2015/09/08 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak 104 lanpostu gehituko ditu lanbiden, horrela 918 egiturazko langile izatera iritsiz
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
770.000 euro berrikuntza eta ekintzailetzarako
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Izandapenak eta kargu-kentzeak Bizkaiko Garraio Partzuergoko Kontseiluan eta ETSko Administrazio Kontseiluan
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK 104 LANPOSTU GEHITUKO DITU LANBIDEN, HORRELA 918 EGITURAZKO LANGILE IZATERA IRITSIZ

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen Dekretua aldatzeko dena. (Lanbideko LZ)

LABURPENA

  • Gobernu Kontseiluak erakunde autonomoa birmoldatu eta berritzen duen lanpostu-zerrenda onartu du, euskal gizarteak enpleguaren eta prestakuntzaren arloan dituen premiei erantzuteko.
  • Gainera, Gobernuak akordio-zirriborro bat igorri die sindikatuei, Lanbiden ari den langileen lansari-maila eta enplegua mantentzeko konpromisoa hartzen duenekoa.

Gaur bertan, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren lanpostu-zerrendari (LPZ). LPZ 814 lanpostu izatetik 918 izatera pasatu da; hau da, %12,77 gehiago.

LPZk, gainera, berrantolatu egiten du Lanbideren egitura, erakunde autonomoa modernizatzeko, haren jasangarritasuna bermatzeko, eta euskal herritarrek enpleguaren eta prestakuntzaren arloan dauzkaten premiei erantzuteko. Modu honetara, hemendik aurrera 5 maila profesional izango dira:

• Erantzukizun-lanpostuak.
• Teknikariak
• Administrariak.
• Lanpostu laguntzaile orokorrentzat.
• Mendeko langile.

LPZ berria urriaren 1ean jarriko da indarrean.

LANSARI-MAILAK

Gaur bertan onartutako dekretuak lansari-mailak ere zehazten ditu, EAEko Administrazio publikoan indarrean daudenetara egokituta. Gainera, atzeraeragin-aldi bat ezarri du (2011ko urtarrilaren 1era), LPZren aldaketaren ondorioz soldata-igoera dutenek atzerapenak eskatu ahal izan ditzaten. Langilearen saldoa negatiboa den kasuetan ez da inolako zenbatekorik erreklamatuko.

SINDIKATU-NEGOZIAZIOA

Gobernuak dokumentu berri bat bidali die sindikatuei, non ordainsari osagarri bat, handitu daitekeena, zehazteko konpromisoa jasotzen duen, gaur egun Lanbiden ari den pertsona ororen soldata-maila mantendu ahal izateko. Lanbidek hurrengo mahai sektorialean aztertuko du zirriborro hori, irailean bertan, eta, akordio sindikala egonez gero, erabakiak 215 pertsona ingururengan izango du eragina.

Zirriborroak, gainera, gaur egun Lanbiden ari direnen enplegua mantentzeko proposamen bat jasotzen du, baita lan-kontratudun finkoak funtzionario bilakatzeko ere. Proposamen zehazki bat lan-kontratudun finkoek eta sententziaren bitartez lan-kontratudun mugagabeek enplegua mantentzeko eta Lanbiden lan egin duten urteetan jasotako ezagutza aprobetxatzeko.

2010 TRANSFERENTZIA

Lanbide Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egiturara egokituta, amaitutzat ematen da 2010ean enplegu-politika aktiboen arloan hasitako transferentzia-prozesua; hain zuzen ere, orduan jarri zituen Espainiako Gobernuak Euskadiren esku material-baliabideak, karrerako funtzionarioak eta momentura arte Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan lan egiten zuten langile lan-kontratudunak.

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

770.000 EURO BERRIKUNTZA ETA EKINTZAILETZARAKO

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Agindu bat onartu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak proposatuta; aipatutako Aginduaren bidez, 2015-2016 ikasturtean, Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan, garatu beharreko berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak egiteko diru-laguntzak deitzen dira.

Deialdiaren xedea da Lanbide Heziketako zentroetan berrikuntza aplikatu eta ekintzaileko proiektuak egitea diruz laguntzea (770.000 € guztira), irakasleak erabat edo partez liberatzeko aukera emanda, 2015-2016 ikasturtean berrikuntza eta ekintzailetzako proiektuak gauza ditzaten, halako proiektuak beharrezkoak baitira Lanbide Heziketaren prestakuntza-eskaintza egokitzeko produkzio-sistemaren premietara, helburua ezagutza horiek Lanbide Heziketako gainerako ikastetxeei transferitzea izanda.

Itunpeko ikastetxe pribatuek eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntza horiek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan erdi- eta goi-mailako lanbide-heziketako prestakuntza-zikloak, 2014-2015 ikasturtean itunduta edo hitzartuta, eman badituzte.

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

IZANDAPENAK ETA KARGU-KENTZEAK BIZKAIKO GARRAIO PARTZUERGOKO KONTSEILUAN ETA ETSKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUAN

LABURPENA

Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria Bizkaiko Garraio Partzuergoko Kontseilu orokorreko eta ETSko Administrazio Kontseiluko partaide da. Izandako aldaketaren ondorioz Amaia Barredo kargu hauetatik kentzen da eta bere ordez Alex Boto izendatzen da.