2015/04/14 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Jaurlaritzak lehen Enplegu Plana prestatu du Euskadiko Administrazio Orokorreko langileen zahartzearekin, desberdintasunarekin eta bitartekotasunarekin bukatzeko.
Eusko Jaurlaritzak ez du premiazkotzat jo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko lege proposamena.
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Erabakia, honen bidez lankidetza-hitzarmena izenpetzen da kontratazio plataformen elkarreragintasunaren inguruan Euskal Autonomia Erkidegoa eta Ogasun eta Herri Administrazioko Ministerioaren artean.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko ¿Gure Artea¿ sariak arautu eta horietarako deialdia egiteko dena.
Dekretua, "Dantzerti" Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi-mailako Eskola sortzen duena.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

JAURLARITZAK LEHEN ENPLEGU PLANA PRESTATU DU EUSKADIKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO LANGILEEN ZAHARTZEAREKIN, DESBERDINTASUNAREKIN ETA BITARTEKOTASUNAREKIN BUKATZEKO.

LABURPENA

• Planak agerian jartzen duenez, langileen batez besteko adina 50,8 urtekoa da, langileen % 68 2030a baino lehen erretiratuko da eta bitartekotasun-tasa % 33,9 da.
• Planak genero-desberdintasunak antzeman ditu: langileen artean gehiago dira emakumeak, baina kategoria profesional baxuagoko lanpostuak dituzte eta bitartekotasunak gehiago eragiten die.
• Jaurlaritzak jarduera bateratua proposatu die sindikatuei pertsonala gaztetzeko, bitarteko lanpostuak deskapitalizaziorik gabe finkatzeko, genero-berdintasuna lortzeko eta lanpostuak herri-administrazio publiko berriaren premietara egokitzeko.

Gobernu-kontseiluak lehenengo Enplegu Planaren zirriborroa aztertu du gaur. Lehen aldia da Euskadin halako plan bat prestatu dela autonomia-erkidegoko Administrazio Orokorrean lanean aritzen den pertsonalaren egoera aztertzeko. Planaren helburua da Euskadiko herri-administrazioaren zerbitzu orokorretan lan egiten duen pertsonalaren egoera aztertzea—4.888 langile daude, karrerako eta bitarteko funtzionarioen artean— eta, azterketa hori abiapuntu harturik, administrazioaren egitura eraginkorki eta efizienteki berrantolatzeko proposamena egitea, erantzuna emateko epe motzeko / erdi-epeko hiru erronka hauei:

• Pertsonala gaztetzea eta bitarteko lanpostuak finkatzea, baina aspalditik Administrazio Orokorrean lan egiten duen behin-behineko langileen deskapitalizazioa saihestuz.
• Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea.
• Lanpostuak egokitzea, herri-administrazio elektronikoaren eta teknologia berrien ondorioz sortutako premietara moldatzeko.

Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztu zien lehenengo Enplegu Planaren zirriborroa sindikatuei, Lakuan egindako Euskadiko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialaren bileran. Eusko Jaurlaritzaren helburua da sindikatuekin batera lan egitea planaren azken idazketan eta martxan jartzean, dokumentuan antzematen diren arazoak errotik mozteko.

GAUR EGUNGO RADIOGRAFIA

Dokumentuak gaur egungo 4.888 lanpostuen egoera eta postuok betetzen dituzten langileak deskribatzen ditu hasieran:

GENEROA: Euskadiko Administrazio Orokorrean, emakume gehiago dabil lanean; % 62,1 emakume, % 37,9 gizonen aldean
GENEROA PERTSONA KOPURUA
Gizonak 1.851 (% 37,9)
Emakumeak 3.037 (% 62,1)
 

ADINA: Langileen batez besteko adina 50,86 urtekoa da. Buruzagitza postuak betetzen dituzten pertsonen adinari bagagozkio, batezbestekoa 54,9 urteraino goratzen da. 
KATEGORIA PROFESIONALA BATEZBESTEKOA (URTEAK)
Buruzagitza postuak betetzen dituzten pertsonak 52,8
Teknikarien kidegoa 49,72
Administrarien eta laguntzaileen kidegoa 51,22
Mendekoen kidegoa 50,46

LANGILEAK BATEZBESTEKOA (URTEAK)
Bitarteko funtzionarioak 45,37
Karrerako funtzionarioak 53,61

GENEROA                      BATEZBESTEKOA (URTEAK)
Gizonak 51,68
Emakumeak 50,25

 
ERRETIROAREN ZENBATESPENA: gaur egun Administrazio Orokorrean lan egiten duten pertsonen % 68,08 2014 eta 2030 bitartean erretiratuko da. Aintzat hartzen baditugu epe horretan buruzagitza postuetarako zenbatetsi diren erretiroak, % 80,36eraino igotzen da ehuneko hori.
 
KATEGORIA PROFESIONALA BATEZBESTEKO ERRETIRO-DATA (URTEA)
Buruzagitza postuak betetzen dituzten pertsonak 2026
Teknikarien kidegoa 2029
Administrarien eta laguntzaileen kidegoa 2027
Mendekoen kidegoa 2028

 

LANGILEAK BATEZBESTEKO ERRETIRO-DATA (URTEA)
Bitarteko funtzionarioak 2033
Karrerako funtzionarioak 2025

GENEROA                      BATEZBESTEKO ERRETIRO-DATA (URTEA)
Gizonak 2027
Emakumeak 2028

 
FUNTZIONARIOAK: Euskadiko Administrazio Orokorrean lan egiten duten 4.888 langileak harturik aintzat, bitartekotasun-tasa % 33,90 inguruan kokatzen da, eta gehiago eragiten die emakumeei. Buruzagi eta teknikari lanpostuei erreparatzen badiegu, bitartekotasun-tasa % 44,06raino goratzen da.
 

LANGILEAK PERTSONA KOPURUA
Bitarteko funtzionarioak 1.657
Karrerako funtzionarioak 3.231

LANGILEAK BURUZAGIAK TEKNIKARIAK
Bitarteko funtzionarioak 61 903
Karrerako funtzionarioak 443 781

 

GENEROA BITARTEKO FUNTZIONARIOAK KARRERAKO FUNTZIONARIOAK
Gizonak 569 1.282
Emakumeak 1.088 1.949


 

 • KATEGORIA PROFESIONALA: Administrazio Orokorrean, langile gehien dituen kidego profesionala administrari eta laguntzaileena da. Generoari erreparatuz gero, teknikarien artean % 57,90 emakumeak dira; buruzagitza-postuetan, ordea, % 42,66.
 

KATEGORIA PROFESIONALA PERTSONA KOPURUA
Buruzagitza postuak betetzen dituzten pertsonak 504
Teknikarien kidegoa 1.684
Administrarien eta laguntzaileen kidegoa 2.196
Mendekoen kidegoa 504

KATEGORIA PROFESIONALA GIZONAK EMAKUMEAK
Buruzagitza postuak betetzen dituzten pertsonak 289 215
Teknikarien kidegoa 709 975

 

BERRANTOLAKETAREN LEHENTASUNEZKO HIRU HELBURUAK

Behin datuak aztertu ondoren, Enplegu Planak egiturazko berrantolaketa bat proposatzen du, lehentasunezko hiru jarduera-ardatzetan oinarritua, erantzuna emateko Euskadiko Administrazio Orokorrak epe motzean / erdi-epean heldu beharreko erronkei.

1- Pertsonala finkatzea eta gaztetzea: kontuan hartzen baditugu pertsonalaren batezbesteko adina eta epe motzera aurreikusten diren erretiro-kopuru altua, 20. hamarkada garrantzitsua izango da Euskadiko Administrazio Orokorrean kidego guztietako langileak berritzeko.. Jaurlaritzak funtsezkotzat jotzen du pertsonalaren deskapitalizazioa saihestea eta, horregatik, honako hau proposatzen du:

• Lekualdatze-lehiaketa bat, hutsik dauden lanpostuak betetzeko.
• Enplegua finkatzeko prozesu bereziak Administrazio Orokorrean urteak daramatzan bitarteko langileentzat. Helburua da deskapitalizazioa saihestea, ez daitezela galdu urteetan lanean ikasitako jakintzak eta hartutako trebeziak. Orobat lortu nahi da Euskadiko herri-administrazioan erregistratutako bitartekotasun-tasa altuarekin amaitzea (% 33,9 oro har; % 44 buruzagi eta teknikari postuetan).
• Lan-eskaintza publikoa, aurrera egiteko Eusko Jaurlaritzak kalitateko enplegu publikoarekin duen konpromisoan.

2- Antolamendu-egituraren egokitzapena: Eusko Jaurlaritzak funtsezkotzat jotzen du gobernuaren egitura teknologia berrien eta herri-administrazio elektronikoaren ondorioz sortutako premien arabera eguneratzea eta berrantolatzea. Horretarako, egitura osatzen duten lanpostuen zerrenda eguneratzea proposatzen du.

3- Emakume eta gizonen arteko berdintasuna: Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko ardatz gisa hartu du, halaber, txostenean agerian geratu diren desberdinkeriak saihesteko lan egitea:

• Euskadiko Administrazio Orokorrean gizon baino emakume gehiago dago lanean.
• Emakumeak gazteagoak dira.
• Gizon baino emakume gehiago daude bitarteko postuetan.
• Emakume gehiago daude administrari eta laguntzaileen kidegoan, eta gizon gehiago buruzagitza-postuetan.
• Administrazio orokorrean lan egiten duten emakumeen % 60,8ak bere prestakuntza-mailaren azpitik dauden lanpostuak betetzen ditu.

PROPOSATUTAKO BESTE JARDUKETA BATZUK

Era berean, Euskadiko Administrazio Orokorreko Enplegu Planak oinarrizkotzat jotzen du aurrera egitea langile publikoen prestakuntzaren eta gogobetetzearen alorrean. Horregatik, honako hauek abiaraztea proposatu du:

• Karrera horizontala ordaintzeko diseinuak: hau da, ordainsarien hobekuntza eta aitortza profesionala, lanpostuz aldatu gabe.
• Lanpostu bakoitzaren premia errealetara egokitutako prestakuntza-ibilbide eta -planak.
• Langile berrientzako harrera-eskuliburua;
hartara, Euskadiko Administrazio Orokorrera iristen den langileak eskura edukiko du bere lana ahalik eta modu eraginkorrenean betetzeko behar dituen informazioa, prestakuntza eta baliabideak.
• «Mentoring» plana: ez dadin galdu erretiratzeko daudenen jakintza.
• Enplegatu publikoek bere lanpostuarekin duten gogobetetze maila hobetzea: Planean, garrantzizkotzat jotzen da enplegatu publikoen gogobetetzerako langileek beren lana Eusko Jaurlaritzak herritarrekin hartutako konpromisoei erantzuten diela identifikatzea.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK EZ DU PREMIAZKOTZAT JO KONTSUMITZAILEEN ETA ERABILTZAILEEN HIZKUNTZA ESKUBIDEEI BURUZKO LEGE PROPOSAMENA.

LABURPENA

• Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri du gaiaren gaineko euskal araudia, indarrean baitago eta «ez zaharkituta, ezta gaindituta ere». Hortaz, eraginkorragoa iruditzen zaio betearazpen mailakatua sustatzea lege berriak sortzea baino.
• Gainera, ekimenak «ez dakar hobekuntza nabarmenik bat ere» indarreko araudiaren aldean. Horrenbestez, Jaurlaritzak botere publikoen eta kontsumo-sektoreko enpresen arteko lankidetza sendotzearen alde egingo du.
• Jaurlaritza ez dator bat ekimenak proposatzen duen zehapen-erregimenarekin, «ez delako eraginkorrena, ez eta kontsumo-alorrean euskara gehiago erabiltzeko motibagarria ere», gure errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta.

Gobernu Kontseilua EH Bildu legebiltzar-taldeak proposatutako «Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen eta sektoreko betekizunen» lege-proposamena aintzat hartzearen aurka agertu da.

Lehenik, Eusko Jaurlaritzaren iritzian, ekimena ez da beharrezkoa, Euskadik dagoeneko indarreko araudi nahikoa duelako (*) kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubidea aitortu eta bermatzeari dagokionez, eta araudia «ez dagoelako zaharkituta, ezta gaindituta ere», egungo errealitate soziolinguistikoan. Alde horretatik, Jaurlaritzaren ustez, eraginkorragoa da «indarreko araudia modu mailakatuan betearazteko» bitartekoak diseinatzea lege berriak orain sortzea baino.

Gainera, ekimen legegile horrek «ez du ekarpen nabarmenik» egiten indarreko araudiaren aldean. Esaterako, «Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua» sortzea proposatzen du, baina zigilu hori 2008an sortu zen; Bikain, Hizkuntza Konpromisoaren eta Hizkuntza-kudeaketako Kalitatearen Ziurtagiria.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren aburuz, lege-proposamenak dakarren zehapen-erregimena, batetik, arbitrarioa da sektore jakin batzuetan –garraioan, establezimendu kolektiboetan, etab.– baizik ez dituelako aurreikusten 6.000 euroko isunak. Bestetik, «zehapen-erregimenak ez dira tresna eraginkorrenak egun, ez euskara sustatzeko pizgarri bikainena kontsumoaren esparruan, ezta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak egiaz gauzatzeko bitarteko ona ere». Hala bada, Eusko Jaurlaritzak inplikazioaren, adostasunaren eta «botere publikoen eta kontsumo-sektoreko enpresen artean lankidetza» sustatzearen alde egingo du apustu.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak uste du hizkuntza-normalizazioa lortzeko egiaz eraginkorra dena euskara sustatzeko politikak zeharkakoak izatea dela, eta esparru guztietako arauek gai horri tartea eskaintzea, ez, jakina, proposatutakoaren moduko lege esklusiboak onartzea.

(*) 6/2003 Legea, abenduaren 22koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzkoa (otsailaren 9ko 2/2012 Legeak aldatua).
(*) 123/2008 Dekretua, uztailaren 1ekoa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza-eskubideei buruzkoa (uztailaren 20ko 204/2010 Dekretuak aldatua).

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, HONEN BIDEZ LANKIDETZA-HITZARMENA IZENPETZEN DA KONTRATAZIO PLATAFORMEN ELKARRERAGINTASUNAREN INGURUAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA ETA OGASUN ETA HERRI ADMINISTRAZIOKO MINISTERIOAREN ARTEAN.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuko Administrazio Orokorraren arteko hitzarmen bat sinatzeko. Hitzarmenaren xedea sektore publikoko entitate guztien lizitazioetarako deialdiak eta deialdi horien emaitzak Internet bidez argitaratzea da, eragile ekonomikoentzat eta herritarrentzat informazio guztia eskuragarri jarriko duen informazio sistema baten bitartez.

Horrela, lizitazioetarako deialdiei eta deialdi horien emaitzei buruzko informazioa, interkonexio-baliabideen bidez, benetan eskuragarri dagoela bermatu nahi da.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA, ARTE PLASTIKOAK ETA IKUSIZKOAK SUSTATZEKO ¿GURE ARTEA¿ SARIAK ARAUTU ETA HORIETARAKO DEIALDIA EGITEKO DENA.

LABURPENA

2015eko GURE ARTEA SARIETARAKO DEIALDIA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Gure Artea Sariak arautu eta horietarako deialdia egiten duen Agindua onartu du. Sariok, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzea dute helburu.

2015eko deialdi honetan, Gure Artea Sariak hiru ataletan deitzen dira:
• Ibilbide artistikoa aitortzeko saria, 25.000 eurokoa eta pertsona fisikoei zuzendua.
• Sorkuntza lana aitortzeko saria, 25.000 eurokoa eta pertsona fisikoei zuzendua.
• Ikusizko arteen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria, 15.000 eurokoa, eta pertsona fisiko nahiz juridikoei zuzendua.

Huatagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

DEKRETUA, "DANTZERTI" EUSKADIKO ARTE DRAMATIKO ETA DANTZA GOI-MAILAKO ESKOLA SORTZEN DUENA.

LABURPENA

“DANTZERTI”, EUSKADIKO GOI MAILAKO ARTE DRAMATIKO ETA DANTZA ESKOLA SORTU DA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta kultura sailburuaren proposamenez gaurko bileran onartu du, “Dantzerti” Euskadiko Goi Mailako Arte Dramatiko eta Dantza Eskola sortzen duen Dekretua.

Dantzerti arte dramatikoko eta dantzako goi-mailako arte-ikasketak eskainiko dituen ikastetxea da, eta Bilboko Ibarrekolanda Plazan izango du egoitza. 2015-2016 ikasturtean jarriko dira abian ikasketa hauek.
Dantzertik espezialitate hauek irakatsiko ditu: Interpretazioa (arte dramatikoan) eta Koreografia eta Interpretazioa (dantzan).