2015/11/24 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak akordio bat lortu du Espainiako Gobernuarekin, gazteen kontratazioa sustatzeko gizarte-kuotetako hobariak Lanbidek kudea ditzan.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Gobernuak interes sozialeko izendatu du ASPANOGI - Gipuzkoako haur minbizidunen guraso Elkartea.
Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzorderako Eusko Jaurlaritzaren ordezkari berriak izendatu dituzte.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Helduen hezkuntzan garatutako jardueretarako dirulaguntzak.
6 milioi udalentzako diru-laguntzatan, ikastetxeetan hobekuntzak egiteko (Udalaguntza-2015).
2.450.000 euro hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen eskola-garraiorako.
Kultura Ondarea Saria DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak natura-ondarea kontserbatzeko ezaguera sortzen duten erakunde pribatuentzako oinarri arautzaileak eta diru-laguntzak ezarri ditu.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK AKORDIO BAT LORTU DU ESPAINIAKO GOBERNUAREKIN, GAZTEEN KONTRATAZIOA SUSTATZEKO GIZARTE-KUOTETAKO HOBARIAK LANBIDEK KUDEA DITZAN.

Erabakia, baimena emateko partzialki atzera egiteko 18/2014 Legearen agindu jakin batzuen aurkako 264-2015 konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoan (18/2014 Legea, urriaren 15ekoa, hazkundea, lehiakortasuna eta eraginkortasuna bultzatzeko premiazko neurriak onartzen dituena).

LABURPENA

• Espainiako Gobernuak aitortzen du LANBIDEri dagokiola gizarte-kuotetako hobariak kudeatzea.
• Eusko Jaurlaritzaren ustez, aitoperna oso garrantzitsua da Jaurlaritzak gazteak kontratatzeko eta ondorioz gazteen enplegua sortzen laguntzeko pizgarrien inguruko gatazkak saihestuko direlako
.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, lortu duten akordioari esker, 2010. urtean Euskadiri eskualdatutako enplegu-politika aktiboen arloko eskumena hausten zuten bi lege interpretatzen bat egin dute:

• 1/2015 Errege Lege Dekretua, otsailaren 27koa, bigarren aukerako mekanismoarena, finantza-kargaren murrizketarena eta gizarte arloko bestelako neurriena (uztailaren 28ko 25/2015 Lege gisa baliozkotua eta onartua). Arau horretako 8. eta 9. artikuluek gizarte-kuotetako hobariak jasotzen dituzte «Gazteentzako Bermerako Sistema Nazional»ean izena emanda dauden pertsonak kontratatzeko, «bai eta langile autonomoentzat ere, lana eta familia bateratzeari lotutako kontratazioak egiteko».
• Hazkuntzaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren aldeko premiazko neurriak onartzeko urriaren 15eko 18/2014 Legea. Lege honetako 92., 98., 102. eta 107. artikuluek 300 €-ko hobarien sistema bat aurreikusten dute gizarte-kuotetan, 6 hilabetetan, ez lanik ez ikasketarik egiten ez duten 16 eta 30 urte inguruko pertsonak kontratatzen dituzten enpresentzat.

Akordioari esker, Espainiako Gobernuak onartu du bi legeetan jasotzen diren gazteen eta langile autonomoen kontrataziorako kuotetako hobariak enplegu-politika aktiboen arloko euskal eskumenari soilik dagozkion pizgarriak direla.

Eusko Jaurlaritzak oso garrantzitsua deritzo aitortza horri, Espainiako Gobernuak gaur arte zalantzan jartzen baitzuen hobari horiek gauzatzeko eta gazteen enplegua sortzea xede izango duen pizgarrien politika bat Euskadin finkatzeko LANBIDEren gaitasuna. Espainiako Gobernuak LANBIDEren lana blokeatzen zuen, pizgarri horiek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez finantzatzera, kontrolatzera eta berrikustera behartzen baitzuen, eta ez zuen betetzen, beraz, 2010. urtean sinatutako eskumen-eskualdatzea.

Akordioak garbi uzten du bi legeetan aurreikusten diren enpresa-kuotetako hobariak 2010. urteko enplegu-politika aktiboen arloko eskumen-eskualdatzearekin bat egingo direla. Zehazki, honako hau dio akordioak: «Gizarte Segurantzako kuotetako hobariak (...) lanaren, enpleguaren eta enplegurako Lanbide Heziketaren esparruan lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa aintzat hartuta egingo dira».

AZAROAK 30

Akordio hau Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak, Josu Erkorekak, eta Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroak, Cristóbal Montorok, sinatu dute. Azaroaren 30ean argitaratuko da Euskadiko eta Estatuko aldizkari ofizialetan.

Estatuaren eta EAEren arteko Aldebiko Batzordean sei hilabetez eginiko negoziazio baten ondoren iritsi da; hari esker, ez da Konstituzio Auzitegiaren aurrean helegiterik jarri beharko bigarren aukerako mekanismoaren, finantza-kargaren murrizketaren eta gizarte arloko bestelako neurrien otsailaren 27ko 1/2015 Errege Lege Dekretuaren (eta haren bilakaera izan den uztailaren 28ko 25/2015 Legearen) aurka, eta ez da, halaber, hazkuntzaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren aldeko premiazko neurriak onartzeko urriaren 15eko 18/2014 Legearen artikuluetako batzuen aurka jarritako helegitean partez atzera egin behar izatea.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

GOBERNUAK INTERES SOZIALEKO IZENDATU DU ASPANOGI - GIPUZKOAKO HAUR MINBIZIDUNEN GURASO ELKARTEA.

Dekretua, ASPANOGI- Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak hala eskatuta, gaurko bileran gobernuak «interes sozialeko» izendatu du ASPANOGI - Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartea.

ASPANOGI irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 1996an sortua. Haur minbizidunen eta haien gurasoen egoera –medikoa, psikologikoa, asistentziakoa eta abar– hobetzen lagundu nahi du, bai haien bai haien familien garapen afektiboa egokiena izan dadin. Erakundeak bere jarduera 2010etik etenik gabe gauzatu duela ziurtatu du, batez ere Gipuzkoako lurralde historikoari dagokionez.

Erakunde bat interes sozialeko izendatzeko baldintzak eta prozedura Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan datoz araututa. Interes sozialeko izendatuta, erakundeek autonomia-erkidegoko gizarte-zerbitzuen esparruan egindako ibilbidea eta lana aintzatesten dira, eta lehentasuna ematen zaie euskal administrazio publikoen diru-laguntzetan.

Araudiak zehaztutakoaren arabera, erakundeak interes sozialeko izendatzeko, beharrezkoa da, gizarte-zerbitzuak eskaintzeaz eta irabazi-asmorik gabekoak izateaz gain, langileen % 40k kontratu mugagabea izatea.
 

 

GIZARTERATZEKO ERAKUNDE ARTEKO BATZORDERAKO EUSKO JAURLARITZAREN ORDEZKARI BERRIAK IZENDATU DITUZTE.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren organigraman izandako aldaketen ostean, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordean izango dituen ordezkari berriak izendatu ditu Gobernuak, Ángel Toña sailburuak hala eskatuta.

José Andrés Blasco Enplegu eta Laneko gaur egungo sailburuordea izango da Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordearen presidente berria, Ricardo Barkalaren ordez. Bestalde, Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko zuzendari Gotzone Sagarduik Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako zuzendari ohia, Xabier Ochandiano, ordeztuko du. Azkenik, Emilio Sola izango da Gizarte Zerbitzuen zuzendari berria, Lide Amilibiaren, gaur egungo Gizarte Gaietako sailburuordearen, partez.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legearen esparruan, euskal administrazio publikoen arteko lankidetzarako erakunde nagusi moduan taxutu da Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea, arautik eratorritako jarduketa desberdinak erakundeen artean koordinaturik gauzatzen direla ziurtatzeko. Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkarik, Foru Aldundi bakoitzak izendatutako ordezkari banak, eta ordezkaritza handieneko Euskal Udalen Elkarteak izendatutako hiru ordezkarik osatzen dute batzordea.

Haien egitekoen artean, nabarmentzekoak dira hauek: bazterketa egoeran edo arriskuan daudenen oinarrizko premiak aztertzea, bai eta larrialdi sozialeko diru-laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak banatzeko irizpideak ere.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

HELDUEN HEZKUNTZAN GARATUTAKO JARDUERETARAKO DIRULAGUNTZAK.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, agindu bat onartu du gaur izandako bileran, hain zuzen, irabazi asmorik gabeko erakundeek helduen hezkuntzaren arloan garatutako jarduerak egiteko diru-laguntzetarako deialdirako.

Deialdi honen xede da diru-laguntzak ematea, guztira 39.000 eurokoak, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egonik irabazi asmorik ez duten eta 2014/2015 ikasturtean helduen hezkuntzan oinarrizko heziketaren arloan jarduten zuten erakundeei.
 

 

6 MILIOI UDALENTZAKO DIRU-LAGUNTZATAN, IKASTETXEETAN HOBEKUNTZAK EGITEKO (UDALAGUNTZA-2015).

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez onartu du, hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeak dauden udal jabegoko eraikinetan obrak egitera bideratutako gastuak finantzatzeko diru-laguntzak deitzen dituen agindua. Udalaguntza-2015 izenez ezagutzen den deialdi honek 6 milioi euroko diru-kopurua du.

Udalaguntza-2015 deialdian parte hartu ahal izango dute aurrerago aipaturiko ezaugarriak betetzen dituzten ikastetxeetan hobekuntza lanak egiteko proiektuak aurkezten dituzten Euskadiko udalek. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren diru-laguntza balorazio-batzodeak onarturiko aurrekontuaren %60koa izango da. Agindu honen bidez finantzatu ahal diren obrak 2015eko urtarrilaren 1 eta 2016ko abuztuaren 31 bitartean hasi beharko dira eta 2016ko abenduaren 31 baino lehenago bukatuak egon behar dute.

Udalaguntza deialdiak ikastetxeen instalazioetan hobekuntzak burutzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta tokiko korporazioen arteko koordinazioan du sorrera. Elkarlan honen helburua da hezkuntzara bideratutako bitartekoen eraginkortasun handiagoa lortzea, eta era berean, baliabide publikoen optimizazioa ere ahalbidetzen du.
 

 

2.450.000 EURO HEZKUNTZA-PREMIA BEREZIAK DITUZTEN IKASLEEN ESKOLA-GARRAIORAKO.

LABURPENA

Deialdi honetarako diru-kopurua %6,52 handitu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2015-2016 ikasturterako

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak proposatuta, ikastetxe publikoetan edo, salbuespen gisa, itunpeko ikastetxe pribatuetan eskolatuta dauden hezkuntza-premia berezietako ikasleentzat 2015-2016 ikasturtean eskola-garraiorako banakako diru-laguntzak deitzen dituen Agindua onartu du.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 150.000 euroan handitu du deialdi honen diru kopurua (%6,52 gehiago) iazkoarekin alderatuz gero, 2.450.000 euroko kopurua osatu arte diru-laguntza hauetarako.

Diru-laguntza hauen jasotzaileak izango dira, ezgaitasun larriak izan (ezgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala) eta, antolatutako eskola-garraioa edota ohiko garraio publikoa erabili ezin dezaketen ikasleak, eta hortaz, euren etxebizitzetatik eskoletara joatea erraztuko duen garraio-alternatiba bat behar dutenak. Azken finean, eskola inklusiboaren aldeko printzipioari jarraiki, ikasle hauek ikasteko edo parte-hartzeko izan ditzaketen oztopoak ezabatu edo leundu nahi dira deialdi honen bidez, eta eskola-garraioa ez dadila zailtasun bihurtu ikasle bakoitza ingurunerik egokienean eskolaturik egon dadin.

Aurreko 2014-2015 ikasturtean deialdi honen bidez, ezgaitasunen bat zuten 849 ikasleren 131 ikastetxetarako garraioa finantzatu zen.
 

 

KULTURA ONDAREA SARIA DBHKO, BATXILERGOKO ETA LANBIDE HEZIKETAKO IKASLEENTZAT.

LABURPENA

Hiru bideo onenek Irlandarako 7 eguneko bidaia kulturala irabaziko dute.

Gobernu Kontseiluak 2015-2016 ikasturterako Kultura Ondarea Sariaren oinarriak arautzen dituen Agindua onartu du. Sari hau, Euskadiko ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehen mailako ikasleei zuzendua dago.

Sariketan parte hartzen duten ikasleek taldetan egingo dute lan, eta bina bideo egin eta aurkeztu beharko dituzte. Lehen bideoa ikasleek eurek aukeratutako euskal kultur ondarearen elementu baten ingurukoa izango da, izan ondare materiala nahiz ez materiala. Bigarren bideoan aldiz, aurreko bideoa osatzerakoan jarraitu den prozesu osoa kontatuko dute (making-of deritzona), bereziki azpimarra eginez aurkeztu duten lanak zein helburu dituen eta erabilitako metodologia azalduz.

Puntuaziorik onenak eskuratzen dituzten hiru bideoek Irlandarako zazpi eguneko bidaia kulturaka jasoko dute saritan. Egun horietan, herrialde hartako lekurik ezagunenetako zenbait bisitatuko dituzte, eta bertako adierazpen kulturalik garrantzitsuenak ezagutuko.

Kultura Ondarea Sariak bigarren edizioa du 2015-2016 ikasturte honetan, eta bere helburuen artena daude: euskal kultura ondarea gazteen ikuspegitik ezagutzera ematea, gure kultura ondarearekin lotura duten ezagutzaren balorazioa eta eraikuntzan gazteek duten papera aitortzea, eta gazteen artean tresna teknologoen erabilera sustatzea jabego publikoko kultura eta hezkuntza edukiak sortzeko.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 30.000 euro bideratzen ditu sariketa honetarako. Lanak aurkezteko epea deialdia argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta 2016ko apirilaren 8ra arte egongo da irekita.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK NATURA-ONDAREA KONTSERBATZEKO EZAGUERA SORTZEN DUTEN ERAKUNDE PRIBATUENTZAKO OINARRI ARAUTZAILEAK ETA DIRU-LAGUNTZAK EZARRI DITU.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren aginduari, zeinaren bidez natura-ondarea kontserbatzeari buruzko ezaguera sortzeko proiektuak egiten dituzten erakunde pribatuen oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta diru-laguntzak emateko deialdia egiten baita.

Ana Oregi sailburuak hau adierazi du: «Aginduaren helburua da 2016. ekitaldian natura-ondarea kontserbatzeko ikerketa-proiektuak eta -lanak egiten dituzten erakunde pribatuentzako diru-laguntzak emateko oinarriak ezartzea; horretarako, 160 mila euroko aurrekontua dugu.»

Erakunde interesdunek www.euskadi.eus webgunearen bidez egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozeduraren izapide guztiak. Balioespen Batzorde batek aztertuko ditu eskaerak. Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak eta Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzako bi teknikarik osatuko dute Batzorde hori eta haietako batek idazkari-lanak beteko ditu. Horrez gain, proposamenak ebaluatzeko, ingurune naturalaren kontserbazioaren arloan entzute handia duten pertsonen iritzia jaso dezakete.