Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2013ko apirilaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1739

EBAZPENA, 2013ko martxoaren 21ekoa, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendariarena, Bideberri Mankomunitatea estatuko gaikuntza duen Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako Idazkaritza-Kontuhartzailetzako lanpostu bat sortzeko eta mantentzeko beharretik salbuesten duena.

Bideberri Mankomunitatea 2007. urtean eratu zuten Antzuolako, Elgetako eta Leintz-Gatzagako udalek; eta udalen eta mankomunitateari dagozkion udal gizarte zerbitzuen jarduerak antolatzea, sustatzea eta bultzatzea du helburu.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 3.2.d) artikuluan aurreikusten denaren arabera, Mankomunitateak Toki-erakundeak dira; hortaz, Toki-korporazio guztietan badira nahitaezko funtzio publikoak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen Bigarren Xedapen Osagarriaren lehenengo atalak aipatzen dituenak, eta funtzio horiexek gordetzen dira gaikuntza nazionaleko funtzionarioen administrazio-erantzukizunerako; horren ondorioz, Partzuergoan, mota horretako funtzionarioek egin behar dituzte funtzio publiko horiek.

Mankomunitatearen Estatutuen 15. artikuluak inguruabar hori aurreikusten du. Zehazki, artikulu horrek zehazten du Idazkari- Kontuhartzaile kargua estatu osorako gaikuntza duen funtzionario batek beteko duela; dena den ere xedatzen du kontuan izanda Mankomunitatearen zerbitzuak eta errekurtso ekonomikoak, dagokion erakundeari eskatuko zaiola kargu hori Mankomunitateak berak derrigorrez bete beharrik ez izatea.

Hori horrela, 2012ko abenduaren 13an, Bideberri Mankomunitateko Gobernu Batzordeak erabakia hartu zuen Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatzeko Estatu osorako gaikuntza duen Toki-Administrazioko funtzionarioentzat gordetako Idazkari lanpostua mantentzeko beharretik salbuets dezala.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Zazpigarren xedapen iragankorrak esaten du Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioen araubide juridikoa dela-eta Estatutuaren bigarren xedapen gehigarria garatzeko arauak onartzen ez diren bitartean, Estatu osorako gaikuntza duten Toki Administrazioko Funtzionarioen Eskala egun arautzen duten xedapenek jarraituko dutela indarrean, betiere, Estatu osorako gaikuntza duten Funtzionarioen Eskalari dagokionez.

Toki Administrazioko gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 4. artikuluak, bigarren paragrafoan, oinarrizko arau-izaeraz ezartzen du autonomia-erkidegoen organo eskudunek Mankomunitateak eta hiribilduen edo lurren komunitateak salbuetsi ditzaketela estatu-mailako gaikuntza duten funtzionarioei gordetako lanpostuak sortzeko duten beharretik, betiere zerbitzuen edo baliabideen bolumena lanpostu horiek mantentzeko nahikoa ez denean.

Aurrekoa esanda, horretarakoxe bideratu da Bideberri Mankomunitatearen salbuesteko eskabideari buruzko prozedura. Eskaera honako hauetan oinarrituta dago: Mankomunitateak ez du behar besteko errekurtso ekonomikorik (mankomunitateren diru sarrerak 401.666,36 euro, 2012. urterako, izan ziren); haren lan bolumenak ez du eskatzen halako posturik; eta maila honetako funtzionarioentzat gordetako lanpostu baten sorrerak Mankomunitateren langile-gastuak behar ez bezala kargatuko lituzke.

Esan beharrean dago espedientea bideratu dela uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluari jarraituz. Horri buruz, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zitzaion aginduzko txostena eman zezala Bideberri Mankomunitatearen eskaera zela eta; 2013ko urtarrilaren 25en Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzak eskatutako txostena jaso du. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatutako salbuespenari buruz aldeko txostena eman du, baina uko egin dio, salbuespena onartzen bada, Gipuzkoako Foru Aldundiak Estatu osorako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat legez gordetako eginkizunak bere gain hartzeari, Toki-Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 26.3 artikuluak aurreikusten duen arabera, Aldundiak plantillan ez baitauka Estatu osorako gaikuntza duten funtzionariorik.

Hori dela eta, eta kontuan izanik, alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezin duela 1732/1994 Errege Dekretuak 5. artikuluan ezarritako laguntza sistema bete; eta, bestetik Mankomunitateak adierazitako aukera, ulertzen da Mankomunitatearen lanpostuaren eginkizunak beteko dela Entitate hori osatzen duten udalerrietako Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioez; 1732/1994 Errege Dekretuaren 4. artikuluari jarraituz.

Aurrekoarekin bat etorriz, eta Auzitegi Gorenaren 2012ko apirilaren 25eko epaia ikusita, zeinak esaten duen salbuespena emateko beharrezkoa dela, alde batetik, idazkaritza lanpostuari eusteko udalerrien artean elkartea sortu ezin izatea, eta, bestetik, tokiko erakundeetako zerbitzuen edo errekurtsoen bolumena nahikoa ez izatea; badago arrazoirik Estatuko gaikuntzadunentzat gordetako lanpostua mantentzetik salbuesteko, eta, hala ere, funtzionario-maila honentzat gordetako eginkizunak adierazi den bezala bete beharrari uko ez egiteko.

Bideberri Mankomunitateak aurkeztutako eskaera aztertu ondoren; Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko aldeko txostenarekin bat; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriari jarraituz; 1732/1994 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluarekin bat etorriz; baita Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 26. artikuluaren arabera ere –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren xedapen iragankorrean jasotakoari jarraituz–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bideberri Mankomunitatea salbuestea estatu osorako gaikuntza duen Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako Idazkaritza-Kontuhartzailetzako lanpostu bat sortzeko eta mantentzeko beharretik.

Bigarrena.– Mankomunitatea osatzen duten erakundeetako funtzionario baten bitartez beteko dira lanpostuari dagozkion eginkizunak; funtzionario horrek estatu osorako gaikuntza izan beharko du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honek ez du bide administratiboa agortzen eta beraren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal zaio Araubide Juridikoaren sailburuordeari, hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita, bat etorriz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin, eta uko egin barik errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bideri.

Bigarrena.– Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, ukitutako Herri Administrazioek ez dute ebazpen honen aurka administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean, 29/1998 Legearen 45. eta hurrengo artikuluen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eskatu ahalko diote ebazpen hori deuseztatu edo atzera bota dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan ezartzen denaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 21a.

Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendaria,

ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.


Azterketa dokumentala