2015/06/09 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Toki bizikidetzaren alorreko Elkarrekin Bonoen diru laguntzak onartu dira, guztira 271.000 euro.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Euskadiko auzitegiek 2014an zigor-erantzukizuneko delituak direla-eta ezarritako neurriak 541 adingabek bete zituzten.
Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzak abiatutako enplegu deialdi publikoaren kontrako helegiterik ez jartzeko eskatuko dio espainiako gobernuari, bigarren aldiz legegintzaldi honetan.
Jaurlaritzak «euskadi.eus» domeinu berrira egokitu du euskadiko araudia.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Izendapenak
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak2016ko Euskadiko Aurrekontuak egiteko jarraibide ekonomikoak onartu ditu.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
169.600 euro Lanbide Heziketako itunpeko zentro pribatuetako irakasleen formazio ikastaroetarako.
1,8 millioi euro ikus-entzunezkoak sortu, garatu eta ekoizteko.
416.000 euro arte plastiko eta ikusizkoen eremuko jardueretarako.
Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan aldaketa.
OSASUN SAILA X. LEG.
Milioi bat euro bideratuko ditu Osasun sailak osasun alorreko ikerketa proiektuetarako laguntzak ematera 2015ean.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Gobernu-Kontseiluak Euskadiko ekosistema zerbitzuak ikertzeko esparru-akordio bat onartu du, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin.
Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. - Centro de transportes de Bizkaia sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte-hartzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak.
Eusko Jaurlaritzak errepide bidezko garraioa hobetzeko beste diru-laguntza deialdi bat egin du.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

TOKI BIZIKIDETZAREN ALORREKO ELKARREKIN BONOEN DIRU LAGUNTZAK ONARTU DIRA, GUZTIRA 271.000 EURO.

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio gaur Elkarrekin Bonoen programan jasotako diru laguntzen deialdiari, toki bizikidetzari dagokion alorrean, hain zuzen, eta diru laguntza hori guztira 271.000 eurokoa izango da.

Gaur onartutako diru laguntza Bakea eta Bizikidetza Planaren oinarri eta proiektuen dokumentuan jasotako Elkarrekin Bonoen programaren diru laguntzen hiru lerroetako bat da eta horri aurten 581.000 euro emango zaizkio. Programa hori osatzen duten beste bi lerroak, hau da eskolei zuzendutako hezkuntza alorreko proiektuei eman beharreko diru laguntzak (250.000 euro) eta herritarren parte hartzeari zuzendutakoak (60.000 euro) martxoan onartu ziren eta ondoren egin zen deialdia.

Elkarrekin Bonoen programa ekainean jarri zen abian, bakea, giza eskubideak, indarkeria eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko ahalegin gehigarri gisa. Horrela irabazi asmorik gabeko erakunde baten eta ikastetxe baten, udaletxe baten edo herritarren parte-hartzearen esparruko erakunde baten artean sustatutako proiektuak diruz lagunduko dira, baldin eta Jaurlaritzak sustatu, eta euskal hezkuntza komunitateak izenpetutako Gizalegez gizartearen eta hezkuntzaren arloko konpromisoan oinarritzen badira.

Proiektu horiek ordaintzeko, Biktima eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak bono sistema bat aurreikusi du horien kudeatze arduraduna baita; alegia, ekarpen ekonomiko bat egingo da, besteak beste, bakearen kulturan, giza eskubideetan, adiskidetzean edo gatazken konponbidean emandako prestakuntza- edo dinamizazio-zerbitzuen justifikatutako ordu bakoitzeko.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKADIKO AUZITEGIEK 2014AN ZIGOR-ERANTZUKIZUNEKO DELITUAK DIRELA-ETA EZARRITAKO NEURRIAK 541 ADINGABEK BETE ZITUZTEN.

LABURPENA

• Neurri judizial gehienak mutilei ezarri zitzaizkien, indarkeriazko nahiz indarbidezko lapurretei lotutako delituak direla-eta. Gehienak Euskadin jaiotakoak dira, eta barneratuak izan gabe betetzen dituzte zigorrak, erregimen irekian.
• Euskadik 1985 urtetik kudeatzen du Gazte Justizia. Gazte arau-hausleak birgizarteratzeari dagokionez, Estatuaren abangoardian gaude: delitu bat egin izanagatik justiziarekin kontaktua duten gazteen % 80,4k ez du berriz hausten legea.
• Eusko Jaurlaritzak 13 milioi euro inbertitzen ditu, urtero, gazte justiziako ikastetxeen sarean, non 211 profesional baitihardu lanean.

Iaz, adingabeen auzitegiek 810 neurri helarazi zizkioten Eusko Jaurlaritzako Gazte Justiziako zerbitzuari: Euskadin bizi ziren 541 gazteri ezarri zitzaizkien, zigor-erantzukizuneko delitu-motaren bat egin izanagatik. Ezarritako neurri gehien-gehienak (% 93) irmoak izan ziren; gainerako % 7a besterik ez zen kautelakoa.

753 neurri irmo horietatik, gehienak mutilei ezarri zitzaizkien: 621 (% 82,5), neskei ezarritako 132 (% 17,5) neurri irmoren aldean. Iaz neurri irmoak aplikatu zitzaizkien pertsonen nazionalitateari bagagozkio, % 67,5 Euskadin edo Estatuko beste autonomia-erkidego batzutan jaiotakoak ziren, eta % 32,5 atzerrian.

Hauek izan dira gazte horiek egindako delitu ohikoenak: indarbidezko edo indarkeriazko lapurreta (% 31), lesioak (% 16,2) eta ebasketak (% 13,5). Neurri ohikoenak, berriz, honako hauek izan ziren: zaintzapeko askatasuna (% 30), komunitatearen onurarako prestazioak (% 23,5), zeregin sozioedukatiboak (% 16,9) eta barneratzeak (% 14,8). Azken horietatik, % 92,6 urtebetez baino gutxiagoz barneratu ohi dute zentro batean.

BARNERATZE-NEURRI IRMOEN IRAUPENA 2014
 

  0 eta 3 hilabete artean 3 eta 6 hilabete artean 6 eta 9 hilabete artean 9 eta 12 hilabete artean Urtebete baino gehiago
Mutilak 14 39 27 11 8
Neskak 1 5 2 2 0
GUZTIRA 15 (% 13,76) 44 (% 40,36) 29 (% 26,60) 13 (% 11,92) 8 (% 7,33)

 

  2014an ezarritako kautelako 57 neurriei erreparatuz gero, ikus dezakegu gehienak mutilei ezarritakoak direla halaber (% 80,7). Neurri motari gagozkiola, hauek izan ziren ohikoenak: barneratzeak (% 50,87), zaintzapeko askatasuna (% 42,10) eta elkarbizitza (% 7). Nazionalitateari dagokionez, neurrion % 65 Euskadin edo Estatuko beste autonomia-erkidegoetan jaiotako adingabeei ezarri zitzaizkion; beste % 35a, herritartasun atzerritarra duten adingabeei.

PROFIL OROKORRA
Delituren bat egin ondoren Euskadin neurriak betetzera zigortutako adingabearen profil orokorra hau da: mutila, 14 eta 18 urte artekoa eta Euskadiko Autonomia Erkidegoan jaiotakoa, indarkeriaz, larderiaz edo indar bidez lapurreta bat egin ondoren, neurri irmoa ezarri zaio eta «erregimen irekian» betetzen du. Hau da: bere familia-eremuan geratzen da, baina eguneko zentroetara joanda; tratamendu anbulatorioa jasotzen, zaintzapeko askatasun erregimenean eta zeregin sozioedukatiboekin; komunitatearen aldeko lanak egiten; asteburuan etxean izaten geratu beharrean eta abar.

Eusko Jaurlaritzak 1985 urtean jaso zuen auzitegiek zigor-erantzukizuneko adingabeei ezarritako neurriak betearazteko eskumena; hain zuzen, «Gazte Justizia» izenez ezagutzen denaa. Urtean, 13 milioi bat euro inbertitzen dira eskumen horretan. Zehazki, 2015ean, 12.966.130 euroko aurrekontua esleitu zaio.

GAZTE JUSTIZIAREN EUSKAL EREDUA

Adingabe arau-hausleen gizarteratzeari dagokionez, Euskadi Estatuko abangoardian dago. Delituak berriz egiten dituztenen tasa ez baita % 20ra iristen. Hau da: delitu bat egin izanagatik justiziarekin harremana izan duten adingabeen % 80,4k ez du beste deliturik egiten berriz.

Gainera, Euskadi nagusi da adingabeekin bitartekaritza judizialeko prozesuetan, % 88,1eko arrakastaz. Beste era batera esanda, delitu bat egin duten gazteen ia % 90ak onartu egiten du, egindako kalteaz jabetzen da eta biktimak erreparatzen ditu, neurri judizialen ordezko eta alderdien artean hitzartutako ekintzen bidez.

GAZTE JUSTIZIAKO HEZKUNTZA ZENTROAK EUSKADIN
Gobernuak Gazte Justiziako 12 hezkuntza-zentro ditu; horietan, 211 profesional dihardu lanean –haur-hezkuntzako, hezkuntza bereziko, gizarte-laneko, irakaskuntzako, psikologiako eta abarreko espezialistak–, neurri irmoren bat edo kautela-neurriren bat bete behar duten gazteak hartzeko, berrezteko eta birgizarteratzeko. Hamabi zentro horietatik, erdiak eguneko egoitza-zentroak dira; beste seiak barneratze-araubidekoak dira, hiru maila hauetako batean:

• I. Maila: eskubideak gehien murrizten dituzten neurriak, eta iraupen luzeenekoak, betetzen dira halakoetan (Ibaiondo).
• II. Maila: erregimen erdi-irekiko eta irekiko neurriak, eta iraupen motzeko erregimen itxikoak, betetzen dira horietan (Uribarri, Urgozo, Andoiu/Gorbeia eta Txema Fínez).
• III. Maila: autonomia-egoitzak dira, halakoetan, erregimen irekiko eta erdi-irekiko barneratzeen azken faseak betetzen dira.
 

 

Erlazionaturiko temak
GAZTE JUSTIZIAKO 2013KO ETA 2014KO DATUAK

EUSKO JAURLARITZAK ERTZAINTZAK ABIATUTAKO ENPLEGU DEIALDI PUBLIKOAREN KONTRAKO HELEGITERIK EZ JARTZEKO ESKATUKO DIO ESPAINIAKO GOBERNUARI, BIGARREN ALDIZ LEGEGINTZALDI HONETAN.

Erabakia, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko Aurrekontuen eta Gastuen Estatu Idazkaritzak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri aurretik egindako errekerimenduari uko egitekoa. Errekerimendu hori Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren 2015eko martxoaren 6ko Ebazpena dela-eta egin zuen, hain zuzen ere, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente kategorian sartzeko hautaketa-prozesurako deialdia egin zuen ebazpena dela-eta.

LABURPENA

• Ertzaintzaren 30 urteko historian, orain arte Espainiako Gobernua ez da inoiz saiatu kideak aukeratzeko prozesuak geldiarazten polizia gorputz horren berezitasun juridikoa gutxietsiz.
• Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, Ertzaintzaren horniduraren, kide kopuruaren eta finantzazioaren plangintza Segurtasun Batzordean adosten dute bi aldeek eta horrek Gernikako Estatutuak eta Espainiako Konstituzioak babestutako foru-araubide berezi bati erantzuten dio.
• Gainera, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi duenez, Legebiltzarrak Ertzaintzaren kide kopurua Segurtasun Batzorde horretan bi aldeek adostutako baldintzetan bermatzeko agindu bat onartu zuen, PPk hala proposatuta.

Espainiako Gobernuak Ertzaintzaren enplegu deialdi publikoaren kontra aurkeztu duen errekerimendua atzera botatzea erabaki du gaur Gobernu Kontseiluak, Estatuko funtzio publikoaren arloko oinarrizko araudiarekin bat ez etortzeagatik. Zehazki, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko Aurrekontu eta Gastuetako Estatu Idazkaritzaren errekerimendu bat da, eta Eusko Jaurlaritzak bete ezean aukeraketa-prozesu horren kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtso bat jarriko duela ohartarazten du, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuko 70. artikulua ez betetzeagatik.

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari Ertzaintzaren hornidura eta kide kopurua Gernikako Estatutuko 17. artikuluan jasotako foru-araubidearen eta Espainiako Konstituzioko Lehenengo xedapen gehigarriaren arabera finkatzen direla erantzuten dion bigarren aldia da legegintzaldi honetan. Gainera, finantzazioak Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren sisteman zehaztutako araubide berezi bati erantzuten dio. Hain zuzen ere, horregatik adosten dute Ertzaintzaren kide kopurua bi aldeek Segurtasun Batzordean, Espainiako funtzio publikoaren legeditik aparte. Are gehiago, Ertzaintzak, bere 30 urteko historian, inoiz ez du aukeraketa prozesurik egin Espainiako legedi komunari jarraituz eta orain arte Espainiako Gobernua ez da inoiz saiatu polizia gorputz honen berezitasun juridikoa gutxiesten.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu dio, aurreko helegitearekin egin zuen bezala, bere asmoak alde batera uzteko eta ez jartzeko administrazioarekiko auzi-errekurtsorik. Bestela, euskal herritarrei kalte egingo die eta segurtasun arloko zerbitzu publiko hau behar bezala ematea oztopatuko du.

ERTZAINTZAREN LEP-a

Deialdi hau Ertzaintzaren XXV. promozioari dagokio eta 2015eko martxoaren 17ko EHAAn argitaratu zen. 250 plaza betetzea aurreikusten da, hiru helbururekin:

• Segurtasun Batzordearen 2004ko erabakia betetzea; hau da, Ertzaintzak beti gutxienez 8.000 kide edukitzea.
• Eusko Legebiltzarrak 2010ean onartutako LBPa betetzea, zeinak Eusko Jaurlaritzari Segurtasun Batzordeak finkatutako 8.000 kideko gutxieneko kopurua bermatzeko eskatzen zuen.
• Ertzaintzako kideak gaztetzea, gaur egun batez besteko adina 46 urtekoa baita.
 

 

JAURLARITZAK «EUSKADI.EUS» DOMEINU BERRIRA EGOKITU DU EUSKADIKO ARAUDIA.

Dekretua; Interneteko goi-mailako "euskadi.eus" domeinu berria ezartzen duena.

LABURPENA

• Gobernu-kontseiluak domeinu berriaren erabilera arautzeko dekretua onartu du. Domeinua urte hasieratik dago martxan.

«Interneteko goi-mailako euskadi.eus domeinu berria ezartzen duen Dekretua» onartu du gaur gobernu-kontseiluak. Hala, «euskadi.eus» domeinua aintzatesten da Euskadiko administrazio publikoaren atari-sarea identifikatzeko domeinu bakar gisa, bai eta domeinuan sartzen diren erakunde, enpresa eta antolakundeen, publiko nahiz pribatuen, identifikatzaile bakar gisa ere.

Dekretuak, batetik, Euskadiko herri-administrazioak Interneten duen presentzia arautzen du; bestetik, amaiera ematen dio gobernu-kontseiluak 2014ko uztailaren 29an erabakitako migrazio-prozesuari.

Teknologia-aldaketa aurten hasi zen, 2015eko urtarrilean, Euskadiko Administrazio Publikoaren web atariko eduki guztiak «euskadi.net» domeinutik «euskadi.eus» domeinura igaro zirenean; orain, amaiera ematen zaio, aldaketari balio juridikoa aitortzen dion dekretua onartzearekin batera.

Dekretuak 50 arautik gora aldatzen ditu; hain zuzen, «euskadi.net» izendapenari erreferentzia egiten zioten arau guztiak. Hemendik aurrera, «euskadi.eus» aipatuko da horietan guztietan.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

IZENDAPENAK

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak proposatuta, Gobernu Kontseiluak goi kargu hauen izendapena onartu du:

• José Andrés Blasco Altuna, Lana eta enpleguko sailburuordea. (Bilbo, 1959)

Prestakuntza:
Zuzenbidean lizentziaduna, Deustuko Unibertsitatean (1981)
Euskara 4. HE
Ingelesa 3. HEO
Karrera profesionala:
Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioa
Eusko Jaurlaritzako Lan Saileko teknikari juridikoa (1984-1991)
Eusko Jaurlaritzako Lan Saileko zuzendaria (1991)
Osakidetzako Zerbitzu Juridikoetako abokatua (1992)
Gurutzeta Ospitaleko Langileen zuzendaria (Osakidetza) (1992-1999)
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkaria (1999-2005)
Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendaria (2005-2009)
Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Zentrala - Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritzako abokatua (2009- )

• Lide Amilibia Bergaretxe, Gizarte politiketako sailburuordea. (Zumaia, 1967)

Prestakuntza:
Zuzenbidean lizentziaduna, Deustuko Unibertsitatean (1990)
EGA
Higiezinen Jabetzako Agentea (1997)
Zuzendaritza Publikoko Prestakuntza Programa (2013)
Karrera profesionala:
Baloreeneskola elkarteko zuzendaria (2011-2012)
Urola Kosta mankomunitateko presidentea (2007-2011)
Zumaiako udaleko zinegotzia, Gizarte-zerbitzu, Kultura, Gazteria, Turismo eta Hezkuntzako arduraduna (2003-2007)
Zumaiako bake-epailea (1995-2003)
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Gizarte-zerbitzuen zuzendaria (2012- )

 
• Noemi Ostolaza Arkauz, Sailburu-bulegoko zuzendaria. (Orio,1974)

Prestakuntza:
Pedagogian lizentziaduna, EHU/UPVn (2001)
EGA
Orientazio soziolaboraleko teknikari espezialista (2012)
Karrera profesionala:
Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzia Orioko udalean, eta tokiko gobernu-batzordeko kidea. (2003-2007)
Orioko udaleko alkateordea eta Kultura, Gazteria, Jai eta Gizarte Zerbitzuetako arduraduna. (2007-2011)
Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko ahokularia (2013- )


• Emilio Sola Ballojera, Gizarte-zerbitzuko zuzendaria. (Bilbo, 1959)

Prestakuntza
Medikuntzan eta Kirurgia Orokorrean lizentziaduna. EHU 1982
4. HE
Karrera profesionala
Osasun mentaleko eta droga-mendekotasuneko medikua (1984-1986).
Estatistika-proiektu sanitario eta soziosanitarioen teknikaria. EUSTAT (1986-1987).
Gizarte-ongizateko teknikaria, arloko arduraduna. Eusko Jaurlaritza (1988-2012).
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikaria (2012-2013).
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako aholkularia (2013tik aurrera).


• Amaia Arteaga Dañobeitia, Plangintza eta enplegu-berrikuntzako zuzendaria.

Prestakuntza
Industria Soziologian lizentziaduna, Deustuko Unibertsitatean (1990)
Giza Baliabideetako masterra (1991)
Euskara 2. HE
Karrera profesionala
Enplegu eta Prestakuntzako teknikaria Lanbiden 1999tik
Enplegu eta Prestakuntzako arduraduna Durangaldean 1997-1999
Prestakuntzako teknikaria Hobetuz-en 1996-1997


• José Nestor Arana Arabaolaza, Lanbideko Baliabideen Zuzendaria. (Oñati, 1958)

Prestakuntza
Enpresa-zientzietan diplomaduna , 1981
Enpresa-zientzietan lizentziaduna, 1989
Aisia eta Giza Baliabideetan Masterra, 1991
4. Hizkuntza eskakizuna
Lan-ibilbidea
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko zerbitzu-zuzendaria (2008-2009) Bidegi SA-ko (Azpiegituren Euskal Agentzia) zuzendari nagusia (2004-2007).
Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideetako Kudeaketa eta Plangintzako zuzendari Nagusia (2003-2004)
Arrasateko Udaleko EAJko zinegotzia (2003-2007)
Eusko Jaurlaritzako Gazteria arduraduna 1997tik
1984tik Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa
 

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK2016KO EUSKADIKO AURREKONTUAK EGITEKO JARRAIBIDE EKONOMIKOAK ONARTU DITU.

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak onartzen dira.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak.

2016ko aurrekontu proiektua egiteko jarraibide ekonomikoak lau ataletan egituratzen dira. Lehendabiziko atalak Jaurlaritzaren ekintza zer testuingurutan garatzen den aztertzen du, 2016ko politikak eta aurrekontuak baldintzatuko baititu horrek. Atal horren barruan, Euskadik 2015ean eta 2016an izango duen testuinguru makroekonomikoa zehazten da, eta, bigarren atalean, aurrekontu-egonkortasun markoaren inplikazioak jorratzen dira. Hirugarren atalean gobernu ekintzaren helburu estrategikoak jasotzen dira, jarduera eremuz eremu aztertuta. Azkenik, laugarren atalean, 2016ko kontuak egiteko aurrekontu irizpideak zehazten dira.

1.- Euskadiko agertoki makroekonomikoa 2015-2016 aldirako

Aurreikuspenek diote mundu mailako hazkunde ekonomikoa handixeagoa izango dela 2016ean aurreko bi urteetan baino. Bultzada hori, hein handi batean, ekonomia aurreratuenen eskutik etorriko da. Aldiz, aurreikuspenen arabera, gorabidean diren herrialdeetako ekonomiaren dezelerazioa ez da etengo.

Gure inguru hurbilenari dagokionez, eurogunearen jarduera ekonomikoak politika monetario irekiago baten eta petrolio gordinaren prezioaren murrizketaren onurak jasoko ditu. Testuinguru horretan, 2016an Espainiako ekonomia Europako batez bestekoaren gainetik haziko dela aurreikusten da.

Egoerak onera egin badu ere, hainbat zalantzek bere horretan jarraitzen dute. Hala, gorabidean diren herrialdeak espero baino gutxiago hazten ari dira, eta tartean hainbat egoera oso konplexu ere badira, Ameriketako Estatu Batuek bertako monetaren normalizazioa erabakitzen badute are eta gehiago okertu litezkeenak. Eurogunea bera ere ez dago arriskutik kanpo, batik bat Greziako finantza krisia, ekonomia aurreratuenen inflazio maila baxuen eta arrisku geopolitiko etengabeen ondorioz.

Nazioarteko agertoki horrek hazkundeko agertoki makroekonomiko batera darama euskal ekonomia, behera egiteko arriskua ere bere horretan mantentzen den arren oraindik. Hori horrela, barne produktu gordina 2015ean eta 2016an % 2,5 haztea aurreikusten da. Enplegu maila, berriz, 2015ean % 1,6 haztea aurreikusten da, eta % 1,7 2016an (lanaldi osoko lanpostuen urteko batez bestekotan neurtuta).


2.- Aurrekontu-egonkortasunaren esparrua eta 2014ko aurrekonturako inplikazioak

2016ko aurrekontuek bat etorri behar dute deskribatutako agertoki ekonomikoarekin, eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren bi helburu hauei erantzun behar diete: pertsonen oinarrizko beharrak asetzea, eta ekonomia eta enplegua hazteko akuilu izatea.

Dena den, aurrekontu egonkortasuna bermatzeko Europako erregulazio esparruak herri-administrazio guztien aurrekontuak baldintzatzen ditu, derrigor bete beharreko eskakizunak ezartzen baititu defizitaren, zor publikoaren eta gastu-arauren arloetan. Euskadiren kasuan, egun indarrean den akordioak barne produktu gordinaren % 0,3ko defizit helburua ezartzen du 2016rako.

3.- Jaurlaritzaren estrategia eta jarduteko helburuak

2016ko aurrekontuei gehitutako ekintzek lerrokaturik egon beharko dute gobernuaren lehentasun bikoitzarekin, hots, hazkundearen eta enplegu-sorreraren sustatzaile lanak egitearekin eta pertsonen oinarrizko beharrak asetzearen bermatzaile izatearekin.

3.1. Hazkundea eta enplegu-sorrera bultzatzera bideratutako ekintzak.

Lehiakortasuna da hazkunderako eta enplegua sortzeko oinarririk behinena. Hori dela eta, 2016ko aurrekontuek gobernuak legegintzaldi honetan euskal ekonomiaren lehiakortasuna sustatzeko martxan jarri dituen egitasmo ezberdinetan definitutako estrategia eta ekintzak lagunduko ditu.

Eta lehiakortasunaren oinarrietako bat, berriz, nazioartekotzea. Hori dela eta Eusko Jaurlaritzak, 2020 Nazioartekotzeko estrategia markoa zuzendu du: izaera integrala duen Basque Country Estrategia. Estrategiak Euskadiko interes multisektorialak du oinarri. Ildo horretan, kontuan izan behar da enpresen nazioartekotzeari aparteko tokia eman zaiola, betiere hezkuntzak, osasungintzak, kulturak eta ingurumenak ere lekua duten ikuspegi sistemiko baten baitan.

Lehiakortasunaren beste oinarrietako bat, berriz, berrikuntza da. Hori dela eta, 2014ko amaieran, Eusko Jaurlaritzak berrikuntzako bere estrategia berria onartu zuen: Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana.

Egiturazko lehiakortasun politikek industria dute protagonista nagusi gisa. Egiturazko politikok aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak berauek garatu eta indarrean jartzeko hiru plan ditu uneotan martxan: 2014-2016 aldirako Enpresen Nazioartekotze Plana, Zientzia eta Teknologia Plana eta 2014-2016 aldirako Industrializazio Plana.

Industriarekin batera, hori bai, beste jarduera sektore batzuk ere sustatuko dira, adibidez merkataritza, turismoa eta lehen sektorea.

Aipatu ere ekintzailetza jarduerari laguntzeko erakunde arteko planak duela ekintzaileei laguntzeko instrumentuak sistematizatzeko eta Ekintzailetzako Euskal Sistemako agente sarea koordinatzeko zeregina.

Sektore produktiboa laguntzeko beste jarduera batzuen artean honako hau ere nabarmendu behar da: trakzio enpresen eta enpresa hornitzaileen arteko lankidetza sustatzea gorabidean diren sektoreetan, sektore jasangarrietan eta Euskadirentzat interesekoak diren sektoreetan, bai enpresa sorkuntza sustatzeko, bai enpresok merkatu eta produktu berrietara sarbidea izan dezaten.

Horrez gain, enpresak laguntzeko finantza-neurriak diseinatzen jarraituko du Eusko Jaurlaritzak honako arloetan: enplegua sortuko duten inbertsio proiektuetarako, zirkulagarrirako, kanpo merkataritza finantzatzeko zein egoera zailean dauden enpresa bideragarriak berregituratzeko –berauetan elkarlan inguruneak diseinatzeko laguntza eskaini eta langileen partaidetza bultzatuko du–.

2014-2016 aldirako Enplegu Planaren markoan, 2016an arreta berezia eskainiko zaie gazteak eta gizartean aukera gutxien duten kolektiboak lan-merkatuan sarbidea izatea sustatzeko politika publikoei, baita lana eta familia uztartzea errazten duten neurriei ere.

3.2. Gizarte-babeseko euskal ereduari laguntzera bideratutako ekintzak

Osasungintza da gizarte-babeseko euskal ereduaren oinarrietako bat. Egungo gobernuaren politika eta jarduera guztien ardatza pertsonak direla aintzat hartuta, 2013-2020 aldirako Osasun Plana jarri zen abian. Planaren xedea osasuna politika publiko guztietara eramatea da, izan ere, sail arteko, erakunde arteko eta sektore arteko izaera duen auzia da osasunarena. 2016ko aurrekontuek plan horretan ezarritako jardunbide eta lehentasunak jarraituko dituzte.

Hezkuntza da gizarte babeseko euskal ereduaren funtsezko bigarren oinarria. Horrenbestez, 2016ko aurrekontuek, lanbide heziketa, unibertsitatea, hizkuntza politika eta kulturaren sustapena bezalako arloetan hezkuntza estrategiak garatzea bultzatuko dute.

Azkenik, gizarte babeseko euskal ereduaren funtsezko hirugarren oinarria gizarte zerbitzuek osatzen dute. Hori horrela, gizarte laguntzei eustea aurreikusten dute 2016ko aurrekontuek, bai diru-sarrerak bermatzeko sisteman, bai gainerako zerbitzuetan.

4.- Aurrekontu Irizpideak

Sarrera korronteak kalkulatzeko aintzat hartuko dira Foru Aldundien ekarpenak, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan dirubilketa aurreikusian oinarrituta erabakiak.

Funtzionarioen ordainsariak Euskadiko 2016ko Aurrekontu Legeak ezarritakoak izango dira.

Funtzionamendu gastuek, berriz, funtsezko gizarte zerbitzuak finantzatuko dituzte.

Inbertsio-gastuei dagokienez, zehaztuko da zer kreditu behar diren aurreko ekitaldietatik eratorritako betebeharrekin jarraitu ahal izateko, eta 2016ko jarraipena joko, ziklo ekonomikoaren aldaketa eta enpleguen sorrera finkatuko dutenak lehenetsiz.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

169.600 EURO LANBIDE HEZIKETAKO ITUNPEKO ZENTRO PRIBATUETAKO IRAKASLEEN FORMAZIO IKASTAROETARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuek euren irakasleentzat burutzen dituzten prestakuntza-jarduerak diruz laguntzen dituen Agindua onartu du. Prestakuntza-jarduera horiek 2015-2016 ikasturtean burutuak izan beharko dute.

Laguntza hauek eskatzeko interesa duten ikastetxeek, eskaintzen dituzten heziketa-zikloekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak aurkeztu beharko dituzte deialdira. Prestakuntza-jarduera bakoitzak gutxienik 10 orduko iraupena izan beharko du, eta 35 ordukoa gehienez. Deialdian parte hartu ahal izango dute, Euskadin Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzeko baimenduta dauden itunpeko ikastetxe pribatuek.

Deialdi honek 169.600 euroko diru kopurua du. Ikastetxe bakoitzak jaso dezakeen diru-laguntzarik handiena 32.000 eurokoa da, hautatutako prestakuntza-jarduera guztiengatik. Jasotako diru-laguntzak bateraezinak izango dira helburu berbera duten beste deialdi batzuetatik jasotako laguntzekin. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

1,8 MILLIOI EURO IKUS-ENTZUNEZKOAK SORTU, GARATU ETA EKOIZTEKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2015 urtean ikus-entzunezkoak sortu, garatu eta ekoizteko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du.

Deialdiak diruz laguntzen dituen modalitateen barnean, honako hauek sartzen dira: proiektuen garapena, fikziozko film luzeak, animaziozko film luzeak, sormen dokumentalak eta film laburrak.

2014an Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikus-entzunezko 30 proiektu lagundu zituen diruz deialdi honen bidez: fikziozko 4 film luze, animaziozko 2 film luze, 6 dokumental, 11 film labur eta beste 7 diru-laguntza proiektuaren garapenerako. 2013an ere proiektu kopuru berbera lagundu zen diruz, tartean titulu ezagunak direla: Lasa eta Zabala, Amama, Negociador edo Zarautzen erosi zuen, besteak beste.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasita. Deialdi honek 1,8 milioi euroko diru kopurua du.
 

 

416.000 EURO ARTE PLASTIKO ETA IKUSIZKOEN EREMUKO JARDUERETARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, 2015ean arte plastikoen eta ikusizkoen eremuan egiten diren jarduerak diruz laguntzea arautzen duen Agindua onartu du.

Deialdi honen bidez, ondorengo modalitateetako jarduerak lagunduko ditu diruz:

– Sustapen-zabalkundearen modalitatea: Arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzea edota beraietan parte hartzea (jaialdiak, erakusketak, lehiaketak,...). Ekitaldiok Euskadiko arte zentroetan izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren egileen lanak erakutsi edo zabalduko dituzte. Modalitate honek barnean hartzen ditu Euskadiko Autonomia Erkidegoan egiten diren arte garaikidearen gaineko sentsibilizazio-ekimenak ere (batzarrak, jardunaldiak, kongresuak, lantegiak, hitzaldiak...).
– Argitalpenen modalitatea: Euskarri desberdinak erabiliz egindako publikazioak egitea, beren xedea Euskadiko arte garaikidea zabaltzea eta bertako artistak eta haien lana sustatzea bada.
–Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea: Arte plastiko eta ikusizkoen sorkuntza-ekoizpenaren eremuan proiektuak egitea: arte-lanak ekoiztea eta ikertzea.

Deialdiak 416.000 euroko diru kopurua du. Proiektuak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean hasita.
 

 

UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILBURUORDETZAN ALDAKETA.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Itziar Alkorta Idiaquezen kargu uztea onartu du, Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordetzan. Kargu uztea Alkorta andrearen eskariz gertatu da, arrazoi pertsonalak argudiatuta.

Kargu uztearekin batera, Gobernu Kontseiluak adostu du Adolfo Morais Ezkerro Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuorde berri izendatzea. Adolfo Moraisek UPV/EHUren Donostiako Eskola Politeknikoko zuzendari kargua izan du orain arte.
 

 

OSASUN SAILA X. LEG.

MILIOI BAT EURO BIDERATUKO DITU OSASUN SAILAK OSASUN ALORREKO IKERKETA PROIEKTUETARAKO LAGUNTZAK EMATERA 2015EAN.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak 974.343 € emango ditu osasun-alorreko ikerketa-proiektuak garatzen laguntzeko. Laguntza hauek arautzen dituen Agindua, Eusko Jaurlaritzak onetsia, Euskadiren osasun-sistema garatzeko eta etengabe hobetzearren Osasun Sailak osasunaren alorrean ikerkuntza sustatzearen eta bultzatzearen alde egin duen apustuaren isla da.

Euskal herritarren osasuna eta ongizatea hobetzea da laguntzon helburua, ikerkuntzari eta berrikuntzari lagunduz eta gaixotasunak prebenitzera, diagnostikatzera eta tratatzera eta osasun publikoa sustatzera bideratutako jakintza berria sortuz, transferituz eta aplikatuz.

Deialdiaren arlo lehenetsiek Osasun Sailak legegintzaldirako ezarritako Estrategian, Osakidetzaren lerro estrategikoetan eta Euskadi 2013-2020 Osasun Planean –Euskadin osasun-arloko politikaren bidea adierazten du horrek– dute jatorria. Horien guztien bidez, ikerketa eta berrikuntza sustatzen dira, zerbitzuan osasunaren hobekuntzari eta osasun-zerbitzuen kalitate eta eraginkortasunari buruzko ezagutza aplikatzeko bide gisa.

Eremu hauetakoak izan ahal izango dira, zehazki, Euskadiko I + D ko osasun-zentro pribatu zein publikoetako ikertzaileei zuzenduak diren laguntza hauek helburu dituzten ikerketa-proiektuak: Ikerkuntza Biomedikoa, alde batetik, eta Osasun arloko Teknologia eta Zerbitzuei buruzko Ikerkuntza, bestetik, ekintzen eraginkortasunaren segimendua barne.

Ikerkuntza biomedikotzat hartuko da osasun publikoaren eta oro har giza osasunaren arloan egiten den oinarrizko ikerkuntza (gaixotasunak ardatz hartuta), klinikoa (pazienteak ardatz hartuta) eta epidemiologikoa; halaber osasuna hobeto sustatzeko, diagnostikatzeko, haren segimendua egiteko, monitorizatzeko eta tratatzeko behar den garapen teknologikoa.

Osasun arloko Teknologia eta Zerbitzuei buruzko Ikerkuntza, berriz, praktika klinikoa, pazientearen kalitatea ea segurtasuna eta ekintzen eraginkortasuna hobetzera bideratua da, bereziki ebaluazioaren arloko ikerkuntzaren bitartez. Osasun arloko Teknologia eta Zerbitzuak dira banakako nahiz taldekako osasun-beharrak asetzeko baliabide guztiak, hala nola erabiltzen diren botikak, ekipoak, gailuak, prozedurak, antolamendu-ereduak eta laguntza-sistemak.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

GOBERNU-KONTSEILUAK EUSKADIKO EKOSISTEMA ZERBITZUAK IKERTZEKO ESPARRU-AKORDIO BAT ONARTU DU, BIZKAIKO ETA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIEKIN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIN.

Erabakia, Euskadiko Ekosistemen Zerbitzuen ikerketarako eta baliospenerako Euskal Herriko Administrazio Orokorraren eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artekoa.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak esparru-akordio bat baimendu du gaur goizean, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta EHUko unibertsitatearekin, Euskadiko ekosistema-zerbitzuak ikertzeko. Akordioan ez dute ezarri horretarako diru-kopururik; izan ere, lankidetza-ildoak ezartzera mugatzen da. Dena dela, aurreikusi dute beharrezkoa izanez gero berariazko akordioak sinatzea horretarako.

Ekosistemetako aldaketen eraginei buruzko ezagutza sortze aldera, bai sektore publikoan bai pribatuan aplika daiteke Nazio Batuek garatutako Milurteko Ekosistemak Ebaluatzeko Nazioarteko Programa.

Euskadiko Ingurumen Esparru Programa 2014ko abenduan onartu zuten. Programan finkatutako helburuen artean daude, hain zuzen, ekosistemen zerbitzuak indartzeko ekintzak sustatzea, sistema degradatuak indartzekoak, eta halakoen eraginak identifikatzekoak.
 

 

APARKABISA BIZKAIKO GARRAIO GUNEA, A.B. - CENTRO DE TRANSPORTES DE BIZKAIA SOZIETATEAREN KAPITAL-ZABALKUNTZAN PARTE-HARTZEKO BAIMENA EMAN DU EUSKO JAURLARITZAK.

Dekretua, Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. - Centro de Transportes de Bizkaia, A.B. sozietatearen kapital-gehikuntzan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak parte hartzeko baimenari buruzkoa.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea - Centro de Transportes de Bizkaia sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte-hartzeko. Konpainia 1982an eratu zuten; haren xede sozialak ibilgailu pisutsuen aparkalekuak eta garraio zentro integratuen sustapena dira. Gaur egun, % 19,96ko partaidetza du Eusko Jaurlaritzak enpresan; hala ere, iragan martxoaren 24an, Batzar Nagusiak konpainiaren kapitala zabaltzea erabaki zuen, 1.499.486 euroko balioarekin zabaltzea ere. Beraz, Euskadiko administrazioak 299.467 euro jarriko ditu kapitala zabaltzeko.

 

 

EUSKO JAURLARITZAK ERREPIDE BIDEZKO GARRAIOA HOBETZEKO BESTE DIRU-LAGUNTZA DEIALDI BAT EGIN DU.

LABURPENA

• Kalitate-kudeaketa eta ingurumen-kudeaketa sistemak; teknologia berriak eta segurtasuna; profesionalen eta enpresarien elkarteei laguntza eta jarduera uzteko laguntza
• Ana Oregi: «Salgaien eta bidaiarien garraio publikoko enpresetan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeak segurtasun, gardentasun eta azkartasun handiagoak ekarriko dizkio zerbitzuari»

Eusko Jaurlaritzak garraiorako diru-laguntza sorta baterako deialdia egin du, salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektorean kalitate-kudeaketa eta ingurumen-kudeaketako sistemak ezartzeko; teknologia berriak eta segurtasun neurriak ezartzeko; profesionalen eta enpresarien elkarteei laguntzeko eta jarduera uzten laguntzeko. Lau xedapen ekonomikoren bitartez, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, 2015ean, 314.000 euro baino gehiago bideratuko ditu errepide bidezko garraioaren sektorea laguntzera.

Ana Oregi sailburuak honako hau zehaztu du: «Salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektoreko garraiolari urtetsuek lanbidea uztea sustatzeko laguntzen programak 2000. urtean hasitako zereginari jarraipena emango dio. Diru-zenbatekoa 150.000,00 eurokoa da eta hartzaileak salgaiak eta bidaiariak daramatzaten 63 eta 64 urteko emakume eta gizon garraiolariak dira».

Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoan teknologia berriak eta segurtasuneko sistemak ezartzen laguntzeko programari dagokionez, «honen bidez, garraiorako ibilgailuetan floten edo antzekoen kudeaketa-, lokalizazio- eta kontrol-sistemak eta segurtasun elementuak ezartzea bultzatu nahi dugu –azaldu du Oregik–, zerbitzu-ematean segurtasun, kalitate, gardentasun eta azkartasun handiagoak lortzeko». Hornidura 40.000,00 eurokoa da eta onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoan bizita salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio, zirkulazio eta mugimenduaren sektorean diharduten pertsona fisiko eta juridikoak izango dira.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak elkartegintza sustatzeko programa bat finkatu du, 2015ean salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektoreko profesionalen eta enpresarien elkarteei laguntzeko, eta horren zenbatekoa 100.000,00 eurokoa izango da. Euskal Autonomia Erkidegoko errepide bidezko garraioaren sektoreko eta jarduera osagarrietako profesionalen eta enpresarien elkarteei zuzenduta dago, baita beren federazio eta konfederazioei eta kooperatiben federazio eta konfederazioei ere.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, era berean, salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektorean kalitate- eta ingurumen-kudeaketa sistemak ezartzeko diru-laguntza programa bat ezarri du, zerbitzu-ematean segurtasun, kalitate, gardentasun eta azkartasun handiagoak lortzeko helburuarekin. Laguntzak 24.000,00 eurokoak izango dira orotara.

«Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzearen helburua zerbitzu-ematean segurtasun, kalitate, gardentasun eta azkartasun handiagoak lortzea da. Alde batetik, garraio-enpresentzat positiboa da, beren egitura zaharberrituko dutelako, zerbitzuak kalitatez kudeatu eta ematea eta bide batez bezeroak gogobetetzea ahalbidetuko dien sistema baten bidez; eta bestetik, erabiltzaileei begira onuragarria da, kalitate, gardentasun eta segurtasun handiagoko zerbitzua lortuko dutelako», adierazi du Ana Oregi sailburuak.

Ingurumen-kudeaketako sistemak ezartzearen helburua berbera da: enpresei «ingurunea zaintzearen aldeko beren konpromisoa islatzen duen sistema eraginkor bat edukitzea ahalbidetuko die, baita ingurumenean eragin negatiboa izan dezaketen jarduerak, produktuak edo zerbitzuak kontrolatzeko mekanismoak edukitzea eta ingurumen arloko lege-baldintzak betetzea ere, eta hala, garraio-sistema jasangarri bat lortzen lagunduko dute».

«Diru-laguntzen programa hau Euskadiko Garraio Jasangarriaren Gidaplanean garraio jasangarria lortzeko eta garraioaren zaharberritzea sustatzeko jasotako helburu, estrategia eta jarduera-ildoekin bat dator. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak salgaien eta bidaiarien garraio publikoaren zaharberritzea sustatzeko dauzkan helburuen barruan sartzen da. Horretarako, garraioaren sektorean erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta bai kalitate-ziurtagirien bai ingurumen-ziurtagirien lorpena sustatzea aurreikusten da», zehaztu du Oregik.