2015/03/10 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Erabakia, "Asociación Munitxeko Euskal Elkartea e.V.", Múnich (Alemania), Euskal Etxea giza aintzatespentzen duena Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanei buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen ondorioetarako.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Jaurlaritzak ehunka ekarpen egin dizkio Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektuari gizartearen eta sindikatuen adostasuna laguntzeko.
Erabakia, 2012ko abenduko aparteko ordainsaria berreskuratzeari buruzkoa.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastuak baimentzeko, kooperatiba edo fundazioaren titularitatea duten itunpeko sareko ikastetxeetan egin beharreko inbertsioak finantzatzeko.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Segurtasun Sailak Ertzaintzaren promozio berriaren deialdia egin du, 250 lanpostu eskainiz.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Txostena, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana 2020, onartzeko dena.
Dekretua, Uraren Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituena.
Dekretua, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Beasaingo Udalak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: Oriako Pasealekuan igogailu publikoa instalatzeko proiektua burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.
Dekretua, Meatzaldea-Zona Minera de Bizkaia, Biotopo Babestua izendatzeko dena.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

ERABAKIA, "ASOCIACIÓN MUNITXEKO EUSKAL ELKARTEA E.V.", MÚNICH (ALEMANIA), EUSKAL ETXEA GIZA AINTZATESPENTZEN DUENA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAZ KANPOKO EUSKAL GIZATALDE ETA ETXEEKIKO HARREMANEI BURUZKO MAIATZAREN 27KO 8/1994 LEGEAREN ONDORIOETARAKO.

LABURPENA

782. 307 EUROKO LAGUNTZA DEIALDIA ONARTU DU JAURLARITZAK EUSKAL ETXEENTZAT

Eusko Jaurlaritzak gaur argi berdea eman dio aurten Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko Euskal Etxeei eta etxeon federazio eta konfederazioei Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez emango dizkien diru laguntzen deialdiari.

782.307€ko zenbatekoa dute diru-laguntza horiek eta zenbait gastu osorik edo gastu horien zati bat finantzatzea dute helburu, hala nola etxeon egoera hobetzeko jarduerek eragindakoak (azpiegitura edo ekipamendua hobetzea) edota kanpoko euskal gizataldeen, horiek jaso zituzten herrialdeen eta Euskadiren arteko harreman sozial, ekonomiko eta kulturalak sustatzeko eta sendotzeko urteko programek edo jarduera zehatzek eragindakoak.

Gaur onartutako deialdia irekita dago mundu osoko 25 herrialdetan dauden 188 euskal etxeentzat eta hilabeteko epea dago eskabideak aurkezteko, deialdia EHAAn argitaratzen denetik.

Bestalde, Jaurlaritzaren Kontseiluak beste euskal etxe bat ofizialki onartu du gaur egin duen bileran: “Munitxeko Euskal Elkartea”, hain zuzen. Hemendik aurrera Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan sartuko da eta Alemaniak bi euskal etxe izango ditu: Berlingoa eta Munichekoa.

Gehien bat, hiriburu bavariarrean lan egin eta lanbide-kualifikazio altua duten gazteak osatuko dute euskal etxe hori. Oroitz Aldasoro da presidentea; Mikel Sagardia, presidenteordea; eta Haizea Amezaga, idazkaria. Berlingo euskal etxeak bezala, ez du egoitza fisikorik eta inguruko ekipamenduak erabiltzen ditu bere jardueretarako.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

JAURLARITZAK EHUNKA EKARPEN EGIN DIZKIO EUSKAL ENPLEGU PUBLIKOAREN LEGE AURREPROIEKTUARI GIZARTEAREN ETA SINDIKATUEN ADOSTASUNA LAGUNTZEKO.

LABURPENA

• Euskadin herri-administrazioetan lan egiten duten 3.120 erakunde, entitate, sindikatu eta pertsonak aurkeztu dituzte alegazioak; ohikoa baino handiagoa da kopuru hori, eta negoziazio-prozesuaren inplikazioaren eta intentsitatearen berri ematen du horrek.

• Testu berriak hainbat berritasun ditu, besteak beste: enplegua sendotzeko LEPak bitarteko langileentzat deitzeko aukera edo Euskal Enplegu Publikoaren Behatokia sortzea (erakundeen eta sindikatuen ordezkariak barne hartzen ditu horrek).

• Horrez gain, negoziatzeko borondatearen froga garbi modura eta ahalik eta adostasun handiena sustatzeko, lanaldia edo lansaria murriztea dakarten enplegu publikoaren antolamendu-planak egiteko salbuespenezko aukera kentzea erabaki du Jaurlaritzak, baita aurrekontu- edo ekonomia-egoera oso larria denean ere.

• Goizeko 11:30etik egiten ari dira Lakuan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Mahai Orokorraren bilera agiri berria sindikatu guztiekin negoziatzeko. Ekarpen gehiago egiteko aukera izango dute sindikatuek, halaber.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektuaren testu berria aurkeztuko die gaur sindikatuei. Testu hori jendaurrean jartzeko fasean aurkeztutako 1.241 alegazioak aztertu ondoren egin da. Alegazio kopuru handi horrek negoziazio-prozesuaren intentsitatea erakusten du eta, batez ere, pertsona, gizarte-eragile eta erakunde-eragile ugariren inplikazioa.

Zehazki, Euskadiko herri-administrazioentzat lan egiten duten 3.120 erakunde, sindikatu eta pertsonak aurkeztu dizkiote alegazioak aurreproiektuari; horrenbestez, Jaurlaritzak horiek aztertu, sailkatu eta txertatzeko ahalegin handia egin du gaur testu berria aurkeztu ahal izateko.

BERRITASUNA ALEGAZIO FASEAREN OSTEAN

Jasotako ekarpenei esker hainbat berritasun erantsi dira, eta horietatik bitarteko langileentzat enplegua kontsolidatzeko LEPak egiteko aukera nabarmentzen da, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak aukera horren bitartez kolektibo jakin batzuen bitartekotasuna murriztu nahi du herri-administrazioetan jada lan egiten duten profesionalentzat hautaketa-prozesuak eginez; horri esker administrazioen beraien barruan emandako lan- eta prestakuntza-urteetan lortutako jakintza gehitu ahal izango litzateke, halaber.

Bigarrenik, Euskal Enplegu Publikoaren Behatokia sortzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak; kide anitzeko organo horretan, orobat, euskal erakundeen hiru mailek, sindikatu guztiek eta EHUk parte hartuko lukete enplegu publikoaren arloko politikak eta jarduerak aztertzeko.

Erantsitako beste proposamen bat, halaber, talde eta azpitalde batzuen sarbidea malgutzeko sindikatuek egindako aldarrikapenarekin dago lotuta; horrenbestez, legea onartzen denetik aurrera, Administrazio Orokorraren funtzionarioen lan-baldintzetan hobekuntzak egon ahal izango dira. Hala, adibidez, Administrazio Orokorrean «B sailkapen-taldea» handituko da goi-mailako titulu teknikoa duten pertsonak gehituz; horri esker, gaur egun «C1 sailkapen-taldea»n daudenek aukera izango dute lanbide-kategoriaz igotzeko.

Era berean, eta negoziatzeko borondate argiaren erakusle, Jaurlaritzak ezabatu egin du ekonomia- eta aurrekontu-egoera izugarri larri hipotetikoei egindako erreferentzia (4 paragrafoa, 151. artikulua); horrelakoetan herri-administrazioek, salbuespen gisa, enplegu publikoa antolatzeko planak aurkez zitzaketen, eta horien barruan lanaldiaren edo soldataren murrizketak aurreikusi. Jaurlaritzaren iritziz, erreferentzia hori ezabatzen bada negoziazio kolektiboaren mesedetan, etorkizuneko Euskal Enplegu Publikoaren Legeak gizarte-eragileen aldetik ere izango du behar den adostasuna.

BESTE EDUKI BATZUK

Horrez gain, Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektuak lehen aldikoz zabaldu die langile publiko guztiei (lan-itunpekoei zein funtzionarioei) karrera profesionala egiteko aukera, hartara beren jardun profesionalak hala merezi izanez gero, aintzatespen profesionala jaso ahal izan dezaten. Lanbide-garapeneko graduen sistemak ezarriko dira lansari-baldintzak igotzeko eta hobetzeko, lanpostua aldatzeko beharrik gabe.

Baina, gainera, testuak Lanbide Publikoko Zuzendaritza ere sortzen du, administrazioetan lan egiten dutenek, prozedura publiko baten bidez eta merezimenduak eta gaitasunak baloratuz, zuzendaritza-mailako postuak bete ahal izan ditzaten.

110.000 LANGILE

Etorkizuneko Euskal Enplegu Publikoaren Legeak euskal administrazio publikoen zerbitzura lan egiten duten 110.000 pertsonei eragiten die; horregatik, hiru erakunde-mailen baterako lanaren ondorioa da testua: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, EUDEL eta EHU, hasierako idazketan zein egiten ari diren aldaketetan parte hartu baitute.

Onetsitakoan, esparru hauetako langileei eragingo die legeak:

• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko langileei, haren Administrazio Instituzionala zein berezko izaera juridikoa duten haren mendeko erakundeak barne.
• Lurralde Historikoetako Foru Administrazioetako langileei, haien Administrazio Instituzionalak zein berezko izaera juridikoa duten haien mendeko erakundeak barne.
• Toki Administrazioetako langileei, haien Administrazio Instituzionalak zein berezko izaera juridikoa duten haien mendeko erakundeak barne.
• Euskal Herriko Unibertsitateko langileak, Administrazio eta Zerbitzuetakoak bakarrik.
• Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko langileak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordekoak, Lan Harremanen Kontseilukoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegikoak, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilukoak, Datuak Babesteko Euskal Bulegokoak eta Kontratuen Inguruko Errekurtsuen gaineko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Organokoak. Halaber, aipatutako Administrazioen mendeko parte-hartzeko, kontsultako, aholkuko nahiz kontroleko beste organo orotakoak, jarduteko unean horien sortze-legeek independentzia aitortu badiete.

MAHAI OROKORRA

Goizeko 11:30etik egiten ari dira Lakuan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Mahai Orokorraren bilera agiri berria euskal administrazio publikoan dauden sindikatu guztiekin negoziatzeko. Negoziatzen ari diren alderdien ustez aldaketa gehiago egin behar izanez gero, ekarpenak negoziatzeko beste epe bat irekiko du Jaurlaritzak eta aste santua baino lehenago deituko du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren beste mahai orokor bat.

Sindikatuekin negoziazio-bidea amaituta, txostenen fasean sartuko da testua (Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua, Lan Harremanen Kontseilua, Aholku Batzorde Juridikoa eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoa), eta txosten horiek lortutakoan, Gobernu Kontseiluak eztabaidatzeko eta onartzeko aurkeztuko da.
 

 

ERABAKIA, 2012KO ABENDUKO APARTEKO ORDAINSARIA BERRESKURATZEARI BURUZKOA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK ERABAKI DU ESPAINIAKO GOBERNUAREN AGINDUZ LANGILE PUBLIKOEI 2012AN KENDU ZITZAIEN APARTEKO ORDAINSARIAREN LAURDEN BAT APIRILEKO NOMINAN ITZULTZEA

• Gobernu-kontseiluak onartutako jarraibideei esker, 2012ko uztailaren 1etik abenduaren 31 arte sektore publikoan lanean aritu ziren guztiei egingo zaie ordainketa. 50 milioi euro inguruko eragina izango du aurrekontuetan.

• Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du Konstituzio Auzitegiak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzearekin eta funtzionarioen soldatetako beste murrizketa batzuekin lotutako lau konstituzio-kontrakotasuneko auzi ere dituela ebazteko.

Gobernu-kontseiluak gaur onartutako jarraibideei esker, Espainiako Gobernuak, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez, 2012an kendutako aparteko ordainsariaren laurden bat apirileko nominan ordainduko da.

2012ko uztailaren 1aren eta abenduaren 31ren artean sortutako aparteko ordainsariaren 44 eguni dagokie, eta aurrekontuetan 50 milioi euro inguruko eragina izango du.

EAEko herri-administrazioan lanean ari diren 70.000 pertsonari eragingo die. Eusko Jaurlaritzak automatikoki ordainduko die kopuru hori 2012ko uztailaren 1etik abenduaren 31 arte lanean aritu zirenei, nahiz eta orain elkarren arteko kontratu-harremanik ez egon. Dagokien pertsonek edo haien oinordekoek ordainketa jasotzen ez badute, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean herritarrei artatzeko zerbitzuaren bidez eskatu ahalko dute: 012 telefono zenbakian, www.euskadi.eus web orrian edo hiru hiriburuetan dauden bulegoetan.

KONSTITUZIO AUZITEGIA

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du Konstituzio Auzitegiak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzearekin eta funtzionarioen soldatetako beste murrizketa batzuekin lotutako bi konstituzio-kontrakotasuneko auzi (*) ere dituela ebazteko.

Duela bi urte ebatzi zuen Konstituzio Auzitegiak Eusko Jaurlaritzak ezin zuela 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ordaindu. Eusko Jaurlaritzaren ustez, auzitegiak errekurtsoari buruz ebazteko astia izan du. Hala, milaka funtzionarioren ezegonkortasun-egoera konponduko luke eta EAEko herri-administrazioek arau-marko egonkor batean arlo horretan jardun ahalko lukete.

(*) Espainiako Gobernuak eskumenen gatazka Konstituzio Auzitegian, Eusko Jaurlaritzak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ordaintzea erabaki zuelako. Eusko Jaurlaritzaren Konstituzio kontrakotasun-errekurtsoa, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren aurka eta 2012ko eta 2013ko Estatuko Aurrekontu Orokorren legeen aurka.

 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUAK BAIMENTZEKO, KOOPERATIBA EDO FUNDAZIOAREN TITULARITATEA DUTEN ITUNPEKO SAREKO IKASTETXEETAN EGIN BEHARREKO INBERTSIOAK FINANTZATZEKO.

LABURPENA

12,8 MILIOI EURO HEZKOOP-2015 DEIALDIRAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du haien titularitatea kooperatiba edo fundazioa den itunpeko sareko ikastetxeetako inbertsioak finantzatzeko diru-laguntzak deitzen dituen agindua (HEZKOOP-2015).

Agindu honek 12.800.000 euroko zenbateko globalean diru-laguntzak deitzea du helburu, hezkuntzan erabiltzeko eraikinak eskuratzera edo eraikin berriak egitera eta daudenak zabaltzera, ordezkatzera eta indarreko legeriak exijitutako baldintzetara egokitzera bideratutako inbertsioak egiteko irakaskuntza-kooperatibek edo itunpeko ikastetxeen titularrak diren fundazioek hitzartutako maileguak finantzatzeko.

Nabarmentzekoa da, hezkuntza zentroen titular diren kooperatiba eta fundazioak finantza-ahalegin handia egiten ari direla euren eraikin eta instalazioak legediak eskatzen dituen betebeharretara egokitzeko, azken urte hauetan, legedi horrek aldaketa sakonak izan baititu.

Errealitate hori ezagutzen duenez, Sail honek ikastetxeek jasaten duten zama finantzaria arintzen lagundu nahi du. Beraz, 2008tik deitu gabe zegoen deialdi honi heldu zaio berriro.

Itunpeko ikastetxeek, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Hezkuntza Berezian, lortu ahal izango dute diru-laguntza, baldintza hauetakoren bat betetzen badute: irakaskuntza-kooperatiba gisa edo fundazio gisa eratuta egotea, fundazioen kasuan betiere estatutuetan hau ezartzen bada: desagertuz gero, likidatzeko operazioen ondoriozko ondasun guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari emango zaizkio.

Halaber, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeek lortu ahal izango dituzte diru-laguntzak, haien bazkide nagusien artean Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Hezkuntza Berezia eman eta itunduta duen ikastetxe kooperatibo bat baldin badute eta aipatutako baldintzetako bat betetzen badute.

Diruz laguntzeko modukoak dira ikastetxeen titularrek 50.000 euroko edo goragoko zenbatekoan hitzartutako maileguak, inbertsioak bukatzeko epea 2008ko ekainaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra bitartekoa bada.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

SEGURTASUN SAILAK ERTZAINTZAREN PROMOZIO BERRIAREN DEIALDIA EGIN DU, 250 LANPOSTU ESKAINIZ.

LABURPENA

• Interesdunek izena eman ahalko dute martxoaren 18tik apirilaren 23ko goizeko 11ak bitartean

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Ertzaintzaren XXV. promozioa osatuko duten 250 ertzain hautatu, prestatu eta enplegatzeko deialdi berria iragarri du gaurko gobernu-kontseiluan. «Egin zaitez ertzain, zure etorkizuna da» lelotzat hartuta, Segurtasun Sailak Segurtasuneko Batzordean adostutako 8.000 poliziako taldeari eutsi, eta, era berean, Ertzaintzaren adin-piramidea modu ordenatuan eta mailakatuan berritzen jarraitu nahi du.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenaren ebazpena, martxoaren 6koa, Ertzaintzan sartzeko hauta-probak deitzen dituena, datorren asteartean, hilak 17, argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Hautapen-prozesua oposizio bidez egingo da, eta horren osagarri izango da prestakuntza-ikastaro bat eta C taldeko C-2 titulazio-azpitaldeari eta 1. hizkuntza-eskakizunari dagozkion Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente plazak betetzeko praktikaldi bat.

Esan bezala, guztira, 250 plaza deituko dira, eta horiek guztiek Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna izango dute. Gainera, erdiak indarreko derrigortasun-data dute.

Eskatutako betekizunak betetzen dituzten pertsonak aurkeztu ahal izango dira deialdira. Hona hemen horietako batzuk: Espainiako nazionalitatea izatea, adinez nagusia izatea eta 35 urte beteta ez izatea, gizonen kasuan 1,65 metro neurtzea gutxienez eta emakumeen kasuan 1,60 metro, bigarren hezkuntzako graduatu-titulua, eskola-graduatua edo lehen mailako lanbide-heziketako graduatu-titulua edo baliokidea izatea, edo gorakoko mailako tituluren bat, mediku-esklusioen koadroan ez egotea eta dolozko delituren batengatik edo besteren batengatik kondenatuta ez egotea.

Hautapen-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak zein betekizunak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean (www.arkauteakademia.net) eskuratu ahal izango dira. Horretan, oposizioko ariketak zer hizkuntzatan (euskara edo gaztelania) egin nahi diren adierazi behar da.

Gainera, doako telefono honetara deitzeko aukera dago: 900 840 088, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00etara, horren gaineko informazio guztia lortzeko.

Eskaerak aurkezteko epea deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunean irekiko da, hau da, martxoaren 18an, eta apirilaren 23ko 11:00etan amaitu.

Oposizio-sistema

Hautapen-sistema oposizio bidezkoa izango da, eta ezagutzak neurtzeko proba, proba psikoteknikoak, gaitasun fisikoak neurtzeko proba eta elkarrizketa pertsonala izango ditu.

Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte ez dira hasiko probak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edozer hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dira.

Euskararen ezagutza gehienez ere 55 punturekin baloratuko da, Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Komunaren B-2 maila edo gorakokoa egiaztatuta duten pertsonentzat, eta 20 punturekin B-1 maila dutenentzat.

Euskararen ezagutza egiaztatzeko, borondatezko proba bat edo batzuk egingo d(ir)a. Titulazio baliokidea dutenei puntuak emango zaizkie, aurretik aipatutako proba(k) egin beharrik izan gabe.

Oposizioaren puntuazio totala izango da hura osatzen duten ariketetan lortutakoen batura, gehi, hala egokituz gero, euskararen ezagutza meritu gisa ebaluatzeko prozesutik eratorritakoa. Puntuazio totalaren arabera lehenetsiko dira izangaiak.

Trebakuntza-ikastaroa eta praktikaldia

Sarrera-probak gaindituta, onartutako gizon-emakumeek prestakuntza-ikastaroa hasiko dute. Hori gaindituta, praktikaldia egingo dute beren jarduera-esparruaren arabera egoki diren zentroetan edo egoitzatan, prestakuntza integrala bermatzeko eta Ertzaintzaren polizia-zerbitzuaren egitura eta funtzionamendua zehatz ezagutzeko.

Berritasunak

Ertzaintzaren lanpostu-deialdi honetan, nabarmentzekoa da oposizioa gainditu baina lanposturik lortu ez dutenek aukera izango dutela bitarteko udaltzainen zerrendan izena emateko, hala eskatuz gero. Prestakuntza-ikastaroa amaitzean, aipatutako lan-poltsa horretan sartuko dira eta urte-sasoiko lanpostu hutsak bete ahalko dituzte euskal udalerrietan.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

TXOSTENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HONDAKINAK PREBENITZEKO ETA KUDEATZEKO PLANA 2020, ONARTZEKO DENA.

LABURPENA

OREGI: «EUSKADIK 3,5 MILIOI TONA HONDAKIN BERRESKURATUKO DITU EKONOMIAN BERRIZ SARTZEKO ETA MILIOI ERDI TONA HONDAKIN GUTXIAGO ISURIKO DU HONDAKINEN PLANARI ESKER»

• Prebentzioa eta ekonomia zirkularra dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Planaren ardatzak

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plan berriari oniritzia eman dio gaur. Ana Oregi sailburuak honakoa esan du hari buruz: «Ekonomia zirkularraren kontzeptuan oinarritzen den asmo handiko kudeaketa-tresna da eta, hura aplikatuta, 3,5 milioi tona hondakin sartu ahal izango dira berriz ere prozesu produktiboan, milioi erdi tona hondakin ekoizteari utziko zaio 2020rako eta nabarmen murriztuko da zabortegietako eliminazioa».

Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plan berriak bost helburu estrategiko ezartzen ditu; helburu horiek 140 jarduketa zehatzetan zabaltzen dira, eta, aldi berean, hondakin-korronte bakoitzarentzat adierazle espezifikoak definitzen ditu. Aurreko guztia gauzatzeko 6,5 milioi euroko aurrekontua bideratu du Jaurlaritzak.

Helburuetako lehena prebentzioa da. «Ez dago hondakin baten kudeaketa efizienteagorik hondakin horren sorkuntza prebenitzea baino», esan du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak. Gaur egun, urtean 5 milioi tona hondakin sortzen dira Euskadin. Hondakin horien % 80 eraikuntza eta industria sektoreetatik datoz. Planak % 10 murriztea aurreikusten du 2020rako; horrek esan nahi du milioi erdi tona hondakin gutxiago sortuko dela. «Zifra txikia irudituko zaigu, agian –esan du Oregi sailburuak–, baina plan hori gabe eta hondakinak sortzeko dugun erritmoarekin, 2020an hondakinen milioi erdiz tona hitz egin beharrean bikoitzaz ariko ginateke.»

Planak, bestalde, hondakinen gaikako bilketa eta banaketa % 75era arte areagotzeko helburuak ezarri ditu, baita hondakinak % 60ra arte berrerabiltzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko prestakuntza areagotzekoak ere. Ana Oregiren arabera, «hondakin industrialen birziklapena sustatzen jarraitu behar dugu, baina herritarrek sortzen duten hondakinez ahaztu gabe, izan ere hondakinen % 20 dira, eta ez da gutxi. Horretarako iristeko bidea birziklatu edo balioztatu daitekeen guztiaren isuria saihestea da».

Planak apustu sendoa egin du hondakinak zabortegietan deuseztatzeko joera ahal bezain beste murriztearen alde eta dauden zabortegien inpaktua gutxitzearen alde. Horretarako, zaintza handituko da eta debekatu egingo da aprobetxa daitezkeen hondakinak isurtzea; horrez gain, balioztatu ezin diren hondakinentzat isuri-arau bat aztertzea ere pentsatu da.

«Hondakinak zabortegietan uztea ezin da izan aukerarik abantailatsuena», adierazi du Oregik. «Beharrezkoa da hondakin zehatz batzuk balioztatzeko beste aukera batzuen bilaketa sustatzea eta birziklapen-industria aurreratu baten ezarpenean aurreratzea», gaineratu du. Jaurlaritzaren estimazioen arabera, Euskadiko hondakindegietara eramaten diren materialen balioa 47 milioi eurokoa da; kopuru hori urtean 1.500 enplegu ertainen kostuaren parekoa da. Aurreikuspenek adierazten dute, bestetik, birziklapenaren sektorea hondakinetatik eratorritako kalitatezko produktuen merkatu berri bat irekitzen ari dela dagoeneko eta 1.200 enplegu berri sor ditzakeela hurrengo urteetan.

Ekonomia zirkularra
Ekonomia zirkularraren kontzeptua erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan berriaren oinarrian dago eta Europako politikekin bat egiten du. Horri guztiari esker Euskadik efizientzia-programa bete ahal izango du, 2020rako Europa Estrategiaren arabera ezarritako baliabideen erabileran. Zehazki, Hondakinen Plana oso garai berezian sortu da; izan ere, nazioartean eztabaida bizia dago etorkizuneko ekonomia-ereduari buruz, bai eta prozesu produktiboak eta kontsumo-ereduak berrikusteko beharrari buruz ere, kontuan izanik indarrean den sistema ekonomikoaren ezaugarria bere zikloan material baliotsuak galtzea dela.

«Aldaketa bat beharrezkoa da eta hondakinen plan berriak aukera paregabea ematen digu 2020. urtean, hondakinen prebentzioan eta kudeaketan puntako herrialdea izateko. Horretarako, egungo kudeaketa esparrua zuzendu behar da, ekonomiaren eredu berri baterantz jotzeko bide bat proposatu behar da eta hondakinei buruzko pentsaera aldatzeko helburua eduki behar da, hau da, hondakinak baliabide direla pentsatu behar da», baieztatu du Ingurumeneko sailburuak.

Ekonomia zirkularra naturan inspiratzen den ikuspegi bat da, hau da, prozesu zikliko batean guztia aprobetxatzen duen eredua. Printzipio hauek ditu: modu arduratsuan ekoiztea eta kontsumitzea, hondakin gutxiago sortzea eta berriz nolabait aprobetxa daitekeen ezer ez botatzea. Ekonomia zirkularrean, hondakinak ez dira hondakintzat jotzen eta baliabide bihurtzen dira.

Neurri lagungarriak
Planaren azken helburua agente guztiak eta herritarrak aldaketa honetan inplikatzea da eta, horretarako, neurri lagungarri batzuk ere badaude. Zehazki, 3 milioi euro bideratuko dira demostrazio, diru-laguntza eta bizitza-amaierako irizpide-onarpeneko proiektuetarako. Eusko Jaurlaritzak Teknologia Garbien Euskal Zerrendan dauden ekipamenduak erosteagatik kenkari fiskalak egiten jarraituko du eta prozesu produktiboetan hondakinak gutxituko dituzten proiektuak eta teknologia berriak lagunduko ditu.

Bestetik, hondakinentzako erabilera berriak baimentzeko neurri arauemaileak martxan jarriko ditu, baita prestakuntzako jardunaldi teknikoak eta kontsumitzailearentzako sentsibilizazio-kanpainak ere.

Horri guztiari hondakinen kudeaketan inplikatuta dauden agenteekin eta administrazioekin koordinazio-neurriak erantsi behar zaizkio. Ildo horretatik, EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planak badu berritasun bat: lehenengo aldiz, ikuspegi integrala du. Izan ere, plan bakar batean bildu ditu orain arte hondakinen tipologia desberdinak (hondakin arriskutsuak, hondakin ez arriskutsuak eta hiri-hondakinak) bereizita tratatu dituzten indarreko hiru dokumentuak. Horrez gain, lurralde osoari buruzko ikuspegi bat ere badu, 2016an hiru Lurralde Historikoetako hiri-hondakinei buruzko planak berritzeko oinarri gisa balioko baitu. Plan horiek Foru Aldundien eskumenak dira.

«Planak planteatzen dituen erronkak ez dira zailak, lortzeko modukoak baizik. Efizienteagoak eta jasangarriagoak diren prozesu produktiboetarantz eboluziona daiteke, produktua sortzen den unetik hasi, ekodiseinuaren bidez, eta gaur egun alferrik galtzen diren hondakinetako edukien baliabide material eta energetiko guztiak berreskuratzen diren arte», nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik.
 

 

DEKRETUA, URAREN EUSKAL AGENTZIAREN ESTATUTUAK ONARTZEN DITUENA.

LABURPENA

URA-URAREN EUSKAL AGENTZIAK BERE ESTATUTUAK EGUNERATU DITU

Abenduaren 18ko, 240/2007 Dekretu bitartez onartu ziren Uraren Euskal Agentziaren Estatutuak. Dekretu horren arabera, hauek dira eremuko zuzendaritzak: Erakundeekiko Harremanetarako eta Berrikuntzarako Zuzendaritza; Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritza; Plangintza eta Lanen Zuzendaritza; eta Jabari Publikoaren Kudeaketarako Zuzendaritza.

7 urte igaro dira Uraren Euskal Agentzia martxan hasi zenetik eta urte hauek agerian jarri dute aldaketak egiteko premia. Orain onartzen den Dekretu proiektuak eremuko zuzendaritza bat gutxiago aurreikusten du, Erakundeekiko Harremanetarako eta Berrikuntzarako Zuzendaritza desagertu egiten delako. Bere eskumenak beste zuzendaritzen artean banatzen dira.
 

 

DEKRETUA, ZEINAREN BIDEZ URGENTZIAKO DEKLARATZEN BAITA BEASAINGO UDALAK, NAHITAEZ DESJABETZEKO, HONAKO ESKUBIDE ETA ONDASUNAK OKUPATZEA: ORIAKO PASEALEKUAN IGOGAILU PUBLIKOA INSTALATZEKO PROIEKTUA BURUTZEKO BEHARREZKO ONDASUN ETA ESKUBIDEAK.

LABURPENA

KONTSEILUAK PREMIAZKO DESJABETZERAKO DEKRETUA ONETSI DU, BEASAINGO ORIAKO PASEALEKUAREN IGOGAILU PUBLIKOA ERAIKITZEKO

Desjabetze espedientea hasi eta gero, 2014ko irailaren 16ko ebazpenaren bidez, Beasaingo Udalak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubide eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da, Beasaingo Ezkiaga auzoan arkitektura-oztopoak kentzeko eta hiri inguruan irisgarritasuna bermatzeko. Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik. Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz onartzen da Dekretua.
 

 

DEKRETUA, MEATZALDEA-ZONA MINERA DE BIZKAIA, BIOTOPO BABESTUA IZENDATZEKO DENA.

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK BIOTOPO BABESTU IZENDATU DU BIZKAIKO MEATZALDEA

Gobernu Kontseiluak biotopo babestu izendatu du gaur Bizkaiko Meatzaldea, XX. mendearen hasierara bitartean burdin esplotazioaren agertoki izan zena eremu zabal batean. Hori dela eta, bertako paisaia oso berezia da egun, meatzaritzari eta bere ondare kulturalari erabat lotua. Aipatutakoaren erakusle onenetarikoa Trianoko mendiak edo Grumerango mendigunea deitutako ingurunean aurki dezakegu.

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak nabarmendu bezala, «paisaiaren eta geomorfologiaren ikuspuntutik aztertuta, ingurunearen modelaketa karstikoaren kanpo adierazpen ugari daude Bizkaiko Meatzaldean, dolinak, iturriak eta hobiak adibidez. Lurpean, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko haitzulo dentsitate handienetarikoa aurki daiteke».

Onartutako Bizkaiko Meatzaldea biotipo babestuak 977,5 hektareako azalera du Bizkaiko Galdames eta Gueñes udalerrien artean banatuta, eta Trianoko mendien zatirik handiena hartzen du baitan.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak bultzatutako dekretuak, «unitate integratu gisa hartzen du ingurunea, aukera paregabea dena unitate geomorfologiko osoa, bai endokarsta bai lurrazala, kontuan hartuko duten plangintzak aurrera eramateko, dagokion prozesu eta interrelazio guztiak aztertu ondoren betiere.

Karsta bera alde batera utzita, burdina ateratzeko ireki ziren orbainek hortxe diraute, eta, hain zuzen ere, orbain horiek dira ingurunearen erakargarri handienetarikoa paisaiari dagokionez. Kareharriaren berezko egiturak paisaia oso berezia sortu du, burdinazko zainak husteko meatzariek egindako mozketa ikusgarrien ondorioz». Oregik berak nabarmendu duenez, burdinazko zain horiek interes geologikoko gune gisa identifikatu dira EAEko Inbentarioan 141. kodearekin –“Burdinazko zainak Laia-El Saucon (Galdames)”–.

Ingurunearen balio kulturalari dagokionez, Trianoko mendietan kultur ondasun gisa aitortutako hainbat monumentu eta haizeola ugari daudela nabarmendu behar da. Hain zuzen ere, mendiko burdinola horiek Erdi Arotik industria modernoa garatu bitarte inguruotan emandako meatzaritza jardueren lekuko dira.

Bizkaiko Meatzaldea biotipo babestu izendatu izanak inguruko paisaia babestea eta aintzat hartzea bermatuko du aurrerantzean, degrada dadin saihestuz. Era berean, ondare natural eta geologikoaren kontserbazioa bermatuko du –endokarstarena zein exokarstarena–, baita ondare kulturalarena ere –tartean ondare arkeologikoa eta meatzaritzarekin lotutako aztarnak–. Dekretuak ingurunean ematen diren erabilpen tradizionalak mantendu eta garatuko ditu jasangarritasun irizpideetan oinarrituta eta ingurune naturalean egin daitezkeen aisialdi eta erabilpen publikoko jarduerak ere arautuko ditu, betiere ingurunearen kontserbazioarekin bateragarriak direla kontuan izanik.