2015/12/09 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro bideratuko ditu 62 lankidetza proiektuetarako.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Bost milioi euro hirugarren sektoreak esku hartze sozialaren esparruan jarduerak gauzatzea sustatzeko.
Jaurlaritzak 225.000 euro gehitu dizkio genero-indarkeriaren biktimentzako diru-laguntzen kapituluari.
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin lankidetza-hitzarmena telekomunikazio-zerbitzuak kontratatzeko prozedurari atxikitzeko.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
366.000 euro ikas-ekinezko Lanbide Heziketa dualerako.
536.000 euro gazteria arloko programak eta ekintzak burutzeko.
145.000 euro gazteen mugikortasun edo elkartruke ekintzak burutzeko.
155.000 euro «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako.
Garapen lankidetzareko entitateei deialdia, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako proiektuak aurkez ditzaten.
OSASUN SAILA X. LEG.
2016an, Eusko Jaurlaritzak 7 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu gizarte-egoera ahuleko taldeei osasun-tratamenduekiko atxikidura bermatzera.
Kontsumobidek milioi euro inguru bideratuko du 2016an toki-erakundeei laguntzak emateko, kontsumitzaileen eskubideak eta interesak defendatzeko.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK 20 MILIOI EURO BIDERATUKO DITU 62 LANKIDETZA PROIEKTUETARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onetsi egin ditu Euskadiko garapenerako GKEek aurkeztutako garapenerako lankidetzaren arloko 62 proiektu, guztira, 20 milioi euro behar dituztenak. Onartutako proiektuak eta proiektu bakoitzari esleitutako laguntza bihar, hilak 10, emango dira argitara EHAAn.

Lankidetza-proiektuetarako laguntzak dira Eusko Jaurlaritzaren jardunbide nagusia lankidetzaren arloan, eta horietara bideratzen da ELANKIDETZA - Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatzen dituen funtsen zatirik handiena.

Hainbat motako proiektuak lagunduko dira:

1. Garapenerako lankidetza-proiektuak.

Mota horretakoak dira Lankidetzarako Euskal Agentziak lankidetza-eragileen bitartez aurten finantzatuko dituen 62 proiektuetatik 43. Proiektu horiek onartutako 20 milioiko aurrekontutik 16.398.980 euro hartuko dituzte. Proiektu gehien egingo diren herrialdeak hauek dira: Peru, Guatemala, Kolonbia, El Salvador eta Kongo.

2. Ekoizpena garatzeko proiektuak, pobreziaren aurkako borrokan lagundu, eta hegoaldeko herrialde pobretuen prozesu endogenoak eta gaitasunak sendotzen dituztenak, eta laguntza teknologikoa emateko proiektuak.

Mota horretako bi proiektu onartu dira, guztira, 600.000 euro hartuko dituztenak. Helburuko herrialdeak Kuba eta Euskadi dira.

3. Garapenerako hezkuntza-proiektuak, munduan desberdintasunak sorrarazten dituzten arrazoiak ulertarazteko trebakuntza ematen dutenak, eta herritarren inplikazioa eta konpromisoa eskatzen dutenak sortutako gizarte-ereduak eraldatzen.

Mota horretako 17 proiektu onartu dira, guztiak ere Euskadin egitekoak, eta 3 milioi euro xedatuko zaizkie.

Proiektu horien helburuko esparruak dira, besteak beste, herri-ekonomiaren garapena, emakumeen ahalduntzea, oinarrizko gizarte-premiak, giza eskubideak, tokiko boterea, prestakuntza, gizarte-eragina, komunikazioa eta ikerketa. Proiektu guztiek barneratua dute genero-berdintasunaren ikuspegia, eta garapen integrala dute xede.

Gaur egun, 320 proiektu inguru abiarazi dira, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzaketarekin.

Proiektuetara bideratutako laguntzez gain, Eusko Jaurlaritzak –aurten 40 milioi euroko aurrekontua izango duenak– Elankidetzak kudeatzen dituen jarduera-lerroak finantzatzera ere bideratu ditu laguntzak. Hauek dira jarduera-lerroak: ekintza humanitarioa eta larrialdiko laguntza; genero-berdintasunaren aldeko proiektuak; hitzarmenak elkarteekin eta erakundeekin; eta nazioarteko erakundeetan lan egiten duten gazteentzako eta kooperanteentzako bekak.

Horiek horrela, aurten honakoak onartu dira:

• Larrialdiko laguntzarako eta ekintza humanitariorako 20 proiektu, guztira 3,5 milioi euro hartuko dituztenak. Helburua: Siria, Nepal, Irak, Kongo, Afrika Erdiko Errepublika, Guatemala, Nikaragua, Libano, Palestina, Sahara eta Haiti.

• Ekinbide humanitariorako esparru-estrategiako 3 proiektu. Guztira: 2 milioi euro. Helburua: Saharako Errepublika, Kongo, Palestina.

• Genero berdintasunerako antolaketa-aldaketen arloko 5 proiektu. Guztira: 131.280€.

• Egiturazko lankidetzarako 7 programa, 6 erakunderen eskutik. Guztira: 7.100.000€. Helburua: Bolivia, Peru, Honduras, Ekuador, Palestina eta El Salvador.

• 6 hitzarmen, tartean, Euskadiko erakundeekin, hegoaldekoekin eta nazioartekoekin. Guztira: 1.704.936€.

• Nazio Batuen 16 beka eta euskal kooperanteentzako 7 diru-laguntza.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

BOST MILIOI EURO HIRUGARREN SEKTOREAK ESKU HARTZE SOZIALAREN ESPARRUAN JARDUERAK GAUZATZEA SUSTATZEKO.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro inguru bideratuko ditu (4.941.480) esku hartze sozialaren esparruan jarduerak gauza daitezen sustatzeko.

Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak hirugarren sektorearen jarduerak sustatzeko ematen dituen laguntzak abenduaren 4ko 271/2012 dekretuan arautzen dira. Helburu hau dute: gizarte-zerbitzuen eta esku hartze sozialaren esparruan aritzen diren erakundeek gauzatutako jarduerak finantzatzen laguntzea; hain zuzen ere, norbanako orok autonomia pertsonala izatea eta komunitatean integratuta egotea sustatzeko direnak.

Gizarte-zerbitzuez gain, honako alor hauetan kokatzen dira halako egintzak: gizarte-inklusioa, familiaren babesa eta haur eta nerabeei arreta eta babesa. Halaber, etorkinen integrazioa dute xede, bai eta, oro har, kultura-artekotasuna, mendekotasun- nahiz desgaitasun-egoeran dauden adinekoei arreta eta babesa, eta dibertsitate eta askatasun afektibo-sexualaren babesa.

Diru-laguntzen ildo batek norbanako, familia, talde nahiz komunitateekin esku hartzeko jarduerak hartzen ditu barruan; hau da, norbanako orok autonomia pertsonala izatea eta komunitatean integratuta egotea sustatuko duten jarduerak, batik bat, esperimentazioa eta berrikuntza dakartzatenak. Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak 4.342.480 euroko diru-laguntzak bideratuko ditu guztira ildo horretara.

Horrez gain, bada beste ildo bat, esku hartze sozialaren esparruan ekintza boluntarioak eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak diruz laguntzera bideratu dena. Atal horren barruan, esku hartze sozialaren esparruan ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa gehitzeko jarduerak finantzatuko dira, bai eta esku hartze sozialean diharduten erakundeek entitate, sare nahiz federazioak sortzeko eta hobetzeko jarduerak ere. Autonomia mailako entitate, sare eta federazioak lehenetsiko dira. Ildo horretara 599.000 euro bideratu dira guztira.
 

 

JAURLARITZAK 225.000 EURO GEHITU DIZKIO GENERO-INDARKERIAREN BIKTIMENTZAKO DIRU-LAGUNTZEN KAPITULUARI.

LABURPENA

Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak hala proposatuta, genero-indarkeriaren biktima izandako emakumeentzako diru-laguntzen aurrekontu-sailari 225.000 gehitzeko erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak. Urtarrilean 700.000 euroan finkatu zen kontu-sail hori. Oraindik aurkezten ari diren eskaeren kopuruari begira hartu du Jaurlaritzak erabaki hori, bai eta pertsona horiei ematen zaien diru-laguntza geroraezina delako ere.

Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak genero-indarkeriaren biktimentzat ematen dituen diru-laguntzak Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan jasotzen dira; zehazki, 27. artikuluan. Laguntzon zenbatekoa 2.556 eta 10.224 euro bitartekoa da, zer-nolakoa den emakumeen egoera pertsonala eta familiakoa.

Beren adina, prestakuntza orokor edo espezializatuaren falta eta beste zenbait inguruabar sozial direla-eta enplegua lortzeko zailtasun bereziak izan ditzaketen emakumeei bideratzen zaizkie bereziki. Laguntzak eskuratu ahal izateko, hauek dira oinarrizko betekizunak:

a) Eskabidea aurkezten den datan Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea, sei hilabetez gutxienez.

b) lanbide arteko gutxieneko alokairuaren 100eko 75etik beherako errenta izatea, aparteko bi pagen zati proportzionala kenduta.

c) Enplegua lortzeko zailtasun bereziak izatea, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak igorritako txosten baten bidez egiaztatzea zailtasunok.

d) 1/2004 Lege Organikoaren babespean ezarritako diru-laguntza hori aurretiaz ez jaso izana, ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez Estatuko beste erkidego batean.

e) Genero-indarkeriako egoera egiaztatzea, aurreikusitako moduan, eta babes-neurriak indarrean jarri zireneko eta diru-laguntza eskatu deneko daten artean urtebete baino gehiago ez igaro izana:
-Genero-indarkeriako egintzengatiko kondena-epaitza bat, non biktima babesteko neurriak xedatzen baitira, indarrean.
- Biktima babesteko agindu bat, eskabidea egiten den datan indarrean.
- Salbuespen gisa, egoera hori egiaztatzeko balioko du Ministerio Fiskalak aurkeztutako txosten bat zeinean adierazten baita badirela babes-agindua eman arte eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izan den zantzuak.

f) Erasotzailearekin ez bizitzea (eta harekin harremana amaitu izana).

Eusko Jaurlaritzak telefonozko informazio- eta arreta-zerbitzu espezializatu bat du genero-indarkeriaren biktima (izan) diren emakumeentzat eskuragarri. 900 840 111 telefono-zenbakia da, eta 51 hizkuntzatan ematen du arreta. Biktimez gain, haien senide eta adiskideek ere jo dezakete zerbitzu horretara.
Zerbitzuak, bikotekideak edo bikotekide-ohiak eragindako genero-indarkeriaren biktimei ez ezik, honako hauei ere eskaintzen die arreta: familia barruko genero indarkeriaren, laneko jazarpen-sexualaren, eraso sexualen, behartutako prostituzioaren eta esplotazio sexuala helburu duen gizaki-salerosketaren biktimei.

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAREKIN LANKIDETZA-HITZARMENA TELEKOMUNIKAZIO-ZERBITZUAK KONTRATATZEKO PROZEDURARI ATXIKITZEKO.

Erabakia; Honen bidez, telekomunikazio zerbitzuen kontrataziorako prozedura lotzeari buruzko lankidetza-hitzarmena sinatzea baimentzen da Ogasun eta Finantza Sailaren eta Herri kontuen Euskal Epaitegiaren artean. Hori dela.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu du gaur. EAEko telekomunikazio-zerbitzuak kontratatzeko prozeduraren gaineko hitzarmena da; hain zuzen, administrazioari telekomunikazio zerbitzuak emateko kontratu administratiboaren bitartez.

Hala, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren komunikazio-premiak estaltzeko aukera emango da, EAEko administrazioak erabakitako irtenbide teknologikoarekin bat eginez, zerbitzuaren prestazioan eskala-ekonomia ahalbideturik aldi berean.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

366.000 EURO IKAS-EKINEZKO LANBIDE HEZIKETA DUALERAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2015-2016ko ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan eta udal titularitateko ikastetxe publikoetan alternantziako prestakuntza-proiektuak aurrera eramateko diru-laguntzak deitzen dituen agindua. Deialdi honek 366.000 euroko diru-kopurua du.

Ikas-ekinezko edo alternantziako prestakuntza-proiektuak, Lanbide Heziketako titulu bat lortzera bideratuak, diruz laguntzea du agindu honek helburu, 2015-2016ko ikasturtean aurrera eramango den ikaskuntza-prozesu baten bidez.

Ikastetxean bertan eta lantokian osatzen da prestakuntza ikas-ekinezko lanbide heziketa dualeko proiektuetan, eta gaitasun profesionalak, pertsonalak nahiz sozialak hobetzea dute helburu. Hasierako Lanbide Heziketako titulu bat eskuratzen du ikasleak, ikasketak eta enpresan ordaindutako lan-jarduera elkarrekin eginez. Heziketa-zikloak egiten dituzten pertsonen prestakuntzari eta pertsona horiek enpresen produkzio-sistemara sartzeari eman nahi zaie laguntza, pertsonen ikaskuntza integralaren eredu bat garatuz.
 

 

536.000 EURO GAZTERIA ARLOKO PROGRAMAK ETA EKINTZAK BURUTZEKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2016 urtean gazteria arloko programak eta ekintzak burutzeko diru-laguntzen araubidea ezartzen duen Agindua onartu du.

Deialdi hau irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoei, publiko nahiz pribatuei, dago zuzendua, eta 536.000 euroko diru kopurua du (2015ean baino 56.000 euro gehiago) . Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn agertu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

145.000 EURO GAZTEEN MUGIKORTASUN EDO ELKARTRUKE EKINTZAK BURUTZEKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2016 urtean gazteen mugikortasun edo elkartruke ekintzak burutzeko diru-laguntzen araubidea ezartzen duen Agindua onartu du. Ekintzok, Euskadiko gazte taldeen eta Europako Batasuneko beste eskualde edo estatu batzuetako gazteen artean burutuko dira.

Deialdiak 145.000 euroko diru kopurua du (2015ean baino 20.000 euro gehiago), ondorengo arloetan gauzatuko diren programa edo ekintza konkretuetara bideratuak:

-Europako Batasuneko beste eskualde edo estatu batzuetako elkarte edo erakundeekin batera gazteen mugikortasun edo elkartruke ekintzetarako.
-Gazteen mugikortasun edo elkartrukearekin zerikusirik duten eskualdez gaindiko ekintzen sustapen, zabalkunde edo formazio ekintzetarako.

Deialdi hau irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoei, publiko nahiz pribatuei, dago zuzendua. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn agertu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

155.000 EURO «EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN» PROGRAMARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, onartu du «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako 2016ko deialdia egiten duen Agindua, bai eta bertan parte hartzeko modua arautu ere.

Euskadiko gazteak garapenerako elkarlanean sentsibilizatzea da aipatutako programaren helburua. Aurtengo ekitaldi honetan ere, Euskadiko gazteak lankidetzara hurbil daitezen lortu nahian jarraitzen du programak, era berean, ekintza horiek nola burutzen diren bertatik ezagutzeko aukera emanez.

Programa hau diru-laguntza da. Pertsona onuradunak ez du zuzenean jasoko diru-kopururik, Gazteria Zuzendaritzak kudeatuko baititu laguntzari dagozkion bidaia-txartelak eta gainerako prestazioak. Programa honek 2016ko ekitaldirako guztira duen gehieneko zenbatekoa 155.000 eurokoa da.

Hautatutako herrialde eta lankidetza-proiektu jakinetara joateko, 20 eta 30 urte bitarteko (1986 eta 1996 artean jaioak, biak barne) 100 pertsona aukeratuko dira gehienez.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua indarrean sartzen den egunetik kontatzen hasita.
 

 

GARAPEN LANKIDETZAREKO ENTITATEEI DEIALDIA, EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN PROGRAMARAKO PROIEKTUAK AURKEZ DITZATEN.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, onartu du Agindu bat, zeinaren bidez garapen-lankidetzarako entitateei dei egiten baitzaie 2016ko «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkez ditzaten. Era berean, Agindu honen bidez ezarri nahi dira programa horretarako lankidetza-proiektuak aurkezteko eta proiektu egokienak aukeratzekoak arauak ere. Agindu honen bidez, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteak partaide izango dituzten proiektuen entitateei diru-laguntzak emateko baldintzak ezartzen dira.

Eskaera aurkeztu ahal izango dute irabazi asmorik gabeko erakundeek, beti ere Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza zentrala edo ordezkaritza iraunkorra badute.

Deialdiaren zenbatekoa 60.000 eurokoa da (2015ean baino 15.000 euro gehiago). Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

OSASUN SAILA X. LEG.

2016AN, EUSKO JAURLARITZAK 7 MILIOI EURO BAINO GEHIAGO BIDERATUKO DITU GIZARTE-EGOERA AHULEKO TALDEEI OSASUN-TRATAMENDUEKIKO ATXIKIDURA BERMATZERA.

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzen duena, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako 2015. eta 2016. ekitaldietako tratamendu medikuetarako atxikimendua errazteko diru-laguntzen deialdia finantzatzeko.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak 2016ari begira osasun-tratamenduekiko atxikidura errazteko laguntzetara 7.140.000 euroko partida luzagarri bat bideratzea baimendu du gaur. Hirugarren urtez jarraian, Euskadi gizarte-egoera ahuleko taldeei tratamenduak betetzea bermatzeko mota horretako laguntzak eskaintzen dizkien autonomia-erkidego bakarra da.

Hain zuzen ere, bihar, abenduak 10, laguntza horiek eskatzeko epea bukatuko da, 2015eko bigarren faseari dagokionez. Nahiz eta behin betiko daturik ez dagoen, 105.000tik gora eskaera jasoko direla aurreikusten da.

Jon Darpón Osasuneko sailburuak iragarri duenez, laguntzak eskatu dituzten pertsonak 2016ko lehenengo hiruhilekoan hasiko dira bigarren ordainketari dagozkion laguntzak jasotzen; hau da, 2015eko bigarren seihilekoan farmazietan botikak erosteko aurreratu duten dirua. Pertsona bakoitzari itzuliko zaion batez besteko diru kopurua 30 euro ingurukoa dira, baina kasu batzuetan ia 400 euro itzuliko zaizkie.

2016ko otsailaren 1etik aurrera, berriz ere, 18.000 € baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten erretiratuek, diru-laguntzarik jasotzen ez duten langabetuek eta 114/2012 Dekretuaren babespeko etorkinek berriz izango dute Eusko Jaurlaritzari laguntza horiek eskatzeko aukera, 2015 honetan egin duten bezala eta 2014an ere egin zuten bezala.

Horretarako, eskatzaileek egin behar duten bakarra hauxe da: dela beren osasun-etxera edo anbulatoriora joanez dela Internet bidez formulario bat bete. Bi eskaera mota daude: arruntak eta sinplifikatuak. Azken horiek ohikoenak dira eta ez dute inolako ziurtagiririk eskatzen.

Jon Darpón sailburuak laguntza horiei eustearen garrantzia eta beharra azpimarratu du: «Euskadin norbaitek, koordainketari aurre egin ezin diolako, botikak ordaintzeko diru-laguntzak behar dituen bitartean, gu hor egongo gara, besteak beste, ekitatean sendo sinesten dugulako eta egitateen bidez frogatzen saiatzen garelako».
 

 

KONTSUMOBIDEK MILIOI EURO INGURU BIDERATUKO DU 2016AN TOKI-ERAKUNDEEI LAGUNTZAK EMATEKO, KONTSUMITZAILEEN ESKUBIDEAK ETA INTERESAK DEFENDATZEKO.

LABURPENA

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak, 958.570 euro bideratuko ditu 2016an toki-erakundeei eta haiek sustatzen dituzten entitateei laguntza ekonomikoak emateko, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak defenda daitezen sustatzeko.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du laguntza ekonomiko hauek emateko programa eta deialdia garatzen dituen erabakia, eta Kontsumobideren helburu jakin bati erantzunez: udal kontsumo-bulegoei laguntza ekonomikoetarako mekanismoak ematen jarraitzea, kontsumo-politikak indartzeko eta kontsumitzaileak defendatzeko zein babesteko jarduerak egiten dituzten entitateen lana bateratzeko.

Hala, 2016rako deialdiak hiru gastu motatarako diru-laguntzak aurreikusten ditu: informazio- eta trebakuntza-ekintzak funtzionaraztea eta egitea, ikuskaritza-lanak, eta instalazio eta ekipamenduak.
Zehazki,
laguntza ekonomikoaren guztizkotik 859.171 euro kontsumitzaileak zein erabiltzaileak trebatzeko eta informatzeko gastuak ordaintzeko izango dira, baita kontsumitzaileak informatzeko udal informazio-bulegoetara zuzendutako zentroen eta zerbitzuen argitalpenak zabaltzeko ere. 80.000 euro ikuskaritza-jardueretarako aurreikusten dira, eta 19.399 euro kontsumitzaileak informatzeko udal informazio-bulegoen instalazioak, berritze- eta zabaltze-lanak, ekipamenduak edota lekualdaketak egiteko.

Eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasiko da, eta 2016ko otsailaren 15ean amaituko.