2014/10/21 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Gobernuak Gaza, Zisjordania eta Guatemalarako laguntza humanitarioak onartu ditu.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro erabiliko ditu nekazarien sindikatuentzat.
Erabakia, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea baimentzekoa, Bilboko aireportuko turismo-informazioko gunea Bilbao Bizkaia Card txartela jasotzeko gunea izan dadin.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
3,77 milioi enplegurako orientazio ekintzak sustatzeko.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzen duena, 2014-2015 ikasturtean unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko dirulaguntzak finantzatzeko.
550.000 LHren eremuko mugikortasunetarako, ERASMUS + programaren esparruan.
100.000 euro hezkidetza- eta genero-indarkeria prebenitzeko proiektuetarako.
464.900 euro hezkuntza-bikaintasunera zuzendutako prestakuntza-proiektuetarako.
290.000 euro gazte-ekipamenduen sarea bultzatzeko.
Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko jarduera-proiektu integralak.
Erabakia, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen 250. urteurrena dela-eta, antolatutako ospakizunek eragindako gastuei aurre egiteko diru-laguntza emateko dena.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Dekretua, segurtasun pribatuaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak arautzen dituena.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

GOBERNUAK GAZA, ZISJORDANIA ETA GUATEMALARAKO LAGUNTZA HUMANITARIOAK ONARTU DITU.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur Guatemala, Zisjordania eta Gaza iparralderako 545.000 euroko laguntza humanitarioak emateari. Laguntza horiek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ekintza humanitarioa finantzatzeko urte osoan egiten duen jarduketan sartzen dira eta 2.600.000 euroko zenbatekoa dute.

Zehazki, gaur onartutako laguntzak GGKE hauei emateko dira:

• Asociación Paz con Dignidad erakundeari Gaza iparraldean dagoen Al Awda Ospitaleko larrialdi zerbitzuei laguntzeko eta zerbitzu horiek indartzeko 199.246 euroko laguntza.
• Asamblea de Cooperación por la Paz erakundeari Zisjordaniako C guneko 4.650 pertsonen baldintzak, ura, saneamendua eta higienea hobetzeko 181.174 euroko laguntza.
• Mundu Bakean erakundeari arriskuen kudeaketa-programa baterako, Guatemalako Carreché Sechinako hondamendietarako, hain zuzen, 164.586 euroko laguntza.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK 200.000 EURO ERABILIKO DITU NEKAZARIEN SINDIKATUENTZAT.

Agindua. Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2014ko ekitaldirako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Agindua. Honen bidez, beka-deialdia egiten da, 2014-2015 ikasturtean, nautikako eta arrantzako irakaskuntzen arloko ikasketak egiteko honako hauetan: Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxea; Bermeoko Itsas-Arrantzako Prestakuntzarako Eskola, eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzarako Lanbide Heziketako ikastetxean.

Erabakia, Fundación Azti-Azti Fundazioari zuzeneko diru-laguntza bat emateko, 2014ko ekitaldian hark egingo dituen hainbat proiektu finantzatzeko.
 

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK 200.000 EURO ERABILIKO DITU NEKAZARIEN SINDIKATUENTZAT

Kontseiluaren azken bileran itsas-arrantzako ikasketetarako beken deialdia ere egin dute.

Kontseiluaren azken bileran, Eusko Jaurlaritzak onarpena eman dio Euskal Autonomia Erkidegoan dauden sindikatu izaerako Nekazaritza Erakunde Profesionaletarako laguntzen 2014rako deia egiteko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailburuak emandako Aginduari.

Laguntza horiek –guztira 200.000 euro egiten dutenak- Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza sektorearen interes orokorra ordezkatu eta babestea helburu duten taldeek eskuratu ahal izango dituzte, nekazaritzako profesionalek osatuta baldin badaude, berdin dela beraien nekazaritzako ekoizpenaren zein azpisektoretakoak diren.

Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin euskal nekazaritza sektoreaz hitz egiteko solaskide soziala izaten laguntzea. Zehazki, diru laguntza ez itzulgarriak izango dira eta erakunde horiek Euskadiko nekazaritzaren eta elikagaien kontseiluan zein kontseilu horren Sektorekako Batzordeetan egon eta bertan parte hartzeko egindako gastuak ordaintzeko izango dira, bai eta Landaberriren baitan, hau da, hiru lurralde historikoetako landa garapenerako agenteen bilgunearen baitan, sortzen diren lantaldeetan egoteko eta parte hartzeko egindako gastuak ordaintzeko ere.

Itsas-arrantzako ikasketak egiteko bekak

Era berean, Eusko Jaurlaritzak itsasoari eta arrantzari lotutako ikasketak egiteko beken deialdia onartu du, 2014-2015 ikasturtean Pasaiako Itsas-arrantzako Prestakuntza Zentroan, Bermeoko Itsas-arrantzako lanbide prestakuntzarako eskolan eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas-arrantzako lanbide prestakuntzarako eskolan egingo diren ikasketetarako.

Eskatzen diren betekizunak dituzten hautagai guztiek beka eskuratzeko eskubidea izango dute, eta hautagai bakoitzak eman zaizkion puntu kopuruaren araberako diru laguntza bat eskuratu ahal izango du, laguntza hori gehienez ere 2.404,05 eurokoa izango delarik. 2014-2015 ikasturterako deitutako beka guztien finantzaketarako 133.454 euro erabiliko dira gehienez.

624.000 euroko diru laguntza onartu zaio AZTIri, azterlan berriak egiteko

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak 624.000 euroko diru laguntza zuzen bat eman dio Azti Fundazioari 2014an garatu nahi dituen hainbat proiekturen finantzaketarako.

Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmen bat izenpetu du AZTI Fundazioarekin arrantza sektoreak dituen premiei erantzungo dieten ikerketa proiektuak egin ditzala eskatzeko eta arantza baliabideak modu iraunkorrean kudeatzea ahalbidetuko duen informazio zientifikorik hoberena edukitzeko.

Arrantza politika bateratu berriak bi lehentasun ezarri ditu Europako arrantza ontzietarako: Bazterkin guztiak kentzea eta arrantza ikuspegi ekosistemikotik kudeatzea. Ezagutzari eta Euskadiko arrantza sektorean ezarri beharreko hobekuntzei lotutako premia berri horiei erantzuteko, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailari atxikitako Arrantza Zuzendaritzak beharrezkotzat jo du AZTIrekin elkarlanean aritzea ikerketa proiektu berriei ekiteko.

Abian jarri diren proiektuen helburua da arrantza ontzietan hobetu beharreko alderdiak identifikatzea eta arrantza tekniketan eta arrantza kudeatzeko praktiketan neurri teknologikoak ezartzea, Europar Erkidegoko araudi berrira egokitzeko eta epe ertainera bazterkinak gutxitzeko.

Bestalde, arrantza baliabideak ikuspegi ekosistemiko batetik kudeatzeko, beharrezkoa da ekosistemaren portaeraren gaineko informazio zehatza edukitzea, eta, bereziki, arrantza toki guztiak genetikoki ezaugarrituta edukitzea, euskal uretan eta arrantza tokietan kudeaketa ekosistemikoa zehaztu eta garatu ahal izateko, itsasoko biodibertsitatea ulertu eta kudeatzeko beste tresna batzuk garatzeko eta arrantza jardueraren errentagarritasuna, arriskua eta kudeaketan aldaketak gertatuz gero erreleboa gertatzeko dauden aukerak simulatzeko tresnen diseinurako.
 

 

ERABAKIA, BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREKIN LANKIDETZA-HITZARMEN BAT SINATZEA BAIMENTZEKOA, BILBOKO AIREPORTUKO TURISMO-INFORMAZIOKO GUNEA BILBAO BIZKAIA CARD TXARTELA JASOTZEKO GUNEA IZAN DADIN.

LABURPENA

BILBOKO AIREPORTUAN TURISMO-INFORMAZIO GUNEA HOBETZEKO HITZARMENA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREKIN

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute Bilboko aireportuko turismo-informazio gunean arreta hobetzeko. Aurrerantzean, Bilbao Bizkaia Card turismo-txartela erosi ahal izango da bertan.

Hitzarmen honi esker, turismo-informazio gune honetan txartel horiek eskuratu ahal izango dira. Txartel honek bi ezaugarri nagusi ditu: inguru zehatz bateko kultur eta aisialdi baliabide ugari batzen ditu eskaintza bakarrean eta turistarentzat erakargarria den prezio lehiakorrean egiten du.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

3,77 MILIOI ENPLEGURAKO ORIENTAZIO EKINTZAK SUSTATZEKO.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 3,77 milioi euro bideratuko ditu enplegurako orientazio-ekintzak garatzeko Lanbideko bulegoen bidez eta zenbait erakunderen laguntzarekin, zerbitzuaren garapena areagotzeko.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok proposatuta Gobernu-kontseiluak oniritzia eman dio Lanbideren lan-aktibazioari dagokion programa honetako laguntzen deialdiari. Hala, enplegua bilatzen ari direnek edo enplegua galtzeko zorian daudenek orientazioko profesionalen aholkularitza indibidualizatua jasoko dute autoenplegurako prestatzeko eta enplegua modu aktiboan bilatzeko, baita etorkizunean laneko merkatuan txertatzeko aurretiaz eman beharreko pausoei buruzko aholkularitza ere.

2013an, Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoen sareak eta lankidetza-erakundeek 212.496 esku-hartze egin zituzten, eta 99.000 pertsonari egin zien mesede.

Arreta pertsonalizatua langabezia-egoeran daudenen enplegagarritasuna hobetzeko eta okupatuta daudenen enplegua mantentzeko bermerik onena da. Enplegu-orientazioko zerbitzuak informazio, laguntza-emate, motibazio eta aholkularitzako ekintza eta neurri gisa definitzen dira. Zerbitzu horietan pertsona bakoitzaren egoera profesionala kontuan hartuta, haren gaitasunak eta interesak zehaztu eta prestakuntzako ibilbide pertsonalizatua diseina dezakete, lan-bilaketa edo enpresa-ekimenak kudeatzeaz gain.

Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten erakundeek beraien esperientzia akreditatu beharko dute; era berean, dauzkaten baliabide materialak eta giza baliabideak ere akreditatu beharko dituzte, lan-orientazioko ekintzen kalitatea eta efizientzia bermatzeko. Ekintza horien artean daude lanerako balorazioa, diagnostiko indibidualizatua eta profila egitea; enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatzea; ibilbidea egitean laguntza pertsonalizatua ematea eta enplegu-eskaerak ikusita beste aukera profesional batzuk identifikatzeko aholkularitza ematea.

Era berean, orientazio-zerbitzuek egin beharreko neurrien artean nabarmentzen dira gai hauei buruzko informazio-saioak: lan-merkatua, enpleguaren politika aktiboak, zorroko zerbitzu komunen eta osagarrien eskaintza.

Orientazio-zerbitzuak honako jarduerak izango ditu:

a) Lan-merkatuaren, enplegu-politika aktiboen eta zorroko zerbitzu komunei eta osagarriei buruzko eskaintzaren gaineko informazioa ematea.

b) Diagnostiko indibidualizatua eta profila egitea.

c) Enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatzea.

d) Ibilbidea egitean laguntza ematea eta jarduera-konpromisoa betetzea.

f) Enplegua modu aktiboan bilatzeko aholkularitza eta aplikazio teknikoak ematea.

g) Beste aukera profesional batzuk identifikatzeko informazioa eta aholkularitza ematea.

h) Kontratatzen laguntzeko eta enpresetan txertatzen laguntzeko tresnei buruzko informazioa eta aholkularitza ematea.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA BAIMENTZEN DUENA, 2014-2015 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IKASLEAK ESKOLATZEKO DIRULAGUNTZAK FINANTZATZEKO.

LABURPENA

53 MILIOI UNIBERTSITATEZ KANPOKO BEKETARAKO

2014/2015eko ikasturtean unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko diru-laguntzak deitzen dituen agindu bat onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran Gobernu Kontseiluak.

Diru-laguntza horiek, 53 milioi euroko zenbateko globalean, hezkuntza-sistemako maila eta gradu hauetako ikasleentzat dira: Haur Hezkuntza; Lehen Hezkuntza; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; Hasierako Lanbide Trebakuntza Programetako bigarren kurtsoa; Batxilergoa, Erdi eta Goi Mailako Lanbide Heziketa; Aldi Baterako Prestakuntza Integratuko Programak; Musikako eta Dantzetako oinarrizko irakaskuntzak; Arte Plastikoak eta Diseinua, heziketa-zikloak; eta kirol-irakaskuntzak.

Diru-laguntza horiek osagai hauek sartu ahal izango dituzte: kuota, 0-1 urteko ikasleak, irakaskuntzaren osagaia, joan-etorriaren osagaia, egoitzaren osagaia, eskola-materialaren osagaia eta jantokiaren osagaia.
 

 

550.000 LHREN EREMUKO MUGIKORTASUNETARAKO, ERASMUS + PROGRAMAREN ESPARRUAN.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Lanbide Heziketaren eremuan ikaskuntza-arrazoiengatik pertsonak mugitzeko KAI jarduerak antolatu eta garatzeko diru-laguntzak deitzen dituen agindua, ERASMUS + programaren barruan.

Erasmus + programaren 2014ko deialdian ikaskuntza-arrazoiengatik pertsonala eta ikasleak mugitzeko onartutako mugikortasun-proiektuak kofinantzatzeko diru-laguntzak, 550.000 euroko zenbateko globalean, deitzea du agindu honek helburu, betiere mugikortasun-proiektu horiek 2014. eta 2015. urteetan gauzatzen badira. Mugikortasun horien azken hartzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan matrikulatutako edo titulatutako ikasleak (KAIren eskatzaileak haien ikasketen azken urtean) edo Euskal Lanbide Heziketako irakasleak izan beharko dute.

Kofinantziazio horrek, beraz, 2014. eta 2015. urteetan gauzatuko diren mugikortasunei dagozkien proiektuen aurrekontuaren zati proportzionala hartuko du.
 

 

100.000 EURO HEZKIDETZA- ETA GENERO-INDARKERIA PREBENITZEKO PROIEKTUETARAKO.

LABURPENA

2014-2015eko, 2015-2016ko eta 2016-2017ko ikasturteetan hezkidetza landu eta genero-indarkeria prebenitu ahal izateko jarduera-proiektuak egiteko eska dezaten EAEko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeak deitzen dituen agindua onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran Gobernu Kontseiluak.

EAEko Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeen artean 50, gehienez ere, selekzionatzea du deialdi honek helburu, hezkidetzaren eta genero-indarkeria prebenitzearen arloan jarduera-proiektu bat diseina dezaten 2014-2015eko, 2015-2016ko eta 2016-2017ko ikasturteetan. Jarduera-proiektu horri esker, izango dute hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa ikastetxean era global, sistematikoan eta integratuan lantzeko aukera.

Selekzionatutako ikastetxe bakoitzari 2.000 euroko diru-laguntza bat emango zaio deialdi honek hartzen dituen hiru ikasturteetarako, irakasleak prestatzeko, eskola-erkidegoaren eta proiektua koordinatu eta hedatzeko jarduerei aurre egiteko.

Proiektuen selekzioa, lurraldeen arabera, horrela banatuko da: 8 Araban, 25 Bizkaian eta 17 Gipuzkoan.
 

 

464.900 EURO HEZKUNTZA-BIKAINTASUNERA ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA-PROIEKTUETARAKO.

LABURPENA

2014-2015eko ikasturtean hezkuntza-bikaintasunera zuzendutako prestakuntza-proiektu desberdinak egiteko itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe ez dauden unibertsitateaz kanpoko titularitate publikoko ikastetxeak, heziketa-zikloak izan ezik, deitzen dituen agindua onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran Gobernu Kontseiluak.

Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan edozein maila edo mota ematen duten ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe ez dauden titularitate publikoko ikastetxeei, heziketa-zikloak bakarrik ematen dituztenei izan ezik, 2014-2015eko ikasturtean hezkuntza-bikaintasunerako prestakuntza-proiektuen modalitate hauetakoren bat egiten badute, diru-laguntzak ematea du agindu honek helburu:

-Berriztapen-proiektu integralak
-Hezkuntza-berriztapenerako prestakuntza-proiektuak

Deialdi honek 464.900 euroko hornikuntza globala du eta horrela desglosatzen dira, finantzatzeko moduko proiektu-modalitateen eta gauzatzen diren lurralde historikoen arabera:

   a) 40.000 euro berriztapen-proiektu integraletarako,lurraldeka horrela banatuak: 4.000 euro Araban, 20.000 euro Bizkaian eta 16.000 euro Gipuzkoan.

   b) 424.900 euro hezkuntza-berriztapeneko prestakuntza-proiektuetarako, lurraldeen arabera horrela banatuak: 72.233 euro Araban, 219.703 Bizkaian eta 152.964 euro Gipuzkoan.
 

 

290.000 EURO GAZTE-EKIPAMENDUEN SAREA BULTZATZEKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez onartu du, 2014an toki-izaerako gazte-ekipamenduen sarea bultzatzeko diru-laguntzak arautzen dituen Agindua. Diru-laguntza hauek Euskadiko toki-erakundeei eta udalaz gaindiko toki-erakundeei zuzenduak dira.

Deialdi honek 290.000 euroko diru-kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

HEZKIDETZA ETA GENERO-INDARKERIAREN PREBENTZIOA LANTZEKO JARDUERA-PROIEKTU INTEGRALAK.

LABURPENA

2014-2015eko, 2015-2016ko eta 2016-2017ko ikasturteetan hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko asmoz jarduera-proiektu integralak egin ditzaten EAEko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeak deitzen dituen agindua onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran Gobernu Kontseiluak.

Haur, Lehen edota Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten itunpeko ikastetxeen artean 3, gehienez ere, selekzionatzea du deialdi honek, 9.000 euroko zenbateko globala duenak, helburu, hezkidetzaren eta genero-indarkeriaren prebentzioaren arloan jarduera-proiektu integral bat diseina dezaten. Jarduera-proiektu horrek 2014-2015eko, 2015-2016ko eta 2016-2017ko ikasturteak hartuko ditu eta emango du hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa ikastetxean era integral, sistematiko eta integratuan lantzeko aukera.

Selekzionatutako ikastetxe bakoitzari hiruna mila (3.000) euroko diru-laguntza bat emango zaio deialdi honek hartzen dituen hiru ikasturteetarako, irakasleen prestakuntza-jarduerei, eskola-erkidegoaren jarduerei eta proiektua koordinatu eta hedatzeko jarduerei aurre egiteko.
 

 

ERABAKIA, EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEAREN 250. URTEURRENA DELA-ETA, ANTOLATUTAKO OSPAKIZUNEK ERAGINDAKO GASTUEI AURRE EGITEKO DIRU-LAGUNTZA EMATEKO DENA.

LABURPENA

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEARI DIRU-LAGUNTZA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari 3.702,60 euroko diru-laguntza zuzena ematea onartu du. Laguntza hori, elkartearen 250. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldi akademiko eta instituzionalak sortutako gastuak ordaintzera bideratuko da. Diru-laguntza ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak justifikaziorako fakturak aurkeztu beharko ditu.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

DEKRETUA, SEGURTASUN PRIBATUAREN ARLOAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ESKUMENAK ARAUTZEN DITUENA.

LABURPENA

SEGURTASUN PRIBATUAREN ARLOKO EAE-REN ESKUMENAK ARAUTZEKO DEKRETUA ONARTU DUTE

Gobernu Kontseiluak segurtasun pribatuaren arloko EAEren eskumenak arautzen dituen Dekretua onartu du gaur. Horrek, bada, Euskadin 1996az geroztik indarrean zena eguneratu du, Segurtasun Pribatuari buruzko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen ondorengo arau-esparru berrira egokitzeko.
Aipatu legeak nabarmen aldatu du sektoreko araudia eta euskal agintariek EAEko segurtasun pribatuaren sektorearen gainean duten kontrola berresten du, ikuskatzeko eta zehatzeko duen gaitasuna –bai eta Euskadin diharduten Estatuko Administrazioak baimendutako enpresen kasuan ere–, detektibe pribatuen jardueraren kontrola edo Euskadiko segurtasun pribatuko prestakuntza-zentroen kontrola aitortuz.

Dekretu berriak ez du Estatuko araudia hirugarrenen eskubideak edo betebeharrak arautuz garatzen; aitzitik, Estatuko araudia aplikatuz, euskal eskumenen kudeaketaren barne-antolamendura mugatzen da, eskumen horiek baliatzea Segurtasun Saileko zer organori dagokion zehaztuz. Hortaz, koherentea da Auzitegi Konstituzionalak segurtasun pribatuaren esparruko eskumen-banaketari buruz 2014ko maiatzaren 29an egindako doktrinarekin, Euskadiko Segurtasun Publikoko Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeari buruzkoarekin.

Oro har, segurtasun pribatuak sortzen duen jarduera administratiboa Ertzaintzako zuzendariari dagokio (baimenak, ardurapeko adierazpenak hartzea eta kontrolatzea, Euskadiko Segurtasun Pribatuko Erregistroa...).

Segurtasuneko sailburuordeari, berriz, zera dagokio:

a) Pertsonen, eraikinen, instalazioen, jardueren eta interes bereziko objektuen segurtasuna planifikatzea eta koordinatzea.

b) Interes publikokoa denean, mehatxua edo jazarpena jasaten duten pertsona edo erakundeak babesteko zerbitzua planifikatzea eta koordinatzea, bai polizia-zerbitzu publikoaren bitartez, bai berariaz horretarako kontratatutako segurtasun-zerbitzu pribatuak erabiliz, horretarako beharrezkoak diren jarraibideak emanez.

c) Autonomia-erkidegoko erakunde komunen eraikin eta instalazio publikoetan babes- eta segurtasun-neurrien ezarpena ebaztea eta organo edo erakunde publikoetan segurtasun-neurrien ezarpena proposatzea eta adostea, horiek menpekoak dituzten erakundeekin aldez aurretik adostuta.

d) Segurtasun pribatuko zerbitzuak eta EAEko Poliziaren zerbitzuak eta Euskadiko segurtasun publikoan parte hartzen duten beste batzuen zerbitzuak koordinatuta egotea bermatzeko antolamendu-neurri egokiak hartzea.

e) Ohorezko aipamenak egitea segurtasun pribatuko langileei, bai eta sektorearekin lotutako pertsona fisiko edo juridikoei ere.

Segurtasuneko sailburuak sektorearen funtzionamenduaren berri eman behar dio urtero Eusko Legebiltzarrari, eta gaitasuna dauka, batetik, autonomia-erkidego barruan zaintza- eta babes-zerbitzuak emateari buruz erabakitzeko Segurtasun Pribatuari buruzko Legearen 41.3 artikuluko kasuetan, polizia-ekintzaren zerbitzu osagarriei buruzkoetan, eta, bestetik, establezimendu edo instalazioetako titularrei edo ekitaldi-antolatzaileei Segurtasun Pribatuari buruzko Legearen beraren 51. artikuluan aurreikusitako ex lege exiji ezin daitezkeen zenbait segurtasun-neurri eduki behar izatea arrazoi bidez agintzeko.

Euskadiko segurtasun pribatuko jardueren ikuskaritza eta kontrola Ertzaintzari dagokio, eta horren barruan, Segurtasun Pribatuko Unitateari.
Bestalde, zehapen-eskumenen banaketa sinplifikatuko da. Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari dagokio espedienteak hastea eta izapidetzea; Ertzaintzako zuzendariari, berriz, arau-hauste larri eta arinak egiteagatik zehapenak ezartzea; Segurtasuneko sailburuordeari, aldiz, arau-hauste oso larriengatiko zehapenak; eta azkenik, Segurtasuneko sailburuari habilitazioak, baimenak eta ardurapeko adierazpenak amaitzea dakarten arau-hauste oso larriengatiko zehapenak.

Dekretuak Ertzaintzaren eta segurtasun pribatuaren sektorearen arteko lankidetza-mekanismoak egituratzen ditu arriskuen balorazioari buruzko informazioa trukatzeko eta ondoriozko babes-neurriak ezartzeko, legegintzaldi honetan Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoa sortzearekin hasitako lankidetza-lerroan sakonduz.

Dekretuaren bidez, gainera, Euskadiko Segurtasun Pribatuko Erregistroa sortuko da; horretan, bada, honako hauek emango dute izena, ardurapeko adierazpena baimendu edo egin ondoren: segurtasun-enpresak eta beren ordezkaritzak; detektibe pribatuen bulegoak eta beren sukurtsalak; segurtasun pribatuko langileak prestatzeko zentroak; eta norberaren erabilerako alarmak jasotzeko zentralak. Honako hauek ere erregistratuko dira: segurtasun informatikoko jarduerak egiten dituzten enpresak, segurtasun pribatuaren arloan jarritako zehapenak, kontratuen eta horien aldaketan jakinarazpenak, eta segurtasun pribatua kontrolatzeko eta kudeatzeko jardueretarako behar beste datu.

Erregistroari dagokionez, zenbait jakinarazpen Egoitza Elektronikoaren helbide elektronikoaren bitartez (https:// euskadi.net) baino ez egitea aurreikusten du Dekretuak, sektorearen ezaugarriak direla eta, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat. Segurtasuneko sailburuaren agindu bidez, betebehar hauek noiztik aurrera exijituko diren zehaztuko da.

Beren betebeharrak gainditu dituzten segurtasun pribatuko langileei ematen zaizkien ohorezko aipamenak ere arautuko dira, bai eta segurtasun pribatuaren sektore edo jarduerekin lotutako pertsona fisikoei edo juridikoei ematen zaizkienak ere.