2015/06/16 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
27,1 milioi euroko diru-laguntzak onartu dira lankidetza proiektu eta programetarako.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak berehalako mezularitza zerbitzua abiaraziko du herritarrekiko harremana azkartzeko eta errazteko.
Eusko Jaurlaritzak salatu du espainiako gobernuak berriz ere blokeatu duela trenbideen transferentzia, euskal trenbideak interes orokorreko katalogoan sartuta.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak gauzatu 2015 programa deitu du, eta 26 milioi euro bideratu dizkio programari, enpresen inbertsioa sustatzeko.
Eusko Jaurlaritzak nazioartekotze alorreko bi programa berritzaile sustatuko ditu: LANdhome eta Interlehian.
2015eko Turismo eta Merkataritza Sarien deialdia.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
8,62 milioi euro musika-ikastegien finantziaziorako.
2,37 milioi euro pertsonala IRALE programan duten ikastetxe pribatuetarako.
OSASUN SAILA X. LEG.
Osasun Sailak ia 300.000 euro bideratu ditu ariketa fisikoa sustatzeko tokian tokiko jardueretara 2015ean.
Osasun Sailak 300.000 euro bideratuko ditu gaixotasunen bat duten pertsonen eta beren senideen bizi kalitatea hobetzeko xedea duten elkarteetara.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

27,1 MILIOI EUROKO DIRU-LAGUNTZAK ONARTU DIRA LANKIDETZA PROIEKTU ETA PROGRAMETARAKO.

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur argi berdea eman die lankidetzarako laguntzen bi lerroren deialdia egiteari; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatuko ditu lerrook eta 27,1 milio euroko zenbatekoa dute. Hain zuzen, 20 milioiko diru-laguntzak onartu dira proiektuetarako, eta 7,1 milioi eurokoak, programetarako.

Proiektuetarako diru-laguntzek Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzan burutzen duen jardueraren ardatza osatzen dute eta horietara bideratu dira funts gehienak honako modalitateetan:

• Garapenerako lankidetzarako, garapen produktiborako eta laguntza teknologikorako diru-laguntzak, pobreziaren kontra egiten eta Hegoaldeko herrialde txiroetako prozesu endogenoak eta gaitasunak indartzen laguntzeko (I eta II kapituluak), eta

• Euskal Autonomia Erkidegoan garapenari buruz egindako hezkuntza proiektuetarako diru-laguntzak, munduan desberdintasunak sorrarazten dituzten arrazoiak ulertarazteko trebakuntza emateko herritarrei eta sortutako gizarte-ereduak eraldatzen herritarren inplikazioa eta konpromisoa sustatzeko (III kapitulua).

Laguntza horien hartzaileak EAEko GGKEak izango dira, edota Euskadin ordezkaritza dutenak, baldin eta helburu horretarako proiektuak aurkezten badituzte. Proiektu bakoitzerako diru laguntza gehienez ere 600.000 eurokoa izango da eta proiektuaren iraupena bi urtekoa izango da (beste bi urtera ere luza daiteke).

Bestalde, programetarako diru-laguntzak eragin sakonagoko eta epe luzeagoko planifikazioa duten jardueretarako dira, ekimen estrategikoak, iraupen luzekoak eta ahalmen eraldatzaile handikoak finantzatzeko, Giza Garapen Iraunkorraren ikuspegitik abiatuta, egitura aldaketak sorrarazte aldera pobreziaren kontrako borroka.

Laguntza horien hartzaileak garapenerako euskal erakundeak izango dira (GKEak, fundazioak, eta abar), espezializazio maila altua eta gizarte, finantza, estrategia eta kudeaketa ahalmena izateagatik GLEAk aurrez akreditatu baditu laguntza horiek jasotzeko aukera izateko.

Diru-laguntzok programaren %85 finantzatzeko izango dira eta gehienez ere 1,2 milioi euroko zenbatekoa izango du bakoitzak. Gainontzeko %15 beste erakundeen funtsez edota programa sustatu duten erakundeen ekarpenez finantzatuko da. Programok 2 eta 3 urte bitarteko iraupena izango dute (beste bi urtera ere luza daitezke).

Bi kasuotan (proiektuenean zein programenean), diru-laguntza horietan interesa duten erakundeek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara jo beharko dute eta hilabete bat izango dute horretarako, deialdia EHAAn argitaratzen denetik kontatzen hasita –ekainaren 18an argitzea dago aurreikusita–.

Gaur egun, gutxi gorabehera, 320 proiektu eta 30 programa daude abian, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatuta.
 

 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK BEREHALAKO MEZULARITZA ZERBITZUA ABIARAZIKO DU HERRITARREKIKO HARREMANA AZKARTZEKO ETA ERRAZTEKO.

LABURPENA

• Telegram aplikazioa erabiliko du, ematen dituen segurtasuna eta konfidentzialtasuna direla eta. Eusko Jaurlaritzako ZUZENEAN zerbitzuko langileak arduratuko dira herritarrei erantzuteaz, goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpi eta erdiak bitartean, astelehenetik ostiralera.
• Doako zerbitzu publiko berri hau astelehenetik aurrera egongo da erabilgarri, nahikoa izango da aplikazioa telefono mugikorrean instalatzea eta Eusko Jaurlaritzaren zenbakia eranstea: 688 67 12 34.
• Hala, herritarreko Euskal herri-administrazioari zerbitzu publikoei eta izapideei buruzko informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskatzeko laugarren kanala izango da berehalako mezularitza.

Eusko Jaurlaritzak herritarrekin harremanetan egoteko beste kanal bat jarriko du martxan datorren astelehenean, ekainak 22: Telegram aplikazio mugikorraren bidezko berehalako mezularitza. Horretarako 688 67 12 34 telefono zenbakia erabiliko du. Astelehenetik aurrera, EAEko Herri Administrazioak ematen dituen zerbitzuei buruzko informazioa, aholkularitza eta orientazioa eskatu nahi duten pertsonek telefono mugikorren sistema eragile nagusietan (Android, Iphone eta Windows Phone) erabil daitekeen aplikazio baten bidez egin ahal izango dute, hura deskargatu eta Jaurlaritzak prestatutako telefono zenbakia kontaktuen zerrendan erantsi ondoren.

Eusko Jaurlaritzak Telegram plataforma aukeratu du herritarrak artatzeko, hiru arrazoi nagusigatik: alde batetik, zerbitzu honek antzeko beste batzuk baino segurtasun eta kofidentzialtasun handiagoa ematen du; bestetik, Telegramek API (Application Programming Interface) irekia du eta guztien eskura protokolo askea ere bai, hau da bere kode-iturria partekatzen du hobetzeko, eta azkenik, aplikazioa doakoa da.

Eusko Jaurlaritzaren ZUZENEAN Herritarren Arretarako Zerbitzuko langileek kudeatuko dute Lakuan, orain arteko ohiko komunikazio-kanalekin batera: aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta Internet bidezkoa.

Eusko Jaurlaritzak informazio-gizartearen ohitura berrietara eta une bakoitzeko beharretara etengabe egokitzeko hartutako konpromisoan oinarrituta sortu da EAEko Herri Administrazioaren eta herritarren arteko komunikazio-sistema berria. Halaber, Eusko Jaurlaritzak herritarrak aktiboki entzun nahi ditu, eta herri-administraziorako sarbidea erraztu nahi du. Komunikazio-bide berriaren abantailen artean daude, besteak beste, sistemaren berehalakotasuna, erabilerraztasuna eta doakotasuna.

PROIEKTU PILOTUA

Kanala herritar guztiei zabaldu aurretik, Eusko Jaurlaritzak esperientzia pilotua abiarazi zuen 2014ko urriaren eta abenduaren artean, herritarren talde bati erantzuteko. Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, EGAko azterketei buruzko informazioa eskatzen zuten herritarrak hautatu ziren lagin moduan. Hala, emaitzak kontsultatzeko, 1.257 lagun bulegoetara joan ziren, 442k berehalako mezularitza erabili zuten, WhatsApp aplikazioaren bidez, eta 172k soilik telefonoz deitu zuten.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, esperientzia pilotuaren emaitzak oso positiboak izan dira eta, horregatik, herritar guztiei eta EAEko Herri Administrazioak ematen duen informazio osora zabaldu nahi izan du, kasu honetan Telegram aplikazioaren bidez, aipatutako arrazoiak direla eta.

ZUZENEAN

2008. urtean sortu zuten ZUZENEAN herritarrak artatzeko zerbitzu publiko eta doako gisa. Goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpi eta erdietara dago erabilgarri, www.euskadi.eus webgunearen, hiru hiriburuetako bulegoen eta 012 telefono zenbakiaren bidez.

Herritarrak pozik daude zerbitzuarekin: inkesten arabera, zerbitzua erabiltzen duten 10 lagunetatik 8k behar bezala argitzen dute egindako eskaera.

ZUZENEAN zerbitzuak Eusko Jaurlaritzak ematen dituen izapideei eta zerbitzuei buruzko informazioa, orientazioa eta aholkularitza ematen du. Hauek dira eskatuenak, ordena honetan:


ZUZENEAN ZERBITZUAN EMANDAKO ARRETA, 2015EKO URTARRILAREN 1ETIK EKAINAREN 15ERA BITARTEAN
(Gehien eskatutako zerbitzuak, lehenengo hamarrak)

IZAPIDEAK GUZTIRA %
Kontziliazio-laguntzak 45.868 %11,8
Haurrak jaiotzeagatiko edo adoptatzeagatiko laguntzak 42.572 %11,0
Hezkuntza langileak 30.607 %7,9
Beka ez-unibertsitarioak, eskolatze-bekak 30.131 %7,8
Etxebiden izena ematea 29.612 %7,6
Zigorrak 24.944 %6,4
Etxebideko espedienteen kontsultak 20.357 %5,3
Etxebideko espedientearen zuzenketa eta berritzea 20.090 %5,2
Etxebizitza-komunitateak eraberritzeko laguntzak 12.727 %3,3
Beka unibertitarioak 9.523 %2,5

 

2014-2016 BERRIKUNTZA PUBLIKOAREN PLANA

Administrazioak herritarrekiko harremana ZUZENEAN zerbitzuaren bidez hobetzea da 2014-2016 Berrikuntza Publikoaren Planaren , Eusko Jaurlaritzak 2014ko ekainaren 17an onartutakoaren, konpromiso estrategikoetako bat.

Berehalako mezularitzako zerbitzu berri honekin, Eusko Jaurlaritzak XXI. mendeko herri-administrazioaren printzipioak lortzen jarraitzen du: gardentasuna, lankidetza eta partaidetza. Gainera, beste helburu hauek ere lortzen ari da:

• Erabiltzaileei berehala erantzutea, zuzenean, bitartekaririk gabe.
• Herritarren eskaerei eta nahiei buruzko informazioa ematea, denbora errealean.
• Herritarrak entzutea eta haien iritziak biltzea.
• Politika eta zerbitzu publikoetan herritarren partaidetza aktiboa bultzatzea.
• Administrazioa aldaketa kulturala bultzatzea, herritarrengandik hurbilago egon dadin.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK SALATU DU ESPAINIAKO GOBERNUAK BERRIZ ERE BLOKEATU DUELA TRENBIDEEN TRANSFERENTZIA, EUSKAL TRENBIDEAK INTERES OROKORREKO KATALOGOAN SARTUTA.

Erabakia, eskumen-gatazka positiboa planteatu aurreko eskumengabetasun-errekerimendua egitekoa, Interes Orokorreko Trenbide Sareko Lineen eta Bide-zatien Katalogoa onartzen duen 30eko OM/3553/2011 Agindua dela-eta.

LABURPENA

• Bigarrengoz egin du gauza bera legegintzaldi honetan, eta Espainiako gobernuak ez badu 1 hilabeteko epean indargabetzen araudia, Konstituzio Auzitegira joko du Eusko Jaurlaritzak.

Gobernu-kontseiluak gaur onartu du Espainiako gobernuari agindeia helaraztea, «Agindua, FOM/710/2015, urtarrilaren 30ekoa, Interes Orokorreko Trenbideko linea eta bide-zatien katalogoa onartzekoa» indargabetzeko. Bigarren aldia da (*) legegintzaldi honetan Espainiako gobernuak «interes orokorreko» katalogoan sartzen dituela Euskadiko bide-zatiak, eta horrek Gernikako Estatutuaren 10.32 eta 10.33 artikuluei dagozkien trenbideen eta obra publikoen gaineko transferentziak de facto eta modu iraunkorrean blokeatzea dakar.

Estatuak trenbide-zati horiek «interes orokorrekotzat» hartu dituenez, Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko organismoren batek kudeatu behar ditu nahitaez, RENFEk edo ADIFek kasu. Eusko Jaurlaritzaren iritzian, nahitaezkotasun hori Estatuaren gehiegikeria bidegabe eta egoskorraren seinale da; izan ere, Konstituzio Auzitegiaren doktrina oso argia da, eta trenbideetan lurraldetasun-irizpideak lehenetsi behar direla ezartzen du. Hau da: autonomia-erkidego jakin baten hasi eta amaitzen diren bide-zatiak erkidego horri dagozkio.

Eusko Jaurlaritzak salatu du katalogoan sartutako linea guztiak, bidaiarienak zein salgaienak, Euskal Autonomia Erkidegoan hasi eta amaitzen direla. Horrenbestez, erkidegoz gaindiko interesa justifikatu ezinekoa da eta ez dira, inola ere ez, funtsezkoak Estatuko garraio-sistema komuna bermatzeko.

LERROAK

Honako linea hauek «interes orokorrekotzat» katalogatu izana jarri da auzitan:

BIDAIARIAK:

  • 100: Irun-Brinkola.
  • 720: Bilbo/Abando-Santurtzi.
  • 722: Desertu/Barakaldo-Muskiz.
  • 782: Basurtuko Ospitalea/Bilbo-Ariz.
  • 780: Bilbo/Concordia-Irauregi
  • 784: Irauregi-Lutxana/Barakaldo.
  • 790: Bilbo-Balmaseda.

SALGAIAK:

  • 724: Bilbo-Santurtzi
  • 201: Pasaiako portua
  • 481: Bilboko portua

ESKUMEN GATAZKA POSITIBOA

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, Espainiako gobernuak ez badu 1 hilabeteko epean indargabetzen agindu hori, eskumen-gatazka positiboa aurkeztuko dute Konstituzio Auzitegian. Azkenean errekurtsoa jartzen bada, lege-mailakoa ez den Espainiako arau baten aurka jarritako bostgarrena izango da legegintzaldi honetan:

• 1506/12 Errege Dekretua, azaroaren 2koa, Osasun Sistema Nazionaleko prestazio ortoprotesikoen zorro erkide osagarria arautzen duena eta prestazio ortoprotesikoen finantzaziorako gehieneko zenbatekoak zehazteko oinarriak ezartzen dituena.
• 126/2014 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma ezartzen duena.
• 1056/2014 Errege Dekretua, abenduaren 12koa, ezgaitasunak dituzten pertsonentzako aparkatzeko txartela igortzeko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak erregulatzen dituena.
• 1192/2012 Errege Dekretua, abuztuaren 3koa, funts publikoen kargura eta Osasun Sistema Nazionalaren bidez Espainian osasun laguntza jasotzeko asegurudun eta onuradun izaera arautzen duena.

Errekurtsoa jarritako araua lege-mailakoa denean, konstituzio kontrakotasuneko errekurtsoa jarri behar da. Legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzak 11 konstituzio kontrakotasuneko errekurtso jarri ditu:

• 16/2014 Errege Lege-Dekretua, abenduaren 19koa, enplegua suspertzeko programa arautzen duena.
• Hazkuntzaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren aldeko premiazko neurriak onartzeko urriaren 15eko 18/2014 Legea.
• 1/2014 Legea, otsailaren 28koa, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoa.
• 8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, Hezkuntza Kalitatea hobetzekoa.
• 1/2013 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena.
• 2012rako Aurrekontuen Espainiako Legea.
• 2013rako Aurrekontuen Espainiako Legea.
• Estatuko 20/2012 Errege Lege-dekretua, uztailaren 13koa, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa.
• 4/2013 Errege Lege-dekretua, otsailaren 22koa, eta 11/2013 Legea, uztailaren 26koa, ekintzaileari laguntzeko eta hazkundea eta enpleguaren sorrera bultzatzeko neurriei buruzkoa.
• Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege-dekretua.
• Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta sistemaren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege-dekretuaren zati bat.

(*) Konstituzio Auzitegian jarritako errekurtsoa, 2013ko irailekoa, 4/2013 Errege Lege-dekretuaren, otsailaren 22koaren, 38. artikuluaren eta eranskinaren aurka jarritakoa, Estatuko Interes Orokorreko Trenbide-sareko linea eta bide-zatien beste katalogo bat barne hartzen zuena.

 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK GAUZATU 2015 PROGRAMA DEITU DU, ETA 26 MILIOI EURO BIDERATU DIZKIO PROGRAMARI, ENPRESEN INBERTSIOA SUSTATZEKO.

Erabakia, teknologia-oinarriko ETEak edota berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Industria programa 2015ean finantzatzeko 5.000.000 eurotik gorako gasturako baimena ematekoa.

LABURPENA

• 2013an eta 2014ean, Gauzatu programak 207 milioi euroko inbertsioa eragin zuen eta 3.188 lanpostu mantentzen eta 1.209 sortzen lagundu

• 2015eko ekonomiaren testuinguruak aditzera ematen duenez, programaren eragin ugaltzailea areagotuko da aurreko ekitaldien aldean.

Gaur egindako bileran, gobernu-kontseiluak bide eman dio Gauzatu Programaren aurtengo deialdiari (2015). Hain zuzen, 26 milioi euro bideratu dizkio, Euskadiko ETEek proiektu berritzaile eta enplegu-sortzaileetan inbertitu dezaten sustatzeko.

Beraz, programaren erdigunean, oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren ETEak sortzea eta garatzea datza, hartara, trakzio-efektua eragin dezaten Euskadiko ekonomian, dela inbertsioari dagokionez, dela enplegua mantentzen eta sortzen lagunduko duten enpresa berritzaileak sortzeari dagokionez.

Gauzatu programak, Eusko Jaurlaritzaren Industria Planaren tresna gako den heinean, aukera ematen du Euskadiko enpresen baliabideak eta inbertsio-gaitasuna «neurtzeko». 2013an eta 2014an lortutako emaitzek aditzera ematen dutenez, Euskadiko enpresen inbertsio-apustua finkatu da, eta Gauzatu programa eraginkorra da halako inbertsioak sustatzeko.

2013 eta 2014 urteen artean, Gauzatu programak 52 milioi eman zituen, laguntza publikoen bidez, eta, horrenbestez, 207,7 milioi euroko inbertsioa eragin zuen. Halaber, 3.188 lanpostu mantentzen eta 1.209 lanpostu berri sortzen lagundu zuen.

Eusko Jaurlaritzak uste osoa du programaren eragin ugaltzailea areagotuko dela 2015ean, aurreko ekitaldien aldean, aintzat harturik testuinguru makroekonomikoko baldintzak mesedegarriagoak direla, bai eta enpresek berek premia dutela beren jarduera areagotzeko eta, beren bezeroen eskaria asetzeko, produktu eta zerbitzu berriak sortzeko ere.

Diruz lagundu daitezkeen proiektuak 120.000 euroko gutxieneko inbertsioa lortu behar dute, eta, gutxienez, hiru lanpostu sortu behar dituzte 36 hilabeteko epean. Jaurlaritzak bi muga ezarri ditu enpresa berriei emango dien diru-laguntzari dagokionez: batetik, inbertsioaren % 35eko gehieneko muga; bestetik, 1,5 milioi euroko gehieneko muga egitasmo bakoitzeko.

«Gauzatu 2015» programaren ezaugarri eta baldintzak

Helburua:

• oinarri teknologikoko ETEak eta/edo ETE berritzaileak sortzen eta garatzen laguntzea, lehiakor izateko eta enplegua sortzeko estrategia gisa.

Hartzaileak:

• oinarri teknologikoko eta berrikuntzako sektoreetan ekintzaile diren eta arriskuak hartzen dituzten ETEak
• bereziki lagunduko da produktu berrien garapena, bai eta
• tradiziozko produktuak merkatu berrietan sartzea ere. Orobat, eskuarteko produktuen eta produktu berrien produkzio-prozesuen hobekuntza teknologikoa.

Emaitzen aurreikuspena:

Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresei zuzentzen zaie diru-laguntza.

• 1,5 milioi euroko gehieneko muga ezarri da proiektu bakoitzeko.

• Guztira, 26 milioi euroko diru-laguntza aurreikusi dute deialdian, bai eta laguntzok 100 bat milioi euro inguruko inbertsioa eragingo dutela ere.

Aurkezpen-epeak

Programa hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera egongo da indarrean eta eskabideak aurkezteko epea 2015eko uztailaren 30ean amaituko da.
 

 

 

EUSKO JAURLARITZAK NAZIOARTEKOTZE ALORREKO BI PROGRAMA BERRITZAILE SUSTATUKO DITU: LANDHOME ETA INTERLEHIAN.

LABURPENA

• LANdhome programaren helburua da Euskadiko profesionalak birkokatzea: hain zuzen, enpresen nazioartekotze-alorrean trebatu eta berriz Euskadiratu direnak nahi ditu birkokatu.

• Interlehianek, berriz, nazioarteko lehiaketetan parte-hartzeko aukera samurtu nahi die Euskadiko enpresei.

• Bi programak esperimentalak dira eta 700.000 € bideratu dira haietara. Oso premia zehatzei erantzuten diete, baina garrantzitsuak dira oso Euskadiko enpresentzat.

2014-2016 Nazioartekotze Planaren jarduera-ildo nagusiei jarraiki, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bi programa deitu ditu Euskadiko ekonomia eta enpresagintza nazioartekotzeko faseen premia berariazkoei erantzuteko.

Gure enpresak nazioarte-mailan txertatzea gako da haien etorkizuneko lehiakortasunari begira. Enpresei laguntza ematean, erakundeek nahitaez hartu behar dituzte aintzat nazioartekotze-prozesuen berezitasunak, enpresen tamainaren eta nazioartekotze-etaparen arabera hartu ere. Eusko Jaurlaritzak eta SPRIK bere horretan mantendu dute enpresen nazioartekotzearen alde egindako apustua, eta enpresei laguntzeko egiturak egokitzen saiatzen dira uneoro, nazioartekotze-alorrean gauzatutako garapen-mailaren arabera.

Gure giza-kapitalaren gaikuntza, eta aldeanitzeko finantzaketa eta lankidetza: horra hor Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Planaren erdigunean dautzan bi ardatzak. Askotariko programak daude zabalik horretarako: Nazioartekotzeko Beken programak, Global Training delakoa, esportazioentzako berariazko finantzazio-lerroak, eta abar.

Dena dela, eta atzerrian maila-altuan txertatu badira ere Euskadiko enpresak, gure enpresen tamaina arazo gisa ageri zaigu gobernuak, erakundea nazioartean ordezkatzeko hainbat irteeratan, hautemandako bi premia bereziri dagokionez.

Batetik, enpresek zailtasunak dituzte atzerrian luzaroan egon eta atzerriratzea eragin zuen zeregina bete ondoren Euskadiratzeko eskaera egiten duten profesionalak birkokatzeko.

Bestetik, ETEek mugak eta zailtasunak dituzte (euren ekoispen-gaitasuna, izapidetzeko egitura faltak, etab. direla eta) aldeanitzeko nazioarteko deialdi eta lehiaketetan parte-hartzeko.

LANdhome: berriz Euskadiratzen diren langileak kontratatzeko

LANdhome esperimentu gisa abiarazi dute, 400.000 euro bideraturik programari. Hain zuzen, Euskadin kokatutako enpresei diru-laguntzak ematean datza programa, hartara, Euskadira itzuli diren Euskadiko profesionalak kontratatu ditzaten.

Eskarmentu handiko profil profesionala dute halakoek, eta haien enpresak ez du gunerik aurkitzen beroiek Euskadin kokatzeko. Hala ere, baliteke esperientzia hori duten profesionalak behar izatea Euskadiko zenbait enpresek, eta langile horien ezagutza hobeto balioestea eta baliatzea enpresotan.

Programaren helburua da enpresei laguntzea, hain zuzen, haien egiturak moldatu ditzaten eta bide eman diezaioten atzerrian trebatutako profesional, zuzendari eta teknikarien itzulerari.

Programaren babesa diru-laguntza publiko gisa zertu da; enpresei zuzendu zaizkie laguntzok, aukera izan dezaten nazioarteko eskarmentua egiaztatu dezaketen profesionalak kontratatzeko. Hala, langileari dagokion lan-kontratuaren lehen urteko lansari-kostu gordinaren parte bat estaliko da diru-laguntzaz.

Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etatik aurrera. Amaitu, aldiz, 2015eko urriaren 15ean amaituko da, 12:00etan.

Interlehian: ETEek nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko

Interlehianek ETEak babestu nahi ditu, nazioarteko lehiaketetan parte har dezaten. Hala, 300.000 euro bideratu dira programara xede horrekin.

Programaren helburua da EAEn erregistratutako enpresen nazioartekotzea sustatzea. Horretarako, enpreson parte-hartzea sustatuko da 2015eko ekitaldi osoan egingo diren nazioarteko lehiaketetan –dela bakarka, dela lankidetzan–, baldin eta lehiaketa ez badu Espainiako estatuan ezarritako enpresa batek deitu.

Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etatik aurrera. Amaitu, aldiz, 2015eko urriaren 30ean amaituko da, 12:00etan.

 

 

2015EKO TURISMO ETA MERKATARITZA SARIEN DEIALDIA.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 2015eko Turismo eta Merkataritza Sarien deialdia argitaratu du. Sari horiekin, sektore horietako pertsonek, erakundeek eta enpresek egindako lana errekonozitu nahi dute.

Turismo sariek hiru kategoria bilduko dituzte:
• Berrikuntza bultzatzea
• Lehiakortasuna bere jarduera-sektorean
• Lan-ibilbidea

Euskal autonomia-erkidegoko turismo-sektorearekin zerikusia duen jarduera ekonomikoren bat zuzentzen edo kudeatzen duten pertsonek, fisikoek edo juridikoek, eskuratu ahal izango dituzte sariak, bai eta Euskadin jardun-esparrua duten udal, erakunde profesional, korporatibo edo gremioetakoek ere, dela publikoek, dela pribatuek.

Hautagaitzak Turismo Zuzendaritzan eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde ordezkaritzetan aurkeztu ahalko dira, ekainaren 25etik uztailaren 24ra arte, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak jasotako lekuetan.

Merkataritza sariek lau kategoria izango dituzte:
- Enpresa arteko lankidetza
- Merkataritza-berrikuntza
- Enpresa-ibilbidea
- Hiriguneen dinamizazioa

Euskal autonomia-erkidegoko irabazi asmoko jarduera ekonomikoa gauzatzen duten merkataritza-enpresen jabe diren pertsonek, fisikoek edo juridikoek, eskuratu ahal izango dituzte sariak. Merkataritzako hiri-inguruen dinamizazioa izeneko kategoriaren barruan pertsona fisiko edo juridikoek nahiz elkarte-egiturek sustatutako proiektuak sarituko dira, beren aldaera guztietan. Proposamenak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu ahal izango dira ekainaren 25etik uztailaren 24era.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

8,62 MILIOI EURO MUSIKA-IKASTEGIEN FINANTZIAZIORAKO.

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa. Helburua: musika-ikastetxeetarako diru-laguntzak finantzatzea.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onartu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, musika eskola eta ikastegiak finantzatzera bideratutako diru-laguntzen deialdia egiten duen Agindua. Diru-laguntza deialdi honek, 2014an bezalaxe, 8.629.962 euroko diru-kopurua du.

Deialdi honen helburua da, musika eskola, kontserbatorio nahiz ikastegi pribatuek 2015ean dituzten pertsonal gastuen finantziazioan laguntzea. Zentro hauek musika tradizionaletan lerrotutako prestakuntza praktikoa eskaintzen dute, eta bokazioa eta gaitasuna erakusten dituzten ikasleak ikasketa profesionaletan jarraitu ahal izateko prestatzen dituzte.

Diru laguntza hauen onuradun izan daitezke: Titularitate publikoa edo pribatua duten musika-eskolak, arautu gabeko irakaskuntza emateko baimena dutenak, eta titularitate publikoa duten Kontserbatorioak, irakaskuntza arautua emateko baimena dutenak.

Egun Euskadin, eskatutako baldintzak betetzen dituzten eta musika-irakaskuntzan ari diren 91 zentro daude: horietan 66, udal finantziazioa jasotzen duten musika eskolak dira; 5 titulartasun munizipala duten kontserbatorioak (Barakaldo, Leioa, Durango, Irun eta Errenteriakoak); eta gainerako 25 udal-finantziaziorik ez duten zentro pribatuak.

2014-2015 ikasturte honetan, Euskadiko 36.225 ikasle ari dira musika ikasketak burutzen –ikasketa arautuak nahiz ez arautuak- 91 zentro horietan.

Gasteizko Jesus Guridi, Donostiako Francisco Escudero eta Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioak ezingo dira deialdi honen onuradun izan, ikastegi hauek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren kudeaketa zuzena baitute.

Diru-laguntza hauetarako eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

2,37 MILIOI EURO PERTSONALA IRALE PROGRAMAN DUTEN IKASTETXE PRIBATUETARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko egunean agindu bat, 2015. urtean klase-orduetan eman beharreko IRALE programako euskarako ikastaroetan parte hartzeko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatuei edo ekimen sozialeko ikastetxeei eman beharreko diru-laguntzen deialdia argitara ematen duena, onartu du.

Irakasleak hizkuntzetan gaitzeko 1994tik aurrera funtzionatzen duen IRALE programa Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko edo pribatuetan irakasten duten irakasleentzat da eta elebitasuna EAEko hezkuntza-sisteman apur-apurka ezartzen laguntzeko behar diren giza baliabideak, baliabide ekonomikoak eta antolaketa-baliabideak jartzea du helburu.

Diru-laguntza horiek, 2.369.971 euroko zenbateko globala dutenek, euskara ikasteko liberatutako irakasleak ordezkatzearen ondoriozko gastuak diruz laguntzea dute helburu. Irakasle horiek izango dute urteko, hiruhilekoko edo 5 asteko ikastaroak egiteko aukera.
 

 

OSASUN SAILA X. LEG.

OSASUN SAILAK IA 300.000 EURO BIDERATU DITU ARIKETA FISIKOA SUSTATZEKO TOKIAN TOKIKO JARDUERETARA 2015EAN.

LABURPENA

Osasun Sailak 292.000 euro bideratu ditu toki-erakundeei laguntzera, ariketa fisikoa sustatzeko ekimenak gauza ditzaten 2015ean.

Tokiko esparruan eta osasuneko arloa ez direnetan gauzatutako jardueretan osasuna sustatzea xede duela, Osasun Sailak toki-erakundeak laguntzeko deialdia egin du. Horren bidez, Euskadin osasuna sustatzearen aldeko toki-erakundeek ariketa fisikoak sustatuko dituzte, MUGIMENT, Euskadin jarduera fisikoa sustatzeko estrategian zehaztutakoarekin bat etorriz, eta 2013-2020 aldirako Osasun Planean jasotakoaren arabera; lehentasunezkoa da gizarte aktiboagoa eratzea, sektore-arteko lankidetzaren eta toki-mailako auzolanaren bidez.

Deialdiaren xedea pertsonen egunerokotasunean jarduera fisikoa sustatzea da; izan ere, jarduera fisiko erregularra osasunaren mesedetan da eta gaixotasunak prebenitu, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetu, etekin ekonomikoak eman eta ingurumenaren jasangarritasuna sendotzen ditu.

Proposatutako ekintzen artean daude toki mailako jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa prebenitzeko ekintzak eta estrategiak koordinatzeko sareak sortzea, hala nola hiriguneko nahiz hiri-inguruko ibilbideak edo pasealekuak egokitzeko eta dinamizatzeko programa eta esku-hartzeak, herritarrei guztiei zuzenduko zaizkienak, seguruak izango direnak eta behar bezala seinaleztatuta egongo direnak eta ohiko joan-etorrietan mugikortasun aktiboa erraztera eta/edo aisia aktiboa sustatzera bideratuko direnak.

Euskadin, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasunaren azken inkestak jaso dituen datuen arabera, biztanleen %31k ez dituzte betetzen Munduko Osasun Erakundeak jarduera fisikoaren praktikarako ezartzen dituen gutxienekoak. Multzo horrek ez-aktibotzat hartzen du bere burua, eta portzentajea handiagoa da emakumeen artean (%34), gizonezkoen artean baino (%27).
 

 

OSASUN SAILAK 300.000 EURO BIDERATUKO DITU GAIXOTASUNEN BAT DUTEN PERTSONEN ETA BEREN SENIDEEN BIZI KALITATEA HOBETZEKO XEDEA DUTEN ELKARTEETARA.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak onartu berri du patologia arrunt bat duten pertsonek eta beren senideek eratutako eta Euskadin diharduten irabazi asmorik gabeko elkarteak laguntzeko deialdia onartu du, egiten duten lana dela medio.

Elkarte horiek egindako ekarpena oso baliotsua da, eta betetzen duten eginkizuna funtsezkoa, Osasun Sailaren ustez, topaketa, komunikazio eta laguntzarako gunea baitira gaixoentzat zein haien senideentzat. Horrez gain, gaixotasunak eta tratamenduak ezagutzen laguntzen dute, baita prebentzioaren gaineko informazioa gainerako herritarrei ematen eta, horri esker, guztion ongizatea hobetzen ere.

Laguntza horien helburua 2015 ekitaldian gauzatutako jarduerak finantzatzea da, helburu hauekin:

1. Gaixotasunen bat duten pertsonen eta haien senideen kolektiboei laguntzea nork bere burua zaintzeko ahalmena eta autonomia handitzen dituzten trebetasunak eta baliabideak garatzen.

2. Kaltetuen premia soziosanitarioak artatzea eta bideratzea.

3. Kaltetuei eta beren senideei gaixotasunari buruzko ezagutza eta informazioa eskaintzea, arrisku-faktoreak eta osasun-jokabide egokienak kasu.

4. Gaixotasuna dutenen osasun-desberdintasunak murriztea.