2015/08/28 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak aztertu du Bakea eta Bizikidetza Planaren kudeaketa eta betetze mailan buruzko jarraipen txostena.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK AZTERTU DU BAKEA ETA BIZIKIDETZA PLANAREN KUDEAKETA ETA BETETZE MAILAN BURUZKO JARRAIPEN TXOSTENA.

Erabakia, Bake eta Bizikidetza Planak 2015ko lehengo seihilekoan izandako kudeaketari eta gauzatzeari buruzko jarraipen-txostena ezagututzat ematen duena.

LABURPENA

Bakegintza eta Bizikidetza Planaren sei hilean behingo jarraipena

BAKEGINTZA ETA BIZIKIDETZA PLANAK JARDUERA AURREIKUSPENAK BETE DITU. GIZARTEAN LORTUTAKO ADOSTASUN-MAILA HANDIA DA INDARGUNE HANDIENA

• Planean aurreikusitako ekimen guztiak sendotu egin dira aurtengo lehen hiletan
• Planaren kudeaketak, amaierako fasean, bakerako eta bizikidetzarako funtsezko gaietan ahalik eta adostasun handiena bultzatzea bilatuko du
• Aurtengo udaberrian egindako ebaluazio-prozesuaren emaitzak irailean ezagutaraziko dira

Eusko Jaurlaritzak gaur aztertu du Bakea eta Bizikidetza planaren jarraipen txostena. Txosten horretan jasotzen den bezala, Bakegintza eta Bizikidetza Planak 2015eko lehen sei hilabete hauetan ere bete ditu jarduera-aurreikuspenak. Hori da kudeaketa eta betearazpena jarraitzeko berriki egindako txostenaren ondorioa. Planaren 18 ekimenak, indargabetu ordez, sendotu egin dira; horietako gehienek egutegiko konpromisoen ia % 100 betetze-maila dute gainera. Horrela bada, arlo honetan bereziki estrategikoak diren gaietan ahalik eta adostasun handiena lortzeko helburua hartuta ekingo dio azken faseari.

Sei hilean behingo jarraipen-txostenaren hirugarren edizioa da oraingo hau. Bakegintza eta Bizikidetza Planak jarduera-programan ezarrita dituen egutegiko konpromisoen betetze-maila aztertzea du helburutzat. Nabarmentzekoa da plana osatzen duten 19 (18+1) ekimenetatik 13k % 100eko betetze-maila dutela, lauk % 80koa eta bik, azkenik, % 60ko betetze-maila. Bakar bat ere ez da ahuldu, ez da beharrezkoa izan bertan behera uztea edota ordeztea. Aitzitik, uneotan, jarduketa-ildo sendoak eta iraunkorrak dira.

Bigarren seihilekoko helburuak

Irailean ezagutaraziko duten planaren kanpoko ebaluazio-txostenaren ondoriozko ekarpenak gehitu ahal izango zaizkie jarduera horiei. Azterketa kualitatiboa egin du aipatutako txostenak. Hori baztertu gabe, jarraian aipatuko ditugunak mugarri nagusiak dira eta, horregatik, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak lehentasuna emango dio horien kudeaketari:

1. Txostenak, azterketak eta ikerketak eginez iragana argitzeko politikak egiten jarraitzea.
2. Biktimen inguruko politika publikoak garatzea, laguntza-esparruaren barruan zein biktimen eta gizartearen arteko batasuna bultzatzea xede duten programa berriak sustatzearen bitartez.
3. Gogora–Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua– abian jartzea.
4. Espetxe- eta birgizarteratze-arloko politika publikoetan aldaketa sustatzen jarraitzea.
5. Europarekin eta nazioarteko erakundeekin bizikidetza- eta lankidetza-kultura sustatzeko gizarte-politikak garatzen jarraitzea.

Bakegintza eta Bizikidetza Planaren ardatzak garatu eta kudeatzeko orduan, 2015eko bigarren seihilekoan, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak erreferentzia-jarraibide hauek hartuko ditu kontuan:

Konpromisoa. Planaren beraren aurreikuspenak betetzen jarraitzea; haren funtsezko indargunea, bestalde, gizarteak jarduera-ildo nagusiekin duen bat-etortze maila handia da.
Malgutasuna. Planaren lan-gidoia era malgu eta harkorrean kudeatzea, irailean ezagutzera emango diren kanpoko ebaluazio-prozesutik lortutako ondorioak, iradokizunak eta gomendioak txertatzeko moduan.
Adostasuna. Bakerako eta bizikidetzarako bereziki estrategikoak diren alorretan ahalik eta adostasun handiena lortzeko aldeko baldintzen sorreran arreta biltzea.