2014/09/23 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, Administrazio Publikoak Eraberritzeko Batzordeak (APEB-CORA) proposatutako neurriei buruz.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
2,5 milioi euro aldi baterako prestakuntza integratuko programetarako itunpeko ikastetxe pribatuetan.
Agindua, 2014-2015 ikasturtean Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko diru-laguntzetarako deia egiten duena.
7,9 milioi euro Aldi Baterako Prestakuntza Integratuko Programetarako.
Erabakia, Huhezi Koop. Elkarteari diru-laguntza zuzena, euskal ondare ez-materialaren aberastasunari buruzko hainbat ikerketa eta zabaltze-ekintza finantzatzeko dena.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, ADMINISTRAZIO PUBLIKOAK ERABERRITZEKO BATZORDEAK (APEB-CORA) PROPOSATUTAKO NEURRIEI BURUZ.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK SALATU DU ESTATU AUTONOMIKOA SORTZEKO ADOSTASUN POLITIKOA HAUSTEN DUELA ESPAINIAKOAK KRISI EKONOMIKOAREN AITZAKIAN

• Gobernu Kontseiluak dokumentu sendoa, 200 orri baino gehiago eta 96 alegazio dituena, onartu du Herri-administrazioak erreformatzeko batzordeak (CORA) egindako txostenaren eskumen-gehiegikeria bakoitzari argudioen bidez xehe-xehe erantzuteko.

• Espainiako gobernuak «irudi instituzionala murrizten» eta «autonomia politikoa narriatzen» duela salatu du Eusko Jaurlaritzak, bai eta «Euskadi botere zentralaren eragile osagarri huts bihurtu nahi» duela ere.

• Dokumentuak ohartarazi du Espainiako gobernuaren txostena «aldebakarrekoa» eta «sinesten zaila» dela «joera partzial handia» duelako, baita «emaitza aurreikusgarria» duela ere; horrez gain, erakundeen eraginkortasuna bilatu beharrean, autonomien kaltetan «Espainiako gobernuaren nagusitasuna sendotu» nahi duela gehitu du.

Espainiako gobernuak Herri-administrazioak erreformatzeko batzordearen (CORA) bikoiztasunei buruzko txostenean, besteak beste, proposatutako neurriei argudioen bidez xehe-xehe erantzuteko dokumentu mardula onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Testuak 200 orritik gora eta 96 alegazio ditu Espainiako gobernuak proposatutako neurri bakoitzari erantzuteko, Euskadiko eskumenetan eragiten baitute horiek finantza, osasun, hezkuntza, kanpoko ekintza eta autoantolamendurako gaitasun arloan, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzak egindako agiriak salatzen du Espainiako gobernuak, Estatuko eskumenen interpretazio hedakor baten bitartez, «Euskal Autonomia Erkidegoaren irudi instituzionala murrizten» ari dela egiaz, «haren autoantolamendurako eskumena eta Gernikako Estatutuan onartutako autogobernuaren izaera politikoa zalantzan jartzen» baititu. Estatuak «euskal autonomia politikoa administrazio-deszentralizazio huts bihurtu nahi du», Euskadi «botere zentralaren eragile osagarri bat izango balitz bezala». Era horretan, arian-arian,«euskal autogobernua eta botere-esparru autonomikoa narriatzen» ari da Espainiako gobernua, baita «Estatuko Administrazioaren eginkizun zaintzailea sendotzen» ere.

Eusko Jaurlaritzaren ustez Espainiako gobernuaren proposamenak, oro har, «Estatuaren aldebakarreko ikuspegi baten emaitza dira, bere ikuspegia, interesak eta nahiak bakarrik aintzat hartuta». Krisi ekonomikoaren zein kostuak murrizteko eta eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko egin beharreko administrazio-berregituratzearen aitzakian, hainbat neurri proposatu ditu Espainiako gobernuak, eta horien bitartez, egiaz, bere nagusitasuna eta lidergoa sendotu nahi ditu, autonomien kaltetan, baita «erakunde autonomikoen balio- eta ospe-galera» laguntzen ere, herritarrei deszentralizazio politikoaren irudi gutxiesgarria helaraziz.

Herri-administrazioak erreformatzeko batzordearen (CORA) agirian «autonomien estatuaren inboluzioa» dago gauzatuta; izan ere, ikuspegi «birzentralitzailez eta bateratzailez» egin dute, autonomien beraien parte-hartzerik gabe. Horiek horrela, Herri-administrazioak erreformatzeko batzordearen aholku-batzordearen «joera partzial handia» salatu du EAEko gobernu-kontseiluak, bertan ez baita autonomia-, foru- edo toki-ordezkaririk egon; horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, erreforma-proposamena «sinesten zaila da», «emaitza aurreikusgarria» du, eta «urruti dago diagnostiko orekatua eta proposamen objektiboak ematetik». Azken batean, «besteen kontura proposatutako erreforma» da.

EAEko gobernu-kontseiluak gaur hartutako erabakiak salatzen du, halaber, Herri-administrazioak erreformatzeko batzordearen txostenak ez dituela aipatu ere egiten Estatuko administrazioko organoen beharrik gabeko jardunaren ondorioz Euskadin dauden bikoiztasunak. Eusko Jaurlaritzak legebiltzarrera igorritako Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Funtzionamenduari eta Azterketari buruzko txostenean daude azalduta aipatutako bikoiztasunak.

Horrez gain, Espainiako gobernuak negoziatzeko inolako borondaterik ez duela salatu du Eusko Jaurlaritzak, CORAren txostenean ageri diren proposamen asko alde bakarretik gauzatu baititu, inolako adostasun edo eztabaidarik gabe, errege lege-dekretuen bitartez, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzaren ustez Espainiako gobernuak ez ditu Estatu Konposatu baten joko-arauak errespetatzen; euskal autogobernuaren beraren izatea zalantzan jartzen du etenik gabe, eta Estatuaren funtzionamendua ez ezagutzearena egiten du –botere politikoaren lurralde-antolamendurako irekia den egitura instituzional gisa, konstituzioaren bidez bere buruari emana, alegia–. Eta hori egiteko orduan, honelako kontzeptu edo tresnetara jotzen du bere legedian: «ekonomia eta merkatu bakarra zuzentzea», «Estatuko oinarriak, formalak zein materialak»; «espainiarren» gaizki ulertutako «berdintasuna» argudiatzen du, halaber, «lurraldez gaindikotasunaren printzipioa»z edo «interes orokorraren adierazpen materiala»z baliatuta, besteak beste.

96 ALEGAZIO

Aurkeztutako alegazioen artean nabarmendu beharra dago Estatutuan garrantzia duten edo Lurralde Historikoen Legean jasota dauden euskal erakundeak murriztearen edo desagertzearen aurka agertzen dela Eusko Jaurlaritza. Adibidez: fenomeno zehatzak ebaluatzeko behatokiak edo erakunde autonomiko jakin batzuk; besteak beste, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Arartekoa, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia, Euskal Estatistika Erakundea, Datuak Babesteko Euskal Agentzia, Prospekzio Soziologikoen Kabinetea, Euskalmet, Kontratazioaren Euskal Aholkularitza Batzordea, Kontratu Errekurtsoen Auzitegia, UNIBASQ Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia, eta EEE Energiaren Euskal Erakundea...

Estatuko erakunde baliokideek horien eginkizunak beren gain har ditzaten nahi du Espainiako gobernuak, baina gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak era horretako erakundeak sortzea edo desegitea Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa dela Estatutuak xedatutakoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzaren alegazioek salatzen dute, orobat, Estatuko gobernuak politika publikoen baterako plangintza indartu nahi duela, baina autonomiek eskumena duten kasuetan soilik (garapenerako lankidetza, trafikoa eta bide-segurtasuna, babes zibila, Estatukoak ez diren errepideak, bekak, kultura turismoa, enpresak babestea edota genero-indarkeria), eta ez, ordea, Estatuak eskumen esklusiboa duenean. Horrela bada, Espainiako gobernuak besteena elkarbanatu eta berea gorde nahi du.

Autonomiei Estatuko politiketan parte hartzea ahalbidetzen dieten mekanismoak garatzea irmoki baztertu du beti Espainiako gobernuak, Eusko Jaurlaritzak salatu duen moduan. Are gehiago, Estatuaren plangintzak, praktikan, politika publiko guztiak hartzen ditu bere baitan, eta ezinezko bihurtzen da autonomiek beren antolamenduak gara ditzaten.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak uste du koordinazioa hobetzeko aitzakian datu-base eta erregistro autonomiko guztien kudeaketa esklusiboa nahi duela Espainiako gobernuak, eta ohartarazi du ez dela datu-interkonexio bat, horiek erregistro nagusi bakarretan iraultzea baizik. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, koordinazio-formula izan beharrean, birzentralizatzeko beste maniobra bat gehiago da.

Erlazionaturiko temak
Informe CORA

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

2,5 MILIOI EURO ALDI BATERAKO PRESTAKUNTZA INTEGRATUKO PROGRAMETARAKO ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUETAN.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, onartu du itunpeko ikastetxe pribatuetan aldi baterako prestakuntza integratuko programak garatzeko 2014-2015eko ikasturterako diru-laguntzak deitzen dituen agindua, ikastetxe horiek 2013-2014ko ikasturtean izan badituzte Hasierako Lanbide Trebakuntza Programak emateko itunak.

Derrigorren desagertu behar zuten Hasierako Lanbide Trebakuntza Programen ordezkoak dira Aldi Baterako Prestakuntza Integratuko Programak 2014-2015eko ikasturtean, Oinarrizko Lanbide Heziketa ezarri ahal izan arte. Azken ikasturteetan, ituntzearen barruan, Hasierako Lanbide Trebakuntza Programak eman dituzten ikastetxe berberetan emango dira programa horiek.

Guztira 2.555.000 eurokoak dira agindu honen bidez 2014-2015eko ikasturterako deitutako diru-laguntzei eskainiko zaizkien baliabide ekonomikoak.
 

 

AGINDUA, 2014-2015 IKASTURTEAN ESKOLATZE OSAGARRIKO PROGRAMAK GARATZEKO DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

1,2 MILIOI ESKOLATZE OSAGARRIKO PROGRAMAK GARATZEKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2014-15 ikasturtean eskolatze osagarriko programak garatzeko diru-laguntzetarako deialdia egiten dituen Agindua onartu du.

Deialdi honek diruz lagunduko dituen eskolatze osagarriko programak, egoera sozial eta kultural kaltegarrian egon eta eskolara egokitzeko zailtasun handiak dituzten 14 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzenduak izango dira.

Deialdi honek 1.202.450 euroko diru kopurua du, eta beronen onuradun izan daitezke: udalak, mankomunitateak edo beraiek sortutako entitateak, irabazi asmorik gabeko entitateak eta itunpeko ikastetxeak. Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasita.
 

 

7,9 MILIOI EURO ALDI BATERAKO PRESTAKUNTZA INTEGRATUKO PROGRAMETARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, onartu du udaletan, mankomunitateetan, horretarako sortutako erakundeetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde pribatuetan Aldi Baterako Prestakuntza Integratuko Programak garatzeko 2014-2015eko ikasturterako diru-laguntzak deitzen dituen agindua, erakunde horiek 2013-2014ko ikasturtean Hasierako Lanbide Trebakuntza Programak eman badituzte eta beroriek finantzatzeko hezkuntza-itunik izan ez badute.

Derrigorrean desagertu behar zuten Hasierako Lanbide Trebakuntza Programen ordezkoak dira Aldi Baterako Prestakuntza Integratuko Programak 2014-2015eko ikasturtean, Oinarriko Lanbide Heziketa ezarri ahal izan arte.

Guztira 7.980.000 eurokoak dira agindu honen bidez 2014-2015eko ikasturterako deitutako diru-laguntzei eskainiko zaizkien baliabide ekonomikoak.
 

 

ERABAKIA, HUHEZI KOOP. ELKARTEARI DIRU-LAGUNTZA ZUZENA, EUSKAL ONDARE EZ-MATERIALAREN ABERASTASUNARI BURUZKO HAINBAT IKERKETA ETA ZABALTZE-EKINTZA FINANTZATZEKO DENA.

LABURPENA

HUHEZIRI DIRU-LAGUNTZA, EUSKAL ONDARE EZ MATERIALAREN ABERASTASUNARI BURUZKO IKERKETA ETA ZABALKUNDEA FINANTZATZEKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, HUHEZI Koop. Elkarteari (Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateari) 15.000 euroko diru-laguntza zuzena ematea onartu du, 2014 urtean euskal ondare ez-materialaren aberastasunari buruzko ikerketak eta zabalkunde lanak finantza ditzan.

Diruz lagunduko diren jarduerak, zehatzago, honako hauek dira: euskal ondare ez-materialaren zabalkunderako bide posibleak aztertzea batetik, eta aberastasun horren adierazpenetako bat den dantza tradizionalaz ikus-entzunezko lan bat burutzea, bestetik. Guztia, Goikolab irudi-laborategiko ikasleen ikasketa amaierako proiektuaren barnean.

Diru-laguntza ordainketa bakarrean emango zaio onuradunari, horren justifikazioa aurkeztu ondoren. Justifikaziorako, faktura originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, burututako jardueren memoriarekin batera. Guztia, 2014ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da.