Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2013ko apirilaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1741

EBAZPENA, 2013ko martxoaren 27koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, Euskadiko turismo-lehiakortasuna sustatzeko laguntzak emateko 2013ko ekitaldirako deialdia jakitera ematen duena.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza, eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 13ko Aginduak Euskadiko turismo-lehiakortasuna sustatzeko laguntza-programa arautu zuen (2011ko uztailaren 26ko EHAA,141. zenbakia) eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko martxoaren 8ko Aginduak aldatu du (2012ko martxoaren 14ko EHAA, 53. zenbakia).

Aipatutako laguntzak emateko kredituak maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. Tituluko luzapen-araubidera egokitu behar dira, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Fundazio eta Patzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duena.

Euskadiko turismo-lehiakortasuna sustatzeko laguntza-programa arautzen duen Aginduaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, hor iragarritako 2013rako diru-laguntzak emateko deialdia egin behar da, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak eman.

Adierazitako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen bidez, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak emateko 2013ko ekitaldirako deialdia egin nahi da. Agindu hark, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko martxoaren 8ko Aginduak aldatuak, Euskadiko turismo-lehiakortasuna sustatzeko laguntza-programa arautu zuen.

Helburu horretara 1.000.000 euro zuzenduko dira, abenduaren 23ko 6/2011 Legeak horretarako ezartzen duen aurrekontu-kredituaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea, 2013 ekitaldirako luzatua).

Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du kreditu horien zenbatekoa edo hori eguneratzetik ateratzen dena gainditzerik izango, indarreko legedian aurreikusitako aurrekontuen aldaketak onartzen diren kasuan, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik, eta kasuak kasu, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-programetarako erabilitako diru-kopurutik dirua soberan geratzen bada, betiere diru-laguntzei buruzko ebazpena eman aurretik. Merkataritza eta Turismoko Sailburuordetzaren ebazpenaren bitartez emango da horren berri.

2. artikulua.– Betekizunak.

1.– Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 13ko Aginduak Euskadiko turismo-lehiakortasuna sustatzeko laguntzak arautzen ditu, eta laguntza horiek eskuratzeko, erreferentziako aginduaren 3. artikuluan eta agindu hori aldatu duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2012ko martxoaren 8ko Aginduan ezarritakoarekin bat onuradun izateko beharrezkoak diren baldintzak eta eskakizunak bete beharko dituzte entitate eskatzaileek.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta Agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egiteko aukera izango da, Aginduaren 11. artikuluan zehaztutakoari jarraituz, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuarekin (2008ko urtarrilaren 31ko EHAA, 22. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin (2008ko maiatzaren 30eko EHAA, 102. zk.) eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.

Eskabidea Internet bidez soilik eskuratu eta bete ahal izango da, http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/cte.html helbidean eta web helbide horretan jasotako funtzionalitateen bidez. Eskabideko edukiak aipatutako helbidean eskuratu daitezke.

Pertsona edo erakunde eskatzailearen baimendutako sinaduraz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan xedaturikoaren arabera.

Aurreko aukera gorabehera, sinadura digitala erabili nahi ez bada, eskabideak adierazitako webgunean informatikoki gordeak izan ondoren, inprimatu egin beharko dira eta erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonak sinatuta bidali Turismo Zuzendaritzara, eta, aurkeztu, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde ordezkaritzetan aurkeztu behar dituzte (Zuzenean) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetako edozeinetan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea, hasi, deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta, 2013ko maiatzaren 13an amaituko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 27a.

Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,

ITZIAR EPALZA URQUIAGA.


Azterketa dokumentala