2015/09/01 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Jaurlaritzak 30 bekaren deialdia egingo du karrera judizialerako, fiskaltzarako eta idazkaritza judizialerako sarbidea errazteko
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Zerbitzu zuzendari izendatu dute María Teresa Amezqueta
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
1,754 milioi euro Lanbide Heziketako ikastetxeetan jarduera osagarriak egiteko
Irakasleen formaziorako jarduerak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteentzat diru-laguntzak
550.000 euro hezkuntza-bikaintasunera zuzendutako prestakuntza-proiektuetarako
54 milioi unibertsitatez kanpoko ikasleei zuzenduriko beketarako
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

JAURLARITZAK 30 BEKAREN DEIALDIA EGINGO DU KARRERA JUDIZIALERAKO, FISKALTZARAKO ETA IDAZKARITZA JUDIZIALERAKO SARBIDEA ERRAZTEKO

Agindua, Karrera Judizialera, Fiskalera eta Idazkaritza Judizialeko Kidegora iristeko prestaketa-laguntzetarako 2016ko deialdia egiteko eta laguntza horiek arautzeko dena.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 198.000 euro inbertituko ditu deialdi horretan, Euskadiko justizia-administrazioan egonkortasuna eta belaunaldi erreleboa bermatzeko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzak 1983. urteaz geroztik eskaini ditu gisa horretako bekak, hizpide duen zerbitzu publikoaren eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2016ko ekitaldirako deialdia. 30 beka eskainiko ditu, karrera judizialerako, fiskaltzarako eta idazkaritza judizialerako oposizioak prestatzeko. Deialdira 198.000 euro xedatu ditu; beraz, 30 onuradunek 6.600na euro jasoko dituzte.

Urtebeterako bekak izango dira eta eskatzaileek tutore profesional bat izan beharko dute, prestakuntzan laguntzeaz gain, bilakaerari buruzko hiru hilean behingo txostena egiteaz arduratuko dena.

Ez dira beka horiek lortzeko hautagai izan ahalko Zuzenbideko lizentzia edota gradua duela 7 urte baino gehiago lortu dutenak. Gainera, bekak emateko garaian, besteak beste, eskatzailearen egoera ekonomikoa, ikasketa-espedientea eta euskararen ezagutza hartuko dira kontuan.

Eskaerak egiteko epea hilabete batekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Aurreikuspenen arabera, hil honetan argitaratuko da. Interesdunek ZUZENEAN zerbitzuan, Eusko Jaurlaritzaren herritarren arretarako bulegoetan, aurkeztu ahalko dituzte eskaerok, baita webgune honetan ere: www.euskadi.eus.

EGONKORTASUNA ETA KALITATEA

Eusko Jaurlaritzak 1983. urteaz geroztik eskaini ditu beka horiek, eta, guztira, Euskadiko organo judizialetan karrera judizialera, fiskaltzara eta idazkaritza judizialera heldu diren 87 onuradun izan dituzte.

Zuzenbidean lizentziatutako pertsonak karrera judizialean, fiskaltzan eta idazkaritza judizialean sartzea sustatzea eta erraztea da xedea. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko justizia-administrazioaren belaunaldi-erreleboa bermatzen du. Horretaz gain, beka horiek hizpide dugun zerbitzu publikoaren eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko lagungarriak dira eta herritarrek justizia-administrazioarekiko duten gogobetetasuna eta konfiantza areagotzen dituzte.

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILAREN ZERBITZU ZUZENDARI IZENDATU DUTE MARÍA TERESA AMEZQUETA

Sailaren Zerbitzu zuzendaria, Iñaki Aldekogarai Labaka jauna, kargutik kentzeko dekretuaren onartzea eta egindako lanagatik eskerrak ematea.

María Teresa Amezqueta Alegría anderea Zerbitzu zuzendaria izendatzearen dekretua onartzea.
 

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Zerbitzu zuzendaria, Iñaki Aldekogarai Labaka, kargutik kentzeko dekretua onartu du gaur, eta haren tokian María Teresa Amezqueta Alegría izendatu dute.

María Teresa Amezqueta Alegría Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da, eta Auditoreen Erregistroko kide ere bai. Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Auditoretza Zerbitzuaren Auditoretzako arduraduna da 2009tik.

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

1,754 MILIOI EURO LANBIDE HEZIKETAKO IKASTETXEETAN JARDUERA OSAGARRIAK EGITEKO

Agindua, honen bidez, jarduera osagarriak egiteko diru-laguntzetarako deia egiten zaie Lanbide Heziketako heziketa-zikloak 2015-2016 ikasturtean ematen dituzten itunpeko ikastetxeei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran agindu bat onartu du, 2015-2016 ikasturtean itunpeko ikastegietan eta Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten udal titularitateko ikastegi publikoetan jarduera osagarriak egiteko diru-laguntzak deitzen dituena.

Deialdi honek 1.754.354 euroko zenbatekoa du. Ekoizpen-sistemari eta enpleagagarritasunari onura emateko asmoa duten jarduera osagarriak lagunduko dira diruz, beti ere ondorengo arloetan gauzatzen diren jarduerak: ikastegiaren sare informatikoa dinamizatzea; ikastetxeetan Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) erabiltzeko prozesua dinamizatzea; berriztapen-jarduerak irakatsi eta ikasteko prozesuan; kultura ekintzailea sustatzea; irakaskuntza hobetzera bideratutako berriztapen teknologikoa; etengabeko hobekuntza-sistemen ziurtatzea; enpresei aplikatutako berriztapena; edo nazioartekotzea.

 

IRAKASLEEN FORMAZIORAKO JARDUERAK BURUTZEN DITUZTEN IRABAZI ASMORIK GABEKO ELKARTEENTZAT DIRU-LAGUNTZAK

Agindua, honen bidez, diru-laguntzen deialdia egiten da 2015ean irakasleak etengabe prestatzeko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez onartu du, 2015ean unibertsitatez besteko irakasleen etengabeko prestakuntzarako eta pedagogia nahiz didaktika eguneraketarako jarduerak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeentzat laguntzak arautzen dituen Agindua. Deialdi honek 100.000 euroko diru-kopurua du.

Diruz lagunduko diren jarduerak, ondorengo ekintza hauetakoren bat burutzera bideratuak izan beharko dira:

-Irakasleen etengabeko prestakuntzara bideratutako ekintzak, formazio ikastaroen edo ikastaro tekniko zientifikoen bidez, beti ere hezkuntza eremuko ikerketarekin, gai didaktiko eta pedagogikoak eguneratzearekin edo Prest_Gara Planak bultzatzen dituen jardunbideekin zerikusirik baldin badute.

-Irakasleen etengabeko prestakuntza arloko esperientzia-trukeei zabalkundea ematea asmo duten ekintzak, hala nola, bilkurak, kongresuak, jardunaldiak, praktika onen giden edizioa.

Diru-laguntza jasotzeko jarduerek 2015ean zehar burutuak izan beharko dute. Deialdi hau Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara Planaren baitan sartzen da. Diru-laguntza hauek jasotzeko eskubidetik kanpo gelditzen dira Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak bultzatutako beste deialdiren batean laguntza jaso duten jarduerak (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila).

Deialdi honetara eskaerak aurkezteko epea urriaren 1ean amaituko da.

 

550.000 EURO HEZKUNTZA-BIKAINTASUNERA ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA-PROIEKTUETARAKO

Agindua, honen bidez, unibertsitatez kanpoko ikasketak -heziketa-zikloak izan ezik- ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei dei egiten zaie.

LABURPENA

2015-2016ko ikasturtean hezkuntza-bikaintasunera zuzendutako prestakuntza-proiektu desberdinak egiteko itunpeko ikastetxeak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe ez dauden unibertsitateaz kanpoko titularitate publikoko ikastetxeak (heziketa-zikloak izan ezik) deitzen dituen Agindua onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran Gobernu Kontseiluak. Deialdi honek 550.000 euroko diru-kopurua dauka.

Deialdi honetara aurkezten diren proiektuek Prest_Gara Planaren baitan kokatzen den “Praktika egokien bidetik bikaintasunerantz” deituriko ildo estrategikoaren helburuekin bat egin beharko dute. Honako hauek dira aipaturiko helburuok:

-Tresnak ematea ikasleen konpetentzia pertsonala, lorpenerako motibazioa eta ahaleginaren balorazioa lantzeko.
-Irakasleei laguntza ematea bikaintasunerako berrikuntza-proiektuetan.
-Metodologia berrietan edo tresna didaktiko berritzaileetan trebatzea, bikaintasunerako bidean.
-Irakasleei, oro har, eta tutoreei eta orientatzaileei, zehazki, tresnak ematea, zailtasun handienak dituzten ikasleei, alde batetik, eta adimen gaitasun handiak dituzten ikasleei, bestetik, laguntzeko.
-Testuinguru kaltetuetan bizitzeagatik gizarte bazterkeriaren arriskuan egon daitezkeen ikasleek bikaintasuna lor dezaten ikastetxean egiten diren praktika didaktikoetan laguntzea
-Jardunbide egokien esperientziak trukatzeko espazio bat zabaltzea.

Eskaerak aurkezteko epea irailaren 22an amaituko da.

 

54 MILIOI UNIBERTSITATEZ KANPOKO IKASLEEI ZUZENDURIKO BEKETARAKO

Agindua, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako 2015-2016 ikasturteko deialdia egiten duena.

LABURPENA

  • Kopurua milioi bat euro handiagoa da, iazko ikasturte hasieran onartuarekiko.
  • Baldintzak betetzen dituen familia orok laguntza jasoko duela bermatzen da.

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, 2015-2016 ikasturtean unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko diru-laguntzak deitzen dituen Agindua onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez. Deialdiak 54 milioi euroko diru-kopurua du.
 

Eusko Jaurlaritzak unibertsitatez besteko beketara zuzendutako diru-kopuru honek milioi bat euroko gehikuntza esan nahi du joan den 2014-2015 ikasturte hasieran onartuarekin alderatuta, 53 milioi eurokoa baitzen kopurua orduko hartan. Era honetan, baldintzak betetzen dituen familia orok ikasketetarako diru-laguntza izango duela bermatzen du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.

Joan den 2014-2015 ikasturtean unibertsitatez kanpoko mailetako 126.284 ikasle bekadun izan ziren Euskadin, eta horien guztien artean 190.009 laguntza banatu ziren. Diru-laguntza horietan honako osagai hauek sartu ahal izango dira: kuota osagaia, irakaskuntzaren osagaia, joan-etorriaren osagaia, egoitzaren osagaia, eskola-materialaren osagaia eta jantokiaren osagaia.

Beka hauen onuradun izan daitezke 2015-2016 ikasturtean ondorengo ikasketa maila edo gradu hauek burutuko ditruzten ikasleak:
-Haur Hezkuntza
-Lehen Hezkuntza
-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
-Batxilergoa
-Lanbide Heziketako zikloak
-Musikako eta Dantzetako oinarrizko irakaskuntzak nahiz profesionalak
-Arte plastikoak eta Diseinua
-Kirol irakaskuntzak