2014/12/02 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, Sektore publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legearen aurka konstituziokontrakotasunaren errekurtsoa aurkeztea baimentzeko.
Euskadiko Herri Administrazioak «.eus» domeinua erabiliko du.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
460 milioi euro DBE eta EPO beharrei erantzuteko.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Dekretua, Zarauzko (Gipuzkoa) Zigordia kaleko 6. zenbakian den higiezina partzialki desafektatzea ebazten duena. Ondasun higiezin hori Zarauzko Hiribildua, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa izendatu, eta hura zaintzeko babes araubidea ezartzen duen uztailaren 12ko 305/1994 Dekretuaren eraginpean dago.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Bilboko Portu Agintaritzaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko baimena ematen duena, Rivabellosan (Araba) dagoen Arasur Plataforma Logistikoan tren terminala eraikitzeko eta finantzatzeko.
Erabakia, "Ingurumeneko IV. Esparru Programa, 2020" onesten duena.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, SEKTORE PUBLIKOA ARRAZIONALIZATU ETA ADMINISTRAZIOA ERABERRITZEKO BESTE ZENBAIT NEURRIRI BURUZKO IRAILAREN 16KO 15/2014 LEGEAREN AURKA KONSTITUZIOKONTRAKOTASUNAREN ERREKURTSOA AURKEZTEA BAIMENTZEKO.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK SEKTORE PUBLIKOA ARRAZIONALIZATZEARI BURUZKO ESPAINIAKO LEGEAREN AURKAKO ERREKURTSOA AURKEZTUKO DU KONSTITUZIO AUZITEGIAN GERNIKAKO ESTATUARI JUSTIFIKATU GABEKO ERASOA EGITEAGATIK

• Espainiako Gobernuak diru-laguntzak argitaratzeko baliozko datu-base bakarra Estatukoa dela xedatu du eta informazioa ematera behartu ditu EAEko herri-administrazio guztiak, hori ez egitea hutsegite larritzat hartuta.

• EHAAren maila debaluatu du eta beste bide batzuetatik aurkitu ez diren herritarrei egin beharreko jakinarazpen ofizial guztiak BOEn argitaratzera behartu du.

• Eusko Jaurlaritzak aldebiko negoziaziorako 6 hilabeteko epe bat hasteko eskatuko dio Espainiakoari adostasuna lortzen saiatzeko «Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean».

Gobernu-kontseiluak konstituziokontrakotasun-errekurtsoa jartzea onartu du gaur Sektore publikoa arrazionalizatzeari eta administrazioa erreformatzeko beste neurri batzuei buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legearen 25., 26., 27. eta 30. artikuluetan (Bat, Bi, Hiru eta Sei paragrafoeetan) «eskumen-inbasio larria» dagoelako. Herri-administrazioak erreformatzeko batzordeak (CORA) izeneko txostenean sektore publikoa arrazionalizatzeko eta berregituratzeko proposatutako hainbat neurri hartu ditu Lege horrek. Eusko Jaurlaritzak, baina, 96 alegaziotik gora aurkeztu zituen horren aurka (2014-09-26) eskumen-gehiegikeriagatik eta Gernikako Estatutua edukiz hustu eta degradatzeagatik.

Lehenik, Espainiako gobernuak xedatzen du Diru-laguntzen Espainiako Datu-basea dela laguntza guztiak argitaratzeko balio duen bakarra. Hala, diru-laguntzei buruzko informazio guztia Estatuko Administrazio Orokorrari ematera behartzen ditu herri-administrazio guztiak. Horrez gain, informazio hori ez ematea hutsegite larritzat jo ere egiten du, deialdiak indargabetzeko aukera ezarrita.

Eusko Jaurlaritzaren ustez EAEko herri-administrazioak ezin hobeki bermatzen ditu publizitateko, gardentasuneko eta informazioa ezagutarazteko printzipioak, eta Espainiako gobernuak bere eskumenen mugak gainditu dituela deritzo. Ez da onargarria herri-administrazio batek egindako deialdi baten baliozkotasuna beste baten, kasu honetan Estatuko Administrazio Orokorraren, borondatearen eta ekintzaren mende egotea.

Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri du Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak berak aldatu ez den Xedapen Gehigarri bat jasotzen duela, eta horrek xedatzen duela Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, bere foru-araubidea dela eta, lege hori «haren Autonomia Estatutuan ezarritakoa errespetatuta egingo dela».

EHAA

Bigarrenik, administrazioek aurkitu ezin izan diren pertsonei egin beharreko jakinarazpen ofizial guztiak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharra ezarri du Espainiako gobernuak. Era horretan, Espainiako Legeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren eginkizuna debaluatzen du, osagarri huts bihurtuta, eta Euskadiren jarduna Estatuko Administrazio Orokorraren borondatearen eta kontrolaren mende jarrita.

Eusko Jaurlaritzak EHAAri justifikatu gabe eta aurrez aurre egindako eraso hori salatu du. EHAA, izan ere, funtsezko tresna da, Euskadiko administrazio-jarduera ezagutarazten du, ondare instituzionaltzat hartu daitekeena, eta botere publiko guztiek zalantzarik gabe aintzat hartu eta babestu beharrekoa.

Autogobernuko erakundeen antolamenduaren, araubidearen eta funtzionamenduaren ezjakintasun sakona erakusten du Espainiako gobernuaren gehiegikeria horrek eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du ez dagoela Euskadiren eta Estatuaren arteko hierarkia-harremanik.

Administrazioaren eta herritarren arteko harremana errazteko eta oztopoak murrizteko aitzakia ezin da erabili, Eusko Jaurlaritzaren ustez, Gernikako Autonomia Estatutua urratzeko.

ALDEBIKO NEGOZIAZIOA

Errekurtsoa jarri aurretik, bere ustez eskumenak inbaditzen dituzten artikuluak sei hilabetez «Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean» negoziatzea proposatuko du Eusko Jaurlaritzak, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako moduan.

Uneotan bi lege ari dira negoziatzen batzordearen barruan:

• 1/2014 Legea, otsailaren 28koa, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoa.
• 2/2014 Legea, martxoaren 25ekoa, Estatuaren kanpo ekintzari eta zerbitzuari buruzkoa.

Gainera, legegintzaldi honetan, orain arte, 10 lege hitzartu dituzte bi gobernuek guztira, era horretan konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak, guztizkoak edo partzialak, saihestuta:

• Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren gaineko akordio partziala.
• Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta sistemaren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren gaineko akordio partziala.
• Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko Legearen gaineko erabateko akordioa.
• Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legearen gaineko erabateko akordioa.
• Euskadiko Aurrezki Kutxen Legearen gaineko akordioa.
• Itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzko eta uztailaren 28ko 22/1988 Legea, Kostaldeei buruzkoa, aldatzen duen maiatzaren 29ko 2/2013 Legearen gaineko erabateko akordioa.
• Hirien Birgaitze, Biziberritze eta Berrikuntzari buruzko 8/2013 Legearen, ekainaren 26koaren gaineko erabateko akordioa.
• Merkatu-batasuna Bermatzeko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen gainerako erabateko akordioa.
• Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen gaineko erabateko akordioa.
• Hezkuntza Kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Legearen gaineko akordio partziala (LOMCE).
 

 

EUSKADIKO HERRI ADMINISTRAZIOAK «.EUS» DOMEINUA ERABILIKO DU.

LABURPENA

• Euskararen Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialak «.net» domeinua utzi eta «.eus» ezarriko du.

• Hala, Euskadi mundu digitalean kokatu nahi duen proiektu horrekin bat egingo du Euskadiko Herri Administrazioak.

Biharko Euskararen Nazioarteko Egunetik aurrera, euskal herri-administrazioaren webgune ofizialak «.eus» domeinutik izango du sarbidea. Horrela, Gobernu Kontseiluak joan den uztailaren 29an hartutako erabakia gauzatuko da; hain zuzen ere, www.euskadi.net domeinutik www.euskadi.eus domeinura aldatzea.

Horrela, Euskadiko Herri Administrazioak PuntuEus fundazioak euskara sustatzeko eta Euskadi mundu digitalean kokatzeko bultzatu duen domeinu berria erabiliko du.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, domeinu-aldaketa honek, herrialde gisa, hiru helburu lortzea ahalbidetuko du: Internet eta teknologia berriak gizarteratzea, Euskadiren kanpo-proiekzioa indartzea eta euskarak aurrera egitea eta modernizatzea.

Baina gainera, Eusko Jaurlaritzak beste 200 domeinuren erabilera esklusiboa erreserbatzeko eskaria egin du. Hauek, adibidez: e-rezeta.eus, etxebide.eus, ertzaintza.eus, euskalmet.eus, eustat.eus, habe.eus, osakidetza.eus, lehendakari.eus, ajuriaenea.eus, larrialdiak.eus, trafikoa.eus, udaltzaingoa.eus, etab.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritza posta elektronikoko helbideak aldatzen hasi da. Bihartik aurrera, pixkanaka, euskal herri-administrazioan lan egiten duten pertsonen helbide elektronikoak «@ej-gv.es» utzi eta «@ej-gv.es»-ra aldatzen joango dira.

Domeinu berrirako urratsa Eusko Jaurlaritzaren baliabide propioekin egin da, Ogasun eta Finantza Sailaren eta Herri-Administrazio eta Justizia Sailaren elkarlanari esker.

PUNTUEUS PROIEKTUA

PuntuEus proiektua 2007an jaio zen, mundu osoan euskararen hizkuntza-normalizaziorako eta sustapenerako tresna eraginkor bat izateko helburuarekin eta Eusko Jaurlaritzaren eta beste hirurogei euskal erakunderen konpromiso politiko, instituzional eta ekonomikoa lortu du.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

460 MILIOI EURO DBE ETA EPO BEHARREI ERANTZUTEKO.

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Kontzeptua: diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte bazterkeriaren aurkako abenduaren 23ko 18/2008 Legean ezarritako etxebizitzarako prestazio osagarriaren prestazio ekonomikoak.

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Kontzeptua: Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte bazterkeriaren aurkako abenduaren 23ko 18/2008 Legean ezarritako diru-sarrerak bermatzeko errenten prestazio ekonomikoak.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Maria Aburtoren proposamenez, gobernu-kontseiluak 460 milioi euroko gastua baimendu du 2015ean Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitzatarako Prestazio Osagarrien beharrei erantzuteko (2014an 435,2 milioikoa izan zen).

Eusko Jaurlaritzak bi gastu-espedienteen onarpena aurreratzea erabaki du (378.498,196 euro DBErako eta 82.501,804 euro EPOrako), 2015eko urtarriletik bi prestazioak finantzatzeko baliabideak eduki ahal izateko, biak hilero ordaintzen baitira.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta aldian aldiko prestazio ekonomikoa da, bizikidetza-unitate batean bildutako pertsonek jasotzen dute baldin eta ez badute oinarrizko gastuei edota gizarteratze-prozesu batetik eratorritako gastuei aurre egiteko beste diru-sarrera.

Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) aldian aldiko prestazio ekonomikoa da, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) osagarria da. Prestazio horien onuradunen etxebizitza alokairuaren edota ostatuaren ordainketekin lotutako beharrizanak estaltzera bideratuta dago.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legearen arabera, Lanbideri dagokio bi prestazioak izapidetzeko eta ebazteko eskumena.

Subjektibo eta unibertsalak direnez, prestazio hauek zenbatekoa zabaltzen dute beharrak handitu ahala. Kontuan izanda egoera hori, 2013ko balantzea honela gelditu zen:

DBE+EPO 2013

- 2013an, bi prestazioen batura 435,36 milioi euro izan zen.
- Kopuru horretatik, Arabari 70,2 milioi euro dagozkio, Bizkaiari 274,2 milioi euro eta Gipuzkoari 90,9 milioi euro.

DIRU-SARRERAK BERMATZ EKO ERRENTA

- 62.695 pertsona hartzaile.
- 359,3 milioi euro ordaindu dira urtean.
- Lurralde historikoka, Arabak 9.001 jasotzaileekin itxi zuen urtea (56,8 milioi euro); Bizkaiak, 39.642 onuradunekin (228,3 milioi); eta Gipuzkoak, 14.052 onuradunekin (74,0 milioi).
- DBE kobratzen duten 10 pertsonatik 6 emakumeak dira.
- Onuradun-kontzentrazio handiena 35 eta 44 urte-tartean dago.
- % 28,2 pentsiodunak dira.

ETXEBIZITZ ARAKO PRESTAZIO OSAGARRIA

- DBE jaso zuten pertsonen % 41ek EPO ere jaso zuten.
- 76,04 milioi euro ordaindu ziren.
- 13,3 milioi Arabari dagozkio; 45,8 Bizkaiari; eta, 16,8 Gipuzkoari.

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

DEKRETUA, ZARAUZKO (GIPUZKOA) ZIGORDIA KALEKO 6. ZENBAKIAN DEN HIGIEZINA PARTZIALKI DESAFEKTATZEA EBAZTEN DUENA. ONDASUN HIGIEZIN HORI ZARAUZKO HIRIBILDUA, MONUMENTU MULTZO IZENDAPENAZ, KULTURA ONDASUN GISA IZENDATU, ETA HURA ZAINTZEKO BABES ARAUBIDEA EZARTZEN DUEN UZTAILAREN 12KO 305/1994 DEKRETUAREN ERAGINPEAN DAGO.

LABURPENA

HIGIEZIN BAT PARTZIALKI DESAFEKTATZEA ZARAUTZEN

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez onartu du, Zarauzko Zigordia kaleko seigarrenean dagoen higiezina partzialki desafektatzea. Higiezin hau Kultura Ondasun gisa (Monumentu Multzo izendapenaz) izendatua dagoen Zarauzko Hiribilduan dago kokatua. Desafektazio partziala onartzen duen Dekretuak, hala ere, babesa mantentzen du honako aspektu hauetan: orubeari dagokionean, harrizko egitura-elementuetan eta barne-egiturako material generikoetan, Zarauzko Hiribilduari lehen aipaturiko izendapena ematen dion Dekretuak jasotzen dituen ordezkatze-arauak errespetatzeko betebeharrez.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN, ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ETA BILBOKO PORTU AGINTARITZAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA SINATZEKO BAIMENA EMATEN DUENA, RIVABELLOSAN (ARABA) DAGOEN ARASUR PLATAFORMA LOGISTIKOAN TREN TERMINALA ERAIKITZEKO ETA FINANTZATZEKO.

LABURPENA

GOBERNU-KONTSEILUAK ARASUR TRENBIDE-TERMINALA FINANTZATZEKO ARABAKO FORU ALDUNDIAREKIN ETA BILBOKO PORTUAREKIN SINATUTAKO HITZARMENA ONETSI DU

Gobernu-kontseiluak Arasur trenbide-terminala finantzatzeko Arabako Foru Aldundiarekin eta Bilboko Portuko Agintaritzarekin sinatutako hitzarmena onetsi du. Hala, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, Euskal Trenbide Sareari emandako agindu baten bidez, trenbide-terminalaren oinarrizko eta eraikuntzako proiektua prestatzeko konpromisoa hartu du. Bilboko Portuko Agintaritzak, bestalde, Arasur plataforma logistikoaren barruan kokatutako lurrak erosiko ditu, trenbide-terminalaren obrak egiteko.

Trenbide-terminalaren eraikuntza-proiektuaren obrak gauzatzeko gehieneko inbertsioa ZORTZI MILIOI HIRUREHUN MILA EUROKOA (8.300.000 €) izatea aurreikusi dute, BEZ barne. Administrazioek eta erakundeek finantzatuko dute: EAEko Administrazio Orokorra: 3.000.000 €, BEZ barne; Arabako Foru Aldundia: 2.300.000 €, BEZ barne eta Bilboko Portuko Agintaritza: 3.000.000 €, BEZ barne.

Bilboko Portuko Agintaritzaren ustez estrategikoa da salgaien zirkulazioan laguntzen duten plataforma logistikoetan eta intermodalitate-loturetan parte hartzea, salgaien nazioarteko garraio-kateko zatiak eta portuko azpiegitura bikainen osagarri baitira. Arabako Rivabellosa herrian dagoen Arasur plataforma logistikoa bereziki interesatzen zaio.

EAEko Administrazio Orokorrak eta Arabako Foru Aldundiak Bilboko Portuko Agintaritza Arasurren ezartzeko interesa dute. Plataforma horretarako aukera estrategikoa da, Bilboko portuarekin eta ekoizpen eta kontsumo-guneekin lotuz indartu egingo baita.

Bilboko Portuko Agintaritza Arasur plataforma logistikoan ezartzeko, trenbide-sare orokorrarekin lotutako trenbide-terminala izan beharko du. Gaur egun ez da halakorik. Horrenbestez, Bilboko Portuko Agintaritza Arasurren ezartzeko interesa duten erakundeek trenbide-terminala eraikitzea eta hura finantzatzea hitzartu dute.
 

 

ERABAKIA, "INGURUMENEKO IV. ESPARRU PROGRAMA, 2020" ONESTEN DUENA.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 aurkeztuko du

OREGI: «2020RA BITARTEAN, EUSKAL INGURUMEN POLITIKAREN LEHENTASUNAK OSASUNA, ENPLEGUA ETA AZPIEGITURA BERDEAK IZANGO DIRA»

• Ingurumen Esparru Programa berria legegintzaldiko plan estrategikoetako bat da. Ingurumen-politika erreaktiboa prebentiboarekin ordezkatuko du, azken 30 urteetan egindako inbertsioak errentagarri egiteko.

• IV. Ingurumen Esparru Programak (IEP) 6 helburu estrategiko eta 75 lehentasunezko jarduera ezarriko ditu.

• 2017an beteta egon beharko diren helburuak dituzten ekimen enblematikoak: osasuna eta ingurumena lurralde-politikan txertatzea, zerga-sistema berdea, elikadura zirkularra edo azpiegitura berdeak inguru degradatuetan.

• Hainbat euskal administrazioren, interes-talderen eta herritarren ekarpenak bildu ditu, mila inguru, guztira.

Gaur goizean aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak IV. Ingurumen Esparru Programa 2020, gobernuaren 14 plan estrategikoetarik bat dena legegintzaldi honetan. Ana Oregi sailburuak zehaztu duenez, «programa berria dela eta, ingurumen-politiken ikuspegia aldatuko da, 6 urteko epea izango dutelako. Lehen gauzapen-aldia 2015 eta 2017 artekoa izango da. Orduan, ordura arte gauzatutako jardueren aurrerapen-mailaren gaineko ebaluazio integrala egingo da».

«Ingurumen-esparru programa berria mugarri izango da, bi aldaketa hauek direla medio: batetik, politika erreaktibo tradizionala ingurumen-politika prebentibo batekin ordezkatuko da eta azken 30 urteetan egindako inbertsioa errentagarri egiteko xedea izango du», azaldu du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik.

Programa berria izango da ingurumenaren eta garapen jasangarriaren arloetako erreferentziako esparrua. Aurkezpenean, sailburuak gogora ekarri du ingurumen-politikak Euskadin izan duen bilakaera, Europako eskualde aurreratuenetako bat da-eta egun arlo horretan. Izan ere, EAE laugarren tokian dago Ingurumen Errendimenduaren Indizean, aurretik Norvegia, Frantzia eta Austria besterik ez dituela.

Ingurumena politikan 30 urtez

Euskal ingurumen-politikak egindako 30 urteko ibilbidean hiru etapa bereizi ditu Oregik: lehena, XX. mendeko 80etakoa, arazorik larrienei aurre egin zitzaiena eta 1998an amaitu zena, Euskadiko Ingurumena Babesteko Lege Orokorraren bidez; bigarrena, ingurumena oneratzea ahalbidetu duten ekimen asko abian jarri eta burutu direna; eta hirugarrena, –gaur goizean aurkeztutako IV. IEPari dagokio– «eraldaketari balioa eman nahi diona, ingurumena oparotasun- eta ongizate-iturri bihurtuz, eta, besteak beste, osasunaren, enpleguaren eta azpiegitura berdeen arloetako ekintzak lehenetsita».

Aro berri horretan, egindako lanaren uzta jaso, eta ingurumen-politika bideratuko da ingurumena oneratzearen ondoriozko abagune ekonomiko eta sozialak aprobetxatzera, ingurumena aberastasun-, enplegu- eta ongizate-iturri den aldetik.

75 lehentasunezko jarduera

IV. Ingurumen Esparru Programaren filosofiaren oinarrian konpromiso hirukoitza dago –ingurumena babestea; ekonomiak lurraldea errespetatzea; eta pertsonak helburu izatea– eta 6 helburu estrategiko ezartzen ditu. Horretarako, 75 lehentasunezko jarduera gauzatuko dira 2020 artean. Gainera, hainbat ekimen enblematiko proposatuko dira. Hori da programaren berritasun handienetako bat, hain zuzen.

2020ko Euskadi irudikatu da helburu estrategiko batzuen arabera: natura-ondarea babestea, oneratzea eta kontserbatzea; Euskadikoa ekonomia lehiakor eta berritzaile bihurtzea, karbono gutxikoa eta baliabideen erabilera eraginkorrekoa; herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea eta babestea; udalerrien jasangarritasuna areagotzea; politiken arteko koherentzia eta erantzukidetasun publiko-pribatua bermatzea; eta Euskadiren irudian nazioartean hedatzea, ingurumeneko jardunbide egokiak direla kausa.

Ekimen enblematikoak

6 Ekimen Enblematiko egiteko asmoa dago, ingurumen-politika aldatzeko motor izan behar direnak. IEP 2020ren osagai bereizgarria dira Ekimen Enblematikoak, eta kudeaketa-, segimendu- eta zuzendaritza-sistema propioa izango dute, sailen artean kolegiatua, Lehendakaritzak koordinatuko duena.

Ekimen horien denbora-muga 2020 urtea den arren, epe laburrean beteta egon behar diren hainbat helburu ezarri dira, 2017an emaitza zenbakarriak izan beharko dituztenak. Honako hauek dira epe laburreko helburuetako batzuk eta ezarritako ekimenak:

• Administrazioa eredu ingurumenean. Energia-kontsumoa murriztea eta iturri berriztagarriei zor zaion ehunekoa handitzea. Eusko Jaurlaritzaren eraikinen Energia Jasangarritasunerako Programa eta Erosketa Publiko Berdearen Programa 2017an.

 • Lurralde osasungarria. Osasunaren eta ingurumenaren aldagaiak lurralde-politikan txertatzea. Politika publikoek osasunean duten eragina aztertzeko eta ebaluatzeko erreminta bat ezartzea eta biztanleriaren osasun-profilen lurraldekako ikerlana 2017an.

• Zerga-sistema ekologikoa. Herritarrengan, enpresengan eta erakundeengan ingurumeneko jokabide arduratsuak sustatzea eragingo duen zerga-sistema ezartzea modu mailakatuan. 

 • Ekoizpen berdea. Euskal enpresen baliabide-kontsumoa eta ingurumen-inpaktua murriztea eta hondakinei probetxu ateratzea. 2017rako prest egon beharko da teknologia eta material garbiagoen zerrenda, hala nola materialen zikloak ixteko prozesuetarako laguntza-sistema aurreratua.

• Elikadura zirkularra. Elikaduraren balio-katearen ziklo osoari probetxu ateratzea. Nekazaritza-ekoizpeneko proiektu pilotuak, ekosistema-zerbitzuak ordainduko direnak, eta elikadura arduratsuko proiektu pilotua ikastetxeetan, 2017an.

• Azpiegitura berdeak. Pertsonen eta natura-ingurunearen arteko elkarreragin zuzena ahalbidetuko duten azpiegitura berriak natura-eremu babestuetan, eremu erdinaturaletan, degradatuetan, artifizialduetan, etab. 2017an, EAEko azpiegitura linealen ebaluazioa egingo da, azpiegitura berde bihur daitezkeenak bereizteko.

Prozesu dinamiko eta gardena

IV. Ingurumen Esparru Programa prozesu dinamiko eta parte-hartzaile baten ondorio da. Ekarpenak egin dizkiote hainbat euskal administraziok, interes-taldek eta herritarrek, guztira, mila proposamen inguru aurkeztuta.

Prozesu parte-hartzaile horretan garrantzi handia izan dute Irekia web-plataformak, hezkuntza-esparrutik egindako proposamenek eta enpresa-esparruan ingurumenari buruzko topaketak egin izanak.

Lehendakaritza arduratu da prozesua koordinatzeaz, Ingurumen eta Lurralde Politikako Saila, berriz, sustapenaz. Programaren segimenduan eta ebaluazioan sortuko den informazio guztia kontsultagai eta erabilgai egongo da plataformaren webgunean, www.irekia.net, hala nola Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren webgunean: www.ingurumena.net

 

Erlazionaturiko temak
IV Programa Marco Ambiental, 2020
Ingurumeneko IV. Esparru Programa, 2020