2014/09/16 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Lege Proiektua; Euskal Administrazio Publikoarena.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro bideratuko ditu baso biomasaren bitartez energia sortzera
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Ondare naturalaren kontserbazioaren gaineko jakintza sortzeko proiektuak gauzatzen dituzten erakunde pribatuentzako diru-laguntzen deialdia arautu eta zabaldu du Eusko Jaurlaritzak
Dekretu-proiektua, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko basogintza eta nekazaritzako lurraldearen Plan Sektoriala behin betiko onartzen dena.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

LEGE PROIEKTUA; EUSKAL ADMINISTRAZIO PUBLIKOARENA.

Eusko Jaurlaritzak duela 30 urte diseinatutako administrazio publikoaren egitura modernizatzeko lege proiektua onartu du

LABURPENA

  • Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarreko taldeek eztabaidatzeko aurkeztu duen proiektuak hiru ardatz nagusi ditu: partaidetza, gardentasuna eta herritarren lankidetza, politika publikoak diseinatzeko eta ebaluatzeko.
  • Hainbat berritasun ekarriko ditu, adibidez, Herri Administrazioak gehienez 15 egunean erantzun beharko die herritarrek egiten dizkioten informazio publikoko eskaerei, bestela, herritarrek Gardena - Gardentasunaren Euskal Agentziarengana jo ahalko dute.
  • Diru-laguntzak jasotzen dituzten alderdi politikoek, enpresa-erakundeek, sindikatuek eta erakundeek publizitate aktiboaren betebeharrak bete beharko dituzte.
  • Proiektuak lehen aldiz jaso ditu herri erakundeak sortzeko baldintzak: ezin da erakunde bikoizturik sortu, ezta behar bezala justifikatuta ez dagoenik ere.

Gobernu Kontseiluak Euskal Administrazio Publikoari buruzko Legea onartu du eta bidaliko dio Euskal Legebiltzarrari, taldeek eztabaidatu eta onartu dezaten.

Euskal Administrazio Publikoari buruzko Lege Proiektua sortzeko hamar hilabetez aritu dira lanean eta eztabaidan hainbat eragile. Marko juridiko berria sortu nahi dute, EAEko herri administrazioa kalitatezko zerbitzu publikoa izan dadin, XXI. mendeko herritarren beharrei erantzuten diena, gobernantzaren printzipio berrietan oinarriturik, hau da, partaidetzan, gardentasunean eta gai publikoetako herritarren partaidetzan.

LEGE PROIEKTUA

Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektuak 5 titulu, 125 artikulu, 3 xedapen iragankor, xedapen gehigarri 1, xedapen indargabetzaile 1 eta bi azken xedapen ditu. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrari, erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei, sozietate publikoei, fundazio publikoei eta partzuergoei eragiten die.

Bi bloke nagusitan egituratuta dago:

  • Alde batetik, Euskadiko sektore publikoaren sailkapenarekin, osaerarekin eta antolaketarekin lotutakoa: egituraren erregulazioa, funtzionamendua eta betebeharrak, erakunde bakoitzaren eskumenen mugak, administrazioen arteko nahitaezko lankidetza eta koordinazioa eta kontrolatzeko eta erregistratzeko prozedurak.
  • Bestetik, gobernu onaren printzipioak erregulatzen dituena: politika publikoen plangintza eta ebaluazioa, arau-kalitate hobea, administrazio sinpleagoa, kudeaketa-sistema aurreratuak, herritarren eta administrazioaren arteko harremana, publizitate aktiboa eta informazio publikora sartzeko bermea.

GARDENA - GARDENTASUNAREN EUSKAL AGENTZIA

Legeak ekarriko dituen berritasun nagusien artean, bat nabarmendu daiteke: Administrazio Publikoak gehienez 15 egunean erantzun beharko die herritarrek egiten dizkioten informazio publikoaren eskaerei, hau da, Espainiako araudiak ezartzen duen epearen erdian (19/2013 Legea, Gardentasunari, Informazioa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa). Hori betetzen ez badu, herritarrek Gardena - Gardentasunaren Euskal Agentziarengana jo ahalko dute. Organo independente berria izango da, eta gardentasun-eskubideari eta datuak ezagutzeko eskubideari buruzko gatazkak konpontzen jardungo du. Horregatik, Gardentasunaren Euskal Agentzia Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin arituko da elkarlanean.

 Honela egongo da osatuta:

  • Presidentea: Herri Administrazio sailburuaren proposamenez eta dagokion Legebiltzarreko batzordearen aurrean agertu ondoren, bost urterako izendatuko da dekretu bidez, eta epe hori ez da luzagarria izango. Pertsona profesionala, ezaguna eta aditua izan beharko da.
  • Kontseilua: pertsonen talde bat, horietako bakoitza hainbat erakunderen barruan izendatuta: Eusko Legebiltzarra, Herri Kontuen Epaitegia, Arartekoa, Datuak Babesteko Agentzia, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak EUDEL.

Gardena - Gardentasunaren Euskal Agentziak publizitate aktiboarekin lotutako beharrak betetzea sustatuko du: informazio publikoa eskuratzeko eskubidea bermatuko du, murrizketa bakarrarekin, jabetza intelektualarekin edo industrialarekin eta datu pertsonalen babesarekin lotutakoa. Udal- eta foru-erakundeei informazioa ematearekin lotutako gatazkak edo zalantzak argituko ditu, baldin eta erakunde horiek ez badute berezko erabaki-organorik.

HERRITARREN PARTAIDETZA

Legeak beste berritasun bat ekarriko du: herritarrek Jaurlaritzak sortzen dituen erregelamenduak eta dekretuak prestatzen hartu ahalko dute parte. Izan ere, Erregelamenduetarako Herri Ekimena sortuko dute, herritarrek eragiten dieten arauak sortzen parte hartu ahal izateko.

Helburu berarekin, Gobernu Irekiaren Plataforma sortuko dute, eta honako funtzioak izango ditu: EAEko Administrazio Publikoa eta herritarrak etengabe harremanetan jartzea, informazioa zabaltzea, herritarrek Internet bidez adierazitakoa aintzat hartzea, herritarren ekarpenak erakustea eta koordinatzea, bi aldeko elkarrizketa bultzatzea, herritarren ekimena sustatzea gai publikoetan eta denon mesederako proiektuetan lankidetza publiko-pribatua sustatzea.

ERAKUNDE PUBLIKOAK

Euskal sektore publikoaren sailkapenari, sorrerari eta antolaketari dagokienez, proiektuak lehen aldiz ezarri ditu erakunde publiko berriak sortzeko betekizunak. Adibidez, erakundea beharrezkoa dela justifikatu eta bikoiztasunik ez dagoela bermatu beharko da.

Erakunde publikoak sortzen diren unetik, beren eraginkortasuna ebaluatuko da, helburuen eta xedeen betetze maila, erabilitako baliabideak eta lorpenak ezagutzeko. Euskal Sektore Publikoko Erakundeek Erregistroan izena eman beharko dute. Gainera, beren egituraren, antolaketaren eta osaeraren berri eman beharko diote, eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetan parte hartzen duten azaldu beharko diote. Erakunde publiko guztiek lege honek ezartzen dituen publizitate aktiboko eta informazioa eskuratzeko eskubideak bete beharko dituzte.

PUBLIZITATE AKTIBOA

Herritarrek Internet bidez goi-kargudunen izendapenak eta kargu-uzteak kontsultatu ahalko dituzte, baita haien funtzioak, beste jarduera batzuekin duten bateragarritasunari buruzko ebazpenak, agenda publikoak eta harremanetarako helbide elektronikoak ere, ezarri nahi diren planak, haien betetze maila eta emaitzak, emandako diru-laguntzak eta zenbatekoak, onuradunen zerrenda, kontratuen eta hitzarmenen zenbatekoak eta enpresa edo erakunde esleipendunak eta sozietate publikoen egoera ekonomikoa eta zorpetze maila ere.

Lege-proiektuak baliabide publikoen hartzaile diren gizarteko eragile guziak ere hartzen ditu; hartara, horiek ere bete behar dituzte legeak zehaztuko dituen publizitate aktibo publikoaren betebeharrak. Alderdi politiko, enpresa-erakunde eta sindikatuen kasua da, bai eta legez ezarritako diru-laguntzen edo laguntza publikoen hartzaile diren pertsona indibidual edo juridikoena ere. Era berean, pertsona liberatu sindikalen kopuruaren, jarduten duten ordu kopuruaren eta lotutako kostuen berri emango da.

Informazioa tratatzeko, berrantolatzeko eta berrerabiltzeko moduan eman beharko da, hau da, formatu digitalean, estandarrean eta irekian, kontuak benetan emateko, leku bakarrean, Gobernu Irekiaren Plataforman.
 

 

Erlazionaturiko temak
Proyecto de Ley de la Administración Pública Vasca

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK 500.000 EURO BIDERATUKO DITU BASO BIOMASAREN BITARTEZ ENERGIA SORTZERA

LABURPENA

  • Laguntzak “Biomasa Helburu Energetikoekin Erabiltzeko Euskal Estrategia”-ren baitan sartzen dira, eta euskal gobernuak basogintza sektorea iraunkorra izan dadin egin duen apustu sendoaren beste urrats bat dira.
  • Hogeita hamar udalerrik baino gehiagok egin dute bat estrategia horrekin, eta 2015ean tokiko biomasarekin energia termikoa sortzeko instalazioak abia jartzen direnean emaitzak emango dituzten proiektu zehatzak aurkeztu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak 500.000 euro bideratuko ditu 2014an Euskadiko landa guneetan biomasaren bitartez energia termikoa sortzeko abian jarriko diren ekintzak finantzatzera. Laguntzak “Biomasa Helburu Energetikoekin Erabiltzeko Euskal Estrategia”-ren baitan sartzen dira, eta euskal gobernuak basogintza sektorea iraunkorra izan dadin egin duen apustu sendoaren beste urrats bat dira.

Estrategia horren garapenerako lankidetza protokolo bati ekin zaio baso biomasa helburu energetikoetarako erabiltzeko, konbentzituta horrek bertako baliabide berriztagarriak prezio lehiakorrean erabiltzeko aukera emango duela, aldi berean biomasaren ustiapena ezarriko den udalerrietan enplegua sortuta.

Helburuak

Erronka honetan Eusko Jaurlaritzak, EVEren eta Haziren partaidetzarekin eta beraien gidaritzapean, prozesu honen balio katean inplikatutako hainbat agente biltzen ditu -udalak, foru aldundiak, zerbitzu energetikoen enpresak, baso eta instalazio energetikoen ingeniaritzak, baso erauzketarako enpresak, basogintza elkarteak, energia eta baso baliabideen kudeaketan inplikatutako administrazioak- indarrak batu eta hau egiteko:
 

  • 20-20-20 estrategi europarraren helburuak lortzeko.
  • Energiaren autohornikuntzan aurrera egiteko, hala aurreikusten baita 2020ko Euskadiko Estrategia Energetikoan.
  • Enplegua sortzeko.
  • Merkatuko nitxo berriak eskaintzeko basogintzaren eta egurraren eraldaketaren sektorerako.
  • Biomasa helburu energetikoekin erabiltzeko bideei buruzko euskal Know How-a garatzeko, basoko erauzketaren, eraldaketaren eta instalazio energetikoen ingeniaritzaren ikuspuntutik.
  • Tokiko galdara fabrikatzaileentzat merkatu bat ahalbidetzeko.
  • Basoko suteen arriskua gutxitzeko eta euskal mendietako landareen osasuna hobetzeko.

30 udalerriren parte hartzea

Jada 30 euskal udalerri baino gehiago dira Biomasa Helburu Energetikoekin Erabiltzeko Euskal Estrategia honetan parte hartzen dutenak, bakoitzak bere heldutasun graduarekin. Pentsatzeko da 2015ean lehenengo emaitzak ikusi ahal izango direla, tokiko biomasa erabilita energia termikoa sortzeko udal instalazioak gauzatu eta Biomasaren Zentral Logistikoren bat abian jartzen denean.

Eusko Jaurlaritzak orain deitutako diru laguntzekin finantzatu daitezkeen energia berriztagarrien operazioak toki erakundeetara bideratuko dira, landa guneetako bizi kalitatearen hobekuntza dakartzan azpiegituren ezarpen gisa. Guztira aurreikusten den diru kopurutik 375.000 euro FEADER fondoetatik etorriko dira, eta laguntzak baremo batean oinarrituta emango dira, haien zenbatekoa, gehienez, inbertsioaren %80a izango delarik.

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

ONDARE NATURALAREN KONTSERBAZIOAREN GAINEKO JAKINTZA SORTZEKO PROIEKTUAK GAUZATZEN DITUZTEN ERAKUNDE PRIBATUENTZAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTU ETA ZABALDU DU EUSKO JAURLARITZAK

LABURPENA

Oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak lehia bidez banatzeko deialdiari. Ondare Naturalaren kontserbazioari begira ikerketa aplikatuko azterlan eta ikerlanak egiten dituzten erakunde pribatuek hartu ahal izango dute bertan parte, 2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko maiatzaren 31ra bitartean, EAEren lurralde-eremuaren barruan.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, Ondare Naturalaren kontserbazioari begira ikerketa aplikatuko azterlan eta ikerlanak egitea izan beharko dute proiektuek xede, gai hauen inguruan betiere: Natura 2000 Sarea; Basa fauna eta basaflora mehatxatuko espezieak eta Ondare naturalaren beste elementu batzuek. 160.000 euroko zuzkidura du deialdiak.

 

DEKRETU-PROIEKTUA, ZEINAREN BIDEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO BASOGINTZA ETA NEKAZARITZAKO LURRALDEAREN PLAN SEKTORIALA BEHIN BETIKO ONARTZEN DENA.

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzaren eta Basogintzaren arloko Lurralde Plana onetsi du Eusko Jaurlaritzak

LABURPENA

Oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzaren eta Basogintzaren Arloko Lurralde Planari buruzko dekretu-proiektuari, 1997ko Lurralde Antolakuntzarako Artezpideetatik eratorria, horiek Inguru Fisikoaren Artezpidea garatzeko tresna gisa EAEko Basogintzaren eta Nekazaritzaren Arloko Plan bat prestatzea aurreikusi baitzuten.

2001ean orduko Nekazaritza eta Arrantza Sailak abiarazitako eta Lurralde Antolakuntzako Legearen ildotik gauzatu den formulazio- eta izapide-prozesu luze baten emaitza da ALP hau. Lurraldea antolatzeko tresna da, globalizatzailea eta dinamikoa, nekazaritzako eta basogintzako lurralde-erabilerak planifikatzera eta kudeatzera bideratutako jarduerak iradoki eta bideratzen dituena, horiek lurralde-antolakuntzako esparrura ekarrita.

Hauek dira ALParen xede nagusiak: nekazaritza-lurrak (bereziki balio agrologiko handiko lurzorua) definitzea eta babestea, nekazaritza eta basogintza orekatua gauzatu ahal izateko ezinbesteko baliabidea baitira; gaur egungo landa-eremuaren ikuspegia zehaztea nekazaritza-jarduerak, ustiategi emankorrenak, ustiategi lehenetsiak, bertan behera uzteko arrisku handiena dutenak eta mehatxu handienak non kokatzen diren inguruko jakintza sustatuz. Halaber aurreikusten du lurralde-plangintza nekazaritzaren inguruko irizpideen ikuspegitik sustatzea. Hala, LAAetako Inguru Fisikoari buruzko Artezpidetik abiatuta, basogintzaren eta nekazaritzaren sektoreen beharrak eta ikuspegiak hartu behar dira aintzat.

Hala, sendoago txertatzen dira nekazaritzako eta basogintzako jarduerak inguruaren kontserbazioari eragiten dioten funtsezko faktoreen artean; nekazaritza eta basogintza bideragarritasun osoz gauzatzeko lur-azalera nahikoak, kantitateari zein kalitateari dagokionez, segurtatzen dira; landa-eremuko biztanleak plangintzako eta babeseko politiketan engaiatzen dira, eta, horrez gain, aldi postindustrial honetako testuinguruaren ikuspegitik nekazaritza-alorreko elementuek jokatu beharreko papera birdefinitu egin da: erabilera publikoa, bizi-kalitatea eta abar.

Halaber planteatzen ditu Plan berriak aplikatzeko moduko jardute-tresna baliagarriak, sektorea eta haren baliabideak erabilera arrotzetatik (bereziki azpiegiturak, bizilekuak eta industria ezartzea) babestea dakartenak; ukipen-eremuetan, halaber, planeamenduen arteko koordinazioa segurtatuko dute tresna horiek. Azkenik, lurralde-antolakuntzako eta plangintzako aurretiko dokumentuek –hala nola Euskal Baserrialdeko Planak, Basogintzako Plan Estrategikoak eta LAAek– ezarritako gidalerro eta irizpideak ere bildu ditu Plan berriak.

Udal plangintzak lur ez urbanizagarria zonifikatzeko unean zenbait irizpide eta kontzeptu bere gain hartzea gomendatzen du ALPak, eta LAAek Inguru Fisikoa kategorizatzeko proposatzen duen eskema garatu egiten du. Nekazaritzaren babesa eta ingurumenarena bateragarri egiten ditu, eta ALParen beraren emaitzak hedatuko direla bermatzen du, hartara lurraldea kudeatzeko eta planeatzeko beste dokumentu batzuetan ere aintzat har daitezen. Tresna honek basogintzako eta nekazaritzako politika beste politika sektorialekin batera lurralde-esparru bateratu batean integratzeko eskaintzen duen aukera baliatu beharra dago.

Artezpideek xedatutako Inguru Fisikoa Antolatzeko Kategorien garapen den aldetik, kategoria hauek sortzen ditu Planak: Nekazaritzakoa nahiz abeltzaintzakoa eta landazabalekoa - Balio estrategiko handia, Nekazaritzakoa nahiz abeltzaintzakoa eta landazabalekoa - Trantsizioko landa paisaia, Basokoa, Basokoa - baso barbana, Larre menditarrak Larre menditarrak - harkaitzak, Ingurumenaren hobekuntza eta Lurgaineko uren babesa. Halaber, LAAetako Inguru Fisikoari buruzko matrizea xehakatu egiten du, kategoriaz kategoria arautuz erabilera sustatua, onargarriak eta debekatuak.