2015/06/23 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Jaurlaritzak Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua abiarazteko dekretuak onartu ditu.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Gobernu-Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoa berrantolatzeko eta eraberritzeko Lege-Proiektua onartu du.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea arautzeko dekretu berria onartu du.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Arkitektoen eta Aparejadoreen Elkargoei diru-laguntzak emango zaizkie eraikuntzaren kalitatea hobetzeko.
Lanbideko kidearen izendapena.
50.000 euroko diru-laguntza Hiesaren aurkako Bizkaiko Herritar Batzordeari.
Lankidetza hitzarmena Universitat Pompeu Fabra unibertsitatearekin, etxebizitzen zozketari buruzko informazioa lagatzeko.
Hobetuzeko ordezkarien izendapena.
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Euskadiko unibertsitate sistemako unibertsitateekin 2016-2019 aldirako sinatutako kontratu-programei dagokienez Hezkuntza Sailak datozen 4 urteetan izango dituen beharrei aurre egiteko konpromiso kredituak.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
6,5 milioi Ugao-Miraballesen Bigarren Hezkuntzako Institutu berria eraikitzeko .
7,22 milioi euro eskola garraioko 86 ibilbide kontratatzeko.
500.000 LHren eremuko mugikortasunetarako, ERASMUS + programaren esparruan.
Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partziala.
800.000 euro irakasleak euskalduntzeko.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Aulestiko HUA eraikitzeko lursailak okupatzeari.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

JAURLARITZAK MEMORIAREN, BIZIKIDETZAREN ETA GIZA ESKUBIDEEN INSTITUTUA ABIARAZTEKO DEKRETUAK ONARTU DITU.

Erabakia, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Instituturen zuzendari izendatzeko dena.

Dekretua, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren 2015eko aurrekontua onartzeko dena.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak hainbat akordio onartu ditu gaur, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua abiarazteko; horrenbestez, Eusko Legebiltzarraren mandatua betez. Zehazki, Iñigo Urkullu lehendakaria institutu berriko presidente gisa eta Aintzane Ezenarro zuzendari gisa izendatzeko akordioa onartu du gobernu-kontseiluak. Orobat onartu ditu jarduna hasteko dekretua eta institutuarentzako aurrekontuak zehaztekoa.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak datorren uztailaren 1ean abiaraziko du bere jarduna, eta Bilbon, Euskadiko Agiritegi Historikoan, izango du egoitza. Aurten, 550.000 €ko aurrekontua izango du erakunde berriak eskuragarri, bai eta sei pertsonak osatutako lantalde tekniko bat ere, Aintzane Ezenarro buruan. Orain arte, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzan, biktimei arreta emateko aholkularia izan da Ezenarro.

Aintzane Ezenarro (Getaria, 1971) Kazetaritzan lizentziaduna da, bai eta Politika Zientzietan eta Soziologian ere, EHUn. Halaber, Oinarrizko Eskubideen eta Botere Publikoen inguruko master bat burutu du, EHUn ere. Elkarri gizarte-mugimenduko aldizkariaren zuzendari-lanetan aritu zen, eta ETBko «Políticamente Incorrecto» saioko idazle izan zen.

2003an, biktimei lotutako jarduera publikoan hasi zen; lehenbizi, Gipuzkoako Batzar Orokorreko ahaldun gisa, eta, ondoren, legebiltzarkide gisa, Giza Eskubideen Batzordean (2005-2012). Terrorismoko biktimei buruzko Ponentziako kide izan zen; horrez gain, parte hartu zuen terrorismo biktimei aitorpena egiteko Legea prestatzen.

Arrazoi politikoko testuinguruetan egindako giza eskubideen urraketen eta bidegabeko beste oinazeen biktimen ponentzian ere hartu zuen parte, eta Bake eta Bizikidetza Ponentziaren sorrera sustatu zuen 2012an. Ponentzia horretan adostu zen zoru etiko izenekoa. 2013ko ekainetik, eta 2014an aholkulari gisa Lehendakaritzan sartu zen arte, Adi-Adian hezkuntza-moduluari (ikasgeletako biktima-programari) jarraipena emateko eta programa hura sendotzeko ardura izan zuen.

Aurreikusi denez, aurrera eratuko da osoki Zuzendaritza Kontseilua, behin foru-aldundien eta Eudelen ordezkariak izendatutakoan.

*Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua bihar aurkeztuko dute hedabideen aurrean, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari Jonan Fernándezek eta Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok, hain zuzen.

 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

GOBERNU-KONTSEILUAK EUSKO JAURLARITZAREN ZERBITZU JURIDIKOA BERRANTOLATZEKO ETA ERABERRITZEKO LEGE-PROIEKTUA ONARTU DU.

Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa antolatzeko Lege-proiektua.

LABURPENA

• Zerbitzu Juridiko Nagusiaren eta euskal sektore publikoko sailen eta erakundeen aholkularitza juridikoen funtzioak, antolamendua eta egitura arautzen ditu.
• Duela 30 urte sortutako araudi bat eguneratzen du, eta zerbitzu juridikoen funtzio bikoitzari heltzen dio: barnekoa, zuzenbide-arloko aholkularitza ematea, eta epaietan Euskal Administrazio Publikoaren eta bertako langileen interesak babestea.
• Proiektuak espezializazio berria sortzen du funtzionarioen kidegoan; hain zuzen, «Letradua»rena, kualifikazio eta konpetentzia maila handikoa.
• Legea onartzen denetik aurrera, euskal sektore publikoko zernahi erakundek nahiz entitatek hitzarmen bat sinatzeko aukera izango dute, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiaren laguntza juridikoa jasotzeko eta, hala, baliabide publikoak errentagarriago eta eraginkorrago bihurtzeko.

Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko Lege Proiektua onartu du gaur. Esparru juridiko berri bat izango da, eguneratua, modernoa eta berezkoa, indarreko araudia, duela ia 30 urtekoa, ordezkatzeko (7/1986 Legea, ekainaren 26koa, Euskal Herriko Autonomia Elkartearen Epaietarako Ordezkotza eta Aldezpenari buruzkoa).

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko zerbitzu juridikoak araupetzen eta berrantolatzen ditu proiektuak, hain zuzen, zerbitzuon zeregin bikoitzari helduz: barne-aholkularitza juridikoa ematekoa (kontsulta-funtzioa) eta epaiketetan babesa ematekoa (auzi-funtzioa). Horrenbestez, honako hauei eragiten die arauketak:

• Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiari: gaur egun, 32 letraduk eta laguntzaileek osatzen dute. Administrazioaren zerbitzu juridiko guztien artean, prestakuntza maila handienekoa da eta gaur egungo Herri Administrazio eta Justizia Sailaren baitakoa da.
• Eusko Jaurlaritzako sailen edota euskal sektore publikoko beste erakunde, entitate nahiz enpresen aholkularitza juridikoak: 210 aholkulari juridikok osatzen dute zerbitzu hori gaur egun. Organook honako zeregin hauek egiten dituzte: zuzenbide-arloko aholkuak eman, aginduzko txosten juridikoak egin, irizpenak eman, ebazpen-proposamenak egin, hitzarmenak idatzi, erreklamazioak egin, ofiziozko berrikusketak, administrazio-espedienteak eta gobernu-kontseiluarenak, etab.

Lege motza da: 17 artikulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, indargabetzeko xedapen bat eta bi azken xedapen ditu.

ZERBITZU JURIDIKO NAGUSIA

Legeak finkatzen duenez, Zerbitzu Juridiko Nagusia zuzendaritza-zentro nagusia da. Berau osatzen duten 32 pertsonek Administrazio Publikoko zerbitzu juridiko guztien artean aditu-maila altuena dute, eta letradu zereginak betetzeko gaituta daude. Beraz, aholkularitza-funtzioa betetzeko ez ezik, epaiketetan Jaurlaritzaren interesak nahiz bertan lan egiten duten langileenak defendatzeko ere gaituta dago zerbitzu juridiko hau.

Zerbitzuari dagokionez, testuak honako berritasun nagusi hau txertatzen du: «Letradu espezialitatea» sortzea, dekretu bidez, funtzionarioen kidegoaren barruan (17. artikulua eta xedapen gehigarria). Hala, prestakuntza-maila handiko zerbitzu horren jarraitutasuna bermatu nahi du Jaurlaritzak, bai eta zerbitzuaren baitako belaunaldi-txandakatzea ere. Letradu espezialitatean, aholkulari juridiko gisa eskarmentu eta prestakuntza handiena akreditatu dezaketen funtzionarioak sartuko dira –lege barruan jasota dagoenez, behin-behineko langile gisa denbora luzea daramatenei ere kontuan hartuko zaie esperientzia–.

Eusko Jaurlaritzako letradu gisa arituko den pertsonala gaituta dago epaiketetan Euskal Administrazio Publikoa defendatzeko, jurisdikzio-instantzia guztietan, Konstituzio Auzitegia eta nazioz gaindiko nahiz nazioarteko organoak barne, bai eta arbitraje-prozeduretan eta prozedura parajudizialetan ere.

Zerbitzu Juridiko Nagusiak laguntza juridikoa ematen dio bai Euskal Administrazio Publikoari eta bai sorrera-legean hala xedatzen duen erakunde publiko guztiei ere. Legea onartzen denetik aurrera, gainera, beste euskal erakunde publiko eta ente batzuek –betiere, euskal sektore publikokoak edo partaidetuak baldin badira– elkarlan- eta lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte, Zerbitzu Juridiko Nagusiak laguntza eman diezaien. Horrela, orain arte epaiketetako defentsa bulego pribatuei kontratatzen zieten euskal erakunde publikoek eta sektore publikoko entitateek ere zerbitzu publiko hau erabili ahal izango dute. Aukera horrek baliabide publikoei errentagarritasun handiagoa ateratzea, eta hala, irtenbide eraginkorragoak bilatzea, ekarriko du. Zehazki, 2. artikuluaren bosgarren lerrokadan jasotakoaren arabera, Zerbitzu Juridiko Nagusiak honako ahalmen hauek izango ditu: «Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio batzuetako laguntza juridikoa hartu ahal izango du bere gain, baita merkataritza-sozietateena, fundazio publikoena, partzuergoena eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duten gainerako erakundeena ere».

Halaber, legean, auzi-funtzioaren berezko alderdiak Estatuko abokatutzak edo bulego pribatuek egiten duten modu berean arautzen dira, lehenengo aldiz, ordezkaritzari edo postulazioari, epaiketa-kostei, ekintzen gauzatzeari, kereilak jartzeari, eta abarri dagokienez.

INTERES-GATAZKAK

Epaiketa baten defentsan interes kontrajarriak sortzen badira (8. art.), Zerbitzu Juridiko Nagusiak erakunde publiko edo partaidetuari defentsa ukatu beharko dio. Adibidez, erakunde publiko edo partaidetu bat euskal administrazio publikoaren beraren aurka auzitan badabil.

Era berean, legean jasotzen denez, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak ezingo ditu ez Eusko Jaurlaritzako, ez sektore publikoko erakunde edo enteetako agintariak edo langileak ordezkatu edo defendatu euskal administrazio publikoarekin berarekin interes-gatazka baldin badago (10. art.).

ZERBITZU JURIDIKOEN ARTEKO KOORDINAZIOA

Lege honetan, erregelamendu bidez Koordinazio Juridikoko Batzordea eratzea aurreikusten da (16. art.). Organo berri bat izango da, kide anitzekoa eta espezializatua, eta Zerbitzu Juridiko Nagusiko letraduez gain, sail eta erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoetako abokatuak ere ordezkatuta egongo dira. Haren helburuak arlo juridikoko jardueren koordinazioa estutzea, elkarri aholkuak ematea, ebazpenei eta prozesu judizialen ondorioei buruzko informazioa partekatzea, jarduera-irizpideak finkatzea... dira.

Gainera, organo eskudunek epaiak gauzatzen dituztenean, Zerbitzu Juridiko Nagusiari jakinarazi beharko diote, interes publikoak defendatu eta babestu ditzan. Halaber, bai Eusko Jaurlaritzari bai euskal administrazio publiko osoko sailei aholkuak emango dizkie eta defendatuko ditu, haiekin etengabe harremanetan egonda.

Lege-proiektu hau egin aurretik, Eusko Jaurlaritzak gure inguruan existitzen den araudiaren azterketa konparatu bat egin du, eta planteatutako alternatibak aztertu ditu, bai Estatu mailakoak bai autonomia-erkidegoetakoak, eta Euskadirako zerbitzu juridikoen eredu propio eta berezi bat definitzea erabaki du.

Orain, aurreproiektuaren testua Eusko Legebiltzarrari helaraziko zaio, eztabaidatu dezan, eta ondoren, talde parlamentarioek onar dezaten.
 

 

Erlazionaturiko temak
Lege Proiektua

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK ZIENTZIA, TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZAREN EUSKAL SAREA ARAUTZEKO DEKRETU BERRIA ONARTU DU.

Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera eta erregistroa arautzeari eta eguneratzeari buruzkoa.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak oniritzia eman dio Dekretuari, hemendik aurrera Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen antolamendua eta funtzionamendua arautuko duenari.

Dekretu berriaren helburua hau da: ZTBES osoaren jarduna merkatura gerturatzea, eta emaitza hobeak lortzea hala enpresentzat nola gizartearentzat, merkatuarekiko hurbiltasunez, jarduera espezializazio adimenduneko esparruetan ardaztuz, bikaintasuna hobetuz eta eragile arteko lankidetzaren bitartez.

Zehazki, berrantolaketa honetan ezarriko diren helburuak honako hauek dira:

1. Merkatutik gertuago egongo den zientzia- eta teknologia-jarduera garatzea, herrialde lehiakorrenen ildotik, enpresa-ehunaren beharrizanei erantzuna emateaz gain. Horretarako, garapen teknologikoaren garrantzia %37tik %48ra areagotzea eta I+G jardueraren nahasketa orekatzea.

2. Ikerketa-jarduera Euskadiko espezializazio-esparruetan kontzentratzea, produktibitatea eta kalitatea areagotzeko asmoz, eta, horretarako, berariazko helburuak ezarri eta eragile bakoitzaren eta Sare osoaren espezializazio-maila neurtuko da.

3. ZTBESaren bikaintasuna hobetzea, hau da, eragile bakoitzak amaierako emaitzei egiten dien ekarpena ahalik eta hoberena izatea. Horretarako, nazioarteko erreferentzietan oinarritutako aginte-mahaiaren bitartez definituko dira.

4. Merkatura zuzendutako lankidetzazko ikerketa garatzeko gaitasuna indartzea, ezaguera-ekoizpen ez linealeko eredu berriak ezartzeko, horiek ZTBESko eragileek egindako ikerketen eraginkortasunari laguntzeko.

Aginte-koadroa, SAREAREN emaitzak neurtzeko

Berrantolaketa honen irizpide, eskakizun eta helburuek baliabide publiko eta pribatuak gehiago neurtzea eragingo du eta, horretarako, aginte-koadro bat diseinatu da, eragile bakoitzaren produktibitate-maila neurtzeko hainbat adierazle, besteak beste, barne hartzen dituena.

Adierazle horien artean kontuan hartuko dira, besteak beste, eragile bakoitzaren jarduera-nahasketa, teknologia-oinarriko enpresa berrietan sortutako lanpostu kopurua, teknologia-oinarriko enpresa berrien fakturazioa edo euskal enpresak barne hartzen dituzten nazioarteko proiektuak.

Kategoria bakoitzari dagozkion xedea eta helburuak

Egoera berri horretan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eragile bakoitzak (Ikerketa Kooperatiboko Zentroek, Zentro Teknologikoek, enpresetako I+G unitateek eta Bitartekaritza Eragileek) eskuratu beharreko xedea eta helburuak ezarri ditu, baita jarduera-nahasketa eta finantziazio-nahasketa ere.

Denen helburua izango da garapen teknologikoko jarduera handitzea.
 

 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

ARKITEKTOEN ETA APAREJADOREEN ELKARGOEI DIRU-LAGUNTZAK EMANGO ZAIZKIE ERAIKUNTZAREN KALITATEA HOBETZEKO.

Erabakia, zuzeneko diru-laguntzak emateko Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialari, Arabako Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialari, Bizkaiko Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialari eta Gipuzkoako Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialari eraikuntza eta etxebizitzen kalitatea hobetzeko.

LABURPENA

Gobernuak EAEko arkitektoen eta aparejadoreen elkargoei hainbat diru-laguntza ematea onartu du, etxebizitza berrien eta birgaitutako etxebizitzen kalitatea ez ezik, funtzionaltasunarekin, bizigarritasunarekin, jasangarritasunarekin, irisgarritasunarekin, telekomunikazioekin, iraunkortasunarekin eta mantentzearekin lotutako beste hainbat irizpide ere hobetzeko. Hain zuzen ere:

• 37.500 euro, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoari
• 9.840 euro, Arabako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialari
• 14.400 euro, Bizkaiko Aparailari eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialari
• 13.260 euro, Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialari

Laguntza horiekin prestakuntza/ikastaroak eta jardunaldiak antolatu eta emango dituzte, honako gai hauei buruz: birgaitutako eraikinen mantentze-lanetako eta erabiltzeko planak, laguntzak eta birgaitzea, oro har; halaber, eraikinen ikuskaritza teknikoari buruzko Eusko Regite informazio-zerbitzuarekin jarraitu eta zabaldu ahal izango dute.
 

 

LANBIDEKO KIDEAREN IZENDAPENA.

Dekretua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakundeko autonomoaren Administrazio Kontseiluko kideak kargutik kendu eta beste bat izendazteko dena.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña jaunak proposatuta, Gobernuak Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako zuzendari Amaia Arteaga Dañobeitia andrea izendatu du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluan ordezko kide izateko, Xabier Iñigo Ochandiano Martínez jaunaren ordez.

 

 

50.000 EUROKO DIRU-LAGUNTZA HIESAREN AURKAKO BIZKAIKO HERRITAR BATZORDEARI.

Erabakia, Bizkaiko Hiesaren aurkako Herritarren Batzordeari zuzeneko diru-laguntza ematekoa, gizarte-bazterkeriako egoera larrian dauden kontsumitzaileei eskakizun-maila txikiko arreta eta larrialdi soziosanitarioko zerbitzua eskaintzeko eguneko baliabidea finantzatzeko.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña jaunak hala proposatuta, Jaurlaritzak Bizkaisida Hiesaren aurkako Bizkaiko Herritar Batzordeari 50.000 euroko diru-laguntza ematea onartu du, Gizarte-bazterketa larrian dauden kontsumitzaileentzako arreta-maila txikiko eta larrialdi soziosanitarioko eguneko baliabidea proiektuan parte hartzen duten langileen soldata finantzatzeko. Arazo larriak dituzten pertsona eta kolektiboei zuzendutako proiektua da, eguneroko bizitzan muga eta eragozpen handiak dituzten gaixoei eta gizarte-bazterketaren mailarik handienean daudenei.

Bizkaisida Hiesaren aurkako Bizkaiko Herritar Batzordea hirugarren sektoreko elkartea da eta, GIB/Hiesaren eremuko prebentzioaren eta gizarte-laguntzaren bitartez, gizartean egoera ahulenean dauden eta arrisku handiena duten pertsonen bizi-kalitatea, eta ongizate mental, fisiko eta soziala hobetzea du xede, bazterkeria eta estigmatizazioa saihestearren.
 

 

LANKIDETZA HITZARMENA UNIVERSITAT POMPEU FABRA UNIBERTSITATEAREKIN, ETXEBIZITZEN ZOZKETARI BURUZKO INFORMAZIOA LAGATZEKO.

Erabakia, datuetara sartzeko baimena emateko, Pompeu Fabra Unibertsitatearekin lankidetza-hitzarmena sinatzeko baimena ematen duena.

LABURPENA

Gobernuak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Universitat Pompeu Fabra Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko baimena eman du. Hitzarmenaren xedea informazio jakin bat lagatzea da, helburu zientifikoetarako; hain zuzen ere, babes publikoko etxebizitzak esleitzeko zozketetan parte hartzen dutenen kasuan zorpetzeak nola eragiten duen familia-kontsumoan, enpleguan eta erretirorako aurreztean.

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Bideratu gabeko Funtsezko Ikerketa Proiektuan txertatzen da prozedura hori; proiektuaren buru Pompeu Fabra Unibertsitateko Ekonomiako katedradun José García Montalvo jauna da.
 

 

HOBETUZEKO ORDEZKARIEN IZENDAPENA.

Erabakia, Eusko Jaurlaritzak Hobetuzen, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren, Patronatuan dituen ordezkariak kargugabetzeko eta izendatzeko.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña jaunak hala proposatuta, gobernuak José Andrés Blasco Altuna Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuordea izendatu du Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren Patronatuan ordezkari izateko, Ricardo Barkala Zumelzu jaunaren ordez.

Era berean, Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako zuzendari Amaia Arteaga Dañobeitia andrea José Andrés Blasco Altuna jaunaren ordezko izango da, Xabier Iñigo Ochandiano Martínez jaunaren ordez.
 

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

EUSKADIKO UNIBERTSITATE SISTEMAKO UNIBERTSITATEEKIN 2016-2019 ALDIRAKO SINATUTAKO KONTRATU-PROGRAMEI DAGOKIENEZ HEZKUNTZA SAILAK DATOZEN 4 URTEETAN IZANGO DITUEN BEHARREI AURRE EGITEKO KONPROMISO KREDITUAK.

Erabakia, zeinaren bidez baimentzen baita 4223-Unibertsitate Irakaskuntza programako konpromiso-kredituak handitzea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateekin dituen programa-kontratuen inguruko beharrei erantzuteko.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak datozen lau urteetarako konpromiso-kredituak sortzea onartu du. 138.730.703 euroko balioa izango dute, eta haien helburua Euskal Herriko Unibertsitateari, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari 2016-2019 aldian dagozkien kontratu-programen zuzkidurak egokitzea izango da.

Gobernu-kontseiluak iragan 2014ko abenduaren 27an onartu zuen 2015 -2018 aldirako Unibertsitate Plana, aurreko planen ahaleginei beste bultzada bat emateko gaitasunak sortzen eta Euskadiko erronka sozioekonomikoei erantzuteko tresnak indartzen. Hala, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan eta Europako Ikerketako Esparruko desafioei aurre egiteko prest egongo da Euskadiko unibertsitate-sistema. Izan ere, arreta berezia jartzen dio eragileen nazioartekotzeari, trebakuntzan, ikerketan eta transferentzian bikaintasuna eta kalitatea sustatzeko.

Horrenbestez, plan horren esparruan, Euskadiko unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitateekin kontratu-programak sinatu behar dira.

Kontratu-programak indarreanko unibertsitate-planaren esparruan sinatu dira, eta unibertsitateak finantzatzeko tresna bat dira. Unibertsitateek eta Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa hobetzeko helburuen mende daude.
 

 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

6,5 MILIOI UGAO-MIRABALLESEN BIGARREN HEZKUNTZAKO INSTITUTU BERRIA ERAIKITZEKO .

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako aurrekontua duen kontratua baimentzen duena, B-059/10 espedientea, Ugao-Miraballesen, IES Ugao BHI-arentzat eraikin berri bat eraikitzeko.

LABURPENA

Lanak urtea amaitu baino lehen esleituta egon daitezkeela aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 6.567.931,01 euroko kontratu bat baimentzea adostu du. Kopuru hori Ugao-Miraballesen Bigarren Hezkuntzako Institutua eraikitzera (IES Ugao BHI), eta eskola ingurua urbanizatzeko lanetara bideratuko da.

Ugao-Miraballesko Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berriak 4.457,74 metro koadroko azalera eraikia izango du orotara, behe solairuan eta horren gainean eraikitako beste bi solairutan banatuta. 200 ikasle hartzeko gaitasuna izango du. Eraikin berriak izango dituen instalazioen artean, hauek dira aipagarrienak:

- Gimnasio estalia, alboan behar dituen gelekin (952,11 m²)
- Liburutegia / erabilera anitzeko gela
- Kanpoko patio irekia (1.800 m²)
- Jangela, alboan behar dituen gelekin
- 9 ikasgela arrunt
- 2 banaketa gela
- Plastika gela
- Musika, dramatizazio eta audio gela
- Zientzia laborategia

Eraikinaren sarrera nagusiak aterpea izango du, fatxadaren luze-zabalean 173, 80 metro koadroko aterpea eskainiko duen estalpea.

Lanak urtea amaitu baino lehen esleituta egotea aurreikusten du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak. Lanak burutzeko epea 18 hilabetekoa izango da.
 

 

7,22 MILIOI EURO ESKOLA GARRAIOKO 86 IBILBIDE KONTRATATZEKO.

Erabakia, unibertsitatez kanpoko eskola-garraioaren zerbitzurako 5.000.000 eurotik gorako aurrekontu-kontratua baimentzeko 2015/2016 eta 2016/2017 ikasturteetarako.

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur izan duen bilkuran honako gastu baimen hau onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak proposatuta: 7,22 milioi euro (7.222.402,44€) 2015/16 eta 2016/17 ikasturtetarako unibertsitatez kanpoko eskola garraio zerbitzua kontratatzeko gastua.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika et Kultura Sailak lehiaketara aterako du ikastetxe publikoetako 86 garraio ibilbideren kontratazioa, egun Euskadin dauden 535 ibilbideetatik. 86 ibilbide horiek honela banatzen dira lurraldeka: 21 ibilbide Araban, 11 Gipuzkoan eta 54 Bizkaian. Ondorengo bi ikasturteetan eta 86 ibilbide horietan, hiru lurraldeetako ia 4.000 ikasle garraiatuko dira.

Ikastetxe publikoetako 535 garraio ibilbideek berriz, Euskadiko 24.700 ikasleri ematen diete zerbitzua, hasi Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu bitartean. Eskola garraioaren kontratazioa ikastetxek dituzten beharretara egokitzen da, eta behar horien arabera zehazten dira ibilbideak.

Lehiaketara eskaintzak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordearen Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren Kontratatzailearen Perfilean argitaratu ondoren. Kontratuak beste bi ikasturtez luzatu ahal izango dira.

Kontratazio berri hauek eskola garraioaren beharrei erantzun emango diete, Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzko 69/2015 Dekretu berriak ezartzen dituen irizpideak oinarri hartuta.
 

 

 

500.000 LHREN EREMUKO MUGIKORTASUNETARAKO, ERASMUS + PROGRAMAREN ESPARRUAN.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Lanbide Heziketaren eremuan ikaskuntza-arrazoiengatik pertsonak mugitzeko KAI jarduerak antolatu eta garatzeko diru-laguntzak deitzen dituen agindua, ERASMUS + programaren barruan.

Erasmus + programaren 2015eko deialdian ikaskuntza-arrazoiengatik pertsonala eta ikasleak mugitzeko onartutako mugikortasun-proiektuak kofinantzatzeko diru-laguntzak, 500.000 euroko zenbateko globalean, deitzea du agindu honek helburu, betiere mugikortasun-proiektu horiek 2015. eta 2016. urteetan gauzatzen badira. Mugikortasun horien azken hartzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan matrikulatutako edo titulatutako ikasleak (KAIren eskatzaileak haien ikasketen azken urtean) edo Euskal Lanbide Heziketako irakasleak izan beharko dute.

Kofinantziazio horrek, beraz, 2015. eta 2016. urteetan gauzatuko diren mugikortasunei dagozkien proiektuen aurrekontuaren zati proportzionala hartuko du.
 

 

LANBIDE HEZIKETAKO HEZIKETA-ZIKLOAK ESKAINTZA PARTZIALA.

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, agindu bat onartu du gaur izandako bileran, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei 2015-16 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialean irakasteko baimena eska dezaten eta horien finantzaketa arautzen duena.

Deialdi honen kargura eman daitezkeen diru-laguntzen guztizko zenbatekoa 750.000 eurokoa da.
 

 

800.000 EURO IRAKASLEAK EUSKALDUNTZEKO.

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bilkuran onartu duen Aginduak deialdia zabaltzen du IRALE programako jardueretan, Hezkuntza Sailak zuzenean burutzen ez dituenetan, parte hartzeko.

Agindu honen helburua irakasleak euskalduntzeko, alfabetatzeko eta hobetzeko programako (IRALE) jardueretan, Hezkuntza Sailak zuzenean burutzen ez dituenetan, parte hartzeko interesa duten erakundeei dei egitea da. Jarduera horiek 2015eko udan eta 2015/2016 ikasturtean egingo direnak dira.

Jarduera horiek irakasleen hizkuntza gaitasuna lortzeko ikastaroak izango dira eta irakasorduetatik kanpo emango dira. Deialdi honek 800.000 euroko diru kopurua du.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK ONIRITZIA EMAN DIO AULESTIKO HUA ERAIKITZEKO LURSAILAK OKUPATZEARI.

Dekretua, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: Aulestiko HUAren eraikuntzaren eta zerbitzuan jartzearen proiektua burutzeko beharrezko ondasun.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak oniritzia eman dio eskubide eta ondasunez desjabetzeko eta okupatzeko urgentzia ezartzen duen dekretu-proiektu bati; hain zuzen, Aulestiko hondakin-uren araztegia (HUA) eraikitzeko proiektua aurrera eramateko behar diren lursailak dira desjabetuko eta okupatuko. Proiektuak Lea ibaira isuri desegokiak botatzea galaraziko du, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak zerbitzu hori abiarazi dezan.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuenez, ezinbestekoa da lursail jakin batzuk erabiltzea Aulestiko HUA eraikitzeko eta abiarazteko; beraz, iragan martxoaren 24an, zeregin hori urgentziazko izendatzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, betiere, Desjabetze Legean adierazitakoari jarraiki.

Ezinezkoa denez Munitibarretik hasiko, Aulestitik igaroko, eta Oletako ponpatzean Lea ibaiko hodi-biltzailearekin lotuko duen hodi-biltzailerik eraikitzea, lanoi lotutako ingurumen-eragina dela eta, beharrezkoa da HUA bana eraikitzea Aulestin eta Munitibarren.

Aulestiko HUA Aulestiko hirigunetik iparraldera kokatuko da; orobat proiektatu da hodi-biltzaile bat, Aulestiko hiriguneko udal-biltzaileak bidean atzemango, eta isuriak HUArantz ponpatuko dituen ponpa batera bideratuko dituena. Proiektua prestatzean, aintzat hartu da Lea ibaiari lotutako babes bereziko eremua, eta inguruabar horrekin bateragarriak diren eraikuntza-prozedurak erabili dira.