2015/02/03 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Erabakia, Bake eta Bizikidetza Planak 2014ko bigarren seihilekoan izandako kudeaketari eta gauzatzeari buruzko jarraipen-txostena ezagututzat ematen duena.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak 2015eko lau oposizioetatik lehena deitu du, hezkuntzarako EEP.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hirugarren Sektore Sozialaren Lege Proiektua.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoa 2015-2020 onartzeko.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Izendapenak: Administrazioko Kontseiluak
LEHENDAKARITZA X. LEG.

ERABAKIA, BAKE ETA BIZIKIDETZA PLANAK 2014KO BIGARREN SEIHILEKOAN IZANDAKO KUDEAKETARI ETA GAUZATZEARI BURUZKO JARRAIPEN-TXOSTENA EZAGUTUTZAT EMATEN DUENA.

LABURPENA

BAKE ETA BIZIKIDETZA PLANAK BERE AURREIKUSPENEN % 93,68ko BETETZE MAILA LORTU DU

Gobernu Kontseiluak Bake eta Bizikidetza Planaren Sail Arteko Jarraipen Batzordearen 2014ko bigarren seihilekoko jarraipen txostena aztertu du gaur. Batzordearen zeregina sei hilean behin Planaren jarraipen etengabea egitea da, eta txosten honetan, Planean aurreikusitako 2014ko uztailetik abendurako egutegiaren kudeaketaren, gauzatzearen eta betetzearen inguruko balantzea egin du.

Hala, 2014ko abenduaren 31n, Plana osatzen duten 18 ekimenetatik (gehi kudeaketa eta jarraipeneko beste bat):

- 14 ekimenek egutegia % 100ean bete dute.
- 4 ekimenek egutegia % 80an bete dute.
- 1 ekimen % 60ko betetze-mailan dago. Memoriaren Institutuaren kasua da eta Eusko Legebiltzarrean Legearen onarpena luzatu egin delako atzeratu da.

(Eranskinean, ekimen bakoitzaren egoera agertzen da)

Horrela, Bake eta Bizikidetza Planaren egutegiaren betetze-maila % 93,68koa da. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak programaren betetze honen inguruko balorazio oso positiboa egiten du.

Hala ere, Planaren azken xedea Bakean eta Bizikidetzan laguntzea da, eta modu horretan, gizartean ildo horretako kultura bat indartzea, baita politikan bizikidetzarako etika politiko partekatuko oinarri batzuk bultzatzea ere, iraganari, orainari eta etorkizunari dagokienez.

Arlo sozialean, Bake eta Bizikidetza Plana gizartearen gehiengoaren borondateekin bat datorrenez, zenbait azterketa soziologikotan ondorioztatzen den bezala (Deustobarometroa, Euskobarometroa, Euskal Soziometroa), bere eragin soziala positibotzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak.

Dena den, Planaren zailtasun nagusia euskal eszenategi politikoan dagoen berbera da: bidegabekeriak eta indarkeriak markatutako duela gutxiko iraganaren pisu astuna eta horrek bake eta bizikidetza arloan gutxienekoak baina beharrezkoak diren adostasunen lorpena baldintzatzea. Iraganaren balorazio partekatua eta oinarrizko akordioak lortzea euskal politikagintzan gainditzeke dagoen ikasgai baten bi aldeak dira. Eusko Jaurlaritza arlo horretan interpelatua sentitzen da eta lanean jarraituko du.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak, 2015eko lehenengo seihilekoan, Planean autokritika prozesuen inguruko lan ildo bat gehitzea aztertuko du. Eusko Jaurlaritzak autokritika prozesu horien alde lagundu nahi du, iraganaren balorazioa zatiketarako faktore izan beharrean elkarguneak sortzeko lanabes estrategikoa bihurtu dadin.
 

 

Erlazionaturiko temak
Eranskina
Anexo

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK 2015EKO LAU OPOSIZIOETATIK LEHENA DEITU DU, HEZKUNTZARAKO EEP.

LABURPENA

• Haur eta Lehen Hezkuntzako 275 maisu-maistra lanpostu bete nahi dituzte. Izena emateko epea otsailean hasiko da, eta lehen azterketak uda baino lehen egingo dituzte.
• EEP honez gain, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzarako, Ertzaintzarako eta Administrazio Orokorrerako enplegu publikoko deialdiak egingo ditu 2015ean, 1.573 lanpostu sortzeko.
• Gainera, otsaileko azken asteburuan, 9.343 lagunek BECen egingo dituzten hautaketa-probetan parte hartuko dute, Euskadiko Administrazio Orokorreko lan kalifikatuko 9 poltsetan sartzeko.
• Eusko Jaurlaritzak enplegu publiko egonkorrarekin eta kalitatezkoarekin duen konpromisoa azpimarratu du, zerbitzu publikoen funtzionamendu eraginkorra bermatu ahal izateko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoaren Hezkuntza Administraziorako enplegu publikoko 2015eko eskaintzaren deialdia onartu du gaur. Eskaintza horren bidez, Haur eta Lehen Hezkuntzako 275 maisu-maistra lanpostu bete nahi dira. Hautagaiek bigarren hizkuntza-eskakizunari dagokion euskara maila izan beharko dute.
 

ESPEZIALIDADEA ESKAINITAKO LANPOSTU KOPURUA
Haur Hezkuntza 110
Lehen Hezkuntza 60
Ingelesa 50
Musika 15
Heziketa fisikoa 15
Hezkuntza berezia Pedagogia terapeutikoa 25
GUZTIRA 275

 

 Hautaketa-prozesuaren deialdia otsailaren erdialdera argitaratuko dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Interesa duten pertsonek, 20 egun izango dituzte izena emateko. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP) arduratuko da hautaketa-prozesuaz. Aurreikusi duenez, ekainean egingo dute lehen hautaketa-probak. Gainera, EHAAn deialdi ofiziala argitaratu ondoren, Jaurlaritzak www.euskadi.eus ataria erabiliko du herritarrei deialdiaren berri emateko, baita ZUZENEAN herritarrei erantzuteko bulegoen zerbitzua ere.

Lehen eskaintza honen bidez, 275 lagunek lanpostu finkoa lortuko dute, eta Euskadiko hezkuntzaren egonkortasuna eta kalitatea hobetuko da.

4 EEP eta 9 LAN POLTSA 2015EAN

Hezkuntzako enplegu publikoko deialdia 2015ean, enplegu publikoarekin, egonkorrarekin eta kalitatezkoarekin duen konpromisoari eusteko, Jaurlaritzak deituko dituen lau eskaintzetako lehena izango da. Guztira, 1.573 lanpostu eskainiko dituzte Jaurlaritzak herritarrei ematen dizkien zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia bermatzeko:

Ertzaintza: 250 plaza, XXV. promoziorako.
Osakidetza: 968 lanpostu (Txanda askekoak: 484 eta barne-promoziokoak: 484)
Administrazio Orokorra: 80 lanpostu Eustateko inkestatzaile gisa.

Gainera, otsailaren 27an, Euskadiko Administrazioan lan egiteko lan kalifikatuko eta profesionaleko bederatzi poltsetan sartzeko hautaprobak hasiko dira. Hainbat arlo hartuko dituzte, besteak beste: zuzenbidea, ekonomia, arkitektura, epidemiologia, adingabeen zentroetako hezkuntza, berdintasuna, itzulpengintza, hizkuntza normalizazioa eta Administrazio Orokorreko Goi Mailako Kidegoa.

9.343 pertsonek eman dute izena; beraz, denentzako lekua izateko, Barakaldoko BECen egingo dituzte asteburu osoan.

Probak gainditzen dituztenek euskal administrazio publikoan bitarteko funtzionario gisa lan egiteko aukera izango dute, eta, besteak beste, aldi baterako ezintasun-egoeran dauden, lan- eta familia-bizitza uztartzeko baimena duten eta errelebo-kontratua duten funtzionarioak ordezkatuko dituzte.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HIRUGARREN SEKTORE SOZIALAREN LEGE PROIEKTUA.

LABURPENA

JAURLARITZAK EUSKADIKO HIRUGARREN SEKTORE SOZIALEKO LEGEAREN PROIEKTUA ONARTU DU

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok proposatuta, Jaurlaritzak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko legearen proiektua onartu du. Lege hori Legebiltzarrean onartu ondoren, arau honek gizarte-zerbitzuen alorrean bakarrik lan egiten duten elkarteak (ekintza sozialeko hirugarren sektorea) eta gizarte-zerbitzuen bestelako arloetako elkarteak (enplegua, diru-sarreren sistema, familiak, berdintasuna, gune soziosanitarioa, etab.) arautuko ditu.

Jaurlaritzaren ustez, ekimen hau gizarte justuagoa eta solidarioagoa, kohesionatuagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzen ari diren elkarteek ordezten duten oinarrizko aktibo hori onartzea da.

Hirugarren Euskal Sektore Soziala egoitza eta jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan duten irabazi asmorik gabeko elkarte sozialek osatzen dute. Elkarte horien helburua da gizarteratzea sustatzea eta ahultasun, baztertze, babesgabetasun, desgaitasun edo mendekotasunaren egoeran dauden pertsonen, familien edo kolektiboen eskubideak gauzatzea.

Legearen helburua da, batez ere, sektore honen konfigurazioa erraztea, sektore horretako erakundeak eta sareak identifikatuta, eta horien ezaugarriak nabarmentzea. Ildo horri jarraiki, aurreproiektuak urtebeteko epea ezartzen du, legea indarrean sartzen denetik kontatzen hasita, elkarteen errolda bat egiteko.

Sektorearen osaerari esker, hori indartzeaz gain, elkarteen arteko lankidetza eta sektore publikoaren nahiz enpresen arteko lankidetza sustatuko duten neurriak garatu ahal izango dira. Gai horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareekin lankidetzan, sektoreko Sustapen Estrategia bat egingo du. Estrategia horretan, alderdi bakoitzak egin beharreko jarduketak egongo dira; horrez gain, elkarteen eta sareen indartzearekin, euren ekarpen sozialaren sustapenarekin eta talde horien hainbat funtzioren garapenarekin zerikusia duten helburuak eta neurriak egongo dira esku-hartze sozialaren alor guztian.

Estrategiak, gutxienez, hauek guztiak hartuko ditu barnean: Oinarri sozialaren garapena eta erakundeetan parte hartzea; antolamenduaren eta kudeaketaren sustapena; Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala egituratzea eta elkarteen arteko lankidetza; jasangarritasuna, autonomia, gardentasuna eta kontuak ematea, inbertsioak eta azpiegiturak; sektore publikoarekin lankidetza izatea; enpresekin lankidetza izatea; Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren sustapena, zerga-sistema eta aitorpena.

Lankidetza-maila, «Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareekiko iraunkorra, operatiboa eta bi noranzkokoa izango dena, Elkarrizketa Zibilerako Mahaian eta Ekonomia eta Gizarteko Kontseiluan parte hartuta gauzatuko da».
 

 

Erlazionaturiko temak
Lege Proiektua

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, BIDE SEGURTASUNERAKO ETA MUGIKORTASUN SEGURURAKO ETA IRAUNKORRERAKO PLAN ESTRATEGIKOA 2015-2020 ONARTZEKO.

LABURPENA

2015 ETA 2020 ALDIRAKO ERREPIDEKO SEGURTASUNARI ETA MUGIKORTASUN SEGURUARI ETA JASANGARRIARI BURUZKO PLAN ESTRATEGIKOA ONARTU DA

Gobernu Kontseiluak, Segurtasuneko Sailak hala eskatuta, 2015 - 2020 aldirako Errepideko Segurtasunari eta Mugikortasun Seguruari eta Jasangarriari buruzko Plan Estrategikoa onartu du gaur, 2020rako orientazio estrategiko nagusiak jartze aldera.

Planak trafikoko kudeaketaren eta errepide-segurtasuneko ikuspegi integrala aurkeztu nahi du. Hala, helburu estrategikoak, jarduketa-helburuak eta -ildoak bilakaeraren eta egungo egoera aztertuta definitu dira. Baita gai horretan dauden agenteen, baliabideen eta mekanismoak aztertuta ere.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak plan horretako ardatz eta lan-estrategia nagusiak aurkeztuko ditu bihar. Aipatutako plana Bide Segurtasuneko Batzordean aurkeztu zen ostiralean, eta gaur bertan igorriko da Legebiltzarrera.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

IZENDAPENAK: ADMINISTRAZIOKO KONTSEILUAK

Dekretua, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Administrazio Kontseiluko hainbat kide kendu eta izendatzeko dena.

Erabakia, Euskadiko Kirol Portua, S.A. sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluko zenbait kide kendu eta beste zenbait izendatzeko dena.

Erabakia, Eusko Trenbideak/Ferrocarriles Vascos, SA sozietate publikoaren Administrazioko Kontseiluko kide batzuk kendu eta beste batzuk izendatzeko dena.

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusian dituen zenbait kide kendu eta beste zenbait izendatzeko dena.

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Batzorde Betearazlean dituen zenbait kide kendu eta beste zenbait izendatzeko dena.

LABURPENA

Gaur goizean, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Garraio Plangintzaren zuzendaria den Marko Boronat jauna ETS, Euskotren, CTB, eta EKP erakundeetako administrazio-kontseiluen aholkulari-kidea izateari. Gaur egun Euskotren erakundeko zuzendaria den Imanol Leza jauna ordezkatuko du.