2015/11/03 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman die Gogoraren Estatutuei.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteei diru-laguntzak.
723.241 euro gehiago hezkuntza laguntzako espezialistak kontratatzeko diru laguntzetarako.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko portuen eta itsas garraioaren lege-proiektua onartu du.
Eusko Jaurlaritzak kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu ditu Aldaia mendiak eta Arabako Lautadako Irla-hariztiak.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK ARGI BERDEA EMAN DIE GOGORAREN ESTATUTUEI.

Dekretua, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Instituaren Estatutuak.

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur argi berdea eman die Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren estatutuei. Estatutuek antolamendurako eta funtzionamendurako araudia jasotzen dute. Estatutuak onartuak izan ziren Gogoraren Zuzendaritza Batzordea osatzeko egin zen bileran, joan zen urriaren 19an. Estatutuekin batera, aurrekontua eta 2015-2016ko jarduera plana onartu ziren..

Gaur onartu den dekretuak Gogoraren izaera, helburuak eta funtzioak zehazten ditu eta jasotzen dituen hainbat kapitulutan institutuaren gobernu organoak eta horien funtzioak ezartzen ditu; langileak; ondarea, baliabideak eta aurrekontuak, eta azkenik institutu horretarako ezarri den araubide juridikoa.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren estatutuekin bat eginez, institutuaren helburua da funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoaren diseinuan, sustapenean, garapenean eta gauzatzean parte hartzea, askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta euskal gizartearen bizikidetza demokratikoaren oroimenerako.

Halaber, Gogorak lan egingo du ezagutzak, ulermenak eta herritarren kontzientziak bermatzen duten balio politiko eta sozialen etengabeko oroitzapenean; gure herrian askatasunaren defentsan eta demokraziaren garapenean hainbat hamarkadatan mantendu den prozesuaren baitan.
Institutuak lan egingo du, baita ere, memoriak eragin duen ondare kolektiboa gordetzeko, garatzeko eta zabaltzeko; bizikidetza demokratikoaren oinarri diren balioen eta printzipioen defentsaren memoria baita eta biktimen lekukotasunean aurkitzen baitu ondare ordezkaezinen hori.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

LEGEBILTZARREAN ORDEZKATUTA DAUDEN ALDERDI POLITIKOEKIN LOTURA DUTEN FUNDAZIO ETA ELKARTEEI DIRU-LAGUNTZAK.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako diru laguntzak arautzen dituen 2015 urteko Agindua. Deialdi honek 282.500 euroko diru-kopurua du.

Diru-laguntza hauen helburua da aipaturiko fundazio eta elkarteek garatzen dituzten proiektu, programa eta ekintzak diruz laguntzea. Jarduera hauek guztiek pentsamendua eremu guztietan ikertu eta garatzera bideratuak izan beharko dute, eta bereziki pentsamendu politiko, soziala eta kulturala garatzera bideratutakoak.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

723.241 EURO GEHIAGO HEZKUNTZA LAGUNTZAKO ESPEZIALISTAK KONTRATATZEKO DIRU LAGUNTZETARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onartu du hezkuntza-premia berezietako ikasleak eskolatu eta 2015/2016ko ikasturtean Hezkuntza Laguntzako espezialistak kontratatu behar dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako diru-laguntzak deitzen dituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren aginduaren aldaketa.

Agindua aldatzeak diru-laguntzetarako partida areagotzea dakar, 10.368.759 eurokoa izatetik 11.092.000 eurokoa izatera pasako baita. Diru-laguntza horiek hezkuntza-premia berezietako ikasleak integratzeko programa gehiago garatzen sustatzea dute helburu, Hezkuntza Laguntzako espezialistak kontratatzeko diru-laguntzak itunpeko ikastetxeei emanez.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bere gain hartu du elbarritasunari edo portaeraren arazo larriei lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen inklusioaren aldeko konpromisoa. Helbidetik hurbil dagoen hezkuntza-ingurune batean “egoteko“ eta, batez ere, “parte hartzeko “ elbarritasun fisikoa, psikikoa eta sentsoriala edo portaeraren arazo larria duten haur edo gazteen eskubidea bermatzeko, ezinbestekoa da ikastetxeek profesional espezializatuak izatea, ikasle elbarrituen autonomiari eta irisgarritasunari lotutako premiak direla-eta egin beharreko esku-hartzean espezializatutako laguntza-pertsonala besteak beste.

Itunpeko ikastetxeetan ikasi eta parte hartzeko oztopoak kendu ahal izateko bitartekoak jarri nahi ditu Hezkuntza Sailburuordetzako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak. Horrela kalitateko hezkuntza-erantzun egokia, haien premiei egokitua eta ohiko ingurunean, bermatu ahal izango zaie elbarritasun psikiko edo nahaste autista batengatik autonomiarekin mugitzeko muga inportanteak dituzten ikasleei, gurpil-aulkia erabili edo ez; hitz batean, maila pertsonalean edo sozialean autonomoa izateko elbarritasun edo zailtasunak dituen ikasle orori.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK EUSKADIKO PORTUEN ETA ITSAS GARRAIOAREN LEGE-PROIEKTUA ONARTU DU.

Euskal Autonomia-Erkidegoko Portuen eta Itsas Garraioaren Lege-proiektua.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak gaur onartu du Euskadiko portuen eta itsas garraioaren gaineko lege-proiektua, Legebiltzarrera igorriko dena eztabaidatu eta berretsi dezan. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik uste duenez, «aspaldian adostasuna lortu ezinik egon ondoren, oraingoan, eragile interesdun guztiek esku hartu duten oinarri legegilea eskainiko da».

Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko portuetan aplikatuko da: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia, ez ordea interes orokorreko EAEko portuetan, Bilbon eta Pasaian, beraz.

«Lege-proiektuaren helburuak honakoak dira: portuetan eta portuko zein itsas instalazioetan aplikagarria den erregimen juridikoa ezartzea; portuko jabari publikoaren kudeaketa arautzea; Euskal Autonomia Erkidegoko portu-administrazioaren egitura eta funtzionamendua zehaztea –KAIAK zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortuta–; portuko jabari publikoaren erabileraren eta portu-zerbitzuak ematearen ondoriozko araubide ekonomiko-finantzarioa arautzea; itsas garraioa ordenatzea, bidariena, salgaiena eta mistoa, EAEren eskumenekoa denean; eta portuko jabari publiko autonomikoko zehapen-araubidea finkatzea, hala nola ikuskaritza- eta kontrol-ahalak», azaldu du Ana Oregi sailburuak.

Legeak Portuen Udal Kontseilua sortzea aurreikusten du. Erakundeek eta herritarrek parte hartzeko bitartekoa izango da, portu-administrazioaren eta portua duten udalerrietako udal-administrazioaren arteko harremanak egituratzeko.

Portuen plangintzari eta ordenamenduari dagokionez, portu-eremuen gaineko eskumena duten administrazioak koordinatzea eta, portua duten udalerrietan eta hirietan, portuko jarduerak eta egunerokoak bateragarriak izatea lortu nahi da. Horretarako, Portuko Antolamendu Plan Berezietako eta portualdeen hirigintza-antolamenduko plangintza- eta ordenamendu-bitartekoak baliatuko ditu. Portuko guneak eta erabilerak mugatzeko, portuetako zerbitzuguneetako erabilera eta instalazioak arautuko ditu.

KAIAKen sorrera
Lege berriak zehazten du Kaiak zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren figura, EAEren eskumeneko portu-instalazio guztiak kudeatuko dituena. Euskadiko portu-azpiegitura guztiak eredu bakar baten arabera kudeatzea da helburua, horien kudeaketa publikoari eustea oinarritzat hartuta eta portu-azpiegiturak kudeatzeko egungo eredu elkarren artean desberdinak atzean uzteko asmoz.

Horretarako, administrazio-ahalak gauzatzea beharrezkoa den eredu guztiak, mugatzekoak, kontrolekoak, esku hartzekoak edo zergapetzekoak kasu, zuzenbide publikoaren mende jarriko dira. KAIAKen barnean egongo dira portuen kudeaketan parte hartzen duten erakunde publikoak.

Euskadiko portuen araubide juridikoa
Euskadiko portuen araubide juridikoak eredu orokorreko portuak egituratzen ditu, erabileraren arabera ez daudenak sailkatuta, eta autonomia-erkidegoko portuen ezaugarriak kontuan hartzen ditu. Izan ere, gehienetan, portuko jarduerak eta erabilerak espazio fisiko berdinean gauzatzen dira.

Eusko Jaurlaritzak, onartu duen proiektuan, portu-zerbitzu publikoak eskaintzea eta portuko jabari publikoa modu pribatiboan erabiltzea lehenesten ditu, baldin eta aurretiaz baimena jaso bada eremua ondasun higikorrekin edo instalazio desmuntagarriekin edo horietako batere gabe okupatzeko. Baimen horien indarraldia gehienez hiru urtekoa izango da, luzapenak barne.

Emakiden kasuan, obra edo instalazio ez-desmuntagarrien bidezko okupazioaren baimenaldia berrogeita hamar urtekoa izango da, luzapenak barne. Amarratzeko lekuen baimenari dagokionez, gehienez bost urteko indarraldia izango dute, beste bost urtez luzatzeko aukerarekin.

Enpresen erregistroa
Legearen arabera, Itsas Garraioko Enpresa Operadoreen Erregistroan inskribatu beharko dira pasaiako, salgaien eta mistoen itsas garraiorako enpresak. Informazioa publiko egitea beste helbururik ez du izango erregistroak. Inskripzioan zehaztu beharko dira zerbitzuaren ibilbideak, ordutegiak eta prestazio-aldia, itsasontzia eta bere ezaugarriak eta tarifak eta gainerako baldintza ekonomikoak.

Polizia Araubidea eta Zehapen Araubidea
Lege-proiektuaren polizia- eta zehapen-araubideak portuetako jarduerak babesteko bermeak ezartzen ditu, hala nola desjabetzeko eta edukitza-berreskuratzeko ahalak gauzatzekoak, legezkotasun-printzipioan oinarrituta, eta zehapen arinak, astunak eta oso astunak tipifikatzen ditu (arau-hauste arinetan, 12.000 euro arteko zehapenak; arau-hauste astunetan, 12.001etik 500.000 eurora arteko zehapenak; eta arau-hauste oso astunetan, 500.001etik 1.000.000 eurora arteko zehapenak).

Portuko tasak
Portuko tasen araudia berrikusi da legean, horien definizioak eta egiturak berrituta. Berritasunen artean dago bidaiarientzako T-2 tasa, Europako edo kanpoko kabotajerako ezarritako kuotak bateratu direna. T-3 tasa. Salgaiak: iragaitzazko salgaien eragiketei salgaien jatorrien arabera aplikatu beharreko kuotak bateratu dira eta egunean jarri da Short Sea Shipping kontzeptua, Europar Batasuneko araudira egokituz. % 25eko murrizketa portuko zerbitzuguneetan trenbidez sartzen diren salgaiek ordaindu beharreko kuotan, edota portutik trenbidez irteten direnek ordaindu beharrekoan, portuak estatuko nahiz nazioarteko kate logistikoetan txertatzeko.

T-5 tasa. Seigarren eta zazpigarren zerrendetako itsasontziak: pentsiodunei aplikagarri zaien murrizketa aldatzea; hau da, lanbidearteko gutxieneko soldata halako bi baino txikiagoak diren urteko diru-sarrerak egiaztatzen dituzten horiei. Era berean, hobari berri bat sartuko da iragaitzazko erabiltzaileek pantalanak berrerabiltzea sustatzeko.

T-6 tasa. Kargak jasotzeko zerbitzuak: kuota bakarra ezarriko da kargak jasotzeko zerbitzu desberdinetan. T-8 tasa. Uraren eta energia elektrikoaren hornidurarengatiko tasa: kuota berdina ezarriko da portu guztietan, zerbitzua ematen duen portuko administrazioak dituen kostuetan oinarrituta.

Okupazio pribatiboagatiko eta portuko jabari publikoaren erabileragatiko tasa: berariazko kuota bat izango dute jada eraikitako edo itsas zein kirol erabileratarako eremuen emakidek, baita jada ekipamenduarekin hornitutako higiezinen emakidek ere.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMU (KBE) IZENDATU DITU ALDAIA MENDIAK ETA ARABAKO LAUTADAKO IRLA-HARIZTIAK.

Dekretua, Aladaiako Mendiak Babes Bereziko Eremua (ES2110016) izendatzekoa.

Dekretua, Arabako Lautadako lrla-hariztiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2110013).

LABURPENA

• Euskadiko lurraldearen % 21 –Arabakoaren % 27– biodibertsitatea kontserbatzeko Europako figura horren babes pean dago.

• Ana Oregi, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburua: «Europako Batzordearen zuzentarauen araberako prozedura zorrotz baten eta eragindako eragileen parte-hartzearen bidez egin da izendapena»

Gobernu-kontseiluak, gaur bilduta, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu ditu Arabako Aldaia mendiak eta Lautadako Irla-hariztiak. Izendapen horren bitartez biodibertsitatea kontserbatzen lagundu nahi du Eusko Jaurlaritzak, habitat naturalen eta fauna zein flora basa-espezieen kontserbazio-egoerak hobera egitea bermatzeko. Aldi berean, hegazti eta espezie migratzaileen biziraupena eta ugalketa ziurtatzen lagundu nahi du, Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatzearekin bat etorriz. Izendapen hori jaso duten natura-inguruneen guztizko azalera 1.300 hektareakoa da.

Euskal Autonomia Erkidegoan, ekologia gaietarako Europako Natura 2000 Sarean dauden 52 eremuetatik 38k KBEren izendapena jaso du jada, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren lehentasunezko helburuetako bat zenez. Espazio guztiek jasoko dute izendapena datorren urteko ekaina amaitu baino lehen.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren hitzetan, «Europar Batasunak naturaguneetan ezarritako babes-figura dira KBEak. Europako Batzordearen iritzian, Europa osoko natura babestea bermatzeko helburu nagusia Natura 2000 Sarearen ezarpena lortzea da. Euskadiko KBEak jada sare horren barnean daude».

Euskadiko azalera osoaren % 21 eta Arabakoaren % 27 barne hartzen du KBEen babesak, eta, horrenbestez, ekologiaren arloko Europako Natura 2000 Sarearen barnean daude. Eusko Jaurlaritza lanean ari da Kontserbatzeko Eremu Berezi izendatzeko honako hauek: Izki, Arabako iparraldeko mendiak, Guardiako urmaelak, Arreoko lakua/Caicedo de Yuso, Valderejo/Sobrón/Artzena mendilerroa (bi GKL KBE bakarrean bat eginik), Arkamo/Gibijo/Arrastaria, Aitzkorri-Aratz, Gorbeia eta Urkiola, Aralar eta Armañon.

«KBEen izendapenean herritarrek ere parte hartu dute, proiektu guztiek jendaurreko informazioaren izapidea betetzen dutelako. Era berean, tokiko eragile sozialekin eta kolektiboekin bilerak egin dira eta kontuan hartu dira pertsona guztien ekarpenak. Horretarako, ezinbestekoa izan da foru-aldundiekin eta gainerako administrazio kidetuekin koordinatzea. Europako Batzordearen zuzentarauetan zehaztutako prozedura zorrotzaren arabera gauzatu da prozesua», adierazi du Oregik.

«Biodibertsitatea kontserbatzea Europako herritarren esku dago. Guztien erronka da, Euskadin ere geure gain hartu duguna, gure nahiz etorkizuneko belaunaldien ongizatea baitago jokoan», zehaztu du sailburuak.

Europako Batzordeak goraipatu egin du Euskadi, KBEak izendatzeko egindako lanarengatik eta Natura 2000 Sareak babestutako naturaguneen sarea sustatzeagatik. Sare hori 27.000tik gora naturagunez osatuta dago; alegia, Europako Batasuneko 28 estatu kideen azalera osoaren % 18,5 inguru dira.

Aldaia mendiak

Aldaia mendiak Zadorra eta Barrundia ibaien arroen arteko hesi orografikoa dira eta ipar-ekialdean kokatuta daude, Arabako Lautada haien oinetara hedatzen dela. Gailur garaienek ez dituzte 800 m-tik gora. Aldaia mendien Kontserbazio Bereziko Eremuak (ES2110016) 1.095 hektareako azalera du eta Barrundia udalerriaren barnean dago oso-osorik, Arabako Lautadaren iparraldean hain zuzen.

Egun, mendi horietan erkameztiak eta garrigak daude. Garrantzi komunitarioko habitatak dira baso horiek, berezkoak Aldaia mendietan, baina gizakiaren esku-hartzea dela medio, eremu batzuk bazkaleku eta sastrakadi bihurtu dira.

Garriga-unada adargabetu handikoteak daude eta horrek aukera ematen du baso helduetan egon ohi diren espezie bereizgarri batzuk ere bertan egon daitezen, baso heldua izan ez arren. Esaterako, garrantzi komunitarioko koleoptero-espezie batzuk daude, besteak beste, Osmoderma eremita. Koleoptero saproxiliko horrek EAEn duen hiru bizileku ezagunetako bat dira Aldaia mendiak.

Halaber, basa-fauna ornodun ugariko eremua da. Horregatik guztiagatik hautatu zuten gune hau Natura 2000 Sarean sartzeko eta Europako Batzordeak Atlantikoko Eskualde Biogeografikoko guneen zerrendan sartzea onartu zuen.

KBEa Barrundia udalerriaren lurretan dago. KBEren barnean ez dago jendea bizi den nukleorik, bai ordea inguruetan: Ozaeta, Hermua, Larrea, Etura eta Heredia.

Onartutako neurrien helburua leku horretako habitaten eta basa-espezieen kontserbazio-egoera hobetzea da, Natura 2000 Sarean sartzea eragin baitute.

Arabako Lautadako Irla-hariztiak

Arabako Lautadako Irla-hariztiaren KBEren (ES2110013) azalera 281,27 hektareakoa da eta hamahiru zati isolatutan banatuta dago. Azalera hori guztia Arabako Lautadan bertan dago, eskualde biogeografiko mediterraneoan, sei udalerriren lurretan: Arratzua-Ubarrundia, Burgu, Donemiliaga, Iruraitz-Gauna, Gasteiz eta Zalduondo.

Arabako Lautadako berezko landaredia, garai batean hedatua legokeena, nagusiki, Quercus robur motako hariztiak dira. Giza jardueren ezarpen handiek, batez ere, zerealen, erremolatxaren eta patataren laborantza intentsiboak nahiz hiriguneen, industria-instalazioen eta komunikazio-azpiegituren ezarpenak, pixkanaka baso hauek desagerrarazi zituzten.

Aldaketa horiek XX. mendearen bigarren erdian indartu egin ziren eta horien ondorioz, gaur egun, harizti haien zati txiki batzuk besterik ez dira mantentzen dira. Hondar-orban horiek kontserbatzea, Arabako lautadako ekosisteman batik bat zegoenaren lekukoa denez eta komunitate-intereseko habitatzat jotzen denez, gune txiki horien multzoa Natura 2000 Sareko gune gisa hautatzeko arrazoi nagusiak izan ziren.

Horrela, KBEn hamahiru zuhaizti daude, mendebaldetik ekialdera: Sarbikoetxea, Arzubiaga, Durruma, Mendiluz, Maumea, Sarrena, Burgu, Gazeta, Santa Lucia, Larrazabal, El Montico, Arangutxi eta Mezkia.

Baso mistoak dira, batez ere Quercus robur aleak daudenak, eta ondo garatutako basopea dute, garriga-unadak ere dauden arren. Harizti horiek direla kausa hautatu zuen Europako Batzordeak Natura 2000 Sarean sartzeko.

Zatikatze-maila handiak eta tamaina txikiak fauna-komunitatea izango litzatekeen populazio bideragarriak ezartzea eragozten du, horixe izango litzateke baso horien egoera helduaren ezaugarria. Baso horiek lur-eremu lauetan edo pixka bat ondulatuetan daude eta erabat eraldatuta dagoen nekazaritzako matrize baten barnean daude; hariztietako batzuk hiriguneetatik oso gertu daude, gainera. Zuhatzuko Sarbikoetxeko zuhaiztia eta, maila apalagoan, Artzubiagakoa nabarmentzekoak dira, Gasteiztik gertu daudenak.

Harrapakari oportunistak eta eremu oso transformatuetako espezie generalistak, eta orban horien tamaina txikia eta isolatze-maila kontuan hartuta, pentsaezina da baso-komunitate ondo egituratuak ezarri daitezkeenik bertan epe laburrean, are ertainean ere.

KBEak izendatuta, elementu gakoen eta presentzia nabarmena duten habitaten eta basa-espezieen kontserbazio-egoera hobetu nahi da, horiek eragin baitute eremua Natura 2000 Sarean sartzea.