Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2013ko uztailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3317

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 10ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez, onartu egiten dira Gobernu Kontseiluak 2013ko otsailaren 14ko bilkuran aurkeztutako Unibertsitateko Ikerketa Institutuen arautegiak, eta agindua ematen da arautegi horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Unibertsitateko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegia onartu zuen 2012ko uztailaren 19ko Erabakiaz, Gobernu Kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen arautegia berrikusteko egutegia beterik.

Arautegi markoa oinarrizko arautegi gisa sortua da eta Institutuek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.

Unibertsitateko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren lehenengo xedapen iragankorrak sei hilabeteko epea ematen zuen, indarrean sartu zenetik aurrera, Institutuek beren arautegiak beste hartan adierazitakora egokitu zezaten.

Aipatutako Institututek, goiko arauari helduta, onartu egin dituzte kasuan kasuko institutuko kontseiluan arautegi markora egindako egokitzapenak.

Idazkari nagusiak –egiaztatuta arautegiek behar adina aldeko txosten dituztela eta, 2013ko otsailaren 14ko bilkuran aurkeztutakoan, Gobernu Kontseiluari berariazko eskaerarik ez zaiola aurkeztu, eta Unibertsitateko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 4.4 artikuluan jasotako eskuordetzearekin bat etorrita– honakoa

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Unibertsitateko Ikerketa Institutu hauen arautegiak onartzea:

– Ekonomia Publikoaren Institutua.

– Gizarte-Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua (GEZKI).

Bigarrena.– Agindua ematea arautegiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Ebazpenaren lehenengo puntuan aipatutako Unibertsitateko Ikerketa Institutuen arautegiak indarrean sartuko dira argitaratu eta hurrengo egunean.

Leioa, 2013ko uztailaren 10a.

Idazkari nagusia,

JOSÉ LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

UPV/EHUKO EKONOMIA PUBLIKOAREN INSTITUTUAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Institutuaren izaera eta jardueren eremua.

1.– Ekonomia Publikoaren Institutua Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen beraren institutua da eta hauek dira bere helburu nagusiak: Euskal Herrian ekonomiaren arloko ikerketa normalizatzen laguntzea, graduondoko mailan (master eta doktoregoa) kualifikatuta egongo diren langileak prestatzen aritzea, analisi ekonomiko eta ekonometrikoaren potentziala hedatzea, eta erakunde publiko nahiz pribatuekin lankidetzan jardutea ekonomia publikoaren alorreko arazoak planteatu eta horiei irtenbidea emateko.

2.– Bere helburuak hobeto betetzeko, eta Institutuaren Kontseiluak ikerketa lerro berriak sortu edo kendu ahal izango dituen arren, Ekonomia Publikoaren Institutuaren ikerketa lerroen ardatz nagusia da ekonomia publikoarekin, zentzu zabalenean, zerikusia daukaten alderdien analisi ekonomiko eta ekonometrikoa. Zehatzago esanda, hauek dira institutuari bereziki interesatzen zaizkion gaiak: ingurumen ekonomiaren arloko azterlanak egitea; modelizazio ekonometrikoa, eta bereziki denborazko serieen ekonometria eta ekonometria espaziala; politika ekonomikoen eta ingurumen politiken eragin ekonomikoak aztertzea; lurralde adimendunen ebaluazioa jakintzaren gizartean; eta genero desberdintasunari buruzko azterlanak egitea.

2. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 5.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– UPV/EHUko Ekonomia Publikoaren Institutuak Bizkaiko Campusean dauka egoitza (Zubiria etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea, 83 – 48015 Bilbo).

3. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 15.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ekonomia Publikoaren Institutuko Kontseiluko kideak hauek dira:

a) Zuzendaria eta idazkaria.

b) Institutuan ari diren irakasle eta ikertzaile doktore guztiak.

c) Institutuan prestatze bidean dauden ikertzaileen ordezkari bat.

d) Institutuaren diruaz kontratatutako ikertzaileen ordezkari bat.

e) Institutuari atxikitako edo institutuaren diruaz kontratatutako administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

f) Institutuko ikasleen ordezkari bat.

g) Institutuko lankide akademikoak eta ohorezko lankideak.

4. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 17.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Horrez gain, Institutuko Kontseiluaren eginkizunak dira:

a) Institutuaren arautegiaren proiektua edo arautegia aldatzeko proiektua onartzea eta, ondoren, Gobernu Kontseilura bidaltzea, hark (edo idazkari nagusiak eskuordetzaz), behin betiko onespena eman diezaion.

b) Bere eginkizunak hobeto betetzeko egoki ikusten dituen lankidetza hitzarmenak onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari.

c) Institutuaren jarduerak ikastegiekin, sailekin eta UPV/EHUko beste institutuekin koordinatzeko programak onartzea.

d) Institutuari izendatutako gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea, beharrezkoa izanez gero.

e) Administrazio eta zerbitzuetako langileei buruzko politikaren gaineko iritzia ematea. Politika hori Gobernu Kontseiluak onartuko du, errektorearen proposamenari jarraiki.

f) Ikerketa lerroak sortu edo kentzea.

g) Indarreko legeriak eta UPV/EHUren Estatutuek eta haiek garatzeko arauek ematen dizkioten gainerako zereginak, bai eta eskuordetzan ematen zaizkionak ere.

5. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena bost (5) eguneko epean gauzatuko da, organoko idazkariak jakinarazi duenetik kontatzen hasita.

6. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsia izan ahalko da haren behin-behineko ordezkoa; horretarako, arrazoiak egiaztatzeko beharrezko diren agiriak aurkeztu beharko dira institutuko zuzendaritzan, kide anitzeko organoaren bilera baino gutxien dela 72 ordu lehenago.

UPV/EHUko GIZARTE EKONOMIAREN ETA KOOPERATIBA ZUZENBIDEAREN INSTITUTUAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Izaera eta jardun-eremua.

1.– Gizarte-Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak (GEZKI) gizarte-ekonomiaren arloko ikerkuntza, irakaskuntza, sustapen, zabalkuntza eta laguntza teknikoa ditu helburu. Helburuotara iristearren, GEZKIk gizarte-ekonomiaren azterketa zientifikoa eta analisi ekonomiko, enpresarial, juridiko, soziologiko eta erakundekoa garatzen ditu, jardun ekonomikoaren ardatz, pertsonak kapitalaren gainetik jartzea ezaugarri eta funtsa duelarik.

2.– Bere eginkizunak hobekien garatuko badira, Gizarte-Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak (GEZKI) honako ikerketa-ildo hauek ezartzen ditu, institutu-kontseiluaren erabakiaz gai honen inguruan ezar litezkeen aldaketak aldaketa: Demokrazia, kooperatibak eta gizarte-ekonomia globalizazioan; Gizarte eta solidaritate-ekonomia eta tokiko garapena; Gizarte eta solidaritate-ekonomiak gizarte-berrikuntzari egindako ekarpena; Menpekotasuna eta gizarte-ekonomia; Politika publikoak eta gizarte-ekonomia; Gizarte-ekonomiaren euskal behatokia; Gobernuz kanpoko erakundeen (GKE) antolakuntza juridikoa (elkarteak zein fundazioak); Langileen enpresetako parte hartzea; Gizarte-ekonomiaren erakundeen araubide fiskala; Rulescoop gizarte-ekonomiaren sare euro latinoamerikarra; Etxebizitza-kooperatibak; Gizarte-ekonomiaren arauen garapena; Kooperatiben nazioarteratzea; Kontratazio publikoaren gizarte-klausulak; Enplegua eta gizarte-ekonomia; Pertsona minusbaliatuen lan-txertaketa; gizarte-bazterketaren egoeran edo arriskuan diren pertsonen lan-txertaketa; Sozietate kooperatiboen lehiaketaren berezitasunak; Kooperatiben egitura juridikoak eta finantza-egiturak; Kooperatiben araubide juridiko eta merkataritzakoa; Kooperatibak, autogestioa eta sindikalismoa; Gizarte-ekonomiaren erakundeen gizarte-erantzukizun korporatiboa; Gizarte-ekonomiaren enpresetako lan-arriskuen prebentzioa; Gizarte-ekonomiaren enpresetako lan-harremanak.

2. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 5.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– UPV/EHUko Gizarte Ekonomiaren eta Kooperatiba Zuzenbidearen Institutuak (GEZKI) Carlos Santamaria Zentroan dauka egoitza (Elhuyar plaza 2, 20018 Donostia).

3. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena bost (5) eguneko epean gauzatuko da, organoko idazkariak jakinarazi duenetik kontatzen hasita.

4. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsia izan ahalko da haren behin-behineko ordezkoa; horretarako, arrazoiak egiaztatzeko beharrezko diren agiriak aurkeztu beharko dira saileko zuzendaritzan, kide anitzeko organoaren bilera baino gutxien dela 72 ordu lehenago.

5. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.4 artikuluaren zehaztapena.

4.– Institutuko zuzendari izateko hautagaiak aurkezten direnean, hautagai horiekin batera institutuko idazkari lanak nork egingo dituen eta programa zein izango den ere aurkeztu beharko da.


Azterketa dokumentala