2015/07/07 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Jaurlaritzak Fundazioen Lege Proiektua onartu du, duela hogei urte baino gehiago araututako sektore baten modernizazioari heltzeko.
Eusko Jaurlaritzak 24.000 euroko zuzeneko diru-laguntza emango dio Euskadiko Elkarlan Zuzenbideko Elkarteari.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
CONFEBASK eta EUSKOMER erakundeei diru-laguntzak.
Izendapenak eta kargu-kentzeak.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Aldaketak Lanbideren administrazio-kontseiluan.
Sindikatuentzako diru-laguntzak.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
1,3 milioi euro irakasleen prestakuntzarako
OSASUN SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak ikerketa biomedikoko biobankuen eraketa eta funtzionamendua arautu ditu.
Osasun Sailak, bigarren urtez, Deustoko Unibertsitatearekin batera osasun arloko kudeaketa eta ikerkuntza bultzatuko du.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Gobernu Kontseiluak ordezkariak ipini ditu Bilboko Portuko Agintaritzaren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren administrazio-kontseiluetan.
Iosu Madariaga, Eusko Jaurlaritzako ingurumeneko sailburuorde berria.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

JAURLARITZAK FUNDAZIOEN LEGE PROIEKTUA ONARTU DU, DUELA HOGEI URTE BAINO GEHIAGO ARAUTUTAKO SEKTORE BATEN MODERNIZAZIOARI HELTZEKO.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen Proiektuaren

LABURPENA

• Lege-proiektuak zenbait berritasun dakartza berekin. Hala, fundazioek nahitaez eguneratuta eduki beharko dute honako informazio hau: fundazioaren osaerari eta egondako zernahi aldaketei buruzkoa, bai eta Patronatuko kideen aldaketa, izendapen, eta etete guztiei buruzkoa ere. Erregistroari gehienez sei hilabeteko epearen barruan jakinarazi beharko diote.
• Apenas fundazioen erdiak aurkezten dituzte kontuak urtero: hemendik aurrera, aurkeztu ezean, Gobernuak erregistroa itxiko die.
• Fundazio publikoek, likidazio ostean, Administrazio Publikoak ekarritako funtsak itzuli beharko dituzte.
• Euskadin 600 fundazio baino gehiago daude: haien ondare garbia 1300 milioi eurotik gorakoa da eta haien langile kopurua 13.000tik gorakoa.

Gobernu-kontseiluak Fundazioen lege-proiektua onartu du gaur. Orain, Legebiltzarrera helaraziko dute dokumentu hori, Legebiltzarreko taldeek eztabaidatu, negoziatu eta, hala badagokio, onartu dezaten.

Testu moderno bat da; zuzenbide- eta operazio-esparru berri bat sortzen du Euskadiko fundazioen sektorearentzat, eta hogei urtetik gora dituen indarreko araudia eguneratzen (hain zuzen, 12/1994 Legea, ekainaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa). Proiektuaren helburua da sektorearen eskaerei erantzutea: izan ere, sektoreak lege berri bat eskatzen zuen,
fundazio-erakunde berrien sorrera errazteko, premiagabeko oztopo administratiboak desagerrarazteko eta eraginkortasuna eta funtzionamendu ona hobetzeko.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, lege berria beharrezkoa da, honako hauetarako:

• Lankidetza publiko-pribatuan aurreratzeko, bide emanez herritarrek irabazi asmorik gabeko jardueretan parte hartzeari.
• Herrialdearen hazkunde ekonomikoa faboratzeko.
• Sektorearen profesionalizazioa areagotzeko, eta enpresen antolamolde eta kudeamolde berrietara egokitzeko.

ALDERDI NABARMENAK

Testuan jasotako erreforma gardentasunaren, publizitatearen eta kudeaketa egokiaren printzipioek eraentzen dute. Gaur egungo legearen aldean, hauek ditu berritasun garrantzitsuenak:

• Fundazioen erregistroa: fundazioek erregistroa eguneratuta eduki beharko dute uneoro. Erabakia hartzen dutenetik gehienez sei hilabeteko epearen barruan, fundazioek inskribatu beharko dute hauei buruzko informazio guztia: fundazioaren osaerari eta egondako zernahi aldaketei buruzkoa, bai eta Patronatuko kideen aldaketa, izendapen, eta etete guztiei buruzkoa ere.

• Kontuak aurkeztea: Jaurlaritzaren helburua da fundazioek kontuak aurkezteko duten betekizuna betetzea. Izan ere, uneotan, ez ditu apenas fundazioen % 52k baizik aurkezten. Beraz, erregistroaren itxiera aurreikusi da arauan: halako moldez, non, fundazioek ez badute betetzen, ezingo baitituzte hartzen dituzten akordio batzuk erregistratu, harik eta aipatutako betebeharra betetzen duten arte. Horrez gainera, ekonomikoki garrantzitsuak diren fundazioei beren kontuen ikuskapena egin beharko zaie urtero.

• Urteko ikuskapena: Gobernuak fundazioen ikuskapen-plana egingo du urtero betebeharrak bete dituzten egiaztatzeko. Administrazioak egiaztapen-espediente bat egin ahal izango du, baldin eta fundazio baten funtzionamenduan irregulartasun larriak aurreikusten badira.

• Legea onartzen den unetik aurrera, fundazio publikoek edo sektore publikoaren partaidetza duten fundazioek Administrazio Publikoak jarritako funtsak itzuli beharko dituzte likidatzen direnean.

• Fundazioetako organoek emakume eta gizonen berdintasunerako legea bete beharko dute nahitaez.

• Teknologia berrien erabilpena arautzen da prozedura jakin batzuk on line izapidetzeko beharra ezarriz, betiere Legean bertan aurreikusitako baldintzen eta epeen barruan.

• Beste erakunde batzuk fundazio bihurtzeko figura, eta alderantzizkoa, arautzen da, baita zatiketa ere, fundazio berri bat sortzeko formula modura.

• Euskal Fundazioen Kontseilua sortuko da kontsultarako organo kolegiatu gisa. Haren bitartez, etengabeko hartu-emana izango dute Administrazioak eta Euskadiko fundazioek.

• Mota bereziko eta bereiziko fundazio gisa gehitu dira sektore publikoko fundazioak eta Euskadiko banku-fundazioak.

• Fundazioek jokabide egokien araudiak onartzea bultzatuko da.
 

 

Erlazionaturiko temak
Euskadiko Fundazio Sektorearen Egoera
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen aurreproiektua
Anteproyecto de Ley de Fundaciones del País Vasco

EUSKO JAURLARITZAK 24.000 EUROKO ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA EMANGO DIO EUSKADIKO ELKARLAN ZUZENBIDEKO ELKARTEARI.

Erabakia, diru-laguntza emateko Elkarlan Zuzenbideko Euskadiko Elkarteari, elkarlan zuzenbideko praktikak sustatu, zabaldu eta haietan prestakuntza eskain dezaten 2015 urtean zehar.

LABURPENA

• Diru-laguntzaren helburua negoziazioan oinarritutako gatazka-konponbide hori sustatzen eta zabaltzen laguntzea da, baita horren bidezko prestakuntza ematea ere.

Gobernu-kontseiluak Euskadiko Elkarlan Zuzenbideko Elkarteari (ADCE) 24.000 euroko zuzeneko diru-laguntza ematea onartu du, 2015ean elkarlan zuzenbidea sustatzeko eta zabaltzeko eta horri buruzko prestakuntza emateko.

Eusko Jaurlaritzak gatazkak konpontzeko ordezko modu gisa elkarlan zuzenbidea erabiltzeko hartu zuen konpromisoa berretsi du. Gainera, hitzaldiak, mintegiak eta prestakuntza-tailerrak antolatzen, artikulu espezializatuak argitaratzen eta programak, liburuxkak, kartelak eta abar sortzen lagunduko die.

ADCEk diru-laguntza horren bidez gauzatuko dituen ekintzen artean hurrengo hauek nabarmendu daitezke: elkarlan zuzenbideko AEBetako elkarte batek (IACP) urriaren 15etik 18ra egingo duen foroan mintegi bat antolatzea eta Euskadiko, Madrileko eta Asturiaseko elkarteen parte hartzea izango duen estatuko federazioa sortzea.

ELKARLAN ZUZENBIDEA

Elkarlan zuzenbidea gatazkak sortzeko beste modu bat da, berritzailea eta adiskidetsua. Gatazka bateko aldeen negoziazioan oinarritutako mekanismoa da, epaitegietara jo behar izan gabe irtenbide egokiak lortzeko. Horrek, denbora eta kostuak aurrezteaz gain, prozesu judizialetan parte hartzen duten aldeek gehienetan jasaten duten higadura emozionala saihestea ere ahalbidetzen du.
 

  

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

CONFEBASK ETA EUSKOMER ERAKUNDEEI DIRU-LAGUNTZAK.

Erabakia, CONFEBASK-i, horren kide diren erakundeei (ADEGI, CEBEK eta SEA) bere diru-laguntza zuzena ematekoa, 2015ean, 2014-2016ko Industrializiazio Plana garatzeko.

LABURPENA

CONFEBASK (eta haren erakunde kide ADEGI, CEBEK, SEA) eta EUSKOMER erakundeei diru-laguntza zuzena emateko lankidetza-proposamena, 2015eko ekitaldian 2014-2016 aldirako Industrializazio Plana garatzeko.

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta CONFEBASK (eta haren erakunde kide ADEBI, CEBEK eta SEA) eta EUSKOMER erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko baimena eman du 2015erako, eta 587.802,00 €-ko zenbatekoa bideratu du laguntza horretarako.

Finantzaketa honela banatuko da: CONFEBASK, 50.371,00 €; ADEGI, 165.150,00 €; CEBEK, 184.434,00 €; SEA, 100.045,00 € eta EUSKOMER, 87.802,00 €.
 

  

IZENDAPENAK ETA KARGU-KENTZEAK.

Dekretua, Energiaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza Kontseiluan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkotza egiteko kideak kentzeari eta izendatzeari buruzkoa.

LABURPENA

Dekretu-proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa ordezkatzen duten Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaritza-kontseiluko kideak izendatzeko eta kargugabetzeko.

Juan Ignacio García de Motiloa Ubis jaunak Energiaren Euskal Erakundeko batzordekide izateari utziko dio, eta, haren tokian, Aitor Patxi Oregi Baztarrikak ordezkatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

ALDAKETAK LANBIDEREN ADMINISTRAZIO-KONTSEILUAN.

Dekretua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakundeko autonomoaren Administrazio Kontseiluko kideak kargutik kendu eta beste bat izendazteko dena.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak Felipe García Miravalles eta Jesús García de Cos kargugabetzea adostu du. UGT-Euskadiren ordezkariak ziren Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko administrazio-kontseiluan. Haien ordez, Raúl Arza Vélez eta Arantza Niño Núñez izendatu ditu kide titular eta ordezko kide gisa, hurrenez hurren.

Lanbideren Administrazio Kontseilua honako hauek osatzen dute:
a) Presidentea, hau da, enplegu arlorako eskudundutako sailburua.
b) Presidenteordea, hau da, enplegu arlorako eskudundutako sailburuordea.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.
d) Bi kide, enplegu arlorako eskudundutako Sailaren proposamenez Eusko Jaurlaritzak izendatuak eta, hala badagokio, kargugabetuak.
e) Bost kide, ordezkari gehieneko Euskadiko sindikatuen ordezkari, aipatutako sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez, izendatuak.
f) Bost kide, ordezkari gehieneko sektorearteko enpresa-erakundeen ordezkari, aipatutako enpresa-erakundeek eta Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez, izendatuak.
 

  

SINDIKATUENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK.

LABURPENA

Gobernuak sindikatuei 594.000 euroko diru-laguntza bideratzea onartu du; hain zuzen, Hauteskunde Sindikalen Batzordea, lurralde-batzordeak eta Hauteskunde Sindikalen Ikuskaritza osatzen duten sindikatuak (ELA, Euskadiko CCOO, LAB eta UGT-Euskadi) lagunduko dira diruz.

Laguntzok azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan jaso dira. Zehazki, bigarren xedapen gehigarrian, non ezartzen baita bi aukera daudela aurrekontu-kreditua banatzeko prozeduran: edo zenbateko bera banatzea sindikatu bakoitzari, edo sindikatu bakoitzak Euskadiko Autonomia Erkidegoan lortutako ordezkaritzaren arabera banatzea kopurua, aldez aurretik banaketa-akordiorik den sindikatuen artean. Ordezkaritza, beti ere, enpresetako langileen eta administrazio publikoen zerbitzuan diharduten langileen ordezkaritza-organoak hautatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan egindako hauteskundeetan lortutakoa izango da.

Iragan maiatzaren 18an, gai horri buruzko akordio batera iritsi ziren sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria: erabaki zutenez, diru-laguntzaren kopuru bera banatuko zaio sindikatu bakoitzari.
 

  

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

1,3 MILIOI EURO IRAKASLEEN PRESTAKUNTZARAKO

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, onartu du Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuekin estatutu- edo araudi-harremanak dituzten federazio eta elkarteentzako diru-laguntzak deitzen dituen agindua, proiektu hirueledunak, funtsean, eta eleanitzak garatzeko eta proiektu horien ondoriozko atzerriko hizkuntzetako irakasleen prestakuntzarako 2015-2016ko ikasturtean.

Nortasun juridikoa eta unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuekin estatutu- edo araudi-harremanak dituzten federazio edo elkarteek izango dute diru-laguntza horiek,1.332.000 euroko zenbateko globalekoak, jasotzeko aukera. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe eta estatu mailako ikastetxeek osatu ahal izango dituzte federazio edo elkarte horiek baina estatu mailako ikastetxeek osatutakoek Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute egoitza, hizkuntz proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan gauzatu beharko dute, hiru ikastetxe, gutxienez, EAEn izan beharko dituzte kokatuta eta itunpeko gelen guztizkoa 50ekoa edo 50etik gorakoa izango da.
 

  

OSASUN SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK IKERKETA BIOMEDIKOKO BIOBANKUEN ERAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTU DITU.

Dekretua, EAEn ikerkuntza biomedikoaren helburua dituzten biobankuen baimentzea eta jarduteko araubideari buruzkoa.

LABURPENA

• Irabazi asmorik gabeko erakundeak izango dira, eta gainbegiratze etiko eta zientifiko zorrotz baten pean jardungo dute. Lagin biologiko sorta handiak izango dituzte dagozkien datu klinikoekin, ikertu ahal izateko eta ikerketon bidez, diagnostiko goiztiarrak hobetzeko, farmako berriak lortzeko eta medikuntza pertsonalizatua errazteko

Gobernu Batzordeak gaur onartu du Euskadin ikerketa biomedikoa eta giza-jatorriko lagin biologikoen tratamendua helburu duten biobankuen baimentze eta funtzionamendurako baldintzak ezartzen dituen Dekretua. Gaur egun, Euskadik badu biobanku bat, Euskal Osasun Sistema Publikoarena, Biobankuen Erregistro Nazionalean erregistratutako lehenengoa. Beraz, dekretu honek ikerkuntza biomedikoaren tresna garrantzitsu honen inguruko araudia garatuko du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburu Jon Darpónek eman du dekretuaren edukiaren berri, gobernu-kontseilua egin ondoren, Urkulluren Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekarekin batera emandako prentsaurrekoan. Adierazi duenez, dekretua "Osasun Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren ikerkuntzaren aldeko apustuaren" testu-inguruan kokatutzekoa da. Izan ere, Jon Darpónek gogorarazi du bai ikerkuntza eta bai berrikuntza bere Sailaren eta Osakidetzaren ildo estrategikoetako bat direla: "Osasun arloko ikerkuntzaren alde egiten dugu, pertsonen osasunean ondorio onuragarriak dituelako eta gure enpresetan aberastasuna sortzen duelako. Gainera, gure ikertzaileei lana etxean egiteko aukera ematen die, eta, aldi berean, Euskadi erakargarriago bilakatzen du beste herrialdeetako ikertzaileentzat.

Biobankuak ikertzaileei laguntzeko plataformak dira. Halakoetan, lagin biologikoen eta datu klinikoen bildumak gordetzen dira, gainbegiratze etiko eta zientifiko zorrotz baten pean eta kalitate irizpide altuenak betez. Haien helburu nagusia egungo ikerkuntza biomedikoak duen behar garrantzitsu bati erantzutea da: lagin biologiko sorta handiak eta haiei dagozkien datu klinikoak edukitzea, hainbat hobekuntza egin ahal izateko: hala nola, diagnostiko goiztiarrerako metodoak garatzea, farmakoa berriak aurkitzea eta pertsonalizatutako medikuntza erraztea.

Dekretuak honako PRINTZIPIO OROKOR hauek ezartzen dizkie dekretuan bertan araututako jardun guztiei:

-Oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzea, bereziki, gizabanakoaren duintasuna eta identitatearen babesa, diskriminaziorik eza eta norberaren intimitatearen babesa.
-Giza-jatorriko lagin biologikoak doan hartzea eta erabiltzen uztea, laginak lortzeak eta prozesatzeak eragin ditzakeen kostuak konpentsatzeari uko egin gabe.
-Gizabanakoen edo haien material genetikoaren inguruko edozein ikerkuntza-proiektu gauzatu aurretik Ikerkuntza Klinikoko Batzorde Etikoak aginduzko aldeko txostena ematea.
-Gizabanakoaren osasuna, interesa eta ongizatea lehenestea gizartearen edo zientziaren interesaren gainetik.
-Ikerkuntzarako eta ekoizpen zientifikorako askatasuna onartzea, lege orokorretan ezarritakoa betez.
-Dekretuaren aplikazio-esparruko material biologiko guztiaren eta hari dagozkion datu klinikoen trazabilitatea bermatzea, baldin eta emaileak hala onartzen badu.
-Ikerkuntza-jardunean jardunbide egokiak zaintzea, helburu hori duten nazioarteko deklarazioak errespetatuz, gizakien bizitza eta osasunarentzako arrisku larriak saihesteko.

Euskadiko biobankuen ERAKETA ETA FUNTZIONAMENDU-BALDINTZEI dagokionez, gaur onartutako dekretuaren arabera, beharrezkoa izango da Osasun Sailaren Zuzendaritzaren baimena –hura baitago eskudunduta osasun-zentro, zerbitzu eta establezimenduak onartu eta erregistratzeko– betiere, baldin eta aurretiaz egiaztatu bada 1716/2011 Errege-Dekretuan, azaroaren 18koan, ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela biobankuak. Bereziki, honako gutxieneko baldintza hauei erreparatu behar zaie:

a) Biobankuaren antolakuntzak, helburuek eta bitartekoek haren interes biomedikoa justifikatzea.
b) Biobankuaren zuzendaritza zientifikoaren pertsona titularra eta fitxategiaren arduraduna izendatu izana.
c) Biobankua kanpoko bi batzorderi atxikita egotea: etikoa bata eta zientifikoa bestea.
d) Biobankuaren jarduera irabazi-asmorik gabekoa izatea.
e) Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren datuen fitxategian edo, dagokionean, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan inskribatua egotea.
f) Laginak modu egokian kontserbatuko direla bermatzeko beharrezkoak diren instalazioak eta bitartekoak edukitzea, gerta litezkeen akats teknikoen aurrean laginak babestuko dituzten neurriak barne.
 

 

OSASUN SAILAK, BIGARREN URTEZ, DEUSTOKO UNIBERTSITATEAREKIN BATERA OSASUN ARLOKO KUDEAKETA ETA IKERKUNTZA BULTZATUKO DU.

Erabakia, Deustuko Unibertsitateari zuzeneko diru-laguntza emateko dena. Helburua: 2015-2016 aldian osasunaren eta osasun-politiken arloko trebakuntza eta ikerketa gauzatzea.

LABURPENA

• 2015-2016 ko masterra kudeaketaren esparru guztiak landuko ditu eta ikasleak Osakidetzan ariko dira

Kontseilu gobernuak gaur, Osasun sailak Deustuko Unibertsitateari zuzeneko diru-laguntza ematea onartu egin du.Prestakuntza-programa honen helburua, osasun-erakundeak eraginkortasunez kudeatu ahal izatea eta osasun-sektorearen barruan eraldaketa prozesuen buru izan ahalko diren kualifikazio handiko kudeatzaileak trebatzea da.

Osasun sailak eta Deustuko unibertsitateak antolaturiko masterra beren lanbidea osasun arloko kudeaketaren eremuan garatu nahi duten unibertsitateko tituludunei zuzenduta dago. Jardungo diren iraskasleak, berriz, Euskadiko osasun-sektorean eskarmentu eta ospe handikoak dira. Programa akademikoari dagokionez, berriz, bederatzi hilabeteko iraupena izango du, dedikazio osoz.

Master horrek bi berezitasun dauzka: kudeaketa arloko esparru guztiak bateratzen ditu eta Osakidetzako osasun-erakundeetan sei hilabeteko praktika-aldia egingo da. Deusto Business Schooleko instalazioetan, eta Osasun Saileko eta Osakidetzako egitura nagusietan txandakatzeak egitea barne hartu du.

Osasun Saila eta Osakidetza ondo prestatutako profesionalak edukitzearen eta kudeaketa arloan daukaten jakintzari onura ateratzearen beharraz jabetuta daude. Horregatik, prestakuntzan baliabideak inbertitzea lehentasunezkotzat jotzen dute, gure osasun-sistemari onura egiteaz gain, bere iraunkortasunari eusten eta indartzen lagunduko duelako.

www.dbs.deusto.es/mastergestionsanitaria
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

GOBERNU KONTSEILUAK ORDEZKARIAK IPINI DITU BILBOKO PORTUKO AGINTARITZAREN ETA BIZKAIKO GARRAIO PARTZUERGOAREN ADMINISTRAZIO-KONTSEILUETAN.

Dekretua, Bilboko Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseilurako Euskal Autonomi Erkidegoaren ordezkariak kargutik kendu eta berriak izendatzen dituena.

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusian dituen zenbait kide kendu eta beste zenbait izendatzen dituena.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak Bilboko Portuko Agintaritzaren administrazio-kontseiluko kide izendatu du Aintzane Urkijo, Ricardo Ituarteren ordez eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saila ordezkatzeko. Halaber, kontseilukide izendatu du Iñigo Ortuzar, Zierbenako Udala ordezkatzeko eta Marcelino Elorzaren tokian.

Era berean, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren kontseilu nagusian Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa ordezkatzeko, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio José Luis Sabas izendatzeari, Rafal Sarria Ansoleagaren tokian.
 

 

IOSU MADARIAGA, EUSKO JAURLARITZAKO INGURUMENEKO SAILBURUORDE BERRIA.

Dekretua, uztailaren 7koa, Iosu Madariaga Garamendi Ingurumeneko sailburuordea izendatzeko dena.

LABURPENA

• Ingurumen eta Hirigintza Sailaren Arabako foru diputatu Josean Galeraren ordezkoa da.

Gaur goizean, Gobernu Kontseiluak Iosu Madariaga aukeratu du Ingurumeneko sailburuorde, Jose Antonio Galdera ordezkatzeko, atzo Ingurumen eta Hirigintza Sailaren Arabako foru diputatu izendatu baitzuten.

Iosu Madariaga zientzietan doktorea da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ekologiako Irakasle Titularra. Hainbat ikerketa-lan argitaratu ditu eta kongresu eta mintegi askotan hartu du parte, Ekologia eta Ingurumeneko aditu gisa.

Administrazio Publikoko ingurumenaren arloetan, hainbat zuzendaritza-kargu bete ditu hala nola, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren zuzendari- kontserbatzailea (1994-1995) eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendari nagusia (1995-1999). Orain dela egun gutxira arte, Ingurumen Sailaren Bizkaiko foru diputatua izan da.