkataritzan irekitzeko askatasun hori denbora-aldi jakin batera mugatuta egongo da, eta datorren urtera arte ez da indarrean jarriko:

– 2015eko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte.

Bilboko Udalak, osoko bilkuraren gehiengo bidez, egindako eskaera izapidetu du Eusko Jaurlaritzak, horretarako betebeharra baitzuen legez. Dena den, mugatu egin du ordutegien askatasuna hiriko eremuan zein denboran.

Madrilgo Gobernuak, uztailaren 4ko 8/2014 Lege Dekretuaren bidez, Merkataritzako Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legea aldatu zuen, honela egin ere:

«5. Edozelan ere, turismo handiko eremu bat izendatuko da gutxienez aurreko urtean 600.000 gaualdi baino gehiago izan dituzten 100.000 biztanletik gorako udalerrietan edo aurreko urtean 400.000 bidaiari baino gehiago hartu dituzten gurutzontzi turistikoak aritzen diren portuak dituzten udalerrietan.

Datuok argitaratu eta sei hilabetera, autonomia-erkidego eskudunek baldintza horiek betetzen dituen udalerrian turismo handiko eremuren bat izendatu ezean, udalerri osoa halakotzat hartuko da eta merkatariek erabateko askatasuna izango dute establezimenduak urte osoan zehar irekitzeko.»

Bilboren kasuan, aurretik uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuak eragiten zion, eta aipatzen ari garen araua (uztailaren 4ko 8/2014 Errege Lege Dekretua) indarrean jarri ostean bi hilabeteko epea izango da; hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratutako ebazpena ebatzi du.

Autonomia-erkidegoek, dagokien udalek proposatuta, turismo handiko eremuak zehaztu behar dituzte dagokien lurralde-eremuan. Turista asko biltzen diren eremutzat egoera hauetakoren bat gertatzen diren udalerri osoko edo zati bateko guneak hartuko dira:

a) Turismoko establezimenduen eta ostatuen plaza kopuru nahikoa egotea, kuantitatiboki zein kualitatiboki, edota ohiko egoitzen aldean dauden bigarren egoitzen kopuruari dagokionez.
b) Gizadiaren Ondare izendapena izatea edo bertan artearen eta historiaren ondareko kultur intereseko ondasun higiezin bat egotea.
c) Muga-eremuekin mugakide izatea edo haien eragin-eremu izatea.
d) Nazioko edo nazioarteko kirol edo kultur ekitaldi handiak egitea.
e) Turismoko gurutze-ontziak iristen diren portuetatik gertu egotea eta bisitari ugari hartzea.
f) Erakargarri nagusitzat erosketa-turismoa duten eremuak izatea.
g) Justifikatzeko adinako egoera bereziak daudenean.

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Udalaren eskaera ebatzi du baina ahalik eta modurik murriztaileenean; izan ere, oraingo izendapenak, nahi ez den udalerri osoko ordutegi-liberalizazioa saihestu ez ezik, aplikazio-aldia denbora jakin batera mugatu (udak) eta aplikazioa 2015era atzeratu ere egingo du.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

5,48 MILIOI EURO LANGABETUENTZAKO PRESTAKUNTZA IKASTAROAK FINANTZATZEKO

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa. Gastuak finantzatuko duena: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari egindako kudeaketa-gomendioa, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-programazioa gauzatzekoa.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 5,48 milioi euro bideratuko ditu langabetuak prestatzeko ikastaroak antolatzeko sare publikoko Lanbide Heziketako zentroetan. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren zentroek 131 ikastaro emango dituzte aurten, eta 1.900 ikasle inguruk hartuko dute parte horietan.

Jaurlaritzak gaur onetsi duen partida langabetuen prestakuntza sustatzeko programa sorta baten barruan dago jasota; Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen ditu programa horiek guztiak. Zehazki, Jaurlaritzak beste partida bat, 36 milioi eurokoa, onartu zuen ekainean zentro pribatuetan lanerako prestakuntzako ikastaroak finantzatzeko.

Lanerako prestakuntza-ekintzak dira lanik gabeko langileei enplegagarritasuna bultzatzeko eskaini ahal zaizkien zerbitzu nagusiak, horrelakoei esker beren kualifikazioa hobetzen eta arlo profesional jakin baten ezagutza sendotzen baitute.

Ikastaroak prestakuntza-defizita duten langabetuei zuzenduta daude bereziki. Horiek kualifikazio-maila ertainak eskuratu behar dituzte sektore ekonomiko eta lanbide-arlo guztietan, industrian bereziki (fabrikazio mekanikoa, mantentze industriala, automatismoak, automozioa...), baina baita mendeko pertsonentzako Arreta Soziosanitarioan ere.

Eusko Jaurlaritzak urte hasieran onartutako 2014-2016 aldiko Enplegu Planaren barruan daude jasota lanerako prestakuntzari buruzko neurri guztiak. Hain zuzen, xede hauek ditu aipatutako planak: Euskadin dauden enpleguak sendotzea, enpresa- eta produkzio-sarearen aldetik lanpostuak sortzea eta populazio aktiboaren enplegagarritasuna areagotzea.

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

552 PLAZA ATZERRIAN, BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASLEENTZAT, HIZKUNTZA IKASTAROAK EGITEKO

LABURPENA

Gobernu kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, onartu du, atzerrian alemaneko, frantseseko eta ingeleseko ikastaroak egiteko plazetarako deia egiten duen Agindua. Aipaturiko plaza horiek, Euskadiko ikastetxe publiko zein itunpekoetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. maila edo Batxilergoko lehen eta 2. maila burutzen ari diren ikasleei zuzenduak daude.

2015eko udan Alemanian, Frantzian, Irlandan eta Erresuma Batuan hizkuntzak ikasteko burutuko diren 552 plazatarako deia egiten da. Eskaera egin nahi duten ikasleek, honako baldintzak bete beharko dituzte: aurreko ikasturtean 6 puntuko gutxieneko nota lortu behar da eskatutako hizkuntzan/hizkuntzetan, eta 15 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu behar da aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan; eskatzen den plazari dagokion hizkuntza ikasia izan behar du aurreko bi urteetan; aurreko urteetan deialdi honek eskaintzen dituen plazetan parte hartu ez izana; beranduenez 2015ean bete behar dituzte 19 urte.

Deialdi honek, 847.038 euroko ditu kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da.

 

MATERIAL ARKEOLOGIKO ETA PALEONTOLOGIKOEN INBENTARIOA EGITEKO DIRU-LAGUNTZAK

LABURPENA

Gobernu kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, onartu du, material arkeologiko edo/eta paleontologikoaren inbentarioa egiteko diru-laguntzak arautzen dituen Agindua. Material horiek, 2014an Euskadin burututako jardueretan aurkitutakoak izan beharko dute.

Deialdi honek, 80.000 euroko diru-kopuruarekin, honako helburu hau du: Euskadin baimendutako arkeologia-jardueren arduradunei laguntza ekonomikoa eskaintzea, inbentarioa kalitate dokumentala ziurtatuko duen estandar tekniko bateratuekin egin ahal izan dezaten.

 

245.000 EURO GOI MAILAKO KIROL LEHIAKETAK ANTOLATZEKO

LABURPENA

Gobernu kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, onartu du, 2014an burutzen edo hasten diren goi mailako kirol lehiaketak antolatzeko diru-laguntzak arautzen dituen Agindua.
Diru-laguntza hauek jaso ahal izango dituzte, ondorengo baldintzak betetzen dituzten nazioarteko kirol lehiaketek:
- Nazioarteko edo Europako Federazioren baten egutegian edo nazioarteko Liga Profesionalen baten egutegian jasoa egon beharko du lehiaketak.
- Mundu mailako txapelketen kasuan, bi kontinente edo gehiagotako kirolariek parte hartu beharko dute bertan.
- Lehiaketa guztietan, bi herrialde edo gehiagotako kirolariek parte hartu beharko dute
- Zirkuitu edo liga formatua duten lehiaketetan, bi herrialde edo gehiagotan antolatu beharko dira.

Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira erakustaldi izaera duten kirol ikuskizunak, bai eta nazioarteko izaera ez dutenak ere. Diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke: kirol helburua duten kirol-federazioak, klubak, elkargoak edo merkataritza sozietateak; aldian behin kirol ekintzak antolatzen dituzten eta egoitza Euskadin duten pertsona fisikoak; Euskadiko toki-erakundeak.

Deialdi honek 245.000 euroko diru-kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, AÑAKO UDALARI DIRU LAGUNTZA ZUZENA EMATEA ONARTZEKO DENA, UDALERRI OSOAN PAISAIAREN GAINEKO JARDUNAK SUSTATZEKO.

Gobernu Kontseiluak Añanako Udalari (Araba) diru-laguntza bat ematea onartu du paisaia-jarduketen garapenerako

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Añanako Udalari diru-laguntza bat ematea onartu du. Diru-laguntza hori emango da herrian 2014. urtean paisaia-jarduketetarako egindako gastuak finantzatuta.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren dirua jasoko duten jarduketak espazio publikoetako hiri-izaera eta -egitura indartzeko izango dira. Horretarako, tokikotu eta bateratuko dira hiri-altzariak giro-izaera duen monumentu-multzoarekin; eraikitako ondareko elementuen eta elementu arkitektonikoen jarduketek ere dirua jasoko dute, baita herrian dauden herri-titulartasuneko hiri-espazioetako jarduketek ere.

Diru-laguntza honen barnean jarduketa hauek ere sartzen dira: batetik, hiri-esparruko paisaia kontserbatzeko eta hobetzeko jarduketak, batez ere, hiri-kanpoaldekoak eta biztanlegunera iristeko bideetakoak, eta, bestetik, herrirako eskuragarrienak diren paisaien, eta hiri- nahiz nekazaritza-eremuen arteko harreman-espazioetan dauden paisaien artikulazio harmonikoa ahalbidetzen duten jarduketak. Diru-laguntzaren zenbatekoa, guztira, berrogeita hamar mila eurokoa da.

 

 

EUSKO JAURLARITZAK DEKLARATU DU PREMIAZKOA DELA BILBO BIZKAIA UREN PARTZUERGOAK OKUPATZEA "MARKINA-XEMEINGO IBAZETA-A ZUNDAKETAREN ERAIKUNTZA-PROIEKTUAK" ERAGINDAKO ONDASUNAK

Dekretua zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: IBACETA-A zundaketaren eraikuntza proiektua (Markina-Xemein) burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak deklaratu du premiazkoa dela Bilbo Bizkaia Uren Partzuergoak okupatzea, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, «Markina-Xemeingo IBAZETA-A zundaketaren eraikuntza-proiektuak» eragindako ondasunak eta eskubideak.

Bilbo Bizkaia Uren Partzuergoak «Markina-Xemeingo IBAZETA-A zundaketaren eraikuntza-proiektua» izeneko espedientea egin eta onartu ondoren, adierazi zuen beharrezkoa zuela proiektua gauzatzeko lursail guztiak erabilgarri izatea. Okupazioa geroraezintzat jotzen da; lehorte-garaietan, Artibaiko arroan, edateko ur gehiagoren hornikuntza bermatzeko. Zerbitzu teknikoek ondorioztatu dutenez, ez dago hirigintza arloko oztoporik espedientea izapidetzeko.

 

EUSKO JAURLARITZAK DEKLARATU DU PREMIAZKOA DELA AÑARBEKO UREN MANKOMUNITATEAK OKUPATZEA "ZUBIETA (DONOSTIA) ALTAN HORNITZEKO SISTEMA BERRIKO TRAZADURA" IZENEKO PROIEKTUKO ONDASUNAK

Dekretua zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Añarbe Ibaiaren Urtegiko Udal Mankomunitateak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: Donostiako Zubieta auzoko hornidura- sistema berriaren trazatua proiektua burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak deklaratu du premiazkoa dela Añarbeko Uren Mankomunitateak okupatzea «Zubieta (Donostian) altan hornitzeko sistema berriaren trazadura» izeneko proiektuak eragingo dien ondasunak eta eskubideak.

Añarbeko Uren Mankomunitateak, «Zubieta (Donostia) altan hornitzeko sistema berriaren trazadura» izeneko proiektua egin eta onartu ondoren, adierazi zuen proiektua gauzatzeko lursail guztiak erabilgarri izatea beharrezkoa zuela. Zerbitzu teknikoek ondorioztatu dutenez, ez dago hirigintza arloko oztoporik espedientea izapidetzeko.