2014/11/04 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak Memoria Historikoaren programa aurkeztu du, egian, justizian, erreparazioan eta berriz ez gertatzeko bermean oinarrituta dagoena.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Lege-proiektua, Emakume nekazarien Estatutuari buruzkoa.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
4,7 milioi euro hirugarren sektoreak esku hartze sozialaren barruan gauzatzen dituen jarduerak sustatzeko.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Erabakia, 2014-2015 kurtsorako Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxe pribatu eta ikastolen sindikatuko liberatuei diru-laguntzak emateko.
200.000 euro doktoretza aurreko egonaldietarako.
Euskadi Ikerketa Saria.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK MEMORIA HISTORIKOAREN PROGRAMA AURKEZTU DU, EGIAN, JUSTIZIAN, ERREPARAZIOAN ETA BERRIZ EZ GERTATZEKO BERMEAN OINARRITUTA DAGOENA.

LABURPENA

• Agiriak 12 proiektu jakin barnebiltzen ditu, biktimen politika publikoak eta memoria historikokoak, tartean.

• Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera igorritako programa hau ekarpenetara irekita dagoen proposamena da.

Iñigo Urkullu lehendakariak Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiaren Bake eta Bizikidetza Planaren 1. ekimenari dagokion Memoria Historikoaren arloko 2015-2016ko Lehentasunen Oinarri-programa aurkeztu du gaur, Gobernu Kontseiluaren ondoren.

Programak helburu bikoitza du, politika publikoak bi norabidetara zuzenduz:

- Biktimen egia-, justizia- eta erreparazio-eskubideak betetzea eta frankismoaren biktimei eragindako min bidegabea aitortzea.

- Diktadura frankista jasatea gizartearentzat bidegabekeria historikoa izan zela aitortuko duen memoria sustatzea eta gizarte-pedagogiako baldintzak sortzen laguntzea, horrelakorik berriz ez gertatzeko berme bihur daitezen.

Memoria Historikoaren Programaren oinarrian dauden lau printzipioak dira egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak. Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidean zehaztuta daude, zehazki, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 2005eko abenduaren 60/147 Ebazpenean: «Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa argien biktimen helegiteak jartzeko eta erreparazioa eskuratzeko eskubideari buruzko printzipioak eta jarraibideak».

Oinarri-programa hau agiri irekia da, lan-proposamena, hobekuntza-proposamenak egitekoa, eta dagoeneko Eusko Legebiltzarrari bidali zaio.

PROIEKTU ESTRATEGIKOAK:

Programak 12 proiektu estrategiko zehatz proposatzen ditu.

- Biktimen politika publikoei dagozkionak:

• 1. Proiektua. Desagerrarazitako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko euskal plana sortzea eta gauzatzea.

• 2. Proiektua. Identifikatu gabeko desagerrarazitakoen gorpuzkien Duintasunaren Kolunbarioa abian jartzea.

• 3. Proiektua. Frankismoan (1936-1975) urratutako giza eskubideen Oinarri-txostena osatzeko batzordea sortzea.

• 4. Proiektua. Frankismoak desagerrarazitakoen eta hildakoen gaineko aurkikuntzak eta ikerketak jakinarazteko protokoloa aktibatzea, Ertzaintzaren, Fiskaltzaren eta epaitegien esku dauden kasuetan.

• 5. Proiektua. Justizia-eskubidearekiko konpromisoaren arloan nazioarteko txostenak eta gomendioak bultzatzea eta horien segimendua egitea, aurkeztutako demandak babestuta, nazioarteko erakundeekin koordinatuta eta lan-taldeekin, errelatore bereziekin, etab., elkarlanean arituta.

• 6. Proiektua. Frankismoaren krimenen aurka Argentinan jarritako 4591/10 Kereila babestea.

• 7. Proiektua. Frankismoaren Biktimen Aitortza Ziurtagiria sortzea.

• 8. Proiektua. Frankismoaren biktimen omenaldiak eta errekonozitzeko ekitaldiak sustatzea eta koordinatzea, (1) erakundeen eta herritarren urteroko oroigarri-ekitaldia antolatuz eta (2) oroitza-ekitaldien eta omenaldien urteko egutegia koordinatzea, hobetzea eta sustatzea.

• 9. Proiektua. Sinbologia frankista erretiratzea. 2014ko urtarrilean udaletxeei helarazitako Euskadin sinbolo frankistak erretiratzeko Batzorde Teknikoaren gomendioak betetzeko erakundeen bultzadari jarraipena ematea.

- Memoriaren politika publikoei dagozkionak:

• 10. Proiektua. Memoriaren eta Bizikidetzaren Institutua gauzatzea. Memoriaren Institutua arduratuko da memoriaren arloko EJren politika publikoa diseinatzeaz eta sustatzeaz. Hori dela eta, proiektu estrategikoa da memoria historikoaren arloan.

• 11. Proiektua. Ekimen sozialen, politikoen eta instituzionalen bitartez bildutako lekukotzak, fitxategiak eta datu-baseak ordenatzea.

• 12. Proiektua. Euskadiko memoriaren espazioen identifikazioa eta interpretazioa sustatzea eta kudeatzea. Espazio horiek babestu egingo dira eta behar bezalako balioa emango zaie, gure herriaren ondare historiko material eta immateriala osatzen dutenez.

JARDUERA EREMUA:

Ikerlan historikoen arabera, Espainiako Gerra Zibilak eta Francoren diktadurak 9.800 hildako eragin zituzten, desagerrarazitakoak, frontean edo espetxean hilak, epaiketaz kanpo exekutatutakoak eta gainerakoak kontuan hartuta. Espainian, ikerlanak gorabehera, 200.000 inguru dira. Ez dira kasu solteak, gizateriaren aurkako krimenak baizik; denbora-tarte jakin batean gauzatutako hilketa sistematiko eta masiboak.

Giza Eskubideen gaineko nazioarteko arauek agintzen dutenaz gainera, esperientzia historikoak argi uzten du giza eskubideen urraketa jarraitua eragin duten gertakari traumatikoak, frankismoa, kasu, modu kritikoan berrikusi behar direla, eta gertatutakoa argitu behar dela, besteak beste, bidegabekeria aitortzeko eta biktimei erreparazioa emateko.

KUDEAKETA, KOORDINAZIOA ETA EBALUAZIOA:

Memoria Historikoaren Oinarri-programa datozen bi urtetan garatuko da eta Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiaren Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza arduratuko da zuzendu eta kudeatzeaz. Memoriaren arloko politika publikoei dagokienez, kudeaketa Memoria eta Bizikidetza Institutuarekin partekatu eta koordinatuko da.

Institutua arduratuko da erakunde arteko koordinazio- eta partaidetza-organoa sortzea, memoria berreskuratzen diharduten elkarteekin elkarlanean.

2016 urtearen amaieran, programaren betetze-mailaren kanpo-ebaluazioa egingo da, hurrengo ekitaldi baten plangintza-bitarteko berria osatzeko oinarri gisa erabiliko dena.
 

 

Erlazionaturiko temak
Memoria histórica
Memoria historikoa

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

LEGE-PROIEKTUA, EMAKUME NEKAZARIEN ESTATUTUARI BURUZKOA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK EMAKUME NEKAZARIEN ESTATUTUAREN LEGE PROIEKTUA ONARTU ETA LEGEBILTZARRERA IGORRI DU

• Landa inguruneko emakumeen errekonozimendurako oso urrats garrantzitsua izateaz gain, lege honek emakume nekazariak ikusgai egiten ditu lehen sektoreko profesional gisa.

• Estatutu hau aitzindaria da, aurretik ez da honelako araurik egon, nahiz eta Europatik horretarako gomendio ugari egon, baita aginduak ere

• Adostasun zabalarekin jaio da, eta Emakumeen Batzordea izan da proiektuaren bultzatzaileetako bat.

Kontseiluaren azken bileran, Eusko Jaurlaritzak Emakume Nekazarien Estatutuaren Legea onartu du, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak aurkeztuta. Legea oso urrats garrantzitsua da emakume nekazarientzat, beraien lanbidea onartu eta gizarteko balioespena izateko egiten ari diren borrokan eta haien eskubide profesional, sozial eta fiskalak benetan gauzatzen laguntzen dielako. Hala, euskal exekutiboak legegintzaldi honetarako markatutako lehentasunetako bat betetzen da, garatuko diren politiketan genero ikuspegia txertatzea bilatzen duen lehentasuna, alegia.

Estatutu hau aitzindaria da, aurretik ez baita honelako araurik egon, nahiz eta Europatik horretarako gomendio ugari egon, baita aginduak ere. Adostasunik zabalenarekin jaio da, eta Emakume Nekazarien Batzordea izan da proiektuaren bultzatzaileetako bat, Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean eta foru aldundien, Landa XXI, Gure Soroa, Hitzez, Asamcaval landa inguruneko emakumeen elkarteen, Arabako Emakume Nekazarien Sarearen eta Emakunderen partaidetzarekin. Nekazarien sindikatuek eta Eudelek ere parte hartu duten bertan.

Estatutuak emakume nekazarien eskubideak abiapuntutzat hartu eta eskubide horiek benetan erabiliko direla bermatzeko Administrazio Publikoek derrigor egin beharrekoa zehazten dute. Hortaz, Legeak nekazaritzaren sektoreak emakumeek eta gizonek tratu eta aukera berdinak izan ditzaten eta sektoreko eremu guztietan genero ikuspegia egon dadin beharrezko neurriak jasotzen ditu, sektorean emakumeek eta gizonek baldintza eta premia desberdinak baitituzte.

Ustiategien titularrak diren emakumeen proportzioak gora egin badu ere, oraindik proportzio desorekatua da, eta ez dator bat emakumeek ustiategi horietan benetan egiten duten lanarekin, askotan lan horiek erabat ezkutuan geratzen dira eta. Emakume nekazariak ustiategien titularrak izan daitezela bultzatzea da Lege honen lehentasunetako bat, horrela beraien lana agerian egotea eta lanak dakartzan eskubide guztiez baliatu ahal izatea lortzeko. Legeak eragingo duen beste eremu bat nekazaritzako ustiategietan kontratatzen diren pertsonena da, sektore honetan emakumeen kontratazioak gizonenak baino askoz gutxiago izan ohi direlako.

Kolektiboari buruzko datuak

Eskuragarri dauden azken datuen arabera, nekazaritza ustiategien titularrak diren emakumeak %32 baino gutxiago dira eta gizonak, berriz, %68, baina, 1999ko datuekin alderatuta, emakumeen proportzio horrek nabarmen egin du gora, orduan %24ra ere ez baitzen iristen.

Gazte baserritarren egoerari dagokionez, oraindik ere sexuen arteko desberdintasunak gertatzen dira, gazteen esku dauden ustiategietan emakume titularren proportzioa gizon titularrena baino askoz txikiagoa baita. Beharrezkoa da, beraz, neurriak hartzea emakume eta gizon gazteen benetako berdintasuna bultzatzeko eta emakume gazteek lan aukerak izan ditzaten, hala nahi izanez gero nekazal inguruneetan jarraitu ahal izateko eta belaunaldi arteko erreleboa lortu ahal izateko. Nekazaritzako ustiategietan kontratatutako pertsonen gaineko 2009ko Nekazaritzako Erroldaren arabera, kontratatutako emakumeen proportzioa %21ekoa zen eta, urte horretan bertan gazte baserritarrei buruz egindako azterlan baten arabera, berriz, sektorean hasitako 3.400 gazteetatik 2.700 gizonezkoak ziren eta 720 emakumezkoak.

Nekazaritzako ikasketen eremuan eta 08/09 ikasturtean Nekazaritza jardueren adarrean erdi mailako lanbide heziketan matrikulatutako ikasleen gainean CIFRAS 2010 txostenak emandako datuen arabera, matrikulatutako emakumeen portzentajea %28,9koa zen, eta nekazaritza jardueren adarrean goi mailako Lanbide Heziketako ikasketak egiteko matrikulatutakoen artean, berriz, emakumeak %26 ziren. Datu horiek adierazten dutenez, nekazaritzako ikasketetan emakumeen presentzia oraindik txikia da, agian oraindik “gizonen lantzat” jotzen delako.

2010ean egindako azterketa batek dioenez, ikusi daiteke nola erabaki organoetan gizonen eta emakumeen presentzia ez dagoela batere orekatuta, aztertu direnetatik batean baino ez baita emakumeen presentzia %40 baino handiagoa, eta besteetan, berriz, denetan %30era ere ez da heltzen. Jardueraren dimentsio ekonomikoak gora egiten duen heinean, emakumeek hartutako erabakien portzentajeak behera egiten du, eta nekazaritzaren eremuko erabaki organoetan emakumeen partaidetza gizonena baino askoz txikiagoa da.

Zereginak banatzeko ohiko ereduak sekulako desberdintasunak dakartza emakume eta gizonen artean, eta, beraz, emakumeak lan merkatuan sartzeko beste eragozpen bat da. Egindako inkesta batzuek erakusten dutenez, emakumeek gizonek emandako denbora halako bi baino gehiago ematen dute etxeko lanetan eta zaintze lanetan. Aisialdian, berriz, emakumeek gizonek baino denbora gutxiago ematen dute nabarmen.

Egitura eta edukia

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politika Sailburuordetzak egindako Estatutuak 31 artikulu ditu, hiru Xedapen Gehigarri, Xedapen Indargabetzaile bat eta lau Azken Xedapen ditu. Egiturari dagokionez, 6 Idazpuru ditu.

I. Idazpurua, Xedapen Orokorrak izenekoak, Estatutuaren xedea eta printzipioak zehazten ditu.

II. Idazpuruak emakumeak nekazaritzako ustiategien titularrak izateko bideez hitz egiten du. Bertan jasotzen da, testuari koherentzia emateko, Nekazaritzako Ustiategiak Modernizatzeari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legeak ezartzen dituen betekizunak, Titulartasun Partekatuari buruzko Legearen erreformaren ondoren, bai eta emakume nekazariek ustiategien titularrak izateko aukera izan dezaten hartu beharreko neurriak ere. Estatutuak sustatu egiten du bizikidetza unitate bateko kide biak ustiategiaren titular partekatuak izatea, biek ustiategian lan egiten badute, horretarako erregimen horren alde egiten duten ustiategiei lehentasuna emanda laguntzak ematerakoan eta esleipenak egiterakoan, eta laguntzak ezarrita emakume nekazariak Gizarte Segurantzan afiliatzen dituztenentzat.

III. Idazpuruak emakumeek nekazaritzaren sektorean duten ordezkaritzaz hitz egiten du. Atal honetan tratamendu bereizia duten hiru esku-hartze arlo bereizten dira: administrazioa eta bere enpresak; erakunde eta elkarte profesionalak; eta enpresa pribatuak. Hirurek gauza bat dute partekatzen dute, hau da, emakumeek nekazaritza politikan parte hartzeko eta beraien interes eta premien adierazgarri diren politikak bultzatzeko solaskide baliagarri gisa onartuak izateko duten eskubidea hauzatzea.

IV. Idazpuruak, Eskubide Sozialak izenekoak, hainbat arlo azpimarratzen ditu, esaterako kontziliazio koerantzulea eta emakumeen aurkako biolentzia edo jazarpena, sektore honetan egoera horiek giro itxiagoetan eta bakartuagoetan gertatzen baitira, eta prebentzioa eta arreta zailagoa baita.

V. Idazpuruak emakumeek nekazaritzaren sektorean egin duten eta egiten duten lana agerian uztea eta aitortzea bilatzen du. 4/2005 Legeak aurreikusten duena jaso eta sektore honetara egokitzen du, emakumeek egiten duten lanaren errealitatea beti aintzat hartuko dela bermatzen saiatzeko, sektore honetan emakumeak bereziki ezkutuan egon ohi dira eta.

VI. Idazpuruak, azkenak, batzorde bat sortzen du lege honetan ezarritakoaren jarraipena egiteko. Izaera teknikoa ematen saiatu da.
 

 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

4,7 MILIOI EURO HIRUGARREN SEKTOREAK ESKU HARTZE SOZIALAREN BARRUAN GAUZATZEN DITUEN JARDUERAK SUSTATZEKO.

LABURPENA

Jaurlaritzak 4,7 milioi euroko aurrekontu-saila onartu du hirugarren sektoreak esku-hartze sozialaren arloan gauzatzen dituen jarduerak sustatzeko.

Hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko Enplegu eta Gizarte Politika Sailak ematen dituen laguntzak abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuak arautzen ditu. Pertsonen autonomia bultzatzeko eta pertsona guztien gizarteratzeko gizarte-zerbitzuen eta esku-hartze sozialaren arloko jarduerak finantzatzen laguntzea da horren helburua.

Gizarte-zerbitzuen arloan ez ezik, jarduerak horiek gizarteratzearen, familia babesaren eta umeen eta nerabeen arretaren eta babesaren alorretan ere gauzatzen dira. Halaber, etorkinak gizarteratzea eta, oro har, kulturaniztasuna babestea, pertsona nagusiak eta mendekotasun edo minusbaliotasun egoeran artatzea eta babestea eta aniztasun afektibo-sexuala bermatzea ere dute helburu.

Diru-laguntzen ildo batek pertsonentzako, familientzako, taldeentzako eta komunitateentzako esku-hartze sozialeko jarduerak hartzen ditu barne, hau da, autonomia pertsonala eta gizarteratzea sustatzeko eta bultzatzeko jarduerak, bereziki, esperimentazioa eta berrikuntza ekarriko dutenak. Enplegu eta Gizarte Politika Sailak 4.098.480 euro bideratuko dizkie.

Beste ildo baten xedea esku-hartze sozialean boluntarioen ekintza eta elkarte-partaidetza indartzea da. Horren bidez, boluntarioen ekintza handitzeko, esku-hartze sozialaren arloan elkarteen partaidetza handitzeko eta esku-hartze sozialean aritzen diren erakundeak, sareak edo federazioak, batez ere autonomia-arlokoak, sortzeko edo hobetzeko jarduerak finantzatuko dira. Kapitulu honek 599.000 euro ditu.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, 2014-2015 KURTSORAKO ARABAKO, GIPUZKOAKO ETA BIZKAIKO IKASTETXE PRIBATU ETA IKASTOLEN SINDIKATUKO LIBERATUEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO.

LABURPENA

1.040.000 EURO SINDIKATUETAKO LIBERATUENTZAT.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, hartu du Irakaskuntza Pribatuko 12 liberatu sindikalen eta Arabako, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikastoletako 6aren kostua finantzatzeko erabakia 2014/2015 ikasturterako, 1.040.000 €ko zenbateko osoan.

Horretarako, 367.000 euro bideratuko dira aurten eta 673.000 euro 2015.ean. Halaber, eman da horretarako behar diren finantziazio-akordioak hitzartzeko baimena.
 

 

200.000 EURO DOKTORETZA AURREKO EGONALDIETARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du pertsonal ikertzailearen prestakuntzarako doktoretza-aurreko programa aplikatzen direnak ez diren zentroetan egonaldiak egiteko diru-laguntzak deitzen dituen agindua.

Prestakuntza egiten ari den pertsonal ikertzailearentzat aplikatzekoak ez diren zentroetan doktoretza-aurreko egonaldiak egiteko diru-laguntzak, 200.000 euroko zenbateko globalean, deitzea du agindu honek helburu. Egonaldien helburua pertsonal horrek ikerketa zientifiko eta teknikoan izan beharreko prestakuntza hobetzea izango da eta, horretarako, jarduera hauek egingo dira: ikerketa-jarduerak, ikerketa-proiektuari aplikatzeko teknika berriak ikastea, fondo bibliografiko eta dokumentalen kontsulta eta, gauzatzen ari den tesi-proiektuaren testuinguruan, prestakuntza zientifikoaren onerako izango den eta tesia garatzeko prozesua sustatuko duen beste edozein ikerketa-jarduera.

Egonaldiak unibertsitateetan, ikerketa edo garapen teknologikoko zentroetan eta I + G + I-ko jarduera duten enpresetan, atzerrikoak edo estatu mailakoetan, betiere aplikazio-ikastegikoa ez den herri batean kokatuta badaude eta xedapen honek zehazten dituen osagarri ekonomikoak ematea justifikatuko duen aldi baterako helbide-aldaketa badakar.
 

 

EUSKADI IKERKETA SARIA.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du EUSKADI IKERKETA SARIA arautzen duen agindua onartzeko erabakia, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

EUSKADI IKERKETA SARIAK, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoa duenak, 40.000 euroko hornikuntza, ezin zatituzkoa eta bakarra, du eta bi urtean behingo errotazioa du, jarraian esaten den eran: urte bikoitietan gaiak Zientzia eta Teknologiari buruzkoak izango dira eta urte bakoitietan Gizarte Zientziei eta Humanitateei buruzkoak.

Zientzia eta Teknologiaren modalitateak arlo hauek sartzen ditu: Oinarrizko Zientziak, Bizitza eta Osasun Zientziak, Teknologia eta Arkitektura. Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitateak arlo hauek sartzen ditu: Gizarte eta Ekonomia Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Humanitateak.