Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2013ko uztailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3320

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 9koa, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, indarkeria-portaerei buruzko sentsibilizazio eta prebentziorako jarduerak eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta eta babesa emateko jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten erakunde, elkarte eta fundazioei 2013. urtean zehar diru-laguntzak emateko aukera arautzen eta deitzen duena.

Emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideak eta emakumeen funtsezko askatasunak urratzen ditu. Horrek galarazten du emakumeek gizartean osotasunez partea hartzea, baita gizaki legez duen ahalmena gauzatzea ere. Indarkeria horren sorburua emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean datza; era berean, indarkeria horren tamainak eta izaera ikusezinak horren aldeko gizarte-tolerantzia maila garrantzitsu bat izatea indartzen du eta hori oinarritzat hartzen du, baita indarkeriazko portaerei eusten dieten balio eta jarreren biziraupena ere.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko, gizarte-portaera jakin batzuk aldatu behar dira, eta hori ez da gertatuko ez badira balioak, jarrerak eta usteak aldatzen. Oro har, balio-aldaketa hori kontzientzia kolektiboan kokatu behar da, laneko eta etxeko eremuetan esleitutako zereginetan, baita helduaroan nahiz haurtzaroko eta nerabezaroko hezkuntzan berdintasunean hazitako pertsona proaktiboen sustapenean ere. Horregatik, beharrezkoa da herritarren informazioa eta sentsibilizazioa lantzea, batez ere pertsona, gizarte, familia eta lan arloko esparru guztietan berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko neurri eta problematikei loturik.

Are gehiago: funtsezkoa da sentsibilizazio, informazio eta prestakuntza ekintzekin jarraitzea, emakumeen aurkako indarkeria mota desberdinak ikusi ahal izateko eta hori emakumeek jasaten duten desberdintasun- eta diskriminazio-egoera abiapuntutzat hartuz azaldu ahal izateko, egoera horien guztien prebentzioa sustatuz. Xede horrekin, ezinbestekoa da erantzun integrala eta diziplina anitzekoa ematea emakumearen aurkako indarkeriaren aurrean, non gizarte-agente guztien jardunak era koordinatuan bateratuko diren.

Ildo horretan, emakumeen aurkako indarkeriazko portaeren sentsibilizazioa eta prebentzioa eta emakume horientzako arreta eta babeserako abian jarritako programak ez dituzte soilik erakunde publikoek gauzatzen, izan ere, eremu horretan beren jarduerak garatzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakunde eta elkarteek ere gauzatzen baitituzte. Horregatik, bidezkotzat jotzen da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren alorrean sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak abian jartzen dituzten erakundeei babesa ematea, baita indarkeria horren prebentziorako oinarri gisa berdintasun-jarrerak sortzera bideratzen diren estrategiak gauzatzea ere.

Gainera, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.3 artikuluak EAEko herri-administrazioei eskatzen die susta ditzatela emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarteak, baita emakumearen autonomia bultzatu eta emakumeen estatus soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea helburu dutenak ere. Ikuspegi horrekin, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/20006 Dekretuaren 2.2.q) artikuluak aurreikusten du, erakunde horren funtzioetako bat bezala, «nolako xedeak edo eginkizunak dituzten kontuan hartuta, Emakunderen helburuak lortzen lagundu dezaketen elkarte, fundazio eta enteekin harremanak ezartzea, bai eta haiekin lankidetzan aritzeko bideak ere».

Hori guztia dela medio, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak, ebazpen honen bitartez, indarkeriazko portaeren sentsibilizazioa eta prebentzioa eta emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenen biktimen arreta eta babesa bultzatzen dituzten ekintzak garatzera bideratutako diru-laguntzak arautzen eta erregulatzen ditu.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Ebazpen honen xedea da Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak irabazi asmorik gabeko elkarte, erakunde eta fundazioei eman beharreko diru-laguntzak arautzea, 2013. urtean zehar hainbat proiektu eta jarduera egiteko, horien xedea izanik emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea, herritarrei zuzendutako indarkeriazko portaerei buruz sentsibilizatzea, biktimei arreta eta babesa eskaintzea, bere aurrekontuan kontsignatutako kredituek zehazten dituzten mugen barruan.

Era berean, diru-laguntzaren xede izango da emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen aldeko beste edozein jardun mota, betiere administrazio publikoek gai horretan emandako zerbitzuak osatzen edo berritzen dituztela egiaztatzen bada. Justifikazio hori erakunde eskatzailearen jarduera-programan bilduko da, eta proposatzen diren zerbitzuen argudiatze egokia eta administrazio publikoek emandako zerbitzuen zerrenda xehatua barne hartuko ditu, aurkeztutako proiektuek osatu edo berritu nahi dituzten alderdiak zehaztuz.

2.– Sexuaren ziozko edozein ekintza bortitz joko da emakumeen aurkako indarkeriatzat, baldin eta ekintza horrek emakumeari kalte fisiko, sexual edo psikologikoa edo sufrimendua ekartzen badio edo ekar badiezaioke. Jokaera horien artean sartuko dira halaber emakumea ekintza horiek egitearekin mehatxatzea, hertsapenak egitea edo askatasuna arbitrarioki kentzea, bizitza publikoan edo pribatuan, Nazio Batuen emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko Aitorpenaren 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, zeina 1993ko abenduaren 20ko osoko bilkuran berretsi zen.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako xedeetara bideratutako baliabide ekonomikoak Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituetatik etorriko dira, esleitu den guztizko zenbatekoa berrehun eta hirurogei mila (260.000) euro izanik.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzak honako hauek eskatu ahal izango dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoan finkatuta dauden eta Euskadiko elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen aplikazio-eremuaren barruan dauden irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 legearen aplikazio-eremuaren barruan dauden fundazioek; erakunde eskatzaile guztiek, beren izaera juridikoa edozein izanik ere, beren xedeen artean ebazpen honen 1.1 artikuluan aipatutakoren bat izan beharko dute.

2.– Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden erakunde eskatzaileak ezin izango dira deialdi honetan araututako laguntzetara bildu, eta ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak emateko eta horiek ordaindu ahal izateko.

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta diru-zenbatekoaren zehaztapena.

1.– Laguntzen esleipena behingoan egingo da, egintza bakarrean, eta norgehiagokaren lehiaketa-teknika erabiliko da.

Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaerak aztertuz esleituko dira laguntzak. Artikulu honetan zehaztutako irizpide eta baremoei jarraiki, onartzen den aurrekontuaren % 100 finantzatu daiteke, baina proiektu eta erakunde bakoitzak 30.000 euro jasoko ditu, gehienez ere. Hor, proiektuaren xede diren jarduera guztiak sartuko dira.

2.– Eskabideak behar bezala baloratu ondoren eskaera horien lehentasuna ezarri ondoren, laguntzak esleituko dira puntuazio-ordenaren arabera, ebazpen honen 2. artikuluan adierazitako zuzkidura ekonomikoa agortu arte, betiere proiektuen balioespen-prozesuan diru-laguntza jasotzeko gutxieneko puntuazioa lortu bada, hau da, 50 puntu ego gehiago.

Bi erakundek edo gehiagok proiektuen balioespen-fasean puntuazio berdina lortu badute, eta betiere diru-laguntzaren onuradun izateko gutxieneko puntuazioa gainditu bada eta erakunde guztientzako aurrekontu-krediturik ez badago, eskabide horiek aurkeztu diren dataren araberako lehentasun-ordenari jarraituko zaio.

3.– Aurkeztutako aurrekontua onartzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

– Diruz laguntzeko gastutzat hartuko dira nahitaez beren egikaritzapenari lotuta daudenak eta proiektuaren memorian deskribatuta daudenak; egindako gastutzat joko da erakunde eskatzaileak 2013ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean benetan ordaindu duena.

– Funtzionamendu-gastu arruntak izango dira erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen direnak, eta lotura zuzena izan behar dute jardueraren garapenarekin. Gastu horiek ezingo dira ezein kasutan proiektuaren kostu osoaren % 10 baino handiagoak izan.

– Langile-gastuak (soldatak eta Gizarte Segurantza) soilik barne hartuko dira horiek jasotzen dituzten pertsonek diruz lagundutako proiektuaren garapenean esklusiboki dihardutenean.

– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.

4.– Erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, artikulu honen arabera diruz lagundu ezinak diren gastuak agertzen badira, Hautaketa eta Jarraipen Batzordeak ez ditu zenbatuko diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontua zehazterakoan; izan ere, aurrekontu hori hartuko da kontuan ebazpen-proposamenean diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko.

5.– Errentamendu eta kanonei dagokienez, proiektuaren xede den jarduerarekin zuzenean eta esklusiboki lotuta badaude bakarrik lagundu ahal izango dira diruz.

6.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira zerbitzuak (profesionalak, independenteak...) azpikontratatzekoak, baldin eta proiektuaren zenbateko osoaren % 30 gainditzen ez badute.

7.– Diru-laguntzaren zenbatekoa, baremo hauen arabera kalkulatuko da:

– Onartutako aurrekontuaren % 100 arte, esleipen-irizpideen arabera 91 eta 100 puntu artean lortzen dutenentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 90 arte, esleipen-irizpideen arabera 81 eta 90 puntu artean lortzen dutenentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 80 arte, esleipen-irizpideen arabera 71 eta 80 puntu artean lortzen dutenentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 70 arte, esleipen-irizpideen arabera 61 eta 70 puntu artean lortzen dutenentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 60 arte, esleipen-irizpideen arabera 51 eta 60 puntu artean lortzen dutenentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 50 arte, esleipen-irizpideen arabera 50 puntuko puntuazioa lortzen dutenentzat.

8.– Diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa, dagokion proiektuaren onartutako aurrekontuari lortu den puntuazioa aplikatzetik ondorioztatzen dena izango da.

9.– Ebazpen-proposamenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da, eta erakunde bakoitzari diruz lagunduko zaizkion proiektuak eta bakoitzari emandako zenbatekoak zehaztuko dira. Horrez gain, ordezko erakunde eskatzaileen zerrenda jasoko da, hurrenkeran, onuradunen batek uko egiten badu ere, betiere balorazioan 50 puntu edo gehiago lortu badituzte. Erakunde horiei dagokienez, ordezkotza-ordenaren arabera zerrendatuta, proiektuak identifikatuko dira eta uko eginez gero laguntzak izango duen gehieneko zenbatekoa adieraziko da, zeina ez den inola ere uko egin duen erakunde onuradunari esleitutakoa baino handiagoa izango, ezta hautaketa-fasean lortutako puntuazio-irizpidearen aplikazioz eta deialdian behar adinako zuzkidura ekonomikoa izanez gero esleituko zitzaiona baino handiagoa ere.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2013ko irailaren 13ko 24:00etan amaituko da.

2.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke, I. ereduaren arabera, guztia beteta eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioarekin batera, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean (Manuel Iradier, 36, 01005), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan. Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da erabilgarri: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/asociaciones-vg/

Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri beharko dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.

3.– Halaber, prozedura honen izapide guztiak egin, kontsultatu eta eskatzeko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete.

Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzea, hala eskaeretarako nola justifikazioetarako, honako hauek arautzen dituzte: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio elektronikoari buruzkoak; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarenak, Platea e-administraziorako plataforma teknologikoa ezartzen duen dokumentua onartzen duenak.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentazioa modu presentzialean edo telematikoki izapidetzeko prozedurari buruzko zehaztapenak honako egoitza elektroniko honetan daude erabilgarri: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/asociaciones-vg/

5.– Kanal presentziala edo telematikoa erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren ondorengo izapideak egiteko kanal hori nahitaez erabili behar denik.

6.– Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak egoitza elektronikoa erabili ahal izango da.

7.– Erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera (I. eranskina), erakunde interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Proiektuaren datuak, II. eranskinaren arabera.

b) 2013ko abenduaren 31 baino lehen egin beharreko jarduera-programa.

c) Erakunde eskatzaileak 9. artikuluan ezarritako aurrekontuak egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri guztiak, baremazioa egiteko.

2.– Erakunde bakoitzak proiektu edo programa bat baino gehiago aurkeztu ahal izango ditu, betiere horietako bakoitzak helburu desberdina badu.

3.– Laguntza eskatzen duen erakundeak, ondoren zehazten diren betebeharrak betetzen dituela frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena baliatu ahal izango du, eskabidean bertan ageri den ereduaren arabera, honako baldintza hauek kontuan izanik:

a) Erakunde eskatzailea legez eratuta eta erregistratuta dagoela elkarteen edo fundazioen erregistroan.

b) Erakunde eskatzailea beste administrazio publiko batetik edo erakunde pribaturen batetik xede edo helburu bererako laguntzaren bat jasotzen ari den eta/edo halakorik eskatu duen eta onartu zaion, edo eskabidea artean ebatzi gabe dagoen.

c) Erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

d) Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera ez zaiola debekurik jarri ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa).

e) Erakunde eskatzailea ez dagoela itzulketa-edo zehapen-prozeduraren baten baitan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzei dagokienez, artean prozedura izapidetzen ari dela.

f) Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan jasotako datuak, eta indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, laguntza hauen onuradun izateko.

g) Erakunde eskatzaileak egunean dituela indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, erregelamenduz zehazten den eran.

h) Deialdi hau kudeatzen duen organoari emandako baimena: nortasun-datuak eta Datuen alta/Hirugarren Interesdunaren datuak administrazio eskudunean bide elektronikoen bitartez edo aukeran dauden baliabideen bitartez begiratzeko, egiaztatzeko edo frogatzeko baimena, hain zuzen ere.

4.– Aurreko paragrafoko a) atalean bilduta dagoen erantzukizunpeko adierazpenean biltzen diren puntuen egiazkotasuna, kasu horietan, dokumentazio ordezkatua aurkeztuta egiaztatu beharko da, eta hori kasuan kasuko laguntza edo diru-laguntza emateko prozeduraren ebazpena eman baino lehenago egin beharko dute erakunde onuradun gisa aurkezten direnek.

5.– Diru-laguntza mota honi buruzko aurreko deialdietan parte hartu ez duten erakundeek edo aurkeztu ziren azken deialdiaz geroztik erakundean aldaketak izan dituztenek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, artikulu honetako 1. atalean bildutakoaz gain:

a) Identifikazio Fiskalaren Txartelaren fotokopia.

b) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia. Eranskin hori eskuratzeko:

http://www.emakunde.euskadi.net/u72-20010/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

c) Egiaztagiri eguneratua, dagokion foru ogasunak egina, erakunde eskatzailea BEZaz salbuetsita dagoela egiaztatzeko.

6.– Eusko Jaurlaritzan edo bere erakunde autonomoetan dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.

8.– Laguntzen erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren aurrean betetzeko egiaztapena automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar bezain beste aldiz, eta erakundeek onarpena eman beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluak xedatzen duena aplikatuz.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskaeretan egindako akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntzak lortzeko eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak hamar eguneko epean (dagokion jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita) akatsa zuzentzeko eskatuko dio interesdunari. Hori egin ezean, eskaerari uko egin diola adieraziko zaio. Administrazioak, ordea, eskaeraren gaineko ebazpena eman eta jakinarazi egin behar du berariaz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, erakunde eskatzaileari falta den beste edozein betekizun edo izapide betetzeko eskatu ahal izango zaio, aipatu azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta berariaz ohartaraziko zaio, eskatutakoa bete ezean, dena delako izapidea betetzeko duten eskubidea indargabetua jo daitekeela. Onartu egingo da erakunde interesdunaren jarduna eta legezko ondorioak izango ditu, baldin eta epea amaitutzat ematen duen ebazpena jakinarazi baino lehen edo egun horretan bertan egiten badu.

8. artikulua.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea.

1.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea osatuko da aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko eta emandako diru-laguntzen jarraipena egiteko. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du batzordeak, eta ondoren, esleipen-proposamen arrazoitua aurkeztuko dio Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, laguntzak emateko ebazpena hartzeko; gero, justifikazioari dagokion jarraipena egingo du.

2.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordeko kideak:

Presidentea: idazkari nagusia.

Bokalak:

– Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

– Aholkularitza Juridikoko Arloko teknikari juridiko bat.

– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko bi teknikari.

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoko Arloko teknikari juridikoak beteko du lan hori.

3.– Batzorde horrek erabakiak gehiengo soilez hartuko ditu, ebazpen honen 9. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak eta 30/1992 legearen II. tituluaren (Administrazio Publikoen organoak) I. kapituluan (Printzipio Orokorrak eta Eskumena) xedatutakoa kontuan izanik.

4.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordeko kideak Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak izendatuko ditu, eta izendapen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da deialdi honetan erakunde interesdunek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Proiektu bakoitzak lor dezakeen gehieneko balorazioa ehun (100) puntu dira, ondoren aipatzen diren irizpideen arabera banatzen direnak:

a) Proiektuaren kalitate teknikoa. 50 puntu arte, honako era honetan banatuta:

– Helburuak zehaztu, horiek era argian azaldu, eta helburuen eta jardueren arteko lotura adierazi: gehienez 15 puntu.

– Proiektua egiteko eta jarduerak ebaluatzeko erabiliko den metodologia: gehienez 15 puntu.

– Proiektuaren orijinaltasuna: gehienez 5 puntu.

– Erakunde eskatzaileen egitura eta proiektua kudeatzeko gaitasuna, kontuan izanik baliabide teknikoak, pertsonalak (jarduerak egingo dituen taldearen prestakuntza teorikoa genero-ikuspegiari dagokionez, eta taldearen lanbide-profila) eta materialak: gehienez 15 puntu.

b) Proiektuaren gizarte-onura eta eragin biderkatzailea. 40 puntu arte, honako era honetan banatuta:

– Proiektuak zein taldetan izango duen eragina azaldu, zenbat pertsonengan, baita lurralde-eremua eta betetzeko egutegia ere: gehienez 10 puntu.

– Beste elkarte/erakunde/fundazio batzuekin sare-lana egitea: gehienez 10 puntu.

– Proiektuaren iraunkortasuna, hautaketa- eta jarraipen-batzordeak baloratuko duena, kontuan izanik aldez aurreko ibilbidea eta jarraitzeko eta egonkortzeko premia, lortutako emaitzak eta emaitza horiek zuzentzen diren kolektiborako duten garrantzia direla medio: gehienez 15 puntu.

– Hedapen-tresnak: gehienez 5 puntu.

c) Euskara eta gaztelania erabiltzea jardueraren publizitatean edo garapenean: gehienez 10 puntu.

3.– Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek berrogeita hamar (50) puntu lortu behar dituzte, gutxienez.

10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Deialdian aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, prozedura horren ebazpena Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari dagokio, Hautaketa eta Jarraipen Batzordearen proposamenaren arabera, eta interesdunek proposatutako arazo guztiak erabakiko dira bertan.

2.– Hartzen den ebazpenean, laguntza eman den edo ez zehaztuko da, hala gertatzen den kasuan, eta eman denean, laguntza jaso duen erakundearen izena edo izen soziala, lortutako puntuazioa, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundutako jardun-proiektua zehaztuko dira. Ezetsitakoen kasuan, erakunde eskatzaileen izena edo izen soziala adieraziko da, eta ezetsi izana oinarritzen duten arrazoiak jasoko dira.

3.– Ebazpen horrek, gainera, balorazio-fasean 50 puntu edo gehiago lortu arren erabilgarri dagoen kreditua agortu delako diru-laguntzarik jasoko ez duten erakundeen erreserba-zerrenda bat bilduko du, puntuazio-ordenaren arabera; zerrenda horrek jardun-proiektuak identifikatuko ditu eta uko egiten bazaio laguntzak izango duen gehieneko zenbatekoa adieraziko du, zeina ez den inoiz izango ukoa egin duen onuradunari esleitutako zenbatekoa baino handiagoa, ezta hautaketa-fasean lortutako puntuazioaren arabera egokituko zitzaiona baino handiagoa ere, 4.9 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Ebazpena indibidualki jakinaraziko zaie interesdunei, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 58. eta 59. artikuluetan ezarritakoaren arabera, edo, bide telematikoz egiten bada, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30., 31. eta 32. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hori bazter utzi gabe, guztiek jakin dezaten, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian erakunde onuradunen zerrenda argitaratuko da, emandako laguntzaren zenbatekoa eta finantziatutako inbertsio-proiektua adieraziz.

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, dagokion laguntzen deialdiaren agindua argitaratzearen hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta epe horren ostean ebazpenik adierazten ez bada, diru-laguntzaren eskaera ukatu dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, gain-finantzaketarik gertatu ezean. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Diru-laguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarduera egitea, deialdian ezarritako modua, baldintzak eta epea betez.

b) Proiektuaren eduki nagusia osatzen duten jarduerak zuzenean kudeatu eta egitea, dituzten ezaugarriak direla-eta azpikontratatu egin behar direnak izan ezik. Azpikontratatutako gastuek, betiere, ez dute diruz lagundutako proiektuaren kostu osoaren 100eko 30 gaindituko.

c) Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jaso direla xede bereko diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

d) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da. Diru-laguntza onartuz, Ebazpen honetan ezarritako arau guztiak onartzen dira, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako erlazio-bermeak eta itzulera eta zehapenen erregimena ere.

e) Diruz lagundutako jarduera egin dela justifikatzea, jardueraren memoria xehatua aurkeztuz, eta horri diru-sarreren eta gastuen egikaritutako aurrekontua gaineratuz, ebazpen honen hurrengo artikuluak adierazten duen bezala.

f) Euren funtzioen jardunean Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazioa ematea, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzen inguruan.

g) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko.

h) Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen marka instituzionala agerraraztea diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan –marka inprimatu edo agerrarazi daitekeen guztietan–, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan deskribatutakoaren arabera (EHAA, 205 zk., 1999-10-26). Marka Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke. Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan. Jardueraren publizitate edo diruz lagundutako argitalpen guztietan adierazi behar da elkarte, federazio edo fundazioak hartzen dituela bere gain jardueraren edukiak.

i) Diru-laguntzaren helburu diren proiektuek giza baliabideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte; ondorioz, proiektu horiek ezingo dute herritarrentzat iraingarria den, haien duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik erabili.

j) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, diru-laguntza eskatu duten erakundeek aurkeztutako memoria, proiektu eta gainontzeko testu idatzietan hizkera ez-sexista erabiliko da.

13. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Diru-laguntzaren ordainketa zatika egingo da; diru-laguntzaren ehuneko hirurogeita hamabosta 12.d) artikuluan adierazitako epea igaro ondoren ez bada ukorik egin, Elkarteen edo Fundazioen erregistroan erregistratuta dagoela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren. Gainerako ehuneko hogeita bosta, diruz lagundutako jarduerek sortutako gastu guztiak justifikatu ondoren ordainduko zaie erakunde onuradunei, betiere 2014ko urtarrilaren 10a baino lehen (edota 10ean) honako dokumentazio hau aurkezten badute:

– Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Memoria horretan, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak deskribatuko dira, proiektuan aurreikusitako egutegia kontuan izanda.

– Diruz lagundutako jarduera bakoitzaren balantze ekonomikoa.

○ Diruz lagundutako gastua egin dela justifikatzen duten jatorrizko fakturak edo agiriak edo Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak konpultsatutako fotokopiak, funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko behar beste xehetasun jarrita; konpultsei dagokienez, Emakundek jatorrizko fakturei zigilua jarriko die, eta, ondoren, erakunde interesdunari itzuliko dizkio. Faktura edo dokumentuetan jasotako gastuaren data 2013ko abenduaren 31 izango da gehien jota. Justifikazioa bide elektronikoz izapidetzen bada, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta elektronikoki sinatua bidaltzea onartuko da.

○ Soil-soilik lagundutako proiektua garatzen –eta ez beste ezertan– diharduten pertsonen soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak justifikatzeko agiriak.

○ Funtzionamendu-gastu arrunten egiaztagiriak; gastu horiek erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren aurrekontu banakatu eta xehatuan agertu beharko dira, eta lotura zuzena izan behar dute jardueraren garapenarekin.

○ Diruz lagundutako jardueren publizitatean Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza agertu dela eta elkarte, erakunde edo fundazioek jarduerak bere gain hartu dituztela egiaztatzen duten frogagiriak.

2.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez (besteak beste, faktura eta ordainagirien bidez) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionalaren minorazioa egingo da diru-laguntzaren guztizko zenbatekoan.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada) eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo, bestela, artikulu honetako aurreko idatz-zatian aipatutakoa, jaso ondoren, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du; horrez gainera, hala badagokio, diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko du eta, orduan, dirua itzultzeko 15 egun naturaleko epea emango du.

3.– Erakunde onuradunak, salbuespen gisa, diruz lagundutako jardueraren edukia aldatzeko eska dezakete, baita jarduera gauzatzeko eta dagozkion gastuak justifikatzeko modua eta epeak ere, jardueraren garapena aldatu eta zailtzen dituzten gorabeherak azaltzen direnean, eta aldaketa horiek baimendu egin ahal izango dira, hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez badira. Aldatzeko eskaeretan behar beste arrazoitu beharko da zergatik aldatzen edo zailtzen den jardueraren garapena, eta eskaera horiek Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio, aldaketa justifikatzen duten arrazoiak agertu eta berehala eta, betiere, proiektua gauzatzeko epea bukatu baino lehen. Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak aldaketa baimentzea bidezkoa den ala ez ebatziko du, eskabidea erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epearen barruan; epe hori igarota ez bada esanbidezko ebazpenik eman edo jakinarazi, eskabidea ezetsitzat joko da. Ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan xedaturikoari jarraiki, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluaren 1. eta 4. paragrafoetan ezarritakoaren arabera.

15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateratua onartu duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan zehaztutakoaz gain, hauek izango dira hutsegiteak:

a) Jasotako diru-laguntza hasierako proiektuan azaltzen zen jarduerarako barik beste baterako erabiltzea osorik edo partez.

b) Aurkeztutako proiektuan aldaketak sartzea, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak baimendutako aldaketen kasuan izan ezik, aurreko artikuluan ezarritakoa dela bide.

c) Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritzak onartutako kopurua osorik justifikatuta ez egotea.

d) Aurkeztutako eskaeran edo agirietan jaso eta diru-laguntza emateko balio izan duten datuak benetakoak ez izatea.

2.– Diru-laguntzaren onuradunak diru-laguntzak emateko ebazpenean edo ebazpen honetan ezarritako baldintzaren bat bete ezean, prozedura-izapide egokiak bideratu ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea guztiz edo partzialki galduko du, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagoeneko jasotako zenbatekoak itzuli beharko dizkio, legezko interesekin, bidezkoak izan daitezkeen gainerako egintzen kalterik gabe. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu, eta, era berean, diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezartzen ditu– eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatuarekin bat etorriz, ezarritako baldintzak eta/edo betekizunak konplitzen ez direnean, hau izango da emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura:

a) Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura oinarritzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere.

17. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean sartuko dira, datuen tratamendua egiteko. Fitxategi hori Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakora lotuta dago. Erakundeak sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko fitxategi hori. Pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Emakunde Emakumearen Euskal Erakundera (Manuel Iradier kalea 36 zk., 01005 Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan ezarri ez diren prozedurazko alderdi guztietarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakora (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako testua) joko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari ahalmena ematen zaio ebazpen hau betearazteko beharrezkoak diren jardunak egiteko.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Beraren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Ebazpen hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 9a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala