2015/03/31 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Erabakia, Gestamp Automoción SArekin lankidetza-protokolo bat sinatzeko baimena ematen duena. Horren bidez, bikaintasun-zentro bat ezarri eta garatu nahi da teknologia berrietako eta prozesu tradizionaletako prestakuntza emateko Gestamp taldekoei.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, Jaurlaritzak aditzera eman dezan zer iritzi duen Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak eta Popular Vasco-Euskal Talde Popularra legebiltzar-taldeek Euskal Zuzenbide Zibilaren gainean egindako lege-proposamena aintzat hartzeari buruz.
Erabakia, Jaurlaritzak aditzera eman dezan zer iritzi duen Euskal Talde Popularra legebiltzar-taldeak Euskal Autonomia Erkidegoko mahastiaren eta ardoaren kalitatea defendatzeko egindako lege-proposamena aintzat hartzeari buruz.
Dekretua, zeinen bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko kargu publikodunen katalogo eguneratua.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua, 2015eko urtean Euskadi literatura-sariak arautu eta horretarako dei egiten duena.
Agindua, 2015. urtean «Auzolandegiak» programako plazak deitzeko dena.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, Gasteizko udalarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko baimena ematen duena, udalerri horretako trafikoko kontrol-kameretatik datorren bideo-seinalea lagatzeari begira.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

ERABAKIA, GESTAMP AUTOMOCIÓN SAREKIN LANKIDETZA-PROTOKOLO BAT SINATZEKO BAIMENA EMATEN DUENA. HORREN BIDEZ, BIKAINTASUN-ZENTRO BAT EZARRI ETA GARATU NAHI DA TEKNOLOGIA BERRIETAKO ETA PROZESU TRADIZIONALETAKO PRESTAKUNTZA EMATEKO GESTAMP TALDEKOEI.

LABURPENA

LEHENDAKARIAK ETA GESTAMP ENPRESAKO PRESIDENTEAK PROTOKOLO BAT SINATU DUTE, EUSKADIN TEKNOLOGIA AURRERATUEN BIKAINTASUNEZKO PRESTAKUNTZA-ZENTRO BAT EZARTZEKO

• Eusko Jaurlaritzak urtean 846.000 euro inguruko laguntza emango du bost urtean, indarrean dauden laguntza-programen eta tresnen bidez Gestamp Technology Institute S.L. (GTI) prestakuntza-zentroa martxan jartzeko.

• Proiektu hau prestakuntza-programak egiteko, langabeak kontratatzeko, atzerrian praktikak egiteko eta teknologia aurreratuetan espezializatutako programak garatzeko izango da.

• Gestamp Technology Institute (GTI) zentroa Boroan (Bizkaian) egongo da eta bertako jarduera 2015eko irailaren 1ean hasiko da.

• Lankidetza honen helburua da pertsonen espezializazio eta prestakuntza profesionala eta horien enplegagarritasuna hobetzea, baita Euskadiko garapen ekonomikoa eta soziala sustatzea ere.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gestamp enpresako presidente eta kontseilari delegatu Francisco J. Riberasek Boroako (Bizkaia) Gestamp Technology Institute (GTI) bikaintasunezko zentroaren ezarpena eta garapena errazteko lankidetza-protokolo bat sinatu dute Lehendakaritzan, gaur goizean. Prestakuntza-zentroa talde industrial honetako egungo plantilla teknologia aurreratuetan prestatzeko izango da, baita, etorkizunean, talde honetan lanean hasiko diren langileak prestatzeko ere.

Protokoloa gobernu-kontseiluak gaur egin duen saioan adostu da eta, horren bidez, Gestamp enpresaren prestakuntza-beharrei erantzungo zaie; izan ere, euskal enpresa industrial honek aurreikusia du esparru globalean lerro berrien ekoizpen-zentro berriak irekitzea eta instalatzea. Prestakuntza-zentro honek, halaber, Euskadiko garapen ekonomiko nahiz sozialeko maila hobeak ekarriko ditu, pertsonen prestakuntza profesionalaren bidez eta horien enplegagarritasunaren bidez.

Behar horiei erantzuteko helburuarekin, gaur sinatutako protokoloak Gestamp eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-esparrua ezarri du eta, lankidetza horrekin, Boroako Automotive Intelligence Center gunean erreferentziako bikaintasunezko prestakuntza-zentro bat ezarriko da, hau da, GTI.

Zentro honetako jarduera (batik bat, aurrez aurreko eskolen bidez) unibertsitateko graduondokoak, prestakuntza profesionaleko ziklo espezializatu ondokoak eta bestelako prestakuntza espezializatua ematea izango da (beroko estanpazioa, hotzeko estanpazioa, soldadura, matrizegintza eta laser bidezko ebakitzea, besteak beste, modu zentralizatuan, estandarizatuan eta iraunkorrean). Era berean, teknologia horiekin lotutako I+Gko proiektuak garatuko dira.

Zikloak ikas-ekinezko prestakuntza dualarekin bateragarriak izango dira eta ikasleek nazioarteko profila izango dute. Eusko Jaurlaritzak (LHko Sailburuordetzaren eta Lanbideren bidez) GTIk emango dituen prestakuntza-ziklo horiek eratzen eta ziurtatzen lagunduko du, indarrean dagoen legediaren arabera, martxan jar daitezkeen tresnen eta jarduketa-programen bidez.

Gaur sinatutako protokoloak Eusko Jaurlaritzari aukera ematen dio (bost urtean zehar) urtean 846.000 euro inguru emateko teknologia aurreratuen prestakuntzan abangoardiakoa den proiektu honi. Ondorioz, zentro honen bidez, euskal automobilgintzaren sektorearen lehiakortasuna indartuko da, pertsonen gaitasunak nahiz enplegagarritasuna hobetuko dira eta Euskadi sektore honetako munduko erreferente bihurtuko da.

Zehazki, funts hauek esleituko dira: Prestakuntzarako 90.000 eurora arteko funtsa, betiere, EAEko langabeak kontratatzeko konpromisoarekin; Euskadin Gestamp enpresako plantilla prestatzeko, guztira, 60.000 eurora arteko funtsa eta atzerrian praktikak egiteko, guztira, 576.000 euroko funtsa. Era berean, GTI berriari, guztira, 120.000 euroko diru-laguntza emango zaio Gestamp enpresako teknologia aurreratuetan eta prozesu tradizionaletan Espezializatutako Programa Espezifikoak garatzeko.

Gestamp munduko liderra da automobilerako metalezko osagaiak eta multzoak diseinatzen, garatzen eta fabrikatzen. 20 herrialdetan dago, 93 ekoizpen-instalazioren bidez, eta 32.000 pertsonako plantilla dauka. Berrikuntza Gestamp enpresan ezinbestekoa da; horregatik, munduan I+Gko 12 zentro ditu. Euskadin dago zentro horietako bat eta arlo horretako 1.000 pertsonari ematen die enplegua.

Talde honen aurreikuspena da Asian, AEBetan, Europan eta Latinoamerikan bere hedapen geografikoarekin jarraitzea. Hori dela eta, prestakuntzan ahalegin handia egin beharko dute bai egungo plantillako langileek bai, etorkizunean, Gestampeko nazioarteko proiektu berrietan lanean hasiko diren langileek ere.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, JAURLARITZAK ADITZERA EMAN DEZAN ZER IRITZI DUEN EUZKO ABERTZALEAK-NACIONALISTAS VASCOS, SOCIALISTAS VASCOS-EUSKAL SOZIALISTAK ETA POPULAR VASCO-EUSKAL TALDE POPULARRA LEGEBILTZAR-TALDEEK EUSKAL ZUZENBIDE ZIBILAREN GAINEAN EGINDAKO LEGE-PROPOSAMENA AINTZAT HARTZEARI BURUZ.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZA POZIK AGERTU DA EUSKAL ZUZENBIDE ZIBILA EGUNERATUKO ETA MODERNIZATUKO DUEN LEGE PROPOSAMENAREN INGURUKO ADOSTASUN ZABALAREKIN

• Jotzen du testu horrek Euskal Zuzenbide Zibilaren tradizioaren oreka mantentzen duela, aldi berean, gizartearen errealitate berriaren eskakizunetara egokituz: euskal auzotasun zibila errekonozitzea, izatezko bikoteen arautegia zabaltzea eta abar.
• Gobernuak Euskal Zuzenbide Zibila kontserbatzeko, aldatzeko eta garatzeko konpromisoa du, autogobernuaren oinarrizko elementu gisa.

Gobernu Batzordeak aldeko irizpidea agertu du gaur Legebiltzarreko Taldeek egindako Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko Lege Proposamena aintzat hartzeari dagokionez: Eusko Alderdi Jeltzalea, Euskal Sozialistak eta Alderdi Popularra.

Eusko Jaurlaritzak uste du Lege Proposamen horrek helburu bikoitza betetzen duela: batetik, Euskal Zuzenbide tradizionala eguneratzea eta modernizatzea eta, bestetik, uztailaren 1eko 3/1992 Legetik eta azaroaren 26ko 3/1999 Legetik eratorritako ondarea bizirik mantentzea.

Horren harira, Eusko Jaurlaritzak uste du ekimenean berritasun “esanguratsu eta egokiak” daudela, hala nola euskal auzotasun zibila errekonozitzea, arautegia izatezko bikoteei zabaltzea edo Zuzenbide Zibileko Euskal Batzorde bat sortzea, Legebiltzarraren eta Eusko Jaurlaritzaren kontsulta organo gisa, arlo horretako ikerketak edo aldaketak sustatzeko. Era berean, parlamentu ekimena balio handiko tresna da, horren efektuak hiru Lurralde Historikoetako justizia erakunde tradizional guztietara iristen direlako, baina horietako bakoitzaren espezialitate juridikoak errespetatuz.

Parlamentu ekimen horren beste indarguneetako bat Eusko Jaurlaritzak balioetsi nahi duen adostasun zabala da, izan ere, testu hau prestatzea lan handia eta konplexua izan da.

Azkenik, Gobernuak Euskal Zuzenbide Zibila kontserbatzeko, aldatzeko eta garatzeko konpromisoa du, autogobernuaren oinarrizko elementu gisa.
 

 

ERABAKIA, JAURLARITZAK ADITZERA EMAN DEZAN ZER IRITZI DUEN EUSKAL TALDE POPULARRA LEGEBILTZAR-TALDEAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO MAHASTIAREN ETA ARDOAREN KALITATEA DEFENDATZEKO EGINDAKO LEGE-PROPOSAMENA AINTZAT HARTZEARI BURUZ.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZA EUSKADIKO «MAHASTIEN ETA ARDOAREN KALITATEA» BABESTEKO LEGE PROPOSAMENAREN ALDEKOA DA

Hala ere, Jaurlaritzak ohartarazi duenez, arau hori sektorearen, jatorri-deitura guztien eta hiru foru-aldundien adostasunarekin garatu behar da.

Gobernu Kontseilua «Euskal Autonomia Erkidegoko mahastien eta ardoaren kalitatea babesteko» Lege-proposamena aintzat hartzearen alde agertu da gaur.

Lege-proposamen horren bidez, Euskadin, merkataritza-xedea duten mahasti-landaketa berrien kasuan, jatorri-deituraren barrukoak bakarrik baimentzea lortu nahi da. Gainera, planteatutako arauan, euskal mahatsondoen aldaera genetikoa babesteko, gutxiengoan dauden aldaerak ikertzea sustatzeko eta Euskadiko antzinako mahastiak zaintzen laguntzeko diru-laguntzak emateko hainbat neurri finkatzen dira.

Eusko Jaurlaritzak, aldeko iritzia eman duen arren, euskal ganberari bi auziri buruzko ohar bat egin dio:

• Arau hori sektorearen, jatorri-deitura guztien eta hiru foru-aldundien adostasunarekin garatu behar litzatekeela.

• Bere ustez, ekimen hau ez litzatekeela araudi berri gisa formulatu behar, gaur egungo 5/2004 Legearen, maiatzaren 7koaren, aldaketa gisa baizik.

 

 

DEKRETUA, ZEINEN BIDEZ ONARTZEN BAITA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO KARGU PUBLIKODUNEN KATALOGO EGUNERATUA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK ARDURAZKO KARGU PUBLIKOAK BETETZEN DITUZTEN PERTSONEN KATALOGOA EGUNERATUKO DU

Gobernu honek gardentasun handienaz jokatu, publizitate aktiboa egin eta herritarrek ardurazko karguak betetzen dituzten pertsonei buruzko informazio guztia eskura izateko eskubidea betetzeko duen konpromisoaren parte da eguneratzea.

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Kargu Publikodunen Katalogoa eguneratzea erabaki du gaur, katalogoa sortu zuen Dekretuko xedapen gehigarria betetzearren –2014ko azaroan onartu zen Dekretua–. Lege-xedapen horren arabera, Eusko Jaurlaritzak urtero eguneratu beharko du katalogoa, urteko lehenengo hiruhilekoan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kargu Publikodunen Katalogoa herritarren eskura dago, www.euskadi.eus webgunean, eta Eusko Jaurlaritzak gardentasun handienaz jokatzeko, publizitate aktiboa egiteko eta herritarrek ardurazko kargu publikoak betetzen dituzten pertsonei buruzko informazio guztia eskura izateko eskubidea betetzeko duen konpromisoaren parte da.

Katalogo hau 2014ko azaroan aldatu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eta Eusko Legebiltzarraren zerbitzura dauden Kargu Publikodunen Jokabide-kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legeko 2. artikulura egokitzeko. Horrela, goi karguduntzat hartutako pertsonen hasierako zerrenda handitu egin zen.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA, 2015EKO URTEAN EUSKADI LITERATURA-SARIAK ARAUTU ETA HORRETARAKO DEI EGITEN DUENA.

LABURPENA

2015eko EUSKADI LITERATURA SARIETARAKO DEIALDIA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2015eko urtean Euskadi Literatura Sariak arautu eta horretarako dei egiten duen Agindua onartu du.

Aurten, Euskadi Literatura Sariak zazpi modalitatetan banatuko dira: Euskarazko literatura; Gaztelaniazko literatura; Euskarazko haur eta gazte literatura; Euskarazko literatura itzulpena; Literatura lanaren ilustrazioa; Euskarazko saiakera, eta Gaztelaniazko saiakera.

Euskadi literatura sariak 18.000 euro gordinez hornituta daude modalitate bakoitzeko. Diru-kopuru hori saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi literatura sarientzat berariaz Jose Ibarrola Bellidok eginiko «Liburu Nabigatzaile» izeneko eskulturaren ale zenbatua ere jasoko dute. Horrez gain, saritutako lanaren egileek (euskarazko itzulpenaren kasuan salbu) beste 4.000 euro gordin ere jaso izango dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean.

Euskadi literatura sariak eskuratzeko aukera, argitaratze unean bizirik dauden egileek idatzi, itzuli edo ilustratutako lanek eduki ahal izango dute. Lan horiek lehen aldiz 2014. urtean argitaratuak izan beharko dute. Hala ere, kasuan kasuko modalitatean sari hau azken hiru deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta aurrez azaldutako baldintzak bete.

Gaztelaniazko literaturaren modalitatean, gaztelaniazko literatura lanen ilustrazioan eta gaztelaniazko saiakeran, hauetako baldintza bat gutxienez bete beharko dute egileek:

1. Euskadiko Autonomia Erkidegoan jaio izana edo bertan administrazio-egoitza izatea Agindua argitaratzen den unean, edo argitaratu aurretik ere administrazio-egoitza eduki izana urte batez gutxienik Euskadiko Autonomia Erkidegoan.

2. Gaztelaniazko literaturaren modalitatean, gaztelaniazko saiakeran eta literatura lanen ilustrazioa modalitateetan, Euskadiko Autonomia Erkidegoko idazle edo ilustratzaile elkarteren baten barruan egotea.

3. Saria irabazteko lana Euskadiko Autonomia Erkidegoko argitaletxe batean argitaratu izana, edo Euskadiko Editoreen Elkartearekin edo Euskal Editoreen Elkartearekin loturiko argitaletxe batean.
 

 

AGINDUA, 2015. URTEAN «AUZOLANDEGIAK» PROGRAMAKO PLAZAK DEITZEKO DENA.

LABURPENA


2015-EKO AUZOLANDEGIAK PROGRAMAN PARTE HARTZEKO DEIALDIA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez 2015eko Auzolandegiak programarako plazetarako deialdia egiten duen Agindua onartu du.

2015eko Auzolandegiak programak, Euskadiko 18 eta 26 urte bitarteko 400 gazte ingururi Euskadiko, beste Autonomia Erkidego batzuetako eta atzerriko auzolandegietan parte hartzeko aukera emango die. Era berean, beste Erkidego batzuetako ehun gaztek eta atzerriko beste ehunek ere Euskadiko auzolandegietan aritzeko aukera izango dute.

Auzolandegiak programan parte hartzeko plazaren eskaera www.gazteaukera.euskadi.eus atariaren bidez egin beharko da, Agindua indarrean sartu eta ondorengo zazpi egun naturaleko epean.

Auzolandegietan, hainbat jatorritako gazteek beren borondatez eta eskuzabaltasunez konpromisoa hartzen dute gizarte proiekzioko egitasmo bat eta jarduera osagarriak garatzeko, denbora-epe jakin batean. Egitasmo horren bitartez, besteak beste, elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kultur arteko ikaskuntza sustatzen dira.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, GASTEIZKO UDALAREKIN LANKIDETZA-HITZARMEN BAT SINATZEKO BAIMENA EMATEN DUENA, UDALERRI HORRETAKO TRAFIKOKO KONTROL-KAMERETATIK DATORREN BIDEO-SEINALEA LAGATZEARI BEGIRA.

LABURPENA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA GASTEIZKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, HIRIAN EZARRITAKO ZIRKULAZIOAREN KONTROLERAKO KAMEREN BIDEO SEINALEA LAGATZEKOA, BAIMENTZEKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKI PROPOSAMENA

Gobernu Kontseiluak Segurtasun Sailaren eta Gasteizko Udalaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena onartu du; horren bitartez Udalak Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren esku jarriko du hiriko zirkulazioa kontrolatzeko kameren bideo-seinalea babes zibilaren arloko informazio-iturri erabil dadin gertaera larriren bat gertatzen den guztietan.

Hitzarmen berria urrats handia da larrialdiak koordinatzeko orduan; izan ere, soinuaz gain, SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak gertaeraren irudia ere izango du eta, horri esker, zer gertatzen ari den hobeto jakin ahal izango dute eta, horrela, baita lankidetza eraginkorragoa ezarri ere esku hartzen duten agenteen artean; horrenbestez, hura konpontzeko abiarazitako jarduerak istripuaren beharrei are gehiago egokituko zaizkie.

Irudiak babes zibilarekin zerikusia duten gertaera larrien kasuetan erabiliko dira beti, eta ezin izango dituzte horietara zuzenean jo, udalaren beraren bidez baizik.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren koordinazio-planen artean larrialdiak kudeatzeari buruzkoa dagoela kontuan harturik, sail horrek antzeko hitzarmenak egin nahi ditu etorkizunean beste erakunde batzuekin.