2015/03/24 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea baimentzeko dena, bitartekotzaren eta gatazkak konpontzeko bestelako era baketsuen arloan lankidetzan jarduteko baldintzak ezartzeko.
Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro inbertituko ditu 2015ean preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta horiei lan prestakuntza emateko.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
63 milioi euto laneratzeko zailtasunak dituzten pertsona nagusien enplegua bultzatzeko.
Erabakia, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen Dekretuaren babespean ezarritako laguntzei aurre egiteko, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREKIN LANKIDETZA-HITZARMEN BAT SINATZEA BAIMENTZEKO DENA, BITARTEKOTZAREN ETA GATAZKAK KONPONTZEKO BESTELAKO ERA BAKETSUEN ARLOAN LANKIDETZAN JARDUTEKO BALDINTZAK EZARTZEKO.

LABURPENA

EUSKADI AUZITEGI BARRUKO BITARTEKARITZAREN ESTATUKO LIDERRA GATAZKAK KONPONTZEKO ETA PROZESU JUDIZIALAK SAIHESTEKO FORMULA AZKAR ETA ALTERNATIBO GISA

• Estatuko organo judizialek bitartekaritza-prozesuetara bideratzen dituzten auzien % 60 Euskadin gertatzen dira.
• Zigorraren arloko bitartekaritzen % 78 epaiketa egin beharrik gabe ebatzi ziren 2014an, % 84 adingabeen kasuan eta % 52,87 familia-esparruan.
• Bitartekaritza sendotu da Euskadin auzitegietan gatazkak ebazteko formula azkar modura, bitartekaritzen ia % 80 bi hilabeteren baino gutxiagoren buruan ixten baitira.
• Eusko Jaurlaritzak 635.800 euro bideratuko ditu 2015ean operadore juridikoen esku jartzen dituen bitartekaritza-zerbitzuak finantzatzera.

Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur «Botere Judizialaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-hitzarmen» bat sinatzeko «bitartekaritzaren arloan eta gatazkak ebazteko bestelako modu baketsuetan lankidetzarako baldintzak ezartzeko».

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Auzitegi Gorenaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren presidente Carlos Lesmesek sinatuko dute aurki aipatutako hitzarmena; esparru judizialean bitartekaritza indartzea du helburutzat, gatazkak konpontzeko orduan prozesu judizialaren ordezko tresna edo horren osagarria izan dadin.

EUSKADI LIDERRA BITARTEKARITZAN

Eusko Jaurlaritza aitzindaria izan zen Estatuan auzitegietan bitartekaritza-zerbitzuak ezartzen. Lehen zerbitzuak 2007an sortu ziren, eta harrez geroztik, izugarri hazi dira; ondorioz, Euskadi Estatuko buruan jarri da bitartekaritzara bideratzen dituzten gatazka judizialen kopuruari dagokionez: Estatuan bitartekaritzaren formularen bidez konpontzen diren 10 kasuetatik 6 Euskadikoak dira.

Uneotan Eusko Jaurlaritzak arlo hauetan eskaintzen du bitartekaritzaren aukera: zigor-arloan, helduen eta adingabeen arloan zein familia-gaietan (banantzeak, dibortzioak, zaintzak, ardurapeko seme-alabekiko gatazkak...).

AUZITEGI BARRUKO BITARTEKARITZAREN ALDEKO APUSTUA

Eusko Jaurlaritzak 635.800 euro bideratuko ditu 2015ean auzitegi-barruko bitartekaritza-zerbitzuak finantzatzera. Zerbitzu horiek epaileen, magistratuen, fiskalen eta gainontzeko operadore juridikoen esku jartzen ditu herritarrek gatazkak doan, azkar eta prozesu judizialak saihestuz konpondu ahal izan ditzaten.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz auzitegi-barruko bitartekaritza oso formula erabilgarria eta eraginkorra da baliabide publikoen erabilera arrazionalizatzeko, prozesu judizial oso batek dakarrena baino diru-kostu txikiagoa baitakar. Horrez gain, arrakasta-maila handia duenez, oso tresna baliotsua da Euskadiko justizia-administrazioaren zama arintzeko eta berau bizkortzeko azken helburua betetzeko: helduen zigorraren arloko bitartekaritzen % 78 epaiketa egin beharrik gabe ebatzi ziren 2014an, % 84 adingabeen kasuan eta % 52,87 familia-esparruko kasuetan.

2014KO HELDUEN ZIGOR ARLOKO AUZITEGI BARRUKO BITARTEKARITZA

Helduen zigor-arloko bitartekaritzan izandako arrakasten ehuneko handiaz gain, zerbitzuaren azkartasun eta arintasun handia ere nabarmendu beharra dago. Ondorio nagusi hauek atera behar ditugu:

• 2014an 889 kasu itxi ziren bitartekaritza-formularen bidez, eta horien % 78tan alderdien arteko adostasuna erdietsi zen.
• Akordiorik ez dagoen kasu horietan (% 22), arrazoi nagusia alderdiak hasierako jarreretatik ez mugitzea da, eta ondoren, esku hartzen duten pertsona batzuek bitartekaritza utzi nahi izatea.
• Itxitako kasu gehienak Bizkaian izan dira (% 64), baina arrakasta-ehuneko handiena, berriz, Araban izan da (% 80).
• Bitartekaritzako prozesu gehienek (% 80,8) bi hilabete baino gutxiago behar dute ixteko. Bitartekaritza luzatzen denean, aurkitzeko zailtasunagatik edo bizilekua atzerrian dutelako izaten da.
• Helduen arteko bitartekaritza-prozesuetan esku hartzen duten gehienek aldez aurretiko harremana dute elkarrekin (bikotekide ohia, bizilagunak, senideak, ezagunak, pisukideak, adiskideak dira edota kontratu- edo lan-harremana dute). Gauean edo egutegiko jai adierazgarrietan izandako borroken ondoriozko lesio-delituengatik dira aldez aurretik harremanik ez duten pertsonen arteko bitartekaritzako gaien kopuru txikia.

                            BITARTEKARITZAREN BIDEZ ITXITAKO KASUAK 2014AN 

2014              GUZTIRA AKORDIOAREKIN AKORDIORIK GABE
ARABA
(2 barruti judizial)
153 (% 17,3) 122 (% 80) 31 (% 20)
BIZKAIA
(6 barruti judizial)
569 (% 64) 436 (% 77) 133 (% 23)
GIPUZKOA
(6 barruti judizial)
167 (% 18,7) 130 (% 78) 37 (% 22)
EUSKADI GUZTIRA              889 (% 100) 688 (% 78) 201 (% 22)

 


                                                             EPEAK 2014 

                              (Bitartekaritzako prozesua hasten denetik amaitzen den arte)

DENBORA ARABA BIZKAIA GIPUZKOA GUZTIRA
Hilabete 1 baino gutxiago 99 352 66 517 (% 58,1)
1-2 hilabete 31 120 51 202 (% 22,7)
2-3 hilabete 15 56 33 104 (% 11,6)
3-6 hilabete 7 40 13 60 (% 6,7)
6-12 hilabete 1 1 4 6 (% 0,06)
12 hilabete baino gehiago 0 0 0 0
GUZTIRA 153 569 167 889 (% 100)

 

2014KO GAZTE JUSTIZIAKO AUZITEGI BARRUKO BITARTEKARITZA

2014ko datuek berriro erakusten dute auzitegi-barruko bitartekaritzak arrakasta handiena adingabeen esparruan lortzen duela. Hiru ondorio nagusi ateratzen dira:

• Bitartekaritzaren bidez 263 kasu itxi ziren 2014an, eta horien % 84tan prozesu judiziala saihestu zuen akordioa lortu zen.
• Itxitako kasu gehienak Bizkaian izan dira (% 53,2), baina arrakasta-ehuneko handiena, berriz, Gipuzkoan izan da (% 98,4).
• Bitartekaritza gehienak, % 77,9, mutilekin izan ziren.


                                     BITARTEKARITZAREN BIDEZ ITXITAKO KASUAK 2014AN
                                                                      (Lurraldeka)

2014 GUZTIRA AKORDIOAREKIN AKORDIORIK GABE
ARABA
(2 barruti judizial)
59 (22,4%) 44 (74,5%) 15 (25,4 %)
BIZKAIA
(6 barruti judizial)
140 (53,2) 114 (81,4%) 26 (18,5%)
GIPUZKOA
(6 barruti judizial)
64 (24,3%) 63 (98,4%) 1 (1,5%)
EUSKADI GUZTIRA 263 (100%) 221 (84%) 42 (15,9%)

                    

                                BITARTEKARITZAREN BIDEZ ITXITAKO KASUAK 2014AN 
                                                           (Generoaren arabera)

2014 GUZTIRA MUTILAK NESKAK
ARABA
(2 barruti judizial)
59 (22,4%) 41 (69,4%) 18 (30,5%)
BIZKAIA
(6 barruti judizial)
140 (53,2) 114 (81,4%) 26 (18,5%)
GIPUZKOA
(6 barruti judizial)
64 (24,3%) 50 (78,1%) 14 (21,8%)
EUSKADI GUZTIRA 263 (100%) 205 (77,9%) 58 (22%)


 

 

2014KO FAMILIAKO AUZITEGI BARRUKO BITARTEKARITZA

Familiaren arloko bitartekaritzari dagokionez (dibortzioak, banantzeak, zaintzako gatazkak...), bitartekaritza-prozesuen arrakasta-ehunekoa txikiagoa da, baina handiagoa da oraindik akordioa eginda itxitako kasuen kopurua akordiorik gabekoena baino. Hauek dira ateratako ondorio nagusiak:

• 2014an 244 kasu itxi ziren bitartekaritza-formularen bidez, eta horien % 52,8tan alderdien arteko adostasuna erdietsi zen.
• Itxitako kasu gehienak Bizkaian izan dira (% 69,6), baina arrakasta-ehuneko handiena, berriz, Araban izan da (% 63,1).
• Bitartekaritzako prozesu gehienek (% 76,9) bi hilabete baino gutxiago behar dituzte ixteko.
• Euskadiko familia-bitartekaritzaren arrazoi nagusia banantzea, dibortzioa eta izatezko bikoteen haustura da (% 69,2). 

                    

                         BITARTEKARITZAREN BIDEZ ITXITAKO KASUAK 2014AN 

  GUZTIRA AKORDIOAREKIN AKORDIORIK GABE
ARABA
(2 barruti judizial)
19 (% 7,7) 12 (% 63,1) 7 (% 36,8)
BIZKAIA
(6 barruti judizial)
170 (% 69,6) 93 (% 54,7) 77 (% 45,2)
GIPUZKOA
(6 barruti judizial)
55 (% 22,5) 24 (% 43,6) 31 (% 56,3)
EUSKADI GUZTIRA 244 (% 100) 129 (% 52,8) 115 (% 47,1)

                                                      

                                                           EPEAK 2014   

                      (Bitartekaritzako prozesua hasten denetik amaitzen den arte) 
BIDERATZEN DENETIK AMAITU ARTEKO DENBORA             ARABA BIZKAIA GIPUZKOA GUZTIRA
15 egun baino gutxiago 0 46 1 47 (% 19,2)
15-30 egun 9 47 8 64 (% 26,2)
1-2 hilabete 4 49 24 77 (% 31,5)
2-3 hilabete 1 17 13 31 (% 12,7)
3-6 hilabete 5 11 8 24 (% 9,8)
6 hilabete baino gehiago 0 0 1 1 (% 0,4)
GUZTIRA 19 170 55 244 (% 100)

  

                                   2014KO FAMILIAKO GATAZKA MOTAREN ARABERA
TIPOLOGIA GUZTIRA %
Banantzea 3 1,23
Dibortzioa 94 38,52
Izatezko bikotea banantzea 72 29,51
Neurri-aldaketa 51 20,90
Epaia betearaztea 19 7,79
Guraso-betekizunetako desadostasuna 3 1,23
Aiton-amonen eta biloben arteko harremana 2 0,82
GUZTIRA 244 100,00

 

 

 

EUSKO JAURLARITZAK 400.000 EURO INBERTITUKO DITU 2015EAN PRESO DAUDEN PERTSONAK GIZARTERATZEKO ETA HORIEI LAN PRESTAKUNTZA EMATEKO.

LABURPENA

• Iaz, preso dauden 1.054 gizonezkok eta 178 emakumek parte hartu zuten espetxetik atera ondoren bizitza birbideratzeko eta guztiz gizarteratzeko abiarazitako 43 proiektuetan.
• Eusko Jaurlaritzak 5,6 milioi euro inbertitu ditu programa horiek 2000n abiarazi zituenetik, nahiz eta Espainiako gobernuak uko egin dion espetxeen eta gizarteratzeko erakundeen antolamenduaren, araubidearen eta funtzionamenduaren arloko eskumen esklusiboa eskualdatzeari.

Euskadin preso daudenak gizarteratzeko proiektuak beste urte bat gehiagoz abian jarri ahal izateko 400.000 euroko agindu ekonomikoa sinatu du gaur gobernu-kontseiluak. Diru-laguntzen programa horren deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da apirilaren amaieran. Legez eratutako irabazi-asmorik gabeko erakunde guztiek eskuratu ahal izango dituzte aipatutako laguntzak, baldin eta egoitza soziala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta, helburutzat, preso dauden pertsonak benetan eta eraginkortasunez gizarteratzea badute.

Programan parte hartzen duten erakundeek 3 proiektu aurkeztu ahal izango dituzte guztira, eta horiek 50.000 euro jasoko dituzte gehienez. Gehieneko muga horren bidez laguntzak ahalik eta gehien banatu nahi ditugu, era horretako pertsonak gizarteratzen laguntzeko baliabide-sare bat sendotzeko. Diruz lagundu beharreko proiektu guztiek, besteak beste, hauekin izan beharko dute zerikusia: programatutako irtenaldiekin, bizitegi- eta ostatu-baliabideekin, drogen mende dauden pertsonek mendekotasuna gainditzeko baliabideekin, prestakuntza- eta gaikuntza-zentroekin, eta enplegurako orientabide- eta laguntza-zentroekin.

Araba, Basauri eta Martuteneko espetxeetako zuzendariek osatutako balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako proiektuak aztertzeko eta diru-laguntzen banaketa objektiboa erabakitzeko. Aurten balorazio berezia izango dute nazioartean, Estatuan edo autonomia-mailan giza eskubideen esparruan saritutako erakundeek, presoei espetxetik kanpoko bizitza-erregimenei heltzeko aukera ematen dieten proiektuek, gizarteratzen zailak diren taldeei zuzenduta daudenek edo Eusko Jaurlaritzaren Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuarekin elkarlanean aritzen direnek.

5,6 MILIOI ESPERIENTZIAREN 15 URTEETAN

Eusko Jaurlaritzak esperientzia handia du jada arlo honetan, preso dauden pertsonei berreziketa soziala eta lan-prestakuntza emateko programak egin baititu 2000az geroztik. Eskumen esklusibo horren transferentzia ez badu ere (*), Eusko Jaurlaritzak 5,6 milioi inbertitu ditu ordutik, uste baitu horrelako programak espetxe-zigorren azken helburua lortzeko oso laguntza eraginkorrak direla: preso dauden pertsonak aktibo sozial gisa osoki gizarteratzea. Egindako kaltea onartzea eta deliturik berriro ez egitea, bizitza eskubide osoko herritar gisa birbideratzea lortu dutelako.

Halaber, Estatuan aitzindari diren programa horiek Europako arau-esparruarekin bat datoz; izan ere, espetxe-zerbitzuak eta berriz hezteko eta gizarteratzeko programak hobetzea bultzatzen du horrek.

1.232 PARTE HARTZAILE 2014AN

Iaz, 1.054 gizonek eta 178 emakumek parte hartu zuten Eusko Jaurlaritzak berriz hezteko eta gizarteratzeko abian jarri zituen 43 proiektuetan. Hauek egin ziren:

• Programatutako 8 irtenaldi eta auzolandegi.
• 8 bizitegi- eta ostatu-baliabide.
• Drogen mende dauden pertsonek mendekotasuna gainditzeko 4 baliabide.
• 11 prestakuntza- eta gaikuntza-zentro.
• Lanerako 12 orientazio- eta laguntze-zentro.

Preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko lanean ari den euskal sareko 31 erakundek garatu zituzten aipatutako proiektuak.


(*) Gernikako Estatutuaren 10.14 artikulua: «Erakunde eta egoitza penitentziarioen eta birgizarteratzearen antolaketa, erregimena eta funtzionamendua, esparru zibil, penal eta penitentziarioko legedi nagusiaren arabera». 12.1 artikulua. Estatuko espetxe-legedia gauzatzeari buruzko eskumena.

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

63 MILIOI EUTO LANERATZEKO ZAILTASUNAK DITUZTEN PERTSONA NAGUSIEN ENPLEGUA BULTZATZEKO.

LABURPENA

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, gaurko gobernu-kontseiluak laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen enplegua bultzatzeko diru-laguntzen blokea onartu du. Lanbidek enplegua sustatzeko jarduera horiei 63,2 milioi euro bideratuko dizkie. Honako hauek dira onartu dituzten programak:

1. Enplegua sustatzeko tokian tokiko ekintzetarako laguntza-deialdia. Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetarako laguntza horiek, 20 milioi eurokoak, enplegua sortzera bideratutako proiektuak abiaraztea dute helburutzat, lurraldearen garapen sozioekonomikoa eta modernizazioa ekarrita. Era berean, lurralde-kohesioa ere sustatu nahi du politikaren tokiko dimentsioa sendotuz, baita 55 urtetik gorako langabetuen kontratazioa sendotzea ere. Hiru ekintza hauek hartzen dituzte barnean:

Enplegua sustatzea.Enplegua sustatzeko ekintzatzat hartzen dira ez-ohiko merkatuan egiten diren kontratazioak, baldin eta haien helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea bada, beren kualifikazioa, gaitasun pertsonalak eta motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bitartez. Kontratu bakoitzeko gehienezko laguntza 12.500 eurokoa izango da.

Esandako kontratazioak tokian-tokian sustatuko dira, eta toki-erakundeek egingo dituzte zuzenean; bestela, berriz, zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten enpresek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek, baldin eta haiek hitzartuta edota esleituta badago proiektuok mamitzea.

Kontrataziorako laguntzak. Laguntza hauen helburua Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak ohiko lan-merkatuan eta toki-enpresetan kontratatzeko laguntza ekonomikoa ematea da. Lanaldi osoko hiru hilabeterako lan-kontratu bakoitzagatik, gehienez 3.000 euroko laguntza; lanaldi osoko sei hilabeterako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzagatik, gehienez 6.000 eurokoa. Kontratatutako pertsona diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzailea edo lehen lana duen 35 urtetik beherakoa bada, laguntza 9.000 eurokoa izango da.

Enplegua sortzen laguntzen duten toki-garapenerako beste ekintza batzuk. Ekintza-ildo hau langabeziak bereziki astindutako eskualde eta udalerrietara dago bideratuta. Proiektuak balioesteko, irizpide hauek hartuko dira aintzat: berrikuntza, jasangarritasuna eta autonomia, langabeak lan-munduratzeko eta gizarteratzeko aukerak hobetzea, ingurua sozioekonomikoki suspertzea, proiektuaren bideragarritasuna eta enpleguaren sorreran aurreikusitako inpaktua.

2. Ezintasunen bat duten pertsonentzako enplegua sustatzeko laguntzen deialdia. Lan-merkatu arruntean desgaituen enplegua sustatzera dago bideratuta. Horretarako, bi diru-laguntza mota emango dira: bata, kontratu mugagabeengatik; bestea, lanpostuak egokitzeagatik, norbera babesteko ekipoak erosteagatik eta desgaituen lana eragozten edo zailtzen duten hesiak eta trabak desagerrazteagatik. Laguntzak 500.000 eurokoak izango dira.

3. Laneratze-enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzen deialdia. Lanbideko administrazio-kontseiluak diru-laguntza lerro hori onartu du (8,40 milioi euro) laneratze-enpresetan enplegua sortzeko eta mantentzeko. Laneratzeko enpresak merkataritza-sozietateak edo kooperatiba-sozietateak dira, eta gizarte-bazterketa pairatzen duten pertsonen laneratzea eta prestakuntza soziolaborala dute gizarte-helburu, bai eta enplegu arruntera igarotzea ere. Laneratzeko enpresek hiru urterako kontratatzen dituzte pertsona horiek. Hiru urte horietan, bada, lanbide bat irakasten diete, merkatu arruntean lan egiteko gai diren arte.

4. Ezintasunen bat duten pertsonak enplegu-zentro berezien bitartez laneratzeko laguntzen deialdia, 26,5 milioi eurokoa. Ezgaitasunak dituzten pertsonek laneko eskubidea baliatu ahal izango dute, enpresetako eta herri-administrazioetako ohiko enpleguaren bidez, baita babestutako enplegu-zerbitzuetan ere. Enplegu babestua, enplegu-zerbitzu berezietan eta lan-inguruetan eta enplegu autonomoaren bidez. Bigarren modalitateari dagozkio laguntza horiek, eta ezgaitasunen bat duten pertsonek betetzen dituzten lanpostuen soldatak finantzatzeko bideratzen dira.

5. Familia-bizitza eta lana uztartzeko laguntzen deialdia. Laguntza-lerro hori gizonen eta emakumeen arteko enpleguko aukera-berdintasuna sustatzen saiatzen da. Zehazki, programa honen bidez, seme-alabak edo senideak zaindu behar dituztelako eszedentzian dauden edo lanaldi-murrizketa duten langileen ordezkapenak laguntzen dira diruz. Laguntzak 2.200.000 eurokoak izango dira guztira.

6. Langabeziagatiko prestazioak jasotzen dituzten pertsonei Gizarte Segurantzaren kuotak ordainketa bakarrean ordaintzeko deialdia. Laguntzak 500.000 eurokoak izango dira. Laguntzok langabeziagatiko prestazioaren % 100 ordainketa bakarrean jaso dutenek eskatu ahal izango dituzte.

7. Lehen Aukera Programaren laguntzen deialdia. Krisiak gogor jotako gazteek hezkuntza mundutik lan merkatura igarotzeko aukera izan dezaten, Eusko Jaurlaritzak laguntza-programa hau abian jarri zuen iaz. Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 Enplegu Planaren baitan hartutako erabakiaren xedea gazte tituludunek euren lehen lan esperientzia izatea da. Lizentziaturak, diplomaturak, graduko ikasketak edo erdi- zein goi-mailako lanbide-heziketako zikloak egin dituzten gazteek dute parte hartzeko aukera.

Euskal gazteei lehen lan aukera izatea errazteko, ekimenarekin bat egiten duten enpresa pribatu, ondasun erkidego, sozietate zibil, elkarte eta fundazioei bost milioi euro (4,99 milioi zehazki) bideratu dizkie guztira Eusko Jaurlaritzak. Diru horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lan-zentroetan jarduteko kontratuak finantzatuko dira, gutxienez sei hilabetekoak.

Enpresei emango zaien hobaria eskatzen den titulazioaren araberakoa izango da, eta soldata gordinak era honetakoak izan daitezke: 2.880 eurokoak baxuenak eta 4.500 eurokoak altuenak.
 

 

ERABAKIA, SEME-ALABAK DITUZTEN FAMILIENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN DEKRETUAREN BABESPEAN EZARRITAKO LAGUNTZEI AURRE EGITEKO, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA EGITEKO BAIMENA EMATEKOA.

LABURPENA

JAURLARITZAK SEME-ALABAK IZATEA ETA ADOPTATZEA 27,28 MILIOI EUROREKIN BABESTU DU

Jaurlaritzak seme-alabak izateagatik edo adoptatzeagatik familiei ematen zaizkien laguntzak finantzatzeko, 27,28 milioi euro bideratzea baimendu du.

Seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoak hiru jarduketa-ildoren bidez garatuko dira: ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko, erditzeagatik edo adopzio nazional anitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik.

Seme-alabengatiko laguntzak jaiotze, adopzio eta adopzio aurreko familia-harrera edo tutoretza dela-eta emango dira. Horrenbestez, lehenengo seme-alabagatik ordainketa bakarra egingo da; bigarren seme-alaba izatean, jaiotzen den urtean ordainketa bat egingo da eta urtea betetzen duenean bigarrena. Hirugarrenaren eta hortik aurrerakoen kasuan, jaiotzen diren urtean ordainketa bat eta beste bat urte bat, bi, hiru, lau, bost eta sei betetzen dituzten urtean.

Diru-laguntzaren eskatzaileak % 33ko edo hortik gorako ezintasun aitortu bat baldin badauka edo aitortutako mendekotasun egoera bat, zenbatekoak bikoiztu egingo dira.

Erditze edo adopzio nazional anitzagatiko laguntzak arautzen dira. Erditze berean jaiotako seme-alaba kopuruaren edo aldi berean adoptatutako seme-alaba kopuruaren arabera emango dira.

Adingabeen nazioarteko adopzioagatiko laguntzak aurreikusten dira, dela sinpleak dela anitzak. Laguntza horiek ordainketa bakar gisa ematen dira eta zenbateko zehatzak aldi berean adoptatutako adingabe kopuruaren arabera neurtzen dira.

Familiako bizitza eta laneko bizitza uztartzeko laguntzekin gertatzen den bezala, aurreko laguntzak ere familia-errentaren estandarizazio-sistemaren arabera arautuko dira.