2015/10/06 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
«Diasporizatu» leloa aukeratu du Eusko Jaurlaritzak bihar hasiko den kanpoan diren Euskal Gizataldeen VI. Mundu Batzarrerako.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztuko du Konstituzio Auzitegian beste behin, espainiako bi lege berrik eskumenak urratzen dituztelako.
Eusko Jaurlaritzak 450.000 euro baino gehiago xedatuko ditu euskadiko 236 Bake Epaitegien funtzionamendu gastuak diruz laguntzeko.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak 383.000 euro bideratuko ditu kalitate erregimenen pean babestutako nekazaritzako elikagaiak sustatzera.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
10,8 milioi, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak sustatzeko.
Eusko Jaurlaritzak onartu berri du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Zerbitzuen eta Prestazioen karterari buruzko dekretua.
200.000 euro Gurutze Gorriari, pobrezia energetikoaren arloko proiektu bat bultzatzeko.
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Aldaketa kirol-ontziei ematen zaizkien zerbitzuenTasan (T-5).
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Lekeitioko Abaroa Jauregia, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratu da.
53,206 milioi euro ikastetxe publikoen garbiketa zerbitzuak kontratatzeko.
177.335 euroko dirulaguntza ikastetxeentzat hitzartutako unitateak murrizteak eragindako kalteak arintzeko.
1,5 milioi euro kultura-artekotasuna sustatzeko eta hizkuntza sendotzeko programetarako.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak Kontserbatzeko Eremu Berezi - KEB izendatu du Entzia (Araba).
Eusko Jaurlaritzak onartu du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikorako Plan Hidrologikoaren eta Uholde Arriskuaren Kudeaketa Planaren Proiektuak (2015-2021erako EAEko Barneko Arroen Eremuan) izapidetzen jarraitzea.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

«DIASPORIZATU» LELOA AUKERATU DU EUSKO JAURLARITZAK BIHAR HASIKO DEN KANPOAN DIREN EUSKAL GIZATALDEEN VI. MUNDU BATZARRERAKO.

LABURPENA

• 22 herrialdetatik etorritako euskal jatorriko ehun bat lagun bilduko dira Gasteizen, urriaren 7, 8 eta 9an
• «Diasporizatu» hitzak euskal diasporaren harreman sozial, ekonomiko eta kulturaletan sakonduz mundu globalizatu berriaren exijentziei erantzutea esan nahi du
• Euskal diaspora etorkizunera begira jarriko du, harreman ekonomiko eta kulturalak sortzeko
• Diasporen arloko mundu mailako aditu Kingsley Aikins irlandarrak, diasporize terminoaren asmatzaileak, irekiko du Batzarra asteazkenean, hilak 7
• Batzarretik Eusko Jaurlaritzak kanpoan bizi den euskal komunitatearen inguruko datozen lau urteetarako politikak finkatzeko proposamen bat aterako da

Eusko Jaurlaritzak Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VI. Mundu Batzarra antolatu du urriaren 7, 8 eta 9rako, Gasteizko Montehermoso Jauregia-Oihaneder Euskararen Etxean, euskal gizartea «diasporizatzea» helburu. «Diasporizatu» leloarekin, exekutiboak Euskadiko gizartearen eta mundu osoko euskal etxeen artean harreman-oinarri berriak ezarri nahi ditu, «mundu globalean elkarrekin hazi» ahal izateko.

Euskal Gizataldeen Batzarra lau urtean behin egiten da, eta oraingoan, Amerika, Asia, Europa eta Ozeaniako 22 herrialdetako ordezkariak bilduko ditu. Montehermoso Jauregian egingo diren lan-jardunaldietan 100 bat pertsonak parte hartuko dute.

«Diasporizatu»
«Diasporizatu» da aurtengo batzarrerako aukeratutako leloa. Euskadi beste emigrazio-garai bat izaten ari da, eta Eusko Jaurlaritzaren ustez, orain arte arlo horretan egindako lana aitortu eta baloratu egin behar da. Gainera, batetik, euskal etxeen eta federazioen, eta bestetik, jatorrizko lurraldearen, Euskadiren artean, harreman-oinarri berriak eraiki nahi dira.

VI. batzar honetarako aukeratutako «Diasporizatu» leloaren bidez, euskal diasporak hemendik aurrera zer izan behar duen adierazi nahi da: harreman sozial, ekonomiko eta kulturaletan sakondu behar du, mundu globalizatu berriaren exijentziei erantzuteko, eta aldi berean, Euskadirekin elkarrekintzan aritu.

Lehendakariak Boiseko Jaialdira egin zuen bisita ofizialean honela adierazi zuen: «Euskadin bizi garenok atzerrian dauden euskal gizataldeen indarraz, bizitasunaz, garrantziaz eta ahalmenaz jabetzea da gure helburua. Mundu globalagoan elkarrekin haztea».

3 lan-ildo
Batzarrak iraungo duen hiru egunetan, ordezkariek Eusko Jaurlaritzari aurkeztu beharreko proposamen-dokumentu bat landu beharko dute. Dokumentu hori kanpoan bizi den euskal komunitatearekin lotutako datozen lau urteetarako politikak finkatzeko oinarria izango da.

Eusko Jaurlaritzak hiru lan-ildoren inguruan eztabaidatzea proposatu du: belaunaldien txandakatzea eta emakumeek euskal etxeetan eta federazioetan daukaten eginkizuna; euskal etxeen etorkizuna, euskal emigrazio berriarekin lotuta; eta Global Basque Network sarearen hazia izango den erakundeen arteko harreman-sarea eta loturak.

Lan-jardunaldiak
Hilaren 7, 8 eta 9an, Eusko Jaurlaritzak kanpoan bizi den euskal komunitatearekin zerikusia daukaten proiektuak azalduko ditu, adibidez:

  • Euskal emigrazioaren ahozko lekukotzak biltzeko Memoria Bizia programa;
  • hemendik aste batzuetara 7.000 liburuz osatutako katalogo bat eskainiko duen eLiburutegia plataforma;
  • euskal jatorriko 10.000tik gora pertsonari buruzko informazioa biltzen duen Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko euskaldunen entziklopedia biografikoa.

Euskal etxe eta federazioekin lotutako gaur egungo eta etorkizuneko gaiak lantzeko denbora ere izango da. Hiru egun horiek eztabaidatzeko eta lan egiteko izango dira eta Batzarra irekitzeko hitzaldia egingo duen Kingsley Aikinsen presentzia nabarmendu behar da. Diasporen arloko munduko aditu nagusietako bat da, eta une honetan, mundu osoko hainbat agintariri eta gobernuri aholkularitza ematen ari da.

Mugarri nabarmenak

Bihar, asteazkena, urriak 7, lehendakariak Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VI. Mundu Batzarra irekiko du, eta Aikinsen «diasporizazioari» buruzko hitzaldiaren ondoren, inauguratuta geratuko da. Ostegunean, urriak 8, Euskara Munduan programaren 25. urteurrenari eta Memoria Bizia proiektuari buruzko aurkezpenak eta emakumeek kanpoko euskal komunitateetan daukaten eginkizunari buruzko eztabaida nabarmenduko dira. Halaber, egun horretan, kanpoan diren gizataldeek Aholkularitza Batzordean izango dituzten ordezkari berriak aukeratuko dira.

Azkenik, ostiralean, urriak 9, 2016-2019 aldirako Lau Urteko Planaren proposamena itxiko da, eta batzarra bukatu ondoren, lehendakariak Lehendakaritzan hartuko ditu batzarkideak.

Ostiraleko amaierako ekitaldian, William A. Douglass antropologo estatubatuarrak, Mr. Basque ezizenekoak, kanpoan diren euskal gizataldeen eta Euskadiko erakundeen arteko gaur egungo harremanari buruzko hitzaldi bat emango du.

Testuingurua
Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarako 8/1994 Legeak, maiatzaren 27koak, xedatutakoaren arabera, honako hauek dira Batzarreko eskubide osoko kideak:
- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeko kideak
- Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak
- Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duen talde parlamentario bakoitzeko kide bat
- Federazio bakoitzeko hiru ordezkari
- Federaziorik ez dagoen herrialde bakoitzeko euskal etxeetako hiru ordezkari

Honako herrialde hauetako euskal gizataldeen ordezkariek baieztatu dute Batzarrean izango direla: Alemania, Argentina, Australia, Belgika, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Kuba, El Salvador, Espainia, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Japonia, Mexiko, Paraguai, Peru, Puerto Rico, Erresuma Batua, Uruguai eta Venezuelakoek.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK ERREKURTSOA AURKEZTUKO DU KONSTITUZIO AUZITEGIAN BESTE BEHIN, ESPAINIAKO BI LEGE BERRIK ESKUMENAK URRATZEN DITUZTELAKO.

Erabakia, zeinaren bidez baimena ematen baita lege honen zenbait aginduren aurka konstituzioaren aurkakoak direla adieraziz errekurtsoa jartzeko: 23/2015 Legea, uztailararen 21koa, Ordenadora del Sistema de Inspección de Trabajo y Seguridad Social.

Erabakia, zeinaren bidez baimena ematen baita lege honen zenbait aginduren aurka konstituzioaren aurkakoak direla adieraziz errekurtsoa jartzeko: artículo 102 del Real Decreto Legislativo 1/2015, de 24 de julio, por el que se aprueba el texto refundido de la Ley de Garantías para el uso racional de los medicamentos y productos sanitarios.

LABURPENA

• Legegintzaldi honetan, 20tik gora aldiz egin dute talka Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak, Konstituzioan ezarritako eskumenak urratzea egotzita batek zein besteak onartutako hainbat legeri.
• Eusko Jaurlaritzak salatu du Espainiako gobernuaren jardun legegileak behin eta berriro urratzen dituela Espainiako Konstituzioa eta Gernika Estatutua.

Gobernu-kontseiluak bi konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso aurkeztea onartu du gaur, hain zuzen, Espainiako bi lege hauen aurka: 23/2015 Legea, uztailaren 21ekoa, Lan-ikuskaritza eta Gizarte Segurantzako sistema arautzekoa, eta 1/2015 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 24koa, Medikamentuen eta osasuneko produktuen erabilera arrazionala bermatzeko legearen testu bategina onartzekoa. Bi arau horiek Gernikako Estatutua urratzen dute, baina ez da hori gertatzen den lehen aldia, dagoeneko hamaikatan jo behar izan duelako Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegira antzekoak salatzera.

Lan-ikuskaritza eta Gizarte Segurantzako sistema arautzeko uztailaren 21eko 23/2015 Legeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak konstituzio-kontrako iritzi die azken xedapenetatik lehenari eta bigarren xedapen iragankorrari, Espainiako gobernuak zehapen-ahalmena beretzat gorde duelako, langabeziagatiko prestazioak eta subsidioak kobratzen dituzten pertsonek egindako arau-hausteei dagokienez. Horrenbestez, arau-hausteak jakinaraztera mugatu beharko da Lanbide-zerbitzua, zehapen-prozesuak abiarazteko edo ebazteko gaitasunik gabe utzi duelako Espainiako gobernuak.

Legegintzaldi honetan bigarren aldiz, Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari gogorarazi nahi dio prozesu zigortzaileek ez dutela zerikusirik Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoarekin, eta, hala izanez gero, Euskadi dela arlo horretako eskumenak onartuta dituen autonomia-erkidego bakarra, Gernikako Estatuaren n18.2 artikuluaren arabera.

Eskumen horren beraren urraketa aurkaratu du lehenago ere Eusko Jaurlaritzak, zehazki, iazko abenduan, konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkeztu baitzuen 1/2014 Legearen, otsailaren 28koaren, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoaren aurka.

FARMAZIA ANBULATORIOKO KOORDAINKETA

Halaber, errekurtsoa jartzea onartu du gobernu-kontseiluak Medikamentuen eta osasuneko produktuen erabilera arrazionala bermatzeko legearen testu bategina onartzen duen 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren, uztailaren 14koaren, 102. artikuluaren aurka. Lehenago ere hainbatetan errekurritutako manu horretako artikulu horretan arautzen dira farmazia-anbulatorioaren prestazioaren onuradunei aplikatu beharreko zenbatekoak eta salbuespenak. Hala bada, Konstituzio Auzitegia, aipatutakoaz gain, beste hiru eskumen-talka aztertzen ari da osasuneko eta farmaziako koordainketaren arloan:

  • Konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa, Eusko Jaurlaritzak jarria Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta sistemaren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 20ko 16/2012 Errege Lege-dekretuaren aurka.
  • Eskumen-gatazka positiboa, Estatuak jarria EAEren eremuan Osasun Sistema Nazionaleko osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 111/2012 Dekretuaren aurka.
  • Eskumen-gatazka positiboa, Eusko Jaurlaritzak jarria Funts publikoen kargura eta Osasun Sistema Nazionalaren bidez Espainian osasun-laguntza jasotzeko asegurudun eta onuradun izatea arautzen duen abuztuaren 3ko 1192/2012 Errege Dekretuaren aurka.

EUSKO JAURLARITZAREN ETA ESPAINIAREN ARTEKO ESKUMEN TALKAK

Gaur iragarritakoez gain, Eusko Jaurlaritzak Espainiako 16 lege aurkaratu ditu Konstituzio Auzitegian legegintzaldi honetan:

  • 16/2014 Errege Lege-Dekretua, abenduaren 19koa, enplegua suspertzeko programa arautzen duena.
  • Hazkuntzaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren aldeko premiazko neurriak onartzeko urriaren 15eko 18/2014 Legea.
  • 1/2014 Legea, otsailaren 28koa, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoa.
  • 8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, Hezkuntza Kalitatea hobetzekoa. (LOMCE)
  • 1/2013 Errege Lege-dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena.
  • 2012rako Aurrekontuen Espainiako Legea.
  • 2013rako Aurrekontuen Espainiako Legea.
  • Estatuko 20/2012 Errege Lege-dekretua, uztailaren 13koa, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa.
  • 4/2013 Errege Lege-dekretua, otsailaren 22koa, eta 11/2013 Legea, uztailaren 26koa, ekintzaileari laguntzeko eta hazkundea eta enpleguaren sorrera bultzatzeko neurriei buruzkoa.
  • 14/2012 Errege Lege Dekretua, apirilaren 20koa, hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa.
  • Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta sistemaren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko 16/2012 Errege Lege-dekretua.
  • 1192/2012 Errege Dekretua, abuztuaren 3koa, funts publikoen kargura eta Osasun Sistema Nazionalaren bidez Espainian osasun laguntza jasotzeko asegurudun eta onuradun izaera arautzen duena.
  • 1506/12 Errege Dekretua, azaroaren 2koa, Osasun Sistema Nazionaleko prestazio ortoprotesikoen zorro erkide osagarria arautzen duena eta prestazio ortoprotesikoen finantzaziorako gehieneko zenbatekoak zehazteko oinarriak ezartzen dituena.
  • 126/2014 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma ezartzen duena.
  • 1056/2014 Errege Dekretua, abenduaren 12koa, ezgaitasunak dituzten pertsonentzako aparkatzeko txartela igortzeko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak erregulatzen dituena.
  • FOM/710/2015 Agindua, urtarrilaren 30ekoa, Interes Orokorreko Trenbideen eta Trenbide Sareko interes orokorreko bide-zatien katalogoa onartzekoa.

Gainera, Euskadi-Estatua aldebiko batzordean konstituzio-mailako desadostasunen gaineko negoziazioak abian dira 5 lege hauen gainean:

  • 1/2015 Errege Lege Dekretua, otsailaren 27koa, bigarren aukerako mekanismoari, finantza-karga murrizteari eta bestelako neurri sozialei buruzkoa.
  • 10/2015 Legea, maiatzaren 26koa, Kultura Ondare Immateriala babesteari buruzkoa.
  • EAEko 6/2015 Legea, ekainaren 30ekoa, hidrokarburo ez-konbentzionalak erauzteko prozesuan eta haustura hidrauliko edo «fracking»ean ingurumena babesteko neurri osagarriei buruzkoa.
  • EAEko Legea, ekainaren 18koa, Etxebizitzarena.
  • EAEko Legea, ekainaren 25ekoa, EAEko Zuzenbide Zibilarena.

 

EUSKO JAURLARITZAK 450.000 EURO BAINO GEHIAGO XEDATUKO DITU EUSKADIKO 236 BAKE EPAITEGIEN FUNTZIONAMENDU GASTUAK DIRUZ LAGUNTZEKO.

LABURPENA

• Diru-laguntzak udalerrien bidez banatuko dira, biztanle-kopurua aintzat hartuta zehaztuta.
• Donostiako, Basauriko eta Langraiz Okako udalek, EAEko hiru espetxeak dauden udalerriek, 1.850 euroko diru-laguntza osagarria jasoko dute.
• Eusko Jaurlaritzak 1990az geroztik finantzatzen ditu Bake Epaitegiak.

 Gobernu-kontseiluak gaur onartu du 458.450 euroko agindu ekonomikoa, Euskadiko Bake Epaitegien funtzionamendu-gastuak ordaintzea ahalbidetuko duena. Diru-laguntzak udalerrien bidez egituratuko dira, biztanle-kopuruaren arabera banatuta. Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 236 Bake Epaitegi daude:
 

BIZTANLEAK ZENBATEKOAK
Biztanle 1 eta 499 bitartean 750.-€
500 eta 999 bitartean 875.-€
1.000 eta 2.999 bitartean 1.850.-€
3.000 eta 6.999 bitartean 2.650.-€
7.000 eta 19.999 bitartean 3.625.-€
20.000 eta 29.999 bitartean 4.625.-€
30.000 eta 39.999 bitartean 5.725.-€
40.000 biztanletik gora 7.425.-€

 

(Ikusi dokumentua "Informazio gehiago")  

Gainera, Euskadiko hiru espetxeak dauden udalerriek (Basaurik, Donostiak eta Langraiz Okak) 1.850 euro gehiago jasoko dituzte. Hala bada, honako hauek dira guztizkoak:

• Araba: 66.150 euros
• Bizkaia: 226.550 euros
• Gipuzkoa: 165.750 euros

Diru-laguntza honi atxikitako udalerriek Bake Epaitegiaren zerbitzuak eskaintzeko erabilitako bitartekoen eta instalazioen memoria esplikatiboa aurkeztu beharko dute datorren urteko lehen hiru hilabeteetan, gauzatutako gastu errealen zenbatekoak ere adierazita.

BAKE EPAITEGIAK

Eusko Jaurlaritzak 1990az geroztik finantzatzen ditu Bake Epaitegien funtzionamendu-gastuak; izan ere, bere eskumenen artean daude Justizia-administrazioaren plangintza orokorra gauzatzea, Bake Epaitegien laguntza-programak kudeatzea eta Bake Justiziaren arloko jarduerak sustatzea.

Bake Epaitegiak dira egitura judizialaren lehen kate-begia, eta herritarrengandik hurbil daudenez, herritarren eta justiziaren arteko harremana auzotasun-harremanaren pareko izatera hel daiteke.
 

 

Dokumentuak
Informazio gehiago

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK 383.000 EURO BIDERATUKO DITU KALITATE ERREGIMENEN PEAN BABESTUTAKO NEKAZARITZAKO ELIKAGAIAK SUSTATZERA.

LABURPENA

• Lehen aldiz parte hartzen duten nekazarien partaidetza eta informazio eta sustapen jarduerak finantzatuko ditu.
• Kalitatearen bitartez nekazaritzako elikagaien ekoizpena bereizteko lanetan aurrera egiteko exekutibo autonomoak duen estrategiaren baitan sartzen dira laguntzak.

Eusko Jaurlaritzak, 2015eko urriaren 6an egindako azken Kontseiluan, onartu du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak emandako Agindua, zeinaren bidez nekazaritzako produktu eta elikagaien kalitate erregimenetarako, hau da, Jatorri Izendapen, Adierazpen Geografiko Babestu eta kalitate bereizgarrietarako laguntzak iragartzen diren 2015eko ekitaldirako. Neurri horietara 383.000 euro inguru bideratu dira, zati batean FEADER Europar Erkidegoaren funtsak finantzatuta, 2015-2020 Euskadiko Landa Garapenerako Planaren babespean.

Laguntza horien helburua da kalitatearen bidez euskal nekazaritzako elikagaien ekoizpena bereizteko lanetan aurrera egitea, Euskadiko nekazaritzako elikagaien lehiakortasunaren alde egiteko Eusko Jaurlaritzak erabakitako estrategiaren zatia baita.

Nekazaritzako elikagaietarako laguntzak:
• Kalitate erregimenetan lehen aldiz parte hartzen duten nekazarientzat, urteko prima bat bideratuko da ustiategiko, eragindako kostu finkoen mailaren arabera, onuradunak izena ematen duen urtean hasi eta gehienez ere 5 urteko epean. Aurreikusitako gehienezko zuzkidura 114.893,62 eurokoa izango da.

• Kalitate erregimen baten pean dauden produktuen informaziorako eta sustapenerako ekoizleen elkarteek Erkidegoko merkatuan egiten dituzten jardueretarako. Jarduera horiei diru laguntzen bidez lagunduko zaie, eta informazio eta sustapen ekintzen kostuetatik diruz lagundu daitezkeenen portzentaje bat izango da diru laguntzaren zenbatekoa. Guztira 268.085,11 euro bideratuko dira diru laguntza horietara.

Laguntzak eskatzeko inprimakiaren eredua www.euskadi.eus web orrian dago eskuragarri, eta eskariak Eusko Jaurlaritzako Elikagai Kalitate eta Industriako zuzendariari bidali behar zaizkio, agindua argitaratu eta gehienez ere hamabost eguneko epean.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

10,8 MILIOI, ENPLEGURAKO ORIENTAZIO-EKINTZAK ETA -ZERBITZUAK SUSTATZEKO.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 3.595.500 euro bideratuko ditu enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzera, Lanbideren bulego-sarearen bitartez eta hainbat erakunderekin elkarlanean, zerbitzua gehiago garatzen laguntzeko.

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Lanbideren Laneratzea Aktibatzeko Programarako diru-laguntzen deialdiari oniritzia eman dio gaur. Diru laguntzaren kopurua 10,82 milioi eurokoa da. Programa horren bidez, lana bilatzen ari diren edo galtzeko arriskuan dauden pertsonek lanerako prestakuntza-ekintzei, autoenplegurako prestakuntzari eta lana aktiboki bilatzeari buruzko banakako aholkularitza jasotzen dute, orientazioaren arloko profesionalen eskutik, etorkizunean lan-merkatuan sartu ahal izateko beharrezko aurretiko pauso gisa.

2014an, Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego-sareak eta erakunde laguntzaileek 323.077 esku-hartze egin zituzten eta horien bitartez 118.118 pertsonari lagundu zieten.

Arreta pertsonalizatua da langabezian dauden pertsonen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko bermerik onena. Enplegurako orientazio-zerbitzuen definizioa honako hau da: pertsona bakoitzaren lanbide-inguruabarrak kontuan izanik, bere gaitasunak eta interesak zehazteko aukera eman eta bere ikaskuntza-ibilbide indibiduala, enplegu-bilaketa eta enpresa-ekimenak martxan jartzeko prozesua kudeatzea ahalbidetzen duten informazio-, laguntza-, motibazio- eta aholkularitza-ekintzak eta -neurriak dira.

Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten erakundeek beraien esperientzia akreditatu beharko dute; era berean, lan-orientazioko ekintzen kalitatea eta efizientzia bermatzeko zer baliabide material eta zer giza baliabide dituzten akreditatu beharko dute. Ekintza horien artean, honako hauek daude: lan-aukeren balorazioa, diagnostiko indibidualizatua egitea eta profila zehaztea; enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatzea; ibilbidean laguntza pertsonalizatua ematea, eta enplegu-eskaerak ikusita beste aukera profesional batzuk identifikatzeko aholkularitza ematea.

Era berean, orientazio-zerbitzuek garatu beharreko neurrien artean, gai hauei buruzko informazio-saioak egitea nabarmentzen dira: lan-merkatuari, enplegurako politika aktiboei eta zorroko zerbitzu komunen eta osagarrien eskaintzari buruzkoak.
Orientazio-zerbitzuak honako jarduerak barne hartuko ditu:

a) Lan-merkatuaren, enplegurako politika aktiboen eta zorroko zerbitzu komunen eta osagarrien eskaintzaren gaineko informazioa ematea.
b) Diagnostiko indibidualizatua egitea eta profila zehaztea.
c) Enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatzea.
d) Ibilbidean laguntza pertsonalizatua ematea eta jarduera-konpromisoa betetzea.
f) Enplegua aktiboki bilatzeko teknikak aholkatzea eta erabiltzea.
g) Beste aukera profesional batzuk identifikatzeko informazioa eta aholkularitza ematea.
h) Kontratatzen laguntzeko eta enpresetan txertatzen laguntzeko tresnei buruzko informazioa eta aholkularitza ematea.

Desabantailan dauden taldeak

Bigarren laguntza-deialdia, 2.924.340 eurokoa, desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonek (ijitoak, erregimen irekiko presoak, desgaituak eta bazterketa- edo zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak) orientazio-ekintzak egiteko eta orientazio-zerbitzuak emateko izango da. Orientazio-ekintza eta -zerbitzuoi esker, kolektibo horietako pertsonen lanbide-trebakuntza eta lan-merkatuko posizioa hobetuko dira.

Lanbidek baimendutako zentro pribatu nahiz publikoek egingo dituzten jarduerak aurreko atalekoen berberak dira, baina langile espezializatuek garatuko dituzte.

2014an onartutako deialdia 2014eko urriaren 4tik 2015eko irailaren 30era garatu da, eta 16.003 onuradun izan ditu.

Prestakuntza-ekintzak enpresetan

Azkenik, hirugarren laguntza-ildoa, 4.300.000 eurokoa, langileen gaitasunak eta kualifikazioak hobetzea xede duten eta enpresek programatzen dituzten prestakuntza-ekintzak egitearekin lotuta dago. Lanbidek kudeatzen du programa, eta Hobetuz Fundazioaren laguntza du.

4,3 milioi euro 35 langile baino gehiagoko enpresen edo 50 baino gehiagoko enpresa-taldeen prestakuntza-jarduera estrategikoetara bideratuko dira, langileen gaitasunak eta kualifikazioa hobetzeko. Laguntza horiek bateragarriak dira Espainiako egungo prestakuntza-sisteman aurreikusitako hobariekin.

Prestakuntza-ekintzok EAEko lan-zentroetan gauzatuko dira, eta gutxienez 6 ordukoak eta gehienez 270ekoak izan beharko dira. Halaber, 2015eko urtarrilaren 1etik 2016ko ekainaren 30era bitartean egin beharko dira.

Langileen gaitasunak eta kualifikazioak hobetzea xede duten prestakuntza-ekintzak sustatzen dituzten enpresak eta enpresa-taldeak izan daitezke laguntzen onuradunak.

Enpresa-kopurua: 640
Azaldutako-kopurua: 31.913 azaldutako langileak.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK ONARTU BERRI DU GIZARTE ZERBITZUEN EUSKAL SISTEMAKO ZERBITZUEN ETA PRESTAZIOEN KARTERARI BURUZKO DEKRETUA.

Dekretua, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Kartera arautuko duena.

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu du Gizarte Zerbitzuen euskal sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Kartera arautzen duen dekretua, hala, Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legean aurreikusitako zerbitzu eta prestazioetarako eskubideari zehaztasun praktikoa emanik. Dekretu hori beharrezkoa da Gizarte Zerbitzuen Legea gauzatzeko, eta bertan zehaztu dira zerbitzu bakoitzaren izaera, helburua, hartzaileak, eskuratzeko eskakizunak eta ordainketa partekatua duen ala ez.

Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta Eudelek osatutakoa, duela zenbait hilabete onartu zuen Gizarte Zerbitzuen euskal sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Kartera. Orain, Legearen arauak garatze aldera, dekretu hau onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Jaurlaritzak azpimarratu du Prestazioen eta Zerbitzuen Karterari buruzko dekretua onartuta eta Gizarte Zerbitzuen euskal sistema unibertsalizatuta, 2016ko abenduaren 26tik aurrera, Gizarte Zerbitzuen Legean zehaztu bezala, Euskadik aurrerapauso handia emango duela ongizate-estatua sendotzeko bidean. Ongizate-estatuak lau oinarri ditu euskarri: hezkuntza-sistema, osasun-sistema, pentsio-sistema eta gizarte-zerbitzuen sistema.

Legearen 22. artikuluak Euskadiko biztanleek eskubidez dituzten prestazio eta zerbitzu horien zerrenda biltzen du; besteak beste, honako hauek: lehen mailako arretaren arloan: informazioa, balorazioa, diagnostikoa, orientazioa, etxeko laguntza, esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala, telelaguntza eta alojamendua; bigarren mailako arretaren arloan: mendetasunaren, urritasunaren, bazterkeriaren eta babesgabeziaren balorazioa eta diagnostikoa, egoitzak, eguneko eta gaueko zentroak, okupazio-zentroak, atseden-zerbitzua, garraio egokitua, familiako esku-hartzea eta bitartekaritza, familientzako elkarguneak, adopzioa eta abegia, eta, azkenik, hainbat diruzko prestazio: familia inguruneko zaintza, zerbitzuari lotutako prestazioa, laguntza pertsonaleko prestazioa, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako prestazioak, eta abar.

Prestazioen eta Zerbitzuen Karterari dagokionez, deskribatutako asko aurretik ere ematen zituzten Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta Euskadiko udalek. Berritasuna zera da, zerbitzu, laguntza edo prestazio horiek eskubide subjektibo izatera igaro direla, hau da, legez exijitu ditzaketela herritarrek eta ez daudela aurrekontu-gorabeherei lotuta.

Zerbitzu-kartera

Karterak gizarte-zerbitzu horiek nola finantzatuko diren zehaztea du helburu. Horretarako, Euskadin martxan ziren gizarte-zerbitzu guztien inbentarioa egin zen lehenik, eta nork kudeatzen zituen eta nork finantzatzen zituen hartu zen aintzat.

Ondoren, tartean ziren erakunde guztiekin ezarri zen erakunde bakoitzak hartuko zuela bere gain herritarrei eman beharreko prestazioen eta zerbitzuen finantzazioa, eta, hortaz, doikuntzak egin beharko zituela bakoitzaren eskumenen arabera. Horretarako Finantzen Euskal Kontseiluak datorren urtean 10 milioi euroko funts bat ezarriko duela aurreikusi da. Funts hori udalei zuzenduko zaie sortuko diren zerbitzu eta prestazio berrietarako azpiegiturak prestatze-aldera. Era berean, 2017tik aurrera, urtero 20 milioi euro esleitzea aurreikusi da, epemugarik gabe, Kartera finantzatzen laguntzeko.

Legea bertan zein Karteran komunitate-eredua ezarri da arretarako eredu gisa. Helburua ez da behar duen horri arreta ematea, baizik eta lehentasunez gure erkidegoan ematea arreta hori, bizi den lekuan eta dituen beharren eta nahien arabera.

Karterak erakundeen egungo arkitektura errespetatu nahi du, baina, era beran, Gizarte Zerbitzuen plangintzan lurraldeek, mankomunitateek eta udalerriek beren urratsak egokitzea bilatzen du, hala erantzun berak eman ahal izan ditzaten premia berdinen aurrean, betiere erakunde bakoitzaren kudeaketa-autonomia errespetatuta. Helburua lurralde historiko bakoitzeko lan-esparru bakarra ezartzea da, eta arreta unibertsaleko eredu bat hedatzea, orain arte izan diren ereduei amaiera emanez.
 

 

200.000 EURO GURUTZE GORRIARI, POBREZIA ENERGETIKOAREN ARLOKO PROIEKTU BAT BULTZATZEKO.

Erabakia, Euskadiko Gurutze Gorriari diru-laguntza ematekoa. Helburua: “Pobreza energética” proiektu garatzea.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Gurutze Gorriari 200.000 euroko diru-laguntza bat ematea onartu du, krisiaren ondorioz etxebizitzarekin arazoak dituzten familiei laguntzeko pobrezia energetikoaren arloko proiektu bat bultzatzeko. Proiektu hau Euskadiko Gurutze Gorriak pertsona behartsuenei laguntzeko asmoz egin duen 2015-2019 aldirako ekintza-planaren parte da.

Proiektua gauzatuz, honako helburu orokor hau lortu nahi da: «Ahultasun egoeran edo gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden familien beharrik premiazkoenak asetzea, krisiaren ondorioak jasaten dituzten familiei hilabete bukaeran ekonomikoki laguntzea eta bestelako beharrak identifikatzea eta asetzen saiatzea, bideratze, orientatze eta koordinazioen bidez, horretarako baliabide egokiak emanda».

Zehazki, honi esker, diru-sarrera txikiak dituzten familien etxebizitza- eta hornidura-gastuen (argia, ura eta gasa) zati bat estaliko da, familiei beren behar oinarrizkoenak arintzeko zer beste baliabide eskura ditzaketen jakinaraziko zaie / horietara bideratuko dira, familiei premiazko laguntza hau hurbiltasun-irizpide batean oinarrituz helaraziko zaie, baliabide komunitarioen eta Gurutze Gorriaren Lurralde Sarearen bitartez, egoera horretan dauden familien eta pertsonen estres eta antsietate egoera hobetuko da, egoera horri aurre egiteko gaitasunak bereganatzen lagunduko zaie eta familien eta pertsonen ahalmenak hobetuko dira, energia aurrezten erakutsiz.
 

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

ALDAKETA KIROL-ONTZIEI EMATEN ZAIZKIEN ZERBITZUENTASAN (T-5).

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen, tasa eta prezio publikoen kudeaketaren zenbait alderdi arautzen dituen Dekretua bigarren aldiz aldatzen duena.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak EAEko herri-administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasen eta prezio publikoen kudeaketaren zenbait alderdi erregulatzen dituen dekretuaren bigarren aldaketa onartu du gaur. Helburua EAEren titulartasuneko portuetako zerbitzu orokor eta bezeriengatik aplikatzen den tasaren T-5 tarifa, kirol- eta aisialdi-ontzien ematen zaizkien zerbitzuena, hobeto aplikatzea da, barkuaren guztizko luzeraren definizioa egokituz.

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

LEKEITIOKO ABAROA JAUREGIA, SAILKATUTAKO KULTURA ONDASUN DEKLARATU DA.

Dekretua, Lekeitioko (Bizkaia) Abaroa jauregia, monumentu- multzo kategoriarekin, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko dena.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez onartu du, Lekeitioko (Bizkaia) Abaroa Jauregia Sailkatutako Kultura Ondasun (Monumentu-multzo Kategoriarekin) izendatzen duen Dekretua.

Dekretuak Kultura Ondasun honentzat ezartzen dituen mugen barnean hartzen dira, jauregiaren eraikinarekin eta beronen lorategi eta lur sailarekin batera, guardaren etxea, Pietate ermita eta enborrean 100 cm edo gehiagoko perimetroa duten lorategiko zuhaitz guztiak. Zedarritze hau, Lekeitioko hirigune historikoaren ondoan dagoen Abaroa Jauregiaren monumentu-multzoak dituen balio kulturalak babesteko asmoz ezarri da.

Lekeitioko Abaroa Jauregia lau angeluko eraikina da, lau puntu kardinaletara begira egina, eta arbelezko teilatuz estalia. Bost solairutan banatua dago: zerbitzu-solairua, haren gaineko hiru solairu nagusi, eta teilatupeko solairua. Alfred Feine arkitektoaren lana da jauregi hau. Eklektizismo frantziarreko arkitekto garrantzitsuenentzat jotzen den honek, bere ibilbide profesionalaren amaiera aldera proiektatu zuen eraikina. 1891n sinatu zituen Feinek Abaroa Jauregiaren planoak, eta gaur egun oraindik, aldaketa gutxirekin gordetzen da plano haietan ezarritako espazioaren antolaketa.

Jauregia eraikitzeko erabilitako materialei dagokienez, kareharri grisa nabarmentzen da (kanpoko eskaileran, behe solairuko fatxadako harlanduan, lehen eta bigarren solairuetako balkoietan erabilia), baina baita Ereñoko marmol gorria ere, fatxadako zenbait elementutan ikus daitekeena (balkoien balaustreetan, eta ekialdeko fatxadako zutabeetan).

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak Euskal Kultur Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen erroldan erregistratuko du Abaroa Jauregia.
 

 

53,206 MILIOI EURO IKASTETXE PUBLIKOEN GARBIKETA ZERBITZUAK KONTRATATZEKO.

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako aurrekontua duen kontratu bat baimentzeko, ikastetxe publikoetan garbiketa mantentzeko kontratua, 2016ko urtarrillatik 2018ko abuztua aldirako.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, 53,206 milioi euro (BEZ barne) gastatzeko baimena eman du, 2016ko urtarrilean hasi eta 2018ko abuztura bitartean Ikastetxe Publikoetan garbiketako mantentze-lanen kontratazioak egiteko. Diru kopuru horrek, ikasturte bakoitzeko 20,444 milioi euroko inbertsioa esan nahi du, BEZ barne.

Aipaturiko kontratazioak 240 ikastetxe publikoren garbiketa zerbitzua burutzeko egingo dira: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, Batxilergokoetan, Hizkuntza Eskola Ofizialetan, Lanbide Heziketako ikastetxeetan, Musika Kontserbatorioetan, IRALEren zentroetan, Berritzeguneetan, bai eta Arabako Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzan ere.

Egun, ikastetxe publiko hauetako garbiketa zerbitzuek 924 langile enplegatzen dituzte: garbitzaileak, arduradunak, peoiak eta gainbegiraleak tarteko.
 

 

177.335 EUROKO DIRULAGUNTZA IKASTETXEENTZAT HITZARTUTAKO UNITATEAK MURRIZTEAK ERAGINDAKO KALTEAK ARINTZEKO.

Erabakia, 2013/2014 eta 2014/2015ikasturteetan hitzartutako unitateak gutxitzeak ukitutako ikastetxeei diru-laguntza zuzenak emateari buruzkoa, Administrazioa, Euskadiko Irakaskuntza Pribatuko Enpresarien Elkarte eta Erakunde Sindikalen arteko 1997ko ekainaren 5eko Akordioa betetzeko.

LABURPENA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, EAEko Administrazioaren eta Irakaskuntza Pribatuko erakunde patronalen eta sindikatuen artean 1997ko ekainaren 5ean hartutako Akordioa aplikatuz, Gobernu Kontseiluak ikastetxeei 177.335 euroko diru-laguntza ematea erabaki du gaurko bileran, 2013/2014 eta 2014/2015 ikasturteetan hitzartutako unitateak murrizteak ikastetxeei eragindako kalteak arintzeko.

 

1,5 MILIOI EURO KULTURA-ARTEKOTASUNA SUSTATZEKO ETA HIZKUNTZA SENDOTZEKO PROGRAMETARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du ikasle etorkientzat kultura-artekotasuna sustatzeko eta ikasle sartu berrien hizkuntza errefortzuko programak gauzatzeko diru-laguntzak deitzen dituen Agindua.
Sartu berri diren ikasleei zuzenduriko hizkuntza errefortzuko programak, Euskadiko hizkuntza ofizialak ez ezagutzearekin zerikusia duten zailtasunak dituzten ikasleei zuzenduak izango dira.

Deialdi honek 1,518 milioi euroko diru-kopurua du, eta Lehen Hezkuntza edo/eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen duten Euskadiko itunpeko ikastetxeei dago zuzendua. Deialdi honen helburua da, 2015-2016 ikasturtean aipaturiko programa horiek martxan jartzeak eragiten dituen exekuzio nahiz pertsonal gastuak finantzatzea.

Joan zen 2014-2015 ikasturtean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, orotara, kultura-artekotasuna sustatzeko eta hizkuntza sendotzeko 88 programa lagundu zituen diruz, itunpeko ikastetxeek aurkeztutako programak denak ere. Aurtengo ikasturte honetan, ikastetxeek hilabeteko epea izango dute euren proiektuak aurkezteko, Agindua EHAAn agertu eta hurrengo egunetik aurrera.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK KONTSERBATZEKO EREMU BEREZI - KEB IZENDATU DU ENTZIA (ARABA).

Dekretua, Entzia Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2110022).

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak Kontserbatzeko Eremu Berezi - KEB gisa izendatu du Entziako gunea, Araban. Europako Batzordeak jasotako mugapena da, Natura 2000 Sarean sartua. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldu duenez, «Entzian, bermatuta egongo da Europako zuzentarauan ezarritako Batasunaren intereseko habitat naturalak eta fauna eta flora basa-espezieak kontserbazio-egoera mesedegarri batean zaintzea eta lehengoratzea».

«Entziako gunean –zehaztu du Oregi sailburuak–, Batasunaren intereseko 19 habitat mota egiaztatu daude gutxienez; horietatik, bost lehentasunekoak dira. Guneak gutxienez 28 espezie hartzen ditu barruan; hori dela-eta, 1997an, Natura 2000 Europako Sare ekologikoan sartu zuten, BLG gisa.

KEB horren mugaketak ez dakar aldaketa garrantzitsurik espazioaren mugei dagokienez, ez eta Europar Batasunaren intereseko flora- eta fauna-espezieen populazioengan ere. Europako Batzordera bidaliko da, eguneratu dezaten. KEB izendatzeko prozedurak herritarren iradokizunak jaso ditu, gizarte nahiz ekonomia mailako eragileak bildu dituen herritarren parte-hartze prozesuaren bidez. Parte hartzeko kanalak zabalik egon dira izapidea iraun bitartean, interesdunentzako komunikazioen eta egoitza elektronikoaren bitartez –zehazki, http://www.euskadi.net/natura2000 webgunean, non eguneraturik mantentzen baita izendatze-prozesu horri buruzko informazioa.

Iturrietako mendiak, Entziako mendikatea eta inguruak Euskadiko trantsizio-mendietan daude, eta ipar-mendebaldetik datozen haizeen bigarren orografia-oztopoa da. Goi-ordoki bat da, 927 bat metrokoa, eta 1.000tik gora metroko mendiak ditu inguruan. Mendebaldean heltzen da kota garaienera (1.197 m, Baio mendian), eta iparralde eta mendebaldeko harkaitz-pendizak dira erliebe-aldaketa nabarmenenak.

Akuiferoa
Lur karstikoa denez, lur azpitik doa ur gehiena; akuifero garrantzitsua da, eta errekasto txikien bidez isurtzen ditu urak Ebro ibaian.

Landare-paisaia, non hostozabalen baso handiak nagusitzen baitira, eremu azpikantauriarrean sartzen da. Trantsizio-eremu bat da, eskualde biogeografiko atlantikoaren eta mediterraneoaren artean. Hala, pagadiek azalera zabalak hartzen dituzte goi-ordikoaren kota ertain eta garaietan, txilardi eta bazkaleku menditarrekin aldizkatuta. Kota baxuagoetan, erkameztia da nagusi bi isurialdeotan, bai eta bazkaleku mesofiloak, sasiarteak eta ipurudiak ere, mendeetan zehar gunean garatutako basogintzako eta abeltzaintzako erabilera medio.

Paisaia heterogeneo horrek basoko gune batzuetako kontserbazio-naturaltasun onari eustea lortu du, hein handian lurralde- eta toki-administrazioek, erakundeek eta biztanleek egindako lanari esker. Hala, fauna aberatsa hartzeko aukera ematen du, ziur aski, EAEko komunitate ugari eta dibertsoena. Nabarmentzekoak dira hegazti harkaiztarrak eta basoko hegazti harrapariak. Era berean, ibai garrantzitsurik ez dituen arren, hezegune eta padura ugari aurkitu daiteke inguruan; gunearen kokaleku estrategikoarekin batera, herpetologiako komunitate aberatsa garatzeko aukera eman dute. Bertan, elkarrekin bizi dira mediterranear eta eurosiberiar jatorriko espezieak.

Guneak interes handiko flora hartzen du barruan, halaber. Nabarmentzekoak dira harkaitzetako landaredia, non espezie bitxiak baitaude, esaterako, Armeria pubinervis, Erodium glandulosum Arenaria vitoriana; baita landare hezezaleak, Triglochin palustris eta Ranunculus auricomus, adibidez; eta pagadietako landareak, non aurki baitaitezke Arnica montana eta Dryopteris carthusiana urriak.

Entziako (ES2110022) Kontserbatzeko Eremu Bereziak (KEB) 10.006 hektareako zabalera dauka eta Arabako ekialdean dago. Nafarroako Urbasako mendikatearen jarraipena da. 1.000 metroko garaieran kokatutako goi-ordoki bat da, eta aldapa handiak ditu iparraldean dagoen Arabako Lautadarantz eta hegoaldean dagoen Haranerantz . Entziaren iparraldean Asparrena dago; mendebaldean, Agurain; hego-mendebaldean, Arraia-Maeztu eta, ekialdean, Kanpezu eta Harana. KEBren barnean Entzia-Iturrietako Partzuergo Orokor osoa dago, baita Gipuzkoarro-Nazazaharra nahiz Atxuriko Partzuergo Orokorra ere.

Klimak
Gailur hauek zehazten dituzte KEBaren mugak: Legunbe, Baio, Arrigorrista, Santa Elena, Arburu, Abitigarra, San Cristóbal eta Murube, besteak beste. Hego-mendebaldean, alde batetik, Berron ibaiak eta, bestetik, Sabando ibaiak zehazten dute KEBa. Babes Eremu Periferiko bat ezarri da, perimetro-itxurako banda batek osatua: 100 bat metroko zabalera izango du, KEBaren mugaren kanpoalderantz.

Eremuaren azalera osoaren % 45 Iturrietako, Entziako, Gipuzkoarro-Nazazaharra eta Atxuriko Partzuergoei dagokie; era berean, erabilera publikoko mendi dira. Lurrak ez daude udalerri bateko jurisdikzioari atxikiak. Lurra partzuergo bakoitzari dagokio, eta partzuergoetako herrien artean banatzen da. KEBaren gainerako azalera udalerri hauetan sartzen da: Donemiliaga, Arraia-Maeztu, Kanpezu, Harana, Asparrena eta Agurain. Hala, KEBaren eremuaren % 97,4 titulartasun publikoko lurretan kokatua dago.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK ONARTU DU KANTAURI EKIALDEKO DEMARKAZIO HIDROGRAFIKORAKO PLAN HIDROLOGIKOAREN ETA UHOLDE ARRISKUAREN KUDEAKETA PLANAREN PROIEKTUAK (2015-2021ERAKO EAEKO BARNEKO ARROEN EREMUAN) IZAPIDETZEN JARRAITZEA.

Erabakia, EAEko Barneko Arroen eremuaren planifikazio hidrologikoaren bigarren zikloaren (2015-2021 zikloa), Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa eta Uholdeen Prebentziorako Plana izapidetzen jarraitzeko.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onartu du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikorako Plan Hidrologikoaren eta Uholde Arriskuaren Kudeaketa Planaren Proiektuak (2015-2021erako EAEko Barneko Arroen Eremuan) izapidetzen jarraitzea

Hemendik aurrera jarraituko den tramitazioan, planaren proiektuak Koordinatzeko Kide Anitzeko Organoari pasako zaizkio –Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eta Uraren Euskal Agentziak osatzen dute–.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Uraren Esparru Zuzentarauak (DMA) goitik behera aldatu du Europan uren arloan zegoen legedia. Anbizio handiko helburua du: ekosistema urtarrak narriatzea saihestea eta horien egoera hobetzea; ura jasangarritasunez erabiltzea sustatzea; eta uholde eta lehorteek eragindako kalteak gutxiagotzea.

Arro bakoitzerako plan hidrologiko bat egin behar da, aipatutako helburuak betetzeko jardun guztiak biltzen dituena, eta tartean, ur-masetarako zein demarkazioan barne hartutako eremu babestuetarako ezarritako helburuak lortzeko beharrezkoak diren xedapen arau-emaileak eta jarduketak barne hartuta. Planok aldizka berrikusi behar dira, zuzentarauak ezarritako egutegiari jarraiki.

Ekainaren 7ko 400/2013 Errege Dekretuak Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa onartu zuen, eta horrekin amaitu zen 2009-2015 zikloari dagokion plangintzaren tramitazioa EAEko Barneko Arroetan. Demarkazio hidrografikoak uren arloko estatuaren eskumeneko arloak ditu, baina baita autonomia-erkidegoaren eskumenekoak ere, beraz, 29/2011 Errege Dekretuak definitu egiten du, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenei kalterik egin gabe, eta zehazten duenez, Demarkazioaren uren plangintza eta kudeaketa –eskumena duten bi agintaritza daudenez– modu koordinatuan egin behar dute, batetik, Estatuko Administrazio Orokorrak, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren bitartez, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoak, eskumeneko administrazio hidraulikoaren bitartez, hots, Uraren Euskal Agentziaren bitartez.

Edukia
«Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa. EAEko Barne Arroen Eremua, 2015-2021 Berrikuspena» delakoak Memoria bat du eta horrek honako hauek biltzen ditu, besteak beste: arroen deskribapena, baliabide hidrikoen kuantifikazioa, uneko eta etorkizuneko ur-erabileren deskribapena, Gune Babestuen Erregistroa, ur-masa bakoitzaren ingurumen-helburuak eta horien betetzearen diagnostikoa, Planaren neurriak zehazteko
oinarria. Gainera, arroetako uraren erabilerarekin lotutako alderdi ekonomikoak ere barne hartzen ditu.

Neurrien Programan, administrazio eskumendunek garatuko dituzten tresna orokorrak eta jarduera zehatzak jasotzen dira. Tresna eta jarduera horiek helburuak lortzera bideratuta daude, bai ingurumen-auziekin lotutako helburuak, bai eskaerei erantzutearekin eta uholde- edo lehorte-arriskuekin lotutakoak. Neurrien programarekin lotuta, jarraipen-programa bat ere badago; bigarren horren bidez, jarduerek helburuen gainean duten eragina baloratzen dugu; bereziki, ingurumen-helburuen gainekoa. Programa hau ingurune hidrikoaren gaineko hainbat jarraipen-saretan gauzatuko da (ibaiak, hezeguneak, urtegiak, estuarioak eta barneko arroetako kostaldeko eta lurpeko urak). 2021aren bukaeran, neurrien benetako emaitza aztertzeko aukera emango du, eta plan hidrologikoaren berrikuspen egokia egitekoa.

Araudiak Plan Hidrologikoaren beraren arau-xedapenak barne hartzen ditu, eta horiek, araudi orokorrarekin batera, kudeaketa egokia ahalbidetu behar dute; hartara, planaren helburuak betetzeko.

Plan Hidrologikoaren helburu nagusiak hiru atal handitan sailka daitezke: Ingurumen-helburuak. Sistema urtarren narriadurari aurrea hartzean eta horien egoera egokia lortzean datzate. Ur-eskaria beteko delako bermearen hobekuntza, eta bereziki, hiri-hornidurak, kalitate eta kantitatearen bermeak areagotuz, eta beren erabilerak ingurumenarekin bat eginez arrazionalizatuz. Eta uholdeek eta lehorteek eragindako kalteak gutxiagotzea.