2015/12/01 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Iraganeko memoria kritikoari buruzko dokumentu sail bat egitea hitzartu du Eusko Jaurlaritzak EITB-rekin.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia
Eusko Jaurlaritzak lehen Enplegu Plana onartu du, Euskadiko Administrazio Orokorreko langileen zahartzearekin, desberdintasunarekin eta bitartekotasunarekin bukatzeko.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Gobernuak 2016-2019 aldirako Gizarte-Zerbitzuen Plan Estrategikoa onartu du.
700.000 euro ondare urbanizatua birgaitzeko.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
4.690.000 euro udal haur eskolentzat.
13,6 milioi euro Gasteizen Zabalgana Bigarren Hezkuntzako Institutu berria eraikitzeko .
146.250 euro atzerriko hizkuntzan errefortzurako .
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa (TKNIKA).
240.000 euro doktoretza aurreko egonaldietarako.
Euskadi Ikerketa Saria.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Pariseko konferentzian, nazioarteko adostasuna du Eusko Jaurlaritzak helburu; «isuri gutxiko ekonomia bat, klima aldaketaren eraginetara egokitua» lortzea da xedea.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

IRAGANEKO MEMORIA KRITIKOARI BURUZKO DOKUMENTU SAIL BAT EGITEA HITZARTU DU EUSKO JAURLARITZAK EITB-REKIN.

Erabakia, "Las huellas perdidas" telebista-dokumentala Euskal Irrati Telebistarekin ekoizteko lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena ematen duena.

LABURPENA

• “Las huellas perdidas” sailak bost dokumental izango ditu eta 1960tik orain artekoa jasoko du.
• Proiektua EITBrekin 2014an izenpetutako akordioan jasotzen da Bake eta Bizikidetza Planean aurreikusita zeuden ekimenen barruan.

Eusko Jaurlaritzak eta EITB erakundeak lankidetzan ariko dira dokumentu sail bat egiteko, hamarkadaka ordenatuta. Sail horren ardatz nagusia izango da iraganeko hausnarketa kritikoa egitea terrorismoa, indarkeria eta giza eskubideen urraketei buruz, 1960.ean hasi eta orain arte.

Proiektu hau aurrera eramateko hitzarmenak gaur Jaurlaritzako Kontseiluaren oniritzia jaso du eta Bake eta Bizikidetza Planean aurreikusitako ekimen bati forma emango dio; zehazki, Sensibilización social y compromiso de los medios de comunicación públicos deiturikoari. Ekimen honen asmoa da bizikidetzarako kultura sustatzea, giza eskubideen duintasunaren, giza eskubideen, printzipio demokratikoen, biktimen elkartasunaren eta gatazken indarkeriarik gabeko kudeaketaren errespetuan oinarrituta.

Testuinguru horretan, Bakea eta Bizikidetzarako Idazkaritzak joan zen urrian esparru-akordio bat izenpetu zuen EITBrekin, erakunde publikoak bakearen eta bizikidetzaren alorrean egin ahal duen ekarpena definitzeko, eta bertan jaso zen, besteak beste, iraganeko hausnarketa kritikoari buruzko dokumentu sail bat egiteko konpromisoa. Horretarako Eusko Jaurlaritzak 75.000 euro emango ditu.

Sailak “Las huellas perdidas” titulua izango du eta bost dokumentalez osatuko da. Dokumental horietan bereziki zainduko da gertatutakora eta testuinguru historikora hurbiltzea, ondo garatutako historiografia tekniko batetik eta zintzotasunez, zorroztasunez, objetibotasunez eta aniztasunari errespetua izanez hurbilduta.

Horretarako, proiektuak Aholku Batzorde Editorial bat izango du, honako hauek kide dituena: Juan Pablo Fusi historiagilea; Mariano Ferrer kazetaria; eta Mari Carmen Garmendia irakaslea eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia.

Dokumentalak EITBko kanaletan emango dira eta horiek Euskadiko ikastetxeetan, unibertsitateetan eta liburutegietako sarean banatzeko aukera aztertuko da.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA

ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ JAKINARAZTEN BAITA JAURLARITZAK ZER IRITZI DUEN ARABA, BIZKAI ETA GIPUZKOAKO HERRITARRAK AHALDUNTZEKO EH BILDU LEGEBILTZAR-TALDEAK EGINDAKO LEGE-PROPOSAMENA AINTZAT HARTZEARI BURUZ.

Dokumentuak
ACUERDO

EUSKO JAURLARITZAK LEHEN ENPLEGU PLANA ONARTU DU, EUSKADIKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO LANGILEEN ZAHARTZEAREKIN, DESBERDINTASUNAREKIN ETA BITARTEKOTASUNAREKIN BUKATZEKO.

Erabakia, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Erakunde Autonomoen Enplegu-plana.

LABURPENA

• Eusko Jaurlaritzak barne-lekualdatzeko lehiaketa baterako eta Administrazio Orokorrera sartzeko lan eskaintza publiko baterako deialdia egingo du, eta, lehen aldiz, dagoeneko bitarteko gisa jarduten dutenen enplegua finkatzeko prozesu bereziak garatuko ditu.

• Planak Lakuan ordezkaritza duten lau zentral sindikalen ekarpenak jasoko ditu; orobat, funtzionarioen eta bitarteko langileen 5.564 lanpostuen erradiografia bat sartu da: batez besteko adina 50,8 da, horietatik % 68 2030 baino lehenago erretiratuko da; bitartekotasun-tasa % 35,4 da eta emakume gehiago badaude ere lanean, kategoria profesional gutxiagoko postuak eta bitartekotasun-tasa altuagoa dute.

Gobernu-kontseiluak lehenengo «Euskadiko Administrazio Orokorraren Enplegu Plana» onartu du gaur. Lehen aldia da Euskadin halako plan bat prestatu dela autonomia-erkidegoko Administrazio Orokorrean lanean aritzen den pertsonalaren egoera aztertzeko. Planean hiru lehentasunezko helburu ezarri dira epe motzera/ertainera:

• Langileak gaztetzea eta bitarteko langile funtzionarioen lanpostuak finkatzea, baina aspalditik Administrazio Orokorrean lan egiten duen behin-behineko langileen deskapitalizazioa saihestuz.
• Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea.
• Lanpostuak egokitzea, herri-administrazio elektronikoaren eta teknologia berrien ondorioz sortutako premietara moldatzeko.

Horretarako, «Euskadiko Administrazio Orokorraren Enplegu Planak» egitura berrantolatzea proposatzen du, jarduteko hiru lehentasunezko ildo harturik oinarri:

• PERTSONALA FINKATZEA ETA GAZTETZEA: Kontuan hartzen baditugu pertsonalaren batez besteko adina eta epe motzera aurreikusten diren erretiro-kopuru altua, 20. hamarkada garrantzitsua izango da Euskadiko Administrazio Orokorrean kidego guztietako langileak berritzeko. Jaurlaritzak funtsezkotzat jotzen du pertsonalaren deskapitalizazioa saihestea eta, horregatik, honako hau proposatzen du:

- Lekualdatze-lehiaketa bat, hutsik dauden lanpostuak betetzeko.
- Enplegua finkatzeko prozesu bereziak, Administrazio Orokorrean urteak daramatzan bitarteko langileentzat. Helburua da deskapitalizazioa saihestea, ez daitezela galdu urteetan lanean ikasitako jakintzak eta hartutako trebeziak. Orobat lortu nahi da Euskadiko herri-administrazioan erregistratutako bitartekotasun-tasa altuarekin amaitzea (% 35,48 oro har; % 43,12 buruzagi eta teknikari postuetan).
- Lan-eskaintza publikoa, aurrera egiteko Eusko Jaurlaritzak kalitateko enplegu publikoarekin duen konpromisoan.

• ANTOLAMENDU-EGITURAREN EGOKITZAPENA: Eusko Jaurlaritzak funtsezkotzat jotzen du gobernuaren egitura teknologia berrien eta herri-administrazio elektronikoaren ondorioz sortutako premien arabera eguneratzea eta berrantolatzea. Horretarako, egitura osatzen duten lanpostuen zerrenda eguneratzea proposatzen du.

• EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNA Txostenak agerian utzitako desberdinkeriak saihesteko, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Administrazio Publikoaren Berdintasun Plana eguneratuko du:

- Euskadiko Administrazio Orokorrean gizon baino emakume gehiago dago lanean.
- Emakumeak gazteagoak dira.
- Gizon baino emakume gehiago daude bitarteko postuetan.
- Emakume gehiago daude administrari eta laguntzaileen kidegoan, eta gizon gehiago buruzagitza-postuetan.
- Euskadiko Administrazio Orokorrean diharduten emakume gehienak bere prestakuntza-mailaren azpitik dauden lanpostuak betetzen ditu.

PROPOSATUTAKO BESTE JARDUKETA BATZUK

Era berean, Euskadiko Administrazio Orokorreko Enplegu Planak oinarrizkotzat jotzen du aurrera egitea langile publikoen prestakuntzaren eta gogobetetzearen alorrean. Horregatik, honako hauek abiaraztea proposatu du:

• Karrera horizontala ordaintzeko diseinuak: hau da, ordainsarien hobekuntza eta aitortza profesionala, lanpostuz aldatu gabe.
• Lanpostu bakoitzaren premia errealetara egokitutako prestakuntza-ibilbide eta -planak.
• Langile berrientzako harrera-eskuliburua
; hartara, Euskadiko Administrazio Orokorrera iristen den langileak eskura edukiko du bere lana ahalik eta modu eraginkorrenean betetzeko behar dituen informazioa, prestakuntza eta baliabideak.
• «Mentoring» plana:ez dadin galdu erretiratzeko daudenen jakintza.
• Enplegatu publikoek bere lanpostuarekin duten gogobetetze maila hobetzea: Planean, garrantzizkotzat jotzen da enplegatu publikoen gogobetetzerako langileek beren lana Eusko Jaurlaritzak herritarrekin hartutako konpromisoei erantzuten diela identifikatzea.
 

 

Dokumentuak
GAUR EGUNGO ERRADIOGRAFIA
RADIOGRAFIA ACTUAL
ENPLEGU PLANA
PLAN DE EMPLEO

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

GOBERNUAK 2016-2019 ALDIRAKO GIZARTE-ZERBITZUEN PLAN ESTRATEGIKOA ONARTU DU.

Erabakia, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa 2016-2019 onartzeko.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak EAEko 2016-2019 aldirako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa onartu du, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak hala proposatuta.

Gobernu-plan hori funtsezko tresna bat da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema abiarazteko, haren unibertsalizazioan aurrera egiteko eta 2016ko abenduaren 25etik aurrera sistemaren zerbitzu eta prestazio ekonomikoak eskubide subjektibo gisa eskuratu ahalko direla bermatzeko.

Planak gizarte-premien diagnostikoa ezartzen du, eta horien bilakaeraren pronostikoa egiten (katalogoko prestazio eta zerbitzuen premietan eta eskarian eragin lezaketen faktore giltzarrien azterketa eta maparen gain egindako proiekzioak); horrez gain, ildo estrategikoak, helburuak eta horiek lortzeko egokien diren jarduketak jorratzen ditu. Plan Estrategikoaren bi oinarrizko elementu dira horiek, Gizarte Zerbitzuen legean aurreikusitakoarekin bat.

Horrez gain, proiektuak barruan hartzen du euskal administrazio publikoek, legeak ezarritako eskumen-araubidearen arabera, estaldura eta arreta-ordu horiek bermatzeko egin beharreko gastu korronte publikoaren estimazioa, bai eta diru-sarreren zenbatespena ere. Halaber, EAEko Gizarte Zerbitzuen Mapa bat dakar: hor zehazten dira, besteak beste, estaldurak, arreta-orduak, beharrezko plazak, eta zenbat prestazio ekonomikoen jasotzaile artatu beharko diren 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera (gutxienez, EAEren batez besteko estalduraren % 80 data horretan, eta % 85 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera).

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema finkatzeak esan nahi du EAE osoan prestazio eta zerbitzu berak eskuratu ahal izatea bermatuko dela: hau da, arreta (estaldura) antzekoetarantz –ez, ordea, berberetarantz– aurrera egitea. Gizarte-zerbitzuen behar eta eskarian, faktore demografiko eta sozialek (zahartzea, migrazio-saldoa, krisiaren eragin sozial, aurrez eremu bakoitzean dagoen arreta-sarea) eragiten dute. Nolanahi ere, ez dituzte efektu homogeneoak sortzen, lurralde historikoen artean, baita udal artean ere, desberdintasunak dira-eta.

Azken batean, sistema bakarrerantz aurrera egitea da helburua, baina lurralde bakoitzaren errealitatea harturik abiapuntu gisa eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzu eta prestazio ekonomikoak emateko zuzeneko ardura duen administrazio publiko bakoitzaren kudeaketa-aukerak errespetaturik; betiere, honako hauek ezarritako baldintza eta mugen barruan: Gizarte Zerbitzuen Legeak, prestazio- eta zerbitzu-zorroari buruzko dekretuak, Legea eta zorroa garatzeko dekretuak, Plan Estrategikoak eta Mapak.
 

 

700.000 EURO ONDARE URBANIZATUA BIRGAITZEKO.

LABURPENA

Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, birgaitze integratuko eremuetako edo hondatutako bizitokietako ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko 700.000 euroko laguntzen deialdia egiteko baimena eman du gobernu-kontseiluak.

Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Udalek eskatu ditzakete diru-laguntzok. Birgaitzeko hirigintza-elkarteek ere eskatu ditzakete, baldin eta udal interesdunaren baimena badute; baita kontzejuren nahiz tokiko bestelako erakunde txikiagoen badute ere, baldin eta jardunak xede duen eremua mantentzeko eta kontserbatzeko erantzukizuna badagokio, eta udal-idazkariak hala egiaztatzen badu.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

4.690.000 EURO UDAL HAUR ESKOLENTZAT.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2015-16 ikasturtean diru-laguntzak emateko deialdia egiten duen eta 0 eta 3 urte arteko haur eskolen titular diren toki korporazioei Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailarekin hitzarmenak sinatzeko deia egiten dien Agindua onartu du. Diru-laguntzak haur eskola horiek mantentzeko kostuak finantzatzeko izango dira.

Diru-laguntza hauen onuradun izango dira haur eskolen titular diren Euskadiko udalak, beti ere haur eskola horiek 297/2002 Dekretua, abenduaren 17koa, indarrean sartu baino lehenagokoak badira (0-3 urte arteko haur eskolak arautzen dituen Dekretua).

Deialdi honek 4.690.000 euroko diru kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasita.
 

 

13,6 MILIOI EURO GASTEIZEN ZABALGANA BIGARREN HEZKUNTZAKO INSTITUTU BERRIA ERAIKITZEKO .

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako aurrekontua duen kontratu bat baimentzeko obra-espediente honetarako: A-007/09 espedientea, Gasteizen Zabalgana Bigarren Hezkuntzako Institutuarentzat eraikin bat eraikitzeko.

LABURPENA

BDHko 7 lerro eta Batxilergoko 4 izango ditu, eta 940 ikaslerentzako lekua

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran 13.609.428,01 euroko gastua onartu du, Gasteizen Zabalgana Bigarren Hezkuntzako Institutu berria eraikitzeko (IES Zabalgana BHI).

Zabalgana BHIren eraikin berria Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Gasteizerako duen lehentasunik nagusiena da, Arabako hiriburuan azken urteotan biztanleria-hazkunderik handiena izan duen auzo bateko hezkuntza-premiei, Zabalganako premiei, ematen baitie erantzun eraikin berriak. DBHko zazpi lerro eta Batxilergoko lau izango ditu (940 ikasle hartzeko gaitasuna), eta Sail honek azken urteetan eraiki duen Bigarren Hezkuntzako ikastetxerik handiena izango da.

Eraikuntza proiektuan jasotzen denez, institutu honen eraikin berria U formakoa izango da, eta lau eraikin-gorputzek osatua: eraikin errektangular nagusi bat, erabilera orotarakoa (Zuazoko Atea kalean). Eraikin honek sarrera nagusia eta DBHko nahiz batxilergoko ikasleek erabiliko dituzten ikasgelak hartuko ditu. Eraikin nagusi honetatik beste bi eraikin-bolumen irtengo dira, U-aren bi besoak osatuz. Bata DBHko eraikina izango da (errekaren ondoan), eta bestea berriz Batxilergokoa. Eraikin hauetan ikasgelak kokatuko dira, eta bien arteko espazioan jolastokia egongo da. Azkenik, gimnasioa eta pista estalia hartuko dituen eraikin-gorputza DBHko eraikinari atxikirik egingo da.

Institutu berriak behe solairua eta horren gainean eraikitako beste bi solairutan banatuko ditu bere instalazio guztiak, eta orotara eraikitako 11.369,83 metro koadroko azalera izango du. Bere instalazioen artean nabarmentzekoak dira:

- Pista estalia, 1020 m²
- Gimnasioa eta aldagelak, 750 m²
- Aterpea, 698 m²
- Jangela eta officea, 316 m²
- Liburutegia, 133 m²
- DBH: erabilera anitzeko 28 ikasgela
- Batxilergoa: erabilera anitzeko 8 ikasgela
- 6 bikoizte gela
- Mintegitarako 10 gela
- Curriculum aniztasunerako 2 gela
- Hezkuntza Bereziko 2 gela
- Hezkuntza Bereziko tailerra
- Zientziatako 3 laborategi
- Musika, dramatizazio eta audio gela 2
- Plastika gela 2
- 3 informatika gela
- Teknologia tailer 2
- Marrazketa gela
- Teknologia gela
- Integrazioari laguntzeko gela

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak lan hauek 2016ko lehen hiruhilekoan zehar esleitzea aurreikusten du.
 

 

146.250 EURO ATZERRIKO HIZKUNTZAN ERREFORTZURAKO .

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du diru-laguntzak, 146.250 euroko zenbateko globalean, deitzen dituen agindu bat, 2015-2016ko ikasturtean zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan eta udal titularitateko ikastetxe publikoetan atzerriko hizkuntzan errefortzu-ikastaroak egiteko.

 

 

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANBIDE HEZIKETAN IKERKETA ETA BERRIKUNTZA APLIKATURAKO ZENTROA (TKNIKA).

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa (TKNIKA) sortu eta bere lanpostu zerrenda onartuko duena.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa (TKNIKA) sortu eta haren lanpostu-zerrenda onartzen duen dekretua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa (TKNIKA) kentzen den izen bereko (TKNIKA) Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berriztapen Zentroaren ordezkoa da. Ez da, ordea, ordezkapen edo izen-aldaketa hutsa; zentro berria Lanbide Heziketan ikerketa eta berriztapen aplikatuko jarduerak dinamizatzeaz arduratuko da eta, horretaz gain, funtzio hauek ere dinamizatuko ditu: zaintza teknologikoa, ikasteko metodologia berrien garapena, ikerketa eta berriztapen aplikatua eta I + G + I-ko proiektu guztien emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketa ematen duten ikastegi guztiei transferitzea.

 

240.000 EURO DOKTORETZA AURREKO EGONALDIETARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du pertsonal ikertzailearen prestakuntzarako doktoretza-aurreko programa aplikatzen direnak ez diren zentroetan egonaldiak egiteko diru-laguntzak deitzen dituen agindua. Deialdi honek 240.000 euroko diru-kopurua du, aurreko urtean baino 40.000 euro gehiago.

Prestakuntza egiten ari den pertsonal ikertzailearentzat aplikatzekoak ez diren zentroetan doktoretza-aurreko egonaldiak egiteko diru-laguntzak deitzea du agindu honek helburu. Egonaldien helburua pertsonal horrek ikerketa zientifiko eta teknikoan izan beharreko prestakuntza hobetzea izango da eta, horretarako, jarduera hauek egingo dira: ikerketa-jarduerak, ikerketa-proiektuari aplikatzeko teknika berriak ikastea, fondo bibliografiko eta dokumentalen kontsulta eta, gauzatzen ari den tesi-proiektuaren testuinguruan, prestakuntza zientifikoaren onerako izango den eta tesia garatzeko prozesua sustatuko duen beste edozein ikerketa-jarduera.

Egonaldiak unibertsitateetan, ikerketa edo garapen teknologikoko zentroetan eta I + G + i-ko jarduera duten enpresetan, atzerrikoak edo estatu mailakoetan, betiere aplikazio-ikastegikoa ez den herri batean kokatuta badaude eta xedapen honek zehazten dituen osagarri ekonomikoak ematea justifikatuko duen aldi baterako helbide-aldaketa badakar.
 

 

EUSKADI IKERKETA SARIA.

Zientzia jarduera sustatzeko xedez Euskadi Ikerketa Saria arautuko duen Dekretua eta aldi berean Ikerkuntzarako Euskadi Saria deitzen da, Zientzia eta Teknologia modalitatean, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du 2015eko EUSKADI IKERKETA SARIA arautzen duen agindua onartzeko erabakia. Sari hau 2015ean Gizarte Zientziak eta Humanitateak arloan deitzen da.

EUSKADI IKERKETA SARIAK, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoa duenak, 40.000 euroko hornikuntza du, ezin zatituzkoa eta bakarra, eta bi urtean behingo errotazioa du, jarraian esaten den eran: urte bikoitietan gaiak Zientzia eta Teknologiari buruzkoak izango dira eta urte bakoitietan Gizarte Zientziei eta Humanitateei buruzkoak.

Zientzia eta Teknologiaren modalitateak arlo hauek sartzen ditu: Oinarrizko Zientziak, Bizitza eta Osasun Zientziak, Teknologia eta Arkitektura. Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitateak arlo hauek sartzen ditu: Gizarte eta Ekonomia Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Humanitateak.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

PARISEKO KONFERENTZIAN, NAZIOARTEKO ADOSTASUNA DU EUSKO JAURLARITZAK HELBURU; «ISURI GUTXIKO EKONOMIA BAT, KLIMA ALDAKETAREN ERAGINETARA EGOKITUA» LORTZEA DA XEDEA.

Adierazpen instituzionala, Klimari buruzko Paris-2015 konferentziaren inguruan.

LABURPENA

• Euskal gobernuaren akordio instituzionala.

• «Oinarritzat 2005 urtea harturik 2030 urterako berotegi-efektuko gasen isuriak % 40 eta 2050 urterako % 80 murrizteko» konpromisoa hartu du.

• Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ana Oregi sailburuak Pariseko goi-bilerako hainbat ekintzatan parte hartuko dute

Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzional bat egin du gaur goizean, Nazio Batuen Hitzarmen Esparruaren Aldeen Konferentziaren –COP21– haritik. Adierazpenean, «Parisen egingo den Klimari buruzko Nazio Batuen Hitzarmen Esparruaren Aldeen Konferentzian –COP21– nazioarteko adostasuna lortzeko nahia adierazten du, gizarteari isuri gutxiko ekonomia bat, klima-aldaketaren eraginetara egokitua, zehazteko aukera emateko»

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak gaur goizean zehaztu duenez, akordio global eta lotesle bat lortzea dute Parisen helburu, karbono gutxi kontsumitzen duten eta klima-aldaketaren agerpen ugariei aurre egiteko prest dauden gizarte eta ekonomietarako trantsizioaren oinarriak ezartzeko».

Euskal gobernuak, sei puntuko akordio baten bitartez, «berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko eta klima aldaketaren eraginei egokitzeko ahaleginak areagotzeko premia onartzen du, baita horretarako erantzunkidetasunaren printzipioan oinarritu beharra ere».

Orobat, «oinarritzat 2005 urtea harturik 2030 urterako berotegi-efektuko gasen isuriak % 40 eta 2050 urterako % 80 murrizteko» konpromisoa hartzen du, «Europar Batasunak hartutako eta Klima Aldaketaren Euskal Estrategian jasotako konpromisoekin bat».

Eusko Jaurlaritzak «herrialde, eskualde eta hirien arteko lankidetza eta elkarlana« sustatzen du, «klimaren gaineko nazioarteko ekimen nagusietan aktiboki parte hartzen»; horrez gain, «garraio jasangarria, energia berriztagarrien garapena, energiaren aurrezpena eta lurraldearen erresilientzia» bultzatzen ditu.

«Era berean –adierazi du Ana Oregik– Eusko Jaurlaritzak karbono baxuko ekonomia sustatzen du, berrikuntzaren dinamizatzaile gisa, garapen jasangarri eta lehiakorreko eredu berri baten barruan».
 

 

Dokumentuak
ADIERAZPENA
DECLARACION