2015/10/20 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Gobernuak beste hamar urtez berritu du Pirinioetako Lan Elkartearen Partzuergoaren hitzarmena.
Izendapenak eta kargu-kentzeak.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, Euska Autonomia Erkidegoko barne-antolaketa instituzionalari buruzkoa, Euskal Sozialista legebiltzarkide-taldeak aurkeztutako lege-proposamena aintzat hartzearen inguruan Jaurlaritzak duen irizpidea adierazteko.
Eusko Jaurlaritzak datu irekien berrerabilera sustatzeko bi lehiaketa publiko deituko ditu.
Elikagaien kalitatea defendatzeko Legeak Euskadik nekazaritzako elikagaien arloan dituen eskumen esklusiboak urratzen dituela ohartaraziko dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak 700.000 euroren bekak iragarri ditu gazteentzat, nekazaritza eta arrantzaren eta elikagaien sektorean I+G+B sustatzeko.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak urgentetzat deklaratu du A-3314 errepidean Izarrako (Araba) zeharbidea egokitzeko eta urbanizatzeko ondasunak okupatzea.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

GOBERNUAK BESTE HAMAR URTEZ BERRITU DU PIRINIOETAKO LAN ELKARTEAREN PARTZUERGOAREN HITZARMENA.

Erabakia 2005eko martxoaren 17an sinatutako Mugaz gaindiko Lankidetzako Administrazioarteko Hitzarmena berritzeko baimena ematen duena. Pirinioetako Lan Komunitateko Partzuergoa sortu zen hitzarmen horren bidez.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak gaur onartu du Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) Partzuergoa sortzeko mugaz haraindiko lankidetza-hitzarmena beste hamar urtez berritzea.

Pirinioetako Lan Elkartea 1983an sortu zen, eta Pirinioen bi aldeetara dauden eskualde eta erkidegoek eratzen dute; hau da, frantses aldetik, Akitaniako, Midi-Pyrénéeseko, eta Languedoc-Roussillongo eskualdeak; Kataluniako, Aragoiko, Nafarroako eta Euskadiko autonomia-erkidegoak; eta Andorrako printzerria.

2005ean, eta Frantziako eta Espainiako estatuek sinatutako Baionako Itun delakoari jarraiki, Europako testuinguruan nortasun juridikoa lortzea erabaki zuen mugaz haraindiko lankidetza-erakunde horrek. Horretarako, administrazioen arteko hitzarmen bat sinatu, eta Pirinioetako Lan Elkartearen Partzuergoa sortu zuten.

Hitzarmena sinatu zenetik hamar urte igaro direnean, eta ikusirik zein emaitza onak lortu dituen denbora horretan, gaur gobernuak ontzat eman du akordioa beste hamar urtez luzatzea.
 

 

IZENDAPENAK ETA KARGU-KENTZEAK.

LABURPENA

Iñaki Bernardo Urquijo Lehendakaritzako Komunikazio zuzendari kargutik kendu dute.

Gobernu Kontseiluak Andoni Aldekoa de la Torre izendatu du haren ordez. Azken urtean, Eusko Jaurlaritzaren plangintza politikoa eta «Basque Country» izeneko etorkizuneko egitasmoa diseinatzen aritu da Aldekoa. Hamasei urteko eskarmentua du politikaren eta kudeaketaren esparruan, eta erantzukizun-postuak bete ditu Bilboko Udalean, esparru ekonomikoarekin, politikoarekin eta erakundearteko komunikazioarekin loturan.

Kazetaria lanbidez, Komunikazio Instituzional eta Politikoko Masterra ikasi zuen, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta Kudeaketa Politikoan, Plangintza Estrategikoan eta Komunikazio Politikoan espezializatu zen. Irakasle gonbidatua izan da alor horretako hainbat graduondoko eta mintegitan, Espainiako Estatuko, Latinoamerikako nahiz AEBtako entzute handiko unibertsitateetan: George Washington Unibertsitatea, FEMP, INAP, Comillaseko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, etab.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, EUSKA AUTONOMIA ERKIDEGOKO BARNE-ANTOLAKETA INSTITUZIONALARI BURUZKOA, EUSKAL SOZIALISTA LEGEBILTZARKIDE-TALDEAK AURKEZTUTAKO LEGE-PROPOSAMENA AINTZAT HARTZEAREN INGURUAN JAURLARITZAK DUEN IRIZPIDEA ADIERAZTEKO.

Dokumentuak
Akordioa

EUSKO JAURLARITZAK DATU IREKIEN BERRERABILERA SUSTATZEKO BI LEHIAKETA PUBLIKO DEITUKO DITU.

LABURPENA

• Datu publikoak berrerabiliz herritarrentzako zerbitzuak sortzeko bi aplikazio eta bi ideia onenak sarituko dituzte.
• Epaimahaiak proiektu eta ideien erabilgarritasuna, bideragarritasuna, gizarte-balioa eta kalitatea balioztatuko ditu, besteak beste. Gainera, herritarren iritzia izango dute kontuan, www.euskadi.eus webgunearen bidez proiektuak eta ideiak bozkatzeko aukera emango baita.
• Ekimen horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak hurrengo hauek lortu nahi ditu: Open Data Euskadi ezagutaraztea, aberastasuna eta gizarte-balioa sortzeko datu irekien erabilera sustatzea eta datuen berrerabiltzean interesa dutenek gehien erabiltzen duten datuak zein diren jakitea.

Gobernu Kontseiluak bi lehiaketa publikoaren deialdia onartu ditu gaur Open Data Euskadin (http://opendata.euskadi.eus) eta datu irekien beste iturri batzuetan eskuragarri dauden datu publiko eta irekien erabilera eta berrerabilera sustatzeko. Lehiaketen xehetasunak asteazkenean, urriak 21an, publikatuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Proiektuak edo ideiak originalak izan beharko dute eta aurretik saritu gabekoak. Hona hemen Eusko Jaurlaritzaren helburuak bi lehiaketa horietan:

• Open Data Euskadi eta EAEn abiarazitako antzeko ekimenen eta datu katalogoen potentzialaren berri ematea.
• Datu irekien erabilera eta horietatik deribatutako zerbitzuen sorrera sustatzea.
• Sektore berrerabiltzailea sortzen laguntzea, aberastasuna eta gizarte-balioak eragiteko.
• Sektore berrerabiltzaileak gehien erabiltzen dituen datuak zein diren jakitea, horiek irekitzeko ahalegin gehiago egiteko.

Lanen kalitatea balioztatzeko, profesionalez osatutako epaimahai bat osatuko da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak bozkatzeko aukera emango die herritarrei. Eta epaimahaiak kontuan hartuko du bozketaren emaitza.

BI LEHIAKETA

Alde batetik, Open Data Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko lehiaketa abiarazi du Eusko Jaurlaritzak, iturri horretako datuekin sortutako bi zerbitzu, azterlan eta web edo mugikorrerako aplikazio onenak saritzeko. Lehen saria 3.000 eurokoa izango da eta bigarrena, 2.000 eurokoa. Lehiaketa hau datu publiko horiek erabiltzen eta balio erantsia sortzen dakiten teknologia berrien arloko adituei zuzenduta dago.

Hurrengo irizpide hauek balioztatuko ditu epaimahaiak, besteak beste: itxura, erabilgarritasuna, konpontzen duen arazoaren zailtasuna, balizko hartzaileen kopurua, negozioa sortzeko bideragarritasuna, gizarte-balioa, originaltasuna, sormena, izaera berritzailea, erabiltzeko erraztasuna, irisgarritasuna eta kalitate-teknikoa.

Bestalde, Open Data Euskadiko datu publikoak berrerabiltzeko ideien lehiaketa deitu du. Honetan, Open Data Euskadiko edo euskadi.eus atariko datuak edozer arlo profesional edo sozialetarako tresna erabilgarrietan erabiltzeko ideiak eman ditzaketen herritarrek har dezakete parte, aplikazioak garatzen aritu ez arren. Lehiaketa honetan ere bi sari emango dituzte: 1.500 eta 1.000 euroko bana.

Epaimahaiak hurrengo hauek hartuko ditu kontuan: erabilgarritasuna, konponduko duen arazoaren zailtasuna, balizko hartzaileen kopurua, ideia horretatik zerbitzu bat sortzeko bideragarritasuna, azterlana, web edo mugikorretarako aplikazioa, gizarte-balioa, ideiatik negozioa sortzeko potentziala, balio ekonomikoa, originaltasuna, sormena, izaera berritzailea, kalitatea eta proposamenaren argitasuna.

OPEN DATA

Open Data Euskadi Eusko Jaurlaritzak bere esku dauden datu publikoak argitaratzeko konpromisoaren ondorio da, betiere berrerabiltzeko asmoarekin. Hala, eragileek edo herri-administrazioek horietatik eratorritako zerbitzuak eskaintzea ahalbidetu nahi da.

Open Data Euskadiren helburuak honako hauek dira:

• datu horietatik deribatutako produktuekin edo zerbitzuekin balioa eta aberastasuna sortzea.
• Herri-administrazioaren gardentasuna hobetzea eta handitzea, datuak argitaratzeak kudeaketa publikoa aztertzeko eta ebaluatzeko aukera ematen baitu.
• Administrazioen arteko elkarreraginean laguntzea, herri-administrazioko datuekin herritarrentzako zerbitzuak sortzen.
• Administrazioaren informazioa ordenatzea, edukien dokumentazioa eta sailkapena hobetzeko.
 

 

ELIKAGAIEN KALITATEA DEFENDATZEKO LEGEAK EUSKADIK NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN ARLOAN DITUEN ESKUMEN ESKLUSIBOAK URRATZEN DITUELA OHARTARAZIKO DIO EUSKO JAURLARITZAK ESPAINIAKO GOBERNUARI.

Akordioa, zeinaren bidez baimena ematen baita konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jartzeko, 28/2015 Legearen zenbait aginduren aurka (28/2015 Legea, uztailaren 30ekoa, Elikadura Kalitatea babestekoa).

LABURPENA

• Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarri aurretik, bi aldeen arteko sei hilabeteko negoziazio epea irekitzea proposatuko du Jaurlaritzak.
• Espainiako Gobernuak oinarrizko erregimen zigortzaile sakon, gehiegizko eta uniforme bat eta informazio sistema zentralizatu bat ezarri nahi ditu, Euskadik nekazaritako elikagaien arloan duen eskumen esklusiboa hustu eta ezerezean utziz.
• Eusko Jaurlaritzak gogoratu duenez, Euskadik badu jada elikagaigintzaren arloa arautzen duen lege propioa: 17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean Elikagaien kalitatea defendatzeko uztailaren 30eko 28/2015 Legearen hainbat arauren aurkako helegitea jartzea erabaki du, Euskadik nekazaritzako elikagaien arloan dituen eskumenak urratzen dituela uste baitu. Eskumenok Gernikako Estatutuaren 10. artikuluan jasota daude. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari bi aldeen arteko sei hilabeteko negoziazio epea irekitzea proposatuko dio, Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan ezarri bezala. Behin epea igarota aldeen arteko desadostasunak konpontzen ez badira, Eusko Jaurlaritzak 28/2015 Legearen 12., 13., 14., 15., 17., 19., 20., 21., 22., 23., 24. eta 26. artikuluen aurkako helegitea jarriko du, baita lehendabiziko xedapen gehigarriaren eta xedapen iragankor bakarren aurkakoa ere.

Eusko Jaurlaritzak salatu duenez, Espainiako Gobernuak beste behin ere gehiegikeriaz jokatu du legedia mugarik gabe hedatuz Euskadik Gernikako Estatuak onartutako eskumen esklusiboa duen arlo batean, honakoan nekazaritzako elikagaiak. Ildo horretan, kontuan izan behar da Euskadik baduela jada elikagaigintzaren arloa arautzen duen lege propioa: 17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa, zehapeneko erregimen propioa ere aurreikusten duena.

Horri muzin eginez, Espainiako Gobernuak, «jarduera ekonomikoaren plangintza orokorra» koordinatzeko eta «merkatuaren batasuna bermatzeko» gaitasuna erabiliz aitzakia gisa, zehapeneko erregimen sakon, gehiegizko eta uniformea sortu du animalien elikaduraren arloan. Onartutako kontrol eta zehapen-sistemak ia erabat hustu eta ezeztatzen ditu Euskadiren eskumen esklusiboak, Estatuko legediak agintzen duena betearazte hutsera mugatuz Euskadiren zeregina.

Gainera, pentsuen eta animalien elikagaien kontrolen gaineko informazio sistema erabat zentralizatua ezartzen du Estatuko legegileak, eskumen autonomikoak errespetatu gabe. Horrek balizko bikoiztasun bat ere eragiten du, inspekzioen gaineko informazioa bi aldiz agertuko bailitzateke, behin administrazio autonomikoan eta beste behin Estatuaren administrazio orokorrean.

Azken batean, Espainiako Gobernuak, beste behin ere, bereak ez diren eskumenak hartzen ditu bere gain Eusko Jaurlaritzak salatu duenez, aitzakia gisa «jarduera ekonomikoaren plangintza orokorra» koordinatzeko gaitasuna erabiliz.

ALDEBIKO NEGOZIAZIOA

Uneotan, Euskadi-Estatua aldebiko batzordean konstituzio inguruko desadostasunen gaineko negoziazioak abian dira beste 5 lege hauen gainean:

  • 1/2015 Errege Lege Dekretua, otsailaren 27koa, bigarren aukerako mekanismoari, finantza-karga murrizteari eta bestelako neurri sozialei buruzkoa.
  • 10/2015 Legea, maiatzaren 26koa, Kultura Ondare Immateriala babesteari buruzkoa.
  • EAEko 6/2015 Legea, ekainaren 30ekoa, hidrokarburo ez-konbentzionalak erauzteko prozesuan eta fracking edo haustura hidraulikoan ingurumena babesteko neurri osagarriei buruzkoa.
  • EAEko Legea, ekainaren 18koa, Etxebizitzarena.
  • EAEko Legea, ekainaren 25ekoa, EAEko Zuzenbide Zibilarena.

Gaur iragarritako helegiteaz gain, Eusko Jaurlaritzak maila ezberdineko Espainiako beste 18 legeren aurkako helegiteak ere aurkeztu ditu Auzitegi Konstituzionalean legegintzaldi honetan:

  • 16/2014 Errege Lege Dekretua, abenduaren 19koa, enplegua suspertzeko programa arautzen duena.
  • 18/2014 Legea, urriaren 15ekoa, hazkuntzaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren aldeko premiazko neurriak onartzen dituena.
  • 1/2014 Legea, otsailaren 28koa, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoa.
  • 8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, Hezkuntza Kalitatea hobetzekoa. (LOMCE)
  • 1/2013 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena.
  • 2012rako Aurrekontuen Espainiako Legea.
  • 2013rako Aurrekontuen Espainiako Legea.
  • Estatuko 20/2012 Errege Lege Dekretua, uztailaren 13koa, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa.
  • 4/2013 Errege Lege Dekretua, otsailaren 22koa, eta 11/2013 Legea, uztailaren 26koa, ekintzaileari laguntzeko eta hazkundea eta enpleguaren sorrera bultzatzeko neurriei buruzkoa.
  • 14/2012 Errege Lege Dekretua, apirilaren 20koa, hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa.
  • Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta sistemaren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren zati bat.
  • 23/2015 Legea, uztailaren 21ekoa, laneko eta gizarte-segurantzako ikuskatzailetza-sistema antolatzen duena.
  • 1/2015 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 24koa, medikamentuen eta osasuneko produktuen erabilera arrazionala bermatzeko legearen testu bategina onartzen duena .
  • 1192/2012 Errege Dekretua, abuztuaren 3koa, funts publikoen kargura eta Osasun Sistema Nazionalaren bidez Espainian osasun laguntza jasotzeko asegurudun eta onuradun izaera arautzen duena.
  • 1506/12 Errege Dekretua, azaroaren 2koa, Osasun Sistema Nazionaleko prestazio ortoprotesikoen zorro erkide osagarria arautzen duena eta prestazio ortoprotesikoen finantzaziorako gehieneko zenbatekoak zehazteko oinarriak ezartzen dituena.
  • 126/2014 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma ezartzen duena.
  • 1056/2014 Errege Dekretua, abenduaren 12koa, ezgaitasunak dituzten pertsonentzako aparkatzeko txartela igortzeko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak erregulatzen dituena.
  • FOM/710/2015 Agindua, urtarrilaren 30ekoa, Interes Orokorreko Trenbideen eta Trenbide Sareko interes orokorreko bide-zatien katalogoa onartzekoa.

 

 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK 700.000 EUROREN BEKAK IRAGARRI DITU GAZTEENTZAT, NEKAZARITZA ETA ARRANTZAREN ETA ELIKAGAIEN SEKTOREAN I+G+B SUSTATZEKO.

LABURPENA

• Euskadiko sektore ekonomikoetan ikerketa jarduerak bultzatzeko estrategietako bat dira.

Eusko Jaurlaritzak, Kontseiluaren azken bileran, nekazaritza eta arrantzaren sektorean eta elikagaien sektorean ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzak iragarri ditu 2015. urterako, estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jotako enpresa arloetan etorkizunean arituko diren profesionalen prestakuntza sustatzeko asmoarekin.

Guztira 16 beka dira –sei Doktoratu aurreko Beken Programakoak, eta hamar Teknologoak Prestatzeko Beken Programakoak–, eta denak etorkizuneko profesionalak prestatzeko eta Euskadiko I+G+b-ko jarduerak sustatzeko lanetan aurrera egiteko Eusko Jaurlaritza irmoki garatzen ari den politikaren barruan sartzen dira.

Zenbatekoa eta iraupena
Beketarako 700.000 euro inguru aurreikusten dira guztira. Urtean 16.330 € bideratuko dira prestatzen ari diren ikertzaile gazteentzako beketarako, horri Gizarte Segurantzako urteko kuota gehituta. Horrez gain beste 200 euro gehitu behar dira urtean, bidaietarako, kongresuetara joateko eta horrelako ekintzetarako.

Teknologioen prestakuntzarako laguntzei dagokienez, urtero 12.000 €-z hornituko dira, gehi Gizarte Segurantzako kuota. Horrez gain, 1000 euro gehituko zaizkie urtean, kongresuetara joateko.

Prestatzen ari diren ikertzaile gazteentzako laguntzen kasuan, kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, eta luzatzeko aukera egongo da, urtetik urtera. Hasierako kontratua eta luzapen guztiak batuta, iraupena ezingo da lau urte baino gehiagokoa izan. Teknologo gazteen prestakuntzarako programako laguntzei dagokienez, denek 2 urteko iraupena izango dute.

2015eko ekitaldirako, laguntza eskaerak egiteko epea hamabost egunekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK URGENTETZAT DEKLARATU DU A-3314 ERREPIDEAN IZARRAKO (ARABA) ZEHARBIDEA EGOKITZEKO ETA URBANIZATZEKO ONDASUNAK OKUPATZEA.

Dekretua, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Arabako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: A-3314 errepidean, Izarrako zeharbidea, 36,390 kilometrotik 36,760 kilometro (Estación kalea), egokitzeko eta urbanizatzeko eraikitze proiektua burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak premiazkotzat jo du Arabako Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetze bidez, A-3314 errepidean Izarrako zeharbidea eraikitzeko, egokitzeko eta urbanizatzeko proiektua (La Estación kalea, 36.390 kilometro puntutik 36.760 kilometro-puntura) gauzatzeko zehaztu eta banakatutako diren ondasun eta eskubideak okupatzea.