2014/10/28 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Gobernu Kontseiluak 2015erako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua onartu du, aurrenekoz bideokonferentzia egindako bileran.
Eusko Jaurlaritza datorren urtean hasiko da Espainiako Gobernuak kendu zuen 2012ko abenduko aparteko ordainsaria itzultzen.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Dekretua, eraikuntzan kalitate-kontrola erregulatzeko dena.
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Lege-proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
8,62 milioi euro musika-ikastegientzako.
300.000 euro ekipamendu zientifikoa eskuratzeko.
Irakasleen formaziorako jarduerak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteentzat diru-laguntzak.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

GOBERNU KONTSEILUAK 2015ERAKO AURREKONTU OROKORREN LEGE PROIEKTUA ONARTU DU, AURRENEKOZ BIDEOKONFERENTZIA EGINDAKO BILERAN.

LABURPENA

• Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia sailburua goizeko sei eta erdietan jarri dira harremanetan, Mexikotik, Lehendakaritzaren egoitzan bideokonferentziak egiteko egokitutako gelan bildutako sailburuekin.

• Kide anitzeko organoek bilerak bide elektronikoen bidez egiteko aukera Herritarrek Zerbitzu Publikoetarako Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legean, ekainaren 22koan, dago aurreikusita.

Gobernu Kontseiluak bideokonferentzia bidez egin du gaur bilera, Jaurlaritzaren historian lehendabizikoz. Orain arte, inoiz ez da aukera horretaz baliatu, baina Herritarrek Zerbitzu Publikoetarako Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legearen, ekainaren 22koaren, lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusita dago.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia Mexikon dira, bidaia ofizialean. Nolanahi ere, Gobernu Kontseiluaren gaurko bilera garrantzi berezikoa zenez ‒Euskal Autonomia Erkidegoko 2015erako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua onartzea baitzuen xede‒, lehendakariak eta aipaturiko sailburuak bideokonferentzia bidez egin dute bilera Lehendakaritzako egoitzan baliabide tekniko bereziekin hornitutako aretoan elkartutako sailburuekin.

Lehendakariak eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak Mexikoan goizeko sei eta erdiak zirenean eta Euskadin arratsaldeko ordu bata eta erdiak zirenean egin dute konexioa Lehendakaritzak Gasteizen duen egoitzarekin.

Herritarrek Zerbitzu Publikoetarako Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak bilera ofizialak informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez egiteko aukera ematen du, legezko erabateko bermeekin; betiere, hiru baldintza hauek betetzen badira:

   • Deialdia behar bezala egitea, eta gai-zerrendaren informazioa eta komunikazioa eskuratu ahal izatea; kasu honetan, Gobernu Kontseilua osatzen duten pertsona guztiek.
   • Bileran den pertsona orok parte-hartze egokia izatea.
   • Bileran parte hartu duten pertsona guztiek hartutako erabakien edukia eskuratzea, eta bileran egindako komunikazio guztiak aktan jasotzea.
 

 

EUSKO JAURLARITZA DATORREN URTEAN HASIKO DA ESPAINIAKO GOBERNUAK KENDU ZUEN 2012KO ABENDUKO APARTEKO ORDAINSARIA ITZULTZEN.

LABURPENA

• Kendutako aparteko ordainsariaren laurden bat itzuliko du, eta horrek 50 milioi euro inguruko eragina izango du aurrekontuetan.

• Gainera, hirugarren urtez jarraian, 2015eko ekaineko eta abenduko aparteko ordainsariak urtarrilera eta uztailera aurreratuko ditu, hori ez egiteak Euskadiko kontsumoan edukiko lituzkeen ondorio negatiboak saihesteko.

 • Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du Konstituzio Auzitegiak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzearekin eta funtzionarioen soldatetako beste murrizketa batzuekin lotutako lau konstituzio-kontrakotasuneko auzi ere dituela ebazteko.

Eusko Jaurlaritzak 2015ean ordainduko ditu Espainiako Gobernuak dekretu bidez kendu zuen aparteko ordainsariaren, 2012ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra sortutakoaren, lehen 44 egunei dagokien zatia. Hala, kendutako aparteko ordainsariaren laurden bat inguru jasoko dute EAEko herri-administrazioko 70.000 langile inguruk. Neurri horrek 50 milioi euroko eragina izango du aurrekontuetan. Hala ere, ez die eragingo aparteko ordainsaria kenduko zela iragarri aurretik eta 2012ko bigarren seihilekoan kontzeptu horrengatik zenbatekoren bat jaso zutenei.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak erabaki du, hirugarren urtez jarraian, datorren urteko aparteko ordainsariak urtarrilera eta uztailera aurreratuko dituela. Izan ere, oraindik goiz iruditu zaio aparteko ordainsarien normaltasunera itzultzeko. Eusko Jaularitzak uste du, neurri hori hartu ezean, Euskadiko kontsumoari negatiboki eragingo liokeela.

Bi erabakiak EAEko 2015eko Aurrekontu Orokorren Legean sartu ditu.

KONSTITUZIO KONTRAKOTASUNEKO ERREKURTSOAK

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du Konstituzio Auzitegiak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzearekin eta funtzionarioen soldatetako beste murrizketa batzuekin lotutako lau konstituzio-kontrakotasuneko auzi (*) ere dituela ebazteko. Laster beteko dira bi urte Konstituzio Auzitegiak ebatzi zuenetik Eusko Jaurlaritzak ezin zuela 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ordaindu. Eusko Jaurlaritzaren ustez, auzitegiak errekurtsoari buruz ebazteko astia izan du. Hala, milaka funtzionarioren ezegonkortasun-egoera konponduko luke eta EAEko herri-administrazioek arau-marko egonkor batean arlo horretan jardun ahalko lukete.

(*) Espainiako Gobernuak errekurtsoa Konstituzio Auzitegian, Eusko Jaurlaritzak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ordaintzea erabaki zuelako. Eusko Jaurlaritzaren hiru errekurtso, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren aurka eta 2012ko eta 2013ko Estatuko Aurrekontu Orokorren legeen aurka.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

DEKRETUA, ERAIKUNTZAN KALITATE-KONTROLA ERREGULATZEKO DENA.

LABURPENA

JAURLARITZAK ERAIKUNTZAKO ETA HIRIGINTZAKO OBREN KALITATEAREN KONTROLA ARAUTU DU

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Maria Aburtoren proposamenez, gobernu-kontseiluak gaur onartu du eraikuntza- eta hirigintza-obra publikoen zein pribatuen exekuzioaren kalitatea kontrolatzeko prozedura arautzen duen dekretua.

Eusko Jaurlaritzak eraikuntza-lanen kontrolaren kalitatea 1990etik arautzen duen arren, Estatu-mailan ondoren onartu diren arauak direla-eta –azkena martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretua–, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak kalitatearen kontrola erregulatzeko testu arautzaile berria gauzatu du, oinarrizko araudiarekin bat eginik.

Dekretu berria onartzeak –ingeniaritza zibileko lanak arauaren aplikazio-eremutik kanpo geratu dira– ez ditu gaur egun sektorean gauzatzen diren laneko errutinak aldatuko, baina atea ireki die proiektuaren kontrolarekin, obraren eta amaituriko eraikinaren kontrol berriekin, eta kalitate markak eta profilak ezartzearekin loturiko ondorengo garapenei.

Testuak, bestalde, entsegu-laborategiei eta eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko erakundeei eska dakizkiekeen betekizunak arautzen ditu, betiere beren jarduera EAE barruan gauzatzen badute.

Eraikuntza-fasean kalitatea kontrolatzeko prozesua proiektuarekin hasten da, haren memoriak eta baldintza tekniko espezifikoen pleguak honako hauek islatu behar baitituzte: eraikinetan erabilitako eta behin betiko ezarritako materialen, obra-unitateen, ekipamenduen eta sistemen kalitatearen ezaugarriak, betekizunak eta parametroak. Horretaz gain, Kalitatea Kontrolatzeko Plana izeneko eranskina ere badu: haren balorazioa proiektuaren aurrekontuan sartu beharko da.

Obrak hasi baino lehen, sustatzaileak Exekuzio Proiektuaren ale oso bat eman behar dio zuzendaritza fakultatiboari, obren kalitatearen kontrola modu eraginkorrean koordinatzeko helburuarekin. Urrats horren ostean, kalitatea kontrolatzeko laborategi baten edo batzuen zerbitzuak kontratatu ahalko dira, planean adierazitako entseguak, probak edo analisiak egiteko.

Obrako zuzendaritzak kalitatea kontrolatzeko liburua osatuko du obra abian den bitartean, eta obraren jarraipena egiteko nahitaezko dokumentazioaren zati izango da hura. Liburu horrek, besteak beste, honako hauek bilduko ditu: obran parte hartu dutenen erregistroa, eginiko kontrolen zerrenda, entseguen, proben eta analisien emaitzak, eta berme-ziurtagiriei, kalitate-bereizgarriei, -markei edo -zigiluei, homologazioei eta antzekoei buruzko dokumentazioa.

Amaierako ziurtagiria obrak proiektuaren kalitate-espezifikazioak betetzen dituela bermatzen duen dokumentu ofiziala da. Eusko Jaurlaritzaren ikuskatze-gaitasunari dagokionez, dekretuak dio erakunde horrek exekuzio-prozesuan den edozer obra ikuskatu ahalko duela araudia betetzen den egiaztatzeko, betiere sustatzaileari aldez aurretik jakinarazita.
 

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

LEGE-PROIEKTUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO 2015. URTEKO AURREKONTU OROKORRAK ONARTZEN DITUENA.

LABURPENA

EUSKADIREN 2015EKO EKITALDIRAKO AURREKONTU OROKORREN LEGEAREN AURREPROIEKTUA ONETSI DU JAURLARITZAK

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren legearen aurreproiektua onartu du gaur. Eusko Legebiltzarrean erregistratuko dute datorren ostegunean, urriak 30.

1.- 2015eko Aurrekontuen testuinguru makroekonomikoa

Susperraldi ekonomiko apaleko testuinguruan egingo dira 2015erako aurrekontuak, eta baliteke aurreikuspen hori murriztea ere.

Gorantz ari da munduko ekonomia, baina hazkundea ahula da, eta askotarikoa batean eta bestean. Ekonomia aurreratuei dagokienez, hazkunde-erritmoa bizkortu zuten Estatu Batuek 2014ko bigarren hiruhilekoan, moteldu egin zuen Europar Batasunak eta ia bere horretan gelditu zen Japonia. Indartzen ari diren herrialdeen artean ere handiak izan dira dibergentziak.

Europar Batasunaren susperraldiak indarra galdu zuen urteko bigarren hiruhilekoan. Zehazki, kezkagarria izan zen euroguneko motor nagusien portaera (Alemania, Italia eta Frantzia). Eta behera egin dute prezioek oraindik.

Munduko ekonomiaren dinamismoa, oro har, aldez aurretik aurreikusitakoa baino ahulagoa izango da, nazioarteko erakundeen iritziz. Ziurgabetasun handia dago eurogunean, eta deflazioa gertatzeko arriskuak eragina du horretan. Herrialde jakin batzuetan (Siria, Irak eta Ukrainia) dauden tentsio geopolitikoak larriagotzea munduko susperraldi ekonomikorako mehatxua ere bada, orobat.

Nolanahi ere, EBZk hartu berri dituen moneta-neurriek susperraldia bi bidetatik laguntzea aurreikusten da: (1) euroaren balioa galaraziz, eta (2) enpresek kreditua eskura ditzaten baldintzak hobetuz.

Horiek horrela, euskal ekonomiak hazkunde egonkorra du, eta hobera ere egiten du apur bat. 2014ko bigarren hiruhilekoan % 0,4ko hazkundea izan zen aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta urtez urtekoa % 0,9koa izan zen. Eurogunean gertatzen ari denaren ildotik, euskal ekonomiaren inflazioaren azken datuek inflazio txikiko egoera iragartzen dute.

Hori ikusita, hazkunde ekonomikoa % 1,0koa izango da 2014an eta % 1,7koa 2015ean, Eusko Jaurlaritzaren iritziz betiere. Barneko zein kanpoko eskariek lagunduko dute hazkunde hori. Barneko eskaria, gainera, pixkanaka indartu egingo da, eta huraxe izango da euskal ekonomiaren motor nagusia. 2014an % 0,8ko hazkundea izango du, eta % 1,6koa 2015ean.

Kontsumo pribatuak eta inbertsioak dinamizatuko dute barneko eskaria. Higiezinen sektorearen jaitsiera moteltzeak, ekipo-ondasunetako inbertsioaren bilakaera positiboak zein bankuko sektorearen finantzaketa-baldintzek, halaber, kapitalaren eraketa gordina indartzea ekarriko dute.

Kanpoko eskariak, bestalde, ekarpen txikiagoa egingo dio BPGren hazkundeari, baina positiboa izango da oraindik (% 0,3 2014an eta % 0,1 2015ean). Euroaren balio-galerak, lehiakortasuna irabazteak eta merkataritzaren euskal kuota handitzeak, berriz, euskal produktuen kanpoko salmentak handitzea eragingo dute. Nolanahi ere, inportazioak handituko ditu barneko eskaria suspertzeak.

Eskaintzaren ikuspegitik, suspertu egingo dira ekoizpen-adar guztiak agertoki makroekonomikoan aztertutako aldian.

Lan-merkatuari dagokionez, enpleguaren batez besteko aldaketa-tasa % 0,0 izatea aurreikusi da, baina % 0,7ra igoko da 2015ean; horrenbestez, lanaldi osoko 5,800 enplegu inguru sortuko dira urteko batezbestekoan.

Beheranzko arrisku handia dagoela ulertu behar dugu, dena den, aurreikuspen horiek egitean. Arrisku horiek errealitate bilakatuz gero, ekonomia guztiek nabarituko dute eragina, merkataritzako eta finantzako kanalen bidezko mugaz haraindiko kutsadura dela eta.

2.- 2015eko aurrekontuen testuinguru ekonomiko eta finantzarioa

Susperraldi ekonomikoa eta erreforma fiskala eragin positiboa izaten ari dira zerga-bilketan. Finantzen Euskal Kontseiluak 2015eko ekitaldirako onartutako aurreikuspenen arabera % 5,5 igo da foru-aldundien diru-bilketa.

Hazkunde hori, jakina denez, sumatu egiten da foru-aldundiek Euskadiko 2015eko Aurrekontuak finantzatzeko egindako ekarpenetan; izan ere, 458 milioi euro gehiago emango dituzte aldundiek, 8.738 milioi guztira, aurrekontuen % 82, alegia. Eta ehuneko hori % 97 izango litzateke zorpetzea eta Euskal Y-ren kudeaketa-gomendioa kontuan hartu ezean.

Halere, gogoan izan behar dugu Euskadik defizit-helburu txikiagoa bete beharko duela datorren urtean (BPGren % 0,7) aurten baino (% 1,0); ondorioz, zorpetze garbirako ahalmena ere txikiagoa izango da, zehazki 2014an baino 197,9 milioi gutxiago (777,5 milioi euro aurten, eta 579,7 milioi euro 2015ean).

Horri gehitu behar diogu finantza-kargak (zorraren amortizazioa eta interesak) % 21 baino gehiago egin duela gora. Kontzeptu horren gastua 815 milioi eurotik (2014) 989 milioi eurora igoko da 2015eko ekitaldian; hots, 174 milioi eurotik gora gehiago.

Horrenbestez, aipatutako faktore horiek baldintzatzen dute 2015erako proiektua aurrekontuaren ikuspegitik.

3.- 2015eko aurrekontuetako Jaurlaritzaren estrategia eta jarduteko helburuak

Jaurlaritzak arlo sozioekonomikoan gizakien oinarrizko beharrak asetzeko bermeari dagokionez hartutako konpromisoa berretsi du, ongizatearen eta gizarte-kohesioaren ereduari eutsita.

Horregatik, 2015erako aurrekontu-proiektuak indartu egin ditu administrazioaren ardura diren gizarte-politika publikoak gauzatzera bideratutako gastuak; adibide batzuk aipatzearren, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (SDE) zuzkidurak edo Osakidetzako programa-kontratuarenak.

Beste ikuspegi batetik, hazkunde-aukeren alde egiteko Jaurlaritzaren apustu horrek, halaber, hainbat politika ere badakartza jarduera ekonomikoa eta enplegu-sorrera suspertzen laguntzeko.

Atal horretan, nabarmentzekoa da 2015erako Aurrekontuen Proiektuaren bidez inbertsiotan egingo den ahalegin handia. Inbertsioari zuzendutako atala (VI, VII eta VIII. atalak) % 3,1 handitu dugu 2014rako Aurrekontuen Proiektuarekin alderatuta: 2014an, 1.187 milioi euroko zuzkidura zuen; 2015ean, 1.223 milioi eurokoa. Eta alde batera uzten badugu Euskal Y-a eraikitzeko kudeaketa-gomendioaren eragina, % 4,4 handiagoa da atal horien zuzkidura. Zehazki, VI. atalaren egiazko inbertsioek, Euskal Y-a kenduta, % 12,2ko igoera izango dute, 157 milioi eurotik 176 milioi eurora.

Horrela bada, eragiketa arruntetarako gastua (I-IV. atalak) % 2,5 igotzen bada 2014rako aurrekontu-proiektuarekin alderatuta, kapital-eragiketetarako hitzartutakoak (VI-VIII. atalak) aipatutako % 3,1 hori egingo du gora; hortaz, bistan da pixkanaka berreskuratzen ari direla inbertsio publikora bideratutako zenbatekoak.

4.- 2015eko aurrekontuen ezaugarri nagusiak

2015erako Aurrekontu Proiektua Sailen arabera aztertuz gero, Enplegu eta Gizarte Politika Saila da, hain zuzen ere, gehien handituko dena (% 11,5 2014rako Aurrekontu Proiektuarekin alderatuta).

Hazkunde horrek batez ere bi partidarekin du zerikusia. Batetik, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta zein Etxebizitzarako Prestazio Osagarria ordaintzeko zuzkidurarekin (461 milioi euro). Eta bestetik, Gizarte Segurantzaren hobarien gastuekin (140,1 milioi euro). Bi partida horiek % 19,9 eta % 16,8ko hazkundea izan dute, hurrenez hurren (76,5 milioi euro DBEk eta 20,2 milioi euro GSrako hobariek).

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontua gazteentzako eta 45 urtetik gorakoentzako enplegua sustatzearen, eskualde-planen, iraupen luzeko langabeen eta familia- eta kontziliazio-planak babestearen arloko beste zuzkidura batzuk barne hartzen ditu.

Arlo sozialeko gastuarekin jarraituz, Osasun arloa % 1,1 igo da 2014rako aurrekontuen aldean, Sailak Osakidetzarekin duen Kontratu-Programaren aurrekontua dela kausa. Osakidetzarekiko programa-kontratuak Osasun Sailaren aurrekontuaren % 74 hartzen du.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokionez, bere aurrekontuak 26,4 milioi euroko igoera izango du zenbateko absolututan (+% 1,0); hortaz, sendotu egiten da 2014an izandako gastu-igoera handia.

Arlo sozialeko gastuarekin amaitzeko, aipatu behar da garapenerako lankidetzaren politikan 4,5 milioi euro gehiago gastatuko dela.

Euskal gizartearen ongizatearen eta kohesioaren arloko politiketan lehentasuna jarrita, hortaz, baliabide asko bideratzen ditu Jaurlaritzak gure ekonomia suspertzera. Hala, gehien inbertitzen duen sailak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, alegia, % 2,3ko hazkundea izango du aurtengo aurrekontuaren aldean, eta % 2,1ekoa Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, bestalde; horietan, bada, hainbat arlo sartzen dira, besteak beste sustapen ekonomikoko politikak, ekintzaileentzako laguntzak, nazioartekotzea eta teknologia.

2015erako Aurrekontu Proiektua atalen arabera aztertuz gero, ikusiko dugu Langileen gastuei buruzko I. atalaren % 1,7ko hazkundea izan dela, 2012an indargabetutako aparteko ordainsaria zati batez berreskuratzea aurreikusi baita.

Halaber, Funtzionamendu-gastuei buruzko II. atalean (+ % 2,2) eta Gastu arrunten transferentziei eta diru-laguntzei buruzko IV. atalean (+ % 3,5) hainbat jarduketari ematen zaie estaldura, hala nola Osakidetzaren Programa Kontratuari, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari, edota euskal hezkuntza-sistemaren gastuaren finantzaketari, haien gastu-zenbateko handienak aipatzearren.

Aurretik aipatu badugu ere, inbertsiora bideratutako atalen zuzkidura (VI., VII. eta VIII. atalak) 1.223 milioi eurokoa da (% 3,1eko hazkunde erlatiboa). Datu horiek agerian uzten dute Jaurlaritzak inbertsio publikoaren alde egindako apustua, susperraldi ekonomikoa dinamizatzeko faktoretzat.

Atalarekin amaitzeko, aurreko ekitaldietatik datozen zor-epemugak ordaintzeko Pasibo finantzarioen murrizketa (IX. atala) nabarmendu behar dugu. Zorraren amortizazioen zenbatekoak igoera handia izango du, 2014ko 537,7 milioi euroetatik 711,3 milioi izatera igaroko baita 2015ean. Hots, ia 174 milioi euro gehiago, % 32,3ko hazkundea.

Azkenik, 2015erako Aurrekontu Proiektua Funtzioen arabera aztertuta, nabarmendu beharra dago gastu-mailaren pisu erlatiboari eutsi zaiola politika sozialetan; horrelakoek, aurten bezala eta zorraren amortizazioak kontuan hartu gabe, gastu osoaren % 75,1 hartuko dute.

 

Erlazionaturiko temak
Presupuestos Generales
Aurrekontu Orokorrak

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

8,62 MILIOI EURO MUSIKA-IKASTEGIENTZAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onartu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, musika-ikastegiak finantzatzera bideratutako diru-laguntzen deialdia egiten duen Agindua.

Diru-laguntza deialdi honek 8.629.962 euroko diru-kopurua du, eta onuradun izan daitezke: Titularitate publikoa edo pribatua duten musika-eskolak, arautu gabeko irakaskuntza emateko baimena dutenak, eta titularitate publikoa duten Kontserbatorioak, irakaskuntza arautua emateko baimena dutenak.

Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

300.000 EURO EKIPAMENDU ZIENTIFIKOA ESKURATZEKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onartu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzak emateko deialdia egiten duen Agindua. Laguntza hauek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea osatzen duten eragileei daude zuzenduak (UPV/EHU salbu). Deialdiak 300.000 euroko diru-kopurua du.

Aipaturiko sareko kide dira, eta beraz, deialdiaren onuradun: Oinarrizko eta Bikaintasun Ikerketarako Zentroak; Unibertsitateetako zentro, departamentu, atal, institutu edo bestelako ikerketa unitateak, UPV/EHUkoak izan ezik; Teknologia Zentroak; eta Ikerketarako Zentro Sektorialak.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

IRAKASLEEN FORMAZIORAKO JARDUERAK BURUTZEN DITUZTEN IRABAZI ASMORIK GABEKO ELKARTEENTZAT DIRU-LAGUNTZAK.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onartu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez onartu du, 2014an unibertsitatez besteko irakasleen etengabeko prestakuntzarako eta pedagogia nahiz didaktika eguneraketarako jarduerak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeentzat laguntzak arautzen dituen Agindua. Deialdi honek 100.000 euroko diru-kopurua du.

Diruz lagunduko diren jarduerak, ondorengo ekintza hauetakoren bat burutzera bideratuak izan beharko dira:

-Irakasleen etengabeko prestakuntzara bideratutako ekintzak, formazio ikastaroen edo ikastaro tekniko zientifikoen bidez, beti ere hezkuntza eremuko ikerketarekin, gai didaktiko eta pedagogikoak eguneratzearekin edo Prest_Gara Planak bultzatzen dituen jardunbideekin zerikusirik baldin badute.

-Irakasleen etengabeko prestakuntza arloko esperientzia-trukeei zabalkundea ematea asmo duten ekintzak, hala nola, bilkurak, kongresuak, jardunaldiak, praktika onen giden edizioa.

Diru-laguntza jasotzeko jarduerek 2014an zehar burutuak izan beharko dute. Deialdi hau Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara Planaren baitan sartzen da. Diru-laguntza hauek jasotzeko eskubidetik kanpo gelditzen dira Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak bultzatutako beste deialdiren batean laguntza jaso duten jarduerak (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila).